167. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERGOIENA

Udal ordenantza, euskara ikastaroak egiteko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ergoiengo Udalak, 2025eko ekainaren 17an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen, legez eskatutako gehiengoarekin, Euskara ikastaroak egiteko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Iragarkia 2025eko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 1ean.

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitara dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Ergoienean, 2025eko abuztuaren 4an.–Alkatea, M.ª Soledad Mozo Galarza.

EUSKARA IKASTAROAK EGITEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Ergoiengo Udalari ahalmena ematea laguntza-politika bat eratzeko, udalerriko herritarrak euskaldundu daitezen.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau Ergoiengo herritarrei aplikatzen ahal zaie, baldin eta ordenantza honen 4. artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte.

3. artikulua. Laguntza ekonomikoaren nondik norakoa.

Ordenantza honek arautzen dituen dirulaguntzak gehienez ere iritsiko dira euskarako matrikularen eta irakaskuntzaren kostuaren %40ra, eta 250 euro izanen da gehienekoa. Ikastaroa egiteko guztira jasotzen diren laguntzak ezin izanen dira izan matrikularen zenbateko osoa baino handiagoak.

Kostu horretan ez dira sartzen beste kontzeptu batzuk, hala nola egonaldiak, ostatua, bidaiak eta abar, euskarako matrikulaz eta irakaskuntzaz gain.

Horretarako, dagokion ekitaldirako, Ergoiengo Udalak aurrekontu-aplikazio bat gaituko du, eta hark ezarriko ditu gehieneko muga eta kopurua.

Laguntzen zenbateko osoak, beraz, dagokion ekitaldiko aurrekontuaren kreditua izanen du muga.

Eskatutako dirulaguntzen zenbatekoa, guztira, handiago bada aurrekontuan gaitutako gehieneko kopurua baino, proportzionalki gutxituko da onuradunei ordaindu beharreko dirulaguntza, harik eta gaitutako gehieneko kopuru hori agortu arte.

4. artikulua. Laguntzen onuradun izateko baldintzak.

Ordenantza honen xedeko laguntzen onuradun izanen dira baldintza hauek betetzen dituztenak:

1. 16 urte baino gehiago izatea.

2. Ergoiengo udalerriko erroldan egotea, urtebete lehenagotik, gutxienez ere.

3. Laguntzarako eskabidea betetzea.

4. Ordaindua izatea, arauz ezarritako epean, laguntzaren xedeko matrikularen edo ikastaroaren prezioa.

5. Eskatu eta jaso izana euskara ikasteko Nafarroako Gobernuak urtero eskaintzen duen dirulaguntza.

6. Egunean izatea tributu-ordainketak eta/edo betebeharrak Ergoiengo Udalarekin eta udal horretako hiru kontzejuekin.

7. Gutxienez, ikastaroaren %80an parte hartu dela egiaztatzea, edo ikastaroa gainditzea.

5. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Eskabidea, Ergoiengo Udalari zuzendua.

b) NANaren fotokopia.

c) Ergoiengo udalerrian erroldatuta egotearen ziurtagiria (ez da aurkeztu behar).

d) Matrikula ordaindu izanaren egiaztagiria.

e) Nafarroako Gobernuak dirulaguntza eman izanaren egiaztagiria (4.6 artikuluan aipatutako dirulaguntza).

f) Bankuaren egiaztagiria, eskatzailearen kontu korrontearen zenbakiarena.

6. artikulua. Prozedura eta kudeaketa-arauak.

Eskabideak urtero aurkeztuko dira, urtarrilaren 1etik urriaren 31ra, urte berean azken data hori baino lehen matrikula egin den ikastaroetarako.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskabideak udal-bulegoetan aurkeztu beharko dira, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezartzen diren bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Dagokion ekitaldi ekonomikoko abenduan ordainduko dira laguntzak, eskabide guztiak aztertu ondoren.

Ordenantza honetan ezarritako laguntza lortzeak ez du esan nahi automatikoki berrituko denik hurrengo ikastaroetarako. Eskabidea eta dokumentazioa ikasturte bakoitzean aurkeztu behar dira, eta hartan bakarrik balioko dute.

7. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteak egiten direnean datuak ezkutatzeagatik edo iruzurra egiteagatik ordenantza honetan aurreikusitako laguntzetarako eskubidea ematen duten baldintzetan, laguntzak errebokatu, eta itzuli egin beharko dira bidegabe emandako zenbatekoak, deusetan galarazi gabe bidezko diren legezko egintzak gauzatzea.

8. artikulua. Datuen babesa.

Ergoiengo Udala da datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean gauzatutako eginkizun bat betetzeko, euskara ikasteko dirulaguntzak kudeatzeko xedez, honako arau hauetan ezarritakoarekin bat: 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen Oinarriei buruzkoa; 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Tratatutako datuen tipologiari dagokionez, identifikazio-datuak eta datu ekonomiko eta finantzarioak dira.

Interesdunek eskubidea dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko eta kontra egiteko. Horretarako, tratamenduaren arduradunarengana jo behar dute. Ez dago aurreikusita datu pertsonalen komunikaziorik egitea. Datuak gorde eginen dira, erakundeak haiek betetzearen ondoriozko erantzukizunak izan ditzakeen bitartean. Halaber, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio-arauak bete beharko dira.

9. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan arautzen ez den orotarako, arau hauetan ezarritakoa aplikatuko da: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, eta behin iraganda Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak duten epea, toki-erakundeek ematen dituzten egintza edo erabakien gainean duten indargabetze-ahalmena erabiltzeko.

I. ERANSKINA.–EUSKARA IKASTEKO LAGUNTZARAKO ESKABIDEA

Izen-abizenak: ................................................................................NANa/IFZa: ..............................

Jakinarazpenetarako helbidea: .........................................................................................................

PK: .................................... Herria: ...................................................................................................

Telefonoa: ....................................................... Helbide elektronikoa: .....................................................

Nire izenean,

AZALTZEN DUT:

Euskara ikasteko laguntza-eskaera onartzea nahi dudala. Horretarako, agiri hauek aurkezten ditut:

1.–Eskabide-orria.

2.–NANaren fotokopia.

3.–Matrikula ordaindu izanaren egiaztagiria.

4.–Nafarroako Gobernuak dirulaguntza eman izanaren egiaztagiria.

5.–Bankuaren egiaztagiria, eskatzailearen kontu korrontearen titulartasunarena.

Baimena ematen dut udal-bulegoetan ofizioz eskuratu daitezen errolda-ziurtagiria, eta Ergoiengo Udalarekiko eta dagokion kontzejuarekiko betebeharrak egunean izateari buruzkoa.

Tokia eta data: ..................................................................................................................................

Eskatzailea: ......................................................................................................................................

DATUEN BABESA.

Arduraduna: Ergoiengo Udala.

Helburua: Euskara ikasteko dirulaguntzak kudeatzea.

Eskubideak: Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horretarako, udal-bulegoetara jo beharko da.

Gehiago jakiteko: http://www.ergoiena.com/pribatasun-abisua/

Iragarkiaren kodea: L2510507