168. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa, Trafikoa arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2025eko maiatzaren 28an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea 22. eta 46. artikuluen aldaketa, Trafikoa arautzen duen udal ordenantzan.

Aldaketa honen hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko aldiaren iragarkia argitara eman zen 2025eko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 17an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko aldian ez zitzaion alegaziorik aurkeztu. Hala bada, behin betiko onetsirik gelditu da, honekin batera ematen den testuaren arabera, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Argitara ematen da, bete beharrez ezarrita dagoena uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta aplikatzekoa den gainerako legedian.

Aldaketa egin ondoren Trafikoa arautzen duen udal ordenantzaren 22. eta 46. artikuluetan, honela idatzirik gelditu dira:

"22. artikulua. Monopatinak.

Monopatinak eta gisako aparatuak kirolerako soilik erabiltzen ahalko dira, horretarako berariaz seinalatu diren eremuetan. Monopatinak ez dira erabiltzen ahalko ez espaloietan, ez oinezkoendako eremuan, ez eta bidegorrietan ere.

Inguruko bizilagunei eragozpenak sortzeagatik bizikidetza liskarrik izan ez dadin, skaterrek bete beharko dituzte Udalak skate eremurako finkatzen dituen ordu eta arauak, eta, betiere, udaltzainek egindako ohar eta errekerimenduak.

Inoiz ez da baimenik emanen patinak, monopatinak edo gisako aparatuak erabiltzen dituztenak beste ibilgailu batzuei lotzeko edo halakoek herrestan eramanak izateko.

Betiere, Eguesibarren barna monopatinak eta gisakoak erabiltzen dituen orok kasko babeslea erabili beharko du nahitaez.

22.1 artikulua. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI).

Propultsio elektrikoko monopatinak, patineteak, patinak eta gisako aparatuak ezin izanen dira erabili ez espaloietan, ez oinezkoendako eremuetan, ez eta parkeetan ere. Mota horretako ibilgailuetan pertsona bakarra mugitzen ahalko da, eta gehienez ere 25 km/h-ko abiaduran zirkulatuko du. MPIak, nahitaez, honako hauek izan beharko ditu: freno-sistema, aitzineko eta atzeko argiak eta katadioptriko islatzaileak, freno-sistema eta txirrina. Halaber, zirkulazio-ziurtagiri bat izan beharko du, QR kode baten bidez eskuragarri, frogatzeko MPIak gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen dituela, estatu mailan ezarritakoaren arabera (1. eranskina). MPIan mugitzen denak, gidatu bitartean, ezin izanen du jantzi entzungailurik, ez eta telefono mugikorrik erabili ere; gainera, kasko babeslea jantzi beharko du nahitaez, bai eta txaleko islatzailea ere, gauez eta ikuspen urriko egoeretan. Horrez gain, betiere izan beharko du erantzukizun zibileko aseguru bat, gutxienez 150.000 euroko estaldura izanen duena hirugarrenendako kalteetarako.

Inola ere ezin izanen dute 16 urtetik beheitikoek ibilgailu horietan zirkulatu espazio publikoetan barna. Mugikortasun murriztua duten pertsonek erabiltzen dituzten propultsio elektrikoko aparatuak salbuetsita daude artikulu honetan ezarritakoa betetzeaz.

46 artikulua. Arau orokorrak.

1. Udal Administrazioari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

Horren ondorioz, ez da zirkulazioa mozten ahal, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik paratzen ahal ere, halako baimenik gabe.

2. Gelditzean eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa oztopatuko, ez eta arriskurik sortuko ere bidearen gainerako erabiltzaileei; bereziki zainduko da nola uzten den, eta saihestuko da mugitzen hastea gidaria kanpoan delarik.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da. Debeku da 5,5 metrotik gorako luzera duen ezein ibilgailu aparkatzea Sarrigurengo Europar Batasuna, Nafarroako Erresuma, Espainia eta Olatz etorbideetan eta Bertiz, Badostain, Uralar eta Garajonay kaleetan.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartzeko eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko moduan, eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan. Orobat, ibilgailuek ezin izanen dituzte okupatu espaloiak edo oinezkoendako eremuak.

3. Gelditzea da ibilgailua 2 minutuz baino gutxiagoz ibilgetzea, jendea hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

4. Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilena kokatuko da ibilgailua.

5. Auto-taxiak eta alokatzen diren bestelako ibilgailu arinak Udal Administrazioak zehazten duen tokian eta berak dioen gisan geldituko dira; gainerakoan, ordenantza honetan orokorrean ezartzen diren arauei hertsiki lotuko zaizkie gelditzean.

Auto-taxiak erabiltzaileak eskatzen duen tokian gelditzen ahalko dira bezeroak hartu eta utzi beharrez, betiere trafikoari trabarik egiten ez badiote.

6. Autobusak, hiriko nahiz hiriarteko lineatakoak izan, udal agintaritzak espresuki zehazten edo seinalatzen dituen geralekuetan baizik ez dira gelditzen ahalko, bidaiariak hartu edo uzteko.

Modu osagarrian, hiri barneko garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa ezartzen diren geraleku-helmugetan eta erregulaziokoetan egoten ahalko dira.

Hiri garraioaren araua izanen da Iruñerriko Hiri Garraioaren Zerbitzu Publikoa arautzen duen ordenantzako aldaketaren testu bateginean jasorik dagoena, Iruñerriko Mankomunitateak onetsi baitzuen.

7. Eskola garraioaren eta haren geralekuen kasuan, 443/2001 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da.

8. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, betiere zirkulazioak eraginda ez bada.

9. Gidariek ez dute zilegi izanen ibilgailua geldirik edo aparkaturik uztea motorra pizturik dagoela, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

10. Gidariek hogei zentimetro baino gutxiagoko tartea utzi beharko dute espaloiko zintarriaren eta ibilgailuko gurpilen kanpo aldearen artean.

Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

11. Udal Administrazioak aparkatze mugatuko araubidea ezartzen ahalko du halako eremu batzuetan, doakoa nahiz ordainpekoa, parkimetroen edo beste edozein sistemaren bidez arautua, trafikoa antolatzeko edo hautatzeko, edo aparkatzeko tokien banaketa bidezkoa bermatzeko.

12. Txandaka aparkatzeko eremuak ezarriko dira interesguneetan. Aparkatzeko toki horiek araututako ordutegiaren barnean erabiltzen ahalko dira, berezko seinaleak izanen dituzte, eta arrosa koloreko bide-markak. Bertan aparkatutako ibilgailuei isuna jartzen ahalko zaie, baldin eta ezarritako gehieneko denbora gainditzen badute.

1. eremuan (dendak) sartzen dira Nafarroako Erresuma, Europar Batasuna, Espainia eta Erripagaña etorbideak, eta han aparkatzen ahalko da 30 minutuz gehienez. Ordutegia izanen da astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:0etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan eta jaiegunetan, 09:00etatik 14:00etara.

2. eremuan (zerbitzuak) sartzen dira Espainia etorbidea eta Garajonay kalea eta eraikin publikoen ingurua, eta han aparkatzen ahalko da 90 minutuz gehienez. Ordutegia izanen da astelehenetik ostiralera, 07:30etik 14:30 arte.

Ordutegi horietatik kanpo nahieran aparkatzen ahalko da."

Sarrigurenen, 2025eko abuztuaren 4an.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.

Iragarkiaren kodea: L2510538