1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
727E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Ergoiengo plan orokorraren aldaketari buruz. Aldaketa horrek Dorraoko 7. poligonoko 108. lurzatiari eragiten dio, eta sustatzailea Ion Ander Lizarraga jauna da.
Udalak 2025eko martxoaren 26an hasiera batez onetsi ondoren aldaketa hori, jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2025eko 72. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 10ekoan. Espedientean sartu da planaren aldaketaren memoria jasotzen duen dokumentu teknikoa (dokumentazio grafikoa eta kostuen zenbatespena eta herritarrek parte hartzeko plana barne, kapitulu gisa).
Aldaketaren helburua da 108 B eta C azpilurzatien hegoaldeko zatia lurzoru urbanizaezinetik urbanizagarrira pasatzea, eta 109A hiri-lurzati mugakidea barnean duen kudeaketa eremua berriz mugatzea, bizitegi lurzoruko unitate bat eratzeko. Unitate horretan familia bakarreko 2 etxebizitza eta horien sarbidea gehituko dira.
Plangintzaren aldaketa hori izapidetzen ari den Ergoiengo Udalaren Hirigintza Planaren eguneraketan ere jasotzen da (2022ko ekainaren 21ean onetsi zen hasiera batez; 2022ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 14koa), baina txosten honen xede den proposamena ez da han dagoenaren berdin-berdina; izan ere, unitatea berriz mugatu eta azalera handitzen du, lurzatiaren atzealdera ematen duen sarbide bat egiteko Korosoko bidetik.
Ez da espero aurreikusitakoak ingurumen ukipen nabarmenik sortzea. Belardi erabilera duen eta mendebalderantz jaisten den malda moderatuko azpilurzati baten hegoaldeko zatian planteatzen da lurzoru kategoriaren aldaketa, eta ez dio eraginen azpilurzati horrek iparraldean duen mugakideari (108A azpilurzatia, sastraka). Zuhaitzak landatuko dira 109A hiri-lurzatiaren eta 108 landa-lurzatiaren arteko mugan eta Korosoko bidearen bazterretan. Muga horietan eten puntualak eginen dira etxebizitzetara oinezkoentzako sarbideak egiteko (Arrobi kaletik, sarbideak Dorraoko udal bide-sarearekin lotuz) eta lurzatiaren barneko ibilgailuentzako bidea lotzeko (iparraldean).
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala egin dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta ebazpen honetan jasotzen den baldintza bat ezarri du.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Ergoiengo udal plan orokorraren aldaketari buruz. Aldaketaren sustatzailea Ion Ander Lizarraga da.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Ergoiengo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2510729