Iragarkia
169. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 26a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SARTAGUDA
Eraikin publikoak erabiltzeko tasak eta arauak ezartzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketa. Behin betiko onespena
Sartagudako Udalak, 2025eko martxoaren 29an egin osoko bilkuran, legez behar den gehiengoa izanik, erabaki zuen hasiera batez onestea Eraikin publikoak erabiltzeko tasak eta arauak ezartzen dituen ordenantza fiskala.
Hasierako onespenaren iragarkia 2025eko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17an, eta 30 egun balioduneko jendaurreko aldia ezarri zen, iragarkia argitaratu eta biharamunetik hasita, bizilagunek eta bidezko interesdunek espedientea azter zezaten eta egokiak iruditzen zitzaizkien erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez zitzaten; hori guztia, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari.
Jendaurreko aldia iragan da, eta ez da erreklamaziorik aurkeztu aldaketaren aurka. Beraz, behin betikoa bilakatzen da hasierako onespenaren erabakia, eta argitara ematen da aldaketaren testu osoa, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin. Aldaketa, hain zuzen, aipatu ordenantzaren I. eranskinari dagokio.
Sartagudan, 2025eko uztailaren 31n.–Alkatea, José Ignacio Eguizábal Martínez.
ERAIKIN PUBLIKOAK ERABILTZEKO TASAK ETA ARAUAK EZARTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA
ATARIKO TITULUA
1. artikulua.
Erregelamendu honen xedea da herritarren eskura jarritako udal esparruen antolamendua eta funtzionamendua arautzea. Hauek dira esparruak:
a) Sartagudako Kultur Etxea.
b) Sartagudako udal kiroldegia.
Esparru bakoitza erabiltzeko tasak, kasuaren arabera, ordenantza honi atxikitako eranskinetan zehaztu dira.
2. artikulua.
Esparru bakoitzerako ezarritako betebehar zehatzak gorabehera, derrigorrezkoa izanen da esparrua eta bertako altzariak zaintzea eta gizalegez jardutea. Erabiltzaile batek akats edo kalteren bat ikusiz gero esparrua erabiltzen hasi aurretik, horren berri eman beharko dio Udalari.
Lokaletan eta haietan dauden gauzetan kalterik gertatzen bada, baimenaren titularrak erantzun beharko du, eta haiek konpontzeko eskatzen ahal dio Udalak. Instalazioaren erabiltzailea adingabea bada, gurasoak edo legezko tutoreak izanen dira bere ekintzen ondorioen erantzuleak. Gainera, erabiltzailea zortzi urtetik beherakoa bada, heldu batekin batera egon beharko da une oro instalazioan dagoen bitartean. Nolanahi ere, ezartzen ahal da esparru bakoitzerako berariazko bertzelako murrizketarik.
3. artikulua.
Debeku da lokalak erabiltzea baimenduriko jarduketa ez den bertze helburu baterako.
I. TITULUA.–KULTUR ETXEA
4. artikulua.
Sartagudako Kultur Etxea udal eraikina da eta Sartagudako herritarren partaidetzarako bide eta erreferentzia puntu soziokulturala izatea du helburu nagusi. Haren bidez, Sartagudako Udalak udalerriko herritar guztiei ematen die zerbitzua, kultura irisgarriago egiteko, asoziazionismoa bultzatzeko eta herritarren parte hartzea sustatzeko.
5. artikulua.
Kultur Etxea Goiko kaleko 2. zenbakian dago. Lehenengo solairuan udal liburutegia dauka; solairuartean, bilera areto bat, ekitaldi areto bat eta bulego bat; eta bigarren solairuan, gimnasio bat, entsegu gela handi bat eta bertze txiki bat eta margolaritza gela bat, armairuetarako, biltegiratzeko eta abarretarako gelez gain.
6. artikulua.
Sartagudako Udala arduratuko da, Kultura Batzordearen bitartez eta alkatearen aurretiko baimenarekin, programazioaz, antolamenduaz, kudeaketaz eta jarraipenaz, baita eraikinaren zein egindako jardueren funtzionamenduaz ere. Horretarako, kultura koordinatzaile bat izanen du, bertan garatzen diren jarduerak kudeatu eta jarraitzeaz arduratuko dena. Kultur Etxeari dagokionez, honako hauek ditu eginkizun:
–Kulturgunearen funtzionamendu egokia zaintzea eta haren erabilerarako jarritako araudia betearaztea.
–Erabilera eskaerak udal bulegoekin koordinatzea eta ordutegi zein aretoen banaketaren plangintza egitea, bai eta ekitaldi eta jardueretarako giltzak eta alarma giltzatakoak entregatzea ere, beharrezkoa denean.
–Ekimen komunitarioko jarduerak eta Udalak antolatzen dituenak koordinatzea.
–Aurkezten diren jarduera- eta ikuskizun-proposamenei harrera egitea, proposamen horiek bideratzea eta, hala badagokio, Udalari igortzea.
–Erabiltzaileek, taldeek eta entitateek kulturguneko bizian parte hartzea bulkatzea.
7. artikulua.
Eraikin barruko instalazioetarako eskaerak Sartagudako Udalaren Erregistro Orokorrean erregistratuko dira, Kultura Batzordearen arduraduna den zinegotziari zuzendutako inprimaki normalizatu bidez. Eskaerak antolatu nahi den jarduera hasi baino hiru hilabete lehenago erregistratuko dira gehienez, eta hamabortz egun lehenago beranduenez. Data eskakizun hori betetzen ez duten eskaerak automatikoki baztertzen ahalko dira.
8. artikulua.
Eskaerako datuetan, berariaz ageriko dira eskatzaile fisiko edo elkartea (izena eta identifikazioa, helbidea eta harremanetarako kontaktua) eta, gutxienez ere, honako datu hauek: jardueraren datuak (izena, xedeak eta parte hartzaileak), hasiera eta bukaera datak eta orduak, eskatzen den materiala eta sarrera modalitatea (librea, gonbidapenarekin, sarrerak txarteldegian ordainduta, etab.).
Kultura Batzordeak jarduerari eta ordezkariei buruzko datu gehigarriak eskatzen ahalko ditu, kasu bakoitzean egokiak diren erantzun denborak ezarrita.
9. artikulua.
Hona hemen erabilera lagatzeko irizpideak, ordena honetan:
–Sartagudako Udalari, instalazioen titularra den heinean, Kultura Batzordearen erabilera kulturalei lehentasuna emanda.
–Udal Erregistro Orokorreko sarrera ordenaren arabera.
–Lokala jardueraren ezaugarrietarako egokia izatea.
–Jarduera Udalak sustatzen dituen xedeetarako egokia izatea.
–Automatikoki baztertuko dira giza eskubideen kontra doazen balioak sustatzen dituzten erabilerak.
Bertzalde, tokiko elkarteek hala eskatzen badute, Kultur Etxea egoitza moduan agertzen ahalko da posta jakinarazpenetarako, baina ez da inola ere aurkeztuko elkarte edo erabiltzaile horien erabilera esklusibo eta iraunkorrerako areto moduan.
10. artikulua.
Lagapenaren iraunaldiak barne hartuko du jardueraren hasieratik –muntatze lan eta/edo entseguak barne– jarduera edo desmuntatzea bukatu arteko denbora guztia.
11. artikulua.
Jardueretarako publikoaren sarrera izaten ahal da:
–Publikoa, sarrera libre bidez, tokiak bete arte (ekitaldi aretoa: 140 eserleku), edo gonbidapen, izen emate edo matrikula bidezkoa.
–Ordainketa bidezkoa. Kasu horretan, sarrerak kobratzeko baimena jaso beharko da, aldez aurretik sarreren prezioa jakinarazi eta jardueratik eratortzen diren egile eskubideak ordaindu ondoren.
12. artikulua.
Jardueraren antolatzaileek argitaratzen duten hedapen materialean, Sartagudako Udalaren parte hartze edo laguntza txertatuko da, tamaina egokiarekin. Konpromiso hori errespetatzen ez bada, araua bete ez duten antolatzaileen etorkizuneko eskaerak baztertu eginen dira.
Jardueren antolatzaileek zenbait gonbidapen lagako dizkiote Sartagudako Udalari, bere protokolo beharretarako, egokia balitz.
Kultura Batzordeak eskubidea izanen du antolatzaileek programatutako jarduerak bere programazioan txertatzeko, egokitzat jotzen dituen publizitate eta informazioen bidez.
13. artikulua.
Jardueren antolatzaileak arduratuko dira kultur etxean dauden edo kanpotik ekartzen diren megafonia, argiztapen eta erreprodukzio ekipamenduak erabiltzeko beharrezkoak diren langile tekniko kualifikatuak jartzeaz.
Udal baliabide teknikoak behar izatekotan, baliabide horien kostua antolatzaileei kobratuko die Udalak.
14. artikulua.
Antolatzaileek honako betebehar hauek dituzte:
–Lagatako instalazio eta ekipamenduak entregatu ziren egoera berean itzultzea, horiek behar bezala zaindu eta erabili ondoren.
–Aretoen eta ordutegien esleipena errespetatzea.
–Bertaratutako publiko edo pertsonei behar duten laguntza ematea.
–Jarduerak aurreikusitako orduetan hasi eta bukatzea, instalazioak ireki eta ixteaz arduratzea eta alarma kudeatzea, kultura koordinatzailearen lanorduetatik kanpo.
–Jarduera garatzeko behar diren baimenak lortzea eta jardueratik eratorritako eskubideak izapidetzea (egile eskubideak, zinemagintza baimenak, etab.).
–Gerta litezkeen antolaketa aldaketak Kultura Batzordeari jakinaraztea, hamar egun lehenago gutxienez.
–Segurtasun arloan aplikatzekoa den legerian xedatutakoa betetzea eta kultur etxeko langileek emandako jarraibideak errespetatzea.
–Aretoak behar bezala erabiltzen direla ziurtatzea, gehieneko tokiak errespetatuz, ikus-entzuleak behar bezala antolatuz eta hurrengo artikuluan adierazitako oinarrizko arauak betez.
15. artikulua.
Jardueren antolatzaileen ardura izanen da publikoak edo deialdia jaso duten pertsonek oinarrizko arau hauek betetzen dituztela ziurtatzea:
–Debeku da eraikin osoan erretzea.
–Ezin da jan edo edan Kultur Etxeko aretoetan.
–Debeku da ikus-entzunezko erregistroak egitea Kultura Batzordearen edo elkarte edo erakunde antolatzailearen aurretiko baimenik gabe.
–Animaliak ezin dira kultur etxera sartu (itsu-txakurrak izan ezik). Horretarako, murrizketa hori adierazten duen kartel bat paratuko da eraikineko sarreran.
–Ezin da zaratarik egin edo eraikinean dauden gainerako pertsonei eragozpenik eragiten ahal dien jokabiderik izan. Horrez gain, ezin da pertsonen, altzarien edo eraikineko instalazioen segurtasuna eta integritatea arriskuan jartzen dituen ezer egin.
–Jarduera hasita badago, publikoa ez da sartzen ahalko, aukera hori ematen duten atsedenaldietan izan ezik.
–Debeku da jardueren ikus-entzuleak publikoarendako ez diren espazioetan kokatzea.
16. artikulua.
Jardueraren antolatzaileena izanen da lokalaren erabileraren erantzukizun osoa, hasieratik bukaerara, eta haiek arduratuko dira instalazioetan gordailututako material edo ekipamenduak zaindu eta gainbegiratzeaz eta gorago adierazitako arauak betetzeaz.
Udalak antolatzaileei lagatako materialen galera, kalte edo narriadurak lehenbailehen jakinaraziko zaizkio Udalari, eta Kultura Batzordeak zehaztutako epe barruan ordezkatu beharko dituzte antolatzaileek material horiek. Udala bera bada konponketa edo ordezkapen horiek bere gain hartzen dituena, horren kostua antolatzaileei kobratuko die.
17. artikulua.
Aipatu arauak betetzen ez badira, elkarte edo erakunde antolatzailea izanen da erantzule. Arau hauek ez betetzeak Udalaren aldetik kargu hartzea ekarriko du, eta hiru kargu hartze metatzen badira, eraikina erabiltzeko eskubidea galtzea gerta liteke, Kultura Batzordeak zehaztutako denboran zehar.
18. artikulua.
Antolatzaileek edo hirugarrenek proposatutako jarduerak bertan behera utzi behar baditu Udalak, nahikoa aurrerapenarekin eginen du, ahal den neurrian bertze toki edo data alternatibo bat eskainita.
19. artikulua.
Kultur etxeko instalazioak eskatzeko momentuan, antolatzaile edo eskatzaileek oinarri hauek ezagutu eta onartzen dituztela adieraziko dute.
20. artikulua.
Kultura Batzordeari dagokio eskaerak eta lagapenak kudeatu, kontrolatu eta ematea, oinarri hauetan xedatutakoaren arabera. Lagapen akordioa baliozkoa izanen da eskaerari erantzun ondoren, gehienez ere hamabortz eguneko epe barruan, Sartagudako Udalaren gainerako eskumenak kaltetu gabe.
21. artikulua.
Kultura teknikariak Kultur Etxean dauden Udalaren jabetzako kultur ekipamenduen inbentarioa eginen du urtean behin gutxienez. Eraikineko instalazioetan edozein motatako materialak gordetzen dituzten elkarteak eta/edo lantegi eta ikastaroetako arduradunak izanen dira material horien erantzule bakarrak, betiere Kultura Batzordeak emandako areto bakoitzaren erabilera eskakizunak beteta.
22. artikulua.
Zortzi urtetik beherako haurrak guraso edo legezko tutore batekin joan beharko dira beti liburutegira eta kultura ekitaldietara.
II. TITULUA.–UDAL KIROLDEGIA
I. KAPITULUA.–GOGOETA OROKORRAK
23. artikulua.
Sartagudako Udal Kiroldegiko parte dira Sartagudako Udalaren titulartasuneko esparru eta pista guztiak, zeinak berariaz erabiltzen baitira kirolarekin lotutako jarduerak egiteko eta kultur fisikorako edo kirol aisialdirako. Halaber, barnean biltzen ditu kirol jarduera garatzeko beharrezkoak diren ekipamendu eremu osagarriak edo funtzionalki beharrezkoak.
Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira kirol instalazio izaera ez izan arren aldi batez kirol jarduerak egiteko gaitzen diren eremuak, bai eta Sartagudako Udalari edozein titulu juridikoren bitartez laga zaizkionak ere, kudea ditzan, nahiz eta Udalaren titulartasunekoak ez izan. Kasu horretan, instalazio horiek ordenantza honen bidez arautuko dira, lagapen tresnan ez bada berariazko araubiderik ezartzen haiek kudeatzeko.
Esparruaren erabilera ordenantza honetako xedapenen arabera eginen da, eta ondorio horietarako aplikagarria den gainerako araudiaren arabera ere. Erabiltzaileek horiek guztiak errespetatu beharko dituzte.
Esparruak barne ditu taberna bat, pilotaleku bat, padel pista bat eta igerileku eremu bat, eta baita instalazio erantsiak ere, hala nola komunak, berogailua eta argia.
24. artikulua.
Kirol-instalazioak, kudeatzeko modua edozein dela ere, herritar guztiek erabil ditzakete, banaka edo taldeka, eta legeetan edo erregelamendu honetan ezarritako mugak baino ez dituzte izanen.
Ondorioz, pertsona fisikoek zein juridikoek erabiltzen ahal dituzte.
Hala ere, honako hauek baldintzatuko dute kirol-instalazioetarako sarbidea: instalazio bakoitzaren edukiera, egoeraren arabera ezar daitezkeen edukiera mugak eta, hala dagokionean, kasuan kasuko kirol-jarduera edo instalaziorako ezarritako indarreko prezio publikoak ordaintzea.
Era berean, publikoaren asistentzia ekartzen duten jarduera eta ikuskizunei dagokienez, kasuan kasu aplikatu beharreko araudiak baldintzatuko du instalazioetarako sarbidea, erregelamendu honetako lehentasun-ordenaren arabera.
25. artikulua.
Sartagudako kiroldegi esparruko erabiltzailetzat joko dira kiroldegia erregulartasunez nahiz puntualki erabiltzen dutenak.
Aldizkako zenbait kontrol eginez erabiltzen ahalko da instalazioa, betiere bermatzeko bai erabiltzaileen segurtasuna bai instalazioa egoki mantentzen dela.
Horrez gain, Udalak eta bertze zenbait elkarte, fundazio eta bertzelako entitate publiko zein pribatuk ere instalazioak erabili ahal izanen dituzte jarduerak egiteko, puntualki zein aldian behin eta jarraian.
Udalak edo aurreko paragrafoan aipatutako bertze edozein entitatek sustatu duen jarduera bat herritar batek eskatu duen erreserbarekin bat etorriko balitz, lehenengoari emanen zaio lehentasuna.
26. artikulua.
Erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:
a) Instalazio osoa baliatzea, ezarritako erabilera arauen arabera.
b) Zerbitzu guztiak erabiltzea, eremu bakoitzerako ezarritako ordutegietan, eta, hala badagokio, Udalak baimendutako baldintzetan.
c) Erabiltzeko baldintza egokietan aurkitzea instalazioak, altzariak eta kirol materiala.
d) Egokitzat jotzen diren kexak, iradokizunak edo erreklamazioak aurkeztea.
27. artikulua.
Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
a) Instalazioak, materiala eta altzariak behar bezala erabiltzea, instalazioetan edo bertze erabiltzaileen osasunean eta eskubideetan kalte edo narriadurarik ez eragiteko.
b) Gainerako erabiltzaileak behar bezala errespetatzea, eta udal langileen jarraibideak beti betetzea, haien zeregina esparruan eta horko instalazioetan egiten den jarduera oro gainbegiratzea baita.
c) Instalaziora sartzea kasuko jarduera egiteko beharrezkoak diren kirol jantzi guztiak soinean dituztela.
II. KAPITULUA.–IGERILEKUAK
28. artikulua.
Udal igerilekuetako instalazioak erabiltzeko ordutegia 11:00etatik 20:45era artekoa izanen da.
Pertsona guztiak abonamendu txartel edo sarrerarekin sartu beharko dira instalazioetan. Instalazioen arduradunak edozein momentutan eskatzen ahalko ditu horiek.
29. artikulua.
Esparruaren erreserba Udalean eta nahikoa aurrerapenarekin egin duten pertsonak bakarrik sartzen ahalko dira kiroldegiko esparrura eta padel pistetara.
30. artikulua.
I. kapituluan aurreikusitako betebehar orokorrak gorabehera, erabiltzaileek betebehar espezifiko hauek izanen dituzte igerilekua behar bezala mantentzeko:
a) Nahitaezkoa da bainatu aurretik horretarako gaitu den dutxa erabiltzea.
b) Bainatzeko eremura dutxetatik sartzea.
c) Debeku da soropilera tabernako mahaiak, aulkiak, baxera eta edalontziak eramatea. Kartoi konpostagarriz egindako jateko tresnak bakarrik erabiltzen ahal dira.
d) Debeku da esparrura animaliekin sartzea.
e) Debeku da soropilean erretzea eta janaria, hondakinak eta bilgarriak lurrera botatzea.
f) Palastako igerilekua 0 eta 6 urte bitarteko haurrek bakarrik erabiltzen ahalko dute.
g) Zortzi urtetik beherako haurrak heldu batekin egon beharko dira jolasteko igerilekuan eta, oro har, igerilekuak erabili ahal izateko. Zortzi urtetik beherako haurrak heldu arduradun baten zaintzapean egonen dira momentu oro, hori behar bezala adierazita egonen delarik.
h) Langile arduradunen jarraibideak errespetatuko dira momentu oro.
i) Debeku da igerilekuetan koltxonetak, txankletak eta objektu puntadunak sartzea.
j) Debeku da haurtxoen orga edo aulkitxoekin ibiltzea igerilekuetako hondartza eremuetan.
k) Igerilekuetako eta hondartza eremuetako gorozkiak garbitzearen arduradunak eragilearen tutoreak izanen dira.
l) Hau da igerileku bakoitzaren gehieneko edukiera:
–Jolasteko igerilekua = 156 lagun.
–Palastako igerilekua = 27 lagun.
–Irakasteko igerilekua = 63 lagun.
m) Ezin dira betaurreko eta kristalezko objektuak erabili igerilekuetako hondartza eremuan, baina igerileku barruan betaurreko graduatuak eta lentillak erabiltzeko baimena izanen dute ikusmen arazoen ondorioz halakorik behar dutenek.
Arau hauetako bat lehenengo aldiz haustean, ohartarazpen bat jasoko da. Era berean, bigarren arau hausteak abonamendua aldi baterako kentzea edo denboraldi osoan instalazioetara sartzeko debekua ekarriko du, arau haustearen larritasunaren arabera.
31. artikulua.
Uda garaian bakarrik sartzen ahalko da bainatzeko esparrura, horren barne direla udako denboraldiko hiru hilabeteak. Hala ere, epe hori arrazoi tekniko edo administratiboak direla eta murrizten ahalko da. Sartzeko, eguneko sarrera edo hamabortzaldiko, hileko edo denboraldiko abonamendua baliatzen ahalko da.
Eguneko sarrera esparruko txarteldegian bertan erosiko da, II. eranskinean adierazitako prezioan.
Abonamenduak Udalaren aplikazioaren bidez, Udalaren webgunean eta igerilekuetako txarteldegian bertan lortzen ahalko dira. Inguruabar pertsonalekin lotutako abonamenduen kasuan (langabezia, desgaitasuna), egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Egiaztagiriak behar bezala entregatzen ez badira, hamar eguneko epea emanen da haiek zuzentzeko. Epe hori bukatuta, abonamendua banakako abonamendu arrunt bihurtuko da.
III. KAPITULUA.–PILOTALEKUA
32. artikulua.
Pilotalekuaren ordutegia 08:00etatik 22:00etara izanen da.
33. artikulua.
Udal pilotalekua mota horretako instalazioetan egin ohi diren kiroletarako erabiliko da, hala nola esku pilota, frontenisa, etab.
Hala ere, Udalak herritarren zein udal interesekoak diren bertze kirol, kultura eta gizarte jarduera batzuk pilotalekuan egiteko baimena ematen ahalko du.
34. artikulua.
Instalazio horiek ahalik eta hobekien mantentze aldera, 2. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak gorabehera, jarraibide espezifiko hauek ere ezarriko dira, esparruko erabiltzaileendako derrigorrezkoak izanen direnak:
a) Instalazioak ahalik eta hobekien zaintzeko, kiroldegia erabiltzen duen orok material eta oinetako egokiak erabili beharko ditu gauzatzen den zeinahi modalitatetan aritzeko.
b) Debeku da animaliak sartzea eta instalazioak kaltetzen ahal dituzten jarduerak egitea (bizikletak, gurpil oholak, ibilgailu motordunak eta kidekoak).
c) Debeku da orotariko elikagaiak jatea, pipitak barne.
d) Debeku da uraz edo kirolerako edari isotonikoez bertzelako edaririk edatea.
e) Ikusleak publikoarendako jarritako harmailetan eseri beharko dira. Debeku da harmailetan jatea eta uraz bertzelako edaririk edatea.
f) Pilotalekura sartzen ahalko da zamalanetako ibilgailuekin, baldin eta Udalak aldez aurretik horretarako berariazko baimena eman badu eta adierazitako tokietan bakarrik.
g) Piztutako argiak itzaltzea eskatzailearen betebeharra izanen da, bai pilotalekukoak zein komunetakoak ere. Halaber, esparruko atea itxita utzi beharko du eskatzaileak.
35. artikulua.
Pilotalekua erreserbatzeko, interesduna udal bulegoekin harremanetan jarri beharko da, ordu librerik baden jakiteko. Izatekotan, ordaindu beharreko zenbatekoa adieraziko zaio eta erreserba eskatu duen pertsonak udal bulegoetan jasotzen ahalko du alokairuaren frogagiria, edo ordainagiria entregatzen ahalko dio pilotalekua irekitzeaz arduratzen den pertsonari, instalazioak ireki aurretik.
Hamasei urtetik gorakoek bakarrik erabiltzen ahalko dituzte instalazioak, baina adingabeak izatekotan, adinez nagusia den pertsona batek egin beharko du erreserba, eta eskatzaile hori izanen da ezarritako betebeharrak betetzearen eta esparrua behar bezala mantentzearen arduraduna. Horren barne egonen dira esparruaren erabilera okerraren ondorioz eragindako kalteen konponketa egokiak.
Erreserba bertzerenezina izanen da, eta ez da hirugarrenen izenean egiten ahalko norberaren onurarako.
2025ean zehar, padel pistetarako erabiltzen den erreserba sistema bera ezarriko da, hau da, horretarako garatutako aplikazioaren bidezkoa.
IV. KAPITULUA.–PADELA
36. artikulua.
Padel pisten ordutegia pilotalekurako ezarritako bera izanen da, 08:00etatik 22:00etara.
Pista horretarako berariaz garatu den aplikazioaren bidez eginen dira erreserbak.
Erreserba deuseztatu nahi izanez gero, gutxienez ere 48 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio Udalari. Jakinarazpena jaiegunak ez diren Sartagudako Udalaren lanorduetan egin beharko da (10:00etatik 14:00etara), udal bulegoetako telefonoan edo helbide elektronikoan.
Pistaren erreserba deuseztatzeko aurreabisu hori errespetatzen ez bada, ohartarazpen bat eginen da, eta, bigarren aldiz egiten bada, aurrerantzean erreserbak egiteko aukera ukatzen ahalko da.
37. artikulua.
Sartagudako Udalak ikastaro eta lantegiak antolatzen baditu, pista ez da data horietarako erreserbatzen ahalko. Data horiek behar bezala jakinaraziko dira, dagokien momentuan, kartelen bidez eta udalaren sare sozialen bidez.
38. artikulua.
Jokoa hasteko ezarritako ordutik hamabortz minutu igaro ondoren erreserba egin duten jokalarietako bikote bat behintzat agertu ez bada, pista libre dagoela ulertuko da.
39. artikulua.
Instalazioak behar ez bezala erabiltzen dituzten erabiltzaileei padel pistak erabiltzeko debekua ezarriko zaie hilabete batez, eta eragindako kalteak beren kargura izanen dira. Horrelako jarrera errepikatzen dutenendako zehapena izanen da gutxienez sei hilabetez padel pistarik erabili ezin izatea.
40. artikulua.
Erreserben bukaerako ordutegiak ahalik eta modu zorrotzenean errespetatuko dira, ondoren datozen jokalarien jokoa atzeratzea saihesteko. Ondorioz, erreserba bukatzean pista libre uzten ez bada, bidegabeko okupaziotzat hartuko da (erreserbarik gabe) eta erabilera okerra izanen da, aurreko artikuluan adierazitako ondorioa ekarriko duena.
41. artikulua.
Pista behar bezala erabiltzeko, betebehar espezifiko hauek ezarri dira:
a) Nahitaezkoa izanen da kirol arropa eta oinetako egokiak erabiltzea, padel erraketekin batera, eta ez da bertzelako materialik erabiltzen ahalko, hala nola tenis erraketak, bertzelako pilotak edo baloiak.
b) Debeku da pisten esparru barruan erretzea eta edozein motatako objektu edo janari hondakinak lurrera botatzea.
c) Jokalariak bakarrik egonen dira pistan. Erreserba ordu bakoitzean, lau jokalari egonen dira gehienez, trebakuntza ikastaroetan izan ezik. Kasu horietan, monitoreak erabakiko du parte hartzaile kopurua.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Azken xedapen bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
I. ERANSKINA.–KULTUR ETXEA
(2025/2026 ikasturtearen hasietarik aurrera aplikatzekoa)
KULTUR ETXEKO INSTALAZIOEN ERABILERAK | PREZIOAK |
1. kategoria: Udalak eta kasu bakoitzean zehaztuko diren bertze entitate publiko batzuek, beren baliabideak erabilita, sustatu, antolatu edo koordinatzen dituzten jarduerak. Lehentasuna dute eskaera egitean eta gelaren esleipenean. | Tasarik gabe. |
2. kategoria: Irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeek sustaturiko kultura, kirol eta ongintzako jarduerak, egoitza soziala Sartagudan badute, legez eratutakoak badira eta Elkarteen Udal Erregistroan izena eman badute. | Tasarik gabe. |
3. kategoria: Sindikatu, kooperatiba, auzo elkarte, gremioetako elkarte, eta antzeko bertze entitateek, betiere irabazi asmorik gabekoak eta ez gizarte arlokoak, beraien taldeko interesak sustatu eta defendatzeko jarduerak egiteagatik. | 2 euro orduko. |
4. kategoria: Irabazi asmoa duten entitate edo pertsona pribatuek antolatu edo gauzatutako jarduera puntualak. | 5 euro orduko. |
5. kategoria: Irabazi asmoa duten pertsona eta partikularrek antolatutako ikastaro jarraituak egiteko erabilera. | 60 euro hilean astean 2 ordu baino gehiagoko eta gehienez 4 ordu arteko ikastaroetarako. |
30 euro hilean astean 2 ordura iristen ez diren ikastaroetarako. | |
Kultur Etxeko entzunaretoa lagatzea antzezlanak egiteko, "txarteldegian sarrerak salduta"; 50 euroko fidantza ordaindu beharko da kontuan hartu gabe laguntza teknikoaren, aretoko langileen, garbitzaileen, txarteldegikoen eta abarren gastuak. | 100 euro okupatzen den egun bakoitzeko. |
II. ERANSKINA.–IGERILEKUAK
EGUNEKO BANAKAKO SARRERA | 10 euro eguneko |
ABONAMENDU MOTA (abonamendua eskuratzeko datan) | DENBORALDIA | HILEKOA | HAMABORTZALDIKOA |
HAURRA, INDIBIDUALA (4-9 urte). | 45 euro. | 20 euro. | 15 euro. |
GAZTEA, INDIBIDUALA (10-16 urte). | 60 euro. | 30 euro. | 20 euro. |
HELDUA, INDIBIDUALA (17 urte edo gehiago). | 65 euro. | 40 euro. | 30 euro. |
FAMILIA-UNITATEA ABONAMENDUA DUTEN 2 KIDEREKIN (16 urtera arteko seme-alabak barne). | 100 euro. | 45 euro. | 30 euro. |
FAMILIA-UNITATEA ABONAMENDUA DUTEN 3 KIDEREKIN (16 urtera arteko seme-alabak barne). | 130 euro. | 65 euro. | 40 euro. |
FAMILIA-UNITATEA ABONAMENDUA DUTEN 4 KIDEREKIN (16 urtera arteko seme-alabak barne). | 150 euro. | 70 euro. | 45 euro. |
ERRETIRATUAK, PENTSIODUNAK ETA LANGABEAK. | 35 euro. | 20 euro. | 15 euro. |
BIKOTE EZKONDU ERRETIRATUAK, PENTSIODUNAK ETA LANGABEAK. | 55 euro. | 30 euro. | 20 euro. |
BANAKAKOA, %65EKO EDO HORTIK GORAKO DESGAITASUNA DUEN PERTSONA ETA 4 URTETIK BEHERAKOAK. | Dohainik. | Dohainik. | Dohainik. |
III. ERANSKINA.–PILOTALEKUA
EGUNEKO SARRERA | 6 euro orduko |
IV. ERANSKINA.–PADELA
EGUNEKO SARRERA | 4 euro orduko |
Iragarkiaren kodea: L2510492
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
