164. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

119C/2025 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Transportes Iruña SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu da Transportes Iruña SA enpresaren hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31102121012023), zeina 2025eko ekainaren 26an sartu baitzen erregistro honetan, eta 2025eko ekainaren 23an sinatu baitzuten enpresaren ordezkariek eta langileen legezko ordezkariek.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuarekin loturik, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Transportes Iruña SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31102121012023).

Bigarrena.–Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko uztailaren 4an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

TRANSPORTES IRUÑA SA ENPRESAKO LAN BALDINTZEN HITZARMEN KOLEKTIBOA (NAFARROA)

Iruñean, 2025eko ekainaren 23an.

BILDU DIRA:

Batetik, Transportes Iruña SA enpresaren izenean (IFKa: A-48137723), Luis María Lamberto Zapata jauna, adinez nagusia.

Bestetik, langileen izenean, langileen delegatua den aldetik, Alvaro Barsallo Camacho jauna, adinez nagusia.

ADIERAZTEN DUTE:

Bi alderdiek elkarri onartzen diote lege gaitasun nahikoa dutela Transportes Iruña SA enpresaren Nafarroarako hitzarmen kolektibo hau izenpetzeko. Fede onez negoziatu dute, bi alderdiek adosturik konpromiso batzuk hartzeko nahitaez bete beharreko zenbait arlotan eta, hain zuzen ere, konpromiso horiek osatzen dute hitzarmen hau. Jarraian ematen da hitzarmenaren testua.

TRANSPORTES IRUÑA SA ENPRESAKO LAN BALDINTZEN HITZARMEN KOLEKTIBOA (NAFARROA)

1. artikulua. Eremu pertsonala.

Hitzarmen kolektibo honek eragiten die Nafarroako probintziako lantokiari atxikita dauden Transportes Iruña SA enpresako egungo langile guztiei, bai eta hitzarmena indarrean dagoen bitartean lantoki horretan sartzen diren eta alta ematen zaien langile guztiei ere, enpresan betetzen duten lanpostua edozein dela ere, goi-zuzendaritzako eta goi-kontseiluko karguak izan ezik, indarreko legediaren arabera arautuko baitira halakoak, eta hurrengo artikuluan ezarritakoari jarraikiz betiere.

2. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen kolektibo hau aplikatuko zaie haien zerbitzuak Transportes Iruña SA enpresaren Nafarroako lantokiari atxikirik ematen dituzten edo ematen ahal dituzten langile guztiei, alde batera utzita langile horiek zein eremu geografikotan ematen dituzten zerbitzuak.

3. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen kolektibo hau Transportes Iruña SA enpresaren Nafarroako lantokiari atxikitako langileei baino ez zaie aplikatuko, eta, beraz, ez da aplikatuko Transportes Iruña SA enpresarekin merkataritza harremanak dituzten beste enpresetan; salgaien errepide-garraioaren sektorean dihardu enpresak.

Transportes Iruña SA enpresak Nafarroatik kanpo dituen beste lantoki batzuetan jarduten duten langileen kasuan, dagokien esparru geografikoko garraioaren sektoreko hitzarmen kolektiboa aplikatuko zaie.

Hitzarmen kolektibo honi lotutako langile guztiek indarrean izan behar dituzte lan egiteko behar diren baimen eta/edo agiri guztiak. Beharrezko agirietako edozeinek indarra galtzen badu, hori aski izanen da kontratua eteteko, hiru hilabetez gehienez, eta gehieneko etenaldi hori bukaturik langileak oraindik ere ez badu eskuratu agiri hori, lan kontratua azkenduko zaio.

4. artikulua. Denbora eremua.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldia 2025eko ekainaren 1ean hasiko da, ondorio guztietarako, eta 2028ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia amaitu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko duela harik eta bi alderdiek horren ordezko bat sinatzen duten arte.

Edozein alderdik egiten ahalko du hitzarmenaren salaketa, indarraldia bukatu aurreko hilabetean.

5. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

Itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, aplikazio praktikoari dagokionez, osotasunean hartuko dira. Agintaritza eskudunak hitzarmen kolektibo honen klausularen bat baliogabetzen badu, gainerako klausulek ez dute indarra galduko, eta hitzarmen kolektiboa sinatu duten alderdiek hilabeteko epean hasi beharko dute baliogabeturiko klausula edo artikuluak negoziatzen. Hitzarmen kolektibo hau, alderdien arteko lege den aldetik, bete beharrekoa da sinatzaileentzat eta pertsona fisiko edo juridikoentzat, zeinen izenean egin baita kontratua, eta bete beharreko zuzenbide absolutukoa ez den edozein arauren gainetik egonen da, eraginkorra den denborarako.

6. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena.

Ezarritako baldintzek konpentsatu eta irentsiko dituzte hitzarmen honek indarra hartzean lehendik zeuden baldintza guztiak –geroago adieraziko direnak izan ezik–, edozein dela ere haien izaera eta jatorria, bai eta nahitaez aplikatu beharreko xedapen orokor edo hitzarmenekoek gerora ezartzen dituzten baldintzak ere. Berariaz salbuetsita gelditzen dira "Hitzarmenaren kontura" izenarekin jasotako zenbatekoak, bai eta "ADR plusa" ere.

7. artikulua. Hitzarmen kolektibo honen aplikazio subsidiarioa.

Hitzarmen kolektibo honetan arautzen ez diren gai eta baldintza guztiak Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira.

8. artikulua. Lanaldia.

Asteko erreferentziako lanaldia 40 ordukoa izanen da, baina enpresako urteko benetako lanaldia 1.744 ordukoa izanen da langile guztientzat, astelehenetik larunbatera banatuta. Atsedenaldiak, hots, bazkaltzeko denbora, atsedena edo kafea hartzeko etenaldiak eta antzeko beste batzuk, ez dira benetako lanordu gisa hartuko.

Gidarien kasuan, enpresaren eskura edo jardunean ematen duten denbora guztia hartuko da benetako lanordutzat, dela ibilgailua gidatzen edo ibilgailua zirkulatzen ari den bitartean beste lan batzuetan egindakoa, dela ibilgailuarekin edo garraiobidearekin loturik egiten diren beste lan osagarri batzuetan egindakoa, alde batera utzita, berariaz, atsedena hartzeko finkatuak dauden aldiak.

Benetan lanean egon gabe langilea enpresaburuaren esanetara dagoenean, denbora hori presentzia denboratzat hartuko da, eta honako arrazoi hauek izaten ahalko dira: itxaronaldia, aurreikuspenak, guardiako zerbitzuak, zerbitzurik gabeko bidaiak, matxurak, bidean egindako otorduak eta horien antzeko beste batzuk. Presentzia denbora horren eta benetako lan denbora ez denaren artean daude bazkaltzeko edo afaltzeko denbora, kafea hartzeko etenaldia, gidariaren parte-hartze aktiborik gabe egiten diren zamalanak eta horien antzeko beste batzuk. Horiek ez dira hartuko benetako lan denboratzat.

Horri dagokionez, 1561/1995 Errege Dekretua eta 561/2006 EE Erregelamendua aplikatuko dira, edo horiek ordezten dituzten arauak.

Enpresak lan egutegi bat prestatuko du, zeina sindikatuen ordezkariei proposatuko baitzaie urte bakoitzeko urtarrilaren lehen hamabostaldian. Alabaina, ekoizpen beharrengatik edo justifikatzen duten beste arrazoi batzuengatik, enpresak aldaketak egiten ahalko ditu, langileen ordezkariei aldez aurretik jakinarazita, gutxienez 15 egun lehenago.

9. artikulua. Lanaldiaren banaketa irregularra.

Asteko erreferentziako lanaldia 40 ordukoa izanen da, eta egunekoa, 8 ordukoa, astelehenetik larunbatera.

Lanaldia zenbatzeko, 2025. urteari dagokion lan egutegia –dokumentu honi erantsita doana– hartuko da kontuan.

Enpresak lanaldiaren %10 (174 ordu) modu irregularrean banatzen ahalko du urtean zehar. Ordu horiek ordu arruntzat hartuko dira ondorio guztietarako. Ordu poltsa hori lanegunetatik kanpo erabiltzeko, langilearekin adostu beharko da, edo langileen ordezkariekin akordio batera iritsi. Banaketa hori eginda ere, legeak ezarritako eguneko eta asteko atsedenaldietarako gutxieneko tarteak errespetatu beharko dira.

Enpresek aurreko paragrafoan araututako prestasuna erabiltzen badute, idatziz jakinarazi beharko diete ukitutako langileei eta langileen ordezkariei, neurria aplikatu baino 5 egun lehenago gutxienez. Salbuespen izanen dira bezeroen abisu urgente edo atzeraezinak, behar bezala justifikatuak, aurrerapen hori betetzea eragozten dutenak. Kasu horretan, jakinarazpen hori behar-beharrezkoa den denborarekin eginen da.

Lanaldiaren banaketa irregularra ez zaie aplikatuko adingabeen legezko zaintzagatik edo senideak zaintzeagatik lanaldi murrizketa duten langileei, baldin eta murrizketa hori eskatu bada Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Dekretuaren 37.6 artikuluaren babesean eta manu horretan ezarritako kasuetan.

10. artikulua. Negozio lerroak.

Transportes Iruña SAren jarduera salgaiak errepidez garraiatzean datza. Enpresaren jardueraren barnean, hitzarmen kolektibo honek ondoren zehaztuko diren negozio lineak bereizten ditu, eta, halaber, berariazko lan baldintzak ezartzen ditu linea bakoitzean zerbitzuak ematen dituzten langileentzat.

–Eskualdeko eta nazioko linea: linea horri atxikitako langileek gutxienez 650 kilometro eginen dituzte egunean, enpresak hori bermatuko baitie, honako baldintza hauekin:

–Aste barneko jaiegunen plusa: astelehenetik ostiralera bitarteko egunetan jaiegun bat edo gehiago badaude, langileek 100 euro jasoko dituzte lan egindako jaiegun bakoitzeko.

–Igandeko plusa: gidariek igandez hasten badute lanaldia, 35,00 euro jasotzeko eskubidea izanen dute. Madrilgo linean igandez lan egiten duten langileek, aldiz, 50,00 euro jasotzeko eskubidea izanen dute.

–Kilometro ordainaren sari pizgarria, lanaldia luzatzeagatik: orduak kalkulatzea zaila denez (benetan lan egindakoak, lanerako prest egondakoak, norberak egindako geldialdien ondoriozkoak, etab.), adostu da 1561/1995 Errege Dekretua eta 561/2006 EE Erregelamendua aplikatu eta konpentsazio sistema bat ezartzea 2025. urterako. Ondorioz, langileei 0,027 euro ordainduko zaizkie enpresaren ibilgailuekin egiten duten kilometro bakoitzeko, takografoak zehaztutakoaren arabera. Plus edo prima horretan sartua dago langileak ibilbidea egiteko behar izan zezakeen lanaldi luzapenaren balizko balioa. Pizgarri horretaz gain, Madrilgo lineari atxikitako gidariek 30,00 euroko plus gehigarria izanen dute bidaia oso bakoitzeko (joan-etorria). Horrenbestez, soldatari dagokion gaia den aldetik, alderdi sinatzaileek berariaz adierazten dute ez direla aplikatuko Nafarroako errepideko salgaien garraioaren hitzarmen sektorialean aparteko orduak arautzen dituzten artikuluak, artikulu honetan ezarritakoaren arabera konpentsatzen baitira.

–Mantenu eta egonaldi gastuak: mantenu eta egonaldi gastuak kalkulatzea zaila denez, adostu da konpentsazio sistema bat baliatzea 2025. urterako, zeinetan formula baten bidez kalkulatzen baita ordaindu beharreko zenbatekoa. Zehazki, 0,022 euro ordainduko dira egindako kilometro bakoitzeko, Google Mapsen arabera neurtuta. Kopuru horren bidez konpentsatzen dira gidariek zerbitzuak eman bitartean izan ditzaketen mantenu eta egonaldi gastu guztiak. Kilometroak hilero zenbatuko dira, eta sortzapenaren hurrengo hilabetean ordainduko dira. Gastuak behar bezala araututa gelditu direnez artikulu honetan, ez da kontzeptu horregatik inolako kantitaterik eskatzen ahalko, eta hitzarmen hau sinatzen duten aldeek honako konpromiso hau hartzen dute: dieten gaineko erreklamaziorik bada enpresaren aurka, hitzarmenaren batzorde paritarioa biltzeko deia eginen da, aldeetako edozeinek eskatuta, kasuan kasuko irizpena eman dezan, hitzarmen honetan adostutakoa berresteko.

Nazioarteko linea: linea horri atxikitako langileek baldintza hauek izanen dituzte:

–Nazioarteko ibilbidea: ibilbide horri atxikita egonen dira zerbitzuak Espainiatik kanpo egiten dituzten langileak, zerbitzua nola Espainian hala atzerriko edozein lekutan hasita.

–Aste barneko jaiegunen plusa: astelehenetik ostiralera bitarteko egunetan jaiegun bat edo gehiago badaude, langileek 100 euro jasoko dituzte lan egindako jaiegun bakoitzeko.

–Asteburuko plusa: gidariek asteburuan Espainiatik kanpo egon behar badute, 125,00 euro jasotzeko eskubidea izanen dute asteburuko, dietengatik.

–Prestutasun plusa: gidariek asteburuan Espainiatik kanpo egon behar badute, 125,00 euro jasotzeko eskubidea izanen dute asteburuko, prestasunagatik.

–Larunbat edo igandeko plusa: Gidariek zerbitzuak asteburuan egiten badituzte, larunbateko 16:00ak baino beranduago iritsita edo igandean abiatuta, 70,00 euro jasotzeko eskubidea izanen dute, larunbat edo igandeko plusagatik.

–Kilometro ordainaren sari pizgarria, lanaldia luzatzeagatik: orduak kalkulatzea zaila denez (benetan lan egindakoak, lanerako prest egondakoak, norberak egindako geldialdien ondoriozkoak, etab.), adostu da 1561/1995 Errege Dekretua eta 561/2006 EE Erregelamendua aplikatu eta konpentsazio sistema bat ezartzea 2025. urterako. Ondorioz, langileei 0,045 euro ordainduko zaizkie enpresaren ibilgailuekin egiten duten kilometro bakoitzeko, takografoak zehaztutakoaren arabera. Plus edo prima horretan sartua dago langileak ibilbidea egiteko behar izan zezakeen lanaldi luzapenaren balizko balioa. Horrenbestez, soldatari dagokion gaia den aldetik, alderdi sinatzaileek berariaz adierazten dute ez direla aplikatuko Nafarroako errepideko salgaien garraioaren hitzarmen sektorialean aparteko orduak arautzen dituzten artikuluak, artikulu honetan ezarritakoaren arabera konpentsatzen baitira. Plus hori egindako kilometro guztiengatik ordainduko da, baldin hilean 14.000 km baino gehiago egiten badira.

–Mantenu eta egonaldi gastuak: mantenu eta egonaldi gastuak kalkulatzea zaila denez, adostu da konpentsazio sistema bat baliatzea 2025. urterako, zeinetan formula baten bidez kalkulatzen baita ordaindu beharreko zenbatekoa. Zehazki, 0,0382 euro ordainduko dira egindako kilometro bakoitzeko, Google Mapsen arabera neurtuta. Kopuru horren bidez konpentsatzen dira gidariek zerbitzuak eman bitartean izan ditzaketen mantenu eta egonaldi gastu guztiak. Gastuak behar bezala araututa gelditu direnez artikulu honetan, ez da kontzeptu horregatik inolako kantitaterik eskatzen ahalko, eta hitzarmen hau sinatzen duten aldeek honako konpromiso hau hartzen dute: dieten gaineko erreklamaziorik bada enpresaren aurka, hitzarmenaren batzorde paritarioa biltzeko deia eginen da, aldeetako edozeinek eskatuta, kasuan kasuko irizpena eman dezan, hitzarmen honetan adostutakoa berresteko. Egonaldia ohiko bizilekutik kanpo bi gau baino gehiago luzatuz gero, enpresak hotela kudeatuko du, gau baterako.

–Taldean gidatzea: taldean gidatuz gero, gidari bakoitzari zenbatuko zaizkio ibilgailuak egindako kilometroak.

–Andoaingo linea: Nafarroako lantokiari atxikitako langileek, lanaldia Andoainen hasten edo bukatzen badute, berariazko baldintza hauek izanen dituzte:

–Aste barneko jaiegunen plusa: astelehenetik ostiralera bitarteko egunetan jaiegun bat edo gehiago badaude, langileek 100 euro jasoko dituzte lan egindako jaiegun bakoitzeko.

–Igandeko plusa: gidariek igandez hasten badute lanaldia, 35,00 euro jasotzeko eskubidea izanen dute lan egindako igande bakoitzeko.

–Dietak: dietarik sortuz gero, 14,37 euro ordainduko dira lan egindako egun bakoitzagatik.

–Aparteko orduak: laneko sistemagatik, zerbitzuak egiteko 3 astez jarraian benetan lan egin eta gero astebetez atseden hartzen denez, 4 asteko aldi horretan sortzen diren aparteko orduak hilero zenbatu eta kitatuko dira, orduko 16,60 euro gordin ordainduta.

–Gidatze efizientearen plusa: gidari guztiek plus bat jasoko dute hilero efizientziaz gidatzeagatik, betiere ibilgailuak horretarako baldintza teknikoak baditu, baldin eta honako baremo hauek bete badira, ibilgailuak ezarritako balorazioaren arabera:

  • Hilean 14.000 km-ra bitarte eginez gero:
    • 89,99ra bitarteko puntuazioa: 0,00 euro.
    • 90etik 94,99ra bitarteko puntuazioa: 50,00 euro.
    • 95etik aurrera: 75,00 euro.

11. artikulua. Oporrak.

Langile bakoitzari 30 opor egun natural dagozkio lan egindako urte bakoitzeko, edo lan egindako denboraren araberako zati proportzionala. Enpresak 15 egun jarraian hartzeko egunak zehaztuko ditu, eta langileek gainerako 15 egunak aukeratzen ahalko dituzte, gehienez ere bi alditan banatuta. Enpresari jakinarazi beharko dizkiote hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen, edo hilabete horretako azken ostirala baino lehen, eta enpresaren ohiko jardunean eraginik ez badute onartuko zaizkie.

Langile batek ezin baditu dagokien urte naturalean hartu opor egun guztiak edo batzuk, oporraldiak bat egin duelako haurdunaldiaren, erditzearen edo edoskitze naturala egiteko aldiaren ondoriozko aldi baterako ezintasun batekin, edo Langileen Estatutuaren 48. artikuluko 4., 5. eta 7. apartatuetan ezarritako lan kontratuaren etenaldi batekin, nahiz aldi baterako beste ezintasun batekin, –aipatu ez den arrazoi baten ondoriozkoa–, behin ezintasuna bukaturik hartzen ahalko ditu oporrak.

Ezin da oporrik hartu eskubide hori sorrarazteko finkatutako denbora igaro ezean, kontratua hasten denetik aurrera zenbatuta.

Langileek bi hilabete lehenagotik jakinen dute noiz hartuko dituzten oporrak.

Oporrak urte bakoitzeko martxoaren 31ren ondoren, edo hilabete horretako azken ostiralaren ondoren, eskatzen dituzten langileek eskatutako datetan hartzen ahalko dituzte, zerbitzuaren gorabeheren edo dauden lanpostu hutsen arabera posible bada. Nolanahi ere, halako kasuetan, langileek beste aldi bat aukeratzen ahalko dute enpresak proposatzen dituenen artean.

Oporrak, ahal dela, sortzen diren urte naturalaren barnean hartuko dira. Abenduaren 31ra iritsita, oraindik opor egunak gelditzen bazaizkio langileei hartzeko, hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte hartzen ahalko dituzte.

12. artikulua. Lanerako ezintasuna.

Ohiko lanbiderako ezintasun iraunkor osoaren deklarazioari dagokionez, indarra duten legezko xedapenei jarraituko zaie.

Hala ere, egoera horretan dauden langileek, urtebeteko epearen barnean, deklarazioa ematen denetik hasita, eskubidea izanen dute enpresan bete gabe gelditzen diren lanpostuetan kokatuak izateko, lanpostu horiek beren gaitasun fisikoetarako eta prestakuntzarako egokiak badira, bai eta beste ekoizle batzuen gainetik ere.

13. artikulua. Baldintza ekonomikoak.

A.–Oinarrizko soldata eta berrikuspena.

2025. urterako oinarrizko soldataren taulak I. eranskinean zehazturik daude.

Taula horretan zehaztutako zenbatekoa eta ondoren azalduko diren zenbateko guztiak, gidatze efizientearena izan ezik, handitu eginen dira hitzarmen kolektibo hau indarrean den bitartean; hauek izanen dira igoeren ehunekoak:

–2026an: 2025eko KPIa.

–2027an: 2026ko KPIa.

–2028an: 2027ko KPIa.

B.–Aparteko haborokinak.

Udako eta eguberrietako aparteko haborokin bakoitzean oinarrizko soldataren hileko bat ordainduko da.

Berariaz ezartzen da aparteko haborokinak hilabeteka hainbanatuko direla.

Aparteko haborokin bakoitza seihileko bakoitzean zenbatuko da: lehenbizikoa urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte, eta bigarrena, berriz, uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarte. Langile bat enpresan sartzen bada edo bertatik alde egiten badu seihileko horietako bat hasita dagoela, eskubidea izanen du seihilekoan lanean egiazki emaniko denborari dagokion zati proportzionala kobratzeko.

C.–Mozkinetan parte hartzea.

Parte-hartze horrengatiko zenbatekoa oinarrizko soldataren hileko bat izanen da.

Berariaz ezartzen da aparteko haborokinak hilabeteka hainbanatuko direla.

Parte-hartze hori urteka zenbatuko da: urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte. Langile bat enpresan sartzen bada edo enpresatik joaten bada aldi horren barnean, eskubidea izanen du urtean lanean egiazki emaniko denborari dagokion zati proportzionala kobratzeko.

D.–Gidatze efizientearen plusa.

Gidari guztiek plus bat jasoko dute hilero efizientziaz gidatzeagatik, betiere ibilgailuak horretarako baldintza teknikoak baditu, baldin eta honako baremo hauek bete badira, ibilgailuak ezarritako balorazioaren arabera:

–Hilean 14.000 km-ra bitarte eginez gero:

  • 89,99ra bitarteko puntuazioa: 0,00 euro.
  • 90etik 94,99ra bitarteko puntuazioa: 50,00 euro.
  • 95etik aurrera: 75,00 euro.

–Hilean 14.000 km baino gehiago eginez gero:

  • 89,99ra bitarteko puntuazioa: 0,00 euro.
  • 90etik 94,99ra bitarteko puntuazioa: 75,00 euro.
  • 95etik aurrera: 125,00 euro.

Zenbateko horiei 25,00 euro gehituko zaizkie A sailkapena lortuz gero.

Egindako zerbitzu motaren arabera balorazio horiek lortzea zailagoa den kasuetarako, oro har esleitutako baremo horiek jaisteko eskubidea izanen du enpresak.

Aipatu balioak lortzeko, ibilgailuak berak duen gidatze efizienterako programatik lortutako emaitza hartuko da, SCANIAk ematen baitu.

E.–Borondatezko konpentsazioak.

Enpresako zuzendaritzak, nahi badu, diru bidezko edo gauzazko konpentsazioak ematen ahal dizkie langileei, enpresak finkatuko dituen helburu berariazko batzuk lortzearren. Ez dira finkagarriak izanen eta, beraz, ez dute etorkizunerako eskubiderik sortuko.

F.–Gaueko lanaren plusa: Langileek, gauez soilik lan egiteko kontratatuta egon ezean, 22:00etatik 06:00etara bitarte lan egiten badute, 1,24 euro kobratuko dute lan egindako ordu bakoitzeko, gaueko lanaren plusagatik.

14. artikulua. Laneko istripuak eta eritasunak.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 169. artikuluan zehaztutako aldi baterako ezintasun kasuetan, enpresak prestazio osagarri bat ordainduko du, Gizarte Segurantzari dagokionari gehituta bajan dagoen langilearen soldata gordinaren ehuneko ehunera arte osa dezan, bajaren lehen egunetik eta gehienez 545 egun arte. Gizarte Segurantzak edo lan istripuen mutualitateak legez derrigortutako zenbatekoak ordaintzeari uzten badio, erakunde horiek ordaindu behar zutenaren eta langilearen soldata gordinaren ehuneko ehunaren arteko osagarria baino ez du ordainduko enpresak.

15. artikulua. Laneko arropa.

Enpresak, lan motak eskatzen duenean, lanerako beharrezkoa den arropa –derrigorrean jantzi beharrekoa– emanen die langileei, esate baterako: prakak, elastikoak, jantzi polarra, hotzerako arropa eta euritarako arropa.

Halaber, langile guztiei emanen zaizkie eskularruak, segurtasun oinetakoak, kaskoak eta lanean norbera babesteko beste edozein ekipamendu.

Aipatutako arropa eta gainerako elementuak langileek eskatuta aldatuko dira, baldin eta zentzuz erabili badituzte.

16. artikulua. Aurreabisua lana utzi behar bada.

Langileak lana uzten badu bere borondatez, enpresari aurreabisua egin beharko dio 15 egun baliodun lehenago, eta aurreabisuaren bete gabeko egunak deskontatzen ahal dira.

17. artikulua. Lantokiz aldatzea.

Enpresak bere egungo lantokia tokiz aldatzen badu (Imarkoaingo Garraioaren Hiria, Iruña kalea 1, 31119 posta kodea), aldaketak ez du inolako kalte-ordainik edo kontraprestaziorik sortuko, lantoki berria oraingo lantokitik 15 kilometroko erradioaren barnean kokatzen bada, Google Mapsekin neurtuta.

Lantoki berria urrutiago badago, hilean 40 euroko konpentsazioa ezarriko da.

18. artikulua. Lizentziak eta baimenak.

Indarreko xedapenetan ezarritako lizentzia eta baimen guztiei egun bat gehituko zaie, kasu hauetan izan ezik:

1. Langileek ezkontzeagatik duten lizentziak 16 egun iraunen du.

2. Ezkontidea hilez gero 7 egun emanen dira. Langilea ibilbidean bada, heriotzaren eguna ez da kontatuko. Gurasoak edo seme-alabak hiltzen badira, 4 egun probintzian gertatzen bada, eta 6 egun kanpoan gertatuz gero.

3. Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaide batek istripu edo eritasun larria badu, ospitaleratzen badute edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa egiten badiote, 5 egun emanen dira.

4. Guraso, seme, alaba, anaia edo arreba bat edo horien pareko ezkontza-ahaide bat ezkonduz gero, 2 egun probintzian gertatzen bada, eta 3 egun kanpoan bada (ezkontza egunak baimenaren erdikoa izan behar du).

5. Elkarrekin bizitzen gutxienez ere bi urte egin dituztela frogatzen duten bikoteentzat, lizentzia ordaindu bat ezartzen da. Lizentzia horrek elkarri laguntza edo sostengua ematea izanen du xede. Beraz, ezin zabalduko da ezkontzaren ondoriozko beste kasu batzuetara, hau da, ezkontza-ahaideengana.

6. Norberaren aukerako egunak: ordaindutako bi lizentzia egun dira, eta ezintasun materialik ezean eman beharko dira egun horiek. Lehen eskaera onartzea ezinezkoa bada, bigarrena onartuko da nahitaez.

Enpresak eta langileek hala adostuz gero, norberaren egun horiek lantokiko lan egutegian arautzen ahalko dira.

Kapitulu honetan ematen diren lizentziak une bakoitzean indarra duten legezko xedapenetan ezartzen den moduan hobetuko dira.

19. artikulua. Gidabaimena galtzea.

Gidari bati gidabaimena kentzeak ondorio hauek izanen ditu, betiere ez bazaio kendu mozkortzeagatik, drogatzeagatik edo zuhurtziagabekeria ausartegiagatik:

1. Ohiko lanean egindako arau-hauste batengatik gidabaimena kentzen zaion gidariari eszedentzia emanen zaio, eta berehala lanean hasteko eskubidea izanen du, zehapen-epea bete ondoren; lau urtean hiru zigor izaten ahal ditu, gehienez. Bi kasuetan, kanpoan geldituko dira gidariaren arduragabekeria nabariak, zuhurtziagabekeria ausartegiak eta mozkorkeriak edo droga-mendekotasunak eragindako zehapenak; horrelakoei zehapen-araubidea aplikatuko zaie, bidezkoa bada.

2. Lanetik kanpo eginiko arau-hauste batengatik gidabaimena kentzen zaion gidariari enpresak zehapenak diraueino eszedentzia emanen dio, lanpostua gordeta.

3. Gidabaimena kentzen bada:

a) Hilabete bitarte kentzen bazaio, aldi hori urteko opor egunen kontura egotziko zaio, non eta ez den ezinezkoa.

b) Hilabete batetik sei hilabete bitarteko epe baterako kentzen bazaio, kontratua aldi baterako etetea ekarriko du.

c) Gidabaimena sei hilabetetik gorako epe baterako kentzen bazaio, lan kontratuaren amaiera ekarriko du, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izan gabe.

d) Gidabaimena kentzen baldin bazaio lan ordutegiaren barnean mozkortzeagatik, drogatzeagatik edo zuhurtziagabekeria ausartegiagatik, kontratua amaitutzat joko da, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik gabe.

e) Kasu guztietan, gidabaimenik gabe egoteko aldia enpresan lan gutxien dagoen garaian izateko aukera kudeatuko da.

4. Enpresek aseguru-etxe batekin poliza bat sinatuko dute hala eskatzen duten gidarientzat. Poliza horren bidez, eszedentzian dagoen gidariari, aurreko 1. puntuan adierazitakoa gertatzen bada –gidabaimena kentzea gehienez ere urtebeterako–, 661,11 euro emanen dizkiote egoera horretan egon beharreko hilabete bakoitzeko, edo proportzioan dagokiona. Primaren zenbatekoa erdi bana ordainduko dute enpresak eta langileak, eta enpresek baimena izanen dute diru hori nominatik kentzeko.

20. artikulua. Osasun azterketa.

Hitzarmen kolektibo honek ukitzen dituen enpresak eta langileek nahitaez bete beharko dituzte laneko arriskuak prebenitzeko eta osasuna zaintzeko une bakoitzean indarra duten arauak.

Kontuan harturik kolektibo batzuek hirugarren pertsonen aurrean duten erantzukizuna, bai gidariek, bai orga jasotzaileko gidariek, osasuna zaintzeko probak egin beharko dituzte, eta izaten ahal diren salbuespenak baloratuko dira.

21. artikulua. Atzerriko laguntzak.

Laguntza, atzerrian istripurik izanez gero.

Langilea atzerrian artatu edo ospitaleratu behar badute eta herrialde horren eta Espainiaren artean ez badago elkarrekikotasun hitzarmenik Gizarte Segurantzaren arloan, enpresak ordainduko ditu osasun arretaren ondoriozko gastu guztiak; langileak ez du inongo zenbatekorik ordaindu beharko.

Enpresak aurrerakin gisa pagaturiko dirua berreskuratuko du, dela Gizarte Segurantzatik, dela konpainiatik, dela bidezko den beste edozein entitatetatik, eta horretarako langileek konpromisoa hartzen dute beren izenean kasuan kasuko erreklamazioa egiteko, pagaturiko dirua enpresari itzul dakion.

Ahaideen joan-etorriak, istripua atzerrian gertatuz gero.

Laneko istripuagatik gidaria atzerrian ospitaleratu behar baldin badute, enpresak baimena emanen dio ahaide bati hara joan dadin egonaldian laguntzeko, gehienez ere hamabost egunez eta enpresaren kontura. Lekualdatutako pertsonari sortzen zaizkion gastuak enpresak ordainduko ditu, gehienez ere 65 euro egun bakoitzeko.

Heriotza.

Langileren bat bere ohiko bizilekutik kanpo hilez gero enpresaren aginduz kanpoan dagoen bitartean, enpresak ordainduko ditu gorpua hobiratzeko hautaturiko tokira eramateko gastuak, betiere Espainia penintsularrean bada.

22. artikulua. Konpentsazioa, kontratua azkentzeagatik.

Lan-kontratua azkenduz gero, zergatikoa edozein dela ere, enpresan gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duten langileek konpentsazio hau hartzeko eskubidea izanen dute, kontratua azkentzen den unean adin hauek beteak badituzte:

60 urterekin: Oinarrizko soldataren 10 hileko. 61 urterekin: Oinarrizko soldataren 8 hileko. 62 urterekin: Oinarrizko soldataren 6 hileko. 63 urterekin: Oinarrizko soldataren 4 hileko.

23. artikulua. Prestakuntza.

Lanpostuko eginkizunak betetzeko nahitaezkoa den prestakuntza ikastaroetara joatea (adibidez, gaitasun profesionalaren agiria, ADR agiria, etab.) prestakuntza egiteko erabilitako denbora atseden denbora berdinarekin konpentsatuko da edo, bestela, denbora hori ohiko lanordu gisa ordainduta.

24. artikulua. Eskubide sindikalak.

Honakoak ezarri dira:

Langileen delegatuek askatasuna izanen dute biltzarretarako dei egiteko.

Enpresa batzordeek ekintza-askatasuna izanen dute, indarra duten xedapenetan ezarririko mugen barnean.

Urtean 240 ordu gordeko dira langileen delegatuentzat edo enpresa batzordeko kideentzat. Ordu erreserba hori handiagoa izanen da hitzarmena negoziatzen den denboran, baina negoziazio mahaiko kideentzat bakarrik.

Enpresa batzordearendako lokal egoki bat izanen da.

Enpresa batzordeak edo langileen delegatuek enpresaren hedabideak erabiltzen ahalko dituzte, enpresaburuari jakinarazi ondoren, gehiegikeriarik gabe.

Langile guztiei 12 ordu emanen zaizkie urtero biltzarretan parte hartzeko, lanorduetan, gehienez ere 2 ordu hilabetean, enpresaburuari ordua jakinarazi ondoren eta harekin ados jarrita.

Propaganda sindikal, kultural edo politiko oro askatasunez zabaltzen ahalko da lantokiko sarreran eta irteeran, baina izenpetua egon beharko du.

Sei langile baino gutxiago dituzten enpresetan langileen ordezkari bat izatea onartuko da, eta ordezkari horri hamabi ordu emanen zaizkio urtean erakunde ofizialetan enpresako lan harremanen ondoriozko lanetan aritzeko.

Enpresa guztietan iragarki taula bat paratuko da.

Langileen Estatutuan xedaturikoa galarazi gabe, erabaki da:

Plantillaren berregituraketak, itxierak (osoak edo partzialak, behin betikoak edo aldi baterakoak) eta lanaldi murrizketak jakinarazi beharko zaizkie langileen delegatuei eta enpresa batzordeko kideei, enpresak horiek gauzatu baino lehen.

Langileek, enpresako langileen delegatuak ez badira ere, sektoreko hitzarmenaren negoziazioan parte hartzen ahalko dute, baldin eta negoziazio horretan beren sindikatua ordezkatzen badute.

Horretarako, Langileen Estatutuak delegatuari emaniko orduak baliatzen ahalko dituzte, baldin eta enpresaren delegatuak negoziazio horretan parte hartzen ez badu. Delegatuak ere negoziazio horretan parte hartuz gero, emaniko orduak batera zenbatuko dira eta 30 langiletik beheitiko enpresetan ezin erabiliko dira aldi berean.

Hitzarmen kolektiboak delegatuei eta enpresa batzordeko kideei beren eginkizunetan aritzeko finkatzen dizkien ordu ordainduak urteko ordu poltsa batean metatzen ahalko dira, sindikatu bereko delegatuen ordu sindikalekin. Delegatuetako edozeinek erabiltzen ahalko ditu poltsako orduak. Halaber, behar bezala eraturiko atal sindikalaren delegatuari ere ematen ahalko zaizkio ordu sindikalak. Kasu horretan Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren 10.3 artikuluan xedaturikoa aplikatuko da. Hala ere, horrek ez du inola ere esan nahi hitzarmen kolektiboan ezartzen diren ordu sindikalak baino gehiago izanen dituenik.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren atal sindikal eratuek idatziz jakinaraziko dizkiote enpresari atal sindikalaren delegatu izendatu den langilearen izen-abizenak, horrek ordu poltsa erabili ahal dezan.

25. artikulua. Lan osasuneko neurriak eta arriskuen prebentziokoak.

Betiere aplikatuko da indarreko legerian arlo horretan xedatzen dena.

26. artikulua. Istripu asegurua.

Enpresak istripu aseguru kolektiboaren poliza bat kontratatuko du langileentzat. Hauek izanen dira baldintzak:

–Istripuaren ondoriozko ezintasun iraunkor osoa: lan kontratua desegin gabe, 62.000 euroko kapital aseguratua 2025. urterako.

–Edozein lan ordaindutarako ezintasun iraunkor absolutua eta baliaezintasun handia, istripu baten ondoriozkoa: 62.000 euroko kapital aseguratua 2025. urterako.

–Istripuaren ondoriozko heriotza: 62.000 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko, 2025. urtean.

Hitzarmenaren indarraldiko gainerako urteetarako, zenbateko horiek aurreko urteko KPIaren arabera igoko dira.

Polizek jarduneko langileek izaten dituzten lan-istripuetan izanen dituzte eragina eta ondorioak, eta hitzarmen hau argitaratzen den egunetik aurrera.

Izandako istripuak bide ematen badio prozesu judizial bati eta horren ondorioz enpresa behartua bada langileari edo bere eskubidedunei kalte-ordain bat ordaintzera, horrela hitzarturiko aseguruaren ondoriozko dirua epaian finkatutako kopuruaren konturakoa izanen da.

Polizek aurrez adierazitako kapitalak mantenduko dituzte hitzarmen honen indarraldian.

27. artikulua. Drogaren kontrako klausula.

Enpresako langileek espresuki debekatuta dute beren eginkizunak alkoholaren edo substantzia estupefazienteen eraginpean betetzea. Segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko, langile guztiei alkoholemia eta droga kontrolak egitea erabaki da, nahitaez, langilearen segurtasuna, ibilgailuen trafikoaren segurtasuna oro har, eta enpresako beste langile batzuen segurtasuna arriskuan jartzen duten egoerak saiheste aldera. Kontrol horiek agintari eskudunek eginen dituzte. Gidariak alkoholemia eta droga probak egiteari uko egitea arau-hauste oso astuna da, eta bidezko diren zehapenak aplikatzea ekarriko du.

28. artikulua. Eszedentziak.

Langileek urtebetetik bi urtera bitarteko borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute, kategoriari eta lanpostuari eutsiz.

Lanera itzultzeko, langileek nahitaez jakinarazi beharko diote enpresari eskatutako eszedentzia amaitu baino hiru hilabete lehenago; jakinarazpen hori gertatu ezean, lan kontratua amaitutzat joko da eszedentzia amaitzen den egunean.

Artikulu honek gaur egungo kontratazio aukerek iraun bitartean balioko du.

29. artikulua. Aldi baterako laneko enpresekiko harremanak.

Enpresak konpromisoa hartzen du ABLEei eskatzeko langileak lagatzeko kontratuetan langileei berma diezaietela hitzarmen honetan ezarritako soldata, lanbide kategoriaren arabera.

30. artikulua. Kultur sustapena.

Enpresak erraztasunak emanen ditu edozein ikasketa edo lanbide heziketa egiteko, horretan ari direla frogatzen duten langileentzat. Horretarako, ordutegi bereziak egokituko zaizkie, baldin eta ordutegi horiek zerbitzuaren funtzionamendu normalean eraginik ez badute.

31. artikulua. Langile atxilotua.

Enpresarekin zerikusirik ez duten zergatikoengatik edozein langile atxilotuz gero, enpresak konpromisoa hartzen du langilea ez zehatzeko, Langileen Estatutuaren 48. artikuluaren lehen puntuan xedatutakoarekin bat.

32. artikulua. Hitzarmenaren batzorde paritarioa.

Hitzarmen kolektibo honen interpretazioari buruz sortzen ahal diren arazoak ebazteko, batzorde paritario bat sortzea adostu dute bi alderdiek. Alderdietako edozeinek egiten ahalko du bilerarako deia, eta hurrengo hamabost eguneko epean bildu beharko da batzordea. Enpresaren eta langileen bina ordezkarik osatuko dute batzorde paritarioa. Beharrezkoak diren bilerak egin ondoren, batzordeak erabaki bat hartuko du 7 eguneko epean, bilera egunetik hasita. Epe hori iraganik, edo deialdia edo eskaera egin ondoan hogeita bi egun iraganik, ulertuko da eskaera ukatu dela eta tramitea amaitu dela, eta gaia Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekaritzaren mende uzten ahalko da.

33. artikulua. Diziplina araubidea.

Faltak dira langileek lanean, lanarekin loturik edo lanaren ondorioz egiten dituzten ekintza eta omisioak, zeinetan urratzen baitira ordenamendu juridikoak langileei ezartzen dizkien orotariko betebeharrak. Arinak, astunak eta oso astunak izaten ahal dira.

34. artikulua. Hauek dira falta arinak:

1) Lanera berandu iristea hirutan hilabetean, bidezko justifikaziorik gabe.

2) Lanera joan ezin izatea eta horren arrazoia ez jakinaraztea aldez aurretik, edozein bide erabiliz, hori egiteko aukera izanez gero.

3) Lanaldiaren barnean lanetik alde egitea justifikatutako arrazoirik gabe, nahiz eta denbora laburrerako izan.

4) Arreta falta edo zabarkeria materiala zaintzean.

5) Errespetu eta adeitasun eza, arina bada, enpresako langileekin eta publikoarekin; horien artean, norberaren garbitasun eza.

6) Enpresak emandako jantziak eta ekipamendua ez erabiltzea, erabiltzeko jarraibideak eman badira.

7) Lanera ez joatea behin hilabetean, justifikatutako arrazoirik gabe.

35. artikulua. Falta astunak dira:

1) Lanera berandu iristea hirutan baino gehiagotan hilabetean, justifikatu gabe.

2) Lanera ez joatea bitan hilabetean, justifikatutako arrazoirik gabe.

3) Lanaldiaren barnean edozein jolasetan aritzea, zerbitzuari kalte eginez.

4) Enpresaburuak lanaren edozein gaitan ematen dituen agindu eta jarraibideei kasurik ez egitea, asistentziaren kontrola barne, bai eta langileak bete beharreko jardueraren baldintza edo ondorio diren tramite administratiboak ez betetzea ere.

5) Gezurrezko arrazoiak alegatzea lizentzietarako.

6) Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean behin baino gehiagotan, lanaren kaltetan.

7) Zuhurtziagabekeria edo zabarkeria zerbitzuan ari dela. Zehazki, zerbitzuak egitean zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da nahitaezkoak diren segurtasun arropak eta ekipamenduak ez erabiltzea.

8) Lanaldian lan partikularrak egitea, horretarako baimenik izan gabe, bai eta enpresako materiala norberarentzat erabiltzea ere.

9) Errespetu eta adeitasun eza, larria bada, enpresako langileekin, erabiltzaileekin eta publikoarekin, haiei Konstituzioan aitortzen zaizkien eskubideak urratzea ekartzen duenean.

10) Lanean agintekeriaz jokatzea, hau da, egintza arbitrario bat egitea, baldin eta legezko agindu bat nahita eta nabarmen urratzen bada eta kalte nabaria ekartzen badio mendeko bati.

11) Lanera joan ezin izatea eta horren arrazoia ez jakinaraztea aldez aurretik, edozein bide erabiliz, hori egiteko aukera izanez gero, baldin eta aldez aurretik ez jakinarazte horregatik ibilgailuen irteera atzeratzen bada edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko funtzionamenduan.

12) Lanaldiaren barnean lanetik alde egitea justifikatutako arrazoirik gabe, nahiz eta denbora laburrerako izan, baldin eta horregatik ibilgailuen irteera atzeratzen bada edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko funtzionamenduan.

13) Lanera ez joatea egun batean hilabetean, justifikatutako arrazoirik gabe, baldin eta horregatik ibilgailuen irteera atzeratzen bada edo horrek kalterik ekartzen badu jardueraren ohiko funtzionamenduan.

14) Arreta faltak edo axolagabekeriak materiala zaintzean, enpresari kalterik ekartzen ez badiete.

15) Jarraian eta ohitura gisa, garbitasun eta txukuntasunik ez izatea, lankideengan arrazoizko arrangura sorrarazten duenean.

16) Lantokitik berandu ateratzea, edo langilearen edozein destinotatik.

36. artikulua. Falta oso astunak hauek dira:

1) Lanera berandu iristea hamar aldiz baino gehiagotan sei hilabetean, edo hogei aldiz urtebetean, justifikatu gabe.

2) Lanera ez joatea ondoz ondoko hiru egunetan, edo bost egun tartekatutan sei hilabetean, edo hamar egun tartekatutan urtebetean, justifikatu gabe.

3) Diziplinarik edo obedientziarik eza lanean. Falta oso astuntzat joko da diziplina urratzen denean edo horrek enpresari edo lankideei kaltea ekartzen dienean.

4) Enpresaburua, enpresan lan egiten dutenak nahiz haiekin bizi diren ahaideak hitzez zein egitez iraintzea.

5) Kontratuaren fede ona haustea eta konfiantza abusua lanean, hau da, iruzurra edo desleialtasuna manatutako kudeaketetan, lapurreta edo ebasketa (bai lankideei, bai enpresari, bai edozeini, enpresaren instalazioetan edo enpresaren ibilgailuetan, edo beste nonbait zerbitzu-egintza batean bada), gutunen sekretua urratzea edo arrotzei ezagutaraztea lanagatik ezagutzen diren datuak.

6) Ohiko edo itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.

7) Lanean sarritan mozkortzea edo drogak hartzea, baldin eta lanean ondorio okerrak badakartza.

8) Lanetik alde egitea, nahiz eta denbora laburrerako izan, istripuren bat eragiten badu.

9) Zuhurtziagabekeria edo zabarkeria zerbitzuan ari dela, istripua edo makineriaren, ibilgailuaren edo instalazioen matxura izateko arriskua ekartzen badu.

10) Sexu jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena, lanaren esparruan, hura pairatzen duen langilearen duintasunaren kontrako eraso larria denean.

11) Laneko jazarpena (mobbinga), langilearen duintasunaren kontrako eraso larri eta etengabea denean.

12) Falta astunetan berrerortzea hiruhileko berean, desberdinak izan arren, langileari zehapena jarri bazaio; bai eta aurreko falten antzekoa den beste edozein ere.

37. artikulua. Askatasuna kentzea.

Langileari askatasuna kentzen zaionean, ulertuko da lanera ez joatea ez dela arrazoirik gabekoa izan, betiere gero langilea absolbitzen badute atxiloketa ekarri zuten karguetatik.

38. artikulua. Zehapen-prozedura.

Falta astuna edo oso astuna egiteagatik zehapena jarri aurretik, enpresek idatziz jakinaraziko diete langile interesdunei zer egozten zaien, langileek aukera izan dezaten, nahi badute, idatziz azaltzeko horren gainean bidezkotzat jotzen dutena, hiru laneguneko epean. Langileen delegatuei eta/edo enpresa batzordeari ere jakinaraziko zaie hori.

Ustezko falta oso astunen kasuan, enpresak erabaki dezake langilearen lana etetea, ordainsaria kendu gabe, aurreko apartatuan aipatzen den jakinarazpena egitearekin batera edo ondoren, aldez aurreko kautelazko neurri gisa eta egitateak argitzeko behar-beharrezkoa den denbora tartean, gehienez ere hilabeterako. Horrek ez du galaraziko azkenean bidezkoa den zehapena jartzea. Langileen ordezkariei ere emanen zaie etenaldi horren berri.

39. artikulua. Zehapenak.

Ondoren azaltzen dira diziplinako faltengatik langileei ezartzen ahal zaizkien zehapenak:

a) Falta arinengatik: hitzezko kargu-hartzea nahiz idatzia, eta gehienez ere bi egunez enplegu eta soldatarik gabe uztea.

b) Falta astunengatik: 3 egunetik 15era bitartean enplegu eta soldatarik gabe uztea; 3 urtean mailaz ezin igotzea.

c) Falta oso astunengatik: 16 egunetik 45era bitartean enplegu eta soldatarik gabe uztea; mailaz igotzeko behin betiko inhabilitazioa; kaleratzea.

Trafikoko eta bide-segurtasuneko xedapenak hausteagatik jarritako isunak erantzuleak ordaindu beharko ditu.

40. artikulua. Falten preskripzioa.

Langileen falta arinek 10 egunen buruan preskribatuko dute, astunek 20 egunen buruan, eta oso astunek 60 egunen buruan, enpresak faltaren berri izaten duen egunetik aitzina, eta, nolanahi ere, falta egin eta sei hilabeteren buruan.

41. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzea.

Enpresa hitzarmen honetan araututako baldintzak ez aplikatzeari dagokionez, enpresan akordiorik lortzen ez bada, bi alderdiek espresuki erabaki dute ezen, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko akordioaren adiskidetze eta bitartekaritza prozesuen mende jarriko direla.

Arbitraje prozedura bi alderdiak haren mende jartzeko ados daudenean baizik ez da aplikatuko.

42. artikulua. Salaketen ordainketa.

Enpresak behar diren baliabideak jarriko ditu atzerrian izaten diren salaketak laster pagatzeko, horren ondoriozko atxikipenek ahalik eta gutxien iraun dezaten, edonor izanda ere salaketa sorrarazi duen arau-haustearen erantzulea.

Enpresak bere gain hartuko ditu ibilgailuaren egoerari, haren zamari, agiriei eta abarri loturiko salaketak.

Ausarkeriaz edo zuhurtziarik gabe gidatzeagatik (zirkulazio araudia ez betetzeagatik) jarritako salaketak enpresari jakinarazten zaizkionean, enpresak gidariaren izena emanen dio Trafiko Zuzendaritza Nagusiari, zehapena hari igor diezaion.

43. artikulua. Gizonen eta emakumeen arteko tratu berdintasuna.

Enpresetako lan harremanek berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak izanen dituzte gidari; besteak beste, ez da genero diskriminaziorik onartuko.

Enpresak eginahalik handiena eginen du genero berdintasuna lortzeko. Horretarako, neurriak hartuko dira gizonen eta emakumeen artean inolako lan diskriminaziorik ez izateko, une bakoitzeko legediaren arabera.

Hartzen diren berdintasun neurriak, betiere, horretarako ezarritako araudira egokituko dira, eta, nahitaezkoa bada, berdintasun plan bat eginen da, langileen legezko ordezkariekin negoziatu edo, hala badagokio, kontsultatu ondoren.

44. artikulua. Hondamendiei eta bestelako fenomeno meteorologiko kaltegarriei aurre egiteko prebentzio protokoloa.

II. eranskin gisa gehitu da alderdiek adostutako protokoloa.

45. artikulua. Lanbide sailkapena.

I. taldea: Administrazioko langileak:

Enpresaren instalazio edo zerbitzuetan administrazioko, burokraziako edo/eta kontabilitateko eginkizunak, baliabide informatiko edo ofimatikoekin egiten diren lanak eta fakturaziokoak barne, betetzen dituzten langile guztiak dira lanbide talde honetakoak; orobat, beste lanbide talde batekoak ez diren mantentze, kontrol eta arreta orokorreko eginkizunak sartzen dira. Ondoren aipatzen diren kategorietan sailkatzen dira, zeinen eginkizun edo egitekoak ere adierazten baitira, adibide gisa:

a. Lehen mailako ofiziala:

Bere erantzukizunpean ekimen beteko burokrazia lanak ezin hobeki betetzen dituen langilea da; besteak beste, merkataritzako kudeaketak (bai enpresan bai bezero eta erakundeekiko bisitetan) eta trafikoa kudeatzekoak. Gehienez zazpi langile dituzten lantokietan, horien arduradun gisa jarduten ahal du. Kategoria honetan sartzen dira eginkizun nagusitzat programazio informatikoko lanak egitea dutenak.

b. Bigarren mailako ofiziala:

Bulegoko arduradunik izanez gero, haren mende eta ezagutza teoriko eta praktiko egokia dutela, agintzen zaizkien lanak arduraz eta behar bezala egiten dituztenak sartzen dira kategoria honetan; lan horiek barne hartzen dituzte merkataritzakoak (bai enpresan bai bezero eta erakundeekiko bisitetan) eta trafiko departamentuaren kudeaketa eginkizunak. Gehienez administrazioko hiru langile dituzten lantokietan hartzen ahal dute langile horien burutza. Kategoria honetan sartzen dira egiteko nagusitzat sistemen operadorea izatea duten langileak.

c. Laguntzailea:

Goragokoen aginduak betez eta burokraziaren ezagutza izanik, zailtasun berezirik ez duten lanak egiten dituen langilea da.

II. taldea: Mugimenduko langileak:

Enpresaren instalazioetan edo handik kanpo salgaiak mugitu, sailkatu eta herrestan eramaten dituzten langile guztiak dira talde honetakoak, bai eta ibilgailuen mantentze lanak egiten dituztenak ere. Ondoren aipatzen diren lanbide kategoria hauetan sailkatzen dira, zeinen eginkizun edo egitekoak ere adierazten baitira, adibide gisa:

a. Atalburua:

Enpresa baten egiturako zerbitzu zentraletako jarduera taldeetako baten agintea ekimenez eta arduraz darabilena da, baita sukurtsal edo lantoki garrantzitsu baten administrazioaren buru dagoena ere, zuzendariaren edo ordezkariaren mende, horrelakorik bada.

b. Biltegiko arduraduna:

Bere ardurapean dagoen biltegiaren edo unitate operatiboaren ardura duen langilea da, eta, orobat, horiei modu iraunkorrean zein noizbehinka atxikitako langileen ardura duena. Eskaerak bideratu, salgaiak jaso eta ordenan banatu behar ditu, biltegiratu, banatu edo igortzeko, beste edozein jarduera logistiko egiteaz gain. Aipatutako salgaien sarrera-irteerak erregistratu behar ditu, bai eta dagozkion zerrendak idatzi eta bulegoetara igorri ere, helmuga, jatorria eta izandako sarrera-irteerak adierazita.

c. Orga jasotzaileen gidaria:

Morroi kategoriari esleitutako eginkizunak izateaz gain, edozein motatako orga jasotzaileak gidatzen dituen langilea da. Kategoria honetan sartzeko, langileak frogatu beharko du baduela orga operadore izateko txartela, egiaztatutako erakunde batek emana; prestakuntza egokia eta nahikoa jaso duela orga horiek erabili aurretik; eta, halaber, orga horiek erabili izan dituela, bere lanaldiaren eguneroko elementu gisa, sei hilabetetik gora urtebetean edo zortzi hilabetetik gora bi urtean. Irrati maiztasunezko terminalak erabiliko ditu, enpresetan salgaiak sailkatzeko eta manipulatzeko eta beste eragiketa batzuetarako erabiltzen baitira, edo helburu bererako beste edozein bitarteko tekniko.

d. Morroia:

Ibilgailuetan zein instalazio finkoetan, bereziki ahalegin fisikoa eta arreta eskatzen duten zereginak egiten dituen langilea da, hots, aldez aurretik praktika edo ezagutza nabarmenik izatea eskatzen ez duten zereginak dituena. Agintzen bazaio, salgaiak jaso edo entregatu beharko ditu, eta zerbitzua bukatzean haren egiaztagiriak emanen dizkio dagokionari. Irrati maiztasunezko terminalak erabiliko ditu, enpresetan salgaiak sailkatzeko eta manipulatzeko eta beste eragiketa batzuetarako erabiltzen baitira, edo helburu bererako beste edozein bitarteko tekniko.

e. Gidari mekanikaria:

"C + E" motako gidabaimena duen langilea da, enpresak kontratatu duena enpresaren edozein ibilgailu gidatzeko betebeharrarekin (atoidunak, erdiatoidunak edo ez atoi ez erdiatoirik gabekoak, enpresaren beharren arabera); gainera, eskatzen bazaio, ibilgailua konpontzen lagundu behar du. Zerbitzua ematen ari den bitartean, ibilgailuaren eta zamaren arduraduna da, ibilgailuaren eta egindako garraioaren agiriak bete behar ditu, hala badagokio, eta, agintzen bazaio, salgaien zamalanak zuzendu behar ditu. Egin behar ditu ibilgailuaren funtzionamendu egokirako eta ibilgailua kontserbatzeko eta egokitzeko behar diren lanak, bai eta salgaiak babesteko eta manipulatzeko behar direnak ere. Ibilgailuan edozein anomalia nabarituz gero, berehala jakinarazi beharko dio enpresak horretarako zehaztutako pertsonari. Ezartzen diren bideetatik egin beharko ditu ibilbideak edo, finkatuta ez badaude, zerbitzua behar bezala betetzeko onenetatik.

46. artikulua. Errelebo kontratua.

Lege orokorretan eta Gizarte Segurantzan indarrean dirauen bitartean, enpresak langileei baimena emanen die erretiro partziala hartzeko, baldin eta baldintza orokorrak biltzen badituzte Gizarte Segurantzako erretiroko kotizaziopeko pentsioa kobratzeko eskubidea izateko, adinaren baldintza izan ezik. Izan ere, eskatzen dena baino gehienez ere bost urte txikiagoa izaten ahalko da.

Horretarako, lanaldi partzialeko kontratu bat idatziko da, langilearen benetako lanaldia eta soldata murriztuta. Erretiro partziala hartu duen langilearen ordez beste langile bat arituko da, langabezian dagoen bat, lanaldi osoan arituz enpresari lotuko zaiona, ordezte kontratu baten arabera. Kontratu horrek gehienez ere erretiratuak erretiro osoa hartu arte iraunen du.

Erretiro partziala zuen langileak erretiro osoa hartuta, erreleboko langilea enpresako plantillan sartuko da, harreman mugagabearekin, salbu eta enpresak lanpostua amortizatzen badu.

47. artikulua. Geolokalizazioa, bideozaintza eta baliabide informatikoak.

Transportes Iruña SAk informazio teknologiak ditu ezarrita egiten den lana kontrolatzeko, enpresa-kontrolerako dituen eskumenen esparruan, hala nola bideozaintza, ordenagailuen gaineko kontrolak (urrutiko monitorizazioa, Internet bidezko nabigazioa indexatzea edo posta elektronikoa eta/edo ordenagailuen erabilera eta telefono mugikorra berrikustea edo monitorizatzea) edo langilearen kokapen fisikoari buruzko kontrolak, geolokalizazioaren bidez. Berariaz ezartzen da horiek diziplina helburuetarako erabiltzen ahal direla, eta, ildo horretan, errespetatuko direla Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena), eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzekoa) bildutako xedapenak. Langileek lanean dituzten betebehar eta eginkizunak betetzen dituztela egiaztatzea izanen da neurri horien helburua eta, hortaz, helburu horretarako proportzionalak eta egokiak izanen dira. Hori horrela, langileen duintasuna eta datu pertsonalak eta bizitza pribatua babesteko eskubidea errespetatu behar dira, kontuan hartuta, halere, lan harreman bat egoteak datu pertsonal horien tratamendua legitimatzen duela eta, ondorioz, aplikatzekoa den araudiari jarraikiz, informazio eskubidea bete egin behar dela, baita langilearen baimenik behar ez den kasuetan ere.

48. artikulua. Genero neutroari buruzko klausula.

Hitzarmen honen gaztelaniazko bertsioan, maskulinoa era generikoan erabili da, bertan sartuz langile guztiak, nola emakumezkoak hala gizonezkoak; horrek ez du esan nahi, ordea, dauden genero ezberdintasunak ez direla ezagutzen, baina hala egin da testua konplexuegia ez zedin izan.

I. ERANSKINA.–TRANSPORTES IRUÑA SAREN SOLDATA TAULA

KATEGORIA

2025

OINARRIZKO SOLDATA

2025

URTEKOA, GUZTIRA

1. taldea.–Administrazioko langileak

1. mailako ofiziala

2.085,86 euro

31.287,90 euro

2. mailako ofiziala

1.773,61 euro

26.604,15 euro

Laguntzailea

1.641,85 euro

24.627,75 euro

2. taldea.–Mugimenduko langileak

Atalburua

1.990,27 euro

29.854,05 euro

Biltegiko arduraduna

1.990,27 euro

29.854,05 euro

Gidari mekanikaria

1.644,63 euro

24.669,45 euro

Orga jasotzaileen gidaria

1.509,63 euro

22.644,45 euro

Biltegiko morroia

1.450,49 euro

21.757,35 euro

II. ERANSKINA.–FENOMENO METEOROLOGIKO KALTEGARRIEN AURREAN JARDUTEKO PROTOKOLOA

Fenomeno meteorologiko kaltegarrien aurrean jarduteko protokolo honen helburua da pertsonak, ondasunak eta ingurumena ahalik eta gehien babestea, Transportes Iruña SA enpresaren ingurumarian gerta daitezkeen fenomeno meteorologiko kaltegarriek eragiten ahal dieten egoeretan.

Horretarako ezarri dira alerta maila batzuk, erabakiak hartzeko egitura hierarkikoa eta alerta mailak komunikatzeko bideak, alerta meteorologikoko egoera baten eraginpean egon daitezkeen kolektibo guztiengana iristeko.

Helburu hauek lortu nahi dira:

–Fenomeno meteorologiko kaltegarrien ondoriozko larrialdiko esku-hartzerako, egituraren antolaketa eta jarduteko era aurreikustea.

–Langileei informazioa eta alerta emateko prozedurak zehaztea.

–Elementu kalteberak zehaztea, aintzat hartuz arriskuaren analisia eta zer arrisku mailatan dagoen Transportes Iruña SA, eta eremuak mugatzea beharrezko gerta daitezkeen esku-hartzeen arabera.

–Enpresan erabilgarri dauden bitarteko eta baliabideen katalogoa garatzea, bai eta katalogoa etengabe eguneratzeko mekanismoak ere.

Gure lurraldean, ohiko fenomenoa dira prezipitazioak. Haren aurrean, prebentzioko eta babeseko jarduketak egin dira aspalditik eta, gaur egungo garapen teknologikoa eta sozioekonomikoa dela-eta, ezinbestekoa dugu antolamenduaren aldetik erantzun egokia ematea.

Nafarroako Gobernuak larrialdi aurrea deklaratzen du euri-jasa handiak aurreikusten direlako AEMETek alerta naranja edo gorria ematen duen orotan. Azken batean, adjektibo bat edo beste erabiliko dugu prezipitazioak nolakoak diren adierazteko, oro har, neurtutako intentsitatean oinarrituta: mm/h, ordubetean bada, edo l/m², ordubetean edo hamabi orduan bada.

Garrantzitsua da azaltzea prezipitazioen iragarpenak lau termino bil ditzakeela: bat, prezipitazio mota zehazteko; beste bat, intentsitaterako; eta beste bi, espazioan eta denboran nola banatuko diren zehazteko. Adibidez, "euri gogor eta iraunkorrak 12 orduko iragarpenean" adierazpenak esan nahi du denbora horretan prezipitazioa, osotara, 36 l/m² eta 144 l/m² artekoa izaten ahal dela, baina kontuan hartuta denbora tarte bakoitzean prezipitazioaren balio zentralak 75 l/m² inguru izanen direla.

Gainera, zenbaitetan, haize zakarrak arrisku egoerak eragiten ditu, eta aintzat hartu behar da pertsonentzat dakarren arriskua.

Plana aplikatu beharko da fenomeno meteorologiko kaltegarriek eragindako larrialdi aurreko edo larrialdiko edozein egoerak enpresari eragiten dionean. Hauekin lotuak izaten ahal dira:

1.–Prezipitazioak/uholdeak.

2.–Haizea / itsasoko ekaitza.

1.–Alerta mailak.

Transportes Iruña SAren protokoloa aktibatzen diren alerta mailetan oinarrituko da, honako 4 mailak bereizita:

1. maila. Abisua, maila horia, lanak jarraituko du eta jarduerak ohi bezala eginen dira.

2. maila. Kontuz aritu beharra, maila laranja, lanak jarraituko du, baina kanpoaldean egiten diren jarduerak eten behar diren aztertuko dute haien arduradunek.

3. maila. Bertan behera uztea lan eta jarduerak, maila gorria, berehalakotasunagatik eta izan daitezkeen arriskuengatik, aktibatuko dira barne protokoloak eta kasuko autonomia erkidegoko edo udaleko planak.

–Bertan behera utziko da lana.

–Langile guztiei jakinaraziko zaie, Whatsappez.

–Langileei ohartaraziko zaie ahal dela ez daitezela errepidez joan lantokira, ez behintzat arrisku eremuetatik igarota, lana urrutitik egiteko modua badute. Ez da inola ere zigortuko lanpostura ez joatea.

4. maila. Enpresa ixtea, maila beltza. Enpresaren jarduera guztia eten beharko da. Ahal dela ez da errepidez joan behar lanpostura, horrek arriskua ekar badezake. Horregatik, larrialdiaren fase honetan, neurri hauek aurreikusten ditu Transportes Iruña SAk:

–Instalazioak itxiko dira. Bertan behera utziko dira jarduera guztiak.

–Langile guztiei jakinaraziko zaie, Whatsappez.

–Bertan behera utziko dira kanpoko enpresek egiten dituzten jarduera guztiak.

–Ez da aurrez aurreko arretarik emanen, salbu eta dituzten ezaugarri bereziengatik aldez aurretik zerbitzu minimoak antolatuak dituzten zerbitzuetan eta, kasu horretan, lantokira segurtasunez joan daitezkeen langileek (beraiek horrela baloratu ondoren) emanen dute arreta. Ez da inola ere zigortuko lanpostura aurrez aurre ez joatea.

Larrialdi Batzordeak ezarriko ditu alerta mailak, Nafarroako Gobernuak ezartzen dituen mailen arabera.

Alerta maila aldatzeko erabakia une hauetan hartzen ahalko da:

–Jarduera hasi aurreko eguneko 22:00ak baino lehen.

–08:00ak baino lehen, alerta maila igotzen ahalko da.

–Oso kasu berezietan, alerta maila edozein unetan igotzen ahalko da. Alerta maila gorrira edo beltzera igotzen bada, aurrez aurreko jardueran campusek irekita jarraituko dute pertsonen ebakuazioa segurtasunez eta presarik gabe egin ahal izateko.

2.–Larrialdi Batzordea.

Larrialdi Batzordea izanen da erabakiak hartzeko arduraduna 3. mailarako eta 4. mailarako. Aintzat hartuko ditu Nafarroako Gobernuaren Larrialdiak Koordinatzeko Zentrotik jasotzen diren argibideak eta egoeraren gaineko balorazioa.

Batzorde Iraunkorra:

–Kudeatzailea.

–Langileen legezko ordezkaria.

3.–Komunikazioa.

Larrialdi egoerak oso aldakorrak dira eta azken unera arte ez dago zer larritasun duten. Hori dela eta, atzeratu egin ohi dira erabaki batzuk, hala nola eskolak bertan behera uztekoa (3. maila) edo campus bat ixtekoa (4. maila).

Horregatik, funtsezkoa da informazio hori arin helaraztea langileei.

Ondoren zehazten da komunikaziorako zer bide erabiliko diren campus bat 3. edo 4. alerta mailara aldatzen denean.

3.1. Whatsappa.

Jakinarazpen hori ofizialtzat hartzen da eta langile guztiei igorriko zaie campus bat 3. edo 4. mailan sartzen denean.

Whatsappeko mezu bat igorriko da larrialdi gertakariaren hasieran eta, orobat, mailaz aldatzen den bakoitzean.

Iragarkiaren kodea: F2509719