1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
686E/2025 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Ergoiengo udal plan orokorraren ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Ergoiengo Udala da.
1. Ingurumen-izapidetzea.
Hirigintza Atalak Ingurumen Ebaluaziorako Atalari igorri dio Ergoiengo Udalaren hirigintza-planari buruzko dokumentazioa.
Ergoiengo hirigintza-plana 2021eko ekainaren 21ean onetsi zuen hasiera batean Udalak, eta jendaurrean paratu zuen iragarkia argitaratuz Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2022ko uztailaren 14an, 140. zenbakian.
Honako agiri hauek osatzen dute espedientea: memoria, hirigintza-araudia, planoak eta ingurumen-azterketa estrategikoa.
Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txostena egin zuen 2022ko abuztuaren 5ean, Udalaren hirigintza-planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoarekin jarraitzeko gehitu beharreko ingurumen-ohar batzuk adieraziz.
Oraingo eskabidean, Ergoiengo Udalak 2023ko ekainean agiri tekniko aldatuaren proiektua behin-behinean onartzeko aurkeztu zuen dokumentua barruratu da.
2. Udalaren planaren laburpena:
Hirigintza-planaren azterketak, diagnostikoak eta proposamenek udalerri osoari eragiten diote; udal-mugarteak 41,80 km²-ko azalera dauka, eta bi eremutan banatzen da: bata, biztanleguneak daudenekoa, Sakanako korridorearen hegoaldean, eta bestea, Aralarko magaletan hedatzen dena, iparraldean.
Lurraldearen egitura organikoari eutsi zaio, oro har, hiru landagunez osatuta dagoela, hain zuzen ere, Lizarraga, Unanu eta Dorraoz, eta hiruretan hazkunde antolatuak eta etorkizuneko beharretara egokituak aurreikusi dira.
Hiri-eredua:
Lurralde-okupazioaren estrategian eta ereduan (LOEE) proposatutako udal-ereduan, hiru aukera aztertu ziren eta 2. zenbakikoa hautatu zen herritarren parte-hartzeak berretsita. Hautaketa horren ondorioz, bizitegi-garapena gaur egungo biztanleguneen mugakide diren eremuetan begiz jo da, Lizarragako ipar-ekialdean eta Unanuko ipar-mendebaldean; Dorraon, berriz, indarrean dagoen plangintzari atxikita garatzen ari diren unitateei dagokie, batez ere. Hiri-lurzoruaren (finkatuaren eta finkatugabearen) eta lurzoru urbanizagarriaren antolamendu-proposamenean, gehienez ere, 180 etxebizitza berri proposatzen dira. Tipologia nagusia familia bakarreko etxebizitza atxikiak edo bakanak dira, horixe baita landa-eremuan gehien eskatzen den etxebizitza-mota.
Jarduera ekonomikoetarako eremuak/lurzoru industriala: udal-plan honetan lurzoru urbanizagarri finkatugabea eta birsailkatua da nagusi, hala nola Zalduko zubiko poligonoa (4A sektorea, 2. poligonoko 91. lurzatia) eta Arangorrieta-Inox Naparra poligonoaren iparraldeko esparrua (4B sektorea).
Komunikazio-sistema: egungo komunikazio-sareaz gain, planak Lizarragako saihesbidea proposatzen du, bai eta NA-120 eta NA-7100 errepideen arteko lotura-bidea ere, Zalduko zubiko poligonoaren ondotik igarota.
Landa-lurzorua:
Babestutako lurzoru urbanizaezinean, besteak beste, honako kategoria hau ezarri da:
a) «Ingurumen-balioko lurzorua»:
– Naturagune babestuak: Natura 2000 Sareko «Urbasa-Andia mendilerroa» (ES2200021) eta «Aralar mendilerroa» (ES2200020) kontserbazio bereziko eremuak. Azken horren barruan, «Puttarri» natur erreserba (RN-7) eta haren babes-eremu periferikoa daude.
–Lurralde-konektibitatea: Beriain mendiaren hegoaldeko magala aintzat hartu da.
–Ibai-ingurunea: ibilguen eta ibaiertzen sistema.
b) –«Ustiapen naturalean baliatzeko lurzoruak»:
–Onura publikoko mendiak.
c) «Kultura-balioko lurzorua»:
–Abelbide edo altxonbideak: Taustetik Urbasa-Andimendira doan errege-abelbidea.
–Aztarnategi arkeologikoak.
d) «Arriskuak prebenitzeko lurzorua: urpean gera daitezkeen eremuak».
e) «Paisaia-balioko lurzorua»:
–«Beriain mendilerroaren» paisaia berezia.
–"Urbasa-Andimendiko malkarrak" eta "Aralarko malkarrak" paisaia naturalak.
– Kontserbatzeko lurzoru urbanizaezinean, honako kategoria hauek nabarmentzekoak dira:
Ingurumen-balioko lurzorua:
–Baso-lurzorua.
–Hezeguneak eta ibai-ingurunea.
Ustiapen naturalean baliatzeko lurzorua: laborantzan edo larratzen jarduteko balio ertainekoa.
3. Ingurumen-ebaluazioa:
Hiri-eredua: Aurreikusi diren zabalkuntzak eta horien hirigintza-garapenak hiri-lurzoruen ondokoak dira, batez ere, nekazaritza- edo abeltzaintza-erabilerako lursailen gainean, eta, beraz, ez da ingurumen-eragin nabarmenik atzematen. Lizarragan, SR-L1 eremuan aurreikusitako handitzeak kanpoan utzi du erreka (1. poligonoko 36B azpilurzatia) eta ibilgu ireki gisa eutsiko dio. Unanun, 10. poligonoko 199B lurzatian proposatu den bizitegi-garapenak gaur egun larre erabilera du, % 20ko desnibela eta 15 metrotik gorako sestra-aldeak; beraz, ez die natura-balio aipagarriei eraginen, ez bada topografiaren balizko aldaketa; izan ere, jarduketa horrek malda handiko ezpondak edo harri-lubetak sor ditzake, landareztatzea edo ingurumen-integrazioa izugarri zailtzen edo ahalbidetzen ez dutenak (horri dagokionez, baldintza bat jaso da ebazpen honetan).
Jarduera ekonomikoetarako eremuak, hala nola Zalduko zubiko industrialdea (4A sektorea) eta Arangorrieta-Inox Naparra industrialdea (4B sektorea), dagoeneko onartuta dauden aldaketetatik datoz. Zalduko zubiko poligonoak Zalduko erreka du mugakide, eta horixe da balio ekologiko nagusia. Arangorrieta-Inox Naparra industrialdea (4B sektorea) "Aralar mendilerroa" Kontserbazio Bereziko Eremuaren mugakidea da; beraz, garrantzitsua da Quercus robur hariztiari eta KBE horretako balio ekologikoei kalterik ez egitea.
Ingurumen-alderdi onuragarritzat nabarmendu behar ditugu dagoeneko planean jasota dauden neurriak , eraikuntzari eta urbanizazioari buruzko araudiaren eta ordenantzen bidez ezarritakoak, hala nola eraikinen eraginkortasun energetikoa bultzatzea eta material nahiz energia berriztagarrien erabilera sustatzea helburu dutenak.
Landa-lurzorua. Ergoiengo udalerriko ingurumen-balio nagusiak bi kontserbazio bereziko eremuak (KBE), basoak, landazabala eta naturaguneak lotzen dituzten errekak dira, jarraian zehazten den bezala.
–Ingurumen-balioko lurzorua:
Naturagune babestuak: «Urbasa-Andia mendilerroa» eta «Aralar mendilerroa» KBEak eta «Puttarri» natura-erreserba (RN-7). Beriain mendiaren hegoaldeko magalak indartu egiten du naturagune horietarako lurralde-konektibitatearen eginkizuna.
Ibai-sistema: drainatze-sarea behar bezala irudikatu da kartografian: udalerriaren hegoaldean jariatzen diren Lezizako erreka eta Zurkilloko eta Euntzeko errekak eta iparraldean jariatzen den Lizarrustiko erreka egoki adierazita daude. Lezizako errekari dagokionez, ibaiertzeko landaretza zabala (lizarrak, makalak, sahatsak...) hazten dira eremuan; hortaz, konektore biologiko bikaina da.
Baso-lurzorua: hedadura nabarmena duten basoez gain, hariztiak eta zuhaixkez beteriko guneak ere badaude, belardien eta larreen nekazaritza- eta abeltzaintza-eremuan txertaturik (2. poligonoko 5., 3., 5B, 9., 37. eta B poligonoetako 2B, C, D eta I azpilurzatiak).
–Ustiapen naturalean baliatzeko lurzorua: («laborantzan edo larratzen jarduteko balio ertainekoa»). Ergoiengo landazabala dugu Sakanan hobekien kontserbatu denetako bat. Belardien, larreen eta haritz-zuhaiztien mosaiko hori nekazaritza eta abeltzaintzako erabileraren emaitza da, eta biodibertsitate handia du; bidenabar, kontserbazioaren eta ustiapenaren arteko koexistentziaren adibide garbia da. Kontserbatu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu da eta «ustiapen naturala baliatzeko» kategoria eman zaio; bestalde, hirigintza-araudiak landa-lurzoruan garatzen diren eraikuntza eta instalazioen prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak jaso ditu (75.4 artikuluaren bidez – «Jarduerak eta erabilerak erregulatzeko arau orokorrak» –). Horri esker, lurzoruaren balio ekologikoari eustea izanen da, eta, zehazki, heskaiak, zuhaiztiak eta errekak lotzen dituen sareari.
Landa-lurzoruaren antolamendua babestu eta zaindu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa kategorizatzean datza udalerri osoan, lurralde-diagnostikotik abiatuta eta espazio babestuak nahiz ingurumen-balioa dutenak identifikatuta. Lurzoru urbanizaezina kategorizatzeko proposamena bateragarria da dauden balioekin.
Udal-planak zonakatze akustikoa dakar (6. planoa, antolamendukoa), Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala.
Argi-zonifikazio bat ere badakar (7. planoa, antolamendukoa) gaueko ingurunea babesteko, eta argiteria publikoaren baldintzak hirigintza-araudian (9. artikulua). Horrek ingurumen-garrantzia du, argi-kutsadurak eragin baitiezaioke mugakidea den Natura 2000 Sareko faunari. Azken estrategia eta azterketen ondorioek –adibidez, 2022ko maiatzean argitaratutako «Estrategia Pirenaica para La Noche (E-PLN)» izenekoan – iradokitzen dutenez, beharrezkoa da kanpoko argiak egokitzea, uhin-luzera laburreko argia (urdina) mugatuz, horixe baita kaltegarriena gauean (horrela, 2.200 K edo gutxiagoko kolore-tenperatura duten lanparak erabiltzea gomendatzen da). Pirinioetako Estrategiak dioena aintzat hartuta, gomendio bat jaso da ebazpen honetan.
Ingurumen-ebaluazio honetan ondorioztatzen da araudian behar bezala jorratu eta jaso direla udalerrian dauden ingurumen intereseko balio nagusiak, eta landa-lurzorua lurzoru urbanizagarri bihurtzeko aurreikusitako aldaketak ez dituela izanen ingurumen eragin nabarmenak.
Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura behar bezala garatu dela kontuan hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Ergoiengo Udalaren hirigintza-planari buruzko aldeko txostena egin du.
Adierazitakoarekin bat etorriz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Sektore Publiko Instituzionalaren martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duenak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Ergoiengo Udal Plan Orokorrari buruz. Ergoiengo Udala da planaren sustatzailea.
2. Plana garatzean, ingurumen-azterketa estrategikoan ingurumena babesteko dauden irizpideak kontuan hartu beharko dira, bai eta honako hauek ere:
–Arangorrieta-Inox Naparra poligonoaren (4B sektorea) mugakide den eremuan, Kontserbazio Bereziko Eremuari ez eragitea ziurtatuko da.
–Udalerriaren zati handi bat Natura 2000 Sarearen barruan dagoenez, herrietatik oso gertu, honako hau kontuan hartzea gomendatzen da:
- Kanpoko argiterian, argi-puntuek igorritako goiko hemisferioko fluxuak (FHS) % 1ekoak edo txikiagoak izanen dira, eta ahal dela, uhin laburreko argia (urdinak) mugatzen duten lanparak erabiliko dira, argi-mota hori kaltegarriena baita gaueko ingurunean.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Ergoiengo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko uztailaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2510188