169. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EULZKO KONTZEJUA

Eulzko Kontzejuko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Eulzko Kontzejuak, 2025eko maiatzaren 14ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eulzko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia argitaratu zen 2025eko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 13an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta jarraian ematen da haren testua.

Eultzen, 2025eko uztailaren 24an.–Lehendakaria Adrián Azkona Crespo.

ORDENANTZA, EULZKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, Eulzko kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administraziorako, xedapen-egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxa ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira bertzerenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duena; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bertzela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuko arauak, deusetan ukatu gabe xedaturik dagoena Nafarroako Foru Araubidea Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan, 40. artikuluaren hirugarren apartatuan.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN-EGINTZAK

6. artikulua. Eulzko Kontzejuari dagokio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan ezartzen den moduan.

Herri-ondasunen arloan Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

7. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publiko edo soziala, eta hori baino lehenago, Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondotik bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Eulzko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa. Itzultzea eginen da hasierako prezioari aplikatuta diruaren balioak adjudikazioaren ondoko urteetan izan duen gehikuntza.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATZEA ETA BERRESKURATZEA

8. artikulua. Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dieten bestelako ekintzei.

9. artikulua. Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Behar denean, akzio zibilak egikarituko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

10. artikulua. Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Kontzejuak.

11. artikulua. Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko eta berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

12. artikulua. Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du beti, azkendu daitezen herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak (baimen, emakida edo bertze zernahiren kariaz sortutakoak eta ekarritakoak), eta horretarako ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

13. artikulua. Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta ebatziko ditu horiek betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, galarazi gabe kontratisten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

14. artikulua. Kontzejuak ez dituenean behar diren akzioak egikaritzen herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarren ekimena, zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

15. artikulua. Debeku da herri-lurretan eraikuntza mota oro egitea, edo ordenantza hau indarrean jarri aurretik zeuden eraikuntzetan mantentze-lanak egitea, Eulzko Kontzejuaren nahitaezko baimena izan gabe, eta dagokion obra-lizentzia ordaindu gabe.

IV. TITULUA.–HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

16. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurretako bertze aprobetxamendu batzuk.

17. artikulua. Kontzejua herri-lurrak hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

18. artikulua. Orokorrean, Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Eulzko biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urtebete lehenagotik.

c) Eultzen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Kontzeju honekin eta Allingo Udalarekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau interpretatzean sortzen diren zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Kontzeju Batzarrak, idazkariak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

LEHENENGO ATALA.–OHAR OROKORRAK

19. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak honako modu hauetan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrendako lehentasunezko adjudikazioaren bidez.

b) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

c) Kontzejuak zuzenean ustiatzea edo enkante publikoaren bidez adjudikatzea.

20. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den bertze era batez ustiatu. Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

21. artikulua. Laborantzako herri-lurrak zuzen landu eta aprobetxatu beharko dituzte onuradunek.

Ondorio horietarako, Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe, herri-lurrak ezin izanen dira erabili bertze labore edo aprobetxamendu batzuetarako.

Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako irabaziak.

22. artikulua. Esleipen-epea amaitzean onuradunek lastoa jasota eduki behar dute.

23. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.

24. artikulua. Eulzko Kontzejuak laborantzarako herri-lurzati gisa ditu katastroan lehorreko alorreko lur gisa sailkatuta daudenak.

Kontzejuak beretzat gordeko ditu Allingo 3. poligonoko 367. lurzatia, onuradun berrien premiei erantzuteko; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 154. artikuluan. Gainerako lurzatiak egun dauden familia-unitateen artean banatuko ditu, lehentasunezko adjudikazioa egin eta gero.

Gordetako alorrak landu gabe gelditu ez daitezen, Kontzejuak lur horiek adjudikatuko ditu, behin-behinekoz, herritarrendako zuzeneko adjudikaziorako ezarri diren baldintza beretan.

Adjudikazio prozedura independentea izanen da. Hala ere, lehentasuna izanen dute herritarren arteko bertze aprobetxamendu batzuk eskatu ez dituzten herritarrek edo, horiek eskatu arren, eskari gehiegi izateagatik lurzatirik lortu ez dutenek.

Artikulu honek arautzen duen kasuan, adjudikazio-hartzaileak beharturik egonen dira loteak erabilgarri uztera, baldin eta Kontzejuak behar baditu, errenta maila txikiagoko onuradun berriei adjudikatzeko.

BIGARREN ATALA.–HERRITARRENDAKO LEHENTASUNEZKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK

25. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek 18. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.

Familia-unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, lurrak errentan edo bertze tituluren baten bidez edukitzea, toki mailako zergak ordaindu behar dituzten ondasunen gaineko kapital zergapegarria (norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta), jardueretan aritzeagatik toki erakundeak ezartzen duen zerga oinarria, eta gisako izaera duen bertze edozein.

26. artikulua. Aprobetxamendu mota hau aplikatzeko, Kontzejuak azalera baten lote tipoa finkatuko du, aukera emanen lukeena lanbide arteko gutxieneko soldataren erdiaren bertzeko diru-sarrera garbiak sortzeko.

27. artikulua. Kalkulatzeko zer lote emanen zaizkien aprobetxamendu mota honetako onuradunei (familia-unitateko kideen kopuruaren arabera eman ere), honako koefiziente hauek aplikatuko zaizkio lote tipoari:

a) 3 kide arte: 1 koefizientea.

b) 4 kidetik 6ra bitarte: 2 koefizientea.

c) 7 kidetik 9ra bitarte: 3 koefizientea.

d) 9 kide baino gehiago: 4 koefizientea.

28. artikulua. Gerta daiteke familia-unitate kopuru handi batek betetzea aprobetxamendu-modalitate honetarako ezarritako baldintzak, eta, horren eraginez, arazo sozialak sortzea. Horrelakoetan, Kontzejuak murriztu ahal izanen ditu, proportzionalki eta justifikatuta murriztu ere, aurreko hiru artikuluetan adierazitako faktoreak, Nafarroako Gobernuak aldez aurretik baimena ematen badu, baina ezin izanen ditu handitu.

29. artikulua. Erabiltzeko edo aprobetxatzeko epea ez da izanen zortzi urtetik beherakoa, ez eta laborearen bizitza baino handiagoa ere, baldin lurra urte anitzeko aprobetxamenduetarako erabiltzen bada.

Eulzko Kontzejuak zehaztuko du kasu bakoitzari dagokion erabilera edo aprobetxamendu epea.

30. artikulua. Udalak finkatuko du zer kanon ordaindu behar duten aprobetxamendu mota horretako herri-lurzatien onuradunek. Haren zenbatekoa ez da izanen zonaldean antzeko ezaugarriak dituzten lurretarako errentamendu-prezioen ehuneko berrogeita hamar baino handiagoa, eta estali beharko ditu, gutxienez ere, Kontzejuari eragindako kostuak.

31. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den bertze era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza batzuen artean egitea ere hartuko da zuzeneko laborantza pertsonaltzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 18. artikuluan adierazitako baldintzak.

32. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, eta lan horien ezaugarriak izanen dira ordenantza honen 18. artikuluan jasotzen direnak, eta ezin izanen dute hartu soldatapekorik, non ez duten horretara behartzen sasoien edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko baldin, Kontzeju honen iritziz, soldatapekoak hartzen badira laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun batengatik edo aldi baterako bertze arrazoi batengatik. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Eulzko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurren zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 34. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

33. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez.

Eulzko Kontzejuak adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie lurzatien onuradunei, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo bertzeren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

34. artikulua. Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kendu eginen zaizkie, adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Kontzejuaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

35. artikulua. Eulzko Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan, erabakiko da norberak ez duela lurra zuzenean lantzen:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Nekazaritzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, aitortu beharra izanik.

c) Adjudikatutako herri-lurzatiak ez sartzea familia-unitateko kideen nekazaritzako politika bateratuaren laguntzen aitorpenean –edo hura ordezten duen aitorpenean, kasua bada–, horrek ondorioak baldin baditu ustiategien erregistroari dagokionez.

d) Esleitutako lurzatietan landu daitezkeen azalera guztien %100 lantzen ez dutenak. Baldintza honetatik salbu egonen dira, nekazaritzako politika bateratuaren edo kontzejuaren baimenaren arabera, larre egon beharko duten lurzatiak. Halakoetan adjudikaziodunak kanona osorik ordaindu beharko du nolanahi ere.

e) Laborantzako lurrak jabetzan izanik, horiek errentan ematea hirugarren batzuei.

f) Egiaztapenak egiteko Kontzejuak hala eskatu arren, ez aurkeztea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko aitorpena edo nekazaritzako politika bateratuko laguntzena, edo ustiategien erregistroko ziurtagiria.

g) Honako alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu (adjudikaziodunek berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak) eta agindu epean ez aurkeztea: lur-lantzeak egin izana, lehengaiak erosi izana eta produktuak saldu izana.

Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahal dira, baina adjudikaziodunak berak egin beharko ditu ereintza eta gainerako lanak. Zuzenean ereiten diren belarrak edo bazkak ereiteko, ereitea kontratatu ahal izanen da, ez bada makina egokirik.

b) Laboreak: onartuko da kontratatu dadila herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

36. artikulua. Eulzko Kontzejuko Batzarrak erabakia hartu ondoren hasiko da adjudikazio prozedura. Errentari izateko eskubidea dutela uste dutenek 20 egun balioduneko epea dute herri-lurzatien adjudikazioak eskatzeko, iragarkia Kontzejuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.

37. artikulua. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Erroldaren ziurtagiria, antzinatasuna zehaztuta.

b) Kontzeju honekiko eta Allingo Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatearen ziurtagiria.

c) Bizikidetza ziurtagiria, familia-unitatea zer kidek osatzen duten zehaztuta.

d) Ezintasun fisiko edo mentalen bat duten familia-unitateko kideen minusbaliotasun ziurtagiria.

e) Aurreko urteko errenta aitorpenaren kopia.

Kontzejuko Batzarrak dokumentazio osagarria exijitu dezake, horretarako baimena baitu, baldin beharrezkoa dela jotzen badu interesdunak aitortutako informazioa egiaztatzeko.

38. artikulua. Epe barruan aurkeztutako eskabideak ikusita, Kontzejuko Batzarrak behin-behinean onetsiko du aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda, eta jendaurrean jarriko da Kontzejuaren iragarki-taulan, hamabortz egun balioduneko epean, interesdunek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten. Epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da.

39. artikulua. Alegazioak aurkezten badira eta izan litezkeen akatsak zuzentzen badira, Kontzejuak bidezkoa dena ebatziko du, onetsiko du kasuan kasuko herri-lurzatien aprobetxamendua errentan hartuko duten bizilagunen behin betiko zerrenda, eta iragarki-taulan argitaratuko du.

40. artikulua. Behin lurzatiak adjudikatzeko prozedura amaituta, onuradunen zerrenda laburtua argitaratuko da Kontzejuaren iragarki-taulan, aipatuko direlarik nekazaritza-labore bidez aprobetxa dezaten errentamenduan adjudikatu zaizkien lurzatien edo loteen erreferentziak. Hori horrela izanik ere, adjudikaziodunei banan banaka jakinaraziko zaie.

HIRUGARREN ATALA.–HERRITARRENDAKO ZUZENEKO ADJUDIKAZIOKO APROBETXAMENDUAK

41. artikulua. Laborantzako lurrik sobera egonez gero, Kontzejuak, bigarren atalean ezarritako prozedura aplikatu ondoren, zuzenean adjudikatuko dizkie 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten herritarrei.

42. artikulua. Kontzejuak honako alderdi hauek zehaztuko ditu, unean-unean erabilgarri dauden lurren arabera: adjudikatuko diren laborantza-lurren azalera, loteka banatuta; errentariek Kontzejuaren Diruzaintzan ordaindu beharreko urteko kanona; eta errentamendurako eta aprobetxamendurako gainerako baldintzak.

43. artikulua. Ureztalurreko herri-lurzatietan, errentamenduaren urteko kanona ordaintzeaz gain, aprobetxamenduaren adjudikazioduna behartuta dago ureztatzearen urteko kanona ordaintzera, eta errentan hartutako lurzatia ezin izanen du utzi adjudikazioaren zortzi urteetan, salbu behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuan, eta Kontzejuak libreki onartzen badu.

44. artikulua. Esleipenaren epea 29. artikuluan adierazitako berbera da. Zozketa bidez adjudikatuko dira loteak.

45. artikulua. Errentamendu-mota honetako herri-lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa ezin da izan eremu horretan antzeko ezaugarriak dituzten lurretarako ezarritako errentamendu-prezioaren ehuneko laurogeita hamar baino txikiagoa.

Zenbateko horiek kanonari dagozkio, eta urtero proposatuko da kanona, aurreko urteko Nafarroako kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratuz (goiti egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; beheiti egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

46. artikulua. Adjudikaziodunak zuzeneko laborantza pertsonala eginen du; horretarako, bete beharko da 31., 32., 33. eta 34. artikuluetan xedatutakoa.

47. artikulua. Kontzejuak Allingo 3. poligonoko 367. lurzatia gordeko du onuradun berriei adjudikatzeko.

48. artikulua. Eulzko Kontzejuko Batzarrak erabakia hartu ondoren hasiko da adjudikazio prozedura. Errentari izateko eskubidea dutela uste dutenek 20 egun balioduneko epea dute herri-lurzatien adjudikazioak eskatzeko, iragarkia Kontzejuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.

49. artikulua. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Erroldaren ziurtagiria, antzinatasuna zehaztuta.

b) Kontzeju honekiko eta Allingo Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatearen ziurtagiria.

Kontzejuko Batzarrak dokumentazio osagarria exijitu dezake, horretarako baimena baitu, baldin beharrezkoa dela jotzen badu interesdunak aitortutako informazioa egiaztatzeko.

50. artikulua. Epe barruan aurkeztutako eskabideak ikusita, Kontzejuko Batzarrak behin-behinean onetsiko du aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda, eta jendaurrean jarriko da Kontzejuaren iragarki-taulan, hamabortz egun balioduneko epean, interesdunek egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten. Epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da.

51. artikulua. Alegazioak aurkezten badira eta izan litezkeen akatsak zuzentzen badira, Kontzejuak bidezkoa dena ebatziko du, onetsiko du kasuan kasuko herri-lurzatien aprobetxamendua errentan hartuko duten bizilagunen behin betiko zerrenda, eta iragarki-taulan argitaratuko du.

Behin lurzatiak adjudikatzeko prozedura amaituta, onuradunen zerrenda laburtua argitaratuko da Kontzejuaren iragarki-taulan, aipatuko direlarik nekazaritza-labore bidez aprobetxa dezaten errentamenduan adjudikatu zaizkien lurzatien edo loteen erreferentziak. Hori horrela izanik ere, adjudikaziodunei banan banaka jakinaraziko zaie.

LAUGARREN ATALA.–KONTZEJUAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO HERRITARREN ARTEKO ENKANTE PUBLIKOA

52. artikulua. Eulzko Kontzejuak, laborantzako soberako lurrik egonez gero, hirugarren atalean ezarritako prozedura aplikatu ondoren, tokiko ohituraren arabera, enkante publikoa eginen du hemezortzi urte beteta dituzten eta 18. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten herritarren artean, soberako lurzatien aprobetxamendua adjudikatzeko, lurzatien aprobetxamendu-aldia bukatu arte, ordenantza honetan ezarritako baldintzetan.

Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, jarraituko zaio 30., 31., 32., 33. eta 34. artikuluetan xedatuari.

Kontzejuak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa, eta hura izanen da inguruko gisako lurrak errentan emateko prezioaren antzekoa. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra sobera gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

LEHENENGO ATALA.–OHAR OROKORRAK

53. artikulua. Eulzko Kontzejuaren herri-larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, eta unitate horren barnean sartzen dira Kontzejuaren titulartasuneko herri-lur guztiak.

54. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua ondoko modalitate eta lehentasunen arabera eginen da:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa.

55. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena. Horri dagokionez, Eulzko Kontzejuak iritziko dio ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, baldin eta familia-unitateen titular diren herritarrek beren azienda kentzen badute Nafarroako Gobernuko Azienden Erroldaren Erregistrotik.

56. artikulua. Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak egiaztatu beharko du betetzen dituela Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduak.

57. artikulua. Debeku da zerri-azienda larrean bazkatzea. Debeku da, orobat, ahuntz-azienda larratzea zuhaitzak edo zuhaixkak dauden eremuetan.

58. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da, edozein dela ere azienda mota. Epe hori bukatutakoan, bertze adjudikazio bat eginen da, legearen eta ordenantza honen arabera.

59. artikulua. Eulzko Kontzejuak zehaztuko du herri-larre bakoitzak jasan dezakeen azienda-karga.

Horretarako, kontuan hartuko da azienda larriko unitateen baliokidetasun taula (AzLU), martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren, hain zuzen, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak. Ingurunea hondatzen ari dela ikusiz gero, abeltzaintzako karga horiek berrikusten ahalko dira.

60. artikulua. Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, egokitu dadin bizitzaren kostuak izaten duen igoerara, jarraikiz erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeei.

Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.

61. artikulua. Eulzko Kontzejuak 4. poligonoko 443 B lurzatia erreserbatzen ahalko du, onuradun berririk balego ere.

62. artikulua. Eulzko Kontzejuaren eskortan edo eskortetan eta itxituretan azienda sartzeko eskubidea izanen du adjudikaziodunak. Hala ere, larreen adjudikazioak ez du eskubiderik ematen eskortaz gozatzeko eta ez du Eulzko Kontzejua behartzen horiek eraikitzera edo mantentzera. Dauden eskortetako bat eraitsi beharra badago, ez da sortuko adjudikaziodunarendako inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik. Eulzko Kontzejua edozein erantzukizunetatik salbuetsirik geratuko da, adjudikaziodunek udal eskortei ematen dioten erabilera dela eta.

63. artikulua. Adjudikazioduna behartua dago eskorta eta instalazioak konpontzera eta mantentze-lanak egitera, errentamenduak iraun bitartean.

Ganadua ixteak edo simaurra ateratzeak eragindako kalteen erantzule izanen da, eta bere kontura eta kargura konpondu beharko ditu.

Eskortak eta instalazioak gaizki erabiltzen direnean, adjudikaziodunaren bizkar izanen dira horren ondoriozko hondaketak, eta konpondu beharko ditu Eulzko Kontzejuak adierazten dituen epeetan.

Orobat, adjudikaziodunak berak kendu beharko ditu egindako eskortak eta estalpeak, paratutako oholesiak, langak eta gainerakoak, errentaldian jarri dituenak aziendak hobeki egon beharrez.

Hori ez betetzeak ekarriko du Eulzko Kontzejuak subsidiarioki ekitea, adjudikaziodunaren kontura.

64. artikulua. Abereek eskortetan sortzen duten simaurra adjudikaziodunaren jabetzakoa izanen da, eta hartaz libreki gozatu ahal izanen du; gainera, aprobetxamendu-epea amaitu baino lehen atera beharko du.

65. artikulua. Eskortak eta ingurunea egoera onean mantendu behar dira, higiene eta osasun aldetik nola segurtasun aldetik. Adjudikaziodunak bere bizkar desinfektatu, zuritu eta garbituko ditu eskortak edo artegiak, bereziki, aprobetxamenduaren epea bukatzean.

BIGARREN ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

66. artikulua. Toki-korporazioaren erabakiaren bidez, aurretik erabakia hartuta, epe bat jarriko da nahi dutenek larreen zuzeneko adjudikazioa eska dezaten, aurretik iragarkia jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontzejuaren iragarki-taulan.

Eskabideekin batera, aurkeztu beharko dira ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.

67. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Kontzejuak larreak adjudikatuko ditu behin-behinean, honako inguruabar hauek kontuan harturik:

–Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

–Larreak adjudikatuko dira lurzati bakoitzak jasan dezakeen azienda-kargaren arabera.

–Larre bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, abelburuek, guztira, azienda-karga gainditzen ez badute. Halakoetan, kanona abelburuko ezarriko da.

68. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, iragarkia jarriko da iragarki-taulan, eta epe bat emanen da alegazioak eta/edo erreklamazioak aurkezteko.

Epe hori iragandakoan, Kontzejuak, osoko bilkuran, aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

HIRUGARREN ATALA.–ENKANTE PUBLIKOAREN BIDEZ ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

69. artikulua. Herritarrendako zuzeneko aprobetxamenduak egin eta gero oraindik lurrik bada soberan, lur horiek enkante publikoan jarriko dira, jarraikiz Nafarroako Toki-entitateen Ondasunen Erregelamenduaren 156. artikuluan ezarritako prozedurari. Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Horretarako, Kontzejuak, osoko bilkuran, enkantea arautuko duen baldintza-agiria onetsiko du, aplikagarria den araudiari jarraikiz.

IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA

70. artikulua. Mendian aski izan, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei. Zozketa bidez adjudikatuko dira.

Halaber, aurreko paragrafoko beharrak estali ondotik, mendian aski izanez gero, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie Kontzejuko herrigunean jabetzan etxebizitza bat bederen, bizitzeko modukoa, duten familia-unitateei, nahiz eta ez bete ordenantza honen hemezortzigarren artikuluan ezarritako baldintzaren bat.

71. artikulua. Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

72. artikulua. Epaitzak kontzesioaren urtean eta zuzenean aprobetxatu beharko dituzte eskatzaileek, salbu behar bezala justifikatutako ezinbertzeko kasuan, eta Kontzejuak libreki onartzen badu, eta ezin izanen dira saldu.

73. artikulua. Aprobetxamendua amaitu ez duten aurreko urteko onuradunei ez zaie epaitzarik adjudikatuko; aitzitik, aurreko artikuluan ezarritako gozamen-aldia bertze urtebetez luzatuko da, eta ez da luzapen gehiagorik onartuko.

Luzapena amaitutakoan, onuradunek aprobetxamendua osatu ez badute, onuradunak galdu eginen du aprobetxamendua, eta epaitza bertze familia-unitate bati emanen zaio.

74. artikulua. Egurra banatzerakoan, Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta maila ekonomiko apalena duten familia-unitateei emanen die lehentasuna.

75. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Kontzejuak irizpide objektiboak erabiliko ditu.

76. artikulua. Kontzejuak urtero ezarriko du etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.

77. artikulua. Eskabide guziei erantzuteko epaitza aski ez bada, zozketa eginen da. Eskatu arren adjudikaziodun izan ez direnek, lehentasuna izanen dute hurrengo ekitaldian.

78. artikulua. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, bai eta zehapenak ordaintzera ere, halakorik ezartzea bidezkoa izanez gero.

V. KAPITULUA.–LUR-LAGAPENAREN BIDEZKO APROBETXAMENDUA, TELEKOMUNIKAZIO-INSTALAZIOAK JARTZEKO

79. artikulua. Duten kokapen geografiko eta orografikoa dela eta, herri-lurrak telekomunikazioetako operadoreei laga beharra dago, interes publikoko zerbitzua eman dezaten, horixe baitira telekomunikazioak. Halakoetan, herri-ondasunen onura zeharka jasotzen dute bizilagunek.

80. artikulua. Eulzko kontzeju-mugartean dauden telekomunikazio-azpiegiturak instalatu, aldatu edo eskuratu ahal izateko, lagapen-baimena eskatu beharko zaie Eulzko Kontzejuari eta Nafarroako Gobernuko herri-lurren atalari.

Eulzko kontzejuak, lagapenaren bideragarritasuna egiaztatu ondoren, baldintza-agiri bat eginen du Nafarroako Gobernuko Herri-lurren atalarekin batera, lagapena arautzeko eta desafektazioa ahalbidetzeko.

81. artikulua. Erabat debeku da lagapena azpierrentamenduan ematea (lurzorua, lurpea eta lurgaina), bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin eta Nafarroako Toki-entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuarekin. Salbuespen dira baldintza-agirian "Multioperadore" gisa jasotako instalazioak.

"Multioperadore" izendatutako instalazioetan, Oinarri-estazio Multioperadorean telekomunikazioetako operadorea instalatzeko lagapen partziala Eulzko Kontzejuaren osoko bilkurak eta Herri-lurren Atalak espresuki baimendu beharko du. Horretarako, lagapen-hartzaileak operadore berriaren telekomunikazio-zerbitzuen instalazioari eta jarduerari buruzko azterlan-proiektua aurkeztuko du Eulzko Kontzejuan. Bertan, aurreikusitako ezaugarri teknikoak eta emisioak zehaztuko dira (Multioperadore Oinarri-estazioan kokatutako gainerako operadoreen emisioekiko sinergia- eta metatze-eragina kontuan hartuta), bai eta telekomunikazio-operadorearen instalaziorako lagapen partzialaren baldintza ekonomikoak ere.

82. artikulua. Lagapen-hartzailearen betebeharra izanen da lurzatia ez erabiltzea telekomunikazio-zerbitzuak ematea ez den bertze helburu baterako; hori gertatuko balitz, lagapena berehala bertan behera uzteko bide emanen du.

Instalazioak mantentzeaz eta lagapenaren xede den lurzatia kontserbatzeaz arduratuko da. Halaber, beren aginduz telekomunikazio-azpiegitura horretara instalazio- eta/edo mantentze-lanetarako sartzen diren teknikarien jardueretaz arduratuko da.

Instalazioetan egindako jarduketen ondorioz sortzen diren kalteak lagapen-hartzailearen kontura izanen dira.

83. artikulua. Lagapen-hartzaileak neurriak hartu beharko ditu instalazioaren inpaktua gutxitzeko paisaiaren nahiz ingurumenaren gainean. Itxiturak ingurunera egokituko ditu, animaliak iragatea eragozten duten hesiak jarrita, eta, gainera haizea eta elurra jasateko modukoak. Orobat, bere jarduketen hondarrak kenduko ditu lagatako lurretatik.

Lagapen-hartzaileak paratu beharko du behar den aireko seinalizazioa, indarreko legediarekin bat.

84. artikulua. Kontzejuak eskubidea izanen du lurzatia noiznahi ikuskatzeko, lagapen-hartzaileak lagapenaren baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko.

85. artikulua. Lagapenaren kanona, lagatako metro koadroak aintzat harturik, ondoko taularen araberakoa izanen da.

"Multioperadorearen" kasuetan, Eulzko Kontzejuak hitzartutako kanona egokituko du, Multioperadore Oinarri-estazioan jarduera berriak instalatzen direnean. Kanonaren egokitzapen hori Nafarroako Gobernuko Herri-lurren atalak onetsi beharko du.

VI. KAPITULUA.–HARKAIZTIETAKO ETA HERRI-LURRETAKO JOSTETA ETA KIROL APROBETXAMENDUAK

86. artikulua. Kirol jarduera areagotu egin da harkaiztien inguruan, eta ezinezkoa izanen da bermatzea toki horiei lotutako fauna eta floraren habitat baliotsuak kontserbatuko direla, arauketa egokia egon ezean, josteta edo kirol erabilerak bateragarri egiteko balio naturalen kontserbazioarekin.

87. artikulua. Harkaiztietako kirol eta/edo josteta jardueren (aurrerantzean, HKJJ) gaineko arauketa hori aplikatuko da Eulzko kontzeju-mugartearen barneko harkaizti guztietan.

HKJJak dira honako hauen modalitate guztiak: eskalada, arroila-jaitsiera, via ferratak, boulder-a, slackline-a, highline-a, tirolinak, parapentea; bai eta alde horietako ingurumena uki dezaketen jostetaren edo kirolaren arloko bertze jarduera oro ere.

Harkaizti horietarako arauketa aldatzen ahalko da urte batetik bertzera, kontuan hartuz espezie mehatxatuak eta/edo katalogatuak dauden ala ez. Komeni da urtero kontsultatzea (urtearen hasierako hilabeteetan) horiek badauden ala ez, Nafarroako Gobernuan arlo horretako eskumena duen departamentuaren web-orrian, espezie babestu eta katalogatuen jarraipena egiteko ardura baitu. Halako jarduerak egiteko debekuak izaten ahalko dira aldi baterakoak edo behin betikoak.

88. artikulua. Edozein harkaizti HKJJekin lotutako ekipamendu-materialarekin ekipatzeko edo berriz ekipatzeko, Eulzko Kontzejuari eskatu beharko zaio baimena, lur publikoa zein pribatua izan, bai eta Nafarroako Gobernuan ingurumeneko eskumena duen departamentuari ere.

89. artikulua. Berriz ekipatu ahalko dira soilik egun dauden 13 eskaladako bideak, Arrunbiako Haitzuloko gaineko aldean daudenak (40 metro luzerako pareta), kontuan izanik araudian xedatutakoa. Ezingo da inolaz ere ekipamendurik egin haitzuloaren barnean.

Gainerako harkaiztietan, kontserbazio bereziko eremu batean daudenez: ES2200024 Ega-Urederra ibaiak KBEa, Natura 2000 Sarearen barruko naturagune babestua, 92A0 Salix alba eta Populus alba galeria basoak Batasunaren intereseko habitata hartzen duena, debekatuta egonen da bai ekipatzea edo berriz ekipatzea, bai HKJJ motako edozein jarduera (hala nola, eskalatzea, bertzeak bertze), bai eta habitatak edo flora- eta fauna-espezieak molestatu edo kaltetu ditzakeen bertze edozein jarduera ere.

Baimendutako eremutik kanpo ekipamendua daukaten aldeetan, debeku da HKJJ mota oro egitea (hala nola eskalada, bertzeak bertze). Beraz, behin betiko desekipatuko dira. Gauza bera eginen da ekipamendua eta/edo eskalada-bide bat baimenik gabe jartzen den toki guztietan.

90. artikulua. Ingurunea ez da eraldatuko harkaiztietan edozein HKJJ mota egiteko ekipamendua jartzean, ez eta HKJJ horiek egitean ere. Saihestuko da behargabeko hotsak egitea, basafaunari edo aziendari eragozpenik ez sortzeko. Debekatuta dago, halaber, bozgorailuen bidez audioa erreproduzitzeko edozein aparatu elektroniko, bai eta landaredia moztea edo ezabatzea ere, dagokion baimenik gabe. Egiten ari den edozein motatako HKJJren praktika amaitu ondoren, eremua garbi eta jasota geratu beharko da, eta ahalik eta arrasto eta inpaktu txikienarekin ingurunean.

91. artikulua. Eulzko udalerriak ez du bere gain erantzukizunik hartzen kalte-galerak ordaintzeko, halakoak gertatzen direnean bertako harkaizti eta herri-lurretan edozein HKJJ egiteari loturiko istripuen ondorioz.

92. artikulua. Lehentasuna izanen dute kultur ondareari loturiko jarduera eta erabilera tradizionalek, hala nola abeltzaintzak, nekazaritzak, ehizak, arrantzak edo basogintzak, bai eta inguruko mendietan egiten diren antzinako erabilerek ere, hala eskaladaren aurretik, HKJJen aurretik, nola bertze josteta-jarduera batzuen aurretik (mendiko lasterketak, parapentea, delta hegala, espeleologia, arroila-jaitsiera, mendi-ibilia, mendiko bizikleta, etab.).

93. artikulua. Debekatuta dago harriak, fosilak eta mineralak hartzea edo ateratzea Eulzko kontzejuko edozein harkaizti eremutatik.

VII. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BERTZE APROBETXAMENDU BATZUK

94. artikulua. Ehizaren aprobetxamendua, herri-lurrak sartuz eratzen diren barrutietan, eginen da dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

Era berean, onuradunek barrutiak seinalatu beharko dituzte eta haien erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteen erantzukizun osoa izanen dute.

95. artikulua. Herri-lurretan erlauntzak jartzeko baimena eman dakieke 18. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenei, baldin eta martxan jarri nahi badute autokontsumorako ustiategitzat jotzen ahal den erlezaintzako ustiategi bat.

Horretarako, aplikatuko da erlezaintzako ustiategiak arautzen dituen araudian xedatutakoa.

96. artikulua. Kontzeju honek kasu bakoitzean prestatzen dituen baldintza-agiriek zuzenduko dute herri-lurretan boilurrak aprobetxatzea eta biltzea.

Horretarako, ordenantza honetan ezarritakoa aplikatuko da, boilurra baso-aprobetxamendutzat jotzen baita, Mendien Erregelamendua onesten duen otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren 75. artikuluaren arabera (erregelamendu horrek garatzen du Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea).

VIII. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

97. artikulua. Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

Proiektu horiek Kontzejuak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

98. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

99. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurretako ondasunetan hobetzeko egiten dituen proiektuak Eulzko Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik jendaurrean hamabortz egunean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

100. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Ez ordaintzea aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezartzen dituen epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrendako aprobetxamendua, aprobetxamendu modua edozein delarik ere.

d) Aprobetxamenduaren %100 ez egitea, 35.d artikuluan jasotako salbuespena izan ezik.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.

g) Kontzejuak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, larre utziak.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Kontzejuaren baimenik izan gabe.

i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

j) Ez betetzea azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatzen dena, herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruz (11/2000 Foru Legea, Abereen Osasunari buruzkoa).

k) Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urraturik.

l) Larratze-eremuak ez errespetatzea.

m) Herri-lurra itxi, okupatu edo bertan eraikitzea.

n) Herri-lurren sarbideak okupatzea.

o) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion bertze edozein egitate edo egintza.

Arau-hausteek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c) eta l) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea, eta errealitate fisikoa lehengoratzea, aldatu baldin bada.

–d) arau-haustearengatik, hurrengo bi urteetan aprobetxamendu horretarako eskubidea edo emakida galduko da, kontuan harturik 73. artikuluan jarritako salbuespena, kalterik egin gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenei edo jarduketak eragin ditzakeen kalteen edo kostuen ordainari.

–i) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea.

–Gainerako arau-hausteengatik, ordaindu beharko da egindako kaltearen balioaren halako bortzetik halako hamarrera bitarte, eta errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, aldatu baldin bada. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena.

–Zehapen-prozedura bideratuko da jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuari (lege horrek tratatzen du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

101. artikulua. Arestian xedatutakoa gorabehera, kalteak ordaindu beharko dira, eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie; halaber, bidezkoa bada, bahitu eginen dira legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitarteko edo tresnak.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen edo ordenantza guztiak.

Azken Xedapen bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2510131