163. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

682E/2025 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Cabanillasko udal plan orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Cabanillasko Udala da.

1. Ingurumen arloko tramitazioa.

Hirigintza Atalak Ingurumen Ebaluaziorako Atalari igorri dio Cabanillasko Udalaren hirigintza planari buruzko dokumentazioa.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 11ko 515E/2013 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egin zen Cabanillasko udal plan orokorrari buruz, udal horrek sustatu baitzuen (ebazpena 2014ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 24koan). Ingurumen Ebaluaziorako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluak ezartzen du ingurumen adierazpen estrategikoak indarra galduko duela argitaratzen denetik bi urteko epean, ordurako plana onetsi ez bada (kasu honetan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik). Horregatik, 2025eko otsailean Hirigintza Atalak beste txosten bat eskatu zion Ingurumen Ebaluaziorako Atalari.

2. Udal planaren laburpena.

Hirigintza planeko analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugarte osoa hartzen dute, 34,1 km²-ko azalera guztira. Cabanillasek bi barrendegi ditu, lurraldearen eremu nagusitik bereizita: Campobajo (Fustiñanak eta Ribaforadak mugatua) eta Soto Aislado (Ebroko eskuineko ertzean).

Geomorfologiaren aldetik argi bereizten diren bi unitatetan banatua dago udalerria: mendia eta Ebro ibaiaren ibarra eta terrazak. Horrek baliabideen ustiapen tradizionala eta, azken batean, herriaren nekazaritza izaera baldintzatu du, alde batetik lehorreko lurrak baitaude eta bestetik ureztalurrak.

Cabanillasko hirigunea oso trinkoa da, berdegune gutxi ditu, eta terrazan dago kokatuta, Bardea inguruko mendien eta Ebroko alubioi-ibarraren artean. Ibilgailuen bide sistema honako hauek osatzen dute: NA-126 eta NA-5202 errepideek, aurreikusita dagoen Cabanillas-Fustiñana saihesbideak eta Deustiako ubidearen azpiegitura hidraulikoak.

Hirigintza planak funtsezko aldaketak ekarri ditu hasiera batean aurreikusi zen lurraldea antolatzeko estrategia eta ereduaren (LAEE) aldean, eta bizitegitarako eta industriarako tamaina txikiagoko garapenak proposatzen ditu, lotura bat sortuz hirigunearen eta industrialdearen artean, "garapen eredua zaintzeko lurzoru urbanizaezin" gisa.

Proposatutako hiri-eredua ezartzeko ez dira kontuan izan herria hazteko itxaropenak. Aitzitik, hiri-garapenerako gida multzo bat da planteatutakoa. Eredu horrek elkarrengandik banatutako bi eremu bereizten ditu, bata bizitegitarako eta bestea industriarako. Bietan ere, okupazio ereduak eremua finkatzea bilatzen du (ekintza puntualekin esku hartuta, eremua hobetze aldera, besteak beste, espazio publiko berriak sortuz eta bideen trazadura hobetuz), eta hazkundea kontrolatua aurreikusten du, eremu bakoitzaren ondo-ondoko inguruan.

Bizitegi erabilera: hiri-lurzorua antolatzeko proposamenean familia bakarreko etxebizitza atxikiak planteatzen dira. Bizitegi garapena hirigunetik iparrera eta ipar-ekialdera kokatzen da (2. sektorea), udalerrian egin diren azken zabalkundeei jarraipena emanez. Iparrerantz jotzearen arrazoia da hiri-hazkundea mugatua dagoela beste aldeetan: hegoaldean Deustiako ubidea da oztopoa, ekialdean abeltzaintzako poligonoa, eta mendebaldean industrialdea.

Zuzkidurei dagokienez, hiri-lurzorua aurreikusten da udal kirolgunea handitzeko eta hilerriaren ondoan aparkaleku bat egiteko.

Industria erabilera: orain dagoen industrialdea handitzen da (5. sektorea), Fondigones bideraino iparraldean eta Olmo (edo Sacaculos) sakaneraino mendebaldean, eta 2,5 ha-ko berdegune bat izanen da poligonoaren mendebaldean eta hegoaldean.

Bestetik, abeltzaintzako poligonoa (4. sektorea), hasierako onespenean lurzoru urbanizagarriko sektorea izatea proposatu bazen ere, "jarduera berezietarako gorde beharreko lurzoru urbanizaezina" izatera pasatu da planaren ondoko aldaketetan. Sektore horren helburua da abeltzaintzako ustiategietarako erabilera nekazaritzako biltegietarako eta eraldaketa ez-industrializaturako erabilera bihurtzea.

Carnuces (edo Presal) sakana eta haren ingurua "ingurumenaren aldetik duten balioagatik gorde beharreko lurzoru urbanizaezin" gisa sailkatuta daude, eta bizitegi eremua eta abeltzaintza eremua banantzen dituzte. Gainera, planak hiri-lurzoru gisa handitzen du abeltzaintzako poligonoa, NA-126 errepideraino, zehazki 3,7 ha-ko eremu bat, biltegietarako eta industria txikietarako erabiltzeko (2. sektoreko UE-4 exekuzio unitatea).

Gainera, aurreikusi da "garapen eredua zaintzeko gorde beharreko lurzoru urbanizaezina" gordea izatea, aukera izan dadin Fustiñanako industria lurzoruak handitzeko (udalerri mugakidea baita); hori egin ahal izateko, premia hori justifikatzen duen plan bateratu bat izapidetu beharko litzateke, bi udalerrien artean.

Aurreikusitako azpiegiturak: lurzoru urbanizaezineko eremu bat gordetzen da hirigunearen iparraldean noizbait Cabanillasko ingurabidea eraiki ahal izateko (jarraipena izan dezan, Fustiñanako udalerriarekin koordinatu beharra dago).

Landa-lurzorua: lurzoru urbanizaezinean planak bilatzen du basoetako, abeltzaintzako eta nekazaritzako lurren ezaugarriak mantentzea eta hobetzea, baita baliabide naturalak eta hidrikoak ere, balio ekologiko eta kulturalekin eta aisiako erabilerarako aukerekin batera, hori guztia, araudi xehakatua ezarrita, egokienak diren erabilera eta jarduerei bidea emateko lurralde unitate bakoitzean.

Babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean kategoria hauek ezartzen ditu, besteak beste:

a) "Ingurumen aldetik balioa duen lurzorua":

–Naturagune babestuak: Natura 2000 Sarea osatzen duten bi KBE (kontserbazio bereziko eremu) daude, Errege Bardearen KBEa (ES2200037), udal mugartearen ipar-ekialdean, eta Ebro ibaiaren KBEa (ES2200040), zeinetan Pignatelliren eta Karlos V.aren presak baitaude.

–Ibai eremua. Ibilguen eta ur bazterren sistema: Ebro ibaiak eta Bardeatik datozen sakanen multzoak osatzen dute.

b) "Balio kulturala duen lurzorua". Barne hartzen ditu aztarnategi arkeologikoak eta udal garrantziko ondasunak, baita abelbideen sarea ere: Deustiatik Urbasa-Andiara doan errege altxonbidea (DUAEA), Sacaculosko adarra, Campo Bajoko adarra eta mugaketarik gabeko beste hiru abelbide, hots, 90. iraganbidea, Pradosko adarra eta DUAEA Campo Bajoko adarrarekin lotzen duen adarra.

c) "Natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua":

–Nekazaritzarako emankortasun handiko lurrak.

–Ureztalurrak.

d) "Azpiegituretarako lurzorua": ingurabiderako erreserba barne hartzen du.

Gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean kategoria hauek dira aipagarrienak, besteak beste:

a) "Ingurumen aldetik balioa duen lurzorua":

–Ingurumen eta babes balioko zuhaiztiak.

–Zuhaixka eta belarki formazioak.

–Estepako intereseko eremuak.

b) "Natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua":

–Ureztalurrak.

–Laboreak.

c) "Paisaia aldetik balioa duen lurzorua": haren barnean daude balizatutako ibilbideak (Soto del Belver zaldua, Ebroko bidea, energia berriztagarrien bidea) eta beste batzuk, ibilgailuentzako bideen alternatiba diren bideen sarea osatzen dutenak.

d) "Garapen eredua zaintzeko lurzorua".

e) "Jarduera berezietarako lurzorua": abeltzaintzako poligonoa.

3. Ingurumen ebaluazioa.

Udalerriaren hegoaldean, Ebro ibaiaren terrazek eta alubioi-lautadak ureztalurren nekazaritza sistema intentsiboa osatzen dute, ibaiaren eraginaren eta aldizkako goraldien mende. Iparraldean mendia esaten zaion ingurua dago, Bardearen muturra da berez, eta bertan mailakatutako egitura lauak muino eta sakanekin tartekatzen dira. Eremu horretan, lurraren emankortasunak mugatzen baitu, nekazaritza eta abeltzaintza estentsiboa ezarri dira eta, halaber, energia berriztagarria ekoizteko instalazio garrantzitsuak (haize eta eguzki parkeak). Landaredi puska urri batzuk mantentzen dira, hala nola larreak, sastrakak eta Alepo pinuen (Pinus halepensis) birpopulaketak, maldetan eta bazterreko zonetan baino ez, baina horiek kontserbatzeko helburua ezarri da, landare estalkia mantenduta higadura geldiarazten delako eta intereseko habitat eta espezieak (hala nola estepako hegaztiak) kontserbatzearekin lotua dagoelako.

Bizitegi erabilera: aurreikusitako hirigintza garapenak oraingoen ondo-ondoko inguruan kokatzen dira, nagusiki nekazaritzako erabilera duten lurretan, eta, beraz, ez da ingurumen ukipen nabarmenik hauteman.

Cabanillasko udalerrian zuhaitz gutxi dagoenez, uste dugu mantendu egin beharko litzatekeela 2. poligonoko 704. lurzatian dagoen Alepo pinuen masa, haga-baso egoeran dagoena, eta, beraz, UE-5.2 exekuzio unitatean baldintza hori ezartzea komeni dela (alderdi hori ebazpen honen baldintzetan jaso da).

Industria erabilera: alde batetik, "lurralde eredua zaintzeko lurzoru urbanizaezina" gorde da Cabanillasko udal mugartearen ekialdeko mugan, aukera izan dadin Fustiñanako industria lurzoruak handitzeko (udalerri mugakidea baita), eta nagusiki nekazaritzako erabilera duten lurretan kokatu denez, ez da ingurumen ukipen nabarmenik hauteman.

Bestetik, mendebaldean kokatutako industrialdea garatzea aurreikusten da, eta, Olmo sakanaren mugakidea denez, garrantzitsua da ibilguari lotutako landaredi naturalari kalterik ez egitea; ildo horretan, planak berdegune bat diseinatu du sakanaren inguruan, eta horrek elementu naturalaren jarraitutasuna sustatu beharko luke, ibilguarena eta hari lotutako landarediarena, eta konektore ekologikoa den aldetik duen eginkizuna indartu (alderdi hori ebazpen honen baldintzetan jaso da).

Aurreikusitako azpiegiturak: Fustiñana-Cabanillasko ingurabide berrirako gordetako lurzoru urbanizaezina errege altxonbidetik hurbil eta paraleloan proiektatu da, garrantzizko landaredi naturalik ez dagoen nekazaritzako lurretan; salbuespen bakarra Olmo sakanaren mendebaldera dauden lurrak dira, sastrakadi mediterraneoak baitaude.

Landa-lurzorua: Cabanillasko udalerrian ingurumen balioa nagusiak Errege Bardearen eta Ebro ibaiaren KBEak dira eta, horiekin batera, zenbait landare-formazio (zuhaitzak, sastrakak eta belarkiak) eta "Cabanillasko Mendia" estepako intereseko eremua.

Lurralde konektagarritasuna Ebro ibaiak eta Bardeatik datozen sakanen multzoak egituratzen dute, eta abelbideek osatzen. Korridore natural horietan ibilgu ahokatuak daude, eta ibaiertzeko landarediak oso zerrenda estua hartzen du. Mendebaldetik ekialdera, hauek dira: Sosal, Olmo (edo Sacaculos), Carnuces (edo Presal) eta San Pascual sakanak. Horietarako guztietarako, korridore ekologiko gisa duten funtzionaltasuna mantendu behar da, konektagarritasunari kalte egin diezaioketen erabilerak eta jarduerak saihestuz ingurune horretan (alderdi hori ebazpen honen baldintzetan jaso da).

"Ingurumen aldetik balioa duen lurzorua"ri dagokionez, bi azpikategoria baititu, honako hau esan behar da:

–Sastraka eta belarki formazioak: nahiz eta planak ongi mugatzen dituen formazio horiek, erabilerei eta jarduerei buruzko araudia zehaztea falta da (alderdi hori ebazpen honen baldintzetan jaso da).

–Estepako intereseko eremuak: "Cabanillasko Mendia" estepako hegaztien eremua interes handikoa da, udalerriaren iparraldeko erdia hartzen du, eta haren kontserbazioko helburuek sustatzen dute manten daitezen lehorreko labore belarkarak eta formazio natural edo erdinaturalak (hala nola larreak, ezponda sastrakadunak eta sakanak), baita ardien abeltzaintza estentsiboa ere, bateragarriak direlako babestu beharreko balioekin. Duen babes araubideak estepako hegaztien kontserbazioa bermatzen du, kalte egiten ahal dieten jarduerak eta instalazioak debekatzen dituenez gero, esate baterako, haiz eta eguzki parkeak.

Landa-lurzorua antolatzeko, udalerri guztia kategorizatu da babestu beharreko eta gorde beharreko lurzoru urbanizaezineko kategorietan. Lurzoru urbanizaezina kategorizatzeko proposamena bateragarria da dauden balioekin.

Planaren agiriak aztertuta, ikusi da behar bezala jaso direla 2016ko urtarrilaren 8ko ingurumen txostenean adierazitako alderdiak (behin-behinean onetsitako udalaren hirigintza-planaren gainekoa zen aipatu txostena).

Ingurumen ebaluazio estrategiko honetan ondorioztatu da araudian behar bezala jaso eta landu direla udalerriak ingurumenaren aldetik dituen balio nagusiak, eta etorkizunean bizitegi eta industria eremuak garatzeko eta azpiegiturak egiteko aurreikusi den landa-lurzoruaren erreserbak ez duela ekarriko ingurumen ukipen nabarmenik.

Espedientean jasotako dokumentazioa ikusirik, eta ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura behar bezala garatu dela kontuan hartuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Cabanillasko Udalaren hirigintza planari buruzko txostena egin du, ebazpen honetan jaso diren zenbait baldintza ezarrita.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Cabanillasko Udalaren hirigintza planari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea. Sustatzailea Cabanillasko Udala da.

2. Plana garatzean, kontuan hartu beharko dira ingurumen azterketa estrategikoan jasoak dauden ingurumena babesteko irizpideak, bai eta honako baldintza hauek ere:

–Kontserbazio bereziko bi eremuak lotzen dituzten ibilgu naturaletarako:

a) Industriako hiri-lurzoruaren barnean (S5 exekuzio unitatea) dagoen Olmo (edo Sacaculos) sakanaren tarterako, sakanaren balio ekologikoa indartzen duten irizpideak sartu beharko dira, besteak beste, ibilguari loturiko zuhaitzak eta sastrakak landatzea, bertako espezieak erabiliz.

b) Hirigunearen eta abeltzaintzako poligonoaren artean dagoen Carnuces (edo Presal) sakanaren tarterako ere sakanaren balio ekologikoa handitzen duten irizpideak sartuko dira.

c) Sosal eta San Pascual sakanetan: ertzetan babes zerrendak ezarriko dira, 25 metro zabalekoak, konektagarritasunagatik duten ingurumen balioari eusteko. Lurzoru urbanizaezineko zerrenda horretan debekatuta egonen dira konektagarritasun ekologikoari kalterik egiten ahal dioten erabilerak eta jarduerak.

–2. poligonoko 704. lurzatian dagoen Alepo pinuen zuhaiztia zainduko da. Horretarako, egokitu egin beharko da aurreikusia dagoen bizitegietarako lurzoru urbanizagarria (UE-5.2 exekuzio unitatea).

–Gorde beharreko lurzoru urbanizaezinari buruzko hirigintzako arau orokorretan, zuhaixka eta belarki formazioak babesteko araubidea zehaztu beharko da, zainduko direla bermatzeko.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Cabanillasko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko uztailaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2509910