169. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

300E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez irizpena ematen baita Fustiñanako udal mugartean dagoen hondakin uren araztegi baten aldaketa-proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburu duena analizagailu bat paratzea, ez-funtsezkoa dela. Instalazioaren titularra Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.

Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 13.3 taldean.

2025eko maiatzaren 27an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen. Proiektuaren xedea da etxola prefabrikatu bat instalatzea eta ataripe bat eraikitzea 42 m²-ko hormigoizko forjatu goratu baten gainean, barnean 6 bideko analizagailu bat paratzeko.

Ikusirik industria-instalazioaren aldaketa-proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpena eta egiaztagiriak, zerbitzu honek uste du aldaketa hori ez-funtsezkoa dela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoaren arabera (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); izan ere, aldaketak ez dakar berekin erregelamendu horren 37. artikuluan ezarritako egoeretako bat ere.

Bestalde, aldaketa ez-funtsezkoa egiteko proiektu horren ondorioz, beharrezkoa da ingurumen baimen bateratuaren testua aldatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Beste alde batetik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, aldaketa-proiektuak ez du behar ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez delako, eta ulertzen delako proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez baitakar aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik ez ukipenik.

Aldaketa-proiekturako, lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena behar da, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. eta 118. artikuluek ezarritakoaren arabera.

Lurzoru urbanizaezinean jarduera eta erabilerak baimentzeko eskaerekin batera, behar bezalako dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko da, garatu beharreko jardueraren eta erabileren araberakoa; dokumentazioak haren ezaugarriak, kokalekua eta egin beharreko obrak ezagutarazteko argibideak emanen ditu. Espedientea azter dadin, dokumentazioak bat etorri beharko du 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuko 119. artikuluan adierazitako edukiarekin, eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimenik ez duten gaur egungo instalazio guztiak jaso beharko ditu (1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena). Eskaera behar diren agiri guztiekin batera aurkeztu beharko da Lurralde Kohesiorako Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan, baimen hori lortzeko izapideak egin daitezen.

Aldaketaren ondorioz azalera eraikia 42 m² handituko da. Igoera hori kontuan hartuko da etorkizuneko aldaketen ondorioz azalera eraikia metatzearen ondorioetarako, aldaketa funtsezkoaren gaineko irizpena emateari begira.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Irizpena ematea Fustiñanako udal mugartean dagoen hondakin uren araztegi baten aldaketa-proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburu duena analizagailu bat paratzea, ez-funtsezkoa dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Instalazioaren titularra Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.

Bigarrena.–Horrenbestez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, titularrak aurreikusitako proiektua gauzatzen ahalko du. Halere, horrek ez du esan nahi tramitatu behar ez direnik dagokion obra-lizentzia, lurzoru urbanizaezinerako baimena edo behar diren beste baimen batzuk.

Hirugarrena.–Irizpen honek hamar hilabeteko balioa du ebazpen hau ematen denetik, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.–Instalazioaren ingurumen baimen bateratuaren testua aldatzea, bertan sartuz ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 7an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2510745