2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
UHARTE
Deialdia, eskolazainaren lanpostu bat lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko
Uharteko Udaleko Alkatetzaren 2025eko uztailaren 23ko 2025-0779 Ebazpenaren bidez, Uharten zerbitzu anitzetako enplegatuaren (eskolazaintza) lanpostu bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onetsi ziren. Lanpostuak 40.17 kodea du plantilla organikoan. Hona hemen:
OINARRIAK
1.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea eskolazainaren lanpostu huts bat, lan-kontratudun finkoen araubidean eta lanaldi osoan, 40.17 plazari dagokiona.
1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Uharteko Udaleko lan-kontratudun finko bihurtuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaio.
1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien D mailako ordainsariak, bai eta plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak ere.
1.4. Urteko lanaldia izanen da gainerako udal langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.
1.5. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, bertzeak bertze, aipamen hutsez eta bertzelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:
–Ikasleei eta irakasleei arreta ematea beren karguari dagozkion eginkizunetan, ikastetxeko eskola-ordutegiaren barruan.
–Erabiltzaileen eskaerei erantzutea eskola-orduetatik kanpo utzitako instalazioak irekitzeko, ixteko eta funtzionatzeko.
–Ikastetxeko sarrera-ateak behar bezain goiz irekitzea, ikastetxeak behar bezala funtziona dezan. Ikastetxeko zuzendaritzak ordutegia jakinaraziko du.
–Zaintzea eta kontrolatzea higiezinaren instalazio komunen erabilera.
–Zaintzea eta kontrolatzea ikastetxekoak ez diren pertsonen sarrera.
–Arduratzea berokuntza eta ur beroa abiarazteaz eta gelditzeaz eta horien lokalez.
–Lehen mailako mantentze-lanen arduraduna:
- Elektrizitatea: ordeztea lanparak, pitzarazgailuak, etengailuak eta entxufeak.
- Arotzeria: konpontzea eta ordeztea heldulekuak, sarrailak, hagaxkak, pertsianak, paper-euskarriak eta eskuoihal-euskarriak.
- Iturgintza: ordeztea eta doitzea txorrotak, zisternetako balantzin eta flotagailuak, sifoiak eta ur-galdarak.
- Udaleko administrazio organoek zerbitzua hobeto emateko egokitzat jotzen dituzten obrak.
–Zaintzea ikastetxeko zuhaitzak, landareak eta berdeguneak.
–Uharteko Udalari jakinaraztea beharrezkoak diren eta eskolazaintza-zerbitzuak egin ezin dituen bertzelako mantentze-lanak.
–Zaintzea instalazioak ixten direla eta eguneko jarduerak amaitzean argiak itzaltzen direla.
–Jasotzea eta banatzea ikastetxera iristen diren altzariak edo bertzelako eskola-materiala.
–Zentrotik kanpo egitea ikastetxearen funtzionamenduarekin lotutako kudeaketak.
–Fotokopiak egitea eta interesdunei ematea, bai eta bertze edozein material ere.
–Arreta eskaintzea egunean zehar gerta daitezkeen garbiketako arazo puntualei.
–Zentroko telefonoaz arduratzea, zentroko zuzendaritzak ezarritako ordutegian.
–Dagozkien lanpostu, titulazio eta mailarekin bat Udalak agintzen dizkien gainerakoak.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Honako arau hauek beteko dira lekualdatze-lehiaketa honetan: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, hura garatu eta bete beharrez lanpostuak betetzearen gainean emandako Erregelamendua, eta ekainaren 4ko 7/2025 Foru Legea (foru lege horren bidez onetsi ziren langileen arloko aparteko eta premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko Nafarroako administrazio publikoetan).
3.–Baldintzak.
Indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko bete behar dira honako baldintza hauek, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik adjudikatutako lanpostuaz jabetu arte:
a) Uharteko Udaleko langile finkoa izatea (funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa), jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, eta izendatua egotea eskolazaintza lanpostuan.
b) Euskarako B2 maila frogatzea.
c) D maila edo taldekoa izatea.
d) Udal ordenantzetan aurreikusitako azterketa eskubideei dagokien tasaren zazpi euroak ordaindu izanaren frogagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
e) Sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa.
Orobat, deialdian parte hartzen ahalko dute, baldin baldintzak betetzen badituzte, lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek, edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin administrazio egoeran gutxienez ere urtebetez egon badira: gisa horretara jardunera itzuliko dira, lanpostu baten behin betiko adjudikazioa lorturik.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inola ere ekarriko aldatzea parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa.
5.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Uharteko Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 10 egun naturaleko epean, interesdunari jakinarazten zaion egunaren biharamunetik hasita.
Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Uharteko Udalaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Uharteko Udalaren egoitza elektronikoan dago. Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabil daiteke erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein.
Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako bertze erregistroren batean, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, "recursoshumanos@huarte.es" helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, eta adieraziko da zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.
Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen muga-egunean.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.
5.2. Eskabidearekin batera, aurkeztu behar dira alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak (betiere deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera), salbu Uharteko Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.
6.–Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.
Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Uharteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web fitxan. Orobat, ohartaraziko du hurrengo bortz egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.
Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Uharteko Udaleko alkateak lehiaketako lanpostua bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Erabaki hori interesdunari jakinarazi beharko zaio.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web fitxan argitaratuko.
Erreklamazioak egiteko epea amaituta eta horiek ebatzirik, Uharteko Udaleko alkatetzak onartuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web fitxan.
7.–Epaimahaiko kideak.
Lehiaketa kalifikatuko duen epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:
7.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkatea.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
–Epaimahaikidea: Txemari Zurbano Peñas, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
–Epaimahaikidea: Juan Antonio Viedma Feligreras, Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako administrari-ofiziala.
–Epaimahaikidea: Gustavo Marsal Esnaola, Uharteko Udaleko ordezkari sindikala.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
–Epaimahaikide idazkaria: Gustavo Jiménez Martín, Uharteko Udaleko aholkularia giza baliabideen arloan.
–Ordezkoa: hark izendatzen duena.
Epaimahaia eratu beharko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bortz egunean.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.
Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako jasotako arrazoiren bat, kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea egoera horietako bat gertatzen denean.
8.–Merezimenduen kalifikazioa.
Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu, honako baremo honen arabera:
–Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.
–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Salbuespen bakarra Uharteko Udalean egindako zerbitzuak izanen dira, organo dei-egileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio horren frogagiriak.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.
Guztirako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasun handiena dutenen alde eginen da. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez.
Lehiaketako elementuak baloratu ondoren, epaimahaiak interesdunei jakinaraziko dizkie parte-hartzaileen puntuazioak, eta bortz egun balioduneko epea emanen du, interesdunek alega dezaten beren eskubidearen arabera komeni zaiena, balorazio horri buruz.
9.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.
Behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoan, kalifikazio-epaimahaiak parte-hartzaile guztiei behin betiko puntuazioak jakinaraziko dizkie, eta Uharteko Udaleko alkateari igorriko dio izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.
Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoren, epaimahaiak proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari, eskatzen den gutxieneko puntuazioa gainditu duten lehiakideak izendatzeko, hain zuzen ere, deialdiko lanpostu kopurua betetzeko adina, barnean harturik aurreko paragrafoan aipatutako handitzearen ondoriozkoak, halakorik bada.
10.–Adjudikatzea eta lanpostuaz jabetzea.
Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak adjudikatuko dizkie lehiakideei, eta aginduko du adjudikazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
Lehiakideek izendapen ebazpenean zehaztuko den egunean jabetu beharko dute adjudikatutako plazez, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.
11.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
–Uharteko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean direla iragarki-taulan eta gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Uharten, 2025eko uztailaren 23an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotes.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf
Iragarkiaren kodea: L2510104