Iragarkia
163. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
210E/2025 EBAZPENA, uztailaren 16koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita lagun egiteko animaliak babestu eta defendatzeko Nafarroako elkarteen eta entitate laguntzaileen erregistroan entitate laguntzaile gisa inskribatuta eta aitortuta dauden animaliak babesteko elkarteei dirulaguntzak emateko deialdia, Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egin ditzaten 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra. DDBN identifikazioa: 846671.
Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoak, oinarrizko xede ditu animalien babes eta ongizate maila ahalik eta handiena lortzea, animalientzako tratu egokia eta higiene eta osasun baldintza ezin hobeak bermatzea, eta orobat, animalien babesari buruzko prestakuntza, zabalkunde eta informazio jarduerak sustatzea.
2019ko uztailaren 11n indarra hartzearekin batera, indargabetuta gelditu zen animalien babeserako aurreko legea, 1994koa. Denbora anitz igaro den arren, gure lurraldean oraindik arazo handia dago zakurrak eta katuak abandonatzeari eta abandonu horiek kudeatzeari dagokionez; izan ere, ez dago aski azpiegiturarik abandonatuta, galduta, konfiskatuta edo babesgabe dauden lagun egiteko animaliak ostatatzeko. Katuak abandonatzen direnean, maiz, aske baina giza ingurunearen mende bizi dira, horien populazioa edo osasun egoera kontrolatu gabe. Gizarteak gertaera horien gaineko gero eta kontzientzia handiagoa du eta jarduketa zehatzak eskatzen ditu arloko erakunde eskudunen aldetik.
19/2019 Foru Legearen V. tituluan, abandonatutzat edo galdutzat jo diren lagun egiteko animalien arloan jarduteko eskumenak ezartzen dira, eta harrera zentroak eta katu koloniak jotzen dira animalia horien kudeaketa etikorako biderik egokientzat. Zehazki, lege horren 15., 17. eta 22. artikuluetan xedatzen da udalei, udalez gaindiko erakundeei edo eskualdeei dagokiela abandonatutako edo galdutako animaliak jaso, ostatatu eta mantentzeko jarduerak egitea, bai eta katu koloniak ezarri eta kudeatzea ere, eta gainera, aurreikusten da animaliak jasotzeko edo haiei harrera egiteko zentrorik ez badute kanpoko beste entitate batzuekin hitzartzen ahalko dutela zerbitzu horiek egitea.
Entitate laguntzaile aitortuak animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteak dira, zeinei toki entitateekin hitzarmenak egiteko aukera ematen baitzaie, animaliak babesteko jarduketak egite aldera. Zehazki, honetarako eskumena ematen zaie: animaliak babestea eta lagun egiteko animaliak edukitzean ardura izatea sustatzeko programetan aktiboki parte hartzeko, lagun egiteko animaliak hartzeko eta adoptatzeko programetan parte hartzeko, eta abandonatutako animaliak mantentzen edo adopzio programetan laguntzeko, animaliei aldi baterako ostatu emanez harrera zentroetan.
Entitate laguntzaile gisa aitortutako animalien babeserako eta defentsarako elkarteek 94/2022 Foru Dekretuaren 72. artikuluan zehazten diren zenbait eskumen dituzte. Horien artean, besteak beste, hitzarmenak adostea toki entitateekin beren zereginak garatzeko eta Nafarroako Gobernuaren edo toki entitateen dirulaguntzak jasotzeko, animalien babesaren eta defentsaren inguruan burutzen dituzten jardueretarako, bereziki lankidetza hitzarmenen ondorioz egiten direnak.
Gero eta udal gehiago ari dira lankidetzan entitate laguntzaile aitortuekin, animalien babesaren arloan dituzten eskumenak gauzatze aldera. Hala ere, nabarmendu behar da entitate laguntzaileek toki entitateendako laguntzen deialdian diruz lagungarritzat hartzen ez diren jarduketak egiten dituztela, bai eta halakotzat jotzen ez diren gastuak beren gain hartu ere; esaterako, lagun egiteko animaliak aldi baterako ostatatzeko zentro propioak sortzea edo hobetzea, zentro horien mantentze gastuak eta horietan ostatu hartzen duten animalien albaitaritza gastuak. Jarduketa horiek, normalean, ez ditu ordaintzen haiekin lankidetzan aritzen den toki entitateak.
Era berean, gero eta entitate laguntzaile gehiagok dituzte lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro baimendu eta erregistratuak, zeinetan abandonatutako, galdutako edo konfiskatutako animaliei ostatu ematen baitzaie, horretarako eskumena duten toki entitateaek ezin dituztelako artatu, beren zentroetan tokirik ez dutelako, edo zeinetan kolonietako katuen umealdietatik datozen animaliei edo, kolonietatik etorririk, aztertu ondotik adoptatzeko modukotzat kalifikatzen direnei ematen baitzaie ostatu. Halakoetan, animaliok adopzioan ematea da helburu nagusia eta, horretarako, 19/2019 Foru Legeak halako animaliak identifikatu, esterilizatu eta amorruaren aurka txertatzea eskatzen du. Maiz, entitate laguntzaileak berak egiten ditu jarduketok, eta adoptatzaileei jasanarazten dizkie gastuok osorik edo partzialki.
Bestalde, 19/2019 Foru Legeak, zeinak lagun egiteko animaliak babesteko entitate laguntzaileak dibulgazio eta informazio lanetarako oinarrizko tresna gisa aitortzen baititu, eta haren garapen erregelamenduak eskumena ematen die entitate horiei herritarren artean informazio eta dibulgazio jarduketak egiteko; jarduketon bidez, animalien babesa eta animaliak edukitzean ardura izatea sustatuko dute, eta katu koloniak ezartzeak dakartzan onurei buruzko informazioa emanen dute.
Aipatutako jarduketek kostu ekonomiko handia eragiten diete entitate laguntzaileei, eta ahal duten neurrian ordaintzen dituzte; izan ere, haien diru sarrerak udalaren ekarpenetatik, bazkideen kuotetatik eta partikularren dohaintzetatik datoz, eta ez dira nahikoak hartzen dituzten animaliak zaintzeak dakartzan gastu guztiak estaltzeko.
Abeltzaintza Zerbitzuaren ustez, aitortutako entitate laguntzaileei emaniko laguntza eta toki entitateek abiarazitako jarduketak lagungarriak izanen dira lagun egiteko animalien abandonu kasuak eta udalerrietan aske bizi diren katuak ongi kudeatzeko, bai eta herritarren artean hobeki zabaltzeko ere lagun egiteko animaliak modu arduratsuan edukitzearen garrantzia, adopzioak eta animalien eta pertsonen arteko bizikidetza sustatuta.
Nafarroako Gobernuaren 2025erako gastuen aurrekontuetan bi partida aurreikusi dira animaliak babesteko entitate laguntzaileei dirulaguntzak emateko: bata, lagun egiteko animalia abandonatuak hartzeko zentroetako inbertsioetarako, eta bestea, animaliak babesteko jarduketen gastuak ordaintzeko.
Ebazpen honen xedea da Nafarroan lagun egiteko animaliak babestearekin zerikusia duten jarduketak garatzen dituzten entitate laguntzaileentzako laguntzen oinarri arautzaileak onestea. Horretarako, entitate laguntzaile aitortuei laguntzeko bi ildo ezartzen dira. Lehenaren helburua inbertsioak egitea da lagun egiteko animalia abandonatu, galdu, konfiskatu edo babesik gabeak aldi baterako ostatatzeko zentro propioak sortzeko, hobetzeko edo erregularizatzeko, edo katu kolonia batera eraman edo adopzioan laga aurretik aske baina giza ingurunearen mende bizi diren katuak aldi baterako ostatatzeko. Bigarren lerroaren xedea da zentro propioaren mantentze lanetako gastuak, albaitaritzako tratamendu jakin batzuk eta entitate laguntzaileen funtzionamendu gastuak ordaintzea, bai eta abandonuarekin, lagun egiteko animaliak modu arduratsuan edukitzearekin eta katu koloniekin lotutako dibulgazio- eta informazio-jarduerak egitearen ondoriozko gastuak ere.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horretarako eskumena du, Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren arabera. 25. artikuluak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumen materialen esparruan sartzen du animalien ongizatea. Zehazki, Abeltzaintza Zerbitzuaren mende dagoen Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari dagozkio aipatu Foru Dekretuan lagun egiteko animalien ongizateari eta babesari buruz aurreikusten diren eskudantziak.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako lagun egiteko animaliak babestu eta defendatzeko elkarteen eta entitate laguntzaileen erregistroan entitate laguntzaile gisa inskribatuta eta aitortuta dauden animaliak babesteko elkarteei dirulaguntzak emateko deialdia, Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egin ditzaten 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak.
3. Baimentzea 50.000 euroko gastua, 710004-71300-4819-412206 partidaren kargura ("Entitate laguntzaile aitortuendako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako"), eta 30.000 euroko gastua, 710004-71300-7609-412202 partidaren kargura ("Entitate laguntzaile aitortuendako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako"), 2025eko Aurrekontu Orokorretakoak bi partidak, deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia dirulaguntzen datu-base nazionalari (DDBN) jakinaraztea.
5. Ebazpen honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko uztailaren 16an.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–NAFARROAN 2025EAN LAGUN EGITEKO ANIMALIAK BABESTEKO JARDUKETAK EGITEN DITUZTEN ETA ENTITATE LAGUNTZAILE GISA AITORTUTA DAUDEN ANIMALIAK BABESTEKO ELKARTEENDAKO LAGUNTZEN DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da zehaztea zein araubideren arabera emanen zaizkien dirulaguntzak 2025ean, Nafarroako animaliak babesteko elkarte eta entitate laguntzaileen erregistroan entitate laguntzaile gisa inskribatuta dauden irabazi asmorik gabeko animalien babeserako elkarteei. Laguntza horien helburua da lagun egiteko animalien harrera zentroak sortu, hobetu edo erregularizatzea, halakoei ekipamendua ematea, aldi baterako harrera zentro baimendu eta erregistratuak mantentzeko gastuak ordaintzea, barne hartuta pentsua eta harea erosteko gastuak, bai eta zentro horietan dauden animaliak identifikatu, esterilizatu eta txertatzeko eta haien parasitoak hiltzeko albaitaritzako jarduerak ordaintzea ere.
Halaber, diruz lagunduko dira entitate laguntzailearen funtzionamendu gastuak, katu koloniak kudeatzearekin lotuta erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzekoak eta herritarrei animaliak babesteko eta lagun egiteko animaliak edukitzean ardura izateko dibulgazio- eta sentsibilizazio-jarduerak egiteko gastuak.
2. oinarria.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.
Foru ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak arautuko dituzte aginduan bertan eta oinarri arautzaileak biltzen dituen eranskin honetan ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, eta aurrekontu eta dirulaguntzen arloko foru eta estatu mailako gainerako araudi aplikagarriek.
3. oinarria.–Laguntzak emateko araubidea.
3.1. Ebazpen honetan araututako laguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta betiere printzipio hauei jarraikiz: publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza, helburuak betetzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.
3.2. Deialdi honen babespean emanen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izanen dira, deialdiaren xedeko jarduketetarako erabili beharrekoak, zeinetarako organo emaileak ordainketak aurreratzen ahalko ditu, onuradunarekin adostuta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat.
3.3. Artikulu horretan ezarritakoari jarraikiz, ez da beharrezkoa izanen baliabideen falta frogatzerik, baldin eta emandako diru kopurua ez bada 15.000 eurotik gorakoa eta ordainketa aurreratua, emandako dirulaguntzaren % 50etik gorakoa, eta ez da bermerik eman beharko.
4. oinarria.–Entitate onuradunak.
4.1. Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzen ahalko dituzte Nafarroako animaliak babesteko elkarteek, baldin eta deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Gobernuaren animaliak babesteko elkarteen eta entitate laguntzaileen erregistroan entitate laguntzaile gisa aitortuta eta inskribatuta badaude.
4.2. Era berean, onuradun izaten ahalko dira legez eratutako eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako animaliak babesteko elkarteak, baldin eta Animaliak Babesteko Elkarteen eta Entitate Laguntzaileen Erregistroan entitate laguntzaile gisa inskribatzeko eta aitortzeko eskabidea aurkeztu badute eta deialdia argitaratzen denean oraindik ebatzi gabe badago eskabidea, betiere aitorpena jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea akitu baino lehen lortzen badute.
Aitorpena lortzen ez bada, emandako laguntzak kobratzeko eskubidea galduko da.
5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
5.1. Honako jarduketa hauek diruz lagungarriak izanen dira:
a) Lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentroak sortu, hobetu edo egokitzeko inbertsioak: diruz lagunduko dira lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko instalazioak sortzeko, egokitzeko, moldatzeko edo hobetzeko behar diren obra zibilak, azpiegiturak eta instalazioak gauzatzeko gastuak, bai eta aurreko apartatuan aurreikusitako inbertsioei lotutako gastuak ere, hala nola arkitektura edo ingeniaritza enpresen ordainsariak.
Obrak egin ondotik sortzen diren instalazioek urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren III. tituluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, sortutako zentro motaren arabera (egonaldi laburra edo egonaldi luzea).
Instalazioak ez badaude lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro gisa baimenduta eta inskribatuta Gune Zoologikoen Erregistroan, baimena eta erregistroa lortu beharko dituzte bederatzi hilabeteko gehieneko epean, dirulaguntza ordaindu eta ondoko egunetik hasita, salbu eta obrak akitzeko aurreikusitako data geroagokoa bada eta aurkeztutako proiektuan hala jasota geratzen bada. Kasu horretan, lagun egiteko animalien zentro gisa baimena eta erregistroa lortzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, obrak akitzeko aurreikusitako dataren biharamunetik hasita, baldin eta data hori aurkeztutako obra proiektuan jaso bada.
b) Harrera zentroa zerbitzuak emateko behar duen baliabidez hornitzeko ekipamendua erostea, esaterako:
–Instalazioak garbitzeko, desinfektatzeko edo mantentzeko ekipamenduak, hala nola hidrogarbigailua, lurrun bidezko garbigailua, garbigailua, belarra mozteko makina, sasiak garbitzeko makina edo antzekoak.
–Zentroko animaliak artatzeko beharrezkoa den ekipamendu espezifikoa, hala nola hilotzak mantentzeko izozkailua, hozkailua, erradiadoreak, ekipo ondasunak eta ebakuntza gelako tresneria edo antzekoak. Ez dira hemen sartzen atzemandako animaliak garraiatzeko erabilitako ibilgailuak.
–Entitate laguntzaileek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zuzeneko zerikusia dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste zeinahi gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.
c) Animalien ongizatearekin eta gobernuarekin lotutako ondasunak erostea eta entitate laguntzailearen titulartasuneko aldi baterako harrera zentro baimendu eta erregistratuaren mantentze lanekin eta horretan dauden animaliekin lotutako gastuak ordaintzea. Jarduketa hauek sartzen dira:
1. Animalien zainketarekin eta ongizatearekin zuzeneko zerikusia duen ekipamendua eskuratzea. Elementu hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:
–Mikrotxip irakurgailuak.
–Animaliak harrapatzeko lakioak edo kaiola moduko tranpak.
–Animaliak garraiatzeko behar den materiala, hala nola garraiatzaileak, arnesak edo sareak.
–Janlekuak, edontziak, etxolak, oheak, katuentzako plataforma edo kutxa goratuak, gorotzetarako erretiluak edo hondartegiak, atzamarka egiteko objektuak, animaliari erosotasuna eta aterpea emanen dioten elementuak.
–Jolasa bultzatzeko materialak, hala nola, sokak, pilotak, arrapalak, eta abar.
–Uhalak edo arnesak.
–Animaliak zaintzeko edo mantentzeko box eramangarriak.
–Entitate laguntzaileek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zuzeneko zerikusia dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste zeinahi gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.
2. Animalien identifikazioa, esterilizazioa, txertaketak eta barneko eta kanpoko parasitoak hiltzea.
3. Pentsu komertzial lehor eta/edo heze espezifikoa erostea, nutrizio egoera hoberena lortze aldera.
4. Katuen gorozkiak biltzeko material xurgatzailea (harea edo antzekoa) erostea.
5. Entitate laguntzailearen titulartasunekoa den aldi baterako harrera zentroaren mantentze lanetako gastuak (elektrizitatea, ura, gasa, telefonoa, erantzukizun zibileko aseguruak, garbiketa eta desinfekzioa, hondakinen kudeaketa, hilotzak barne, eta alokairu gastuak, hala badagokio).
d) Katu koloniekin lotutako jarduketak: erantzukizun zibileko aseguruak kontratatzea, deialdi honekin lotutako entitate laguntzaileak gauzatzen duen jarduera estaltzeko.
e) Entitate laguntzailearen kanpoko funtzionamendu gastuak: kontabilitateko, zerga arloko edo laneko aholkularitzako gastuak, telefonia zerbitzuak, sare sozialak mantentzeko gastuak, bulegoko materiala, bulegoko instalazioen asegurua, baldin eta c) letran adierazitako zentroko gastuetan sartuta ez badaude.
f) Lagun egiteko animaliak modu arduratsuan edukitzeari buruz kontzientziatzeko, abandonatutako animalien adopzioa sustatzeko eta animalien babesa bultzatzeko kanpainak, barne hartuta entitate laguntzailearen jarduerarekin lotutako dibulgazio- eta publizitate-materiala prestatzea, hitzaldiak edo tailerrak gauzatzea eta idatzizko hedabideetan eta ikus-entzunezkoetan kanpainak egitea. Diruz lagunduko dira liburuxkak, kartelak eta informazioko eta dibulgazioko beste material batzuk argitaratu, inprimatu eta zabaltzeko gastuak. Kanpo geratuko dira boluntarioei edo udaleko langileei lagun egiteko animaliak eta/edo katu koloniak babestearen arloan prestakuntza eta/edo informazioa emateko jarduerak.
5.2. Esterilizazioagatik, txertoengatik eta parasitoak hiltzeagatik albaitaritzan egindako gastuak diruz lagundu ahal izateko, animaliek behar bezala identifikatuta egon beharko dute, 19/2019 Legearekin eta 94/2022 Foru Dekretuarekin bat etorriz.
5.3. Ez dira diruz lagunduko, aurreko puntuetan aipatutakoen artean egon arren, beren jarduketa eremuan abandonatuta, galduta, konfiskatuta edo babesik gabe dauden lagun egiteko animaliak eta katu koloniak kudeatzeko eskumena duten toki entitateek edo beste zeinahi erakunde publikok zuzenean edo zeharka finantzatzen dituzten jarduketak, ez eta adoptatzaileei kostua jasanaraziz finantzatzen direnak ere. Hala badagokio, finantzatu edo diruz lagundu ez den gastuaren zatia soilik hartuko da diruz laguntzeko modukotzat, eta hori behar bezala egiaztatu beharko da.
5.4. Laguntza horiek bateragarriak izanen dira beste administrazio publiko batek kontzeptu berberetarako deitu dituen beste batzuekin, baina jasotako guztizko zenbatekoa ez da inola ere izanen diruz laguntzen ahal diren jarduketen kostua baino handiagoa.
6. oinarria.–Indarraldia.
Deialdi honetako laguntzek barne hartzen dituzte 5. oinarrian adierazten diren gastu diruz lagungarriak, baldin eta 2024ko azaroaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean egin badira.
7. oinarria.–Entitate onuradunei eskatu beharreko betebeharrak.
7.1. Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzen ahalko dituzte legez eratutako eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako animalien babeserako elkarteek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Deialdia argitaratzen den egunean Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Elkarteen eta Entitate Laguntzaileen Erregistroan entitate laguntzaile gisa aitortuta egotea, edo, entitate laguntzaile gisa aitortzeko eskabidea egun hori baino lehen aurkeztuta, ebazpenaren zain egotea eta aitorpen hori lortzea diruz laguntzen ahal diren jarduerak gauzatzeko epea akitu baino lehen.
b) Baldin eta 5. oinarriko a) eta/edo b) letretan jasotako jarduketetarako laguntza eskatzen badu, entitate laguntzaileak lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro baten titularra izan beharko du. Zentro hori baimenduta egonen da, eta Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan erregistratuta deialdia argitaratzen den egunean, edo baimen eta erregistro hori 17. oinarrian adierazitako epeetan lortu beharko du. Halaber, jasotako zenbateko guztiak itzultzeko arrazoia izanen da zentroaren baimenik eta erregistrorik ez lortzea.
c) Baldin eta 5. oinarriko c) letran jasotako jardueretarako laguntza eskatzen badu, entitate laguntzaileak lankidetza hitzarmen bat izan beharko du laguntza ematen dion herriko udalarekin, bai eta lagun egiteko animaliei aldi baterako harrera egiteko zentro baimendu eta erregistratu propioarekin ere.
d) Baldin eta 5. oinarriko d) letran jasotako jardueretarako laguntza eskatzen badu, entitate laguntzaileak, zein katu koloniari ari zaion laguntzen, hango udalarekin lankidetza hitzarmen bat izan beharko du.
7.2. Gainera, entitate eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.
b) Ez egotea dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan eta, bereziki, 3. apartatuan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.
c) Ez izatea ordaintzeke dagoen zehapen irmorik administrazio bidean, apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean, martxoaren 28ko 7/2023 Legean edo 50/1999 Legean, abenduaren 23koan, Arriskutsuak izaten ahal diren animalien araubide juridikoari buruzkoan tipifikatutako arau hausteren batengatik.
d) Animalien babesari buruzko araudian xedatutakoa betetzea, eta, bereziki, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Legean eta 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren 73. artikuluaren a), e), f), g) eta i) apartatuetan xedatutakoa betetzea.
Baldintza horiek guztiak beteta egin beharko dira laguntza eskabidea aurkezten den egunean, eta diruz lagundutako jarduera gauzatzen den aldi osoan mantendu beharko dira.
7.3. Toki entitateeekin egindako hitzarmenen, kontratuen eta/edo lankidetza akordioen bidez diruz laguntzen ahal diren jarduketetako zeinahi garatzen duten entitate laguntzaileek modu fidagarrian egiaztatu beharko dute alderdien arteko harremana eta hitzartutako edo kontratatutako lankidetza/zerbitzu prestazioaren edukia (entitate laguntzaileari esleitzen zaizkion funtzioak, hark eman beharreko zerbitzuak, eman beharreko zerbitzuen finantzaketa, justifikatzeko modua eta lankidetzaren/kudeaketaren irismena ezagutzea ahalbidetzen duen beste zeinahi datu). Era berean, sinatutako hitzarmenaren edo kontratuaren iraupena eta lankidetza edo kontratuaren indarraldia egiaztatu beharko dituzte, diruz laguntzen ahal diren jarduketak gauzatzeko epean.
Akordio edo hitzarmenetako zehaztapenak ez badira nahikoak edo argiak, eta alderdi bakoitzak zer jarduera egin behar duen eta jarduera bakoitzak zer finantzaketa izanen duen zehaztea eragozten badute, entitate laguntzaileari 10 eguneko epea emanen zaio argibideak emateko. Epe hori igaro eta behar beste agiri edo argibide aurkeztu ezean, eskabidea ezetsi eginen da.
7.4. Zentroko aldi baterako harrera zerbitzuak kudeatzeko jarduerari dagokionez, entitate laguntzaileak ez du azpikontratatzen ahalko, ez osorik, ez partzialki, dirulaguntzaren xede den jarduera, albaitaritza jarduketak izan ezik. Azpikontrataziotzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan jasotako kasuak.
7.5. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) diruz laguntzen ahal den gastutzat hartuko da entitate onuradunak berreskuratu edo konpentsatu ezin duenean.
7.6. Ez da diruz laguntzen ahalko zerbitzuak ematen dituen toki entitateak finantzatutako jarduerarik, finantzatu gabeko zatian izan ezik. Hori ongi egiaztatu beharko da alderdiek sinatutako hitzarmenaren bidez edo zuzenbidean baliozkoa den beste zeinahi dokumenturen bidez. Horrekin batera, entitate laguntzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du eta, horretan, toki entitateak jardueren zein zati finantzatzen duen zehaztuko du.
7.7. Jarduketak ez dira diruz laguntzen ahalko, baldin eta haien kostua adoptatzaileei jasanarazten bazaie edo beste erakunde publiko batek zuzenean edo zeharka finantzatzen badu, jasanarazi edo finantzatu ez den gastuaren zatia izan ezik –ongi egiaztatu beharko da hori–.
8. oinarria.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
8.1. Laguntzak emateko aurreikusitako zenbatekoak honako hauek dira:
a) 5. oinarriko a) eta b) letretan jasotako kontzeptuetarako: 30.000 euro, 2025eko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-7609-412202 partidaren kontura ordainduko dira ("Entitate laguntzaile aitortuendako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako").
b) 5. oinarriko c), d), e) eta f) letretan jasotako jarduketetarako: 50.000 euro, 2025eko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-4609-412202 partidaren kontura ordainduko dira ("Entitate laguntzaile aitortuendako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako").
8.2. Jarduketa diruz lagungarri bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak.
8.3. Dirulaguntzen gehieneko zenbateko hauek ezarri dira jarduera diruz lagungarri bakoitzerako:
a) Zentroak sortu, hobetu edo egokitzeko lan eta inbertsioetako gastuak: gehienez 10.000 euro eskatzaile bakoitzeko.
b) Zentroa zerbitzuak emateko behar duen baliabidez hornitzeko ekipamendua erostea: gehienez 5.000 euro eskatzaile bakoitzeko.
c) Animalien zainketetarako eta ongizaterako ekipamendua eta materiala erosi eta zentro baimenduen mantentze lanetako gastuak ordaintzea: gehienez 3.000 euro eskatzaile bakoitzeko.
d) Animaliak identifikatzeko albaitaritzako ekintza klinikoaren ondoriozko gastuak: gehienez 25 euro identifikatutako animalia bakoitzeko.
e) Esterilizazio kirurgikoaren albaitaritzako ekintza klinikoaren ondoriozko gastuak:
1. Zakur espezieko animaliak: 120 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 80 euro gehienez ar bakoitzeko.
2. Katu espezieko animaliak: 85 euro gehienez eme bakoitzeko, eta 35 euro gehienez ar bakoitzeko.
f) Amorruaren aurkako txertaketaren gastuak: gehienez 15 euro, aplikatutako dosi bakoitzeko.
g) Amorruaren aurkakoaz bestelako txertaketen gastuak: gehienez 30 euro animaliako.
h) Barneko/kanpoko parasitoak hiltzearen ondoriozko gastuak: gehienez 15 euro animaliako.
i) Pentsu komertzial lehor eta/edo heze espezifikoa erosteko gastuak:
1. Zakur espezieko animaliak: 75 euro gehienez animalia bakoitzeko, diruz lagungarria den aldi osorako (10 hilabete).
2. Katu espezieko animaliak: 60 euro gehienez animalia bakoitzeko, diruz lagungarria den aldi osorako (10 hilabete).
Animalia kopurua kalkulatzeko, diruz lagungarria den aldian zentroan dauden animalien batezbestekoa eginen da, espezie bakoitzeko egin beharreko formula hau kontuan hartuta:
KG = Kh + ((Sm-Im)/10)
Non:
KG: Diruz laguntzen ahal den zenbatekoa kalkulatzeko erabili den animalien guztizko kopurua.
Kh: Animalia kopurua zentroan 2024/11/01ean.
Sm: 2024/11/01 eta 2025/08/31 bitarteko animalien sarreren batura.
Im: 2024/11/01 eta 2025/08/31 bitarteko animalien irteeren batura.
j) Katuen gorozkietarako material xurgatzailea erosteko gastuak (harea edo antzekoa): gehienez 60 euro katu bakoitzeko, diruz lagundutako aldi osorako (10 hilabete).
Katuen kopurua kalkulatzeko, diruz lagungarria den aldian zentroan dauden animalien batezbestekoa eginen da, formula hau kontuan hartuta:
KG = Kh + ((Sm-Im)/10)
Non:
KG: Diruz laguntzen ahal den zenbatekoa kalkulatzeko erabili den katuen guztizko kopurua.
Kh: Katuen kopurua zentroan 2024/11/01ean.
Sm: 2024/11/01 eta 2025/08/31 bitarteko katuen sarreren batura.
Im: 2024/11/01 eta 2025/08/31 bitarteko katuen irteeren batura.
k) Katu kolonien kudeaketarako erantzukizun zibileko aseguruen gastuak: gehienez 250 euro eskatzaile bakoitzeko.
l) Entitate laguntzailearen funtzionamendu gastuak: gehienez ere 2.500 euro eskatzaile bakoitzeko.
m) Animaliak modu arduratsuan edukitzeko eta abandonatutako animaliak adoptatzeko kontzientziazio- eta sustapen-kanpainak: gehienez 2.500 euro eskatzaile bakoitzeko.
8.4. Entitate bakoitzak aukera izanen du egin behar dituen jarduketa guztietarako laguntza eskatzeko, baina guztira ez ditu 10.000 euro baino gehiago eskatzen ahalko inbertsioetako jarduketetarako, ez eta 10.000 euro baino gehiago diruz lagungarriak diren gainerako kontzeptuetarako. Baldin eta aurrekontu partidan soberakina badago, entitate bakoitzak jasoko duen zenbatekoa adierazitako gehienekoa baino handiagoa izaten ahal da. Soberakina entitate onuradunen artean banatuko da, emaniko zenbatekoarekiko modu proportzionalean.
8.5. Eskabideak 12. oinarrian ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira. Nolanahi ere, laguntzaren onuradun izateko, entitate laguntzaileak gutxienez 8 puntu lortu beharko ditu, ezarritako baremoei jarraikiz. Gutxieneko puntuazioa lortzen ez badu, laguntza eskabidea ezetsi eginen da.
9. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
9.1. Aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 2025eko irailaren 30ean bukatuko da.
9.2. Aurkezteko modua:
Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua), edo Nafarroako Gobernuaren Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) deialdi honi buruzko fitxan dagoen esteka erabiliz (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
Eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalera bideratuko dira.
Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori laguntzaren fitxan dago eskuragarri, eta entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du.
Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
9.3. Aurkeztu beharreko agiriak:
Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira, eranskinen arabera, halakorik badago, zeinak laguntzen fitxan eskuratzen ahalko baitira:
a) Entitate eskatzailearen berariazko eta erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan adieraziko baita:
1. Administrazio publikoetan jarduera bererako eskatu edo eman diren beste laguntza eskabide guztien adierazpena; horretan adierazi beharko da eskatutako kopurua, zer administrazio edo entitate publiko zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela adierazita.
2. Eskabidean eta aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla.
3. Dirulaguntzaren onuradun izateko debekuetan ez dagoela sartua baieztatzen duen aitorpena, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoaren arabera.
4. Animalien babesari buruzko araudian xedatutakoa eta, bereziki, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Legean eta 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren 73. artikuluaren a), e), f), g) eta i) apartatuetan xedatutakoa betetzen dela baieztatzen duen aitorpena.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horien ordez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzeko baimena ematen ahalko da, deialdiaren fitxako ereduaren arabera.
c) 5. oinarriko a), b) eta c) letretan adierazitako laguntzen lerrorako eskabidea egin bada, baimendutako harrera zentroaren identifikazioa.
d) Dirulaguntzaren ordainketaren aurrerakina eskatzen bada, deialdiaren 16.4 oinarrian xedatutakoari jarraikiz, entitate eskatzaileak eskabidea aurkeztu beharko du, laguntzaren fitxan jasoko den ereduaren arabera.
e) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak emateko eskabidea lehen aldiz aurkezten dutenek eta banku kontuaren zenbakia aldatu dutenek bakarrik bete beharko dute kontuen eta ordainketen fitxa.
Instrukzio organoak ofizioz egiaztatuko du eskatzailea entitate laguntzaile gisa inskribatuta dagoela Nafarroako Gobernuak Animaliak Babesteko Elkarteendako eta Entitate Laguntzaileendako duen Erregistroan, eta halaxe eginen du baita laguntza deialdia argitaratzean oraindik ebatzi gabe dauden aitorpen eskabideei dagokienez ere.
10. oinarria.–Dokumentazio osagarria.
10.1. Interesdunek dokumentu hauek erantsi beharko dizkiote eskabideari:
a) Eskabidea sinatu duen ordezkariaren egiaztagiria, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikuluan eta Sektore publikoaren bitarteko elektronikoen bidezko jardunari eta funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren 32. artikuluan ezarritako edozein bidetatik.
b) 5. oinarriko a) letran adierazitako laguntzen lerrorako eskabidea egin bada, egin beharreko jarduketa diruz lagungarrien justifikazio memoria, laguntzen fitxan jasotako ereduari jarraikiz, barne hartuta, hala badagokio: egin beharreko obren deskribapena eta aurreikusitako jarduketen aurrekontu xehatua, laguntzen fitxan dagoen txantiloiaren arabera.
Zentroaren planoa edo haren kokapenaren eta eraikinen, gelen eta sarbidearen banaketaren krokisa aurkeztu beharko da, edukieraren eta helburuaren arabera. Hala badagokio, instalazioak entitate laguntzailearen titulartasunekoak direla edo kostu bidez edo doan haren alde lagata daudela egiaztatu beharko da, jabetza tituluaren edo haren aldeko lagapen agiriaren bidez.
Obra zibila edo instalazioak diren jarduketekin batera, inbertsioa gauzatzeko aurrekontua egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera arlo horretan eskumena duten teknikariek idatzi eta sinatuak, bai eta memoria bat ere. Memoria horretan, laguntzaren xede diren jarduketak deskribatu beharko dira, jarduketaren aurrekari eta helburu batzuekin, bai eta zentroak animalia mota bakoitzerako duen gehieneko edukiera ere.
c) Baldin eta 5. oinarriko b) letran adierazitako laguntzen lerrorako eskabidea egiten bada, deskripzio memoria, laguntzen fitxan jasotako ereduaren arabera, zeinetan zentroa hornitzeko eskuratu nahi den ekipamenduaren zerrenda jasoko baita, gutxienez informazio honekin: ekipamenduaren deskribapena, helburua eta aurrekontu ekonomikoa.
d) 5. oinarriko c) letran jasotako laguntzen lerrorako eskabidea eginez gero, deskripzio memoria, laguntzen fitxan jasotako ereduaren arabera, zeinetan hau jasoko baita:
1. Animalien zainketarako eta ongizaterako ekipamendua eta materiala, gutxienez informazio hau jasota: materialaren deskribapena, helburua, unitate kopurua eta elementu bakoitzaren inguruko aurrekontua, prezio unitarioa eta zenbateko osoa adierazita.
2. Zentroaren mantentze gastuei dagokienez, diruz lagungarriak diren kontzeptuetarako aurreikusitako gastuen zenbatekoa, horiek zehazteko erabilitako irizpideak eta, hala badagokio, aurrekontuak.
3. Albaitaritzako jarduketen barruan, identifikatu, esterilizatu (sexua adierazita) eta txertatu diren (txerto mota eta dosi kopurua adierazita) eta barruko zein kanpoko parasitoak hil zaizkien animalien kopuruaren aurreikuspena, baita jarduera horietarako aurreikusitako kostua ere, zentroko albaitari klinikoaren tarifen ziurtagiriaren arabera. Jarduketa kopuruaren aurreikuspena aurreko urteko jarduketen datuetan oinarritu beharko da. Halaber, adoptatzaileei jasanarazitako eta Elkarteko Batzordeak onartutako adopzio kostuen zerrenda gehituko da.
4. Katuen pentsuagatik eta gorozkietarako material xurgatzaileagatik egindako gastuari dagokionez, 2024/11/01ean zentroan zeuden animalien kopurua, espeziearen arabera, eta 2024/11/01 eta 2025/08/31 bitartean sartu eta irtetea aurreikusten den animalien kopurua, hau ere espeziearen arabera.
e) 5. oinarriko d) letran jasotako laguntzen lerrorako eskabidea eginez gero (katu koloniak), erantzukizun zibileko asegurua kontratatzeko aurrekontua.
f) 5. oinarriko e) letran jasotako laguntzen lerrorako eskabidea eginez gero, entitate laguntzailearen funtzionamendu gastuen zerrenda, kontzeptu diruz lagungarrietan oinarrituta aurreikusitako gastuen zenbatekoa, horiek zehazteko erabilitako irizpideak eta, hala badagokio, haien aurrekontuak.
g) 5. oinarriko f) letran jasotako laguntzen lerrorako eskabidea eginez gero, lagun egiteko animaliak modu arduratsuan eduki eta abandonatutako animaliak adoptatzeari buruz kontzientziatzeko eta hori sustatzeko kanpainen deskripzio memoria, laguntzen fitxako ereduaren arabera, horietako bakoitzaren ondoriozko gastuak, kontzeptu diruz lagungarrietan banakatuta, eta lortu nahi diren helburuak. Memorian, eginen diren gastuen aurrekontu xehatua jasoko da.
Diruz lagungarriak diren jarduketen edukiek bat etorri beharko dute animaliak babesteko araudiarekin. Itzulketa kausa izanen da betebehar hori ez betetzea.
h) Baldin eta entitate laguntzaileak baimendutako eta erregistratutako harrera zentro bat kudeatzen badu edo katu koloniak kudeatzen baditu, dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
1. Entitate eskatzailearen eta lagun egiteko animaliak jaso edo katu koloniak kudeatzen diren lurralde eremuko toki entitatearen artean egindako lankidetza hitzarmenaren kopia; horretan, alderdi hauek zehaztuko dira: hitzartutako jarduera, entitate laguntzaileari esleitzen zaizkion funtzioak, eman beharreko zerbitzuak finantzatzeko modua (zer jarduera finantzatuko diren eta nork finantzatuko dituen, argi eta garbi zehaztuta zeintzuk ordaintzen dituen toki entitateak eta zeintzuk entitate laguntzaileak), zerbitzuen finantzaketa justifikatzeko modua eta sinatutako hitzarmenaren edo kontratuaren indarraldia.
2. Harrera zentro baimenduaren entitate titularraren eta entitate kudeatzailearen arteko harremanaren egiaztagiri fidagarria, baldin eta entitate eskatzailea harrera zentro baimendu baten kudeatzailea bada.
10.2. Eskabideak emateko 12. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak zehazte aldera, entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, informazio hau bilduta:
–Lagun egiteko animaliak babestearen eta horiek modu arduratsuan edukitzearen, adopzioaren sustapenaren eta katu kolonien arloan 2023tik 2025era (biak barne) egindako dibulgazio eta informazio jardueren kopurua: jarduketen kopurua, gauzatze data, lekua, entitate betearazlea eta ekintzaren deskribapena.
–2022an, 2023an eta 2024an toki entitateekin egindako lankidetza hitzarmenak, abandonatutako, galdutako, konfiskatutako edo babesik gabeko animaliak hartzearekin eta mantentzearekin edo katu kolonien kudeaketan laguntzearekin lotutako zerbitzuak emateko: sinatutako akordioen kopurua, data, indarraldia eta zein toki entitaterekin sinatu den.
Instrukzio organoak ofizioz esleituko du eskatzaileak entitate laguntzaile gisa duen antzinatasunari dagokion puntuazioa, kontuan izanik Nafarroako Gobernuak duen Animaliak Babesteko Elkarteen eta Entitate Laguntzaileen Erregistroan zein den inskripzio data.
10.3. Dokumentazio osagarria elektronikoki aurkeztu behar da.
10.4. Instrukzio organoak uste badu aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe dagoela edo argibide osagarriak behar dituela, eskatzaileari jakinaraziko dio, 10 eguneko epean argibideak eman edo beharrezkoa den dokumentazioa aurkez dezan. Errekerimenduari erantzuten ez bazaio, edo dokumentazioa eta/edo argibideak nahikoak ez badira instrukzio organoaren iritziz, eskabidean atzera eginen da.
11. oinarria.–Datuak egiaztatzea.
11.1. Prozedura hori izapidetzeko, automatikoki kontsultatuko dira administrazio jardulearen esku dauden edo administrazio publikoek eginiko dokumentu hauetan jasotako datuak, salbu eta interesdunak kontsultaren aurka egiten badu:
a) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta izatearen ziurtagiria.
b) Zerga-betebeharrak egunean izatea frogatzen duen ziurtagiria.
c) Entitate eskatzaileak Nafarroako Gobernuak duen Animaliak Babesteko Elkarteen eta Entitate Laguntzaileen Erregistroan entitate laguntzaile gisa duen inskripzioa.
d) Harrera zentroaren inskripzioa Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuak kudeatutako Lagun egiteko Animalien Zentroen Erregistroan, eta baimena.
11.2. Interesdunek kontsultaren aurka egiten badute, dagokion inprimakian gaitutako laukian adierazi beharko dute eta dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.
Aplikatzekoa den araudiak hala eskatzen duenean, interesdunaren berariazko baimena eskatuko da kontsulta egiteko.
12. oinarria.–Eskabideak baloratzeko irizpideak.
12.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira eskabideak:
ZK. | BALORAZIO IRIZPIDEA | PUNTUAK |
1 | Entitate laguntzailearen antzinatasun urteak: puntu 1 urte bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu. | Gehienez 5 puntu |
2 | Azken bi urteetan lagun egiteko animalien eta katu kolonien babesaren eta horiek modu arduratsuan edukitzearen arloan egin diren dibulgazio eta informazio jarduerak: 2 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 10 puntu. Ez dira jarduera desberdintzat hartuko urte berean eta ondoz ondoko aldietan eduki berarekin eta toki berean behin eta berriz egin diren jarduerak. | Gehienez 10 puntu |
3 | 2022an, 2023an eta 2024an toki entitateekin sinatutako lankidetza akordioak, abandonatutako, galdutako, konfiskatutako edo babesik gabeko animaliak biltzearekin eta mantentzearekin lotutako zerbitzuak emateko: 2 puntu sinatutako hitzarmen bakoitzeko; gehienez 10 puntu. 2 puntu emanen dira hitzarmena indarrean dagoen urte bakoitzeko. | Gehienez 10 puntu |
4 | Aurreko deialdian lagun egiteko animaliak babesteko jardueretarako Nafarroan laguntzarik jaso ez izatea. | 5 puntu |
Baldin eta berdinketa badago lortutako puntuazioan, 1. irizpideko balorazioan oinarrituta ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, 3. irizpideko kalifikazioa hartuko da kontuan. Hala ere berdinketa hausten ez bada, 2. irizpidea hartuko da kontuan eta, azkenik, 4. irizpidea.
Hala ere berdinketak jarraitzen badu, hura ebazteko kontuan hartuko da zein egunetan eta zein ordutan aurkeztu den Nafarroako Gobernuak duen Lagun Egiteko Animaliak Babestu eta Defendatzeko Elkarteen eta Entitate Laguntzaileen Erregistroan inskribatzeko eskabidea.
13. oinarria.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duen organoa.
13.1. Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko funtzioak Abeltzaintza Zerbitzuko Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari esleitu zaizkio.
13.2. Prozedura ebazteko eskumena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari dagokio.
14. oinarria.–Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
14.1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz izapidetuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutako baldintzetan; horretarako, aurkeztutako eskabideak baloratu eta alderatuko dira, horien hurrenkera ezartzeko, 12. oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz, eta eskatutako gutxieneko puntuazioa egiaztatuko da.
14.2. Eskabideei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, kontuan harturik 8.3 oinarrian finkatutako mugak:
a) Unitate kudeatzaileak lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko ditu laguntzak eskabideen artean, bakoitzak lortzen duen puntuazioaren arabera, partidako diru erabilgarria agortu arte.
b) Eskabide bati ezin bazaio eskatutako kopuru osoa eman aurrekontu eskasiagatik, entitateari eskatzen ahalko zaio eskabidea berregiteko, betiere eskabidearen xedea eta ezaugarriak errespetatuta, haren konpromisoak eta baldintzak ematen ahal den dirulaguntzara egokitzeko, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 20. bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
15. oinarria.–Ebazpena.
15.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpen hori entitate laguntzaile eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epea bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.
15.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean entitate laguntzaile eskatzaileen zerrenda eta emaniko dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta gainerako eskabideen ezespena, hala badagokio, ez dutelako eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu.
15.3. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
16. oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
16.1. Oro har, diruz lagungarriak diren jarduketak akitutakoan ordainduko da emaniko dirulaguntza, frogagiriak aurkeztu ondotik.
16.2. Dirulaguntza justifikatzeko, entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2025eko azaroaren 15ean, beranduenez:
a) 5. oinarriko a) letran araututako laguntzen gastuak justifikatzeko:
1. Entitate onuradunaren kargura igorritako fakturen kopia bat, kontzeptu bakoitzaren argibide xehatuak emanez. Fakturekin batera, egindako gastuen benetako ordainketa justifikatuko da, banku transferentziaren kopia bat, banku ziurtagiria edo ordainketaren laburpena aurkeztuta.
2. Obra zuzendariak sinatutako obra hondarreko ziurtagiria, hala badagokio, eta diruz laguntzen ahal den aldian egindako jarduketen justifikazio memoria, egindako jarduketak eta zentroak inbertsioa egin ondotik duen edukiera animalia motaren arabera zehaztuta.
3. Egindako obrak egiaztatzen dituzten argazkiak.
b) 5. oinarriko b) letran araututako laguntzen gastuak justifikatzeko:
1. Entitate onuradunaren kargura igorritako fakturen kopia bat, kontzeptu bakoitzaren argibide xehatuak emanez. Fakturekin batera, egindako gastuen benetako ordainketa justifikatuko da, banku transferentziaren kopia bat, banku ziurtagiria edo ordainketaren laburpena aurkeztuta.
2. Eskuratutako ekipamendu ondasunen deskribapena:
c) 5. oinarriko c) eta d) letretan araututako laguntzen gastuak justifikatzeko:
1. Entitate laguntzaileak eta harrera zentroarekin lotutako albaitariak sinatutako jarduera memoria, zeinetan adieraziko baita zenbat animalia identifikatu, esterilizatu eta txertatu diren (txerto mota eta dosi kopurua adierazita) eta parasitoak hil zaizkien 2024ko urriaren 16tik 2025eko abuztuaren 31ra bitartean. Memoriak alderdi hauek jasoko ditu: animaliaren identifikazioa, espeziea eta sexua, egindako tratamendu bakoitzaren xehetasuna eta horien data, eta tratamendu horiek tokiko entitate bati edo adoptatzaile bati jasanarazi zaizkion edo ez, jasanarazitako eta jasanarazi gabeko zenbatekoak adierazita.
2. Animalien zainketarako eta ongizaterako ondasunen gastuekin eta zentroaren mantentze lanetako gastuekin lotuta eta entitate onuradunaren kargura igorri diren fakturen kopia. Erositako ondasunen deskribapena eta mantentze lanetako gastuen banakapena gehituko dira. Era berean, ordainagiriak erantsiko dira, banku transferentziaren kopia bat, banku ziurtagiria edo ordainketaren laburpena aurkeztuta.
3. Kanpoko albaitaritza zerbitzuek identifikazioei, esterilizazioei, txertoei eta parasitoak hiltzeko jarduketei buruz igorritako fakturen kopiak eta ordainagiriak.
4. Barneko eta kanpoko parasitoak hiltzeko produktuak erosteagatik igorritako fakturen kopiak eta ordainagiriak.
5. Pentsua eta harea edo antzekoa erosteko fakturen kopiak eta ordainagiriak. Legezko ordezkariak sinatutako adierazpen bat ere aurkeztuko da, kontzeptu horiengatik emandako laguntzaren zenbatekoari dagokion kalkulua egin ahal izateko behar diren datuekin.
6. Katu kolonien kudeaketarekin lotutako erantzukizun zibileko aseguruari dagokion fakturaren kopia eta ordainagiria.
d) 5. oinarriko e) letran araututako laguntzen gastuak justifikatzeko:
1. Entitate laguntzailearen funtzionamendu gastuekin lotuta igorritako fakturen kopia, gastuak banakatuta. Fakturekin batera, egindako gastuen benetako ordainketa justifikatuko da, banku transferentziaren kopia bat, banku ziurtagiria edo ordainketaren laburpena aurkeztuta.
e) 5. oinarriko f) letran araututako laguntzen gastuak justifikatzeko:
1. Benetan egin diren jarduketen deskripzio memoria, zeinetan argi eta garbi jasoko baitira alderdi hauek:
–Jarduketaren deskribapena.
–Helburua.
–Datak, herriak, tokiak eta erabilitako bitartekoak.
–Hartzaileak eta bertaratutakoak, hitzaldien edo informazio saioen kasuan.
–Banatutako dibulgazio materiala: edukiak, material mota, unitate kopurua, hizkuntza. Banatutako materialaren kopiak edo argazkiak aurkeztuko dira, ahal bada.
–Benetan egin dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
2. Entitate onuradunaren kargura igorritako fakturen kopia bat, kontzeptu bakoitzaren argibide xehatuak emanez. Fakturekin batera, egindako gastuen benetako ordainketa justifikatuko da, banku transferentziaren kopia bat, banku ziurtagiria edo ordainketaren laburpena aurkeztuta.
16.3. Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, edo 30.000 eurotik gorakoa obrak egiteagatik, toki entitateak frogatu beharko du enpresa efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
16.4. Ordainketa aurreratua: salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, aurrerakin gisa, emandako dirulaguntzaren % 50eko mugarekin, baldin eta 15.000 eurotik gorako ordainketa aurreraturik egin behar ez bada; kasu horretan, gehieneko muga hori aplikatuko da.
Entitate laguntzaileak bi laguntza jarduketa edo gehiagotan eskatzen badu laguntza, modalitateen multzoagatik emandako guztizko zenbatekoaren mugak aplikatuko dira.
Horretarako, entitateak Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari egin beharko dio eskabidea, eta adierazi zer ordainketa mota eskatzen den (aurrerakina), eta zer zenbateko.
Aurrerakina laguntza eskabidea aurkeztean eskatu behar da.
17. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitate laguntzaileek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte eta, bereziki, honako hauek:
a) Entitate laguntzailearen aitorpena lortzea, deialdia argitaratzen den egunean hala aitortuta ez dauden entitateendako.
b) 5. oinarriko a) eta b) jarduketetarako laguntza eskatu bada eta lagun egiteko animalien zentroa ez badago baimenduta eta Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan erregistratuta laguntza eskatzeko unean, entitate laguntzaileak baimena lortu beharko du eta Gune Zoologikoen Erregistroan inskribatu beharko du, inbertsioak egin dituzten lagun egiteko animalia zentro motari dagokionez. Horretarako, gehienez ere bederatzi hilabeteko epea izanen du, dirulaguntza ordaintzen den egunetik hasita, edo hiru hilabeteko epea, diruz lagundutako obrak akitzen diren egunetik hasita, baldin eta proiektuan ageri den azken data geroagokoa bada.
c) Laguntza emateko oinarri diren jarduerak gauzatzea, oinarri hauetan xedatutakoaren arabera, bai eta horietan eta dirulaguntzaren ebazpenean aurreikusitako konpromisoak eta baldintzak betetzea ere. Funtsak ezin dira dirulaguntzarenak ez diren helburuetarako erabili.
d) Deialdiaren oinarrietan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.
e) Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.
f) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak emaniko dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako jarduketak onartzea.
g) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondotik jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.
h) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak ongi ikuskatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den gisan, egiaztapen eta kontrol eskumenak behar bezala betetzen direla bermatzeko.
i) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.
j) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
k) Dirulaguntza ematen denetik edo diruz lagundutako proiektuaren jardueretan egiten den idatzizko edo ahozko informazio, komunikazio, publizitate eta hedapen orotan Nafarroako Gobernuaren partaidetza agerian jartzea.
l) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.
m) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.
n) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
o) Gardentasun betebeharra betetzea: gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuta daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien % 20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez denen batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun-betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko finantzarioan jasotakoa.
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan gertatzen den dedikazioaren araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):
Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, adierazitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen informazioa, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondotik eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Dirulaguntza ordaindu baino lehen, entitate onuradunek gardentasunaren gainean ezarritako informazio betebehar eta xedapenak bete beharko dituzte, hain zuzen, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoak. Horretarako, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen betebeharrei buruzko agiria bete beharko dute, VI. eranskinean dagoena. Foru dekretu honen 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, 7. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen dira.
18. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.
18.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze interesak ordaindu ere, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. Tituluaren arabera eskatzen ahal diren erantzukizunak.
Nolanahi ere, entitate onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.
18.2. Dirua itzultzeko berariazko kausa izanen da laguntza 5. oinarriko a) eta b) jarduketetarako laguntza lortu duen entitate laguntzaileak Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro gisa inskribatzeko eta baimena lortzeko duen betebeharra ez betetzea, dirulaguntza ordaindu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita bederatzi hilabeteko epean gehienez edo, hala badagokio, obra akitu eta ondoko hiru hilabeteko epean, aurkeztutako obra proiektuan hala zehaztu bada.
18.3. Dirua itzultzeko berariazko kausa izanen da laguntza 5. oinarriko e) letrako jarduketetarako lortu duen entitate laguntzaileak dibulgazio eta informazio jardueren edukia animalien babesaren arloan indarrean dagoen araudian xedatutakora egokitzeko betebeharra ez betetzea.
18.4. Halaber, dirua itzuli egin beharko da, baldin eta entitate laguntzaileak dirulaguntzaren ordainketa aurreratua jaso badu eta azken ordainketa hori azkenean justifikatutako jarduketen zenbatekoa baino handiagoa izan bada; kasu horretan, dagokion berandutze interesa aplikatuko da ordainketaren egunetik aitzina.
18.5. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
19. oinarria.–Arau hausteak eta zehapenak.
Arau hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluen arabera jokatuko da.
20. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
21. oinarria.–Araudi gehigarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F2509906
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
