164. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

270E/2025 FORU AGINDUA, uztailaren 24koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Osasuneko kontseilariak maiatzaren 10ean emandako 44/2016 Foru Agindua. Foru-agindu horren bidez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egitura organikoa ezarri zen.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 2.3 artikuluaren arabera, Osasuneko kontseilariari dagokio atala baino maila apalagoko unitate organikoak sortu, aldatu eta kentzea, beharrezkoa bada egituraren eginkizunak hobeki garatzeko, betiere Osasun Zuzendaritza Nagusiak eta Kudeaketako Zuzendaritzak proposaturik, eta antolaketaren eta funtzio publikoaren arloetako departamentu eskudunek txostena egin ondoren.

Halaber, azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak Osasuneko kontseilariari ahalmena ematen dio foru-dekretu hori aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Ildo horretan, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 10eko 44/2016 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egitura organikoa ezarri zen. Egitura hori aldatu egin da Osasuneko kontseilariak emandako foru-agindu hauen bidez: 310E/2017 Foru Agindua, martxoaren 16koa; 600E/2017 Foru Agindua, irailaren 22koa, eta 144E/2023 Foru Agindua, maiatzaren 8koa.

Azaroaren 5eko 248/2023 Foru Dekretuaren bidez, bi zuzendariordetza berri sortu ziren. Haietako bat da lan-osasunaren zuzendariordetza, eta hartan hiru zerbitzu daude; lehen, berriz, arlo gai horrekin loturiko zerbitzu bakarra zegoen.

Horren arrazoia da erakunde honek bere gain hartzen dituela laneko arriskuen prebentziorako eskumen batzuk, lehen funtzio publikoaren eta hezkuntzaren arloko eskumena zuten departamentuen gain zeudenak, hurrenez hurren, administrazio erroko eta hezkuntzako langileei dagokienez.

Gainera, Lan Osasunaren Zerbitzu Teknikoa eta Lan Osasunaren Osasun Zerbitzua sortu dira, espezializazio handiagoa eta hobea lortzeko.

Hori dela-eta, arriskuen prebentzioarekin eta lan-osasunarekin lotutako unitateen atxikipenari buruzko artikuluak aldatu behar dira.

Bestalde, kendu egin dira Prestakuntza, Informazio eta Ikerketa Unitatea (Lan Osasunaren Osasun Zerbitzuari atxikia) eta Tokiko Osasun Komunitarioaren Behatokiaren Unitatea (Osasun Publikoaren Behatokiaren Atala).

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren uztailaren 15eko 14/2025 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak ordeztuko zuela Osasuneko kontseilaria.

Horrenbestez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eta Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 2.3 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra. Osasuneko kontseilariak maiatzaren 10ean emandako 44/2016 Foru Agindua aldatzea. Foru-agindu horren bidez ezarri zen Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egitura organikoa.

Bat.–2. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"2. artikulua. Lan Osasunaren Osasun Zerbitzuaren unitateak.

Lan Osasunaren Osasun Zerbitzuan unitate hauek ezartzen dira:

a) Lanaren Ondoriozko Kalteak Aztertzeko Laguntza Unitatea, Laneko Osasuna Zaintzeko Atalari atxikia.

b) Aldi baterako Ezintasunen Unitatea, Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalari atxikia".

Bi.– 2 bis artikulua eransten da, eta honela idatzita agertuko da:

"2 bis artikulua. Lan Osasunaren Zerbitzu Teknikoaren unitateak.

Lan Osasunaren Zerbitzu Teknikoan unitate hauek ezartzen dira:

a) Laneko Istripuen Prebentziorako Unitatea.

b) Industria Sektorearen eta Zerbitzuen Unitatea.

c) Lehen Sektorearen eta Eraikuntzaren Unitatea".

Hiru.–4. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"4. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuaren unitateak.

Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuan, unitate hauek ezartzen dira:

a) Kontabilitate Unitatea, Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari atxikia.

b) Langileriaren Kudeaketarako Unitatea, Profesionalen Atalari atxikia.

c) Azpiegituren eta Mantentze-lanen Unitatea, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuari atxikia.

Lau.– 4 bis artikulua aldatzen da eta honela idatzita geldituko da:

"4 bis artikulua. Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren unitateak.

Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuan, unitate hauek ezartzen dira:

a) Osasun Eskolaren Unitatea, Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari atxikia.

b) Bizitza Estiloen Unitatea, Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari atxikia".

Bost.–Kendu egiten da 6. artikulua.

Sei.– 16 bis artikulua eransten da, eta honela idatzita agertuko da:

"16 bis artikulua. Azpiegituren eta Mantentze-lanen Unitatearen eginkizunak.

Azpiegituren eta Mantentze-lanen Unitateak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren azpiegiturak, eraikinak eta ekipamendua egokitzea, mantentzea eta kudeatzea.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren inbertsio-programak planifikatzea eta kudeatzea.

c) Eraikin eta instalazioen kontrol teknikoaren kostua aztertu eta kudeatzea, eta obra, ekipamendu, instalazio eta mantentze-lanetarako inbertsioen aurrekontua administratzea eta emaitzen ebaluazioa egitea.

d) Obretarako eta laguntza teknikorako kontratuak nola gauzatzen diren kontrolatzea.

e) Ekipamenduak eta instalazioak berritzeko aurrekontuak prestatzea.

f) Ibilgetuaren eta ekipamenduaren prebentziozko mantentze-lanetako planak sustatzea, eta modu egokian konpondu eta berritzen direla ziurtatzea.

g) Zentro eta instalazioetako segurtasun- eta osasun-programak ikertu eta aztertzea.

h) Hondakin sanitarioen kudeaketa egitea eta osasun-zentro eta -zerbitzuek ingurumenean duten balizko inpaktua kontrolatu eta murriztea.

i) Aurrekoekin zerikusia duen beste edozein, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Profesionalen Zerbitzuak aginduz gero".

Zazpi.– 19. artikulua kendu da.

Xedapen gehigarri bakarra.–Egindako izendapenak.

Berresten edo finkatzen dira, baldintza beretan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egitura organikoko unitateetako buruen izendapenak, baldin eta haien unitateek izen bera badute orain ezarritako unitateen egituran.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egin dira foru-agindu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru-agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2025eko uztailaren 24an.–Ana Ollo Hualde, bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria (ordezko gisa, bat etorriz uztailaren 15eko 14/2025 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretuan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoarekin).

Iragarkiaren kodea: F2510167