Iragarkia
163. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
59/2025 EBAZPENA, uztailaren 15ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak eta deialdia onesten baitira Nafarroako mendi-larreen kudeaketa jasangarrirako laguntzak emateko, 2025-2026 kanpainarako. Laguntza horiek 2023-2027 NPEPEaren 6881.1 esku-hartzean sartuta daude (Basoberritzeak eta nekazaritza- eta baso-sistemak). Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko identifikazioa: 847834.
2022-08-31ko Batzordearen Betearazpen Erabakiaren bidez, Espainiako 2023-2027ko NPEaren Plan Estrategikoa onetsi zen (aurrerantzean NPEPE) Europar Batasunaren laguntzarako, zeina Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatzen baitute.
NPEPEak oinarri du Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua. Erregelamendu horren bidez, arauak ezartzen dira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEaren plan estrategikoak) laguntza emateko –finantzatuta dago Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kargura–, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira, bereziki 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 118. artikuluaren 6. apartatua.
2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 73. artikuluan, estatu kideek inbertsio jakin batzuetarako eman beharreko laguntzak aipatzen dira. Horretarako, laguntza horiek lagundu behar dute 6.1 eta 6.2 artikuluetan aipatzen diren helburu espezifikoetako bat lortzen eta erregelamendu horrek ezartzen dituen baldintzak eta estatu horietako NPEaren plan estrategikoen zehaztapen gehigarriak bete behar dira. Zehazki, tamaina jakin bat gainditzen duten ustiategien kasuan (estatu kideek zehaztuko dute tamaina hori NPEren plan estrategikoetan), basogintza sektorerako laguntzak emateko, bidezko informazioa aurkeztu beharko da, baso-kudeaketarako plan batetik edo baso-kudeaketa jasangarrira egokitzen den tresna baliokide batetik datorrena, Europako basoen kudeaketa jasangarrirako jarraibide orokorretan definitzen den bezala. Jarraibide horiek Europako basoak babesteari buruzko Bigarren Ministro Konferentzian onetsi ziren, Helsinkin, 1993ko ekainaren 16an eta 17an.
Artikulu hori garatuta, NPEPEak Nafarroa sartzen du landa garapeneko 6881.1 esku-hartzearen aplikazio eremuaren barnean (Inbertsio ez-produktiboak, basoberritzean eta nekazaritza- eta baso-sistemetan). Azken horien barnean sartzen dira larreak hobetzeko laguntzak. Esku-hartze hori NPEaren bigarren zutabearen barnean dago, eta, zehazki, "INVEST(73-74) - Inbertsioak, ureztatzeko azpiegituretako inbertsioak barne" esku-hartze motaren barnean. Onargarritasun baldintza hau dauka eskualdeko espezifikotasun gisa: "Kudeaketa-plana edo tresna baliokidea izatea ( 73.2 artikulua), 250 hektareatik gorako azaleretarako. Azalera txikiagoetan, bete beharko da eskualdeko planetan eta inbertsioak justifikatzeko memoria eta proiektuetan ezarritakoa. Atalase hori eskualdeko fitxan justifikatzen da".
Nafarroako Foru Komunitatea, beraz, aipatutako 6881.1 esku-hartzearen lurralde-eremuko eskualde bat da. NPEPEak aipatzen duen eskualde-fitxan berariaz adierazten da esku-hartze horretan honako hauek sartzen direla: azaleraren araberako jarduketak larreak hobetzeko mendi-larreetan, abereak gobernatzeko itxiturak, abeltzaintzako beste azpiegitura batzuk eta azpiegiturak eta aziendak mantendu eta zaintzeko langile-gastuak. Gero, eransten da deialdiek eragiketak hautatzeko irizpideak jasoko dituztela, eta honako hauetan oinarritzen ahalko direla: abeltzaintza gobernatzeko planaren kalitatea, larre eta sastrakadien Batasunaren intereseko larratze habitaten azalera: zenbat eta handiagoa izan habitat horien azalera, puntuazioa handiagoa izanen da; larre eta sastrakadien lehentasunezko larratze habitaten azalera: zenbat eta handiagoa izan habitat horien azalera, puntuazioa handiagoa izanen da, besteak beste.
Adierazitakoaz gain, honako esparru juridiko hau ere aplikatu behar da:
–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamendua, 2021eko abenduaren 2koa, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoa, 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.
–Batzordearen 2021/2289 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 2021eko abenduaren 21ekoa, zeinaren bidez ezartzen baitira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak, NPEaren plan estrategikoen edukiaren aurkezpenari eta informazioaren truke segururako sistema elektronikoari buruzkoak.
–Batzordearen 2022/2472 (EB) Erregelamendua, 2022ko abenduaren 14koa, zeinaren bidez nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa eremuetako laguntzen zenbait kategoria bateragarriak deklaratzen baitira barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.
Deialdiaren oinarrietan jasotako hautaketa irizpideak 2023-2027 NPEPEaren Jarraipen Batzordeak onetsi ditu, eta 2023ko maiatzaren 29an hartu zuten indarra.
Ebazpen honen eta bertan jasotako oinarrien ondorioetarako, "laguntza" eta "dirulaguntza" terminoak erabiliko dira (bata zein bestea) erreferentzia egiteko ebazpen honetan eta bertan jasotako oinarrietan xedatutakoa betetzen duten pertsonen alde egindako edo egin beharreko diru xedapenei.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Ebazpen honek 2023-2027 NPEPEren Nafarroako kudeaketa agintaritzaren (Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzua) aldeko txostena du, eta urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean eman da (foru dekretu horren bidez, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, Europako nekazaritza funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, batetik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak, laugarren xedapen gehigarrian egindako deskontzentrazioa dela medio, bestetik, ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Oinarri arautzaileak onestea Nafarroako mendi-larreen kudeaketa jasangarrirako 2025-2026 kanpainarako laguntzak emateko (2023-2027 NPEPEaren 6881.1 esku-hartzean sartuta daude), ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan, eta ebazpen honen II. eranskinetik VII. eranskinera bitartekoak onestea. Laguntza hori LGENFk kofinantzatzen du, gastu publikoaren %45eko laguntza-intentsitatearekin.
2. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoetarako 222.273 euroko gastua baimentzea 2026ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den 2025eko aurrekontuko "Mendi-larreak NPEPE LGENF 23-27" izeneko 740003 74300 4700 456302 partidaren partida baliokidearen kargura, betiere behar adinako kreditu egokia baldin badago.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eranskinekin.
4. Adierazi behar da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxa (www.nafarroa.eus) dela dirulaguntza honekin lotutako ondoz ondoko argitalpenak egiteko tokia, eta beste leku batzuetan egindakoek ez dutela baliorik izanen.
5. Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Dirulaguntzei buruzko Datu-base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
6. Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko uztailaren 15ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.–Xedea eta aplikazio-eremua.
1. Oinarri hauek helburu dute Nafarroako mendi-larreen kudeaketa jasangarrirako laguntzak arautzea, 2023-2027 NPEPEaren barruan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 73. artikuluaren esparruan. Erregelamendu horren bidez arauak ezartzen dira Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPEaren plan estrategikoak) egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruz (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen dena) eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak indargabetzen dira.
2. Sartuta daude 2023-2027 NPEPEaren 6881.1 esku-hartzearen barnean (Basogintzako inbertsio ez-produktiboak, basoberritzean eta nekazaritza- eta baso-sistemetan), eta honako hau da dirulaguntza honen helburua:
–Ura, lurzorua eta airea bezalako baliabide naturalen garapen jasangarria eta kudeaketa eraginkorra sustatzea, bereziki mendekotasun kimikoa murriztuz.
–Biodibertsitatearen galera geldiarazten eta alderantzikatzen laguntzea, zerbitzu ekosistemikoak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea.
2. oinarria.–Neurri honetarako baldintza orokorrak.
Eragiketa Nafarroako toki entitateei zuzenduta dago, kudeatzen dituzten larreak hobetzeko eta kontserbatzeko jarduerak edo programak egin nahi badituzte.
Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu badira, toki entitateek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta onartutako laguntzen ordainketarik jaso ere, harik eta toki entitate horrek itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion berreskuratze-interesak.
3. oinarria.–Neurriaren helburua.
Laguntzen helburua da larratze habitatak kontserbatzeko eta hobetzeko neurrien aplikazioa bultzatzea, larreen titular edo kudeatzaile diren toki entitateei laguntza ekonomikoa emanez habitat horiek kontserbatu eta hobetzeko, kasuan kasuko antolamendu proiektuak aplikatuz eta abeltzaintza estentsiboa kontserbazio horretarako funtsezko elementu gisa erabiliz. Behar handia dago bereziki mendialdean, bertan larreak andeatzeko arriskua baitago, larratze gehiegizkoa izateagatik nahiz behar adinakoa ez izateagatik.
4. oinarria.–Onuradunak.
Deialdi honetako laguntzen onuradun izaten ahalko dira mendiko larreen jabe, erabiltzaile edo kudeatzaile diren Nafarroako toki entitateak, baldin eta konpromisoa hartzen badute toki horiek hobetzeko eta kontserbatzeko jarduerak edo programak egiteko, 5. oinarrian zehaztutako irizpideak betetzen badituzte eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei 5 urtez eusteko konpromisoa hartzen badute.
5. oinarria.–Entitateak onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.
1. Neurri hauen onuradun izan daiteke 6. oinarrian agertzen den jardueraren bat egiten duen edozein toki entitate, aurreko oinarrian ezarritakoa betez gero.
2. Laguntza eskaerek eta haien sustatzaileek, aurkezten diren egunean, onargarritasun irizpide hauek bete beharko dituzte:
–Laguntzaren xede diren larreetarako, Larratze Antolamendurako Plana (LAP) izatea.
–Bermatuta izatea larreak erabiltzen dituzten abeltzainen lankidetza, larreak modu jasangarrian erabiltzeko aurkeztutako proposamena garatzeko.
–Egunean izatea tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
–Larreen kudeaketa jasangarrirako plan bat izatea indarrean (LKJP, larreetan egin beharreko jarduketak 5 urtez programatzen dituen tresna). Plan horrek bat etorri beharko du inguru horretako Larratze Antolamendurako Planarekin; horretarako, Basoak Kudeatzeko Atalaren aldeko txosten teknikoa beharko du. Gainera, proposamenak bateragarria izan beharko du KBEaren kudeaketa-planen jarraibideekin eta araudiarekin, baldin eta kontserbazio bereziko eremuetan badaude. Aurreko urteetan aurkeztutako planak indarrean dituzten toki entitateek hitz eman beharko dute beste plan bat aurkeztuko dutela, indarrean dagoena iraungitzen denean, gutxienez 2030eko abenduaren 31ra bitartean geratzen den aldirako.
–Laguntza emateak jarduketetarako ingurumen baimena behar izatea ekarriko du berekin.
–Ez egotea DFLaren 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan.
6. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.
1. Diruz laguntzen ahalko dira, habitaten kontserbazio egoera hobetze aldera naturaguneak mantentzeko eta landaretza kudeatzeko gastu gisa, honako hauek:
a) Abereak gobernatzeko gastuak: toki entitateek funtzio hori garatzeko zuzenean kontratatutako langileen gastuak eta funtzio bera garatzeko kontratatutako enpresek egindako fakturen ondoriozkoak sartzen dira.
b) Abereak gobernatzeko ekipamenduen instalazioa eta mantentze-lanak, horren barruan sartzen direlarik ur harguneak, artzain elektrikoak, eskuz sastrakak garbitzea, mahuka eramangarriak, eta gatz puntuak eta itxituren mantentze lanak. Gastu hauek sartzen dira: toki entitateek funtzio hori garatzeko zuzenean kontratatutako langileenak eta funtzio bera garatzeko kontratatutako enpresek egindako fakturen ondoriozkoak. Diruz lagunduko dira ekipamenduak instalatzeko eta mantentzeko erabilitako materialak erosteko gastuak, bai eta makineria edo erremintak alokatzeko gastuak ere, baina ez haiek erostekoak. Kanpoan gelditzen dira bideak mantendu eta sortzeko kostuak, mahuka iraunkorren kostuak eta itxitura berriak sortzekoak.
c) Larreen kudeaketa jasangarrirako plana prestatzea, bai eta larratze habitaten bilakaeraren emaitzei buruzko azken txostena ere. Atal honetan lurzoruen analisia egiteko kostuak ere sar daitezke. Jarduketa honekin lotuta, beronetarako kontratatutako enpresek igorritako fakturen ondoriozko gastuak soilik sartzen dira.
Diruz lagunduko dira, soilik, 2025eko urriaren 16tik 2026ko urriaren 15era bitartean benetan ordaindu diren gastuak, hots, 16. oinarrian ezarritako justifikazio aldia amaitu baino lehenagokoak.
2. Gastu mota bakoitzeko, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa honako hau izanen da:
–Aurreko 1. epigrafeko a) eta c) letretan aipatzen diren gastuen %100, betiere goian adierazitako epean ordaindu badira.
–Aurreko 1. epigrafeko b) letran aipatzen diren gastuen %70.
Nolanahi ere, kanpoan gelditzen dira enpresaren konturako Gizarte Segurantzako kotizazioak (baldin eta toki entitateek zuzenean kontratatzen badituzte langileak) eta BEZa, enpresak kontratatzen badira inbertsioak gauzatzeko.
2.1. Kostuen moderazioaren printzipioa bermatzeko, aurkeztutako gastuei Nafarroako Baso Tarifak aplikatuko zaizkie. Hemen ikus daitezke: https://www.navarra.es/eu/medio-ambiente/gestion-forestal/tarifas-para-obras-y-trabajos-forestales.
2.2. Eskaera bakoitzeko, urteko gehieneko aurrekontu onargarria 27 eurokoa izanen da larre hektareako lehendabiziko 1.000 hektareetan, eta 10 eurokoa aurreko kopurua gainditzen duen larre hektareako. Nolanahi ere, espediente bakoitzeko inbertsioaren gehieneko zenbatekoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izanen.
7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.
1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko. Laguntza ekonomikoak emateko baldintzak dira baliabide ekonomikoak eta aurrekontuetan behar den adinako kreditua izatea.
2. Laguntza honetarako onartutako hautaketa irizpideen arabera, eskaeren hurrenkera aterako da honako balorazio-irizpide hauen arabera emandako puntuak batzetik.
IRIZPIDEA | PUNTUAZIOA | PUNTUAZIOA EMATEKO MODUA |
1. Erabilera planaren kalitatea | Mailaketa honelakoa izanen da: –Osoa: 10 puntu. –Onargarria: 0 puntu. | Baloratuko da nola egokitzen diren larre antolamendurako proiektura bai larreen kudeaketa jasangarrirako plana bai 10.2.d oinarriagatik aurkeztutako zerrenda. Kalifikazioa osoa edo onargarria izanen da. |
2. Larreak kontserbazio bereziko eremuan daude (KBE) | 30 puntu arte, larreen %75 edo gehiago KBEan badaude; 15, larreen %75 baino gutxiago KBEan badaude; eta 0, KBEari eragiten ez badio | Baloratuko da larreak gehienbat KBE izendatutako eremuetan egotea. |
3. Onura publikoko mendi katalogatuak edo abelbideak ukitzen ditu | Honako hauek batuko dira: –20 puntu, larreen %75 edo gehiago onura publikoko mendietan badaude. –10 puntu, larreen %75 baino gutxiago onura publikoko mendietan badaude. –10 puntu, larreek abelbideak ukitzen badituzte. –0 puntu, larreek abelbideak eta onura publikoko mendiak ukitzen ez badituzte. | Eskatutako larreak, osorik edo zati batean, onura publikoko mendietan badaude, ulertuko da onura publikoko mendia ukitzeko puntuazioa merezi dutela. Larre horietatik Nafarroako abelbide bat igarotzen bada, ulertuko da abelbidea ukitzeko puntuazioa merezi dutela. |
4. Lehentasunezko larratze habitatak egotea | Gehienez ere, 30 puntu. Kalkulua egiteko, honako hauek batuko dira: –10 puntu, eskaerako larreetan Batasunaren intereseko larratze habitatak badaude. –20 puntu, eskaerako larreetan lehentasunezko larratze habitatak badaude. | –Laguntza hauen ondorioetarako, larratze habitatak honako hauek dira: larratze izaera duten Europar Batasunaren intereseko larre eta sastraka habitatak, Habitaten Zuzentarauaren (92/43/EEE) I. eranskinean jasotakoak, "Europar Batasunaren intereseko habitat motak interpretatzeko eskuliburuan" egindako aldaketen ondotik. –Egiaztapena egiteko, lehentasunez erabiliko da 92/43/EEE Zuzentarauan Nafarroako Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) jasotzen den habitaten kartografia eguneratua (1:25.000). Informazio hori osatu edo argitzeko, egun dauden larratzeen antolamendurako proiektu berariazkoak erabiltzen ahalko dira. |
8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.
1. Laguntza hauek tramitatzeko, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da eskaeren artean, aurreko oinarriko balorazio irizpideak aplikatuz. Balorazio handiena lortu duten eskaerei emanen zaie laguntza, deialdian zehaztutako kreditua gainditu gabe. Gehienez ere 100 puntu emanen dira. Espedientearen gutxieneko puntuazioak gehieneko puntuazioaren %30 izan beharko du laguntzak eman ahal izateko (30 puntu).
2. Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, lehen irizpidean puntu gehien dituen espedientea lehenetsiko da, eta, berdinketa ez bada hausten, hautatzeko bigarren irizpidea lehenetsiko da, eta hala jarraituko da hurrenez hurren laugarren irizpidera arte. Berdinketak badirau, larre-azalera handiena duen eskaera onartua lehenetsiko da.
3. Instrukzio organoak proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagoa baldin bada aurkeztutako eskaeran agertzen dena baino, eskaera berregiteko eskatuko zaio onuradunari, konpromisoak eta baldintzak dirulaguntzara egokitzeko, baina soilik baldin eta toki entitatea azkena gelditu bada hautaketa-irizpideen arabera dirulaguntza jasoko dutenen artean eta aurrekontu erabilgarririk ez izateagatik ez bada emandako zenbatekoa eskatutako guztia adinakoa.
Instrukzio organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.
Nolanahi ere, eskaerak berregiten direnean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaera edo eskariak direla-eta ezarritako balorazio-irizpideak ere.
9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
1. Dirulaguntzaren entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bereziki 9. artikuluan aipatzen diren betebehar orokorrak.
2. Laguntzaren xedeko inbertsioak bost urtez mantendu beharko dira. Ondorioz, aldi horretan inbertsioak:
–Mantendu egin beharko dira, funtsezko aldaketarik gabe, horren ondorioz izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak halako moduz ukitzen badira non jatorrizko helburuak kaltetzen diren.
–Baliagarriak izan beharko dira aipatu epean, aurkeztu den larreen kudeaketa jasangarrirako plana (aurrerantzean, LKJP) garatzeko konpromisoari eusteko. Laguntza hau eskatu den eguna baino lehen LKJP bat aurkeztu duten entitateek, baldin eta planaren indarraldia 5 urteko epea amaitu baino lehen bukatzen bada, beste bat aurkeztuko dute. Azken hori garatzen lagunduko du diruz lagundutako inbertsioak. Indarreko LKJPrik ez daukatenek plan bat aurkeztuko dute, sinatu eta hurrengo 5 urteetan garatzeko, IV. eranskinean jasotako edukiarekin.
3. Entitate onuradunak bere larre bakoitzean sartu gogo duen aziendaren zerrenda aurkeztuko du 2026ko martxoan, espezieak bereizita. Zerrenda hori Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuan aurkeztuko da, eta, gutxienez jaso beharko du zenbat AzLU izanen diren, azienda motak eta larreetan egonen diren aldiak zehaztuta.
4. Entitate onuradunak, larreen kudeaketa jasangarrirako planaren indarraldiko azken urteko ordainketa eskaerarekin batera, teknikari eskudun batek idatzitako txosten bat aurkeztuko du, larratze habitaten egoera eta bilakaera jasotzen dituena. Txostenak baloratuko du nola eboluzionatu duten larreek larreen kudeaketa jasangarrirako planak iraun duen 5 urteetan, eta gauzatutako jarduketen argazkiak eta kokapena jasoko du. Hura ez aurkezteak ekar dezake epe horretan jasotako laguntzak itzuli behar izatea.
5. Entitate onuradunak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren laguntzak emateko ebazpenean eta Larratze Antolamendurako Planean ezartzen diren baldintzen arabera gauzatuko ditu inbertsioak. LKJParekin bateragarriak izan beharko dute, eta deialdian adierazitako epean gauzatu.
6. Ordainketa ebatzi arte, 5. oinarrian ezarritako betebeharrei eutsi behar zaie, baita 7. oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.
7. Entitate onuradunak inbertsioen alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz behar diren argibideak emanen ditu, baita eskatzen ahal zaion informazioa ere laguntza honi buruz, laguntzaren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.
8. Entitate onuradunak onartu eginen ditu laguntza ongi eman dela, inbertsioak ongi gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak.
9. Entitate onuradunak Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari (Baso Plangintzarako Atala) jakinaraziko dio diruz lagundutako inbertsioak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso dituela. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, ordainketan jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna deialdi honen 18. oinarrian dago araututa.
10. Dirulaguntza ematen duen ebazpen proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez da urratu behar, eta, zehazki, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izan behar dira.
11. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren neurrian.
12. Deialdi honen 19.2 oinarrian dirulaguntzei publizitatea egiteko ezarritako neurriak betetzea.
13. Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan eta indarreko araudian ezarritako kasuetan.
14. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea, bereziki II. tituluan eta hirugarren xedapen gehigarrian jasotakoak.
10. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria. Aurkezteko epea.
1. Hilabetea edukiko da deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzen eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Epea bukatuko da mugaegunaren hilabetean, argitalpenaren egun berean. Baldin mugaegunaren hilabetean ez badago zenbaketaren hasierako hileko eguna bezalako hileko egunik, ulertuko da epea amaitzen dela hilabeteko azken egunean.
Eskaera nahitaez idatziko da oinarri arautzaile hauen II. eranskinean jasotako eredu normalizatuaren arabera.
Eskaera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu beharko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako Atalari zuzenduta.
2. Laguntza eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Eskaera-inprimakia, oinarri arautzaile hauen II. eranskineko ereduaren araberakoa.
b) LKJP bat indarrean ez daukaten entitateak: larreen erabilera jasangarriari buruzko memoria baloratua, bost urteko aldirako (gutxienez 2030ko abenduaren 31ra arte), Larratze Unitateen Inbentarioko fitxak erantsita, IIIa eranskineko ereduaren arabera). Gaian aditua den teknikari batek idatziko du memoria hori, eta IV. eranskinean adierazitakoa bete beharko du.
c) Abian den kanpainarako jarduketak eskatzeko inprimakia (IIIb eranskina), LKJPean planifikatutako jarduketetarako obra-unitateen eta kontzeptuen zehaztapena barne. Plan horretatik desbideratuz gero, planifikatu gabeko ekintzen justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da.
d) Larreetako bakoitzean sartuko duen aziendaren zerrenda. Zerrenda hori 2026ko martxoan eguneratuko da berriz, eta gutxienez bakoitzari buruzko informazio hau jasoko du:
–Larrea erabiltzen duten abeltzaintzako ustiategien zerrenda.
–Abeltzaintzako ustiategi bakoitzaren jatorrizko herria.
–Ustiategi bakoitzak larrean sar ditzakeen abelburuen kopurua, mota eta arrazak.
–Ustiategi bakoitzari baimendutako aprobetxamenduaren aldia.
e) Udalaren edo toki entitatearen osoko bilkuran hartutako erabakia, konpromisoa hartzen duena LKJPa betetzeko eta betearazteko, aurreko kanpainetan entregatu ez badute.
f) Eskatzaileak lehen aldiz laguntzak jaso behar dituenean edo horiek ordaintzeko kontua aldatu nahi duenean, honako izapidetze elektroniko hau egin beharko du (interesdunak honako kredentzialak izan beharko ditu: Ziurtagiri Digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve sisteman alta emanik egon beharko du). Izapideak hemen egiten ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta?back=true&pageBackId=5722676
Kredentzial horiek ez baditu, "Transferentzia bidezko ordainketa-eskabidea" aurkeztu beharko du, behar bezala beteta eta sinatuta. Inprimaki hau Nafarroako Gobernuaren webgunean eskura dezakete. Gaur egun, esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak.
11. oinarria.–Instrukzio organoa.
Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak neurri honetan jasotako laguntzak emateko prozedurak instruituko ditu, eta laguntza emateko eta ordainketa egiteko ebazpen proposamenak ere eginen ditu.
12. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusita eta erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera, aurkeztutako eskaera guztiak ebaluatuko ditu, arauetan edo oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio-irizpide, -modu eta -lehentasunen arabera, eta ebazpen proposamena eginen du.
2. Dirulaguntzak emateko espedienteari instrukzio organoaren txostena erantsiko zaio. Bertan agertu beharko da onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.
3. Dirulaguntzak emateko proposamena organo eskudunari igorriko zaio, ebazpena eman dezan.
13. oinarria.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.
1. Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Ingurumeneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematea, arrazoituta, egitateak eta zuzenbideko oinarriak labur aipatuta.
2. Dirulaguntza emateko ebazpenean jasoko da, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, puntuazio-ordenaren arabera. Eskatzaile bakoitzak irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuko da. Hala badagokio, berariaz jasoko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz.
3. Dirulaguntza emateko ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Bertan jasoko da dirulaguntza zein entitateri eman zaien eta, hala badagokio, zer eskaera ukatu diren edo ez diren onartu, arrazoiak agertuta. Honako hauek ere jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta entitate onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.
Ebazpen hori telematikoki jakinaraziko zaie toki entitateei, gaitutako helbide elektroniko bakarra erabiliz. Abisu bat bidaliko da eskatzaileak emandako helbide elektronikora, jakinarazpen telematikoa eskura jarri dela adierazteko.
4. Oinarri hauetan prozedura ebatzi eta jakinarazteko ezarritako epea igarotzen bada ebazpen espresurik eman gabe, ulertuko da eskaera ezetsi dela, baina eutsiko zaio ebazpena jakinarazi beharrari.
14. oinarria.–Eskaerak aldatzea.
1. Justifikatutako arrazoiak direla-eta, toki entitate onuradunak uste badu beharrezkoa dela aldaketa nabarmen bat egitea hasiera batez onetsitako emakidan, 14.3 puntuan zehazten den bezala, aldaketa eskaera bat aurkeztu beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari. Eskaeran, adierazi beharko du zer aldaketa eskatzen duen eta zergatik egin nahi duen aldatzeko eskaera. Eskaera inbertsioa gauzatu aurretik aurkeztuko da, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago.
2. Proiektuaren aldaketa nabarmenak onetsi edo ezesteko, aldez aurretik horien instrukzio organoak txostena egin beharko du, eta, ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak onetsi.
3. Honako hau hartzen da aldaketa nabarmentzat: kokapenean edota neurketan %10etik gorakoa dena, edo OGA diruz lagungarriaren %10 gainditzen duten unitate berriak sartzen dituena. Teknikoki justifikatutako aldaketa nabarmenak baino ez dira onetsiko, baldin eta ez badute eraginik inbertsioaren helburuan eta izaeran, eta ez badute murrizten hura ematea eragin zuen baremoaren puntuazioa, eta bateragarriak badira LKJParekin. Aldaketa horiek ezin izanen dute hasieran emandako laguntzaren zenbateko osoa gainditu, salbu eta deialdiaren ebazpenak kreditu erabilgarriak utzi baditu aurrekontu-partidan.
4. Gerta daiteke onetsitako proiektuaren aldaketa ez-nabarmen batzuk sartuta egotea bukaerako ziurtapenean (%10etik beherakoak, kokapenean edota neurketan; edo OGA diruz lagungarriaren %10 gainditzen ez duten unitate berriak). Horrelakoetan, aldaketa horiek ordaintzen ahalko dira baldin eta ez bada gainditzen emandako laguntzaren guztizkoa, eta baldin eta, obra berriko unitateen kasuan, justifikazio aurrekontu bat aurkezten bada, zeinari oinarrietan aurreikusitako kostuen moderazioa aplikatuko baitzaio.
15. oinarria.–Jarduketak gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.
1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2026ko urriaren 15a izanen da 2025-2026 kanpainako laguntza eskaeretarako.
2. Dagozkion laguntzak jasotzeko, toki entitate onuradunek ondoko puntuan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte 2026ko urriaren 19a baino lehen.
3. Ordainketa eskaera guztiak formatu telematikoan aurkeztu beharko dira, hurrengo oinarrian azaltzen den bezala. Ordainketa eskaera (V. eranskina) ere aurkeztu beharko da, Nafarroako Gobernuko web-orrian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoan dagoena ("Ordainketa eskaera egitean aurkeztu beharreko inprimakiak"), eta, horrekin batera, honako dokumentazio hau:
a) Onetsitako dirulaguntza gauzatu dela ziurtatzen duen memoria eta egindako gastuak eta inbertsioak justifikatzen dituen dokumentazioa. Memorian adierazi beharko dira, gutxienez ere, jarduketen helburua, deskribapena, lokalizazioa eta betearazpenaren analisia, egindako kudeaketa, larratze habitaten egoera eta bilakaera, eta emaitzen kontua. Gainera, egindako lanen argazkiak jasotzen dituen eranskin bat ere batu beharko da. Egindako gastua benetan ordaindu dela frogatzearren, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie fakturei.
b) Toki entitateek langileak kontratatu badituzte jarduketa diruz lagungarriak egiteko: kontratuaren, eskaeraren datatik 2026ko urriaren 15era arte egindako nominen eta soldatak ordaindu direla justifikatzen duten agirien fotokopiak. Aipatutako jarduketa horiek enpresekin kontratatzeagatik sortutako gastuei dagokienez: horiek igorritako fakturak, eskaeraren datatik 2026ko urriaren 15era arte, eta horiek ordaindu direla justifikatzen duten agiriak.
c) Ordainagiriak: zuzenbidean onartutako guztiak emanen dira ontzat, betiere ordainketa oinarri hauetan jasotako epeen barruan egin dela egiaztatzen bada eta horretarako ezarritako epeen barruan egindako jarduketekin bat badatoz.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunen hornidura egiten den kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Hori ez da aplikatuko, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
Adierazitakoak ez du galarazten toki entitate interesdunek bete behar izatea Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoa.
Alderdi horiek justifikatzeko, VI. eranskineko formularioa aurkeztu beharko du entitate onuradunak, behar bezala beteta, ordainketa eskatzeko unean.
Baldin eta ur-puntuak, artzain elektrikoak, mahuka eramangarriak eta gatz-puntuak egokitzen badira, entitate onuradunek 2 urtez erabili beharko dituzte ondasunak dirulaguntzaren helburu zehatzerako. Ondasunen helburuaren baldintza hori betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan.
e) Kontratista batekin azpikontratatutako lanen zenbatekoak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta 60.000 eurotik goitikoa denean, idatzizko kontratu bat egin beharko da, haren kopia bat aurkeztuz, ordainketa jasotzeko eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera.
f) Larreen kudeaketa jasangarrirako planaren indarraldiko azken urtean, 9.4 oinarrian zehazten den txostena aurkeztu beharko da.
4. Ordainketa eginen da baldin eta instrukzio organoak kontrol horiek egiten baditu, oinarritzat hartuz Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
5. Ingurumeneko zuzendari nagusiak ordainketa ebazpena emanen du, arrazoituta.
16. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak
1. Toki entitate onuradunek laguntza eskaera egin ondoren aurkeztu behar duten dokumentazio guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu beharko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako Atalari zuzenduta.
2. Banaka jakinarazi behar diren prozedurako egintza administratiboak telematikoki jakinaraziko zaizkie toki entitate eskatzaileei, gaitutako helbide elektroniko bakarra erabiliz, abisua emanda eskatzaileak identifikatutako helbide elektronikoan.
3. Banakako jakinarazpena alde batera utzi gabe argitaratu behar diren egintzak eta informazioak Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), laguntza hauei dagokien berariazko fitxan; beste leku batzuetan egiten direnek ez dute balio ofizialik izanen.
17. oinarria.–Dirulaguntzen kontrola, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.
1. Emakida ebazpenean ezarritako konpromisoak, baldintzak eta beharkizunak ez betetzeak berarekin ekarriko du emandako diru kopurua ez ordaintzea edo jasotako dirulaguntzak itzularaztea, osorik nahiz zati batean, kasuen arabera, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearekin bat, berandutze interesak barne izan edo ez, bidezkoa denaren arabera.
2. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak, edo egiaztagiriak aurkezten baditu, gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak frogatzen dituztenak. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:
a) Hondamendi natural larria, onartutako LKJParen gauzatzea edo instalazioak nabarmen kaltetzen dituena.
b) Onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik instalazioak ustekabean suntsitzea, baldin eta istripuaren ondorengo hilabetean idatziz jakinarazi badio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari.
3. Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa denean, ordaindu ahal izateko, organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, akta edo egiaztapen-txosten baten bitartez.
Salbuespen gisa, aurreko egiaztapen materialaren ordez dokumentu bidezko egiaztapena egin liteke, baldin eta dokumentuek modu zentzuzkoan eta behar adina justifikatzen badute diruz lagundutako jarduera egin dela.
4. 15. oinarriko dokumentazioa dagokion epean aurkeztu ezean, emandako dirulaguntzari %1 kenduko zaio justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, eta 25 egunez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, dirulaguntza galdutzat emanen da.
5. Kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada onuradunari ordaindu beharrekoa baino, zigor bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta ez da izanen laguntzatik haragokoa.
18. oinarria.–Laguntzak metatzea.
Laguntza horiek bateraezinak dira helburu bera duten beste batzuekin, baldin eta gainditzen badira Batasuneko Zuzenbidearen arau aplikagarrietan ezarritako gehieneko ehunekoak, laguntzen gehieneko intentsitate-ehunekoak edo landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa.
19. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
1. Toki entitate onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute emandako finantzaketak izaera publikoa duela. Horretarako, kartel bat jarri beharko dute toki entitatearen iragarki-taulan (eredua: VIII. eranskina), gutxienez 15 egun naturalez, eta gero Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzura itzuli beharko dute, eginbidea behar bezala eginda.
"EGINBIDEA: Iragarki hau ..................(e)ko Udaleko iragarki-taulan jarri dela jasota uzteko, 2025eko ....................aren ......(e)tik 2026ko ...................aren ......(e)ra arte. Eta horrela jasota gera dadin, sinatzen dut, ....................(e)n, 2026ko ..................aren ......(e)(a)n. Idazkaria".
2. Batzordearen 2021eko abenduaren 21eko 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuz –erregelamendu horren bidez, arauak ezartzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduari jarraikiz ardogintzako olio-haziei, kotoiari eta azpiproduktuei dagozkien esku-hartze motetarako, bai eta Batasunaren laguntzarekin eta NPBren plan estrategikoekin lotutako informazio-, publizitate- eta ikusgarritasun-arloko betekizunetarako ere–, eta 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 123. artikuluaren 2. apartatuaren j) eta k) letrekin lotuta, toki entitate onuradunek ikusgaitasuna eman beharko diote jasotako finantza-laguntzari, Batasunaren ikurra behar bezala erabiliz, Batzordeak 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren bidez ezarritako arauekin bat.
Deskargatu eranskin guztiak (Word dokumentua).
Iragarkiaren kodea: F2510024
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
