169. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

124C/2025 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Guardian Navarra SLU enpresaren hitzarmen kolektiboa.

Ikusirik Guardian Navarra SLU enpresak hitzarmen kolektiboa aldatzeko aurkeztutako eskaera (kode zenbakia: 31003762011995), zeina erregistro honetan sartu baitzen 2025eko uztailaren 4an, eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2025eko martxoaren 31n izenpetu baitzuten.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan-akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Guardian Navarra SLU enpresak hitzarmen kolektiboa aldatzeko eskaera (kode zenbakia: 31003762011995), xede izanik LGTBI plana txertatzea.

Bigarrena.–Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko uztailaren 24an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

GUARDIAN INDUSTRIES NAVARRA SLU

LGTBI pertsonendako berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko I. plana - 2025-2029

AURKIBIDEA.

1.–Sarrera.

2.–Araubide juridikoa.

3.–Enpresaren aurkezpena.

4.–Definizioak.

5.–Berdintasun plana arautzen duten printzipioak.

6.–Zuzendaritzaren konpromisoa LGTBI pertsonendako berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko.

7.–LGTBI pertsonendako berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko planaren helburuak.

8.–Alderdiak zehaztea.

9.–Langileei, lurraldeari eta iraunaldiari dagokien aplikazio eremua.

10.–LGTBI planaren neurri guztien deskribapena.

11.–Ebaluazioa, jarraipena eta aldizkako berrikuspenak.

12.–Faltak tipifikatzea.

13.–Plana sinatzea.

LGTBI PERTSONEN AURKAKO JAZARPENA ETA/EDO INDARKERIA EZABATZEKO PROTOKOLOA

1.–Sarrera.

Guardian Industries Navarra SLUren ustez lan-baldintzek eragina dute norbanakoen bizi-baldintzetan, lanaldia delako lan-bizitzaren ardatza, baita bizitza sozial eta pertsonalaren ardatza ere. Hortaz, benetako aukera berdintasunaren printzipioa betetzeko helburuan aurrera egiteko beharra dago.

Halere, hori betetzeko, aintzat hartzekoa da aukera berdintasun errealaren printzipioa oinarrizko printzipio bat dela, zeinak ekitatea eta justizia sustatzen baititu gizartearen arlo guztietan, eta, beraz, lan-arloan. Printzipio hori benetan denez garrantzitsua, ezinbestekoa da trans pertsonen berdintasun erreal eta efektiboaren alde lan egitea, baita LGTBI pertsonen eskubideak errespetatzearen alde ere.

Guardian Industries Navarrak konpromisoa hartzen du LGTBI pertsonendako tratu eta aukera berdintasunak bermatuko dituzten politikak ezarri eta garatzeko, batez ere trans emakumeei dagokienez, diskriminazio bikoitza pairatzeko arriskua baitute.

Enpresaren korporazioaren eta giza baliabideen politikako printzipio estrategikoen artean daude emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna eta LGTBI pertsonak ez diskriminatzea eta haien eskubideak errespetatzea; hori dena, bat eginez Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak eta Trans pertsonen berdintasun erreal eta efektiborako, eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legeak emandako printzipio horren definizioarekin.

Hori horrela, Guardian Industries Navarra SLUk LGTBI pertsonendako berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko berdintasun plan hau prestatu du, enpresako langileen ordezkari batzuekin negoziatu eta adostu ondoren.

2.–Araubide juridikoa.

LGTBI pertsonendako berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko berdintasun plan hau prestatu da, bete dadin Trans pertsonen berdintasun erreal eta efektiborako, eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 15. artikulua.

Plana prestatzeko aintzat hartutako irizpideak dira LGTBI kolektiboari dagokion indarreko legeriak ezarritakoak:

–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarriari buruzkoa.

Hamaikagarren xedapen gehigarriaren bidez (Langileen Estatutuaren Legearen testu bateratuari eginiko aldaketei buruzkoa) eta hamalaugarren xedapenaren bidez (Lan arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legeari eginiko aldaketei buruzkoa), legeak tratu eta aukera berdintasuna ezartzen du lanean, eta sexu orientazioa edo genero identitatea dela-eta eginiko edozein diskriminazio mota debekatzen du.

–11/2014 Legea, urriaren 10ekoa, Lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen eta intersexualen eskubideak bermatzeari, eta homofobia, bifobia eta transfobia errotik kentzeari buruzkoa.

Lege horrek LGTBI pertsonen eskubideak aitortu eta babesten ditu zenbait arlotan, lan-arloa barne. Zehazki, III. kapitulua lan-merkatuari buruzkoa da, eta arauak LGTBI pertsonen tratu eta aukera berdintasunerako eskubidea lantzen du (20. art.), baita sexu orientazio eta genero identitatea direla-eta eginiko diskriminazioari aurre egiteko, hori prebenitzeko eta lantzeko neurriak ezarri ere.

–15/2022 Legea, uztailaren 12koa, Tratu berdintasunari eta diskriminazioa ekiditeari buruzkoa.

1978ko Konstituzioaren 14. artikuluak berdintasunerako eta diskriminaziorik ez izateko eskubidea adierazten du. Legeak arreta sozial edo babes handia behar duten zenbait arrazoi jasotzen ditu, hala nola jaiotza, arraza, sexua, erlijioa eta iritzia, eta debekatu egiten du beste edozein arrazoi pertsonal edo sozialengatik edonor diskriminatzea. Horrez gain, 9. artikuluan ezartzen duenez, botere publikoek norbanakoaren eta hura dagoen taldeen esparruan berdintasuna erreala eta efektiboa izan dadin baldintzak sustatu eta oztopoak ezabatu behar dituzte.

–4/2023 Legea, otsailaren 28koa, Trans pertsonen berdintasun erreal eta efektiborakoa, eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa. Enpleguan berdintasuna eta aniztasuna defendatzeko aurreratuen dagoen legea da, eta zehazki prestatuta dago LGTBI kolektiboaren aukerak babestu eta handitzeko bizitza publikoaren arlo guztietan.

Era berean, aintzat hartzekoa da enpresaren Jokabide Kodea, non erabateko gaitzespena adierazten baita edozein motatako diskriminazio jokabiderekiko, barne hartuta sexu orientazioa eta identitatea.

3.–Enpresaren aurkezpena.

Guardian Industries Navarra SLU lantokia Montes del Cierzo industrialdean dago, Tuteran (Nafarroa), eta beira zapala ekoizten da bertan. Enpresak hitzarmen kolektibo propioa du, baita enpresak hartzen dituen erabakietan parte hartzen duen langileen batzorde bat ere.

2024ko erregistroen arabera, 274 langile daude: 264 gizonak dira (%96), eta 10 emakumeak (%4).

Enpresan profesionalen bi talde handi daude; horien arabera antolatzen da eguneroko lana. Alde batetik, ekoizpen eremuan Eskulangileak taldea dago; kultura eta historia arrazoiak direla-eta, oso maskulinizatuta dago. Beste alde batetik, Enplegatuak taldea dago; euskarri lanak egiten dituzte, baita lan horiek koordinatu eta zuzentzen ere.

LGTBI plana bi taldeei aplikatuko zaie, modu berean eta irismen berarekin.

2016tik, Koch Industries nazioarteko taldearen parte da Guardian Industries taldea. Hori dela eta, taldearen antolakuntza kulturak bi oinarri nagusi ditu: jokabide kode sendoa eta PBMren printzipio gidariak. Enpresaren politiketako eta prozeduretako asko, bai eta filosofia ere, oinarri horien araberakoak dira, eta argi islatzen dute enpresak duen asmoa eta konpromisoa zenbait baliorekiko, horien artean, aukera berdintasunarena.

GURE BALIOAK:

1. Osotasuna.

2. Kudeaketa arduratsua eta Betetzea.

3. Printzipioak ekintzailetzan.

4. Eraldaketa.

5. Ezagutza.

6. Umiltasuna.

7. Errespetua.

8. Eguneratzea.

Koch taldeko enpresa guztiak, eta, beraz, Guardian Industries Navarra SLUk, balio berberak dituzte.

Errespetua honela islatzen da gure antolakuntza kulturan: guztiak zintzotasunez, duintasunez, errespetuz eta sentiberatasunez tratatzea; dibertsitatearen boterea geureganatzeko perspektiba, esperientzia, trebezia eta abileziak barne hartzea eta integratzea.

2023. urtean, Guardian Industries Navarrari Reconcilia zigilua eman zioten. Zigilu horrek erakundeen barnean lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzea sustatzen duten kudeaketa ereduak bultzatzen ditu, produktibitatea benetan hobetzen delako eta gizarteari balio erantsia gehitzen diolako.

4.–Definizioak.

Behar bezala elkar ulertzeko, otsailaren 28ko 4/2023 Legean jasotako definizioak garatuko ditugu, eta dokumentu honetan jaso:

a) Zuzeneko diskriminazioa: pertsona batek edo hura dagoen taldeak pairatzen duen egoera, antzeko egoera edo egoera konparagarri batean dauden pertsonekiko modu okerragoan tratatua izateagatik, sexu orientazio eta identitatea, genero adierazpena edo sexu ezaugarriak direla-eta.

Zuzeneko diskriminaziotzat hartuko da uko egitea desgaitasuna duten pertsonei arrazoizko moldaketak egiteari. Ondorio horietarako, arrazoizko moldaketak izanen dira inguru fisiko eta sozialean zein ingurukoen jarreran egiten diren beharrezko aldaketa eta egokitzapen egokiak. Ez dute neurrigabeko kargarik edo bidegabeko kargarik inposatuko, eta kasu zehatz batean beharrezkoak direnean aplikatuko dira, modu eraginkor eta praktikoan, desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna eta parte-hartzea errazteko eta bermatzea eskubide guztiak izateko edo erabiltzeko gainerako guztien baldintza berdinetan.

b) Zeharkako diskriminazioa: itxuraz neutroa den neurri, irizpide edo praktika batek desabantaila zehatzak eragitea pertsona bati edo batzuei, haien sexu orientazioa, sexu identitatea, genero adierazpena edo ezaugarri sexualak direla-eta.

c) Diskriminazio anizkoitza eta intersekzionala: diskriminazio anizkoitza gertatzean, pertsona bat diskriminatu egiten dute besteek, aldi berean edo jarraian, aipatu legean jasotako bi arrazoi edo gehiagorengatik, eta/edo Tratu-berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko uztailaren 12ko 15/2022 Legean jasotako beste diskriminazio kausa edo kausengatik.

Diskriminazio intersekzionala dagoenean, aurreko apartatuan jasotako zenbait kausa gertatzen edo elkartzen dira, eta diskriminazio mota zehatz bat eragiten dute.

d) Diskriminazio jazarpena: aipatu legean jasotako diskriminazio kausak direla-eta eginiko edozein jokabide, helburu edo ondorio duena pertsona baten edo hura dagoen taldearen duintasunaren aurka egitea eta haien kontrako giroa, beldurrezkoa, laidogarria, umiliagarria edo iraingarria sortzea.

e) Asoziazio bidezko diskriminazioa eta oker batengatiko diskriminazioa: asoziazio bidezko diskriminazioa gertatzen da pertsona batek edo hura dagoen taldeak diskriminazioa pairatzen duenean sexu orientazio eta identitate, genero adierazpen edo sexu ezaugarriak direla-eta diskriminatzen duten beste pertsona batekin egoteagatik.

Oker batengatiko diskriminazioaren kausa da diskriminatutako pertsona edo pertsonen ezaugarri batzuk oker hautematea.

f) Ekintza positiborako neurriak: esparru kolektibo edo sozialean, edozein diskriminazio edo desabantaila prebenitzeko, ezabatzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko eginiko tratu desberdinak. Neurri horiek aplikatzekoak izanen dira horiek justifikatzen dituzten diskriminazio edo desabantaila egoerak gertatzen diren bitartean. Neurriak arrazoizkoak eta egokiak izan beharko dira lortu nahi diren helburuekiko eta horiek lortzeko beharrezko baliabideekiko.

g) Intersexualitatea: gizartean gizonen edo emakumeen gorputzetarako ezarritako nozioekin bat ez datozen ezaugarri biologiko, anatomiko edo fisiologiko, sexu anatomia, ugalketa aparatua edo kromosoma patroia duten pertsonak.

h) Sexu orientazioa: erakarpen fisiko, sexual edo afektiboa beste pertsona batekiko.

Sexu orientazioa zenbait motatakoa izaten ahal da: heterosexuala (erakarpen fisiko, sexual edo afektiboa sentitzea aurkako sexuko pertsonekiko soilik), homosexuala (erakarpen fisiko, sexual edo afektiboa sentitzea sexu bereko pertsonekiko soilik) edo bisexuala (erakarpen fisiko, sexual edo afektiboa sentitzea hainbat sexutako pertsonekiko; ez du zertan aldi berean, modu berean, gradu berean, ezta intentsitate maila berean ere izan).

i) Sexu identitatea: sexuaren norbanakoak duen barneko bizipena, norberak sentitzen eta autodefendatzen duena. Jaiotzaz esleitutako sexuarekin bat etortzen ahal da edo ez.

j) Genero adierazpena: norbanakoak bere sexu identitateari buruz egiten duen adierazpena.

k) Trans pertsona: jaiotzean esleitutako sexuarekin bat ez datorren sexu identitatea duen pertsona.

l) LGTBI familia: familia hauetan, kide bat edo gehiago LGTBI kolektibokoak dira. Familia hauek homoparentalak izaten ahal dira, hau da, pertsona lesbiana, gay edo bisexualek adinez txikiko seme-alabak izaten ahal dituzte modu egonkorrean, haien tutoretzapean edo guraso-ahalean, edo desgaitasunen bat duten adinez nagusiko seme-alabak izaten ahal dituzte.

m) LGTBIfobia: LGTBI pertsonen aurkako gutxiespen, gaitzespen, aurreiritzi, diskriminazio edo intolerantzia jarrera, jokaera edo hitzaldi oro, kolektiboaren parte izateagatik soilik edo halakotzat hautemateagatik.

n) Homofobia: pertsona homosexualen aurkako gutxiespen, gaitzespen, aurreiritzi, diskriminazio edo intolerantzia jarrera, jokaera edo hitzaldi oro, homosexualak izateagatik soilik edo halakotzat hautemateagatik.

ñ) Bifobia: pertsona bisexualen aurkako gutxiespen, gaitzespen, aurreiritzi, diskriminazio edo intolerantzia jarrera, jokaera edo hitzaldi oro, bisexualak izateagatik soilik edo halakotzat hautemateagatik.

o) Transfobia: pertsona transexualen aurkako gutxiespen, gaitzespen, aurreiritzi, diskriminazio edo intolerantzia jarrera, jokaera edo hitzaldi oro, transexualak izateagatik soilik edo halakotzat hautemateagatik.

p) Diskriminatzeko agintzea edo hori eragitea: diskriminazioa da edozein diskriminazio ekintza agintzea edo eragitea LGTBI pertsonendako berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko planean jasotako edo legean adierazitako kausengatik. Pertsona bat diskriminazio ekintza bat egitera bultzatzeko zehatza, zuzena eta eraginkorra izan beharko da eragite hori.

5.–Berdintasun plana arautzen duten printzipioak.

Guardian Industries Navarra SLUren LGTBI pertsonendako berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko planak Nazio Batuen 5 jokabide arauak ditu oinarri:

1. Enpresek LGTBI komunitatearen, langileen eta bezeroen giza eskubideak errespetatu behar dituzte.

2. Enpresek LGTBI langileen aurkako diskriminazioa ezabatu behar dute lantokian.

3. Enpresek LGTBI langileak babestu behar dituzte lantokian.

4. Enpresek ezin dituzte LGTBI bezero, hornitzaile eta banatzaileak diskriminatu, eta saiatu beharko dira merkataritza kideek halakorik egin ez dezaten.

5. Enpresek LGTBI pertsonen giza eskubideak defendatu behar dituzte dagokion jarduera gauzatzen duten komunitateetan.

"Nazioartean onartutako lehen estandarra da; ezartzen du LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen eskubideak errespetatzean enpresek zer rol eta erantzukizun duten. Halaber, enpresak bultzatzen ditu inklusio eta aniztasun arloetako politikak eta praktikak hobetzera" (Cristina Sánchez, Nazio Batuen Mundu Itunaren zuzendari exekutiboa Espainian).

6.–Zuzendaritzaren konpromisoa.

Guardian Industries Navarra SLUren ustez, gizartearekin dugun inplikazioa islatzeko, gure erakundean bertan islatu behar da lehenik. Hori dela eta, trans pertsonen eta LGTBI pertsonen aukera berdintasuna eta eskubideak defendatzen direla bermatzea ezinbestekoa da egunetik egunera inklusiboagoak izateko eta aniztasuna defendatzeko.

Mota askotako perspektibak izatean, gure erakundea aberastu egiten da. Gure erakundearen oinarria norbanakoak direnez, oso garrantzitsua da halako aberastasuna. Edonor den bezalakoa azaltzeko moduko laneko giro osasuntsu eta irekia sortzea ezinbestekoa da produktibitatea maximizatzeko eta langileen garapen profesional eta pertsonala sustatzeko. Konpromiso hau guztia bat dator errespetuaren printzipioarekin: lankide guztiak zintzotasunez, duintasunez, errespetuz eta sentiberatasunez tratatzea.

Horretarako, lan-plan bat prestatu dugu, laneko giro inklusiboa eta errespetuzkoa hobetzeko. Planak Trans pertsonen berdintasun erreal eta efektiborakoa, eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legea betetzen du, eta PBMren printzipio gidariekiko (hala nola errespetua, integritatea eta eraldaketa) dugun konpromisoa islatzen du.

Enpresaren zuzendaritzak konpromisoa hartzen du plana komunikatzeko eta betetzen dela bermatzeko, horretarako beharrezko baliabideak emanda, bai eta etengabe hobetzen laguntzeko ere. Era berean, LGTBI pertsonen aurkako jazarpen eta/edo erasoen aurkako protokolo bat ezarriko dugu, enpresan halako edozein gertakari salatu eta lantzeko, 4/2023 Legearekin bat.

Stua. David Lerin. Plant Managerra, Guardian Industries Navarra SLU.

7.–LGTBI pertsonendako berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko planaren helburuak.

–Helburu orokorra:

Guardian Industries Navarra SLUn, LGTBI pertsonen berdintasun erreal eta efektiboa bermatzea eta eskubideak bermatzea.

–Berariazko helburuak:

1. 0 tolerantziako politika espezifikoak ezartzea genero identitatearengatik edo adierazpenengatik, genero orientazioengatik edo sexu ezaugarriengatik eginiko diskriminazio eta/edo jazarpenen aurka.

2. LGTBI kolektiboko pertsonendako lanerako ingurune aske eta errespetuzkoak bultzatzea.

3. Plantilla sentsibilizatzea LGTBI kolektiboko pertsonen, eta, batez ere, trans pertsonen eskubide eta aukera berdintasunen inguruan.

8. Alderdiak zehaztea.

LGTBI plan hau Guardian Industries Navarra SLUko negoziazio batzordeak sinatu du, eta haren kideak hauek dira:

–Alde batetik, enpresaren ordez:

  • David Lerin, Plant Managerra.
  • Mario Fernandez, Logistic Managerra.
  • Ana Regla, HRBPa.

–Eta, beste alde batetik, langileen ordez:

  • Antonio Fajardo, Ekoizpen eskulangilea (ELA).
  • Iban Sesma, Ekoizpen eskulangilea (ELA).
  • Carlos Piñeiro, Ekoizpen eskulangilea (ELA).
  • Mustafa Salamovic, Ekoizpen eskulangilea (ELA).
  • Manuel Martínez Magdalena, Ekoizpen eskulangilea (ELA).
  • Cesar Martinez, Ekoizpen eskulangilea (ELA).
  • Guillermo Velasco, Ekoizpen eskulangilea (ELA).
  • Antonio Fajardo, Ekoizpen eskulangilea (ELA).
  • Ramon Sainz, Ekoizpen eskulangilea (CCOO).
  • Eduardo Baigorri, Mantentze-lanetako eskulangilea (CCOO).
  • Damaso Bueno, Mantentze-lanetako enplegatua (CCOO).
  • Felix Santos, SV Float enplegatua (CCOO).
  • Vicente Aperte, Enplegatua, transformazio ingeniaria (CCOO).

Negoziazio alderdiek adostu dute Negoziazio Batzordeak honako eskumen hauek izanen dituela:

–LGTBI plana osatuko duten neurriak negoziatzea.

–Identifikatzea zeintzuk diren lehentasunezko neurriak, horien aplikazio eremua, baita ere horiek ezartzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak, arduradunak eta jarduketen kronograma bat.

–Enpresan LGTBI plana ezartzea sustatzea.

–Ezarritako neurriak zenbateraino betetzen diren ebaluatzeko eta horien jarraipena egiteko neurketa adierazleak definitzea.

–Plantillari informazioa emateko eta sentsibilizatzeko lehenengo ekintzak bultzatzea.

Negoziazio batzordearen parte direnek une oro aztertu beharko dute sekretu betebeharra betetzen den, berariaz isilpekotzat komunikatutako informazioari dagokionez. Edonola ere, enpresak batzordeari emandako agiri bat bera ere ezin izanen da erabili enpresaren eremutik kanpo, hura entregatzeko arrazoi izan zirenetik kanpoko helburuetarako.

Batzordea osatzen duten pertsonak ordeztuko dira, baldin eta postua hutsik uzten badute, kanpoan badira, dimititzen badute, mandatua amaitzen bada edo ezintasunarengatik edo arrazoitutako kausa batengatik mandatutik kentzen badute hura hautatu zutenek. Negoziazio batzordeko kide izateari uzten diotenak enpresaren ordezkari badira, enpresak ordeztuko ditu, eta plantillaren ordezkari badira, plantillaren legezko ordezkaritza organoak eta/edo sindikatuak ordeztuko ditu, barne funtzionamenduko araubidearekin bat.

Inor ordeztean, idatziz jasoko da ordezteko arrazoia eta eguna, eta kargua uzten duen zein hartzen duen pertsonaren izen-abizenak, NANa eta kargua adieraziko dira.

9.–Langileei, lurraldeari eta iraunaldiari dagokien aplikazio eremua.

Berdintasun plan hau Guardian Industries Navarrako plantilla osoari aplikatuko zaio, zer lan-kontratu duten gorabehera.

Lurralde-eremua Nafarroako Foru komunitatea (Espainia) izanen da; hain zuzen, hau da erakundearen egoitza:

Montes de Cierzo industrialdea, 232 errepideko 86. km-a, Tutera 31500 (Nafarroa).

LGTBI plan honek lau urteko iraupena izanen du, 2025eko martxoaren 31tik 2029ko martxoaren 30era bitarte, hain zuzen ere.

10.–LGTBI planaren neurrien deskribapena.

LAN ESPARRUA

BERDINTASUNAREKIKO KONPROMISOA

Ekintza

Komunikatzea eta iragartzea enpresak konpromisoa duela LGTBI pertsonen berdintasunarekiko eta diskriminazio-ezarekiko, eta LGTBI pertsonendako berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko plan bat duela

Helburua

Enpresak berdintasunarekiko duen konpromisoa jakitera ematea, eta berdintasun plana badagoela jakinaraztea

Ezartzeko kronograma

2025eko maiatza

Materialak eta metodoak

Plantillako langile guztiei zuzendutako mezu elektroniko bat idaztea

Arduraduna

HR

Jarraipen adierazleak

Iragarki hau gauzatzeko eginiko ekintzak

Lan-esparrua

Enplegurako sarbidea, hautaketa eta kontratazioa

Ekintza

Hizkera ez diskriminatzailea erabiltzea lanpostu hutsak iragartzean, eta berariaz adieraztea ez dela diskriminaziorik eginen sexu orientazio, genero identitate, genero adierazpen edo sexu ezaugarriengatik

Helburua

Lan-eskaintzetan egoten ahal den diskriminaziozko edozein eduki ezabatzea, eta enpresak berdintasunarekiko duen konpromisoa berrestea

Ezartzeko kronograma

Lan-eskaintza bat egiten den bakoitzean

Materialak eta metodoak

Lan-eskaintzen testuak berrikustea

Arduraduna

Talent Solutions

Jarraipen adierazleak

Lan-eskaintza komunikatzea

Lan-esparrua

Enplegurako sarbidea, hautaketa eta kontratazioa

Ekintza

Hautagaiak aukeratzeko taldeak hautagai horiek kontzientziatzea berdintasunaren eta diskriminazio ezaren garrantziaz, eta errekrutamentu eta aukeraketa arduradunei prestakuntza espezifikoa ematea.

Helburua

Aukeratzeko taldearen lana hobetzea, hautagaiak aukeratzeko prozesuan edozein diskriminazio alborapen ezabatzeko.

Ezartzeko kronograma

2025eko abendua

Materialak eta metodoak

Prestakuntza ikastaroa

Ardura

Kanpo aholkularia eta giza baliabideen departamentua

Jarraipen adierazleak

Eginiko prestakuntza eta zenbatek egin duten

Prestakuntzako lan-esparrua

Prestakuntza

Ekintza

Enpresako lankide guztiei berdintasun arloko prestakuntza ematea, LGTBI pertsonen berdintasun erreal eta efektiboan eta diskriminazio ezan oinarritutako antolakuntza kultura sortzeko

Helburua

Lortzea plantilla kontzientziatzea, diskriminaziorik gabeko laneko giro askea sortzeko, genero identitatea errespetatzeko, eta LGTBI pertsonen aurkako jazarpena eta/edo indarkeria egoerak ekiditeko

Ezartzeko kronograma

2025eko ekaina

Materialak eta metodoak

Prestakuntza ikastaroa

Ardura

Kanpo aholkularia eta giza baliabideen departamentua

Jarraipen adierazleak

Eginiko prestakuntza eta zenbatek egin duten

Prestakuntzako lan-esparrua

Prestakuntza

Ekintza

Berdintasuna lortzera eta sexu orientazio eta identitatea direla-eta diskriminazioa ezabatzera bideratutako moduluak, edozein roletarako hasierako prestakuntza egiten den bakoitzean

Helburua

Plantilla kontzientziatzea lortzea, edozein diskriminazio eta indarkeria motarik gabeko laneko giro askea lortzeko

Ezartzeko kronograma

Plantillan kide berriei prestakuntza ematen zaien bakoitzean

Materialak eta metodoak

Prebentzio dokumentazioa eta protokoloa entregatzea

Arduraduna

HR eta EHS

Jarraipen adierazleak

Eginiko prestakuntza eta zenbatek egin duten

Lan-esparrua

Lanbide sustapena

Ekintza

Saiatzea erakundeko pertsona guztiek enpresan igotzeko aukera izan dezaten, aukera berdinekin, eta bermatzea hautapena irizpide objektiboen arabera egiten dela. Hala, lanposturako kualifikatuen eta prestatuen dagoen langilea igoko da, eta ez da egonen prestazio eta soldata bereizkeriarik sexu orientazio eta identitatearen arabera, besteak beste

Helburua

Bermatzea lanpostuan horretarako egokia den pertsona sartzen dela

Ezartzeko kronograma

Igoera bat egiten den bakoitzean

Materialak eta metodoak

Bidezko hautaketa eta kontratazio prozesua egitea

Arduraduna

HR

Jarraipen adierazleak

Eginiko igoera prozesua

Lan-esparrua

Plantilla sentsibilizatzea

Ekintza

Kanpainak urteurrenetan

Helburua

Berdintasun arloan plantilla osoa informatzea eta sentsibilizatzea egun berezietan: maiatzaren 17a (LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna), ekainaren 28a (LGTBI harrotasunaren nazioarteko eguna), irailaren 23a (bisexualitatearen nazioarteko eguna)...

Ezartzeko kronograma

Urteurrena iristen den bakoitzean

Materialak eta metodoak

Eginiko komunikazioak

Arduraduna

Giza baliabideak

Jarraipen adierazleak

Sentsibilizazio kanpaina kopurua

Lan-esparrua

Trans pertsonen eskubideak

Ekintza

Trans pertsonak haiek hautatutako izen eta genero identitatearen arabera tratatu behar dira. Oso garrantzitsua da enpresak pertsona horren izena eta sexua aldatzea edozein barne agiritan, nahiz eta NANa legez zuzendu ez (salbuetsita egonen dira legezko izena berariaz behar duten agiriak, NANa zuzendu arte)

Enpresak lan egiteko uniformea edo arropa emanen du, eta aldatu eginen da trans pertsonaren genero identitatearen arabera arropa mota aldatzen bada

Enpresak beharrezko prestakuntza eskainiko die gainerako langileei egoera uler eta errespetatu dezaten

Lantokian trans pertsonen aldeko jarduketa protokolo bat ezartzea trantsizioari ekiten diotenean

Helburua

Enpresan trans pertsonen inklusioa sustatzea, edozein langile trans gisa agertzen denean. Enpresak trans pertsona tratatuko du berak erabakitako genero identitatean

Ezartzeko kronograma

Beti

Materialak eta metodoak

Langileei eskubideak jakinaraztea

Arduraduna

Gerentzia eta giza baliabideen departamentua

Jarraipen adierazleak

Hautatutako genero identitatearen arabera trans gisa hartutako langile kopurua.

Lan-esparrua

Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea erantzukidetasunean oinarrituta

Ekintza

LGTBI pertsonek gainerakoek dituzten aukera berdinak izan ditzaten sustatzea lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzeko

Helburua

Bateratze baldintza berak eskaintzea, langileen bikote, ezkontide, seme-alaba edo haien kargurako pertsonak gorabehera, eta aintzat hartu gabe langileen sexu orientazioa, genero identitate eta adierazpena edo sexu ezaugarriak

Kronograma

Aldaketak egiten diren bakoitzean

Materialak eta metodoak

Mezu elektroniko bidez jakinaraztea

Arduraduna

HR

Jarraipen adierazleak

Eginiko komunikazioa

Lan-esparrua

LGTBI pertsonen aurkako jazarpena eta/edo indarkeria prebenitzea

Ekintza

Plantillari jakinaraztea badagoela protokolo bat LGTBI pertsonen aurkako jazarpenari eta/edo indarkeriari aurre egiteko

Helburua

Gaiarekin lotutako salaketak aurkezteko bide bat ematea eta plantillari hor dagoela jakinaraztea

Ezartzeko kronograma

Urtean behin

Materialak eta metodoak

Posta elektroniko, kantinako telebista eta informazio-panel bidezko komunikazioa

Arduraduna

Giza baliabideen departamentua

Jarraipen adierazleak

Eginiko komunikazioa

–Ezarpen kronograma.

LAN ESPARRUA

EKINTZAK

2025

2026

2027

2028

2029

Bigarren seihilekoa

Lehen seihilekoa

Bigarren seihilekoa

Lehen seihilekoa

Bigarren seihilekoa

Lehen seihilekoa

Bigarren seihilekoa

Lehen seihilekoa

Berdintasunarekiko konpromisoa

Komunikatzea eta iragartzea enpresak konpromisoa duela LGTBI pertsonen berdintasunarekiko eta diskriminazio-ezarekiko, eta LGTBI pertsonendako berdintasun erreal eta efektiboa lortzeko plan bat duela.

NEURRI IRAUNKORRA

Enplegurako sarbidea, hautaketa eta kontratazioa

Hizkera ez diskriminatzailea erabiltzea lanpostu hutsen iragarkiak argitaratzean, eta berariaz adieraztea ez dela diskriminaziorik eginen sexu orientazio, genero identitate, genero adierazpen edo sexu ezaugarriengatik.

NEURRI IRAUNKORRA

Hautagaiak aukeratzeko taldeak hautagai horiek berdintasunaren eta diskriminazio ezaren garrantziaz kontzientziatzea, eta errekrutamentu eta aukeraketa arduradunei prestakuntza espezifikoa ematea.

NEURRI IRAUNKORRA

Prestakuntza

Enpresako lankide guztiei berdintasun arloko prestakuntza ematea, LGTBI pertsonen berdintasun erreal eta efektiboan eta diskriminazio ezan oinarritutako antolakuntza kultura sortzeko.

Berdintasuna lortzera eta sexu orientazio eta identitatea direla-eta diskriminazioa ezabatzera bideratutako moduluak, edozein roletarako hasierako prestakuntza egiten den bakoitzean.

NEURRI IRAUNKORRA

Lanbide sustapena

Saiatzea erakundeko pertsona guztiek enpresan igotzeko aukera izan dezaten, aukera berdinekin, eta bermatzea hautapena irizpide objektiboen arabera egiten dela. Hala, lanposturako kualifikatuen eta prestatuen dagoen langilea igoko da, eta ez da egonen prestazio eta soldata bereizkeriarik sexu orientazio eta identitatearen arabera, besteak beste.

NEURRI IRAUNKORRA

Plantilla sentsibilizatzea

Berdintasun arloan plantilla osoa informatzea eta sentsibilizatzea egun berezietan: maiatzaren 17a (LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna), ekainaren 28a (LGTBI harrotasunaren nazioarteko eguna), irailaren 23a (bisexualitatearen nazioarteko eguna)...

NEURRI IRAUNKORRA

Trans pertsonen eskubideak

Enpresan trans pertsonen inklusioa sustatzea, edozein langile trans gisa agertzen denean. Enpresak trans pertsona tratatuko du berak erabakitako genero identitatean.

NEURRI IRAUNKORRA

Lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzea

LGTBI pertsonek gainerakoek dituzten aukera berdinak izan ditzaten sustatzea lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzeko.

NEURRI IRAUNKORRA

LGTBI pertsonen aurkako jazarpena eta/edo indarkeria prebenitzea

Plantillari jakinaraztea badagoela protokolo bat LGTBI pertsonen aurkako jazarpenari eta/edo indarkeriari aurre egiteko.

11.–Ebaluazioa, jarraipena eta aldizkako berrikuspenak.

LGTBI plan hau behar bezala ezartzen dela egiaztatzeko, tarteko ebaluazio bat eginen da, plana gauzatu bitartean izandako lorpenei eta zailtasunei buruz. Gainera, amaierako ebaluazio bat eginen da planaren indarraldia amaitzean.

Ebaluazioa dokumentu honetan jasotako ekintzetako bakoitzari buruzko txostenen bidez eginen da. Halaber, aztertzen ahalko da neurri zuzentzaileak ezartzea, baita bestelako edozein ekintza txertatzea ere, erakundeak beharrezkotzat jotzen badu aukera berdintasuna behar bezala ezartzeko.

Urtean behin, plan honen negoziazio batzordea bilduko da neurri bloke bakoitzaren ezarpen mailaren urteko jarraipena egiteko.

Neurri horiek guztiak ebaluatzeko, jarraipen adierazleak aztertuko dira, zeinak plan honen 10. apartatuan neurri bakoitzerako deskribatuta baitaude.

12.–Faltak tipifikatzea.

Guardian Industries Navarraren hitzarmen kolektiboaren diziplina araubidean txertatuko dira langileen sexu askatasunaren, sexu orientazio eta identitatearen eta genero adierazpenaren aurkako jokabideengatiko arau-hausteak eta zehapenak. Hori dena, Trans pertsonen berdintasun erreal eta efektiborakoa, eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legeari jarraikiz.

Honako hauek hartuko dira aintzat:

–Falta arinak:

  • Sexu orientazioa, genero identitatea eta/edo genero adierazpena direla-eta iraingarria edo diskriminaziokoa izaten ahal den hizkera erabiltzea.

–Falta astunak:

  • Hutsegite arinen errepika.
  • Heteronormatiboak ez diren pertsonak edo familiak iraintzea, barregarri uztea, umiliatzea edo laidoztatzea lan-esparruan.
  • Sexua, arraza edo jatorri etnikoa, erlijioa edo ohiturak, desgaitasuna, adina, sexu orientazioa, genero adierazpena eta/edo identitatea edo bestelako edozein ezaugarri pertsonal edo sozial barregarri uzten duten txantxak eta trufak.

–Falta oso astunak:

  • Sexua berresleitzeko ebakuntza kirurgikoetarako baimenen konfidentzialtasuna urratzea.
  • Sexu orientazio, genero identitate eta/edo genero adierazpena dela-eta gertatutako jazarpenaren barne kexa edo salaketa bat jarri duen pertsona baten edo ikerketan parte hartu duen pertsona baten aurkako errepresalia jokaerak.
  • LGTBI+ kolektiboko kideak, haien senideak eta hurbilekoak behin eta berriz makurtu, umiliatu, iraindu, barregarri utzi edo diskriminatzeko helburua duten jarrera, ekintza, adierazpen, iseka edo jokabide guztiak.
  • LGTBI+ kolektiboko kideei, haien senideei eta hurbilekoei lantokian zein lantokitik kanpo egiten zaizkien eraso fisiko edo ahozkoak.
  • Eduki LGTBIfoboa duten edo pertsonen intimitatearen aurka egiten duten irudi, bideo edo mezuak hedatzea.

–Zehapenak.

  • Zehapenak ezarrita egonen dira hitzarmen kolektiboan edo une bakoitzean falta arin, astun eta oso astunak arautzen dituen goragoko arauan.

Iragarkiaren kodea: F2510141