169. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

728E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita, Caparroson, litio ioizko bateriak birziklatzeko, bateriak berrerabiltzeko edo egokitzeko eta hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen transferentziarako instalazio bat egiteko proiektuari buruz. Proiektuaren sustatzailea Beecycle Reuse & Recycling SL da.

2025eko apirilaren 11n, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo substantiboa den aldetik, goian aipatutako espedientearen ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Bere ezaugarriak direla-eta, proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko b) atalean sartzen da. Beraz, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Proiektuaren xedea litio ioizko bateriak birziklatzeko instalazio bat egitea da, Caparrosoko industrialdean. Instalazioa hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen transferentziarako zentroa ere izanen da. Bertan birziklatuko diren baterietako batzuk bateria fabriketatik etorriko dira, baztertutako produktu akastunak, eta beste batzuk, berriz, balio-bizitzaren amaierara iritsi direlako edo matxurengatik ordeztu direlako kudeatzaileari eman zaizkion gailuetatik etorriko dira: ibilgailu elektrikoak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, ordenagailu eramangarriak, telefonoak, bapeagailuak eta abar.

Era honetako elementuen 13.000 tona bitarte birziklatzen ahalko dira urtean (guztien nahasketa, sarrera gordina): paketeak (edo bateria multzoak), moduluak (elkarri lotuak edo karkasa batean itxiak dauden gelaxken multzoak) eta gelaxkak (oinarrizko unitate funtzionala, elektrodoz, elektrolitoz eta abarrez osatua, zeinetan baitaude energia elektrikoa sortzen duten erreaktiboak). Halaber, elektrodoen beste 2.000 tona prozesatzen ahalko dira urtean, elektrolitorik gabe, linea bereizi batean.

Tratamendu horren ondorioz, "black mass" izeneko azken produktua sortzen da. Hauts gris ilun bat da, balio handieneko materialak dituena, hala nola manganesoa, kobaltoa, nikela, litioa eta abar. Produktu hori hirugarren herrialdeetara esportatuko da, teknologia hidrometalurgikoaren bidez azken balorizazioa egiteko.

Txosten honen I. eranskinean, proiektuaren deskribapen zehatza jasotzen da, eta II. eranskinean, informazio grafikoa, aurkeztutako dokumentaziotik ateratakoa.

–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzea:

Aurkeztutako ingurumen dokumentazioa bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzeko zehaztutako edukiarekin. Dokumentazio horrek proiektuaren eta jardueraren inguruko ingurune naturalaren deskribapena ere jasotzen du, eta, azkenik, inpaktuen balorazioa eta aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak jasotzen ditu.

Goian aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Zehazki, galdetu die Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta ingurumena babesten duten lau elkarteri (Landazuría-Erriberako Ekologistak Martxan, Lurra-Lurraren Defentsaren aldeko Elkartea, Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa eta Sustrai Erakuntza Fundazioa).

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak adierazi du proposamen hori izapidetzen ari den ingurumen baimen bat dela eta proiektuaren azterketa teknikoa egiten denean zehaztuko dela ingurumen ebaluaziorako garrantzia duen informazioa. Lurra-Lurraren Defentsaren aldeko Elkarteak ekarpenak biltzen dituen idazki bat igorri du. Azpimarratzen du proiektuak arrisku maila nabarmena duela, arriskutsuak izan daitezkeen substantzia kimikoak tratatzen eta erabiltzen direlako eta, neurriak aurreikusi badira ere, beti dagoela istripu larriak gertatzeko aukera (barnean zein kanpoan) eta istripu horiek kalte nabarmenak eragiten ahal dizkietela, bai instalazioei eta bai langileen osasunari eta segurtasunari, auzokoei eta inguruko ingurumenari ere. Ildo horretan, nabarmentzen du jarduera industrialde batean kokatua dagoela, egunero jarduera duen toki batean, beraz, Caparrosoko herritik nahiko hurbil.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ingurumen inpaktuaren txostena emanen duela, arrazoiturik ebazteko proiektuari ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion edo proiektuak ez duen ondorio nabarmenik txostenean adierazten diren baldintzak betez gero.

–Proiektuaren azterketa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Nafarroan hondakinak minimizatzen laguntzen du proiektuak, eta ekonomia zirkularra bultzatzen. Proposamenari buruzko ingurumen baimen integratuaren espedientean baloratu eta kontrolatuko dira jarduerak ingurumenaren kalitatean dituen ondorioak (airearen kalitatea, zarata, hondakinak, etab.). Era berean, industria istripuek eragindako ingurumen arriskuei aurrea hartzeko neurri egokiak ezarriko dira.

Instalazioa Caparrosoko industrialdearen barnean kokatuko denez, hein batean urbanizatuak dauden eta lurra berdindua duten lurzati batzuetan, eta aintzat hartuta ez dela handik kanpoko zuzkidurarik behar jarduerari zerbitzu emateko, proiektuak ez die eragiten industrialdetik kanpoko ingurumen balioei. Egungo trenbide konbentzionalaren (Tutera-Tafalla tartea) zortasunarekin muga egiten duen lurzatiaren mendebaldeko erdian diseinatu da instalazioetako berdegunea.

Egindako kontsulten emaitzatik abiatuta, eta Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, uste du jarduerak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta betetzen badira jarduera berriaren ingurumen baimen integratuan ezartzen diren baldintzak; horrek guztiak ez du galarazten indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortu beharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Caparroson, litio ioizko bateriak birziklatzeko, bateriak berrerabiltzeko edo egokitzeko eta hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen transferentziarako instalazio bat egiteko proiektuak, Beecycle Reuse & Recycling SLk sustatuak, itxura batean ez du ukipen nabarmenik ingurumenaren gainean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan.

2. Jarduera gauzatu beharko da aurkeztutako agiri teknikoetan jasotako baldintzen arabera eta ingurumen baimen integratuan ezartzen diren gainerakoak ere betez.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Caparrosoko Udalari, Basozaintzari (11. barrutia, "Tutera") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Proiektatutako jarduera Caparrosoko 5. poligonoko 835. lurzatian kokatuko da, industriarako lur urbanizagarrian (2.2 lurzatia, Caparroso industrialdeko eraiki gabeko eremu urbanizatuaren parte dena). Industrialdea "Saso Viejo" izeneko inguruan dago, herriaren iparraldean, N-121 errepidearen eta trenbide konbentzionaleko Tutera-Tafalla tartearen artean. Jarduerak industrialdeko zuzkidurak eta zerbitzuak erabiliko ditu (edateko ura, suteetarako sarea, ur beltzen saneamendua, euri uren saneamendua, elektrizitatea eta telefonoa). Jarduera egunean hiru txandatan eginen da (8 orduko txandak), urtean 264 lanegunetan (hilean 22 egun, batez beste).

Jarduerak trapezio angeluzuzenaren formako 31.400 m²-ko esparru bat soilik hartuko du, adierazitako lurzatitik bereizia (90.700 m² inguru ditu). Esparru horren barnean, jardueraren bideak, eraikinak, instalazioak eta berdeguneak zehaztu dira. Bi eraikuntza bloke izanen dira, bata biltegirako, eta bestea fabrikaziorako, produktu bukatuaren biltegirako eta administraziorako. Biltegiaren blokeak hiru espazio izanen ditu, bakoitza 1.000 m² ingurukoa. Fabrikazioaren blokeak honako hauek izanen ditu: 30,6 x 91 m-ko esparru bat, lehengaien biltegirako, eta 61,2 x 81,2 m-ko beste bat, ekoizpen prozesurako, produktu bukatuaren eremurako eta administrazio zerbitzuetarako. Bi eremuen artean estalitako eremu bat sortuko da: lehengaien deskarga eta diagnosia egiteko erabiliko da eta instalazioaren sarrera nagusia izanen da. Lurzatiaren bi alboetan bide perimetral bana proiektatu dira, eraikinen alboko irteerei lotuak.

Jardueraren esparruaren mendebaldeko erdia berdegunea izanen da, haren barneko uharte bat izan ezik, non biltegiak (industria urak eta suteetarako ura) eta haien ponpaketa multzoak instalatuko baitira. Esparruaren ekialdeko mugaren ondoan eta paraleloan aparkalekuak izanen dira, esparru txiki batean izan ezik, non energia elektrikoaren hornidurarako transformazio zentroa edo zentroak kokatuko baitira, erdi-tentsioko hargune bat behar baita.

Euri urak sare bereizi batetik joanen dira, ur beltzen sarea bezalaxe, eta lurpeko hirugarren sare bat ere izanen da, industria uretarako. Industria uren sareak gai izan behar du suteetarako ur erreserbaren biltegiaren edukiera beste husteko (aplikatu beharreko teknika erabilgarri onenetan oinarritutako ingurumen neurria).

Materialak jasotzen direnean, berrerabili edo egokitu daitezkeen bateriak, moduluak eta gelaxkak bereizten dira, eta gainerakoak biltegiratuta uzten dira, deskarga eremura igaro aurretik. Deskarga hori elektrikoa izaten ahal da (energia hori instalazioan biltegiratu eta gero berrerabiltzeko), edo uraren bidez eta lehortuta egin daiteke. Deskargatu ondoren, materialak desmuntatu egiten dira: karkasak, bastidoreak, plastikoak eta zirkuitu inprimatuak erauzi eta birziklatzeko materialak uzten dira, birrintze eremura eramateko.

Atmosfera geldoan (N2) birrintzen dira, oxigeno-ezak produktuak berez su hartzeko aukera murrizten duelako. Eta ondoren berotu egiten dira, atmosfera kontrolatuan (N2) eta presio baldintza berezietan. Birrintze eta berotze prozesu horien bidez, elektrolito gehiena bereizten da, eta tanga berezi batean biltzen da, gero kudeatzaile baimendu bati emateko.

Gainerako materialak bigarrenez birrintzen dira (birrinketa estankoa) eta zuzenean xurgatzen dira hauts partikulak, bereizketa teknika mekanikoekin, garbitzeko; horrela, "black mass"a ateratzen da. Bestetik, elektrodoen linea berezian baterien fabrikazio akatsetatik datozen elektrodoak tratatzen dira, birrintze eremu bereizi batera eramanda (bigarren birrinketaren antzekoa); hortik ateratzen den "black mass"ak besteak baino diru gehiago balio du, elektrolitoarekin kontaktuan izan ez delako.

II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN INFORMAZIO GRAFIKOA

Iragarkiaren kodea: F2510713