167. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2168/2025 EBAZPENA, uztailaren 30ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita goi mailako teknikari zaharberritzaile lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdia. Zerrendetako bat prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko da, eta bestea aldi baterako kontratazioetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da onestea deialdi bat, xede duena hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzea: batetik, izangaien zerrenda bat, museoetako goi mailako teknikari zaharberritzaile lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestetik, izangaien beste zerrenda bat, aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza jaso nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Deialdi hau honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten da: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, zeinaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partzialki garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza eskaintzen baitira; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30ean 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoa den gainerako araudi oro.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Goi mailako teknikari zaharberritzaile lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdia onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Langileriaren Egitura, Plantilla eta Aldi Baterako Kontratazio Zerbitzuari, Langileriaren Prozeduren Kudeaketarako Zerbitzuari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta epaimahaia osatzen duten pertsonei jakinaraztea, dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2025eko uztailaren 30ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra (32/2023 Foru Agindua, abenduaren 11koa).

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, HAUTAPROBEN BIDEZ GOI MAILAKO TEKNIKARI ZAHARBERRITZAILE LANPOSTUA BETETZEKO BI IZANGAI ZERRENDA OSATZEKO: ZERRENDA BAT PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN ARITZEKO IZANEN DA, ETA BESTEA ALDI BATERAKO KONTRATAZIOAK EGITEKO

Honako hauek dira deialdiaren,

OINARRIAK

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da hautaproben bitartez goi mailako teknikari zaharberritzaile lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioetarako, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, Osasun Departamentuaren mendeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, langile finkoen zerrendak erabiliko dira, daudenak edo etorkizunean osatzen direnak, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartu nahi duten parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Onartuak izateko, deialdi honetan parte hartu eta prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda osatu nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea akitzen den egunean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, deialdi honen xede diren lanpostuena baino maila edo talde beheragokoa, eta eskubidez dagokion gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Bere lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Gazteriaren arloko goi mailako teknikari gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

e) Unibertsitateko gradudun titulu hauetako bat, edo baliokidea, izatea: Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko gradua; Arte Ederretako lizentzia, Kontserbazio eta Zaharberritze espezialitate/ibilbidean aipua izanda, edo Goi mailako Arte Irakaskuntzetako gradua, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzkoa. Titulua izan ezean, titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekina izatea, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

Titulu horiek ezin dira izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diotena.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko xedapenen babesean.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

g) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

2.2. Aurreko apartatuan jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozesu osoan, izendapenaren unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda ezin dute osatu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik kanpo dauden langileek ere.

Hirugarrena.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan parte hartu nahi duten parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

3.1. Onartuak izateko, deialdi honetan parte hartu eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda osatu nahi duten izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea akitzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Unibertsitateko gradudun titulu hauetako bat, edo baliokidea, izatea: Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko gradua; Arte Ederretako lizentzia, Kontserbazio eta Zaharberritze espezialitate/ibilbidean aipua izanda, edo Goi mailako Arte Irakaskuntzetako gradua, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzkoa. Titulua izan ezean, titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekina izatea, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko xedapenen babesean.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

3.2. Aurreko apartatuan jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozesu osoan, kontratazio-eskaintzaren unean eta kontratuak indarrean iraun bitartean ere.

Laugarrena.–Eskaerak eta agiriak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa "Herritarrendako lan deialdiak" atalaren barnean, deialdi honi dagokion fitxan, hain zuzen.

Eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

4.3. Parte-hartzeko eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Ehuneko 33ko edo hortik gorako ofizialki aitortutako desgaitasuna duten parte-hartzaileek eskaeran adierazi beharko dute, eta eskaneatuta atxiki beharko dute IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

Desgaitasuna duten parte-hartzaileek probak egiteko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute horiek eskatzea. Horretarako, eskaeran berariaz adierazi beharko dute zer denbora eta/edo baliabideen egokitzapen behar duten, horretarako dagoen eremuan. Halaber, eskaera aurkeztean, egoki jotzen duten dokumentazioa gehitzen ahalko dute. Eskaera horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko arduraduna baita.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia arruntak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bosgarrena.–Izangaien onarpena.

5.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan sartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

Baztertutako izangaiak, behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo hamar egunetan, baztertzeko arrazoien aurkako alegazioak aurkezten ahalko dituzte, eta, hala badagokio, baztertzea eragin duen akatsak zuzendu. Alegazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Internet bitartez, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrendak zuzenean onetsiko dira.

5.2. Behin betiko zerrendak.

Alegazioak egiteko epea igaro ondoren, eta horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onartuko dira. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan parte hartzeko onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

Zerrenda horiek Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira (www.navarra.es), deialdiaren fitxan, deialdian aurreikusitako hautaprobak egiteko data, ordua eta tokiarekin batera.

Izangaiek eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, baldin eta, emandako epean, aurkeztutako eskaera zuzendu ez badute edo zuzen zuzendu ez badute.

Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Seigarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Alicia Ancho Villanueva, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Susana Irigaray Soto andrea, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Museoen Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Berta Balduz Azcárate, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea.

Ordezko epaimahaikidea: Jesús Sesma Sesma, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Ana Elena Redín Armañanzas, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Jesús García Gazólaz, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko arkeologoa.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Langileen Batzordeak izendatu beharrekoa.

Idazkaria: Alfredo Manuel Prado Santamaría, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko adar juridikoko administrazioko teknikaria.

Ordezko idazkaria: Juan Carlos Orenes Ruiz, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

6.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaia osatzen duten kideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

6.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaiko kideei.

Zazpigarrena.–Probak.

7.1. Hautapen prozesuan, izangaiek proba teoriko-praktiko bat egin beharko dute; probak bi ariketa izanen ditu, jarraian adierazten denarekin bat:

–Lehenengo ariketa: ariketa hau teorikoa izanen da, eta bertan test motako gehienez 50 galdera erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko, lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzeko, erantzun zuzenaren balioaren erdia kenduko da.

Ariketa egiteko ordubete egonen da gehienez ere, eta 50 puntuz kalifikatuko da gehienez. Hala, bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren %50 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

–Bigarren ariketa, praktikoa: patologien deskripzio fitxa bat prestatu beharko da, baita jarduketa proposamen bat ere. Azken hori egiteko, epaimahaiak 20 irudi emanen ditu, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren gaiekin lotutakoak.

Ariketa egiteko bi ordu egonen dira gehienez ere, eta 50 puntuz kalifikatuko da gehienez. Hala, bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren %50 gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Fitxa bakoitzean gehienez 2,5 puntu lortzen ahalko dira. Ariketa hau plika sistemaren bidez eginen da.

7.2. Proba egiteko ez da inolako testurik ez dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdinaz edo beltzaz besterik.

7.3. Probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute bertara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

7.4. Desgaitasun onartuta dutenei proba egiteko denbora eta baliabideak egokituko zaizkie, eskaera-orrian eskatu badute.

Zortzigarrena.–Emaitzak.

8.1. Proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du emaitzei buruzko alegazioak telematika bidez aurkezteko.

8.2. Behin alegazioak aurkezteko epea igarota, eta horiek ebatzita, epaimahaiak proben behin betiko emaitzak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es), deialdiaren fitxan, eta zerrenda hauek jasoko ditu, bereizita:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendako hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendako hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

8.3. Izangaien artean berdinketarik egonez gero, epaimahaiak ebatziko du, ariketa teorikoan lortutako puntuazio altuenaren arabera. Berdinketak jarraituz gero, irizpide hauen arabera ebatziko da:

a) Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Adi baterako kontrataziorako izangaiak: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

8.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Bederatzigarrena.–Goi mailako teknikari zaharberritzaile lanpostuan aritzeko izangaien zerrendak eta haien eskaintza.

9.1. Hautaketa-prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrendak onartzeko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.navarra.es) argitaratuko dira, deialdiaren fitxan. Horretarako, zerrenda hauek argitaratuko dira:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda.

–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

9.2. Izangaiei prestakuntzan aritzeko eskaintza egiten zaienean, eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera deklaratzean, honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua, zeinaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikulua partzialki garatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza eskaintzen baitira; deialdi honetako oinarriak; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako zerbitzu berezietako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

9.3. Izangaiei aldi baterako kontratu bidez aritzeko egiten zaien eskaintzan, eta, behar bada, kontratatzean, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; Nafarroako administrazio publikoetako administrazio-araubideko langileen kontratazioa arautzen duen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

9.4. Prestakuntzaren edo kontratazioaren eskaintza jasotzen dutenek, prestakuntza edo kontratua hasi aurretik, eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte. Hain zuzen ere, unibertsitateko gradudun titulu hauetako bat, edo baliokidea, aurkeztu beharko dute: Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko gradua; Arte Ederretako lizentzia, Kontserbazio eta Zaharberritze espezialitate/ibilbidean aipua izanda, edo Goi mailako Arte Irakaskuntzetako gradua, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzkoa. Titulua izan ezean, titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekina aurkeztu beharko dute, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

Era berean, behar denean, izangaiek egiaztatu beharko dute betetzen dituztela eskaintza honen bidez bete nahi den lanpostuaren betebehar espezifikoak.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia arruntak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

9.5. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Kultur ondarea eta kontsebazio/lehengoratzea Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legean.

2. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko kultur ondarea kontserbatzeko eta lehengoratzeko esku-hartzeak. 14/2005 Foru Legea, azaroaren 22koa, Nafarroako Kultur Ondareari buruzkoa.

3. gaia.–Kultur ondarea kontserbatzeko/lehengoratzeko proiektuak. Egitura eta oinarrizko edukiak.

4. gaia.–Kultur ondarea Nafarroako Foru Komunitateko museoetan eta bilduma museografikoetan.

5. gaia.–Prebentziozko kontsebazioa eta mantentze-lanak.

6. gaia.–Metalen kontserbazioa/lehengoratzea.

7. gaia.–Beiraren kontserbazioa/lehengoratzea.

8. gaia.–Harri-materialen kontserbazioa/lehengoratzea.

9. gaia.–Zeramika-materialen kontserbazioa/lehengoratzea.

10. gaia.–Zurraren eta zur polikromatuaren kontserbazioa/lehengoratzea.

11. gaia.–Ehunen kontserbazioa/lehengoratzea.

12. gaia.–Astoko pinturen kontserbazioa/lehengoratzea.

13. gaia.–Horma-pinturen eta -estalduren kontserbazioa/lehengoratzea.

14. gaia.–Dokumentu grafikoen eta argazki dokumentuen kontserbazioa/lehengoratzea.

15. gaia.–Are garaikidearen kontserbazioa/lehengoratzea.

Oharra: Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2510666