167. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 22a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA

Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, Providentia parke eolikoaren eta haren ebakuazio azpiegituren espedientea (PEol-712) artxibatzen duena, zeinak Zaragoza, Nafarroa, Errioxa, Araba eta Burgosko probintziak ukitzen baititu

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta haren horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, honakoak kontuan hartuz:

I.–AURREKARIAK

Lehenengoa.–Proiektuaren aurretiazko administrazio baimena.

Energía Inagotable de Providentia SLk (aurrerantzean, sustatzailea), 2021eko abuztuaren 9an, aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen Providentia parke eolikorako (42 MW) eta haren ebakuazio azpiegituretarako, Tausteko (Zaragozako probintzia), Berantevillako, Armiñongo eta Erriberabeitiako (Araban) eta Miranda de Ebroko (Burgosko probintzia) udal mugarteetan.

Hona hemen eskaeraren irismena:

–42 MW-eko Providentia parke eolikoa.

–Erdi tentsioko lurpeko sarea, sortutako energia haize-sorgailu bakoitzetik "30/400 kV-eko Abarca TAE" azpiestazio elektrikora garraiatzen duena.

–"30/400 kV-eko Abarca TAE" transformazio azpiestazio elektrikoa.

–400 kV-eko aireko ebakuazio linea, bi zatitan banatua (Abarca TAEtik Abarca lotuneraino doan lehen zatia, eta Miranda lotunetik "400/220 kV-eko Forestalia Miranda" azpiestazioraino doan bigarren zatia).

–"400/220 kV-eko Forestalia Miranda TAE" transformazio azpiestazio elektrikoa.

–220 kV-eko lurpeko linea, "400/220 kV-eko Forestalia Miranda TAE" azpiestaziotik "220 kV-eko Promotores Miranda TAE" azpiestaziora.

–"220 kV-eko Promotores Miranda TAE" azpiestazioa.

–220 kV-eko lurpeko linea, "220 kV-eko Promotores Miranda TAE" eta "220 kV-eko Miranda TAE" (Red Eléctrica de España SA) lotzen dituena.

Era berean, proiektuaren irismenak jarraian zerrendatutako ebakuazio azpiegiturak hartzen ditu barne, beharrezkoak baitira 220 kV-eko Miranda azpiestazioko garraio sareraino azpiegitura osatzeko, hots, "400 kV-eko aireko ebakuazio linea, Abarka lotunetik Miranda lotuneraino" deitutakoa, zeina Energía Inagotable de Tara SL enpresak sustatzen baitu:

–220 kV-eko ebakuazio linea, Abarka lotunetik "Fréscano TAE" azpiestazioraino. Udal mugarte hauetatik igarotzen da: Tauste, Gallur, Novillas, Mallén eta Fréscano (Zaragoza).

–"400/220 kV-eko Fréscano TAE" azpiestazio igotzailea, Frescanoko udal mugartean (Zaragoza).

–400 kV-eko ebakuazio linea, "400/220 kV-eko Fréscano TAE" azpiestaziotik Santa Engracia lotuneraino, Zaragozako, Nafarroako eta Errioxako probintzietatik igarotzen dena.

–400 kV-eko ebakuazio linea, Santa Engracia lotunetik Miranda lotuneraino, Errioxatik eta EAEtik (Araba) igarotzen dena.

Instalazioaren aurreproiektuari eta haren ingurumen inpaktuaren azterketari ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin zaie, eta ingurumen inpaktuaren adierazpena ere egin da Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak 2023ko apirilaren 19an emandako Ebazpenaren bidez. Ebazpen horren bidez, "Robigus, Quirite, Providentia, Promitor, Recarano, Priamo, Pietas eta Othar parke eolikoak eta horien Zaragoza, Araba eta Burgosko probintzietako ebakuazio azpiegiturak" izeneko proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen, eta egindako ingurumen ebaluazioaren ondorioz ingurumen baldintza batzuk ezarri ziren, prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak barne. Ebaluazio hori 2023ko 243. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 11koan:

https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2023-21045

Energía Inagotable de Tara SLk sustatutako "400 kV-eko aireko ebakuazio linea, Abarca lotunetik Miranda lotuneraino" proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazioari dagokionez, aipatutako ebakuazio azpiegiturako tarteak honako hauek ditu:

–220 kV-eko ebakuazio linea, Abarka lotunetik "Fréscano TAE" azpiestazioraino. Udal mugarte hauetatik igarotzen da: Tauste, Gallur, Novillas, Mallén eta Fréscano (Zaragoza).

–"400/220 kV-eko Fréscano TAE" azpiestazio igotzailea, Frescanoko udal mugartean (Zaragoza).

–400 kV-eko ebakuazio linea, "400/220 kV-eko Fréscano TAE" azpiestaziotik Santa Engracia lotuneraino, Zaragozako, Nafarroako eta Errioxako probintzietatik igarotzen dena.

–"400 kV-eko ebakuazio linea, Santa Engracia lotunetik Miranda lotuneraino", Errioxatik eta EAEtik (Araba) igarotzen da.

Azpiegitura horiek ingurumen inpaktuaren adierazpena dute, Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko azaroaren 24ko Ebazpenaren bidez onetsia, Zaragozako, Nafarroako, Errioxako, Arabako eta Burgosko probintzietan dauden "Tara eta Umiko parke fotovoltaikoak eta horien ebakuazio azpiegiturak" proiektuen gainean egindako ingurumen ebaluazioaren esparruan:

https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2023-24897

2023ko abenduaren 18an, Energia Politika eta Meatzeetarako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat eman zuen, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena ematen baitzaio Energía Inagotable de Providentia SLri 28 MW-eko Providentia parke eolikorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako, Nafarroan, Araban eta Zaragozako eta Burgosko probintzietan (aurrerantzean, aurretiazko administrazio baimenaren ebazpena). Ebazpen hori 2024ko 5. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 5ekoan:

https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2024-329

Aurretiazko administrazio baimenaren ebazpen horrek honako hau ezartzen zuen:

Horrela, ekoizpen instalazio osoa –barne hartuta parke eolikoa eta haren ebakuazio azpiegiturak eta, horien barruan, baita garraio sarearekiko konexioa ere– 2023ko irailaren 19ko eta 2023ko azaroaren 24ko ingurumen inpaktuaren adierazpenen edukira egokitu beharko da, bai eta Energía Inagotable de Providentia SL eta Energía Inagotable de Tara SL sustatzaileak baimen hau izapidetzeko prozesuan onetsi dituen baldintzetara ere.

Zehazki, ingurumen inpaktuaren adierazpenetan eskatutako baldintzak eta aldaketak bete beharko dira, eta, hala badagokio, energia ateratzeko azpiegiturako edozein elementu lurperatu, aplikatzekoa izanen baita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoa, aurretiazko administrazio baimena lortu duten sorkuntzarako instalazioen aldaketei dagokienez, eta artikulu horretan ezarritako baldintza guziak bete beharko dira. Aurretiazko administrazio baimena lortu behar da ingurumen inpaktuaren adierazpena betetzearen ondorioz proposatzen eta egiten diren aldaketetarako, baldin ez badira betetzen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115.2 artikuluko baldintzak.

Alde horretatik, aurretiazko administrazio baimenaren ebazpenak honako hau xedatzen zuen:

Proiektua eraikitzeko administrazio baimena lortzeko, hiru hilabete igaro baino lehen, sustatzaileak justifikatu beharko du ingurumen inpaktuaren adierazpenean eta ebazpen honetan ezarritako baldintzek aurretiazko administrazio baimen honetako potentzia instalatua murriztea dakarten edo ez, eta sartu beharko ditu, hala badagokio, aurkeztutako eskaeran hitzartutako potentzia mantentzeko hartu dituen neurriak; halaber, beharrezko jotzen duen beste edozein elementu aurkeztuko du. Era berean, aurkeztutako exekuzio proiektuari, zeina arloko erregelamendu teknikoen arabera prestatuko baita, aplikatzekoa zaion araudia bete dela egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, behar den dokumentazioa erantsiko zaio, bai eta ingurumen inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluan xedatutakoa betez.

Baimen hau iraungiko da baldin eta aipatu epea iraganik sustatzaileak ez badu eraikitzeko administrazio baimenik eskatu, edo ez baditu eman arestian aipatutako agiriak, exekuzio proiektua gauzatu ahal izateko behar den eraikitzeko administrazio baimena lortzeko. Edonola ere, sustatzaileak ezarritako epea luzatzea eskatzen ahalko du, justifikatutako arrazoiengatik, baina beti kontuan harturik Ekonomia berpizteko energia arloko eta beste arlo batzuetako neurriak onesten dituen ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluan ezarritako epeak.

Beraz, aurretiazko administrazio baimenaren ebazpenak berariaz jasotzen du sustatzaileak ingurumen inpaktuaren adierazpenetik eratorritako baldintza eta neurri guztiak bete behar dituela, eta, kasu honetan, proiektua ingurumen inpaktuaren adierazpenera egokitzen dela egiaztatzen duen dokumentazio teknikoa aurkeztu behar duela.

Bigarrena.–Proiektuaren aldaketei, eraikitzeko administrazio baimenari eta onura publikoa zehazki deklaratzeari buruzko aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.

2024ko otsailaren 26an, sustatzaileak idazki bat aurkeztu zuen, non eskatzen baitzuen espedienteak meta zitezen "Robigus, Quirite, Providentia, Promitor, Recarano, Priamo, Pietas eta Othar parke eolikoak eta horien ebakuazio azpiegiturak" izeneko proiektuaren aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa izapidetzeko.

Aurrekoa gorabehera, idazki horretan ez dago jasota adierazitako baimenen berariazko eskaerarik, ez eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123., 130. eta 143. artikuluen arabera eska daitekeen edukia edo dokumentazioa ere (errege dekretu horren bidez, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta haren horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dira).

2024ko martxoaren 14an, sustatzaileak idazki bat aurkeztu zuen, non berresten baitu hitz ematen duela aipatutako ingurumen inpaktuaren adierazpenean ezarritako gainerako baldintzak beteko dituela eraikitzeko administrazio baimena lortzeko proiektua aurkeztean, eta honako hau eskatu zuen: has dadila aurretiazko administrazio baimena aldatzeko, eraikitzeko administrazio baimena emateko eta onura publikoaren deklarazioa egiteko izapidea proiektu hauei dagokienez: "Robigus, Quirite, Providentia, Promitor, Recarano, Priamo, Pietas eta Othar parke eolikoak eta horien Zaragoza, Araba eta Burgosko probintzietako ebakuazio azpiegiturak (PEol-712 AC espedientea)".

Aurrekoa gorabehera, idazki horretan ere ez dago jasota, aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta haren onura publiko zehatzaren deklarazioa izapidetzeko eskatzen den edukia eta dokumentazioa, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123., 130. eta 143. artikuluen arabera.

Hirugarrena.–Egindako errekerimenduak.

2024ko martxoaren 26an, Energia Elektrikoaren Zuzendariordetza Nagusiak errekerimendua egin zion sustatzaileari, jakinarazteko ezen, espedientea izapidetzen hasteko, haren eskaeraren edukia zuzendu behar zela, eta, gainera, adierazi zitzaion ezen, hori egin ezean, eskaeran atzera egin zuela ulertuko zela.

Errekerimendu horri erantzunik eman ez zitzaionez, 2024ko ekainaren 18an errekerimendua errepikatu zen, eta kasu horretan ere ez da erantzunik jaso.

Horrez gain, 2024ko urriaren 31n, Espainiako Gobernuak Aragoin duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak sustatzaileari eskatu zion aurkez zezala eraikitzeko administrazio baimenaren eskaera, hura izapidetzeko nahitaezko dokumentazio guztiarekin batera, baina ez da horri buruzko erantzunik jaso.

Laugarrena.–Sarbide- eta konexio-baimenak.

Proiektuak garraio-sarera sartzeko eta konektatzeko baimenak lortu zituen, sarera sartzeko bidegarritasun txostenaren bidez, konexiorako baldintza teknikoen betetzeari buruzko txostenaren bidez eta konexiorako baldintza teknikoen egiaztapenari buruzko txostenaren bidez, Red Eléctrica de España SAUren jabetzako 220 kV-eko Miranda azpiestazioan.

Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren arabera, instalazioak sarbide-baimena du, 2021eko otsailaren 19koa.

Horrela, instalazioak egiaztatu beharko du eraikitzeko administrazio baimena lortzeko urrats administratiboa bete duela 2025eko martxoaren 19a baino lehen, bat etorriz ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuarekin, non energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste arlo batzuetako neurriak onesten baitira (gero, errege lege-dekretu hori ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretuaren bidez aldatu zen, zeinak zenbait neurri hartu eta luzatzen baititu Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, La Palma uhartea berreraikitzen laguntzeko eta kalteberatasun beste egoera batzuei aurre egiteko).

2025eko maiatzaren 26an, Red Eléctrica de España SAUren idazki bat sartu zen ministerio honen erregistroan, zeinaren bidez jakinarazten baita iraungi egin direla ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuan xedatutakoa aplikatuz emandako sarbide- eta konexio-baimenak (errege lege-dekretu horren bidez, energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste arlo batzuetako neurriak onesten dira).

Bosgarrena.–Entzunaldiaren izapidea.

2025eko ekainaren 27an, espedientea artxibatzeko ebazpen proposamenari buruzko entzunaldi-izapidea jakinarazi zen, eta sustatzailearen alegazioak jaso ziren. Hala ere, adierazi zuen ez zuela espedientea izapidetzen jarraitu nahi, eta 2024ko uztailaren 3an erantzun ziola 2024ko ekainaren 18an jasotako errekerimenduari. Bertan, atzera egin zuen 2024ko martxoaren 14an eskatutako aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa aldatzeko eskaeran, exekuzio-proiektuaren konplexutasun teknikoa dela-eta, eta adierazi zuen beste eskaera bat aurkeztuko zuela exekuzio-proiektuarekin batera, ahal bezain laster.

Espedientean jasotako dokumentazioa aztertu ondoren, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek ebazpen proposamen hau eman du.

II.–OINARRI JURIDIKOAK

Lehena.–Aplikatu beharreko arauak.

Honako hauetan ezarritakoa kontuan hartuta: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen inpaktuaren ebaluazioari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; 1183/2020 Errege Dekretua, abenduaren 29koa, Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoa; eta 23/2020 Errege Lege-dekretua, ekainaren 23koa, energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste arlo batzuetako neurriak onesten dituena (gero, errege lege-dekretu hori ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretuaren bidez aldatu zen, zeinak zenbait neurri hartu eta luzatzen baititu Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko, La Palma uhartea berreraikitzen laguntzeko eta kalteberatasun beste egoera batzuei aurre egiteko).

Bigarrena.–Energia elektrikoa ekoizteko instalazioen baimena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak honako hau xedatzen du 21. artikuluan, energia elektrikoa ekoizteko jarduerei buruzkoan: "Energia elektrikoa ekoizteko instalazioak martxan jartzeko, aldatzeko, aldi batez ixteko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, 53. artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako baimen-araubidea bete beharko da aldez aurretik".

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 3.13 artikuluaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkio, lege horretan ezarritako baldintzetan, honako eskumen hauek:

"Instalazio elektriko hauek baimentzea:

a) Energia elektrikoa ekoizteko penintsulako instalazioak, horien ebakuazio azpiegiturak barne, 50 MW elektrikotik gorako potentzia elektriko instalatua dutenak, penintsulako garraio primarioko instalazioak eta 380 kV-eko edo gehiagoko tentsioko hartuneak".

b) Autonomia erkidego baten lurralde-eremua gainditzen duten ekoizpen-instalazioak, barne direla horien ebakuazio azpiegiturak, bigarren mailako garraioa, banaketa, harguneak, zuzeneko lineak, eta 3.000 kW-etik gorako potentzia duten ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioetako azpiegitura elektrikoak, bai eta Estatuaren eskumeneko sorkuntza-instalazioei konektatutako linea zuzenak ere".

53. artikuluak garraiorako, banaketarako, ekoizpenerako eta zuzeneko lineetarako instalazio berriak martxan jartzea arautzen du, eta honako administrazio baimen hauek lortu behar dituela ezartzen du: aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta ustiatzeko baimena.

Aurretiazko administrazio baimenari dagokionez, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak xedatzen duenez, instalazioaren aurreproiektuarekin izapidetuko da, dokumentu tekniko gisa, eta, hala badagokio, ingurumen inpaktuaren ebaluazioarekin, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera, eta enpresa baimenduari instalazio jakin bat baldintza jakin batzuetan egiteko eskubidea emanen dio. Elektrizitatea sortzeko instalazioen administrazio baimena ezin izanen da eman baldin eta titularrak ez baditu aldez aurretik lortu kasuan kasuko garraio edo banaketa sareetarako sarbide eta konexio baimenak.

Era berean, eraikitzeko administrazio baimenak instalazioa eraikitzeko aukera ematen dio titularrari, eskatzen diren baldintza teknikoak betez. Baimen hori eskatzeko, titularrak exekuzio proiektu bat aurkeztuko du, erantzukizunpeko adierazpena erantsita, aplikatzekoa zaion legedia betetzen dela frogatzeko. Exekuzio proiektua onestearekin batera, titularra gaituta egonen da proiektatutako instalazioa eraikitzeko.

Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen du organo substantibo horrek behar bezala kontuan hartu beharko duela, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen inpaktuaren ebaluazioa. Izan ere, lege horren 41.2 artikuluaren arabera, ingurumen inpaktuaren adierazpenak proiektuak ingurumenean dituen ondorio esanguratsuei buruz erabakiko du, eta, hala badagokio, hura garatzeko baldintzak ezarriko ditu, 35.1 c) artikuluan zerrendatutako faktoreak behar bezala babestuta egon daitezen proiektua gauzatzean eta ustiatzean, eta, kasua bada, bertan behera uztean, desmuntatzean edo eraistean; halaber, behar diren prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak ezarriko ditu".

Aurrekoarekin lotuta, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluak ere xedatzen duenez, energia elektrikoa ekoizteko instalazioak baimentzeko, baimenaren sustatzaileak alderdi hauek behar bezala egiaztatu beharko ditu:

a) Instalazioen eta lotutako ekipamenduaren baldintza teknikoak eta segurtasunekoak.

b) Ingurumena babesteko baldintzak behar bezala betetzea.

c) Instalazioaren kokalekuaren ezaugarriak.

d) Eskatzaileak proiektua gauzatzeko gaitasun legala, teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa duela.

Ildo horretan, Auzitegi Gorenak behin eta berriz aditzera eman du instalazio eta azpiegitura elektrikoetarako baimenak ematea araupean dagoela, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen araubide juridiko espezifikoaren arabera, (adibidez, eta besteak beste, urriaren 29ko 4110/2021 Epaian), bai eta organo substantiboak ingurumen inpaktuaren ebaluazioan, proiektua gauzatzeko, ezarritako baldintzekin duen lotura ere (adibidez, eta besteak beste, uztailaren 11ko 962/2022 Epaian).

Hirugarrena.–Sarearekin konektatzeko ebakuazio azpiegiturari buruz.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legeak, 21.5 artikuluan, energia elektrikoa ekoizteko jarduerei buruzkoan, ezartzen du ezen horrelako instalazioen baimenean, elektrizitatea sortzeko elementuak ez ezik, kasu guztietan garraio- edo banaketa-sarearekiko konexioa ere jaso beharko dela, eta, hala dagokionean, aurretik sortutako energia elektrikoa eraldatzeko aukera ematen duten elementuak ere bai.

Laugarrena.–Elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko sareetara sartzeko eta konektatzeko administrazio urratsak betetzea.

Ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuak, zeinaren bidez energiaren arloko eta beste arlo batzuetako neurriak onesten baitira ekonomia suspertzeko asmoz, 1. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen du energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako sarbide-baimenen titularrek, baimen horiek 2017ko abenduaren 31tik aurrera eta errege lege-dekretu horrek indarra hartu aurretik lortu badituzte, 37 hilabeteko epean lortu beharko dutela eraikitzeko administrazio baimena, 2020ko ekainaren 25etik aurrera kontatuta. Gero, epe hori 49 hilabetera luzatu zen, abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege-dekretuaren 28. artikuluaren arabera (errege lege-dekretu horren bidez, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartu ziren).

Goian adierazitakoa abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin lotu behar da; izan ere, artikulu horren arabera ezin da sorkuntzarako instalazioetako administrazio baimenik eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu banaketa- edo garraio-sareetan sartzeko eta konektatzeko baimenak.

Jarraian, honako hau gehitzen da ekainaren 23ko 23/2020 Errege Leg-dekretuaren 1. artikuluaren 2. apartatuan:

"Administrazio baldintza horiek behar den moduan eta epean bete direla frogatzen ez bazaio sarearen kudeatzaileari, besterik gabe iraungiko dira emandako sarbide-baimenak, bai eta, hala badagokio, sarbide- eta konexio-baimenak ere, eta administrazio baimenak emateko eskumena duen organoak berehala betearaziko ditu berme ekonomikoak, garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-eskaera izapidetzeko aurkeztutakoak. Hala ere, sustatzaileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ingurumen inpaktuaren adierazpena aldekoa ez bada, berme horiek ez dira exekutatuko".

Bosgarrena.–Garraio-sarera sartzeko eta konektatzeko eskaerei aplikatu beharreko berme ekonomikoa.

Abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuak, Energia elektrikoa garraiatu eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoak, 23. artikuluan arautzen du zer berme ekonomiko behar diren elektrizitatea sortzeko instalazioen sarbide- eta konexio-prozedurak izapidetzeko. Zehazki, artikulu horren 1. apartatuan honako hau xedatu da: "Elektrizitatea sortzeko instalazioen kasuan, eskatzaileak, garraio-sarera edo, hala badagokio, banaketa-sarera sartzeko eta konektatzeko eskaera egin aurretik, aurkeztu beharko du, instalazioa baimentzeko eskumena duen organoaren aurrean, errege dekretu honek indarra hatu ondoren berme ekonomiko bat (40 euro, instalatutako kW bakoitzeko) jarri duela egiaztatzen duen frogagiria".

Era berean, 23. artikulu horren 6. apartatuak honako hau ezartzen du:

"Baldin sartzeko eta konektatzeko baimenak iraungitzen badira errege dekretu honen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio baimenak emateko eskumena duen organoak berehala exekutatuko ditu garraio- edo, kasua zein den, banaketa-sarera sartzeko eskaera izapidetzean aurkeztutako berme ekonomikoak.

Nolanahi ere, instalazioa baimentzeko eskumena duen organoak jarritako bermea exekutatu behar izatetik salbuetsi ahal izanen du, baldin eta sartzeko eta konektatzeko baimenak iraungi badira administrazio publiko baten txosten edo ebazpen batek eraikuntza hori eragotzi duelako, eta hark hala eskatzen badu".

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, egindako izapidetzeak kontuan hartuta, eta bat etorriz abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta haren horniketa egiteko jarduerak arautzen dituenak, ematen dizkion eskumenak baliatuz,

EBAZTEN DU:

Bakarra.–Artxibatzea Providentia parke eolikoaren eta haren ebakuazio azpiegituren espedientea (PEol-712), zeinak Zaragoza, Nafarroa, Errioxa, Araba eta Burgosko probintziak ukitzen baititu. Espedientearen sustatzailea Energía Inagotable de Providentia SL da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren Estatuko Idazkaritzari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

Madrilen, 2025eko uztailaren 23an.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2510617