Iragarkia
17. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
116/2024 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdi bat onesten baita desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2024-2025 ikasturteko eguberrietako eta 2025eko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko. DDBN identifikazioa: 794827.
Deialdi honen helburua da aukera berdintasunaren printzipioa sustatzen laguntzea, honelako laguntzak ematea bitartekorik eraginkorrenetako bat baita printzipio hori gauzatzeko.
Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, aurkeztu duen txostenean, proposatu du dirulaguntza deialdi bat onets dadila desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2024-2025 ikasturteko eguberrietako eta 2025eko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, jarduera horiek izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak.
Azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz (foru dekretu horren bidez ezarri zen Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa),
EBAZTEN DUT:
1. Dirulaguntza deialdi bat onestea desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2024-2025 ikasturteko eguberrietako eta 2025eko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, jarduera horiek izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak. Deialdia norgehiagokako araubideari jarraikiz garatuko da, I. eranskineko oinarriekin bat.
2. Gehienez ere 70.000 euroko gastua baimentzea 2025ean horretarako gaitzen den partidaren kargura; hots, 2024ko gastu aurrekontuko "Oporraldiko eskolara joateko laguntzak desgaitasuna duten ikasleentzat" izeneko 420004-42700-4809-322402 partidaren baliokide izanen denaren kargura, baldin eta horretarako kreditu nahikoa eta egokia badago.
3. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Beka Bulegora, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentrora eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2024ko abenduaren 19an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea.
Deialdi honen xedea da seme-alabak eskola adinean dituzten familiei laguntza ekonomikoak ematea laguntza izan dezaten 2024-2025 ikasturteko eguberrietako eta 2025eko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak.
Bigarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.
–Hiru eta hogeita bat urte bitarteko ikasleak izatea (urteak 2025eko abenduaren 31rako beteak izan behar dituzte) eta eskolaturik egotea.
–Desgaitasunaren egiaztagiria izatea edo EDUCAn erroldatua egotea hezkuntza premia bereziak izateagatik (desgaitasunari lotutako ardatzarekin), edo hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean egotea.
–Nafarroan bizitzea.
–Horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana komeni dela ikaslea eskola oporraldietako hezkuntza jarduerara joatea.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.
Hirugarren oinarria.–Irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakunde pribatuen betebeharrak.
Hezkuntza jarduera bat irabazi asmorik gabeko elkarte edo erakunde pribatu batek antolatzen duela jotzeko, beharrezkoa izanen da erakundea edo elkartea horretarako dagoen erregistroan izena emanda egotea.
Laugarren oinarria.–Hezkuntza jardueratzat hartzeko baldintzak eta baztertzeko irizpideak.
Desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dauzkaten pertsonen garapen osoa errazten duten jarduerak hartuko dira hezkuntza jardueratzat, eta beren ezaugarri nagusia izanen da pertsona horien autonomia, bizi kalitatea eta gizarte inklusioa hobetzea.
Kasu guztietan justifikatu beharko da, deialdi honetan aipatzen diren dokumentuen bidez.
Kanpoan gelditzen dira, espresuki:
–Banakako tratamendu hauek: logopedia, psikoterapia, psikomotrizitatea, fisioterapia, optometria edo eskolaz kanpoko beste tratamendu batzuk.
Bosgarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak www.nafarroa.eus web-orrian dagoen eskabide eredua erabiliz egin behar dira (online eskaera). Bertan sartzeko, identifikaziorako kredentzial hauetako bat erabili behar da: ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa, Cl@ve sistema edo EDUCA.
Inprimaki horietan jakinarazten diren datu pertsonalak, eta laguntzak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartuko dira.
Aipatu unitate organikoak edozein unetan erabiltzen ahalko ditu fitxategi horretako datuak, egiazkoak diren baieztatzeko.
Datu guztiak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Eskabidea bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, eskaera aurkeztuta eta sinatuta geldituko da ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskabide eredu hori (PDF fitxategia) paperean inprimatzea, ezta fisikoki inon aurkeztea ere.
Telematika bidez betetzen diren eskabideen kasuan, ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua betetzen ez dutenak.
Laguntza eskaera, halaber, paperean aurkezten ahal da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.
Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzailearen ardura baino ez da eskabidea behar bezala betetzea eta epe barruan aurkeztea.
Hezkuntza jardueraren kostua ordaintzen duen gurasoak, tutoreak edo ikaslearen legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdi honetan ezartzen diren laguntzak.
Laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak oporraldi bakoitzerako ezarritako epeetan aurkeztu beharko dira:
–2025eko otsailaren 3tik 14ra, 2024-2025 ikasturteko eguberrietako eskola oporraldian eginiko jardueretarako.
–2025eko apirilaren 28tik maiatzaren 9ra, 2025eko Aste Santuko eskola oporraldian eginiko jardueretarako.
–2025eko abuztuaren 18tik irailaren 18ra, 2025eko udako eskola oporraldian eginiko jardueretarako.
Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Laguntzarako eskabidearekin batera honako agiri hauek erantsi behar dira, behar bezala irakurtzeko kalitatez eskaneatuak:
1. Lehen eskaera egiten denean aurkeztu beharreko dokumentazioa (deialdi honetan sartzen diren hurrengo oporraldietarako ez da beharrezkoa izanen horiek eranstea):
–Eskatzailearen (aita/ama/legezko tutorea) NANaren fotokopia. NANik edo AIZrik ez duten eskatzaileen kasuan, pasaportearen fotokopia.
–Familia liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik badaude, ikaslea eskaera egin duenaren kargura dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio. Dibortzio kasuetan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.
–Desgaitasunaren ziurtagiriaren edo orientatzailearen ziurtagiriaren fotokopia (bigarren kasuan, EDUCAren barrenean zein ardatzetan erroldatua dagoen adierazita), edo txosten medikoa, irizpen klinikoa edo susmo diagnostikoa azaltzen duena.
–Ikaslea hezkuntza jardueran parte hartu aurreko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen egiaztagiri ofiziala (errolda-ziurtagiria).
–Eskatzailearen familia-unitateko kideek aurkeztutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren 2023ko aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, aitaren eta amaren aitorpenen fotokopia.
–Eskatzailearen familia-unitateak ez badu egin 2023. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, legez beharturik ez dagoelako, honako hau erantsi beharko zaio eskaerari:
a) Besteren konturako langileen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2023. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak egina.
b) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2023. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.
–Ziurtapen ofizial baten fotokopia, deialdi honen 9. oinarriko 3. puntuan azaldutako egoeretako batean dagoela adierazteko.
2. Laguntzaren xede den oporraldi bakoitzean aurkeztu beharreko dokumentazioa:
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen aitorpena (II. eranskina).
–Profesional akreditatu baten egiaztapena, hezkuntza jarduera komenigarria dela dioena eta haren helburuak adierazten dituena (III. eranskina).
–Hezkuntza jarduerara joan dela eta ordainketa egin duela frogatzen duen ziurtagiria. Bertan adieraziko da kuotaren %100 ordaindu dela (IV. eranskina).
–Hezkuntza jarduera antolatu duen entitatearen ziurtagiria, jardueraren ezaugarriak azaltzen dituena: iraupen egunak, jardueren programa edo esku-orria.
Halaber, administrazio publikoei nahiz irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei eskatzen ahalko zaie beharrezkotzat jotzen den dokumentazio osagarria, eskatzen diren baldintzak justifikatze aldera.
–Erantzukizunpeko adierazpen bat, non adieraziko baita ea xede eta helburu bererako bestelako laguntzarik jaso duen Espainiako edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuetatik, entitate publiko edo pribatuetatik edo partikularretatik. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko da (V. eranskina).
Zortzigarren oinarria.–Oporraldi bakoitzerako gehieneko gastua.
Gehieneko gastu hau ezartzen da oporraldi bakoitzerako:
–2024-2025 ikasturteko eguberrietako eskola oporrak: 15.000 euro.
–2025eko Aste Santuko eskola oporrak: 10.000 euro.
–2025eko udako eskola oporrak: 45.000 euro.
Oporraldi bakoitzeko soberakina hurrengo oporraldietan erabiltzen ahalko da, halakorik bada, eta eskatzaileei horren ondorioz kalterik eragin gabe.
Bederatzigarren oinarria.–Eskaeren balorazioa.
1. Eskaeren balorazioa honela eginen da:
a) Familiaren diru sarrera gordinak hartuko dira kontuan (errenta aitorpenaren 507 eta 8841 laukitxoen zenbatekoen batura, ken 511 laukitxoaren zenbatekoa), eta hortik ateratzen dena familia-unitateko kideen artean zatituko da.
b) Hori egiaztatzeko, familiako kideek 2023ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia aurkeztu beharko dute. Eskatzailearen familia-unitateak 2023ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badu, legez beharturik ez egoteagatik, eskaerarekin batera deialdi honen zortzigarren oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.
2. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, taula honetan adierazten den ehunekoa aplikatuko zaio justifikatzen den ordainketari, familia bakoitzaren per capita errentaren arabera (PCE), baremo ekonomiko honi segituz:
–PCE < 5.000 euro: %90.
–PCE 5.001 eurotik 8.000 eurora bitarte: %80.
–PCE 8.001 eurotik 10.000 eurora bitarte: %70.
–PCE 10.001 eurotik 15.000 eurora bitarte: %60.
–PCE 15.001 eurotik 20.000 eurora bitarte: %55.
–PCE > 20.000 euro: %50.
3. Dirulaguntza jasotzeko orduan berdintasuna bermatzearren, egindako gastuaren hainbanaketa egin aurretik, %5eko igoera aplikatuko da honako egoera hauetako bat edo gehiago gertatzen badira:
–Familia ugaria edo guraso bakarrekoa izatea. Hori frogatzeko, familia ugariaren tituluaren fotokopia edo guraso bakarreko familia izatearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, hurrenez hurren.
–Parte hartzaileaz aparte, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duen seme edo alabaren bat izatea. Desgaitasunari buruzko egiaztagiri bidez frogatuko da.
–Errenta bermatua jasotzen duen familia izatea. Errenta bermatua emateko ebazpenaren bidez frogatuko da.
–Eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izatea. Hori egiaztatzeko, genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzen duen agiria aurkeztuko da, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak egina.
4. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren inskripzioaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.
5. Eskatutako zenbatekoen baturak oporraldi bakoitzerako dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua hainbanatu eginen da, onuradun bakoitzari murrizketaren portzentaje bera aplika dakion.
Hamargarren oinarria.–Baloratzeko eta emateko prozedura.
1. Oporraldi bakoitzerako aurkeztutako eskaerak batzorde batek ebaluatuko ditu. Honako hauek osatuko dute batzorde hori:
a) Inklusio Ataleko burua.
b) Orientazio Bulegoko burua.
c) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) zuzendaria.
d) NHBBZko profesional bat, zentro horretako zuzendariak izendatua.
e) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikoa).
2. Behin dokumentazioa egiaztatuta eta eskaeren balorazioa egin eta gero, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, ebazpen baten bidez onetsiko du emandako eta ukatutako laguntzen behin-behineko zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta eskatzaileei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie, informazio ondorioetarako.
3. Zuzenketak eta erreklamazioak.
3.1. Ebaluazio batzordeak hala erabakitzen duenean, interesdunei eskatuko zaizkie beharrezkotzat jotzen diren zuzenketak, eta behar den dokumentazioa aurkezteko 10 egun balioduneko epea emanen zaie, behin-behineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratu eta biharamunetik. Bestela, eskaerak bertan behera gelditu direla ulertuko da.
3.2. Behin-behineko balorazioarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Hezkuntza Departamentuko Inklusio Atalari. Horretarako, 10 egun balioduneko epea izanen da alegazioak egiteko, behin-behineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita.
3.3. Zuzenketak eta erreklamazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkezten ahal dira.
4. Ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen baten bidez onetsiko du emandako laguntzak behin betiko ematea eta ordaintzea, bai eta aurkeztutako eta baietsitako erreklamazioen eta zuzenketen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian emanen da argitara, jakinarazpen ondorioetarako.
5. Eskatzailearen aldeko laguntzen ordainketa eginen da eskaeran adierazi den banku-entitatearen bidez.
6. Laguntzak behin betiko eman eta ordaintzea onesten duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Hamaikagarren oinarria.–Bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina ematen den guztirako zenbatekoak ez du inoiz gaindituko familiak edo legezko tutoreak ordaindu beharreko hezkuntza jardueraren guztirako kostua.
Eskatzaileek lehen aipatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute (V. eranskina), non adieraziko baita ea xede eta helburu bererako bestelako laguntzarik jaso duten Espainiako edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuetatik, entitate publiko edo pribatuetatik edo partikularretatik. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko da.
Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin eta 15 egun balioduneko epean komunikatu beharko da.
Hamabigarren oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.
Eskatzaileek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.
Hamahirugarren oinarria.–Itzulketa.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.
Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako diren eta tratamenduaren kostua gainditzen duten beste dirulaguntza batzuk kobratu izana komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.
Hamalaugarren oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Deialdi honetako dirulaguntzen eskatzaileak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarrita dagoen zehapen araubidearen mende geldituko dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamenduz zehazten den prozeduraren bidez ezarriko dira, eta, halakorik ezean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Hamabosgarren oinarria.–Aplikatu beharreko arauak.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
Hamaseigarren oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, EZEIN DEBEKU-EGOERATAN EZ DAGOELA DIOENA
(* Dokumentu bat aurkeztu egindako eskaera bakoitzeko)
Aitaren/Amaren/Tutorearen izen-deiturak: ......................................................................................... Helbidea: .......................................................................NANa: .......................................................................
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat:
–Eskatutako dirulaguntza dela-eta, honako hau adierazten dut:
Ez nago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako inolako debeku-egoeratan. |
.........................................(e)n, 20......(e)ko ............................aren ........(e)(a)n.
(Aitaren, amaren edo legezko tutorearen sinadura)
III. ERANSKINA.–PROFESIONAL BATEK EMANDAKO ZIURTAGIRIA: DESGAITASUNA DUTEN IKASLEEK ESKOLA OPORRETAN HEZKUNTZA JARDUERETAN PARTE HARTZEKO BEHARRAREN EGIAZTAPENA
(* Dokumentu bat aurkeztu egindako jarduera bakoitzeko)
Izen-deiturak: …………………………………………………………………… (beharra egiaztatzen duen profesionalaren izen-deiturak).
HEMEN EMATEN DITU ZERBITZUAK: .............................................................................................
ZIURTATZEN DU:
Komenigarria dela .................................... ikasleak, ............................................ ikastetxean eskolatuta dagoenak, desgaitasuna duten pertsonen beharrei erantzuteko eginen diren hezkuntza jardueretan parte hartzea, honako xede hauekin:
.......................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................
Eta hau sinatzen du eskatutako laguntzaren justifikazio gisa.
.............................................(e)n, 20....(e)ko ................................aren ........(e)(a)n.
SINADURA ETA ZIGILUA
IV. ERANASKINA.–EGINDAKO HEZKUNTZA JARDUERETARA JOAN DELA ETA ORDAINDU DIRELA JUSTIFIKATZEN DUEN DOKUMENTAZIOA
(* Dokumentu bat aurkeztu egindako jarduera bakoitzeko)
.................................................................. jaunak/andreak, ................................. entitate antolatzailearen arduraduna naizen aldetik (egoitza fiskala: .............................................................................. kalea: ............................... zenbakia: ........ telefonoa: ............................ eta IFZa: ...............................),
ZIURTATZEN DUT:
............................................................... ikasleak jarduera hau egin duela: ............................................................................................................
–Honako data hauetan:
–Toki honetan:
–Ordaindutako kopurua:
.................................(e)n, 20......(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n.
SINADURA ETA ZIGILUA
V. ERANSKINA.–BESTE LAGUNTZA BATZUEI BURUZKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(* Dokumentu bat aurkeztu egindako jarduera bakoitzeko)
Aitaren/Amaren/Tutorearen izen-deiturak: .......................................................................................................... Helbidea: .......................................................................NANa: ...............................................
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat:
Eskatutako dirulaguntza dela-eta, honako hau adierazten dut:
Ez dudala helburu bererako inolako dirulaguntzarik lortu Espainiako edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuetatik, entitate publiko edo pribatuetatik edo partikularretatik. Eskaera honen xede bererako, honako dirulaguntza hauek jaso ditudala Espainiako edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuetatik, entitate publiko edo pribatuetatik edo partikularretatik: | ||
ERAKUNDEA | KONTZEPTUA | ZENBATEKOA |
–Datuen eguneratzeari buruz:
Hitzematen dut aitorpen honetan aipatutako dirulaguntzetan gertatzen den aldaketa oro departamentu honi jakinaraziko diodala, idatziz, 15 eguneko epean gehienez, haien jakinarazpena jasotzen dudanetik hasita. Orobat, hitzematen dut dirulaguntza eskatu diedan beste entitate publiko guztiak ere jakinaren gainean jarriko ditudala.
......................................(e)n, 20......(e)ko .....................................aren ........(e)(a)n.
(Aitaren, amaren edo legezko tutorearen sinadura)
Iragarkiaren kodea: F2418698
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
