167. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

706E/2025 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Burgiko Udal Plan Orokorraren aldaketari buruz, hirigintzako arauen 36. artikuluaren esparruan (baso-lurzoruen babes araubidea), Burgiko Udalak sustaturik.

Udalak 2025eko maiatzaren 14an eman zion hasierako onespena aldaketari. Espedientean jaso da planaren aldaketaren dokumentu teknikoa.

Gogoratu beharra dago ezen, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 9ko 483E/2020 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa eman zela Burgiko Udalaren Hirigintza Planaren aldaketari buruz, Burgiko Udalak sustaturik (2020ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 25ekoan). Ingurumen Ebaluaziorako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezartzen du ingurumen txosten estrategikoak indarra galduko duela argitaratzen denetik lau urteko epean plana onesten ez bada (kasu honetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik). Horregatik, 2025eko maiatzean Hirigintza Atalak beste txosten bat eskatu zion Ingurumen Ebaluaziorako Atalari.

Aldaketaren helburua da baimengarritzat hartzea abeltzaintza estentsiboari loturiko eta hari laguntzeko instalazioak baso-lurzoru gisa sailkaturiko lurzoruetan, baldin tradizioz erabilera hori eman bazaie. Horregatik, proposatu da 36. artikuluaren testua aldatzea, baso-lurzoru urbanizaezinaren araubideari dagokionez, eta baldintza batzuk ezartzea justifikatzeko abeltzaintza estentsiboa eginen dela, antzinako bordak erabiliz, eta hori bateragarri egiteko basogintzako antolamenduko proiektuekin eta bide publikoetatik sartzeko bideak izatearekin, bai eta bidezkotzat jotzen diren neurriak ere, suteak prebenitzeko. Hortaz, honako hau da aldaketaren aplikazio eremua: baso-lurzoru urbanizaezina, aipatu baldintzak betetzen dituena.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar bezala egin dela, eta Burgiko Udalaren Plan Orokorraren aldaketak ez duela ukipen nabarmenik eragiten ingurumenean.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea Burgiko Udal Plan Orokorraren aldaketari buruz, ingurumenean ondorio nabarmenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Burgiko Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Burgiko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko uztailaren 31n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2510480