169. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

197E/2025 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Arangurengo udal plan orokorraren aldaketari buruz, Arangurengo Udalak sustaturik.

Udalak aldaketa hori 2024ko abenduaren 17an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2025eko urtarrilaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Aldaketaren helburua da Hirigintza Araudi Orokorraren 60. artikuluaren eta Eraikingintzaren Ordenantzaren 65. artikuluaren testua aldatzea, lurzoru urbanizaezineko lurzatietan baimendu daitezkeen abeltzaintzako eraikuntzek eta instalazioek hiri-lurzoruarekin edo lurzoru urbanizagarriarekin mantendu beharreko distantziak foru araudiaren arabera egokitzeko.

Planeamenduan egiteko planteatzen den aldaketa horrek eragina izanen du abeltzaintza estentsiboko eta intentsiboko instalazioak eta eraikuntza-jarduerak eta etxeko abeltzaintzarako instalazioak baimengarriak diren lurzoru urbanizaezinetan. Izan ere, gaur egungo udal araudian foru legerian baino murriztapen gehiago ezartzen dira udalerrian abeltzaintza-jarduerak ezartzeko.

Hirigintza Araudi Orokorraren 60. artikuluaren eta Eraikingintzaren Ordenantzaren 65. artikuluaren testua aldatzeak berekin dakar abeltzaintzako instalazioetatik herriguneetaraino gorde beharreko gutxieneko distantzien araubidea foru araudian ezarritakoa bezalakoa izatea.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar bezala egin dela, eta Arangurengo udal plan orokorraren aldaketak ez duela ukipen nabarmenik eragiten ingurumenean.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea Arangurengo Udal Plan Orokorraren aldaketari buruz, ingurumenean ondorio nabarmenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Arangurengo Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arangurengo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko martxoaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2510965