163. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Aldaketa xehatua HAPOan, hirigintzako ordenantzen 59. artikuluan. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2025eko uztailaren 17an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea aldaketa xehatu bat Oteitzako Udalaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hirigintzako ordenantzen 59. artikuluan.

Aipatu erabakia argitaratzen da onetsitako testu arauemailearekin batera, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 79.1 artikuluan xedatutakoarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

"59 artikulua. Estalkiak.

Estalkiek teila arabiarrez eginak izan behar dute, beti kolore tradizionaletan, hala nola horiak, okreak eta gorriak, hainbat gamatan. Debekatuak daude beste teila mota batzuk eta gainerako koloreak (beltzak, berdeak, etab.).

Estalkiak inklinatuak izanen dira, %30 eta %25 arteko maldakoak, eta teilatu-hegala izanen dute fatxadaren gainean, 40 cm gutxienez eta 60 cm gehienez irteten dena fatxadaren lerrokaduratik. Malda teilatu-hegalaren gainaldetik hasiko da, eta inola ere ez haren azpialdetik 20 cm baino gehiagoko altueratik, eskema honen arabera:

Estalkiaren azpian dauden espazioak argitzeko, teilatuaren planoan sartutako leihoak baino ez dira baimentzen ("Velux" erakoak). Ez da onartzen txapitula-erako leihorik, salbu eta barneko patioetara ematen duen fatxada dutenak, kanpotik ikusi ezin direnak betiere. Txapitula horiek ezin dute izan 1,20 m zabal baino gehiago, eta ondoz ondoko biren artean 3 m-ko tartea utziko da gutxienez. Estalkian egiten diren baoen azalera ezin da izan estalkiaren azaleraren %10 baino gehiago.

Estalkiaren forma orokorra eraikinaren formara egokituko da, halako moduz non fatxada osoa errematatua geldituko baita, teilatu-hegal batekin eta hari loturiko estalki-isurkiarekin.

Eraikin publikoetan, adierazitakoez bestelako irtenbide bereziak baimentzen ahalko ditu Udalak.

Estalki lauak baimenduta dauden kasuetan, ez da beharrezkoa teilatu-hegala izatea. Estalkiaren baldintzak, malda eta eraikuntza-eskakizunak Eraikingintzaren Kode Teknikoaren DB-HS agiriak arautuko ditu.

Estalki lauen kasuan, zilegi izanen da eraikinen altuera 90 cm goratzea araudiko fitxan adierazitakoaren gainetik, estalkiaren eraikuntza-baldintzei soluzioa eman ahal izateko. Altuera kaleko sestratik gailurreraino neurtuko da teilatu-hegalik ez dagoenean.

Teilatu-hegala izanez gero, teilatu-hegalaren azpialderainoko altuerak ezin du gainditu araudiaren fitxan adierazitakoa".

Oteitzan, 2025eko abuztuaren 11n.–Alkatea, Rubén Martínez Landa.

Iragarkiaren kodea: L2510741