Iragarkia
163. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
519E/2022 EBAZPENA, uztailaren 21ekoa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita ETEek nazioarteko merkataritzako profesionalak kontratatzeko dirulaguntzen 2025eko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 847490.
Nazioarteko merkataritzako teknikariak kontratatzeko asmoz ETEei emanen zaizkien laguntzen 2025eko deialdiaren helburua da Nafarroako enpresa txikien eta ertainen nazioartekotze-gaitasuna garatzea, nazioarteko merkataritzan adituak diren profesionalak kontratatuz, enpresaren nazioartekotze-plana gauzatu dezaten, eta, era horretan, enpresek beren esportazioak areagotu ditzaten eta, horren ondorioz, Nafarroako ETE esportatzaile erregularren kopurua ere areagotu dadin.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. ETEek nazioarteko merkataritzako profesionalak kontratatzeko dirulaguntzen 2025eko deialdia onestea.
2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Honako aurrekontu-kreditu hauek baimentzea, indarrean dagoen gastu-aurrekontuko "Kanpo sustapenerako dirulaguntzak enpresentzat" izeneko 810003 81400 4709 431300 partidaren baliokide izateko asmoz 2026an eta 2027an gaitzen diren partiden kargura, betiere ekitaldi horietan kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
810003-81400-4709-431300: Kanpo sustapenerako dirulaguntzak enpresentzat | 2026 | 120.000 euro |
810003-81400-4709-431300: Kanpo sustapenerako dirulaguntzak enpresentzat | 2027 | 120.000 euro |
Halaber, gehienez ere 150.000 euroko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko. Gehigarri hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera arautuko da.
Kopuru gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko uztailaren 21ean.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–ETE-ENTZAKO LAGUNTZAK NAZIOARTEKO MERKATARITZAKO PROFESIONALAK KONTRATATZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen xedea da Nafarroako enpresa txiki eta ertainen nazioartekotze-gaitasuna garatzea, nazioarteko merkataritzan adituak diren profesionalak kontratatuz, enpresaren nazioartekotze-plana gauzatu dezaten, eta, era horretan, enpresek beren esportazioak areagotu ditzaten eta, horren ondorioz, Nafarroako ETE esportatzaile erregularren kopurua ere areagotu dadin.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Dirulaguntza eskatzeko unean betebehar hauek betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira onuradunak:
a) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz. Hori egiaztatzeko, ETE izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
b) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea Nafarroan.
c) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.
d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zuzenean eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, bai eta egiaztatzeko ere desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
2. Oinarri honen lehenengo ataleko b), c), d) eta e) letretako betebeharrak eskabide-orrian jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.
3. oinarria.–Kontratazio diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.
1. Diruz lagunduko da onuradunek nazioarteko merkataritzako profesionalen lan kontratazio berriak egitea, eskabidean aurkeztutako enpresaren nazioartekotze-plana gauzatzeko. Kontratazio gastuak diruz lagungarriak izateko, enpresa onuradunak ordaindu beharko ditu.
2. Kontratatzen diren pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte kontratazioaren unean:
a) Ez izatea onuradun ateratzen diren enpresetako bazkide edo partaideen, kontseilarien edo administratzaileen ezkontidea, eta haiekin odol edo ezkontza bidezko ahaidetasun-harremanik ez izatea, ez zuzenekoa, ez zeharkakoa, hirugarren gradura arte.
b) Laguntza eskatu aurreko hiru urtean lanik egin ez izana enpresa onuradunean. Betebehar hori enpresaren lan bizitzaren txostenaren bidez egiaztatuko da.
c) Unibertsitateko titulu bat, Goi Mailako Lanbide Heziketako bat edo baliokide bat izatea.
3. Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Lan kontratu mugagabeak izatea, eta lanaldi osokoak. Ez da baliozkoa izanen autonomo gisa lan egiten duten pertsonak kontratatzea.
b) Kontratuaren klausuletan jasotzea kontratatutako pertsonak nazioarteko merkataritzako profesional gisa edo balio bereko jardueran lan eginen duela, dagokion lanbide taldean, eta eskabidean aurkeztutako enpresaren nazioartekotze-planean ezarritakoekin bat datozen nazioarteko merkataritzaren arloko eginkizun teknikoak beteko dituela.
c) Datadunak izatea eta 2025eko irailaren 1etik 2026ko martxoaren 31ra bitartean hastea, biak barne.
d) Gutxienez, urteko 21.500 euroko ordainsari gordina ezartzea.
e) Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari (SEPE) jakinaraztea eta han behar bezala erregistratzea.
4. Kontratatutako pertsonari Gizarte Segurantzako 1., 2. edo 3. kotizazio taldeetan emanen zaio alta, duen kategoria profesionalaren arabera.
5. Hamabi hilabeterako kontrataziorako laguntzaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da.
4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko urriaren 15ean bukatuko, egun hori barne.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-pymes-para-la-contratacion-de-profesionales-en-comercio-internacional-2025 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).
3. Kontratazio baterako baino gehiagorako laguntza eskatzen bada, eskabide bat aurkeztu beharko da kontratatutako pertsona bakoitzeko. Entitate eskatzaile bakoitzak bi eskaera aurkez ditzake gehienez, eta bakoitza nazioartekotze-proiektu baterako izan beharko da.
4. Laguntzak eskatzeko, eskatzaileek eskabide telematikoa bete beharko dute, enpresaren datuak adierazita, eta 2.1 oinarriko b), c), d) eta e) letretan onuradun izateko ezarritako betebeharrak betetzen dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena gehitu.
5. Eskabide-orri telematikoarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza artxibo batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, enpresa txikia edo ertaina izateari buruzkoa.
b) Enpresaren nazioartekotze-plana, non kontratatutako pertsonak parte hartuko baitu hura aurrera eramaten. Kontratatutako teknikarien funtzioek eta zereginek zuzenean lagundu beharko dute enpresa nazioartera ateratzen, nazioartekotze-planean jasotako ekintzen bidez.
c) Eskaera 5.3 oinarrian adierazitako irizpideen arabera baloratzeko dokumentazioa.
6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Oinarri honen 5. ataleko b) eta c) letretan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, hori ezin izanen da inondik inora zuzendu.
5. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 3.5 oinarrian ezarritako laguntza zenbatekoa aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
2. Enpresa batek eskaera egiten badu kontratu bat baino gehiago egiteko, eta horietako batean oinarri honen laugarren atalean adierazitako puntuazioa baino handiagoa eskuratzen badu, dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen ahalko du baldin eta kreditu nahikoa badago gutxienekotik gorako puntuazioa eskuratzen duten gainerako eskatzaileei erantzuteko.
3. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta, horiei esker, gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira: irizpide horiek eskaeran aurkeztutako dokumentazioa oinarri harturik baloratuko dira, eta ezin izanen dira zuzendu.
1. irizpidea: nazioartekotze-plana xedeko merkatuan, gehienez 50 puntu.
Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan proposamenaren kalitatea aztertzeko irizpide honetan:
ATALA | BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK | GEHIENEKO |
1 | Enpresaren eta haren jardueraren deskribapena (historikoa, egitura, produktua, etab.) | 1 |
2 | Enpresaren nazioarteko merkataritza-jardueraren deskribapena, zein herrialdetara esportatzen duen, eta atzerriko merkataritza- edo produkzio-ezarpenak deskribatzea | 1 |
3 | Nazioarteko merkatuei zuzendutako online salmentaren egungo estrategia | 1 |
4 | Enpresan, nazioarteko merkataritzako lanak egiten dituzten enpresako langileak | 1 |
5 | Nazioartekotze-planaren xede diren herrialdeak, eta horiek hautatzeko arrazoiak | 3 |
6 | Esportatuko diren produktuak edo zerbitzuak, haien lehiakortasun-faktoreak adierazita (teknologia, diseinua, marka, prezioa, etab.) | 6 |
7 | Enpresaren nazioartekotze-planaren helburuak eta horien justifikazioa (zenbat eta zehatzagoak eta neurgarriagoak izan, orduan eta gehiago baloratuko dira) | 12 |
8 | Diruz lagundutako kontratazio-aldian planaren xede diren herrialdeetan edo merkatuetan enpresak eginen dituen ekintzen plana (haren zehaztasuna eta planaren helburuekin duen lotura baloratuko da) | 10 |
9 | Kontratazioa egin beharraren justifikazioa, aurreko atalean adierazitako ekintza-planaren barruan kontratatuko den pertsonak eginen dituen funtzio eta zeregin espezifikoak, eta horien egutegia | 15 |
2. irizpidea: eskatzailearen esportazioen ehunekoa 2024an, gehienez 8 puntu. Hori egiaztatzeko, 2024ko BEZaren aitorpenak aurkeztu beharko dira.
ESPORTAZIOAREN EHUNEKOA 2024AN | PUNTUAK |
> %10 eta < %20 | 2 puntu |
%20 eta %50 artean | 5 puntu |
> %50 | 8 puntu |
3. irizpidea: Nafarroan enplegua handitzea, gehienez 10 puntu.
NAFARROAN ENPLEGUA HANDITZEA | PUNTUAK |
(2024an dauden enplegatuen batez besteko kopurua-2023an dauden enplegatuen batez besteko kopurua)/2023an dauden enplegatuen batez besteko kopurua | 0,25 puntu, handitzen den ehuneko puntu bakoitzeko (gehienez ere 10 puntu) |
Irizpide hau baloratzeko, enpresak Nafarroan duen Gizarte Segurantzako kotizazio-kontuaren kode bakoitzerako 2023ko eta 2024ko "Plantillan alta-egoeran dauden langileen batez besteko kopuruari buruzko txostenak" aurkeztu beharko dira.
4. irizpidea: enpresak Nafarroako Nazioarteko Planaren talentuaren ardatzarekin duen konpromisoa, 10 puntu gehienez.
Honako hauek baloratuko dira:
a) Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak kudeatzen dituen beken edo Naex Talento beken azken hiru deialdietan onuradun izan direnak hartu izana Nafarroako enpresak atzerrian duen filial edo sukurtsal batean.
b) Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak kudeatzen dituen beken edo Naex Talento beken azken hiru deialdietako onuradunak kontratatu izana. Irizpide hau baloratzeko, laguntza eskaerarekin batera kontratuak aurkeztu beharko dira.
KONTRATATUTAKO EDOTA PRAKTIKETAN HARTUTAKO PERTSONA KOPURUA | PUNTUAK |
Pertsona bat | 5 |
Bi pertsona edo gehiago | 10 |
5. irizpidea: enpresak genero-berdintasunarekin duen konpromisoa, 8 puntu.
Neurri hauetako baten bidez genero-berdintasunarekiko konpromisoa egiaztatzen duten enpresek 8 puntu lortzen ahalko dituzte:
a) Zuzendaritza-postuetan emakumeen ehunekoa %60 edo handiagoa izatea. Hori egiaztatzeko, laguntzak eskatzen diren egunean, itxitako azken ekitaldi fiskalean erregistratutako (eta horretara behartuta egonez gero ikuskatutako) urteko kontuetan sexuaren arabera bereizita ageri den zuzendaritza-kideen kopuruari buruzko informazioa eman beharko da. Horrela justifikatu ezin denean, enpresak sinatutako ziurtagiri baten bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan, enpresako zuzendaritza-kideen kopurua jasoko da, sexuen arabera banatuta eta kargua zehaztuta, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Horrekin batera, enpresako akziodun ez diren zuzendaritza-kideen kontratuak eta azken nomina aurkeztuko dira.
b) Indarrean dagoen aitorpen edo bereizgarri bat lortu izana 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera tratu- eta aukera-berdintasuneko politikak aplikatzeagatik (adibidez, Berdintasun Ministerioaren "Berdintasuna Enpresan" bereizgarria, Women owned, eta abar), baldin eta, berdintasun plan bat izatera behartuta egonez gero, plan hori REGCON erregistroan erregistratu bada.
c) Emakumeen eta gizonen berdintasun plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua, horretara nahitaez beharturik ez badago.
Deialdia kudeatzen duen organoak aholku eskatzen ahal dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, laguntza eskatzen duen enpresak aurkeztutako agiriak baloratzen lagundu dezan.
6. irizpidea: enpresak jasangarritasunarekin duen konpromisoa, 8 puntu.
8 puntu lortzen ahalko dituzte garapen jasangarriarekiko konpromisoa egiaztatzen duten enpresek, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera lortutako ziurtagiri hauetakoren bat aurkeztuta, betiere ziurtagiri horiek indarrean daudela egiaztatzen badute:
a) Ingurumenaren kudeaketa: EMAS egiaztapena, ISO 14001 eta antzekoak (ISO 14006, ekodiseinuaren kudeaketari buruzkoa, edo ISO 14040, produktuaren bizi-zikloaren analisiari buruzkoa), produktuaren ingurumen adierazpena (PIA, ISO 14025 arauaren arabera), aztarna hidrikoa edo karbono-aztarna murrizteko estrategiak.
b) Energia-efizientziaren kudeaketa: ISO 50001.
c) Ekonomia zirkularraren kudeaketa: ekonomia zirkularraren estrategiak, Zero Hondakin.
d) Gizarte-erantzukizunaren kudeaketa eta jasangarritasun globala: InnovaRSE sistema, IQNet SR10, ISO 26000, garapen jasangarrirako helburuei egindako ekarpena, Bcorp.
e) Enpresak jasangarritasuna hobetzearekin duen konpromisoa erakuts dezaketen beste ziurtagiri batzuk.
7. irizpidea: despopulazioa, 6 puntu gehienez.
Baloratuko da enpresak jarduera ekonomikoa izatea despopulazio-arriskuan deklaratutako udalerrietako batean, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduaren arabera, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean despopulazio-arriskuan dauden udalerrien zerrenda (2023ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa). Horretarako, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroan kontsultatuko da enpresak zein udalerritan duen jarduera ekonomikoa.
DESPOPULAZIO-ARRISKU MOTA | PUNTUAK |
4. motako arriskua (gainbehera bizia) edo 5. motakoa (gainbehera moderatua) | 2 |
3. motako arriskua (arrisku esanguratsua) | 4 |
1. motako arriskua (muturreko arriskua) edo 2. motakoa (arrisku bizia) | 6 |
Enpresak kokagune batean baino gehiagotan jarduten badu, puntuazio handiena lortu duena hartuko da kontuan.
4. Enpresek ez dute dirulaguntzarik jasoko baldin eta 1. irizpidean gutxienez 25 puntu lortzen ez badituzte.
5. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, 1. eta 3. irizpideetan, hurrenez hurren, lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.
6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontu-baliabideen mugagatik ezetsitakoak.
3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
4. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko, kontratazioa ezarritako epeetan egiten bada. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.
7. oinarria.–Kontratazioaren justifikazioa.
Onuradunek honako epe hauek izanen dituzte kontratazioa justifikatzeko; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:
1. 2026ko apirilaren 15a baino lehen (egun hori barne):
a) Kontratuaren kopia bat.
b) Kontratua Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan erregistratu izana egiaztatzen duen dokumentazioa.
c) Ordainsariak hitzarmenaren araberakoak badira, hitzarmenaren kopia.
d) Zinpeko aitorpena, 3,2. oinarriko a) letran eskatutako baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.
e) Enpresaren kotizazio kontuaren kodeko lan bizitzaren txostena, kontratatutako pertsonaren izena jasotzen duena. Txostenak 2022ko ekainaren 1etik kontratuaren egunera bitarteko aldia bete beharko du.
f) Kontratatutako pertsonaren formakuntzari buruzko betebeharra egiaztatzen duen dokumentazioa (3.2 oinarriko c) letran adierazitakoa).
2. 2026ko urriaren 23a baino lehen (egun hori barne):
a) Diruz lagundutako kontratuaren lehenengo sei hilabeteei dagozkien nominak eta ordainagiriak.
b) Enpresaren kotizazio kontuaren kodearen lan bizitzaren txostena, edo filiala kokatuta dagoen herrialdean baliokidea den agiria, kontratuaren lehenengo sei hilabeteei dagokiena.
3. 2027ko urtarrilaren 1etik 2027ko apirilaren 30era (egun hori barne):
a) Nominak eta horiek ordaindu direla egiaztatzeko agiriak, kontratuaren zazpigarren hilabetetik kontratuaren gutxieneko epea (12 hilabete) bukatu arte igarotako hilabeteetakoak.
b) Enpresaren kotizazio kontuaren kodearen lan bizitzaren txostena, edo filiala kokatuta dagoen herrialdean baliokidea den agiria, kontratuaren gutxieneko epeari dagokiona (12 hilabete).
c) Diruz lagundutako kontratazioaren finantzabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa.
d) Azken memoria, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa.
e) Dirulaguntzaren publizitatearen gaineko justifikazioa, 9.1.d) oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
f) Eraginkortasun eta ebaluazio inkesta (online inkesta bat da, eta laguntzen fitxan dago eskura).
4. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.
8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
2. Dirulaguntza bi unetan ordainduko da:
a) Lehenbiziko ordainketa, emandako dirulaguntzaren %50 adinakoa, 2026an eginen da, 7. oinarriko 1. eta 2. ataletan eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren.
b) Gainerako %50a 2027an ordainduko da, behin aurkezturik 7. oinarriko 3. atalean adierazitako dokumentazioa.
3. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpenak lau hilabeteko epean emanen dira, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.
9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan gaitutako izapidearen bidez. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).
3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen dokumentazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez badute, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute edo laguntza itzuli beharko dute, bietatik dagokiona.
b) Diruz lagundutako kontratazioa egin eta justifikatzea 7. oinarrian ezarritako moduan.
c) 3.3 oinarrian kontrataziorako ezartzen diren betebeharrei eustea diruz lagundutako kontratua indarrean den bitartean.
d) Enpresaren webgunean edo, horrelakorik ez badute, eskura duten beste baliabide bat erabiliz adieraztea dirulaguntza honen onuradun direla, eta, horretarako, Nafarroako Nazioarteko Planaren logoa ikusgai jartzea. Logoa https://www.planinternacionaldenavarra.es/imagenes/contenidos/docs/Logos-PIN.zip helbidean deskarga daiteke.
e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.
f) Laguntzak kudeatzen dituen organoari komunikatzea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 10. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.
g) 2025etik 2029ra bitarteko ekitaldietako eraginkortasun-adierazleen galdetegia aurkeztea (salmenten, esportazioen eta enpleguaren zifrak), Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak hala eskatzen dionean.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.
Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 7.4 oinarrian ezarritako epean egiten bada.
3. Zehazki, deklaratzen ahalko da galdu dela dirulaguntzaren zati bat kobratzeko eskubidea, proportzioan kalkulatua, baldin eta kontratua azkentzen bada hamabi hilabeteko epea igaro baino lehen, salbu eta enpresak 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen beste norbait kontratatzen badu hurrengo hilabetean, eta horren berri ematen badio Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari, hilabeteko epean, kontratu berria egiten den egunetik hasita.
10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira soilik onuradunek kontratazioa dela-eta lor ditzaketen zerga-kenkariekin eta Gizarte Segurantzako beste hobari batzuekin.
11. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.
12. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta interesdunek erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren gainerako komunikazioak interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, dirulaguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
14. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntza-ematea, kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko.
Datu pertsonalak babesteko eskubideak departamentu horretan baliatzen ahal dira, eskaera fitxan adierazitako moduan.
15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2509996
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
