Iragarkia
17. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LABIANOKO KONTZEJUA
Herri-lurrak arautzen dituen ordenantza behin betiko onestea
Labianoko Kontzejuko Batzarrak, 2024ko irailaren 27an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Labianoko herri-lurrak arautzen dituen ordenantza.
Erabaki hori 2024ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 22an. Espedientea 30 egunez izan zen jendaurrean.
Jendaurreko aldia igaro denez eta alegaziorik aurkeztu ez denez, bat etorrita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoarekin, Labianoko herri-lurrak arautzen dituen ordenantza behin betiko onesten da, eta, ondorio juridikoak izan ditzan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira inguruabar hori bezala ordenantzaren behin betiko testua ere.
Labianon, 2024ko abenduaren 10ean.–Kontzejuko burua, Javier Larraya Reta.
ORDENANTZA, LABIANOKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
ZIOEN AZALPENA
Historian zehar, funtsezko nortasun-ikurra izan da herri-lurren aprobetxamendua auzotarren artean, jabetzaren kontzeptu hertsiaren gainetik, eta oinarrizko baliabidea izan da gizartean egoera txarrenean daudenen biziraupenerako. Herritarrek herri-lurrari egin behar zioten konpentsazioak, askotan, auzolanaren forma zekarren, herri-lurren aprobetxamenduez gozatzeko tasak edo kanonak ordaintzeaz gainera.
Lehen sektorearen garapena sustatu nahi duten egungo ordenantzen arabera, nekazaritza eta abeltzaintzako profesionalek erabili edo bideratu behar dituzte aprobetxamenduak, eta, beraz, erabilera horiek biztanleriaren zati batera mugatzen dira nahitaez. Beraz, kontuan hartu behar da lortutako kanonak edo konpentsazioak gizarte osoaren mesederako izan daitezkeela, eta, bereziki, behar handiena duten pertsonen mesederako. Udalen kasuan, hori gizarte-ongizateko politikei dagokie. Beraz, herri-aprobetxamenduen erabilera eta luperketa biztanleriaren sektore jakin bati esleitzetik datozen diru-sarrerek gizarte-ongizateko udal-politikak areagotzea ekarri beharko dute.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Labianoko mugarteko herri-ondasunak administratzeko eta haien gainean xedapen egintzak emateko, eta ondasun horiek defendatzeko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko, bat etorriz indarrean dagoen legediarekin eta, bereziki, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta hura garatzen duen araudiarekin.
Ordenantza hau onesten denetik aurrera egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak haren xedapenen arabera arautuko dira.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.
4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; Nafarroako Toki-erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, erabiltzekoa, administratzekoa, aprobetxamendu-araubidea ezartzekoa eta antolamendukoa, Labianoko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri-ondasunen inguruan Labianoko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du onura publikoa edo soziala, eta, hori egin baino lehen, Labianoko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Labianoko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.
Gauzatuko den prozedura izanen da ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan.
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Labianoko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die haiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.
8. artikulua. Labianoko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Labianoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen soberako hedadura dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.
10. artikulua. Labianoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Labianoko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Labianoko Kontzejuak herri-lurrei buruzko kontratuak interpretatu eginen ditu, partaideetarik bat denean, bai eta kontratuak betetzean sortzen diren zalantzak argitu ere.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaztekoak izanen dira, eta ez dute galaraziko kontratistek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua. Labianoko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatu moduan.
IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.
b) Herri-larreen aprobetxamenduak.
c) Epaitzen aprobetxamenduak.
15. artikulua.
1. Orokorrean, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Arangurengo Biztanleen Udal Erroldan Labianoko bizilagun gisa inskribatua izatea, hiru urte lehenagotik gutxienez ere.
c) Labianon urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.
d) Betebehar fiskalak egunean izatea Labianoko Kontzejuarekin eta Arangurengo Udalarekin.
e) Nekazaritzako araudiaren arabera, nekazari edo abeltzain izatea, familia-baratzeen eta egur epaitzen kasuan izan ezik.
2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da aita-ama erretirodunek osaturikoa, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Labianoko Kontzejuaren osoko bilkurak argituko ditu, banan-banan.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA
16. artikulua. Labianoko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Labianoko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.
Labianoko Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
Arangurengo Udalak, biodibertsitatea sustatzeko eta zuhaitzak babesteko, egokitzat jotzen duen azalera erreserbatzen ahalko du adjudikazioa egin aurretik, eta adjudikaziodunari gutxieneko mantentze-lan bat eskatzen ahalko dio, aurreikusitako baldintzetan.
1. ATALA.–HERRITARRENDAKO LEHENTASUNEZKO APROBETXAMENDUAK
17. artikulua.
1. Modalitate honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 15. artikuluan ezarritako baldintzak, eta diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak familia-unitateko kide bakoitzeko, edo familia-unitatearen diru-sarrerek izan beharko dute, guztira, soldata hori halako bat eta erdi baino txikiagoak.
2. Familia-unitateko kideren batek desgaitasun-egiaztagiria badu edo kideren bat genero-indarkeriaren emakumezko biktima egiaztatua bada, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.
3. Errenta mailak zehazteko aintzat hartu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituta egonen dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena,
lansariak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta antzeko izaera duen beste edozein datu ere.
18. artikulua. Honako azalera hau ezarri da ereduzko lotetzat, modalitate honetan:
–Lehorreko lurra: 25 erregu.
Zehazteko zenbat lote emanen zaizkien 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:
a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hots, lehorreko 50 erregu.
b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hots, lehorreko 70 erregu.
c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hots, lehorreko 80 erregu.
d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hots, lehorreko 90 erregu.
19. artikulua. Asko badira herritarrendako lehentasunezko aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Labianoko Kontzejuak, aitzinetik Nafarroako Gobernuaren baimena izanda, ordenantza honen 17. eta 18. artikuluetan jasotako faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Kontzejuak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.
20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da.
Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.
21. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:
–Lehorreko lurrak: 15 euro erreguko eta urteko.
Urtero eguneratuko da, gehienez ere KPIaren arabera. Nolanahi ere, kanonak Labianoko Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.
22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki laboratu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere hartuko da zuzenean eta pertsonalki egindakotzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan edo kide guztiek betetzen badituzte 15. artikuluan adierazitako baldintzak.
23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, laborantza lanak adjudikaziodunak edo haren familia-unitateko kideek egin behar dituzte, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, besteren konturako langileak hartzea zilegi ez dela, salbu eta sasoien edo laborantza ustiapenaren eskakizunek horretara behartzen dutenean. Alabaina, zuzeneko laborari pertsonalaren izaera ez da galduko soldatako langileak hartzen badira, gerora sortutako eritasun bat, haurdunaldiko arriskua edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, kontzeju honen iritziz lurra norberak lantzea eragozten duena.
Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Labianoko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.
Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurren zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 24. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Labianoko Kontzejuak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien titularrei, kanona kendu ondotik.
Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
Lurren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epetik gelditzen denerako.
Lurzatiak kendu zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeriaz edo lagapenaz geroztik eskuraturiko mozkinak.
25. artikulua. Labianoko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahal ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ari:
a) Nekazaritzako makineria eduki arren adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez baditu.
b) Kontzejuaren txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatietan ez baldin bada egiten zuzeneko laborantza pertsonalik, aintzat hartuta ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen dena.
c) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu (adjudikaziodunek berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak) eta agindu epean aurkezten ez badira: lur-lantzeak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana.
d) Nekazaritzako etekinik aitortzen ez bada pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, horretara beharturik ez egonik ere.
e) Baldin ez bada lantzen adjudikaturiko lurzatiaren %80, gutxienez.
f) Baldin, laborantzako lurren jabe izanik, errentan eman badizkiete hirugarren batzuei.
2. ATALA.–HERRITARRENDAKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK
26. artikulua. Lurzati premiak 1. atalean ezarritakoaren arabera bete ondoren, zuzenean adjudikatuko dira gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere. Banatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitatearen titular diren herritarren artean, baldin Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda badaude, familia-baratzeen kasuan izan ezik.
27. artikulua. Kontzejuak lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren zehaztuko du herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontuan hartuta.
28. artikulua. Adjudikatzeko aldia 20. artikuluan ezarritako berbera da.
29. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:
–Lehorreko lurrak: 28 euro erreguko eta urteko.
Zenbateko horiek dagozkio 2025. urterako proposatutako kanonari, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere.
30. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, bete beharko da 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatutakoa.
31. artikulua. Labianoko Kontzejuak beretako gordeko du herri-lurretako laborantza lurren %5 gutxienik, onuradun berriei adjudikatzeko.
Eskaera guztien %20 emakumeei adjudikatu ez bazaizkie, erreserba hori banatzeko garaian lehentasuna emanen zaie emakumeei.
32. artikulua. Aurkeztutako eskaerek lurren eskaintza gainditzen badute, behin lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondoren, ezetsiko dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak.
33. artikulua. Labianoko Kontzejuak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten familia-unitateen titularrei erregu bateko baratzeak, baldintza hauekin:
a) Eskatzailea ez da izanen ureztalurren jabea, ezta herri-lurretako beste lote baten onuraduna ere.
b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
c) Adjudikazioa zortzi urterako izanen da.
d) Kanona 28 eurokoa izanen da erreguko. Kanon hori 2025. urterako proposatutakoari dagokio, eta urtero eguneratuko da, gehienez ere KPIa adina.
3. ATALA.–LABIANOKO KONTZEJUAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKOA
34. artikulua. Labianoko Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondotik, laborantzako lurra sobera baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.
Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.
Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobera gelditzen bada, Labianoko Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.
4. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA
35. artikulua. Labianoko Kontzejuak, ediktua iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, ordenantza honetan arautu herri-lurren aprobetxamenduen eskaerak aurkezteko epea hastea erabakitzen ahalko du. Kasu horretan, 15 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek eska ditzaten herri-lurretako aprobetxamenduak.
36. artikulua. Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:
a) Labianoko biztanle izatea, gutxienez hiru urteko lehenagotik, eta Labianon urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.
b) Betebehar fiskalak egunean izatea Labianoko Kontzejuarekin eta Arangurengo Udalarekin.
c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduen eskatzaileek adieraziko dute ea haietariko inork desgaitasun fisiko edo psikiko egiaztaturik duen.
d) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak,
izan nekazaritza-sektorekoak, industria-sektorekoak zein zerbitzu-sektorekoak, eta Gizarte Segurantzaren pentsiodunenak edo bestelako errentak, lehentasunezko adjudikazioaren kasuan bakarrik.
e) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, herritarrendako zuzeneko adjudikazioa eskatzen dutenendako, familia-baratzeen kasuan izan ezik.
Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Arangurengo Udalak edo Labianoko Kontzejuak ahalmena izanen dute eskatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak, errenta mailak egiaztatzearren; errenta maila horiek oinarrituko dira agirietan eta datu objektiboetan, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.
37. artikulua. Labianoko Kontzejuak proposaturik, adjudikazio modu bakoitzean –lehentasuna duten herritarrena nahiz adjudikazio zuzenekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.
38. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda, 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.
39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du Kontzejuak, eta modalitate bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea duten bizilagunen behin betiko zerrenda onetsiko du.
40. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusita, Labianoko Kontzejuak, ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak betetzen dituzten loteak adjudikatuko ditu.
41. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamendurako lurzati premiak beteta, gainerako lursailekin lote homogeneoak eginen dira, hedaduraren eta lurzoru-kalitatearen arabera. Ondoren, zozketa bat eginen da modalitate horretan onartutako eskatzaileen artean, adjudikatzeko.
Etorkizuneko eskatzaileendako erreserbako loteekin, beste zozketa bat eginen da aipatu eskatzaileetatik interesa dutenendako. Erreserbako loteen adjudikaziodunek eskubidea izanen dute haietaz gozatzeko, harik eta bizilagun batek laborantzako herri-lurraz gozatzeko eskubidea lortu (a posteriori), eta hura gauzatzeko eskatzen duen arte.
Lurzatiak adjudikatuta, onuradunen eta dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean izanen da 15 egunez, Kontzejuaren iragarki-taulan. Kontzejuak onetsi beharko ditu zerrendak.
42. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Kontzejuak behin betikotzat joko du laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.
II. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
42. artikulua. Labianoko Kontzejuko herri-larreak aprobetxamendu kategoriaren arabera bereizten dira; alegia, bazkalekuak eta larreak.
43. artikulua. Labianoko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:
a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Usadioari jarraikiz.
c) Enkante publikoan adjudikatuz.
44. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak dira herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.
45. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea.
46. artikulua. Adjudikazioa zortzi urterako izanen da.
47. artikulua. Bazkalekuak.
Bazkalekuaren katastro-erreferentzia hau da: 6. poligonoa, 220. lurzatia, eta 5. eta 9. esparruak.
Adjudikatzeko, bazkalekuak lotetan bereiziko dira, aurkeztu diren eskaerak kontuan hartuta.
Loteen adjudikaziodunen ardura izanen da hesi bereizleak jartzea eta mantentzea.
Aprobetxamendu mota honetan, herri-lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute:
–Bazkalekuak: 15 euro/erregu/urte.
Zenbateko hori 2025. urterako proposatutako kanonari dagokio, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere.
48. artikulua. Larreak. Labianoko herri-larreetan (zuhaixka-larreak, larre zuhaiztunak eta baso-larreak), bazkalekua adjudikatu zaien abeltzainen azienda bazkatzen ahalko da. Larratzeak eragin positiboa izaki suteen prebentzioan eta biodibertsitatearen mantentzean, lur horietan larratzea doan izanen da. Hala ere, larre-eredu hori aldatzen ahalko da, Arangurengo Udalak larratzearen gainean –suteen prebentziorako eta biodibertsitatea ugaritzeko elementua izaki– ezartzen duen politikaren arabera.
49. artikulua. Laborantzako herri-lurretan (420 zereal erregu), bazkalekuen adjudikaziodunek askatasunez larratzen ahalko dute azienda.
50. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarrita dauden baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legea), eta bete beharko dira foru lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako gainerako baldintza guztiak.
51. artikulua. Prozedura. Labianoko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua paratuta, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.
52. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko deklarazio bat aurkeztuko da, ordenantza honen 36. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, erantsiko dira aziendaburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 50. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria, bai eta erabili nahi dituen bazkalekuen hurrenkeraren zerrenda ere.
53. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.
54. artikulua. Herritarrendako banaketan ematen ez diren bazkalekuak eta larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, zortzi urterako, jarraikiz indarrean dagoen araudiari eta ordenantza honetatik aplikatzekoa denari.
IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN
APROBETXAMENDUA
55. artikulua. Mendian aski baldin badago, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Labianoko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
56. artikulua. Labianoko Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
57. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.
58. artikulua. Egurra banatzerakoan, Labianoko Kontzejuak irizpide sozialei jarraituko die, eta lehentasuna emanen die ekonomikoki apalagoak diren familia-unitateei eta genero-indarkeriaren biktima den emakumeren bat edo egiaztatutako desgaitasunen bat duen kideren bat dutenei.
59. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Labianoko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 17. artikuluan zehazten den bezala.
60. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du epaitzaren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.
61. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie Kontzejuak ematen dituen jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.
62. artikulua. Adjudikazio-prozeduraren ondorioetarako, eskatzaileen arteko zozketa eginen da.
V. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN
63. artikulua. Labianoko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira xede hauetarako:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurrak hobetzea.
c) Aprobetxamendu mota aldatzea.
d) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei.
e) Desafektazioa egitea, trukaketarako edo salmentarako.
f) Hirigintza-kalifikazioa ematea, nekazaritzakoa ez den beste zernahi erabileratarako.
66. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean edukita, eta epe horretan aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.
VI. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
67. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Lurrak zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea, ordenantza honetan ageri diren salbuespenekin.
b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.
c) Bizilagunendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
d) Hirugarren batzuei azpierrentamenduan ematea edo lagatzea zuzeneko adjudikazioaren edo enkante publikoaren bidez adjudikatutako herri-lurretako loteak.
e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.
f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
g) Landaketa iraunkorrak egitea Udalaren baimenik izan gabe.
h) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.
j) Agiriak faltsutzea edo ondasunak ezkutatzea, herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak egiteko eskubidea zehaztu edo justifikatzeko garaian.
k) Bizilagun izateari uztea, edo ez bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian, gutxienez.
68. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:
a) Aurreko a), b), c), f), g) eta i) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da; hala ere, horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuko organo eskudunek zehapenak jartzea.
b) Aurreko d) eta k) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da.
c) Aurreko h) apartatuko arau-haustea eginez gero, zehapena izanen da herri-lurren adjudikaziodun izateko desgaikuntza.
Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko den gehieneko zehapena izanen da lotearen urteko errentamenduaren balioa halako bi, edo zehapenaren xede zehatzari dagokion lote-zatiaren errentamenduarena halako bi.
Lurzatiak kendu zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeriaz edo lagapenaz geroztik eskuraturiko mozkinak.
Iragarkiaren kodea: L2417925
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
