169. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

695E/2025 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Beteluko udal plan orokorraren ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Beteluko Udala da.

1. Ingurumen-izapidetzea.

Hirigintza Atalak Ingurumen Ebaluaziorako Atalari igorri dio Beteluko Udalaren hirigintza-planari buruzko dokumentazioa.

Beteluko hirigintza plana 2021eko ekainaren 21ean onartu zuen hasiera batean Udalak, eta jendaurrean jarri zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2023ko urtarrilaren 19an (13. zk.) eta 2023ko martxoaren 9an (49. zk.) argitaratutako iragarkiak direla bide.

Honako agiri hauek osatzen dute espedientea: Lurralde Okupazioaren Estrategia eta Eredua, memoria, hirigintza-araudia, lurzoru urbanizaezinari buruzko araudia, ordenantzak, katalogoa, ingurumen-eraginari buruzko azterketa, sorrarazitako mugikortasunari buruzko azterketa, genero-inpaktuaren azterketa, jasangarritasun ekonomikoari buruzko txostena, merkataritza-erakarpen eta -antolamenduari buruzko plana, alegazioen txostena, txosten orokorrari eta txosten sektorialei erantzuteko dokumentua, eta planoak.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txostena egin zuen 2023ko martxoaren 21ean, Udalaren hirigintza-planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoarekin jarraitzeko gehitu beharreko ingurumen-ohar batzuk adieraziz.

Oraingo eskabidean, Beteluko Udalak 2025eko urtarrilean hirigintza-plana behin-behinean onartzeko aurkeztutako dokumentazioa barruratu da.

2. Udalaren planaren laburpena:

Hirigintza-planaren analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udalerri osoari eragiten diote; udalerriak 7,17 km²-ko azalera dauka, eta fisiografiaren ikuspegitik ongi bereizitako bi eremu: hirigunea eta sega-belardiak nahiz larratze-belardiak, malda txikiko aldeetan, eta malda handiko aldeak, nagusiki, zuhaiztiak hazten direnekoak.

Nafarroa Atlantikoko kantauriar isurialdeko gainerako herriak ez bezala, herrigune bakarrak osatzen du Betelu, eta bertan bizi dira herritar guztiak, sakabanatutako eraikin eta borden kopurua oso txikia dela. Aipaturiko ezaugarri horren ondorioz, Betelu dugu kantauriar isurialdean lurzoru urbanizaezinean etxebizitzak eraikitzeko aukerarik ez duen udalerri bakarra, nekazaritza eta abeltzaintzari zuzenean lotutakoak izan ezik.

Beteluko herrigunea jatorrizko hiru auzoen elkargunea da, hots, elizaren eta udaletxearen inguruan, bainuetxearen inguruan eta Iruñetik Donostiara doan NA-1300 tokiko errepidearen zeharbidean. Aurrekoaz gain, Intzara joateko NA-7513 tokiko errepideak osatzen du ibilgailuetarako sarea. Araxes ibaiak zeharkatzen du herria; herrigunea, gehienbat, ibaiaren ekialdean eta iparraldean dago.

Betelun orain arte indarrean egon den plangintza 1982an egindako Lurzorua Mugatzeko Proiektua (LMP) da. Tresna horri esker, udalerriaren hazkunde harmonikoa lortu da, garrantzi txikikoa izan arren, eta, horren ondorioz, hirigintza-hitzarmenak eta aldaketak egin behar izan dira maiz. Planak hirigintza-antolamendua ezartzeko tresna eraginkorra emanen dio udalari, Estatuko eta egungo foru araudiari egokitua.

Nabarmendu behar da Beteluk gaur egun arte izan duen lurralde-eredu berari eutsi nahi diola; horrela, udal-planak ez du lurraldearen egitura orokor berririk proposatzen, eta ez ditu lurzoruaren sailkapena eta araubide juridikoa funtsean aldatzen; aitzitik, indarrean dagoen egoera (1982ko LMP) hirigintza-legeria berrira eguneratzea da asmoa.

Hiri-eredua Proposatu den hiri-ereduak biztanle guztien bizitegi-, zuzkidura- eta ekonomia-beharrak konpontzen ditu.

Hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoruak 23,30 ha-ko azalera du; hau da, proposamenak 7,7 ha-ko hazkundea dakar 1982ko Lurzorua Mugatzeko Proposamenaren aldean.

Bizitegi erabilera: hiri-lurzoruaren (finkatuaren eta finkatugabearen) eta lurzoru urbanizagarriaren antolamendu-proposamenean, gehienez ere, 90 etxebizitza berri proposatzen dira. Planaren proposamenak 354 etxebizitza gutxiago dakar, indarrean dagoen LMPan jasotakoarekin alderatuta (444 etxebizitza). Etxebizitzen tipologian, antzinako baserriak eta baratzez edo lorategiz hornitutako herri-etxeak eta garaiera handiagoa zein hiri-itxura nabarmenagoa duten etxebizitza kolektiboko eraikinak batera ageri dira.

Bizitegi-garapena herrigunearen barruko espazio libreetan kokatuko da, bai eta Araxes ibaiaren ertzetan ere, ibaiertz horietan, luzetarako ibai-parkea eratuz. Ekipamenduei dagokienez, Araxes ikastetxe publikoa handitzeko lurzorua aurreikusi da, eta, halaber, aparkaleku bat egitea proposatu da herriko plazaren inguruan.

Industria-erabilera/jarduera ekonomikoak: Beteluko udalerrian, bi industria-eremu identifikatu dira eta horietan dauden Wisco eta Aguas de Betelu enpresak. Biek ala biek eremu lauetan hedatzen dira hiri-lurzoruaren mugetan eta Araxes ibaiaren inguruan.

Lurzoru urbanizaezineko 3,6 ha-ko azalera izatea aurreikusi da Wisco enpresaren industria-jarduera handitzeko, enpresaren beraren alboko eremuan, Araxes ibaiaren ezkerraldean (Olanoetako aurkintza).

Lurzoru urbanizagarriko 1,9 ha-ko azalera egokitzea aurreikusita dago, udalerriaren iparraldeko mugan, NA-1300 errepidearen ondoan (Iriaundiko aurkintza) azpieskualde mailako jarduera ekonomiko eta industrialetarako eremu berria ezartzeko bertan.

Hiri-lurzorua eta lurzoru urbanizaezineko 3,7 ha gordetzea aurreikusi da, etorkizuneko bainuetxea eta bainuetxeari lotutako jarduera turistikoak garatzeko (Argaiztondoetako aurkintza).

Landa lurzorua: lurzoru urbanizaezinari lotutako hirigintza-plangintzaren helburua baso- eta nekazaritza-izaerari eustea da. Alderdi garrantzitsuenetako bat dugu ez dagoela etxebizitzak eraikitzerik lurzoru urbanizaezinean, nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzenean lotutakoak izan ezik.

Era berean, aipatzekoa da etorkizuneko jarduera industrialak eta ekonomikoak garatzeko lurzorua gordetzeko aurreikuspena egungo herrigunearen mugakide diren eremuetan, adibidez «Garapen-eredua babesteko lurzorua». Garatu gabeko lurzoruaren okupazio-ereduaren barruan proposatu dira, eta Beteluko Udalaren Plan Orokorraren xedapen-aldaketaren araudiaren berezko baldintzen arabera gauzatzen ahalko dira.

–Babestutako lurzoru urbanizaezinean, besteak beste, honako kategoria hauek ezarri dira:

a) Ingurumen-balioko lurzorua:

  • Naturagune babestuak: «Beteluko artadiak» lekune naturala. «Aralar mendilerroa» (ES2200020) Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE).
  • Interes bereziko landaredia: Elostagaña mendiaren hegaleko artadi kantauriarrak, «Beteluko artadiak» lekune naturalean daudenekin batera (Zigadiko eremua).
  • Ibai-ingurunea. Ibilguen eta ur-bazterren sistema: Araxes ibaia eta gainerako errekak.
  • Lurralde-konektibitatea: Elostagañeko aurkintza.
  • Interes geologiko bereziko lekuak. Malloetako zamalkadura.

b) Paisaia-balioko lurzorua:

  • Malloetako paisaia berezia.
  • Malloetako paisaia naturala.

c) Ustiapen naturalean baliatzeko lurzoruak:

  • Onura publikoko mendiak (OPM): 435. zenbakiko OPM (Irulegi eta muga), eta 436. zenbakiko OPM (Elosta).

–Kontserbatzeko lurzoru urbanizaezinean, besteak beste, honako kategoria hauek nabarmentzekoak dira:

a) Ingurumen-balioko lurzorua:

  • Ingurumen- eta babes-balioko zuhaiztiak.
  • Haitzak eta harkaiztegiak.

b) Ustiapen naturalean baliatzeko lurzorua:

  • Zuhaixkak eta belarkiak.
  • Ibar-hondoko belardiak eta laboreak.
  • Mendiko larreak.
  • Ekoizpen-basoa.

c) Kultura-balioko lurzoruak:

  • Araxes ibaiaren pasealekua.
  • Bide historikoak eta oinezkoentzako bideak.
  • San Donato baseliza.

d) Garapen eredua babesteko lurzorua:

  • bainuetxea.
  • Industria-zabalkuntza.

3. Ingurumen-ebaluazioa.

Bizitegi-erabilera: hiri-lurzoruaren eremuko bizitegi-garapena, nagusiki, herriguneko espazio libreetan eginen da, eta bertan ez da ingurumen-elementu aipagarririk identifikatu; beraz, ez du ingurumen-eragin esanguratsurik sortuko. Planaren ingurumen-integrazioa hobetzeko helburuz, Araxes ibaiaren edo erreken ibilguen mugakide diren hiri-lurzoruaren egikaritze-unitateetarako hirigintza-araudiaren fitxa bereziek baldintza naturalak eta horiei lotutako ibaiertzeko landaredia kontserbatzeko baldintza espezifikoak jasotzen dituzte (UEU-4, UEU-5, UEU-8, UEU-9, UE-1, UE-2, UE-11). Gainera, garrantzitsua da hesirik edo lursailen itxiturarik gabeko espazio libreari eustea Araxes ibaiaren ertzetan, ebazpen honen baldintzetan jasotzen den bezala.

Lurzoru urbanizagarriaren eremuko bizitegi-garapena Aribe udalerrirako norabidean eta Araxes ibaiaren beste aldean dago, batez ere, belardien eta zuhaiztiz betetako unada txikien gainean; beraz, ez da ingurumen-eragin nabarmenik hauteman. Hala eta guztiz ere, Araxes ibaiaren mugakide diren lursailetan, Araxes ibaiari lotutako erriberako landaredia kontserbatzeko baldintza espezifikoak bete beharko dira, bai eta berdeguneak kudeatzeko baldintza espezifikoak ere, ibaiaren korridore biologikoaren eginkizuna indartzeko xedez, lursail horietarako hirigintzako fitxa arauemaile berezietan (AR1-SU1, AR2-SU2) jasotzen den bezala.

Komenigarritzat jotzen da baldintzatzailea AR3-SU3 hirigintza-fitxako arau berezietan ere jasotzea. Fitxa horren eremuak Araxes ibaiarekin egiten du muga ekialdetik, eta alderdi hori ebazpen honen baldintzetan jasotzen da.

Zaratari eta kalitate akustikoari doakienez, bi txosten daude:

a) Kutsadura Prebenitzeko Atalak (Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia) 2025/03/31n egindako txostena. Bertan, Beteluko Udalaren gogoetak jasotzen dira plan orokorraren aurka egin ziren bigarren eta seigarren alegazioei buruz. Eremu akustikoen mugaketari dagokionez, txosten horretan ohartarazten da bizitegi-erabilerako eremutzat sailkatu direla osasun-, irakaskuntza- eta kultura-eremutzat jo beharko liratekeen eremuak (Beteluko 2. poligonoko 88. katastro-lurzatia).

b) NA-1300 errepidearen inguruko hirigintza-garapenetan, Azpiegituren Ingurumen Kudeaketako Atalaren 2025/05/06ko txostena jasota dago (Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia), eta honako hau adierazten da agirian:

–Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legeak eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, lehendik ez diren eremu urbanizatuek bete beharko dituzten kalitate akustikoko helburuak II. eranskineko A taulan jasotakoak dira, 5 dezibeliotan gutxituta.

–Eremu horietako arazo akustikoekin loturiko etorkizuneko zeinahi erantzukizun ez zaio egozten ahalko Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari.

Industria erabilera: lurzoru urbanizagarriaren eremuan (AR4-S5) jarduera ekonomikoetarako espazioen garapena hiri-lurzoruen hurbileko ingurunean aurreikusi da, belardietarako eta zuhaiztiz beteriko unada txikietako lursailetan, eta, beraz, ez da ingurumen-eragin nabarmenik antzeman. Hala ere, jarduera ekonomikoetarako espazioak garatu nahi badira, ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritako ingurumen-integrazioko neurriak eta irizpideak hartu behar dira.

Etorkizunean, industria-erabilerarako espazioak garatzeko lurzoru urbanizaezinaren erreserba Beteluko herrigunearen mugakidea da, Araxes ibaiaren ertzetan, eta lurzoruaren eraldaketak plana aldatzea ekarriko du. Gomendatzen da aldaketa horiek trinkotu gabeko ibilguaren ertzari euts diezaioten, berdegune gisa. Alderdi hori ebazpen honen baldintzetan jasotzen da.

Landa-lurzorua: Beteluko udalerriko ingurumen-balio nagusiak honako hauexek dira: «Beteluko artadiak» izeneko lekune naturala, «Aralar mendilerroa» Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE), baso naturalak, zuhaixkak eta belarkiak, belardiak, Araxes ibaia eta naturaguneak lotzen dituzten gainerako errekastoak, jarraian zehazten den bezala.

Ingurumen-balioko lurzorua:

Naturagune babestuak: «Beteluko artadiak» deituriko lekune naturala ekosistema urria eta berezia da, jatorri mediterraneokoa, ingurune atlantiko baten barruan isolatua, eta Nafarroan korridore biologiko gisa dihardu eskualde biogeografiko mediterraneoaren eta eurosiberiarraren artean. «Aralar mendilerroa» (ES2200020) deritzon KBEaz denaz bezainbatean, esan behar da 115,6 ha baino ez direla Beteluko udalerrikoak, KBEak guztira duen 13.990,15 ha-ko azaleratik.

Ibai-sistema: Araxes ibaia barruratzen du, eta nabarmentzekoa da korridore biologiko gisa betetzen duen eginkizuna, batez ere, uretako faunarentzat, bai eta naturaguneak elkarrekin lotzen dituzten erreken multzoa ere.

Lurralde-konektibitatea: Araitz eta Larraun udalerriak banatzen dituen mendilerroaren zati den Elostagañeko eremua kontuan hartu behar da.

Ingurumen- eta babes-balioko zuhaiztiak: ingurumen-balioa dela-eta, babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu dira pagadiek, hariztiek, hariztiek eta baso mistoek, gaztainadiek eta mendi-hegaletako haltzadiek hartzen dituzten lursailak, baldin eta azaleramendu harritsuen gainean ez badaude.

Ustiapen naturalean baliatzeko lurzorua:

Onura publikoko mendiak: ustiapen naturala dela eta, ondokoek osatzen dute babestu beharreko lurzorua: 435. zenbakiko OPM (Irulegi eta muga), eta 436. zenbakiko OPM (Elosta).

Zuhaixkak eta belarkiak. Zuhaixkez betetako unadak, txilardiak, iratzeak eta larreak dauden lurralde-eremuei dagokie, nekazaritza eta abeltzaintzaren erabileraren ondorioz; horiei guztiei heltzeko, abeltzaintza-jarduerek iraun egin behar dute. Planak abeltzaintza-jarduera sustatzen du lurzoru horretan, abeltzaintza estentsiboan erabiltzeko eraikinak baimendutako jardueratzat hartuta.

Ibar-hondoko belardiak eta laboreak: ustiapen naturalaren balioa dela-eta, babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu dira herrigunearen inguruan dauden larratzeko belardiak eta/edo sega-larreak, bai eta ibar-hondoko labore txikiek okupatutako lurralde-eremuak. Ingurumen-intereseko elementuak ere jasota daude, nekazaritzako eta abeltzaintzako eremu tradizionalari heterogeneotasuna ematen baitiote eta lurralde-konektibitatean parte hartzen baitute, hala nola zuhaiztiak, zuhaixka-heskaiak eta zuhaizti nahiz zuhaitz bereziak.

Landa-lurzoruaren antolamendua babestu eta zaindu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa kategorizatzean datza udalerri osoan. Lurzoru urbanizaezina kategorizatzeko proposamena bateragarria da lehendik dauden balioekin.

«Garapen-eredua babesteko babes-lurzoru» gisa definitutako lurzoruan izan ezik, helburua da eraikinik ez izatea gainerako lurzoru urbanizaezinean, nekazaritza eta abeltzaintzako, turismoko edo basogintzako sektoreei zuzenean loturiko eraikinak izan ezik. Oro har, bizitegi-eraikinak lurzoru urbanizaezin osoan debekatuta daude.

Udal-planak argiteria publikoaren baldintzak jasotzen ditu hirigintza-araudian (urbanizazio-ordenantzen 24. artikulua). Horrek ingurumen-garrantzia dakar, argi-kutsadurak Beteluko herrigunearekiko muga egiten duen «Beteluko artadiak» lekune naturaleko faunari eragin diezaiokeelako. Alderdi hori ebazpen honetan jaso da, gomendio gisa.

Hirigintza-planaren dokumentazioa aztertu ondoren, adierazi behar da behar bezala txertatu direla 2023ko martxoaren 21eko ingurumen-adierazpen estrategikoaren aurreko txostenean adierazitako alderdiak.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko honetan, ondorioztatu behar dugu egoki jaso eta jorratu direla araudian udalerriaren ingurumen-intereseko balio nagusiak, eta etorkizunean industria-erabilerarako espazioak garatzea helburu duen landa-lurzoruaren erreserbak ez duela ingurumen-eragin nabarmenik eraginen.

Espedientean jasotako dokumentazioa ikusirik, eta ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura behar bezala garatu dela kontuan hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Beteluko Udalaren hirigintza-planari buruzko txostena egin du, eta ebazpen honetan jaso diren zenbait baldintza ezarri ditu.

Adierazitakoarekin bat etorriz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Sektore Publiko Instituzionalaren martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duenak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea Beteluko Udalak berak sustatu duen Beteluko Udalaren hirigintza-planari buruz.

2. Plana garatzean, ingurumen-azterketa estrategikoan ingurumena babesteko jasota dauden irizpideak kontuan hartu beharko dira, bai eta honako hauek ere:

–Bizitegi-izaerako hiri-lurzoruaren hirigintza-fitxa berezian ezarritakoa beteko da Araxes ibaiaren edo errekasto-ibilguen mugakide diren egikaritze-unitateetan (UEU-4, UEU-5, UEU-8, UEU-9, UE-1, UE-2, UE-11), eta horiei lotutako baldintza naturalak eta ibaiertzeko landaredia errespetatuko dira. Zernahi hesi edo lursailetako itxitura Araxes ibaiaren ertzetik, gutxienez, 15 metrora jarri beharko da.

–Araxes ibaiarekin muga egiten duen AR2-SU3 egikaritze-unitatearen bizitegi-izaerako lurzoru urbanizagarriaren hirigintza-fitxa arauemaile bereziak Araxes ibaiaren ibilguari lotutako baldintza naturalak eta ibaiertzeko landaredia kontserbatzeari buruzko arau berezia jaso beharko du.

–Kutsadura Prebenitzeko Atalaren 2025/03/31ko txostenean ezarritako zehaztapenak (Beteluko 2. poligonoko 88. katastro-lurzatiko eremu akustikoen moten sailkapenari buruzkoak, ikastetxeari eta haur-eskolari dagozkionak) eta Azpiegituren Ingurumen Kudeaketarako Atalaren 2025/05/06ko txostenean ezarritakoak (NA-1300 errepidetik gertu ez diren eremu urbanizatuen kalitate helburuei eta emisio akustikoei buruzkoak) betetzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira.

–Araxes ibaiaren ibilguarekiko muga egiten duen «garapen-eredua babesteko lurzorua» garatzeko udal-plan orokorraren etorkizuneko xedapen-aldaketa guztiek, gutxienez, 15 metroko espazioa errespetatu beharko dute Araxes ibaiaren ertzetatik, konektibitate ekologikoa bermatzeko xedez.

–Herrigunearen zati bat «Beteluko artadiak» izeneko lekune naturaletik oso hurbil dagoenez, honako hau kontuan hartzea gomendatzen da:

  • Kanpoko argiterian, argi-puntuek igorritako goiko hemisferioko fluxuak (FHS) % 1ekoak edo txikiagoak izanen dira, eta ahal dela, uhin laburreko argia (urdinak) mugatzen duten lanparak erabiliko dira, argi-mota hori kaltegarriena baita gaueko ingurunean.

3. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Honako ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Beteluko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko uztailaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2510233