1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
310E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Azkoiengo udal mugartean alpapa deshidratatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Navarro Aragonesa de Forrajes SA da.
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 247E/2017 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 1eko 413E/2024 Ebazpenaren bidez berrikusi zena.
2025eko maiatzaren 16an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzea eskatu zuen, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 150202* EHZ kodea duena, mahuka-iragazkiaren mahukei dagokiena.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntza Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du ez dela bidezkoa sartzea; izan ere, eskatutako EHZ kodea jasota dago jadanik instalazioan sortzen diren hondakinen zerrendan, zeina instalazioaren ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean bildu baita. Hala ere, aldatu egiten da 150202* EHZ kodea duen hondakinari gaur egun ematen zaion deskribapena, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 2014/955/EB Erabakian ezarrita dagoenaren arabera (erabaki horren bidez aldatu egin zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin).
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Partez onartzea Azkoiengo udal mugartean alpapa deshidratatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Navarro Aragonesa de Forrajes SA da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Navarro Aragonesa de Forrajes SAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abuztuaren 8an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
F2510808
Iragarkiaren kodea: