2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MENDIGORRIA
Udal ordenantza, ostatu turistikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Mendigorriko Udalak, 2025eko maiatzaren 12an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ostatu turistikoak arautzen dituen udal ordenantza.
Onespen erabakia argitaratu zen 2025eko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 5ean, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.
Mendigorrian, 2025eko uztailaren 28an.–Lehen alkateordea, Naiara Azcoiti Artaso.
ORDENANTZA, UDALERRIAN OSTATU TURISTIKOAK ARAUTZEN DITUENA
I. LEHENBIZIKO KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Araudi honen aplikazio-eremu funtzionala eta lurralde-eremua.
1.–Araudi honen helburua da arautzea ostatu turistikoen hirigintzako erabilera, bai apartamentu turistikoen modalitatean, bai etxebizitza turistikoen modalitatean.
2.–Araudi honen xedapenak aplikatuko dira Mendigorrian dauden apartamentu eta etxebizitza turistikoetan, bai hiri-lurzoruan, bai urbanizagarrian, bai urbanizaezinean.
2. artikulua. Hirugarren sektoreko erabilera.
1.–Hirigintzaren ondorioetarako, ostatu turistikoen aldi baterako okupazioa dakarten erabilerak honako hauetan sartzen dira: Udal Plan Orokorrean "hirugarren zerbitzuko" gisa zehaztutako erabilerak.
2.–Ondorio berberetarako, ostatu turistikoen okupazioa erabilera onartutzat hartuko da, honako hauen bizitegi-erabilerekin: etxebizitza babestua, etxebizitza librea, familia-etxebizitza atxikia lurzatian eta familia bakarreko etxebizitza bakartua lurzatian. Betiere, arauketa honek ezarritako baldintzetan eta mugekin.
3. artikulua. Definizioak.
Ordenantza honen xede diren ostatu turistikotzat hartzen dira honako hauek:
1.–Apartamentu turistikoak. Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, ulertzen da apartamentu bat apartamentu turistikoa dela baldin bada bizitegi-erabilera duen tokia, haren erabilera eta gozamena lagatzen zaizkienean, aldi baterako, hirugarrenei, ostatu turistikorako, prezio baten truke, jabetza horizontalaren araubidekoak izanik, banaka edo blokeka, eta merkaturatu edo publizitatu badira eskaintza turistikoaren kanaletan edo merkaturatzeko edo sustatzeko beste edozein baliabidetan, eta altzariak eta ekipamenduak dituenean, segituan erabiltzeko moduan.
2.–Etxebizitza turistikoak. Etxebizitza turistikotzat hartzen dira txaletak, etxe bakartuak, etxebizitza atxikiak edo antzeko higiezinak, ez direnak jabetza horizontalaren araubidekoak, alde batera utzita merkaturatzen edo publizitatzen diren edo ez eskaintza turistikoaren kanaletan edo merkaturatzeko edo sustatzeko edozein modutan, haien erabilera eta gozamena aldi baterako lagatzen zaizkienean hirugarrenei, prezio baten truke, ostatu turistikorako, eta altzariak eta ekipamenduak dituztenean, segituan erabiltzeko moduan.
4. artikulua. Erabilera turistikoaren presuntzioa.
Pentsatuko da badela etxebizitza turistikoaren hirigintza-erabilera, edo apartamentu turistikoarena, baldin toki horiek eskaintzen edo merkaturatzen badira eskaintza turistikoko edozein kanaletan, edo egiten bada jarduera turistikoaren edo ekonomikoaren aitorpena edo komunikazioa, Udalarena ez den beste administrazio batean.
Kasu horietan, Udalak gaikuntza izanen du jardueraren titularrari eskatzeko bete dezala ordenantza hau eta aplikatzekoa den gainerako araudia.
5. artikulua. Araudi orokorrari eta sektorialari men egitea.
Ordenantza honetan arautzen da apartamentu turistikoaren eta etxebizitza turistikoaren hirigintza-erabilera, bai eta halakoak eraikitzeko baldintzak eta beharkizunak ere. Nolanahi ere, horrek ez ditu galarazten jarduera horretarako ezarritako gainerako betebeharrak eta eskakizunak, ezartzen dituztenak arau orokorrek, sektorialek, autonomia erkidegokoek eta estatukoek, aplikatzekoak baldin badira.
BIGARREN KAPITULUA.–ERAIKIN, ETXEBIZITZA ETA APARTAMENTU TURISTIKOEN BALDINTZAK
6. artikulua. Apartamentu eta etxebizitza turistikoen baldintzak.
1.–Apartamentu eta etxebizitza turistikoek indarreko araudia bete beharko dute, honako hauei dagokienez: hirigintza, eraikuntza, eraikigintza, instalazioak, irisgarritasuna, osasuna, kontsumoa, segurtasuna, higienea, energia-efizientzia, ingurumenaren babesa eta aplikatzekoak diren gainerako arau sektorialak.
Zehazki, ostatu turistikoetarako higiezinek, bai etxebizitzek, bai apartamentuek, eduki beharko dute energia-efizientziaren ziurtagiri bat, gutxienez D mailakoa.
2.–Apartamentu turistikoak edo etxebizitza turistikoak hartzen dituen higiezinak bete beharko ditu honako hauekin lotutako baldintzak: irisgarritasuna, suteen kontrako babesa eta babes akustikoa. Orobat, bete beharko ditu bizitegi-erabilerari dagozkion nahitaezko gainerako baldintzak.
3.–Apartamentu edo etxebizitza turistikoak hartuko dituzten higiezinek bete beharko dituzte honako beharkizun hauek:
1. Baldin hogeita bost urte edo gehiago igaro badira eraiki zenetik, eduki beharko du eraikinen ebaluazio txostena, frogatzen duena egokia dena.
2. Martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren II. eranskinean eraikinetarako aipatzen diren baldintzak (aipatutako foru dekretu horrek gutxieneko baldintzak arautzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko), edo hura garatzen, osatzen edo ordezten duen araudia.
3. Apartamentu eta etxebizitza turistikoek gutxieneko honako azalera erabilgarri hau izan beharko dute, kasu bakoitzean:
–Apartamentuek, 35 metro koadro.
–Etxebizitzek, 60 metro koadro.
4. Etxebizitza turistikoek sarbide bereizi bat izan beharko dute, bide publikotik eraikinera sartzeko.
Apartamentu turistikoek eduki beharko dute sarbide bereizi bat, beren eraikineko elementu komun batetik.
4.–Hiri-unitate batean baimentzen bada teilatupeko guneak eraikitzea eta erabiltzea, gune horiek ezin izanen dute inola ere eratu jabetzaren banaketa horizontalik; beraz, gune horietan apartamentu turistikoak ezartzen direnean, apartamentu horiek nahitaez egon beharko dute loturik eraikin bereko beheko hurrengo solairuari, eta erabilera bera izan beharko dute, eta, horrenbestez, apartamentu turistiko bereko zati izan beharko dute.
5.–Oro har, soilik eraikineko behe eta lehen solairuetan baimendu daitezke apartamentu turistikoak. Gainerako solairuetan apartamentu turistikoak baimentzeko, beharrezkoa izanen da solairu horietako eremuak ere izatea apartamentu turistikoetarako, edo bizitegietarako ez diren beste erabilera batzuetarako.
6.–Baldin apartamentu turistikorik ezartzen bada eraikineko lehenbiziko solairuaren gainetik, nahitaez bete beharko dira irisgarritasun unibertsalerako baldintzak eraikin guztian.
7.–Debeku da etxebizitza turistikoen erabilera nahiz apartamentu turistikoen erabilera babes publikoko etxebizitzetan, edo birgaitze babestuko kalifikazioa duten etxebizitzetan, kalifikazio horrek iraun bitartean, betiere hala ondorioztatzen bada etxebizitza mota horren arauditik.
HIRUGARREN KAPITULUA.–ALDERDI URBANISTIKOAK
7. artikulua. Herriaren zonifikazioa.
Ordenantza honi dagokionez, Mendigorria hiru zonatan banatzen da:
1. I. EREMU HOMOGENEOA. "Santa Maria" izenez ezagutzen den alderdia.
2. II. EREMU HOMOGENEOA. Errepidetik mendebalderako guztia, salbu Caralbe kalea, Portal plazako zati bat eta Gorritxa kalearen zati bat.
3. III. EREMU HOMOGENEOA. Gainerako udal-mugartea edo "zona periferikoa".
8. artikulua. 1. eremu homogeneoa.
1.–Ez da baimentzen apartamentu turistikorik eraikinen behe solairuetan, salbu eraikinak baldin baditu ostatu adina garaje plaza. Inola ere ez da baimenduko apartamentu turistikoak gaitzea garaje plazak kentzearen bizkar.
2.–Apartamentuak turistikoak ezartzen diren eraikinetan, apartamentu turistikoen kopuruak ez du gaindituko honako hau: higiezineko etxebizitzen eta apartamentu turistikoen baturaren erdia, kontuan hartu gabe dezimalak. Betiere, galarazi gabe araudi honen 6-5 artikuluan ezarritakoa.
9. artikulua. 2. eta 3. eremu homogeneoak.
1.–Apartamentu turistiko gehiago ezartzeko, behar adina aparkaleku-plaza izan beharko dira lurzatian, hots, lurzatiko etxebizitzen eta apartamentu turistikoen baturaren adina. Gainera, apartamentu turistiko bakoitzaren erabilera lotu behar zaio aparkaleku-plaza bati.
2.–Etxebizitza turistiko berriak ezartzeko, gutxienez aparkaleku-plaza bat izan beharko da etxebizitza bakoitzeko, lurzati berean.
3.–Inola ere ez da zilegi etxebizitza berriak edo apartamentu turistiko berriak ezartzeagatik murriztea eraikineko edo lurzatiko garajeen plaza kopurua, salbu garaje plaza gehiago badago etxebizitza eta ostatu turistikoen batura baino. Kasu horretan, garaje plazen murrizketa egiteko jarraituko zaio artikulu honen 1. eta 2. paragrafoetan ezarritakoari.
LAUGARREN KAPITULUA.–ETXEBIZITZA ETA APARTAMENTU TURISTIKOAK EZARTZEA
10. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa.
1.–Obrak egin nahi badira, etxebizitza eta apartamentu turistikoak ezartzeko, izapidea egin daiteke erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, jarraikiz araudi orokorrari eta udal araudiari, esku-hartze mota hau arautzeari dagokionez.
2.–Etxebizitza eta apartamentu turistikoak irekitzeko lizentziak izapidetu daitezke aurretiazko komunikazioaren bidez, jarraikiz araudi orokorrari eta udal araudiari, esku-hartze mota hau arautzeari dagokionez.
11. artikulua. Erabiltzaileek jabearekin harremana izatea.
Bezeroarentzako arreta aurrez-aurrekoa ez denean, ostatu turistikoen erabiltzaileei eskaini behar zaie jabearekin harremana izateko aukera, telefono zenbaki baten bidez eta posta elektronikoko kontuaren bidez.
BOSGARREN KAPITULUA.–DIZIPLINA URBANISTIKOA
12. artikulua. Erabilera urbanistiko klandestinoa eta aitortu gabeko jarduera.
Jarduera klandestinotzat hartuko da, ondorio guztietarako, zerbitzu turistikoen publizitatea egitea, edozein hedabide erabiliz, edo zerbitzu horiek benetan ematea, baldin eta ordenantza honen menpeko zerbitzuak badira eta Nafarroako Turismo Erregistroan aldez aurretik inskribatu behar badira eta ez bada aldez aurretik aurkeztu Turismoari buruzko Foru Legean ezarritako erantzukizunpeko adierazpena, betebeharra baita.
Ostatu turistikoaren jarduera benetan gauzatzeko, beharrezkoa izanen da, egoki denean, nahitaezko alta ematea ekonomia-jardueraren gaineko zergan, dagokien epigrafean, Mendigorriko Udalean, jarraikiz zerga horren araudiari.
13. artikulua. Administrazioaren egiaztapena.
1.–Oro har, Udaleko organo eskudunak ahalmena izanen du egiaztatzeko ea betetzen diren aplikatzekoak diren beharkizunak, ostatu turistikoaren jarduera ezartzeko eta gauzatzeko.
2.–Udalak gero ikusten badu guztiz zehatza ez den zerbait, faltsukeriaren bat edo omisioren bat, funtsezko izaera duena, erantzukizunpeko adierazpeneko datuetan, edo obrak egin aurreko edo jardueran hasi aitzineko aurretiazko komunikazioetako datuetan, edo haiei lagundu beharreko agirietan, eta ikusten badu, orobat, nahitaezko dokumentazioa falta dela edo ez direla bete aplikatzekoak diren beharkizunak, horrek berekin ekarriko du ezin jarraitzea ostatu turistikoaren jardueran, galarazi gabe legezko beste erantzukizun batzuk, dagokionean.
3.–Betebeharra dago hirigintzako eta ingurumeneko ikuskapenarekin lankidetzan aritzeko, eta betebehar horren esparruan, aipatutako udal organoak jardueraren sustatzaileari eskatzen ahal dio identifika dezala, modu fede-emailean, mugatuan, fidagarrian eta zehatzean zein den higiezina, publizitatea egiten duen bitartekaritza-plataformetan agertzen dena erabilera turistikorako, eta, aurkezpenean, inola ere ezin da eragin nahasmendurik, honako hauei dagokienez: higiezinaren kokapena, ezaugarriak, dituen zerbitzuak eta erabilera turistikorako inportanteak diren gainerako alderdiak.
4.–Ostatu turistikoaren jarduera uzteko agintzen duen udal-ebazpena eman aurretik, dagokion prozedura instruitu behar da, eta bertan entzunaldia emanen zaio interesdunari.
5.–Udala, behin hautemanda aurreko apartatuetan aipatutako zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioa, eta prozedura hori gorabehera, hasiera emanen dio, behar denean, zehapen-prozeduraren instrukzioari.
6.–Ordenantza honen ondorioetarako, ulertuko da badela zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioa, funtsezkoa, edozein datutan, obra-lizentziaren eskaeran edo aurretiazko komunikazioan, edo hari lagundu beharreko agirietan, baldin:
a) Eragiten badio interesdunaren nortasun fisikoa edo juridikoa frogatzeari.
b) Arriskurik ekartzen ahal badio pertsonaren segurtasunari edo ekartzen ahal badu eraikinetan eraikuntza-gabeziak izatea.
c) Eragiten ahal badie ordenantza honen arabera nahitaezkoak diren funtsezko ezaugarriei edo beharkizunei.
7.–Baldin ikusten bada badela zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioa, funtsezkoa dena, edozein datutan, jardueran hasteko eskaeran edo hari laguntzeko agiri batean, eta ikusten bada, orobat, ez direla bete legezko beste betebehar batzuk, eskatuko zaio eskatzaileari edo etxebizitza edo ostatu turistikoaren titularrari bete ditzala betebeharrak edo zuzenketa egin dezala, gehienez 15 eguneko epean.
Ulertuko da badela zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioa, funtsezkoa ez dena, baldin berekin badakar zerbait gaizki ulertzea edo nahasmenduren bat izatea, honako alderdi hauei dagokienez: higiezinaren kokapena, ezaugarriak, dituen zerbitzuak eta erabilera turistikorako inportanteak diren gainerako alderdiak.
Baldin emandako epean pertsona edo entitate interesdunak ez badu aurkezten behar den frogagiria, erakusten duena egin dela zuzenketa edo bete dela betebeharra, behar den prozedura hasiko eta instruituko da, egokia dena xedatzeko, jarduera uzteari buruz, harik eta frogagiri hori egin eta aurkezten den arte.
Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Etxebizitza eta apartamentu turistikoen errolda.
Etxebizitza eta apartamentu turistikoen udal errolda bat sortuko da, behar bezain eguneratua, jarraipen hobea egiteko etxebizitza turistikoen eta apartamentu turistikoen erabilerari, hiriko eremuetan; zehatz jakiteko nola dauden banaturik bizitegietarako eraikinetan eta haien eremuetan; ongi aplikatzeko ordenantza hau; eta gardentasun betebeharra betetzeko.
Errolda horretan, agertuko dira honako hauei buruzko datu guztiak: emandako lizentziak, altak, bajak eta aldaketak, etxebizitza eta apartamentu turistikoen kokapena, eta Udalak egokitzat jotzen dituen datuak, aipatutako helburuak lortzeko.
Bigarren xedapen gehigarria.–Aplikatu beharreko araudia.
Ordenantza honetan berariaz xedatu gabeko orotan, kontuan hartuko dira aplikatzekoak diren araudi orokorra eta sektoriala; Hirigintzako Udal Plan Orokorra; udal ordenantza, arautzen duena egin beharra erantzukizunpeko adierazpena eta hirigintzako egintzen aurretiazko komunikazioa; eta aplikatzekoak diren gainerako udal araudiak eta araudi orokorra.
Xedapen iragankorra.–Dauden etxebizitza eta apartamentu turistikoak.
1.–Ordenantza hau indarrean jartzen denean jada ezarrita eta martxan dauden ostatu turistikoek, ez baldin badute betetzen bertan ezarritako beharkizun eta betebeharren bat, 50 urteko epea izanen dute egokitzeko.
2.–Aipatutako 50 urteko epean obrak egiten badira aurreko paragrafoan aipatutako etxebizitza edo apartamentu turistikoetan, obra horien barnean nahitaez eginen dira ordenantza honetan aipatutako baldintzetara egokitzeko lanak.
Azken xedapenetan lehena.–Indarrean jartzea.
Ordenantza hau oso-osorik argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarrean jarriko da behin iraganik hamabost eguneko epea, epe hori baitute Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek, erabil dezaten toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena.
Iragarkiaren kodea: L2510473