169. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

41/2025 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez zehazki deklaratzen baita proiektu hau onura publikokoa dela: energia elektrikoa ekoizteko "Rada 4" eguzki-instalazio fotovoltaikoa, 1 MW-ekoa, eta hari lotutako eraldaketa- eta ebakuazio-azpiegiturak, Murillo el Cuendeko udal-mugartean. Espedientearen kodea: 5232-CE.

Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak martxoaren 13an emandako 26/2025 Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eman zitzaizkion Energías Renovables Arnetum SLri, energia elektrikoa ekoizteko "Rada 4" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eraiki dezan Murillo el Cuendeko udal-mugartean, 1 MW-eko potentzia instalatukoa, baita hari loturiko transformazio- eta ebakuazio-azpiegiturak ere.

2025eko apirilaren 14an, Energías Renovables Arnetum SLk eskatu zuen espedientea onura publikokoa dela zehazki deklaratzeko, arau hauetan ezarritakoarekin bat: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; eta 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, argindarra garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena.

Bat etorrita Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan ezarritakoarekin, agiri teknikoa eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egon dira 30 egun baliodunez. Horretarako, iragarki bana argitaratu zen 2025eko 98. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 20koan, eta Diario de Navarra egunkarian, 2025eko maiatzaren 21ean, eta, orobat, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren webgunean argitaratu zen. Halaber, informazioa Murillo El Cuendeko Udalari bidali zitzaion, epe horretan jendaurrean jar zezan.

2025eko ekainaren 22an, Jose Javier De Silva Mendaro jaunak alegazio bat aurkeztu zuen, bi puntutan banatua:

–Batetik, ohartarazi zuen akats bat dagoela ukitutako lurzatiaren titulartasunean (Murillo El Cuendeko 9. poligonoko 72-A lurzatia), eta, ukipenaren gaineko dokumentazioa osatu gabe dagoela iritzirik, zuzentzeko eskatu zuen.

–Bestalde, adierazi zuen lurzati horretan berean biometanoa sortzeko instalazio bat izapidetzen ari dela, eta jendaurrean jarritako agirietan azaltzen den kanalizazio elektrikoak eta haren zortasunak instalazio horren diseinua baldintzatuko dutela; horregatik, eskatu zuen "kanalizazioaren trazadura aldatzea, Mairagako Mankomunitatearen hornidura-hoditik 3 metrora egon dadin, harekiko paraleloan".

Alegazioari erantzunez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak honako hau adierazi zuen txosten batean:

–Lurzatiaren titulartasun zehatzari dagokionez, egon litezkeen akatsak desjabetze-prozeduran ebatziko dira, zeina onura publikoa zehazki deklaratzearen ondorio baita.

–Uste da ukipenak behar bezala definituta daudela jendaurrean jarritako agiri teknikoan nahiz ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendan.

–Kanalizazio elektrikoaren trazadura aldatzeko eskaerari dagokionez, sustatzaileak alegatu du arrazoi teknikoak direla-eta ezinezkoa dela eskatutakoa betetzea, eta adierazi du nolanahi ere kanalizazioa 1,5 metroko sakoneran eraikiko dela; hortaz, ez da eragotziko finka nekazaritzarako erabiltzea edo etorkizunean eraikuntzak egitea.

Aldi berean, Murillo el Cuendeko Udalari kontsulta egin zitzaion, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 146. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eta ez da haren txostenik jaso.

Horregatik guztiagatik, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala bete dela, eta proposatu du espedientea onura publikokoa dela zehazki deklaratzea, Energías Renovables Arnetum SLren alde.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Instalazioaren onura publikoa zehazki deklaratzea, bat etorrita Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin; hori horrela, enpresa eskatzailea onuraduna izanen da desjabetze-espedientean. Ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda 2025eko 98. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 20koan, jendaurrean jartzeko, eta ebazpen honen eranskinean azaltzen da, aldaketarik gabe.

2. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Energías Renovables Arnetum SLri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio-bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espedientearen kodea adierazi beharko da.

5. Ebazpen hau Murillo el Cuendeko Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen jurisdikzio-ordenari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 12an.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

ERANSKINA.–5232-CE ESPEDIENTEAK UKITUTAKO ONDASUN ETA ESKUBIDEEN ZERRENDA, HAREN ONURA PUBLIKOA ZEHAZKI DEKLARATZEKO

TITULARRA

KATASTROKO DATUAK

UKIPENAK (erdi-tentsioko lurpeko linea)

OHARRAK

Udalerria

Pol.

Lurz.

Lur mota / Laborea

Kanalizazioaren luzera
(m)

Kanalizazioaren zabalera
(m)

TZaren okupazioaren azalera (m²)

Silva Mendaro Javier y Luisa Fernanda CB

Murillo el Cuende

9

72-A

Lehorreko lurra

124

0,5

62

Kanalizazioa lur azpitik eginen da, 1,5 metrora, gutxienez.

Iragarkiaren kodea: F2510968