162. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BORTZIRIETAKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA

Estatutuen aldaketaren behin betiko onespena

Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateak adostu zuen, 2024ko urriaren 8ko bilkuran, mankomunitate horretako estatutuen aldaketa hasiera batean onestea, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitate gisa eraldatzeko eta berregituratzeko, hondakinen kudeaketaz gainera, euskara-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak eta berdintasunaren alorrekoak ere eskaintzeko.

Hasierako onespena hilabetez egon zen jendaurrean Mankomunitateko udalen idazkaritzetan, eta epe horretan inork ez zuen alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Toki Administrazioko zuzendaritza nagusiak eskatuta, aldaketa funtsezkoak egin zitzaizkion proiektuari. Horregatik, 2025eko apirilaren 11ko bilkuran, Mankomunitateko Batzordeak aho batez onartu zuen dokumentu aldatua hasiera batean onestea eta jendaurreko beste aldi bat irekitzea.

Hasierako onespena hilabetez egon zen jendaurrean Mankomunitateko udalen idazkaritzetan, eta epe horretan inork ez zuen alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen 2025eko ekainaren 10ean.

Mankomunitatea osatzen duten udalen osoko bilkuren bi herenek baino gehiagok onetsi zuten aldaketa.

2025eko uztailaren 18ko bilkuran, Mankomunitateko Batzordeak aho batez onetsi zuen behin betiko onestea estatutuen aldaketa.

Bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluan ezarritakoarekin, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, zeina indarrean jarriko baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Etxalarren, 2025eko uztailaren 22an.–Mankomunitateko lehendakaria, Patxi Castillo Graciarena.

ESTATUTUEN ALDAKETA

Zioen azalpena

Bortzirietako udalek zenbait mankomunitate sortu dituzte (Euskara Mankomunitatea, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea eta Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatea)i, eta, berdintasunaren alorrean, lankidetza-hitzarmen bat formalizatu dute administrazioen artean. Toki-erakunde horien administrazioen arteko harremanak zenbait formularen bidez eta zenbait mailatan gauzatu dituzte, erakunde publikoen kudeaketan efizientziaren eta efikaziaren printzipioa gauzatzeko; hain zuzen, administrazioen arteko lankidetzaren emaitza zehatzak dira Mankomunitateak eta berdintasunaren alorreko lankidetza-hitzarmena.

Bortzirietako udalek mankomunitate hauek eratu dituzte dagozkien alorretan zerbitzu egokiak emateko, eta toki-erakundeen arteko lankidetza-egitura hau dago indarrean Bortzirietako udalen artean:

–Euskara Mankomunitatea.

–Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea.

–Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatea.

Halaber, administrazioen arteko lankidetza-hitzarmena formalizatu dute berdintasunaren alorrean.

Toki-erakundeen arteko lankidetza-egitura horri dagokionez, eta aldez aurretik egindako azterketak kontuan hartuta, Bortzirietako udalek ondorioztatu dute interes publikoa duela, integrazioa bideragarria dela eta haren bidez eskaintzen diren zerbitzu publikoak administratiboki berregituratuko direla, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitate bat egituratuz.

Bortzirietako elkarte izaerako toki-erakundeek elkarte-izaerako toki-erakunde bakarraren figuraren bidez euskara-eta gizarte-zerbitzuak emateko, hiri-hondakinak kudeatzeko eta berdintasunaren alorrean lankidetzan aritzeko eskaintzen dituzten jarduera eta zerbitzuen berrantolaketa administratiboa eta integrazio-prozesuak emaitza hauek ekarri ditu: Euskara Mankomunitatea eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea desegin dira, berdintasunaren alorrean lankidetzan aritzeko hitzarmena suntsiarazi da eta Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Bortzirietako Mankomunitatea berregituratu eta birformulatu da, haren jarduketa-eremua eta xedea zabaltzeko, barne direla euskara- eta gizarte-zerbitzu mankomunatuak ematea, hiri-hondakin solidoen kudeaketa eta berdintasunaren alorreko kudeaketa. Horretarako, izena, erakunde-egitura eta estatutuak aldatu zaizkio, eta, hala, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea izatera igaro da.

Hori guztia eta Bortzirietako elkarte izaerako toki-erakundeek ematen dituzten jarduera eta zerbitzuen integrazioa eta administratiboki berrantolatzeko prozesua aintzat hartuta, estatutu hauek idatzi dira, Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Bortzirietako Mankomunitatearen estatutuen aldaketa gisa eta estatutuen testu bateratu berri bat eratzeko; hortik aurrera Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitate bilakatuko da, Bortzirietan gizarte-zerbitzuak emateko, euskararen normalkuntza sustatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko, genero-indarkeriaren aurka egiteko eta Bortzirietan hiri-hondakin solidoak kudeatzeko elkarte izaerako toki-erakunde gisa.

BORTZIRIETAKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA.–ERAKETA, IZENA ETA HELBIDEA

1. artikulua. Mankomunitatea eratzea.

1.1. Arantzako, Berako, Etxalarko, Igantziko eta Lesakako Udalek borondatezko Mankomunitatea eratu dute, Estatutu hauetako II. kapituluan agertzen diren eta bere eskumenekoak diren zerbitzuak elkarrekin antolatu eta emateko.

1.2. Beste udalerri batzuk atxikitzeko eta kide diren toki-erakunderen bat Mankomunitatetik ateratzeko, dagozkion estatutuetako arauak beteko dira.

1.3. Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua Estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio, baita, era osagarrian, Nafarroako toki-erakundeei aplikatu beharreko araudiari ere; bereziki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legean eta toki-korporazioei aplikatzen zaizkien legezko edo erregelamenduzko gainerako xedapenetan ezarritakoari.

2. artikulua. Nortasun juridikoa.

2.1. Mankomunitate honek gaitasun juridiko osoa izanen du bere xedeak betetzeko, izaera publikoko tokiko administrazio-entitatea den aldetik, eta une bakoitzean kide dituen toki-entitateen mugarteetan erabiliko ditu bere eskumenak.

2.2. Mankomunitatea bere eskumeneko eremuan arituko da une oro, eta bere zerbitzuekin zerikusia duten fenomenoak gertatzen diren tokietan.

3. artikulua. Izena eta egoitza.

3.1. Entitatearen izena "Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea" izanen da.

3.2. Batzar Orokorrean finkatuko da egoitza, eskubideko kideen gehiengo osoaren aldeko botoaren bidez hartutako akordioarekin, eta gehiengo horrek gutxienez Mankomunitateko erakundeen erdiak ordezkatzen dituela; Batzordeak egokitzat jotzen duenean, gehiengo berarekin aldatzen ahalko da.

Egoitza Etxalarren izanen da behin behinekoz.

II. KAPITULUA.–XEDEAK

4. artikulua. Mankomunitatearen xedea.

4.1. Mankomunitatearen xedea da toki-entitateen eskumeneko zerbitzu hauek ematea:

4.1.1. Hiri-hondakin solidoak biltzea eta tratatzea.

4.1.2. Euskararen normalizazioa eta, zehatzago:

a) Euskararen ezagutza eta erabilera garatzea bizitza sozialeko eremu guztietan.

b) Helburu hori duten ekimenak babestu, bultzatu eta sustatzea.

c) Herritarrek euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea.

d) Herritarrek euskara ikasteko aukera izateko baliabideak ezartzea eta euskara ikasten ari direnei laguntzea.

e) Udaletan, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatean eta haren mendeko erakundeetan euskara funtzionamendu- eta zerbitzu-hizkuntza izan dadin lortzea.

f) Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako gizarte-sektoreak modu egokian koordinatzea, ezarritako helburuetan eraginkortasun handiena lortzeko.

g) Euskararen normalizazioan diharduten erakunde eta taldeak koordinatzea.

h) Helburu horiek betetzeko beharrezkoak diren proiektu, jarduera, ordenantza eta zerbitzuak antolatzea eta garatzea.

4.1.3. Bortzirietan gizarte-zerbitzuak ematea; zehazki:

a) Oinarrizko gizarte-zerbitzuak, pertsonei, familiei eta herriko kolektiboei informazioa, aholkuak eta orientazioa emateko eta haiek kontzientziatzeko gizarte-zerbitzuen inguruko eskubide, betebehar eta baliabideen inguruan.

b) Hirugarren adinekoak artatzea, etxeetan, klubetan eta zahar-egoitzetan laguntza emanez.

c) Hezkuntza-, kultura- eta osasun-zerbitzuekin koordinazio egokia izatea, eman beharreko zerbitzuetan ahalik eta eraginkortasunik handiena, baita ekonomikoa ere, lortzeko.

4.1.4. Berdintasuneko zerbitzua ematea Bortzirietan, Nafarroako Gobernuko Berdintasunerako Institutuaren jarraibideen arabera, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko eta Bortzirietan genero-indarkeriaren aurka egiteko.

4.2. Aipatu helburuetarako zuzenean edo zeharka balio duten jarduera guztiak egiten ahalko ditu mankomunitateak, eta legeriak toki-entitateen esku uzten dituen eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu.

4.3. Une bakoitzean Mankomunitatearen xede diren jarduerak zerbitzu publikoen zuzeneko nahiz zeharkako legezko edozein modutan garatzen ahalko dira; haiek behar bezala egituratzeko, aukera hauek daude:

a) Aurreko 1 puntuan zerrendatutako zerbitzu edo gairen baterako edo haietako guztietarako atal, departamentu edo zerbitzu espezifikoak eratzea.

b) Mankomunitatearen politika, xede, zerbitzu eta jardueretan ekarpenak eginez lagunduko duten foro, mahai eta batzorde informatiboak eratzea; herritarrek foro, mahai eta batzorde horietan parte hartzeko aukera izanen dute.

c) Zerbitzu horiek emateko behar diren obra eta instalazio guztiak egitea.

d) Mankomunitatearen titulartasun esklusiboko merkataritza-sozietateak, toki-erakunde autonomoak edo tokiko enpresa-erakunde publikoak eratzea.

5. artikulua. Elkarlanaren printzipioa.

Mankomunitatea eta toki-entitate mankomunatuak elkarrekin ariko dira zerbitzuak ahalik eta hobekien eman beharrez, behar den informazioa, laguntza eta zaintza elkarri eskainita.

III. KAPITULUA.–INDARRALDIA

6. artikulua. Indarraldia.

Mankomunitate honen iraupena edo indarraldia mugagabea da, eta estatutuen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina hasiko da funtzionatzen, indarrean dagoen araudian xedatutakoa betez. Hala ere, estatutu hauen Hirugarren Xedapen Iragankorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

IV. KAPITULUA.–ZUZENDARITZA-, KUDEAKETA-, FUNTZIONAMENDU- ETA PARTAIDETZA-ORGANOAK

7. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Hauek dira mankomunitateko zuzendaritza-organoak.

–Lehendakaria eta lehendakariordea.

–Batzar Orokorra.

–Gobernuko Batzorde Iraunkorra.

Araudi Organikoaren bidez aurreko organoen organo osagarriak ezarri eta arautzen ahalko dira.

Batzarra da Mankomunitatearen organo gorena. Estatutu hauetan zehazten diren eskumen eta eskudantziak izanen ditu, baita ordenamendu juridikoak aitortzen dizkionak ere.

8. artikulua. Idazkaritza, kontu-hartzailetza eta diruzaintza.

8.1. Mankomunitateak idazkari eta kontu-hartzailearen postu berariazko bat izan beharko du, nominakoa eta plantillakoa. Postu hori betetzeko, Nafarroako toki-entitateen funtzio publikoari aplikatu beharreko indarreko araudiari jarraikiko zaio.

8.2. Diruzaintzako eginkizunak betetzeko modua Batzar Orokorrak zehaztuko du, gai horretan indarrean dagoen araudia aplikatuz.

8.3. Idazkaritza eta Kontu Hartzailetzaren eta Diru-zaintzaren eskudantziak eta eskumenak toki-araubideari buruzko araudian definitutakoak izanen dira; bereziki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean araututakoak,araudi horrekin bat etorriz estatutu hauetan jasotzen direnak eta ordenamendu juridikoak aitortzen duen beste edozein.

9. artikulua. Informazio-batzordeak.

9.1. Mankomunitateak batzorde informatiboak eratzen ahalko ditu eta, hala badagokio, baita aholkularitzakoak ere, azterketak, txostenak eta kontsultak egiteko organo espezifiko gisa, herritarren parte-hartzera irekiak eta mankomunitateak sor ditzakeen zerbitzu, departamentu eta atal berariazkoetara lotetsiak. Haien helburua izanen da mankomunitateko zuzendaritza-organoek erabaki beharreko gaien inguruan azterketak, txostenak eta kontsultak egitea, eta, halaber, kudeaketaren jarraipena egitea, ekarpenak lantzea, lan-ildoak eta jarduketa zehatzak proposatzea, gai zehatzen inguruan aholku ematea eta demokrazia-irizpideen arabera eztabaidatzea lotesten diren mankomunitateko zerbitzu, departamentu edo atal berariazko bakoitzari dagozkion politika, xede, zerbitzu eta jardueren inguruan.

9.2. Batzorde horiek eratuko dira batzordeak eratzeko erregelamenduak onetsita, zeinetan definituko baita haien xedea, funtzionamendu-araubidea eta egitura.

V. KAPITULUA.–BATZAR OROKORRA

1. ATALA.–OSAERA

10. artikulua. Osaera.

Udal mankomunatuetako udaletako hamalau ordezkarik osatuko dute Batzar Orokorra; udalerri bakoitzeko udaleko osoko bilkuran hautetsiko dira ordezkari horiek, eta Batzar Orokorra osatuko dute batzordekide gisa.

11. artikulua. Ordezkaritzaren proportzioa.

Udalen ordezkaritzak proportzio hau izanen du eta Batzar Orokorreko batzordekideak honela hautatuko dira udalbatzetatik:

–Arantza, Etxalar eta Igantziko udaletatik, bina ordezkari.

–Berako Udalaren lau ordezkari.

–Lesakako Udalaren lau ordezkari.

12. artikulua. Ordezkariak hautatzea eta izendatzea.

12.1. Udalbatza bakoitzak askatasunez hautatu eta izendatuko ditu bere ordezkariak, dagokion osoko bilkurako akordio bidez, bi hilabeteko epean udalkideek tokiko hauteskundeen ondotik beren kargua hartzen dutenetik zenbatzen hasita. Ordezkariak izendatzeko erabakian berean, udalek ordezkoak ere izendatuko dituzte; horiek titularra kanpoan denean ariko dira haren partez deitzen zaien bilera edo bilkura guztietan, titularrari, Mankomunitateko edozein organoko kide gisa, dagozkiokeen eskubide guztiak erabiltzeko.

12.2. Udalbatza bakoitzeko ordezkariak hautatzeko eta izendatzeko prozesua berritu egin beharko da hurrengo toki-hauteskundeetan.

13. artikulua. Kargu-uztea.

13.1. Batzarreko kideek, oro har, kasu hauetan utziko dute kargua:

a) Beren udalbatzako kide izateagatik zuten agintaldia betetzean. Horrela izanez gero, Batzordeko kide diren aldetik lanean jarraituko dute haien ondorengoak karguaz jabetu arte. Dena dela, administrazio arruntaz soilik arduratuko dira eta bitarteko epe horretan ez da gehiengo kualifikatua behar duen erabakirik hartuko.

b) Epai judizial irmoagatik, heriotzagatik, ezgaitasunagatik, Udaleko zinegotzi edo Mankomunitatearen Batzarreko kide izateko karguari uko egiteagatik.

c) Hautatu duen udalbatzaren borondatez.

13.2. Batzordekide batek kargua utziz gero, dela udalak hala nahi duelako dela bere borondatez edo beste kausaren baten ondorioz (alde batera utzita artikulu honetako aurreko zenbakiko a) letran jasotakoa), dagokion udalak ordezko bat izendatu beharko du, hilabeteko epean, aurrekoak kargua uzten duen egunetik hasita.

2. ATALA.–BILKUREN ARAUBIDEA

14. artikulua. Bilkura arrunten maiztasuna.

Batzar Orokorra gutxienez ere sei hilabetetik behin elkartuko da, ohiko bilkuran, eta hori eginen da udalen bilkuren funtzionamendua erregulatzen duen araudiari jarraikiz.

15. artikulua. Osoko bilkura bereziak.

Halaber, egokitzat jotzen diren saioak egiten ahalko dira, bai Batzar Orokorreko lehendakariaren ekimenez, bai udal baten ordezkaritza osoak Batzar Orokorrean eskatuta, bai udal baten osoko bilkuraren akordioaren ondorioz.

16. artikulua. Bilkuren deialdia.

Bilkuren deialdia udalen bilkurak arautzen dituen araudiaren arabera egin beharko da eta mankomunitateko lehendakariak edo legez hura ordezkatzen duenak eginen du, betiere batzarkide bakoitzak landu beharreko gaiak aztertzeko denbora nahikoarekin. Epe horrek inola ere ez du izan behar zazpi egunetik beherakoa, deialdia egiten zaion bilkura egiteko datatik zenbatzen hasita.

17. artikulua. Deialdiaren edukia.

17.1. Deialdiarekin batera, adieraziko dira gai-zerrenda, Batzar Orokorraren eguna, ordua eta tokia, bai eta aztergaien berri izateko behar diren agiri guztiak ere.

17.2. Kasu guztietan, deialdiaren ondotik, batzordekideek edo Batzar Orokorreko kideek eskuragai izanen dituzte espedienteak eta aztergaiak.

18. artikulua. Batzar Orokorreko bilkurak egitea.

18.1. Bilkurak balioz egiteko quoruma izanen da Batzar Orokorra eskubidez osatzen duten batzordekideen heren bat, betiere erakunde mankomunatuen erdiak ordezkatzen badute gutxienez. Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori.

18.2. Mankomunitateko lehendakaria eta idazkaria edo legez ordezten dituztenak agertu ezean ez da bilkurarik egiten ahalko.

18.3. Lehen deialdian quorumik ez badago, bi egunen buruan ordu berean bilkura egiteko deialdia egintzat joko da, besterik gabe. Orduan ere quorumik lortzen ez bada, Mankomunitateko lehendakariak deialdia baliogabetuko du eta zerrendako aztergaiak hurrengo bilkurarako utziko dira.

19. artikulua. Erabakiak nola hartu.

19.1. Mankomunitateko Batzar Orokorraren akordioak hartuko dira udal-akordioen araubidea arautzen duen indarreko araudiaren arabera eta, modu osagarrian, estatutu hauetan araututakoari jarraikiz.

19.2. Ordenantzak, araudiak eta zerbitzuen erabiltzaileei edo mankomunitatearen funtzionamenduari eragiten dioten eta mankomunitatearen eskumenekoak diren tarifa orokorrak onesteko akordioak hartzeko, beharrezkoa izanen da Batzar Orokorra osatzen duten eskubideko batzordekideen gehiengo osoaren aldeko botoa. Gutxienez erakunde mankomunatuen erdiak ordezkatzen dituzten eskubideko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da akordioak adosteko, kasu hauetan:

1. Obra eta inbertsioen urte anitzeko planak onestea, urte bakoitzean bereziki zehaztuta hurren-hurrengo urtekoa.

2. Mankomunitatearen titulartasun esklusiboko merkataritza-sozietateak, toki-erakunde autonomoak edo tokiko enpresa-erakunde publikoak eratzea eta osatzea onestea.

3. Mankomunitatean kide berriak onestea.

4. Zor publikoa jaulkitzea eta Batzarraren eskumeneko kredituak ituntzea.

5. Aurrekontuak onestea.

6. Kontuak onestea.

7. Estatutu hauek aldatzeko ekimena sustatzea; horretarako, gaiaren inguruan indarrean den legeriak ezarritako prozedurari jarraitu beharko zaio.

19.3. Erakunde mankomunatuen kopuruaren gehiengo soila ordezkatzen duten batzordekideen edo Batzar Orokorreko eskubideko kideen gehiengo soilaren aldeko botoa beharko da lehendakariaren eta lehendakariordearen karguen izendapeneko akordioak adosteko, baita Batzar Orokorreko kideen artetik Gobernuko Batzorde Iraunkorreko kideak hautatzeko, entitatearen araudi organikoa onesteko eta aldatzeko edo, dagokionean, Gobernuko Batzorde Iraunkorraren funtzionamenduari buruzko araudia onesteko eta aldatzeko ere.

Gehiengo hori bera beharko da mankomunitateko zerbitzu, departamentu eta atal berariazkoen batzorde informatiboak eratzeko, bai eta haiek eratzen dituzten araudiak onesteko eta aldatzeko ere.

19.4. Batzar Orokorrak hartzen dituen erabaki guztien berri eman behar zaie ukitutako udal mankomunatuei, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren jarduketak egin ditzaten.

19.5. Batzar Orokorretik heldu diren administrazio egintzen araubide juridikoa, udalen osoko bilkuren egintzak zuzentzen dituen bera izanen da.

3. ATALA.–ESKUMENAK ETA ESKUDANTZIA

20. artikulua. Batzar Orokorraren eskumena eta ahalmenak.

20.1. Honakoak dira Batzar Orokorraren eskumenak eta ahalmenak:

a) Bere eraketa, berritze eta azkentzeari dagokien oro onestea, bai eta kargudun eta langileak izendatzeari eta kentzeari dagokien oro ere, estatutuei eta aplika daitezkeen lege edo erregelamenduei jarraikiz.

b) Mankomunitatearen xede diren zerbitzuak ezartzeko, garatzeko eta kudeatzeko behar diren planak eta proiektuak onestea.

c) Aurrekontuak onestea eta aldatzea eta mankomunitatearen eta haren zerbitzu, departamentu eta atal berariazkoen urteko kontuak onestea eta haietan aldaketak egitea, betearazpen-oinarrietan zehaztutakoari jarraikiz.

d) Mota guztietako ondasunak eskuratzea eta besterentzea, kontratuak egitea mankomunitatearen izenean eta hura ordezkatuz, baldin eta, zenbatekoa dela-eta, une bakoitzean indarrean den araudiak ez badio horretarako ahalmenik ematen mankomunitateko beste organoren bati.

e) Mankomunitatean sortu behar diren zerbitzu, departamentu edo atal berariazkoak eratzeko erregelamenduak onestea, hala dagokionean, bai eta haiek berritzea ere.

f) Mankomunitateko lehendakaria eta lehendakariordea izendatzea eta berritzea, bai eta Gobernuko Batzorde Iraunkorreko kideak ere, Batzar Orokorreko kideen artetik.

g) Mankomunitateak beste administrazio publiko batzuekin –barne direla entitate mankomunatuak berak– egiten dituen eskumenak eskuordetzan emateko hitzarmenak, lankidetza-hitzarmenak eta koordinazio-hitzarmenak onestea eta, halaber, entitate mankomunatuek mankomunitatearekin hitzartu beharreko koordinazio- eta lankidetza-hitzarmenak onestea eta berrestea.

h) Bere gain hartutako zerbitzu bakoitzaren finantzabide zehatzak onestea.

i) Zerbitzuak kudeatzeko moduak onestea.

j) Araudiak onestea, barne direla barne-araudia eta araudi organikoa eta zerbitzu eta zentroak erabiltzeko prezio, tarifa eta tasen ordenantzak ere.

k) Mankomunitateko langileen plantilla onestea.

l) Langile finkoen kontratuak onestea eta ebaztea eta, dagokionean, diziplina-zehapenak onestea eta suntsiaraztea.

m) Dagokionean, mankomunitateko karguen ordainsariak eta dietak, bai eta haien zenbatekoak ere, onestea; eta, dagokionean, Batzar Orokorreko kideen eta mankomunitateko organoen dietak onestea.

n) Udaleko osoko bilkurei dagozkien eta lehendakariarenak, lehendakariordearenak eta mankomunitatean sor daitezkeen beste organo batzuenak ez diren eskudantziak eta eskumenak.

20.2. Batzarrak Gobernuko Batzorde Iraunkorraren esku uzten ahalko ditu indarreko legeen arabera udalbatzek eskuordetzen ahal dituzten eskudantziak.

VI. KAPITULUA. –LEHENDAKARIA ETA LEHENDAKARIORDEA

1. ATALA–IZAERA, IZENDATZEA ETA KARGU-UZTEA

21. artikulua. Lehendakaritza.

21.1. Lehendakariak ordezkatuko du mankomunitatea beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekiko harremanetan, Batzar Orokorrak eta Batzorde Iraunkorrak adosten dituzten akordioak egikaritzeaz arduratuko da, bi gobernu-organoen erabakiak zuzenduko ditu eta estatutuak zorrotz betearaziko ditu; halaber, Batzar Orokorrak berak eta estatutu hauek esleitzen dizkioten funtzioak egikarituko ditu.

21.2. Legeek alkateei emandako eskudantzia berberak izanen ditu bere eskumeneko eremuan; modu osagarrian, estatutu hauetan adierazitakoak ere izanen ditu.

22. artikulua. Lehendakariordetza.

Beharrezko organoa da mankomunitatean eta pertsona batek osatuko du, ordezkari gisa; hala badagokio, bigarren lehendakariorde bat izendatzen ahalko da.

23. artikulua. Lehendakaria eta lehendakariordea izendatzea eta haien kargu-uztea.

23.1. Mankomunitateko Batzar Orokorrak lehendakari bat izendatuko du.

23.2. Batzar Orokorreko kideen artetik hautatuko da lehendakaria. Berariaz horretarako egindako isilpeko lehen botazio batean, entitate mankomunatuen kopuruaren gehiengo soila ordezkatzen duten Batzar Orokorreko eskubideko kideen gehiengo soilaren aldeko botoa beharko du.

23.3. Aurreko zenbakian aipaturiko gehiengoa batzarkide bakar batek ere lortzen ez badu, bigarren bozketa eginen da, ezkutukoa hau ere, eta emandako botoen gehiengo soila lortzen duena hautatuko da Mankomunitateko lehendakari izateko.

Berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien dituen toki-entitatearen ordezkaria hautatuko da.

23.4. Lehendakariordea eta, dagokionean, bigarren lehendakariordea hautatzeko, lehendakaria hautatzeko arautu den prozedura erabiliko da.

23.5. Lehendakariaren hautaketan, Batzar Orokorreko kideen artetik lehendakaria eta lehendakariordea txandaka izendatzeko sistema bat definitzen ahalko da, izendapen-akordioaren gehiengo bera behar duen Batzar Orokorraren akordio bidez.

23.6. Izendapen horiek Batzar Orokorrak eginen ditu eratze-bilkuran eta toki-korporazioen kideak berritzeko aldiekin batera berrituko dira.

Prozedura horri jarraituko zaio, halaber, aldez aurretiko kargugabetzeetan.

2. ATALA.–ESKUMENAK ETA ESKUDANTZIA

24. artikulua. Mankomunitateko lehendakariaren eskudantziak.

24.1. Mankomunitateko lehendakariari eginkizun hauek dagozkio:

a) Bilkuretarako deiak egitea, bilkurak zuzentzea, haietan buru aritzea, eta hartzen diren erabakiak egikaritzeko eta betetzeko agintzea.

b) Bere erantzukizunpean eta Batzar Orokorrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzar Orokorrari horren berri ematea haren lehen bilkuran eta, kasuak garrantzi handia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.

c) Ondasun higigarriak eta higiezinak besterentzea eta kostu bidez eskuratzea, unean uneko indarreko legedian udal-korporazioetako alkateentzat eta lehendakarientzat ezarritako baldintza eta inguruabarretan, obren , horniduren-, zerbitzuen, obra-emakiden eta zerbitzu-emakiden kontratuak eta administrazio-kontratu bereziak egikaritzea, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko hamar baino gehiago ez bada, ezta sei milioi euro baino gehiago ere, eta. urte anitzetakoak direnean, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, baldin eta urteko kuota guztien zenbateko metatuak ez badu gainditzen adierazitako ehunekoa, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta adierazitako gehieneko zenbatekoa ere.

d) Mankomunitatearen aurrekontu-proiektuak eratzea, idazkari eta kontu-hartzailearekin batera, aurrekontu onetsien gauzatze egokia xedatzea eta urteko kontuak aurkeztea; hori guztia, aplikatzekoak diren legezko eta erregelamenduzko xedapenei jarraikiz.

e) Aurrekontuko kontsignazioen barrenean mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako agindua ematea.

f) Bertako funts eta ondasunak administratzea aurrekontuko kontsignatzeen barrenean eta aurreko ekitaldiko kontuak agertzea urte naturalaren lehen seihilekoan.

g) Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta arazo juridiko guztietan, bai eta ahala ematea prokuradoreei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, kasu bakoitzean Batzar Orokorrak erabakitzen dituen ahalmenekin.

h) Langile guztien buru nagusia izatea.

i) Zerbitzuen garapena kontrolatu eta ikuskatzea eta Batzar Orokorrari horren berri ematea.

j) Entitatearen egintza eta agirien ziurtagiriak sinatuz ikus-onestea.

k) Lan publikoaren eskaintza onestea, Batzar Orokorrak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak partitzea.

l) Zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko eta mankomunitatearen xedeak ongi betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak, toki-araubideari buruzko oinarrizko legerian eskumenak banatzeko ezarritako esparruan, eta, betiere, Batzar Orokorrak berarendako ez baditu.

m) Udaletako alkateei dagozkien eskudantzia eta eskumen oro, betiere ez badira estatutu hauetan xedatutakoaren kontrakoak.

24.2. Lehendakariak espresuki delega ditzake indarreko legeriak delegatzea baimendutako eginkizunak.

25. artikulua. Mankomunitateko lehendakariordearen eskudantziak.

25.1. Lehendakariordeak lehendakaria ordezkatuko du (bi lehendakariorde badaude, izendapenaren ordenari jarraituko zaio) lehendakariaren postua hutsik dagoenean, lehendakaria ez dagoenean eta gaixo dagoenean, bai eta lehendakariak uko egin behar duenean ere. Lehendakariaren eskudantzia berdin-berdinak izanen ditu.

25.2. Lehendakariordeak lehendakariari lagunduko dio haren eginkizunetan, eta erabakiak hartzeko unean parte hartu eta aholku emanen dio.

VII. KAPITULUA.–GOBERNUKO BATZORDE IRAUNKORRA

26. artikulua. Gobernuko Batzorde Iraunkorra.

Gobernuko Batzorde Iraunkorra osatuko dute mankomunitateko lehendakariak (organo honetako lehendakaria ere izanen da) eta batzordekideek (Batzarreko kideak izan behar dute), eta ondotik adierazten den moduan osatuko dute Batzar Orokorrean ordezkatutako udalen ordezkariek; lehendakaria batzordekide horietako bat izanen da, eta, aldi berean, Gobernuko Batzorde Iraunkorreko lehendakaritza izanen du bere gain:

a) Hiru batzordekide, Batzarreko kideak eta Arantza, Etxalar eta Igantzi udalerrien ordezkariak.

b) Bi batzordekide, Batzarreko kideak eta Bera udalerriaren ordezkariak.

c) Bi batzordekide, Batzarreko kideak eta Lesaka udalerriaren ordezkariak.

Batzar Orokorrak izendatuko ditu Gobernuko Batzorde Iraunkorreko kideak, estatutu hauetan araututakoarekin bat etorriz.

Gobernuko Batzorde Iraunkorrari dagozkio, lehendakariari etengabe laguntzeaz gainera, Batzar Orokorrak edo lehendakariak eskuordetzen dizkion eskudantzia guztiak, bai eta araudi organikoan eta funtzionamenduari buruzko araudi espezifikoan esleitzen zaizkion informatzeko, irizpena emateko, aztertzeko eta kontrolatzeko funtzioak ere; han arautuko da, halaber, eraketaren eta kideak izendatzeko eta kargu-uzteko araubidea, bilkurak egiteko araubidea eta akordioak adostekoa; eta, dagokionean, eskuordetzen diren eskumenak eta eskudantziak jasotzea.

VIII. KAPITULUA.–IDAZKARI ETA KONTU-HARTZAILEA ETA DIRUZAINA

1. ATALA.–IDAZKARI ETA KONTU-HARTZAILEA

27. artikulua. Idazkari eta kontu-hartzailearen postu espezifikoa.

27.1. Mankomunitateak idazkari eta kontu-hartzailearen postu espezifiko bat edukitzen ahalko du, nominakoa eta plantillakoa, zeinak idazkaritzako funtzio publikoak (barne hartzen dira lege-aholkularitza eta fede publikoa) eta kontu-hartzailetzakoak (barneko kontrola eta fiskalizazioa, aholkularitza eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioa, aurrekontuena eta kontabilitatearena) eginen baititu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean araututakoarekin bat etorriz. Postu hori betetzeko, Nafarroako toki-entitateen funtzio publikoari aplikatu beharreko indarreko araudiari jarraituko zaio.

27.2. Mankomunitateko idazkariari eta kontu-hartzaileari egokituko zaizkio, bestalde, adierazitako eginkizun publikoen eginkizun osagarriak, mankomunitateko sail, zerbitzu eta jarduerak antolatu, koordinatu eta zuzentzearen ingurukoak; horrez gainera, mankomunitateko zuzendaritza-organoen eskudantziak ere izanen dituzte haien zuzendaritzapean, bakoitzaren antolamendu-ahala betez.

27.3. Mankomunitateak beharrezkoak eta nahikoak diren neurriak (antolamendukoak, langileriakoak eta materialak) hartuko ditu, bermatzeko idazkari eta kontu-hartzailearen eginkizun publiko beharrezko eta osagarriak betetzean betebeharrak independentzia, objektibotasun eta inpartzialtasun osoz betetzen direla.

27.4. Postu espezifiko hori sortzen ez den artean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 234.2 artikuluarekin bat etorriz eginen dira funtzio horiek. Toki-entitate elkartuetakoren batean funtzio horiek dituen eta postua hartzea eskatzen duen norbaiti eman dakioke, eta, inork ere eskatzen ez badu, nahitaezkoa eta txandakakoa izaten ahal da. Eskubidea izanen du mankomunitateak zehazten duen diru-esleipen bat jasotzeko (inola ere ez da izanen pertsonak esleitua duen mailari dagokion hasierako soldataren ehuneko 10 baino baxuagoa) eta ez du izanen enplegu- eta permanentzia-eskubiderik; funtzio horiek egiten dituzten funtzionario eta enplegatuek ordezkatzen ahalko dute halabeharrez.

2. ATALA

28. artikulua. Diruzaintza.

Diruzaintzako eginkizunak betetzeko modua Batzar Orokorrak zehaztuko du, gai horretan indarrean dagoen araudia aplikatuz; funtsak eta bildutako dirua maneiatzeko eta zaintzeko funtzioak sartzen dira eginkizun horietan.

IX. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA

29. artikulua. Ekonomiaren eta aurrekontuen kudeaketa.

29.1. Mankomunitate-araubidean ematen diren zerbitzuen kudeaketa ekonomikorako, ekitaldiko urteko aurrekontuak sortuko dira urtero, une oro indarrean den ordenamendu juridikoan xedatutakoari jarraikiz.

29.2. Zehazki, mankomunitatearen aurrekontu orokorra exekutatzeko urteko oinarrietan, edo aurrekontu-kudeaketako bestelako edozein tresnatan, jaso beharko dira mankomunitateko zerbitzu, departamentu eta atal berariazkoetarako sortzen edo lortzen diren diru-sarrera espezifikoak, edozein motatakoak direla ere, zerbitzu edo atal berariazko bakoitzaren zerbitzuak eta jarduerak egitekoak.

Hala, zerbitzu, departamentu eta atal berariazko bakoitzak bere kontabilitate-numerazioa izanen du, dagozkion kode organiko eta guzti, zerbitzu, departamentu eta atal berariazko bakoitzak sortutako gastuak eta dagozkion diru-sarrerak definitzeko.

Mankomunitatearen ekonomia- eta aurrekontu-egituraren printzipio espezifiko gisa definitzen da arau hori.

29.3. Mankomunitatearen eta haren zerbitzu, departamentu edo atal berariazkoen aurrekontuak eta kontuak Nafarroako toki-entitateei aplikatu beharreko legezko edo erregelamenduzko arauekin bat etorriko dira, bai egituraren aldetik, bai prestatu eta onesteko prozeduraren aldetik.

29.4. Mankomunitatearen funtsak eta ondasunak administratzeko garaian, toki-korporazioentzat ezarritako araubide juridikoaren arabera jokatuko da eta hura bete beharko dute, halaber, mankomunitatearen eta haren zerbitzu, departamentu eta atal berariazkoen aurrekontu eta kontuen garapenak, fiskalizazioak eta errendimenduak.

30. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Mankomunitatearen eta haren zerbitzu, departamentu edo atal berariazkoen baliabide ekonomikoak ondokoak izanen dira:

a) Ondarea, hau da, mankomunitatearen xedeak betetzeko orain eta gero beharrezkoak diren eskubide eta ondasun materialak.

Honako hauek osatzen dute ondarea: mankomunitateko entitateek eta beste administrazio publiko batzuek atxikitako eskubide eta ondasun materialak, esleitutako edo eskuordetuta dituen zerbitzuak emateko direnak, eta mankomunitatearenak diren edo horrek eskuratzen dituen gainerako ondasunak.

Toki-araubideari buruzko legerian ezarritakoa izanen da mankomunitatearen ondasunen araubide juridikoa.

b) Dirulaguntzak, sariak edo dohaintzak, Estatutik, Nafarroako Gobernutik edo beste edozein pertsona fisiko edo juridikorengandik, publiko nahiz pribatu izan, eskuratzen direnak.

c) Bere ondasun eta zerbitzuen errenta, etekin eta prezioak.

d) Indarra duen araudiarekin bat, mankomunitatean bertan ezar daitezkeen edo legez dagozkion ordainarazpenen eta taxen etekina.

e) Beste entitate batzuei, mankomunitateak barne, egokitu arren, lankidetza-hitzarmenen bidez utziak dituen ordainarazpenen etekina.

f) Mankomunitateko udalen ekarpenak.

g) Bere xedeak erdiesteko hitzartzen diren beste mailegu eta kreditu batzuk.

h) Beste edozein, indarreko araudiak bidezko edo beharrezko egiten badu mankomunitateak hura ordainaraztea.

31. artikulua. Funtzionamendu-gastuak.

Mankomunitatearen administrazioaren funtzionamendu-gastuak ordaintzeko, aurreko artikuluan aipatutako diru-sarreretatik edozein erabiliko da.

32. artikulua. Mankomunitatearen ondasunak.

Mankomunitateak bere ondare osoaren inbentarioa egin behar du, osagai bakoitzaren balioa ezarrita; inbentarioa urtero zuzenduko da eta Batzar Orokorra berritzen den guztietan egiaztatuko da.

33. artikulua. Finantza-betebeharraren inguruko araua.

Udal mankomunatuek betebeharra dute mankomunitatearen betebehar eta zorrak beren gain hartzeko, beren udalerrien biztanleria-datu ofizialekiko zuzeneko proportzioan.

34. artikulua. Finantzaketa osagarriaren inguruko araua.

Mankomunitateko udalek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari, dagozkien transferentzietatik ken ditzan mankomunitateari edozein kontzepturengatik zor dizkioten diru-kopuruak, horiek mankomunitateari ordaintzeko.

35. artikulua. Baliabide ekonomikoen aplikazioa.

Mankomunitateak eta haren zerbitzu, departamentu edo atal berariazkoek baliabideak lortu eta aplikatzeko, besteak beste, honako irizpide hauei jarraituko diete:

a) Mankomunitateak bere zerbitzuengatik ordainarazten dituen tarifak eta tasak ez dira aldatuko udalerri batetik bestera. Udalerri guztietan tarifa berak aplikatuko dira.

b) Toki-entitate mankomunatuek erraztuko dute mankomunitateak bere udalerrian ezarritako baliabide-iturrietako edozeinen ezarpena edo aplikazioa.

c) Baliabideak aplikatuko zaizkio haiek sortu dituen zerbitzu edo atal berariazkoari edo dagokion diru-sarreraren xede den zerbitzu edo erakundeari.

d) Ekitaldi bakoitzeko aurrekontu-soberakinak inoiz ere ez dira banatuko mankomunitateko udalerrien artean.

X. KAPITULUA.–LANGILEAK

36. artikulua. Mankomunitateko langileak eta plantilla.

36.1. Mankomunitatearen xede diren zerbitzuak emateko, teknikariak, administrariak eta beharrezko gainerako langileak kontratatzen ahalko dira, alorrean indarrean diren xedapenekin bat etorriz; Batzar Orokorrak formulatutako plantilletan zehaztuko dira langile horien kopurua, kategoria eta funtzioak.

36.2. Mankomunitateak lan gisa kontratatuko langileek edo funtzionarioek osatuko dute plantilla.

36.3. Mankomunitatea erabat edo partzialki desegiten bada edo haren zerbitzuen administrazioa berrantolatu eta entitate mankomunatuek edo beste mota bateko entitate edo erakunderen batek eman behar baditu zerbitzu horiek, barne direla mankomunitateak bere zerbitzuak kudeatzeko eratu ditzakeenak, zerbitzu horietara atxikita dauden mankomunitateko langileak zerbitzu horiek ematen jarraitzen duen entitate edo erakundean geldituko dira eta erabat errespetatuko da haien lan-egoera eta eskubide kontsolidatuak.

XI. KAPITULUA.–KIDE BERRIAK ONARTZEA ETA KIDE DIRENAK ATERATZEA

37. artikulua. Kide berrien onarpena.

Mankomunitatean udal berriak onartzeko Batzarrak onetsi beharko du, 19,2. artikuluan aipatu den legezko gehiengoaren aldeko botoaren bidez; onartzeko erabakia hamabost egunean egonen da jendaurrean. Aldi hori bukatutakoan, erreklamaziorik ez badago, onarpena behin betikoa izanen da.

38. artikulua. Kideak ateratzea.

38.1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 52.3 artikuluan aurreikusitako prozedura erabiliko da mankomunitateko kideak hartatik ateratzeko, eta estatutuak aldatzeko ezarritako arau berak bete beharko dira.

38.2. Kideak ateratzeko udal-akordioa ordenamendu juridikoaren arabera eginen da. Legez eskatutako gehiengoaren bidez hartu beharko da eta, halaber, administrazio-espedienteari gehitu beharko zaizkio akordioak ekarriko lituzkeen ondorio juridikoak eta eragin ekonomiko-finantzarioa zehazten duten eta legez eskatzen diren aurretiko txostenak (udal-idazkaritzaren txosten juridikoa, nahitaezko lege-aholkularitzari buruzkoa eta esku-hartzailetzakoa, esku-hartze kritikoa edo aurretiazkoa barne hartzen duen barne-fiskalizazioari eta kontrolari buruzkoa, eraginkortasunaren kontrolari buruzkoa, eta aholkularitza eta kudeaketa ekonomiko-finantziarioari eta aurrekontu-kudeaketari buruzkoa).

38.3. Mankomunitateko Batzar Orokorrak kide baten bereizketari buruz hartzen duen erabakiak erabaki horren ondorioak zehaztu beharko ditu, ondasun, eskubide eta betebeharrei dagokienez.

XII. KAPITULUA.–INDARRALDIA, DESEGITEA ETA ESTATUTUAK ALDATZEA

39. artikulua. Indarraldia.

Mankomunitateak mugagabeko indarraldia izanen du.

40. artikulua. Desegitea.

Mankomunitatea erabat edo partzialki desegiteko arrazoiak mankomunitateari aplikatu beharreko Toki Araubideko legerian ezarritakoak izanen dira.

41. artikulua. Estatutuen aldaketa.

Estatutuak aldatzeko, haiek onesteko erabili zen prozedura berari jarraitu beharko zaio, indarreko xedapenekin bat etorriz.

Batzar Orokorrari dagokio estatutu hauek aldatzeko ekimena sustatzea, eta 19.2 artikuluan araututako gehiengoa behar du.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Udalek Batzar Orokorreko beren ordezkariak izendatu beharko dituzte, estatutuen aldaketa hauek onesten diren bilkura berean.

Bigarrena.–Estatutuen aldaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epearen barruan, eratze-bilkurarako deia eginen zaie ordezkari guztiei. Han, kargu pertsonalak izendatu beharko dira, eta Batzar Orokorraren iritziz presazkoak diren beste gai batzuk ere lantzen ahalko dira.

Hirugarrena.–Gehitu beharreko zerbitzu, departamentu eta atal berariazkoak gehitzeko, mankomunitateak gauzatu ditzan, haiei dagozkien aurrekontuko partiden onespena beharko da, bai eta zerbitzu, departamentu edo atal berariazko guztietako langileria jasotzen duen mankomunitateko plantilla organikoaren onespena ere.

Laugarrena.–Euskararen, gizarte-zerbitzuen eta hiri-hondakin solidoen kudeaketaren alorreko mankomunitateen soberakinak gehituko dira haiek desegitetik eratorritako itxiera ekonomikoa egiten denean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehena.–Mankomunitate honen antolaketa, funtzionamendua eta araubide juridikoa Estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio, baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legean eta toki-korporazioei aplikatzen zaizkien legezko edo erregelamenduzko gainerako xedapenetan ezarritakoari ere.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Mankomunitatearen estatutuen aldaketak indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean erabat argitaratu ondotik.

Iragarkiaren kodea: L2510145