Iragarkia
168. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
02/2025 FORU AGINDUA, uztailaren 28koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi baten oinarri arautzaileak onesten baitira, Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazioko unibertsitateko gradu titulua dutenentzako prestakuntza praktikoko beka bat emateko, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiko Europe Direct Nafarroa informazio-gunean aritzeko. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 847491.
Beka hauen helburua da Informazio eta/edo Komunikazio Zientzietako unibertsitateko gradu titulua dutenen prestakuntza sustatzea, Europe Direct Nafarroa informazio-gunean. Europako Batzordeak zerbitzu hori erabiltzen du herritarrei, instituzioei, organismoei eta administrazioei Europako gaiei buruzko informazioa, aholkuak eta laguntza emateko.
Batetik, onuradunek Europako instituzioei, Batasuneko politikei eta horiek Nafarroako errealitatean duten eraginari buruzko ezagutzak hobetzeko aukera izanen dute. Bestetik, Europako gaien ezagutzan espezializatzea bultzatu nahi da, eta, horrela, gai horiei buruzko informazioa gizarte osora zabaltzen parte hartu.
Helburu hauek lortu nahi dira:
–Gazteen prestakuntza sustatzea Kanpo Ekintzaren eremuan.
–Europari buruzko ezagutza praktikoa hobetzea Europe Direct Nafarroaren egoitzan.
–Ezagutza hobetzea Europar Batasuneko instituzioen funtzionamenduari buruz eta haren politikei eta ekintzei buruz.
–Europe Direct-en ohiko lanetan parte hartzea eta haren zeregin teknikoetan laguntzea: informazioa bilatzea eta materiala eta dokumentazioa prestatzea, Europar Batasunaren instituzio eta organoen bilera edo biltzarretara joatea eta txostenak, buletinak eta abar prestatzen laguntzea.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa eguneratzen duen Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Agindua eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 25eko 239/2023 Foru Dekretua,
AGINTZEN DUT:
1. Deialdi bat onestea, Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazioko unibertsitateko gradu titulua dutenentzako prestakuntza praktikoko beka bat emateko, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiko Europe Direct Nafarroa informazio-gunean aritzeko, 2025ean eta 2026an.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi horretarako, 19.800 euroko gastua onestea, honela finantzatuko dena:
–2025. urteari dagokion gastua, guztira 3.900 euro, ordainduko da Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Europe Direct informazio-gunerako bekak" izeneko B50003 B5200 4809 145102 partidaren kargura.
–2026. urteari dagokion gastua, guztira 15.900 euro, ordainduko da Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretan Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako honako partida honen baliokidea izanen denaren kontura: "Europe Direct informazio-gunerako bekak" izeneko B50003 B5200 4809 145102 partida. Betiere, baldintza izanen da horretarako kreditu egoki eta nahikoa egotea.
4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2025eko uztailaren 28an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
DEIALDIA, EUROPE DIRECT NAFARROA INFORMAZIO-GUNEAN ARITZEKO PRESTAKUNTZA PRAKTIKOKO BEKA BAT EMATEKO. OINARRIAK
1.–Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da 4.e oinarrian ezarritako unibertsitateko gradu tituluak dituztenentzako prestakuntza beka bat norgehiagoka araubidean emateko oinarri arautzaileak ezartzea.
Beka honen helburua da Europe Direct Nafarroa informazio-gunean unibertsitate titulua dutenen prestakuntza sustatzea. Zerbitzu hori Europako Batzordeak ematen du eta herritarrei, erakundeei, organoei eta administrazioei Europako gaietan informazioa, aholkularitza eta laguntza emateko xedea du.
Bestetik, Europako gaien ezagutzan espezializatzea bultzatu nahi da, bai eta gizarte osoari gai horiei buruz ematen zaion informazioan ere.
2.–Diru-zuzkidura.
Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak konpromisoa hartzen du onuradunari hilean 1.250 euro gordin emateko. Diru kopuru horiei pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura bidezko diren atxikipenak eginen zaizkie.
Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du bekadunen gizarte segurantzagatik egin beharreko ordainketa. Bekadunak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.
3.–Beken iraupena.
Bekak Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiaren ebazpenean adierazitako egunean hasiko dira, eta, hasiera batean, 12 hilabeteko iraupena izanen dute. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak proposatuta, luzatzen ahalko dira, aldi berdinetan, gehienez ere 3 urtez, hasierako aldia eta 2 luzapenak barne, aurrekontu-baliabideen arabera. Bekak luzatzen badira, ez da inola ere aldatuko haien izaera.
4.–Hartzaileek bete beharreko baldintzak.
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estatu bateko herritartasuna izatea. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak frogatu beharko du gaztelaniaz behar adina badakiela; hori frogatzeko, bada, titulu ofizial bat aurkeztu beharko du, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren araberako C1 mailaren baliokidea.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaituak ez egotea.
d) Nafarroan bizitzea deialdiaren argitalpen-eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.
e) Kazetaritzako edo Informazio Zientzietako eta/edo Komunikazioko espezialitate bateko unibertsitateko gradu titulua izatea, edo hura lortzeko moduan egotea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Atzerrian emandako tituluen kasuan, hezkuntza arloan eskumena duen ministerioaren homologazioa aurkeztu beharko da.
f) Eskatutako titulua eskuratua izatea prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.
g) B2 mailako ingeles maila dutela frogatzea, titulu ofizial baten bidez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (HEEEB).
h) B2 mailako euskara maila dutela frogatzea, titulu ofizial baten bidez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (HEEEB).
i) 30 urtetik beherakoa izatea.
j) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten ahal dionik.
k) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edo haren erakunde autonomoren batean prestakuntza bekarik jaso ez izana bi urterako edo gehiagorako.
5.–Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta bukatuko da, epea mugara iristen den hilaren barnean, argitaratze-egunaren zenbaki bera duen egunean.
6.–Aurkeztu beharreko agiriak.
1. Bekarako hautaketa-prozeduran parte hartzeko eskaera-orria, deialdiaren fitxan eskuragarri dagoena.
2. Indarreko NANaren edo pasaportearen fotokopia.
3. Eskatzen den ikasketa titulu ofiziala, non eta noiz eman zen adierazita.
4. Lortutako titulazioaren ikasketa espediente ofiziala, lortutako batez besteko nota jasotzen duena, 0tik 10era bitarteko eskalan.
5. Curriculuma, EUROPASS formatuan.
6. B2 mailako ingeles titulu ofiziala, edo maila altuagokoa.
7. B2 mailako euskara titulu ofiziala, edo maila altuagokoa.
8. Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.
9. Baldintzak eta aurkeztutako merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiri edo tituluen akreditazio ofiziala.
7.–Dokumentazioa aurkezteko modua eta tokia.
Eskaerak Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusira zuzenduko dira (Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua), eta, ahal dela, Internet bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/beca-de-formacion-para-personas-con-grado-en-ciencias-informacion-comunicacion-o-equivalentes-en-europe-direct-navarra-nafarroa-de-accion-exterior.
Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Tramitatzeko, ziurtagiri digitala, NANa+PINa, edo cl@ve erabil daiteke.
Hala egiterik ez badago, eskaerak aurkezten ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan.
Ez dira baloratuko, ez eta aintzat hartuko ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzean betetzen ez diren baldintzak eta merezimenduak, alegatu badira ere, ez eta agiri bidez argi eta garbi frogatzen ez direnak ere.
Epearen barnean aurkeztutako eskaerak ez badu eskatutako guztia betetzen, organo eskudunak errekerimendua eginen dio interesdunari, hamar egun naturaleko epean zuzendu dezan. Interesdunak hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin. Hau da, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, ez da merezimenduen gaineko inolako dokumentaziorik onartuko.
Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
8.–Merezimenduak: balorazio irizpideak.
Merezimenduak bi fasetan baloratuko dira:
–Lehen fasea:
Hautagaitzak baloratuko dira, baldin eta hautagaiek baldintza guztiak betetzen eta frogatzen badituzte. Merezimenduak honako puntuazio hauen arabera baloratuko dira:
LEHENENGO FASEA: MEREZIMENDUAK | BALORAZIOA | GEHIENEKO |
Komunikazioari eta/edo Europar Batasunari buruz egindako prestakuntza | 0,01 puntu, ikastordu bakoitzeko | 3 |
Ikasketa espedientea | Nota onena duenaren proportzioan | 2 |
Bigarren gradu titulua edo masterra | Puntu 1, Europako gaiekin zerikusirik ez badu | 3 |
3 puntu, Europako gaiekin zerikusia badu | ||
Graduondokoa Europako ikasketetan | 0,02 puntu, ikastordu bakoitzeko | 4 |
C1 mailako euskara titulua edo maila altuagokoa | 1 | |
C1 ingeles titulua edo maila altuagokoa | 1 | |
Frantses titulua | B2: 0,50 puntu | 1 |
C1: 0,75 puntu | ||
C2: 1 puntu | ||
GUZTIRA | 15 | |
–Bigarren fasea:
Aurreko fasean puntuaziorik handiena lortu duten 5 hautagaiei eginiko elkarrizketa pertsonal bat izanen da, 0 eta 5 puntu artekoa, eta honako hauek baloratuko dira:
BIGARREN FASEA-ELKARRIZKETA | BALORAZIOA | GEHIENEKO |
Komunikatzeko gaitasuna | 1 | |
Gai batzuei erantzutea | 1 | |
Problemak ebaztea | 1 | |
Elkarrizketa egin dionarekiko interakzioa | 1 | |
Frogatutako ezagutza espezifikoak | 1 | |
GUZTIRA | 5 | |
Interesdunei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da; horrenbestez, agertzen ez denak ezin izanen du beka eskuratu. Hautagairen batek prozesuaren fase honetan uko eginez gero, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio.
Elkarrizketa egiterakoan, ebaluazio batzordeak giza baliabideetako aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahalko du; aholkulari horien laguntza haien espezialitate teknikora mugatuko da.
Berdinketak ebaztea: puntu-berdinketarik gertatzen bada bekarako hautagaien merezimendu guztiak eta elkarrizketa batutakoan, ebatziko da elkarrizketa pertsonalean puntuaziorik handiena lortu duenaren alde. Berdinketa hausten ez bada, Europako gaietako prestakuntzari erreparatuko zaio. Horrela ebazten ez bada, berdinketa hizkuntzen puntuazioaren arabera argitu beharko da. Azkenik, berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak zozketa bidez ebatziko du.
9.–Izangaiak hautatzeko prozesua.
Ebaluazio batzorde batek eskaerak aztertu eta baloratuko ditu oinarri hauen 8. oinarrian ezarritakoaren arabera, eta emaitzei buruzko txostena emanen du, non honako hauek jasoko diren:
–Eskatutako baldintzak ez betetzeagatik baztertutako eskatzaileen zerrenda, bete ez den baldintza zehaztuta.
–Gainerako eskaern zerrenda, oinarri arautzaile hauetan adierazitako baremazio irizpideen arabera ordenatua.
Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:
–Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuko zuzendaria batzordeko burua izanen da; ordezkoa, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendaria.
–Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Ataleko burua batzordekidea izanen da; ordezkoa, Eskualdeen Arteko eta Mugaz Gaindiko Lankidetzaren Ataleko burua.
–Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari atxikitako APTa (arlo ekonomikoa); ordezkoa, Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Ataleko teknikari bat.
–Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua idazkaria izanen da; ordezkoa, Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako APT bat (arlo juridikoa).
Halaber, deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxan argitaratuko dira.
10.–Beka emateko ebazpena.
Deialdi honen 8. oinarrian adierazitakoaren araberako ebaluazioa bukatu ondoren, ebaluazio batzordeak hautatutako pertsonen aldeko proposamen loteslea igorriko dio organo eskudunari, beka jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazita. Onartutako pertsona guztiei emandako puntuazio osoa ere adieraziko da proposamen horretan.
Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia da laguntzak nori eman ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla. Hala ere, organo eskuduna behartua dago bekak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
Onuradun batek uko egiten badio bekari, edo beste arrazoiren bat tarteko, bekaren bat eman gabe geratzen bada, onuradun izan ez direnei emanen zaie, beka horietarako ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz.
11.–Baldintzak.
Onuradunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko. Gehieneko dedikazioa astean 30 ordu izanen da, ahal dela goizetan, baina litekeena da arratsaldez ere lan egin behar izatea, ekitaldietara joateko.
Beka jasotzeak ez du esan nahi entitatearekin lan edo administrazio zerbitzuak emateko harremanik dagoenik, eta ez du inolako lan konpromisorik sortzen bekaldia bukatutakoan.
Bekadunaren lanak tutore batek zuzendu eta gainbegiratuko ditu. Tutoreak deialdian eskatzen den titulazio bera edo altuagoa izanen du.
Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak beka kentzen ahalko du, errendimendu apala izanez gero praktiketako prestakuntza programa honen ikaskuntzan.
Bekari bekaldia bukatu baino lehen uko egin nahi izanez gero, onuradunak 15 egun natural lehenago jakinarazi beharko dio Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari. Betetzen ez diren aurreabisu egunak bekadunaren hileko ordainetik deskontatuko dira, edo bekadunari dagokion beste edozein eskubidetatik.
Ordezkoek betetzen ahalko dituzte bekadunek utzitako hutsuneak, ezarritako hurrenkerari jarraikiz. Kasu horretan, deialdian ezarritako baldintza beretan hasiko dira jardunean, hasiera batean aurreikusitako prestakuntzaldia bukatu arte.
Bekadunak ez du inoiz ere arriskutan jarriko Nafarroako Gobernuaren izen ona.
Bekadunak agiri bat sinatu beharko du bekaren baldintzak onartzen dituela adierazteko, eta horrela formalizatuta gelditu da Nafarroako Gobernuaren bekadun gisa aritzen dela.
12.–Beken onuradunaren betebeharrak.
1. Prestakuntza bekaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Beka emateko finkatutako betebehar eta baldintzak betetzea.
b) Beka bukatu aurreko hilabetean, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, dagokion tutorearen adostasunarekin.
c) Organo eskudunek eman den bekaren gainean egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin jasotako bestelako beken edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Emandako bekari berariaz uko eginez gero, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez jakinaraztea organo eskudunari.
f) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.
g) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.
h) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren barne araudia edo funtzionamendu araudia betetzea, han arituko baita.
2. Bekadunak ez baditu betetzen aipatu etebeharrak edo agintzen zaizkion zereginak, edo haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa edo ezdeusa badu, edo egiten dituen lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, interesdunari entzun ondoren.
Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, ezertan galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.
13.–Jarduerak eta tutoretza.
1. Bekadunen jarduera, oro har, Europe Direct Nafarroaren egoitzan beteko da, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Yanguas y Miranda kalea 27, 1. solairua, Iruñea).
Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere egin beharko dituzte, eta eskubidea izanen dute zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.
2. Hauek izanen dira Europe Direct-en egoitzan eginen diren jarduerak:
–1. eginkizuna: Herritarrei informazioa ematea, parte har dezaten.
Europe Direct-ek EBko gaien inguruko jarduerak egin beharko ditu jendearentzat, eta informazio eta parte-hartze jarduerak antolatuko ditu horretarako: askotariko ekitaldiak, tailerrak, herritarrekiko topaketak eta aurrez aurreko edo Internet bidezko bestelako interakzio ekintzak.
Europe Direct-ek informazioa emanen du oinarrizko zerbitzu gisa eta herritarren parte-hartze esanguratsurako aurretiko baldintza gisa. Horretarako, herritarrek benetan parte har dezatela lortzeko beharrezkoak diren informazio jarduera espezifikoak eginen dira, hala nola irakurketa garrantzitsuak, infografiak eta EBren eskumenei, politikei eta lehentasunei buruzko azalpen erabilgarriak.
–2. eginkizuna: Komunikabideekiko eta tokiko biderkatzaileekiko harremanak.
Europe Direct-ek aldizkako harremanak ezarri beharko ditu, eta komunikabideekin eta tokiko biderkatzaileekin lotura sendoak lortzen ahaleginduko da; zehazki, hauekin:
a) Tokiko prentsa eta horren kazetariak;
b) Tokiko telebistak eta horien batzorde editorialak;
c) Tokiko irratiak eta programak;
d) Sare sozialetako eragin-sortzaileak, eskualde jakin batean aktibo daudenak edo eskualderako garrantzizkotzat jotzen diren gaiez aritzen direnak;
e) Blogariak eta bideoblogariak, eskualde jakin batean aktibo daudenak edo eskualderako garrantzizkotzat jotzen diren gaiez aritzen direnak;
f) Bestelako tokiko biderkatzaileak edo iritzi liderrak.
Europe Direct-ek EBko politika eta lehentasunei buruzko informazio eta eduki egokiak emanen dizkie komunikabideei eta tokiko biderkatzaileei aldian-aldian, eta EBk jendearekin egiten dituen jardueretan horiek inplikarazten saiatuko da.
–3. eginkizuna: EBrekin lotutako gai garrantzitsuei buruzko informazioa toki mailan.
Europe Direct-ek EBko politika edo proiektuei buruz toki mailan dauden kezka edo pertzepzio esanguratsuak adieraziko dizkio Batzordearen Ordezkaritzari, baldin eta kezka edo pertzepzio horiek eragin negatiboa izan badezakete EBri buruz toki mailan dagoen iritzi publikoan, tokiko ikuspegi jakin batetik (herrialdeko gainerako lekuetako ikuspegiaz bestelakoa) Europar Batasunari buruz emandako informazio desitxuratu edo oker guztiak –kezka horiek eragiten dituztenak– barne hartuta.
Informazio okerra Parlamentuarekin, haren lanarekin edo diputatuekin lotuta badago, Europako Parlamentuaren Lotura Bulegoari emanen dio horren berri Europe Direct-ek.
Komisario batek edo goi mailako antzeko kargu batek bisita egin aurretik, Batzordearen Ordezkaritzak Europe Direct-i kontsulta egiten ahalko dio lekuan bertan dauden gai garrantzitsu zehatzei buruz, eta, hala bada, zentroak gai izan beharko du egoeraren laburpen zehatz bat emateko.
–4. eginkizuna: EB ikastetxeetan.
Europe Direct bere eragin eremuko ikastetxe eta institutuekin harremanetan jarri beharko da EBri buruzko material pedagogiko ofiziala sustatzeko, hala nola ikaskuntza eremuan, Parlamentuaren hezkuntza eta ikaskuntza orrian eta EBko instituzioek landutako beste material ofizial batzuetan ageri dena.
Europe Direct-ek ikastetxe eta institutuetako zuzeneko jardueretan eta irakasleen prestakuntzan ere parte hartzen ahalko du, arreta berezia eskainita hamabi urtetik gorako ikasleei.
Orobat, Europe Direct Europako Parlamentuaren Lotura Bulegoarekin lankidetzan arituko da gazteentzako jarduerak antolatu eta abiarazteko atazan, hala nola Gazteriaren Europako Ekitaldiarekin, Europako Parlamentuko Eskola Enbaxadorea programarekin eta Euroscola programarekin lotutakoak.
Gainera, Europe Direct-ek "Back to school" eta "Back to university" ekimenak babestuko ditu, EBko langileei hezkuntza instituzioetan sartzeko bidea errazteko.
Halere, ikastetxe eta institutuetako zuzeneko jarduerak ezin dira izan Europe Direct-en jarduera gehienak.
–5. eginkizuna: Sareen eskualdeko sare bat sustatzea.
Europe Direct-ek ikuspegi argia izan beharko du EBri buruzko beste hedapen edo informazio sare batzuek beren eskualdean, eremuan edo eragin eremuan duten presentziari eta misioari buruz.
Sareen artean harreman erregularrak sustatzean, Europe Direct-ek, tokian bertan dauden beste sare batzuekin batera, sare guztien eta horiek gauzatutako jardueren artean erreferentzia gurutzatuak egon daitezen zainduko du, herritarrei zerbitzu hobea eta sinpleagoa eskaintzeko eta eremuan estaldura hobea izateko.
14.–Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
Bekadunaren eginkizunak edo jarduerak Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta horiek izanen dira, hain zuzen ere, eginkizun edo jarduera horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionarioei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
2. Bekadunek eskubidea izanen dute apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Horren ondorioetarako, prestakuntzan aritzen direnek Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.
15.–Bateraezintasunak.
Deialdi honetako prestakuntza beka bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste beka batzuekin.
16.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri hauetan berariaz ezarrita ez dauden alderdiei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 4ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2510164
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
