168. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXALAR

Aldaketa, Ehizaren kudeaketari buruzko ordenantzan. Behin betiko onespena

Etxalarko Udalak, 2025eko maiatzaren 15ean eginiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ehizaren kudeaketari buruzko udal ordenantzaren aldaketa.

Onespenaren erabakia 2025eko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 29an.

Jendaurreko epea iragan denez eta aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, behin betiko onetsita gelditu da aldaketa, eta ordenantza ondoren ematen den moduan geratu da; hori dena, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion idazketaren arabera.

Etxalarren, 2025eko uztailaren 29an.–Alkatea, Xabier Etxarte Miquelestorena.

ETXALARKO USATEGIEN KUDEAKETARI BURUZKO ORDENANTZA

Hitzaurrea.

Agiri honen bitartez oinarriak ezarri nahi dira Etxalarko ehiza barrutiaren funtzionamendu egokirako eta, zehatzago, Iarmendi alderdiaren erabilerarako (ehiza eta turismoa).

Helburuak.

–Iarmendiko ehizagunea antolatzea.

–Ehizako aprobetxamendu bakoitza erabilera publikoarekin batera arautzea.

–Ehiza jarduerak zuzen gauzatu eta antolatu direla arduratzea.

–Lizaieta-Iarmendiko mendilerro osoa behar bezala edukitzea garbitasunaren eta seinalizazioaren aldetik.

–Iarmendiko ehiza gunean zaintzailea paratzea araudia behar den bezala betetzen dela bermatzeko.

–Eremuan ekipamenduak (adibidez aparkalekuak) jartzea bisitarien eskaerak betetzeko.

Aplikazio eremua.

Arautu nahi den eremua Etxalarko iparraldean dago, NA-10384 ehiza barrutiaren barrenean, eta Lizaieta-Iarmendi-Lakain hartzen du bere baitan. Iarmendin daude Etxalarko usategiak, bai sareak dituztenak, bai eskopetarekin ehizatzeko postuak ere, uso-ehizarako.

Kudeaketa organoak.

Gaur egun, indarra duen Foru Legean (17/2005 Foru Legea) eta haren ondorengo dekretuan (48/2007 Foru Dekretua) adierazten da ehiza barruti batean ehiza aprobetxamenduaren titular bat baino gehiago egon daitezkeela, eta, hala bada, kudeaketa toki entitateari dagokio.

Horretan oinarrituta, Etxalarko Udalari dagokio Etxalarko tokiko barrutiaren ehiza-aprobetxamenduak esleitzea.

Iarmendi mendia kudeatzeko, ezinbertzekoa da Sarako Udalarekin zuzeneko lankidetza izatea, eta, horregatik, 2011tik urtero hitzarmen bat sinatzen dute Etxalar eta Sarako Udalek, sare bidezko ehizari buruzkoa. Halaber, kontuan izan behar da Etxalarko usategiak kultura-intereseko ondasun izendatu zirela, kultura-paisaia kategoriarekin, Nafarroako Gobernuaren 2010eko martxoaren 15eko Erabakiaren bidez.

Kudeaketaren eta aprobetxamenduaren irizpideak.

–Ehizagunea erabiltzeko.

Etxalarko NA-10384 ehiza barrutian, eta horren kudeaketa arautzen duen Ehiza Antolatzeko Planean (hemendik aitzin, EAP) bildutakoan oinarriturik, 4 aprobetxamendu bereizten dira:

  • 1. aprobetxamendua: usapala; ehiza barrutiaren titularrak kudeaketa zuzena eginen du. Kontuan hartu behar da Sara herriarekin gorde beharreko harreman estua, aprobetxamendu hori bi herrietako ehiztariek partekatzen baitute, eta urtero frontea aldatu edo txandakatzen da (Lizaieta-Usategiak eta Usategiak-Lakain). Postuak mendilerroaren zehar paratuko dira, Frantziako mugaren ondoan, 49. mugarritik Lizaietaraino, ohi den bezala, eta postuen kokapena Ehiza antolatzeko planean zehaztuko da.
  • 2. aprobetxamendua: usoa eta birigarroa, Iarmendiko frontean, enkantearen bidez. Postuen kokapena ohikoa izanen da, sareak erabiltzen ez diren kasuetan ezik; kasu horietan, sareen atzeko aldean dauden postuak ez dira eraginkorrak. Sareak martxan ez daudenean, bi postu jarriko dira mugaren ondoan, EAPean ezarri bezala.
  • 3. aprobetxamendua: sare bidezko ehiza (usoak eta txolomak), aprobetxamenduaren titularrari zuzenean esleitua, edo, ifz aurkeztuta, usazaleen elkarteari, hala balegokio. Kontuan hartu behar da Etxalarko eta Sarako udalen arteko harremana, lehenak kanon bat ordaintzen baitu Sarako herri lurrak erabiltzeko sare bidezko ehizarako. 2 eta 3. aprobetxamenduak elkarrekin erlazionaturik daude; izan ere, sareko ehiztariek ehizarik egiten ez badute, eskopetako zenbait postu, sareen atzean daudenak hain zuzen, ezin daitezkeelako erabili. Orobat, adierazi behar da sare bidezko ehiza hobesten dela, eta horretarako korneta erabiltzen jarraituko da.
  • 4. aprobetxamendua: lurralde osoa eta ehizako espezie guztiak, aurreko puntuetan aipatutako aprobetxamenduak ezik, Etxalarko usoa ehiza elkarteari zuzenean esleitua.

–Erabilera publikoa Iarmendin.

Erabilera publikoko eta turismoko jarduerak gauzatu eta garatzeko, une oro ehizaren jarduera errespetatuko da, bai eskopetakoa bai sarekoa.

Ekipamenduen eta zerbitzu publikoen artean Usategietako eta Lizaietako aparkalekuak daude.

Ehizako denboraldian bertan (ohituraz, urriaren 1etik azaroaren 20ra), Lizaietatik Nabarlatsa-Atxuria aldera abiatzen den bidea egokituko da, ibilgailuendako trafikoa debekatuz. Bertze bi puntutan oinezkoen joan-etorriak debekatuko dira, segurtasun arrazoiak direla eta, ehiza eremuan baitaude. Barruti horretan, ehiztariak eta usazaleak bertzerik ezin da sartu. Halaber, GR-11 desbideratuko da. Hori guztia behar bezala seinaleztatuko da.

Puntu horretan, kontuan izan behar da eremu horretan ingurumena eta hegazti migratzaileen interpretazio-zentroa ezartzea aurreikusten dela, Etxalarko Udalak sustatua. Aurreikuspenen arabera, eginen diren jardueren artean, bisita gidatuen zerbitzua emanen da inguru horretan. Kasu horretan, bisita gidatuak egiten dituzten pertsonak baimenduta egonen lirateke aurreko paragrafoan adierazitako esparrutik sartzeko, horretarako onartzen diren baldintzetan.

Turismoari dagokionez, Sarako eta Etxalarko udalen eskumena da hura bultzatzea. Sare bidezko ehizaren esleipena hartzen duenak turismorako aprobetxatu ahalko ditu bere instalazioak; hala ere, kontuan hartu beharko du Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean xedatutakoa, bertan arautzen baita Kultura Intereseko ondasun deklaratuak babesteko araubidea.

–Zonifikazioa.

3 eremu aurreikusi dira: sare bidezko ehizarena, eskopeta bidezko ehizarena eta ibiltzeko eremua, erabilera publikokoa.

1.–Sare bidezko ehiza eremua.

Mugak ongi zehazturik ditu: ekialdean, alanbreduna eta itxia, trepa "Nagusia"tik abiatuta, Lizaieta-Nabarlatsako bidea itxi eta hegoaldera jarraitzen du, usazaleek mugarriraino egindako itxituratik. Itxitura horrek hegoaldetik mendebaldera jarraitzen du; ehiza postuak itxituratik kanpo geratu dira, eta usazaleek landatutako zuhaitzak, berriz, barnean. Mendebaldean, orobat, "Haritza" trepatik usazaleen txabolaraino doan hesi bat ere badago, iparraldetik hegoaldera. Muga horien barruan geratzen dena sare bidezko ehizaren eremua da, eta usotarako behar diren trepa guztiak Sarako herri-lurren barnean daude.

2.–Eskopeta bidezko ehiza eremua.

Sare bidezko ehiza eremuaren atzean dago, eta Lizaietaraino doa mendilerrotik. Eremu hau kartelen bidez identifikatuta dago eta jakinarazten da arriskuen inguruan, baita eremu desberdinetara joateko bideen inguruan ere.

3.–Ibiltzeko eta erabilera publikoko eremua.

Etxalarko Usategietara iristeko bi modu daude: bata, Lizaietako lepotik, eta bertzea, berriz, Usategien aparkalekutik, lehenagoko Usategietako Fondaren ondotik.

Usategietako aparkalekuan badago kartel bat eremuari buruzko informazioarekin, eta handik abiatzen da Etxalarko Usategietara doan bidezidorra. GR-11rekin eta Lizaietako bidezidorrarekin ere bat egiten du.

Lizaietan aparkaleku zabal bat dago, eta horrek ere badauka kartel bat inguruneari buruzko informazioarekin. Handik abiatzen da Etxalarko Usategietara doan bidea, eta, Idoikua eta Belata trepen atzetik pasata, Txorilepora iristen da; bertan, bidea mozturik egonen denez, eskuinean dagoen bidezidorrari jarraikiz egin behar da aurrera, tiro postuen atzetik alegia, usazaleen txabolaraino eta sareetaraino iristeko. Txabolaren ondoan bide-adar bat ateratzen da, eta horretatik doa GR-11 bidea, 50. muga edo Nabarlatsaraino.

ETXALARKO IARMENDIKO EHIZAREN KUDEAKETARI BURUZKO ORDENANTZA

Aitzinsolasa

Etxalarko puntu erakargarrienetako bat da sare sistemaren bidez egiten den ehiza. Herriaren historiako zati bat da, eta hainbat mende lehenagokoak dira.

Araudia

1.–Aprobetxamenduak.

Etxalarko Udalak NA-10384 ehiza barrutia du osaturik bere eremuan, eta bi aprobetxamendu bereizten dira: Iarmendi mendia eta gainerako eremua.

Iarmendi mendiaren aprobetxamenduari dagokionez, Etxalarko Udalak urtero egiten du usategi-postuen enkantea, hegaztien udazkeneko migrazio-aldian ustiatzeko; era berean, hiru aprobetxamendu bereizi daude:

1) Usapal-ehiza eskopetaren bidez, Udalak eguneroko zozketaren bidez esleituko duen postu finkotik. Une honetan, usapal arruntaren ehiza murriztuta dago eta, beraz, ezin da ehizaki mota hori egin, harik eta berriro ehizatzea erabat baimenduta dagoen arte.

2) Uso-ehiza eta birigarro-ehiza eskopetaren bidez, Udalak urtero zozketatzen dituen postuetatik, migrazio sasoirako.

3) Uso-ehiza sare sistemaren bidez; mota honetarako, Udalak zuzenean esleitu ahalko du aprobetxamendua sareetako titularraren alde.

2.–Postuak egokitzea eta esleitzea.

Udalak postuak zehaztu eta egokituko ditu, EAPean adierazten den bezala, usazaleen ehiza eta lana trabatu gabe.

Iarmendiko fronteko uso postuak enkantea eginez esleituko dira Udalak urtero ezarritako baldintzetan.

Lehenengo enkantean posturen bat esleitu gabe gelditzen bada, dagokion sesta-aldia amaitu ondotik, bigarren enkante bat eginen da, eta bertan, hala badagokio, sestaren xede izan diren postuak eta lehenengo enkantean esleitu gabe geratu diren postuak sartuko dira, enkantean egon zen irteera-prezio berarekin. Bigarren enkantea egin ondotik oraindik posturen bat esleitu gabe badago, Udalak egoera baloratuko du eta horri buruz egokitzat jotzen duen ebazpena hartuko du.

Lanpostu bakoitzeko hiru txartel emanen dira. Txartel horiek postu horretan bakarrik ehizatzeko baimena egiaztatzen dute, eta txartel horiek ez dira erabili beharko esleitutakoa ez den bertze postu batean ehizatzeko.

3.–Okupazioaren baldintzak eta postuen forma.

Postu bakoitzean ezin da hiru ehiztari baino gehiago egon.

Egurrezkoak izanen dira postuak, eta haietako bakoitzak lau zati izanen ditu. Bazterrak nolakoak, halakoa postuaren itxura, eta hori ezin izanen da aldatu.

Postuak 1,70 m garai izanen dira, beren oinetik neurtuta. Ezin da paletik paratu. Postuaren bizkarraldeak postu horrekiko paraleloan egon beharko du (postuko piketetik izkinetara 1,20 metro gehienez).

Norbaitek estalki bat egin nahi badu bizkar baten ordez, hura 3 metro luze, metro 1 zabal eta 2 metro altu izanen da (igeltseroaren aldamio bat). Edonola ere, EAPean postu bakoitza zehatz deskribatzen da, inguruak barne (zuhaitzen tamaina, distantziak zuhaitzetara, bideak eta beste batzuk), eta hartan ezarritakoa bete beharko da.

Ikusten bada denboraldian postuetan aldaketak egin direla, baimena emanen zaio ehizazainari lehengora ditzan.

Sareen bidez eta eskopetaren bidez ehizatzen dutenek postuak eta inguruak garbi utzi beharko dituzte egunero, jarduera bukatutakoan, hau da, handik alde egin aurretik.

4.–Sare bidez ehizatzeko jardueraren baldintzak.

a) Aprobetxamenduaren titularrak sare bidezko ehiza gorde, babestu eta zaindu behar du, hondatu, deuseztatu eta gal ez dadin, betiere indarra duen legedia errespetatuz eta Ingurumeneko Departamentuak eta Etxalarko Udalak ematen dituzten kasuan kasuko jarraibideei men eginez.

b) Aurreko atalean ezarritakoa ez betetzea interes sozialeko arrazoia izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aprobetxamendua nahitaez desjabetzeko, Nafarroako ondasun kulturala babesteko araudiaren babesean.

c) Eskopeta bidezko ehiztariaren eskubideak nahitaez errespetatu behar dira.

d) Usazaleek, edo, bertzela, Usazaleen Elkarteak, trepatik adierazi beharko diete ehiztariei noiz eginen duten tiro eta noiz ez, korneta zenbait aldiz joz, zeren uso bakan batzuk iritsita, haien atzetik bando bat etor baitaiteke, edo bertze batekin lanean ari baitaiteke; orobat, usazaleek ez dute sarea botako usoak lau baino gutxiago direnean, eta, kasu horretan, tiratzaileei utziko dizkiete.

e) 14/2005 Foru Legeak ezarritako eginbeharrak ez betetzeak ahalmena emanen die dagokien administrazioei (Foru Komunitateko Administrazioa eta Etxalarko Udala), zuzenean eskua sartzeko, segituan horren berri ondasunaren titularrari emanez, baldin eta beharrezkoa bada ondasun horren kontserbaziorako edo babeserako.

f) Sareetan aritzen diren ehiztariek (usazaleek) garbi utziko dituzte postuak eta bere inguruak egunero, jarduera bukatutakoan, hau da, handik alde egin aitzinetik.

5.–Arauak ehiza postuaren esleipena hartu duenarendako.

a) Korneta jotze batek jakinaraziko die ehiztariei tiro egitea debekatuta dagoela eta postuan ezkutatu behar direla. Ehizaki bat hartzen ari badira postutik kanpo, ahalik eta lasterren ezkutatuko dira. Bi korneta jotze jarraituek esan nahi dute tiro egiten ahal dela libreki.

Korneta ezarriko da soilik 1-15 uso postuetan (biak barne).

b) Kornetak bi aldiz jo baino lehen tiro eginez gero (hau da, tenorez kanpo tiro eginez gero), tiro egiten duen pertsona barrutitik kanporatu ahal izanen du Udalak zaintzaile gisa kontratatutako pertsonak; Udalak zigorra ezarri ahal izanen dio, Iarmendi mendiko ehiza-jarduera eten dezan gertakariak gertatu diren egunaren gainerako egunetan. Kasu horretan, ezin izanen da okupatu tenorez kanpoko tiroagatik kanporatutako pertsonaren lekua eta pertsona horri dagozkion ehiza-eskubideak indarrik gabe geldituko dira egun horretarako.

Tenorez kanpo tiro egin duen pertsonak postua utzi nahi ez badu, udal-zaindariak postu horretan ehizan ari diren pertsona guztiak kanporatu ahal izanen ditu egun horretarako.

c) Debeku da arras Iarmendiko uso frontean edo haren inguruan sareen ehiza trabatzea, oztopatzea edo eragoztea, edota eskopetena postuetan.

d) Nork bere lekuan jarraitu behar du, isilean, eguneko ehizaldi osoan. Debeku da postutik kanpo gora eta behera ibiltzea, bandorik ez datorrela uste bada ere, bai eta egoteko tokia aldatzea ere, ondoko postuei eraginkortasuna eta segurtasuna kentzen baitzaizkie eta sare bidezko ehiza kaltetu. Debeku da postutik kanpo eta haren inguruenean armak zorrotik aterata ibiltzea, salbu eta postutik hurbil erori den uso bat biltzera joateko.

e) Egunsentia baino lehen ezin izanen da tiro egin. Gehiegizko altueran doazen bandoei tiro ez egitea gomendatzen da, gainerako ehiza-ontziei eragin dakizkiekeen kalteak saihesteko.

f) Postua esleitzen zaion pertsona izanen da Etxalarko Udalarekin edozein gorabeheraren erantzulea, esleitutako postua erabiltzeari eta ustiatzeari dagokionez. Hala, betebeharrak betetzen ez baditu, pertsona horrek zehapenak eta/edo isunak ezarri ahal izanen ditu.

g) Ehiza-zaintzaileak postutik kanporatu ahal izanen ditu txartelik ez dutenak edo bere betebeharrak betetzen ez dituztenak. Era berean, eskopeta duten ehiztariak postutik bota ahal izanen ditu, inguruko ehizari larriki eragiten dioten beste arrazoi batzuengatik; zalantzarik izanez gero, egoki deritzon erabakia hartuko du.

6.–Turismoa.

Paisaia ederra eta ezohiko ehiza jarduerak ikusi nahi izatera, pertsonak handik ibili ahalko dira, betiere ehizazainak ematen dizkieten jarraibideei eta bertan dagoen seinalizazioari kasu eginda.

Ingurumenaren eta hegazti migratzaileen interpretazio-zentrotik antolatzen diren sareen bidezko ehiza behatzeko bisita gidatuei dagokienez, hala bada, Etxalarko Udalak horretarako onartuko dituen baldintzetan eginen dira.

Nolanahi ere, ingurua bisitatzen duten pertsonek Udaleko zaindariak eman ditzakeen aginduak bete beharko dituzte eta inguru horietan dauden seinaleak errespetatu.

7.–Erantzukizunak.

a) Gerta litezkeen aurreikusi gabeko gorabehera eta kasu guztietan, sareekin ehizatzen dutenek zein eskopetarekin ehizatzen dutenek Etxalarko Udalak edo goragoko agintariek ebatzitakoa bete beharko dute, haien esku-hartzea beharrezkoa bada, ebazten dutenari, betiere kasu bakoitzari dagozkion prozedurei jarraikiz.

b) Etxalarko Udalak ez du erantzukizunik izanen ehiza-aprobetxamenduaren esleipendunek, eskopeta-postuetakoek zein sareetakoek, eragin ditzaketen kalte eta galerengatik.

c) Esleipendunak erantzunen du subsidiarioki bere postuan daudenek egindako arau-hauste edo erantzukizunengatik, betiere hor egoteko txartela badaukate.

8.–Arau-hausteak eta zehapenak.

8.1. Ehizaren arloko legerian (17/2005 Foru Legea, 48/2007 Foru Dekretua eta horien aldaketak) ezarritako arau-hauste eta zehapenez gain, zeinen zehatzeko eskumena Nafarroako Foru Administrazioaren erakunde eskudunei baitagokie, artikulu honen hurrengo puntuetan zehazten den arau-hauste eta zehapenen araubidea ezartzen da.

8.2. Arau-hausteak.

8.2.1. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat hartuko dira honako jarduera edo jokabide hauek:

a) Tenorez kanpo tiro egitea.

b) Ehiza-postua garbi ez uztea (kartutxoak, zaborra eta abar ez biltzea).

c) Etxalarko Udalak emandako txartelik ez duen postu batean ehizatzea.

8.2.2. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larritzat hartuko dira honako jarduera edo jokabide hauek:

a) Etxalarko Udaleko ehizazainak emandako aginduei jaramonik ez egitea, hau da, tenorez kanpoko tiroei eta uso-postuetako ehiza-txartelen kudeaketari buruz emandako aginduei jaramonik ez egitea.

b) Hiru arau-hauste arin pilatzea.

8.2.3. Arau-hauste oso larriak.

Arau-hauste oso larritzat hartuko dira honako jarduera edo jokabide hauek:

a) Hiru arau-hauste larri pilatzea.

8.3. Zehapenak.

Ordenantza honetako arau-hausteengatiko zehapenak honako hauek izanen dira:

8.3.1. Arau-hauste arinagatiko zehapenak:

a) Tenorez kanpoko tiroagatiko zehapena: tiroa egin duen pertsona ehiza-postutik kanporatzea eta Iarmendi mendian ehiza-jarduera etetea gertakariak izan diren egun horretarako.

b) Etxalarko Udalak emandako txartelik ez duen postu batean ehizatzeagatik zehapena: inplikatutako pertsona kanporatzea, bai okupatzen ari den ehiza-postutik, bai esleituta duen lanpostutik (azken kasu horretan, egun horretarako kanporatzea).

8.3.2. Arau-hauste larriengatiko zehapenak:

a) Etxalarko Udaleko ehizazainak emandako aginduei jaramonik ez egiteagatiko zehapena, tenorez kanpoko tiroei eta uso-postuetako ehiza-txartelen kudeaketari dagokienez: egun horretarako dagokion postuan ehizatzen ari diren pertsona guztiak kanporatzea.

b) Hiru arau-hauste arin pilatzeagatiko zehapena: ehiza-postuaren hiru txartelak kentzea hiru egunetan.

8.3.3. Arau-hauste oso larriengatiko zehapenak:

a) Hiru arau-hauste larri pilatzeagatiko zehapena: ehiza-postua denboraldi osorako desmuntatzea, kalte-galerak erreklamatzeko eskubiderik gabe eta enkantean esleitutako ehiza-postuagatik ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskubiderik gabe.

8.4. Zehapen arinak eta larriak ezartzea Etxalarko Udaleko Alkatetzaren eskumena izanen da, eta oso zehapen larriak ezartzea, berriz, Etxalarko Udaleko Osoko Bilkurarena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Aurreikusten ez den orotan, honako honi jarraituko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legea, Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legea eta gai horri buruz indarrean diren gainerako xedapenak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Araudi honek aurreko araudi guztia ordeztuko du indarra hartutakoan.

Iragarkiaren kodea: L2510609