Iragarkia
169. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
596E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 4koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, landa eremuan eurotaxi ibilgailuak egokitzeko dirulaguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 850102.
Nafarroan desgaitasuna duten pertsonei arreta emateari eta haien eskubideak bermatzeari buruzko azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legearen helburua da Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen eskubideak bermatzea eta gizarte inklusiboa eta irisgarria lortzeko baldintzak ezartzea, pertsonen autonomia bermatzeko, diskriminazioa saihesteko, eta pertsona guztien aukera berdintasuna bultzatzeko, batez ere desgaitasuna duten pertsonena, adin handikoena eta, aldi baterako bada ere, ingurunearekin harremanak izateko zailtasunak dituzten pertsonena ere bai.
Lege horren 87.6 artikuluak ezartzen duenaren arabera, bidaiariek eskatu ahalako garraio zerbitzua ematen dutenek bermatu behar dituzte azpiegituren irisgarritasun baldintzak, baita desgaitasuna dutenentzako zerbitzua ziurtatuko duten garraio unitateen gutxieneko portzentaje bat ere.
Bestalde, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 23. artikuluak ezartzen du udalek beren ordenantzetan behar diren xedapenak jaso behar dituztela, erabiltzaileak gurpil-aulkian eserita garraiatzeko taxi-ibilgailu egokituak eskaini ahal izateko, gutxieneko ibilgailu kopuru bat, alegia, aski izan behar duena herritarren beharrei erantzuteko, biztanlegunearen tamainaren eta tokian tokiko egoera sozioekonomikoaren arabera.
Desgaitasuna duten pertsonentzako garraiobideak izan eta erabiltzeko irisgarritasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituen azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuak 8. artikuluan ezartzen du udalerri guztietan udalek bultzatuko dutela taxi-lizentzia guztien ehuneko 5, gutxienez, edo horren zati proportzionala, ibilgailu egokituena izatea, VII. eranskinaren arabera. Lizentzien titularrek beren borondatez eskatuko dute beren taxia egokitua izateko; baina portzentaje hori betetzen ez bada, udalek azken lizentziei eskatuko diete eskaintzen duten autotaxiak irisgarritasun baldintzak betetzeko.
Pertsonen garraio publikoa turismo-ibilgailu arruntetan egitea, bereziki taxi zerbitzua, oso garrantzitsua da, herritarren bizikidetzarako eta landa ingurunearen bizigarritasunerako funtsezko tresna baita. Beraz, administrazio eskudunek zaindu behar dute zerbitzuak unibertsaltasuna, irisgarritasuna eta kalitatea izatea.
Helburu horrekin, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatzen du onestea deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak, laguntzak emateko turismo-ibilgailuetan bidaiarien hiriarteko garraio publikoa egiteko baimenen titularrei, baimen horiek helbidea badute Nafarroako udalerri batean edo baterako zerbitzurako eremu batean, 50.000 biztanle baino gutxiagokoan.
Laguntzen helburua da baimenari atxikita dauden edo atxikiko zaizkion ibilgailuak egokitzea mugikortasun murriztua duen pertsonek ere erabil ditzaten.
Nafarroako Gobernuaren 2025eko uztailaren 23ko Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari landa eremuan eurotaxi ibilgailuak egokitzeko laguntzak tramitatu ditzan banakako ebaluazio araubidea erabiliz.
Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 52. artikuluko h) letraren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea landa eremuan eurotaxi ibilgailuak egokitzeko dirulaguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean daude.
2. 15.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko gastu aurrekontuko "Landa eremuko eurotaxi laguntzen deialdia" izeneko 230002 23200 7709 441100 partidaren kargura, eta 45.000 euroko gastua, 2026ko gastu aurrekontuko partida baliokidearen kargura, horretarako baldintza dela ekitaldi horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta aski izatea.
3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.
6. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 4an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da laguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, turismo-ibilgailuetan bidaiarien hiriarteko garraio publikoa egiteko baimenen titularrei eman beharrekoak, baimen horiek helbidea badute Nafarroako udalerri batean edo baterako zerbitzurako eremu batean, 50.000 biztanle baino gutxiagokoan, baimenari atxikita dauden edo atxikiko zaizkion ibilgailuak mugikortasun murriztua duen pertsonentzat egokitzeko.
2. Helburua.
Laguntzen helburua da desgaitasun fisikoa eta mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei erraztea taxi zerbitzu publikoaren erabilera, garraio publikoaren irisgarritasun unibertsala sustatzeko politika aktiboen bidez, egokitutako ibilgailuen kopurua handituz, eta, horrela, landa eremuko mugikortasuna bermatzen laguntzea.
3. Finantzaketa.
1. Deialdi honi aurre egiteko, 15.000 euroko gastua aurreikusten da, 2025eko gastuen aurrekontuko "Landa eremuko eurotaxi laguntzen deialdia" izeneko 230002 23200 7709 441100 partidaren kargura, eta 45.000 euroko gastua, berriz, 2026ko gastu aurrekontuko partida baliokidearen kargura; horretarako baldintza izanen da ekitaldi horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta aski izatea.
2. Laguntzak emateko baldintza izanen da, beti, xede horretarako kreditu egoki eta aski izatea.
4. Onuradunak.
Onuradunak izan daitezke turismo-ibilgailuetan bidaiarien hiriarteko garraio publikoa egiteko baimenen titularrak diren pertsona fisikoak, baimen horiek helbidea badute Nafarroako udalerri batean edo baterako zerbitzurako eremu batean, 50.000 biztanle baino gutxiagokoan.
5. Baldintzak.
1. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona fisikoa izatea eta helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
b) Egunean izatea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntza publikoak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako egoeretako batean ez egotea. Aipatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, erantzukizuneko adierazpena aurkeztuko da eskaerarekin batera.
2. Laguntza jasotzeko eskubidea izateko, bidaiarien garraio publikoa turismoko ibilgailuetan egiteko baimenek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Nafarroan izan behar dute helbidea, 50.000 biztanletik beherako udalerri batean edo baterako zerbitzurako eremu batean.
b) Eskaera aurkezten den unean indarrean egon behar dute. Halaber, laguntza eskatzen ahalko dute eskaera egiten den egunean taxi lizentzia berrien esleipendun direla frogatzen dutenek. Laguntza emateko baldintza izanen da justifikazioa egiten den unean turismo ibilgailurako baimena indarrean izatea.
3. Era berean, laguntza jasotzeko eskubidea izateko, ibilgailuei dagokienez, baldintza hauek bete behar dira:
a) Ibilgailuaren egokitzapenak bete behar ditu azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak (dekretu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonentzako garraiobideak izan eta erabiltzeko irisgarritasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzen dira) eta UNE 26494 araua (mugikortasuna murriztua dutenen garraiorako ibilgailuak, gehienez bederatzi toki dituztenak, gidaria barne) eta ondorengo aldaketak.
b) 2025eko maiatzaren 1etik aurrera hasitako jarduketak onartuko dira. Hasierako datatzat joko da onuradunak egokitzapena egiteko hautatutako aurrekontua onartzen duen eguna.
c) Ibilgailua baimenari atxikia egon behar da edo justifikazioa egiten den unean atxiki behar da, beranduenez.
d) Ibilgailuak ez du 5 urte baino gehiago izaten ahalko lehenengo aldiz matrikulatu zenetik, eskaera egiten den unean.
6. Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebeharrez gainera, deialdi honetako laguntzen onuradunek betebehar hauek ere bete beharko dituzte:
a) Ibilgailu egokitua baimenari atxikita mantendu behar da 5 urtez gutxienez, ordaintzeko ebazpena ematen denetik hasita, salbu eta baimena eskualdatzen bada eta ibilgailuak atxikita jarraitzen badu baimenari falta den denboran, edo arrazoi justifikatua badago, epea betetzea eragozten duena, hala nola matxura, istripua edo bestelako gorabeheraren bat.
b) Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea organo emaileari hura egiaztatzeko beharrezkoak diren datuak kontsultatzeko. Eskatzaileak eskaeran berariaz adierazten badu baimen hori emateari uko egiten diola, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
c) Onuradunek jasotzen duten laguntzaren zenbateko osoa adierazitako egokitzapenak egiteko erabiltzea.
d) Instrukzio organoari jakinaraztea xede bererako jasotako beste laguntza publiko oro, edozein entitatek, izan nazionala izan atzerrikoa, publikoa nahiz pribatua, emana, oinarri hauetan ezarritako moduan eta epeetan, edo laguntza hauek eman direla jakinarazi eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, laguntza hauek eman ondoren jaso bada.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
7. Laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izanen dira xede bererako beste administrazio edo instituzio batzuek ematen dituzten laguntzekin, jasotako laguntzen zenbateko osoa ez bada jarduketaren kostu osoa baino handiagoa eta beste laguntzen araudiak onartzen badu.
Dirulaguntzaren eskaeran, hala badagokio, eskatutako eta/edo jasotako laguntzen zenbatekoa adieraziko da.
8. Jarduketa eta gastu diruz lagungarriak.
Jarduketa diruz lagungarritzat joko dira taxi ibilgailuak mugikortasuna murriztua dutenentzat egokitzeko beharrezkoak direnak, azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuan, aipatutako UNE 26494 arauan eta ondorengo aldaketetan ezarritako baldintzak beteta.
Gastu diruz lagungarriak izanen dira jarduketa horiek gauzatzeko beharrezkoak direnak, zergak, tasak edo jarduketak kargatzen dituzten kontribuzio bereziak izan ezik.
9. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, gastu diruz lagungarri guztiei %90eko portzentajea aplikatuko zaie, gehienez ere 15.000 euro, eta eskatzaileak proposatutako aurrekontuaren gainean kalkulatuko da.
Aukeratzen den eskaintza ez bada merkeena eta, organo kudeatzailearen iritziz, behar bezala justifikatzen ez badira efizientzia eta ekonomia irizpideak, dirulaguntza kalkulatuko da aurrekontu merkeenaren gainean.
Justifikatutako gastuen zenbatekoa aurkeztutako aurrekontua baino txikiagoa bada, ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, behar bezala justifikatutako gastuen zenbateko osoari aplikatuko zaio portzentaje hori.
2. Laguntzak emateko baldintza izanen da, beti, xede horretarako kreditu egoki eta aski izatea.
10. Epea.
Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da. Eskaerak 2026ko apirilaren 30era arte aurkezten ahalko dira, edo aurrekontuko kreditua agortu arte, lehenago gertatzen bada. Kasu horretan, egoera hori argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan dagokion fitxan.
Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.
11. Laguntzak eskatzeko modua.
1. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoan behar den fitxa betez: https://www.navarra.es/eu/tramites.
2. Eskaera tramitatzeko, fitxan dagoen inprimaki telematikoa bete beharko da, eta hark jaso behar du erantzukizuneko adierazpena, honako alderdi hauei buruzkoa:
–Proiektu bererako beste administrazio publiko batzuetan eskatu edo/eta lortutako laguntzak, zenbatekoak adierazita, edo, hala badagokio, beste laguntzarik ez dagoela adieraztea.
–Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzeko behar diren baldintzak eta haietan ezartzen diren betebeharrak eta konpromisoak betetzea.
–Emandako datuak egiazkoak izatea.
–Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean.
–Berariazko adierazpena, Gizarte Segurantzari eta zerga betebeharrei buruzko datuak ofizioz kontsultatzeari uko eginez gero. Kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.
3. Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Identifikazio pertsonalerako agiria (NANa edo AIZa).
b) Eskaera ordezkari baten bidez aurkeztuz gero, eskatzaileak adierazten duen ordezkaritzaren egiaztagiria, zuzenbidean zilegi den edozein bide erabiliz.
c) Onuradunak transferentzia bidez ordaintzeko egindako eskaera, emandako laguntzaren sarrera egiteko; horren eredua eskura izanen da fitxaren barnean.
d) Hiru aurrekontu zehatz, hornitzaile desberdinenak, egin beharreko jarduerak zehaztuta.
e) Eskaintza hautatu izanaren adierazpena eta onartu izan den data, laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den inprimaki ereduaren arabera.
4. Aipatu dokumentazioaz gain, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak laguntzak ongi aplikatzeko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri eskatzen ahalko du.
5. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo oinarri arautzaile hauetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatuko zaie dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzatela 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan.
12. Dirulaguntzak emateko prozedura, eskumena, instrukzioa eta ebazteko epea.
1. Laguntzak banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen dira; horregatik, eskaerak aurkeztu diren ordenari jarraiki ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.
2. Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Zerbitzuari esleituko zaizkio.
Egiaztapena egin ondoren, proposamena igorriko zaio Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiari, eta bertan adieraziko da onuradunak eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela, laguntzaren zenbatekoa eta jarduketa diruz lagungarria gauzatzeko epea.
3. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia da.
Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira hilabete batean gehienez, dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez badira, eskaera ezetsi eginen da, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, bertan arrazoiak emanda.
4. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan dagokion fitxaren bidez https://www.navarra.es/eu/tramiteak.
13. Gauzatzeko epea.
1. Eurotaxi ibilgailuak egokitzeko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik hasita.
2. Epe hori luzatzen ahalko da, gehienez bi hilabetez, behar bezala frogatutako arrazoiengatik.
Horretarako, onuradunak luzapena eskatu beharko du, arrazoia justifikatu eta, betiere, frogatzen duten agiriak aurkeztuta. Gauzatzeko epearen luzapena baimentzen duen ebazpenak finkatuko du dirulaguntzaren onuradunak diruz lagundutako jarduketa gauzatzeko mugaeguna.
14. Justifikazioa eta ordainketa.
1. Jarduketa egin ondoren, onuradunek ondoko frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, bi hilabeteko epean:
a) Ibilgailuaren fitxa teknikoa, ibilgailu egokitua dela frogatzen duena.
b) Ibilgailuaren zirkulazio baimena.
c) Enpresa instalatzailearen ziurtagiria, adierazten duena ibilgailuaren egokitzapenak betetzen dituela azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuaren baldintzak, UNE 26494 araua eta ondorengo aldaketak berariaz aipatuz.
d) Egindako egokitze-jarduketen ordainketen fakturak eta ordainagiriak. Ordainketa laguntza eskatzen duenak egina behar du.
e) Diruz lagundutako jarduketa finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.
f) Ibilgailuaren argazkia, ibilgailu egokitua dela erakusten duena.
2. Faktura ematen den eguna hartuko da jarduketa gauzatu den datatzat.
Justifikazioa aurkezteko epea iragaten bada hura aurkeztu gabe, ez da dirulaguntzarik ordainduko eta kobratzeko eskubidea galduko da. Epe hori luzatzen ahalko da hilabetez gehienez, behar bezala frogatutako arrazoiak direla medio, justifikazio epea bukatu aurretik eskatuz gero, betiere organo kudeatzaileak luzatzeari egoki irizten badio.
3. Aurkeztutako dokumentazioa zuzena ez bada edo osorik ez badago, interesdunari 10 egun balioduneko epea emanen zaio eskaera osatu edo zuzentzeko. Epe hori iragan eta zuzenketarik egin ez bada, ez da dirulaguntzarik ordainduko eta kobratzeko eskubidea galduko da.
4. Laguntzaren justifikazioa zuzena dela egiaztatu ondoren, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ordainduko da emandako laguntza.
15. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
1. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako laguntzak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez, honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
2. Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian, tramiteen katalogoko fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
16. Ez-betetzeak.
Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
6.a) oinarrian ezarritakoa betetzen ez bada, hots, ibilgailu egokitua 5 urtez mantentzea baimenari atxikia, emandako dirulaguntzaren %20 itzuli beharko da, baldintza hori bete ez den urte bakoitzeko, edo, hala badagokio, horren zati proportzionala.
17. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
18. Errekurtsoak.
Deialdi hau eta oinarri arautzaileak aplikatuz emandako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.
19. Araudi osagarria.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
20. Datu pertsonalen babesa.
1. Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren arabera, datu pertsonalak Nafarroako Gobernuak tratatuko ditu, eskaera Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen babesean tramitatzeko.
2. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko, ezabatzeko, transferitzeko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzen ahalko ditu Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurrean, bai eta, hala badagokio, datuak babestearen arloko kontrol-agintaritzari erreklamazioa egiteko ere, batez ere bere eskubideak erabiltzean asebete ez bada. Informazio gehiago, hemen:
http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datu-pertsonalen-tratamendua
Iragarkiaren kodea: F2510653
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
