162. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

657E/2025 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez proiektu honen ingurumen inpaktuari buruzko txostena egiten baita: "BESS - Montes de Cierzo I haize parke berrindartuaren hibridazioa" izeneko instalazioa, energia elektrikoa baterietan biltegiratzekoa, barnean hartzen duena ebakuazio instalazioaren azpiegitura, eta Eólica Montes de Cierzo SL enpresak Tuterako udal mugartean sustatzen duena.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura haste aldera, Nafarroako Gobernuaren Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusira bidali du "BESS - Montes de Cierzo I haize parke berrindartuaren hibridazioa" izeneko instalazioaren proiektua, energia elektrikoa baterietan biltegiratzekoa, barnean hartzen duena ebakuazio instalazioaren azpiegitura, eta Eólica Montes de Cierzo SL enpresak Tuterako udal mugartean sustatzen duena.

Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak direla-eta, jarduera sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko n) apartatuan, bai eta Legeak izan dituen ondorengo aldaketetan ere. Beraz, han ezarritakoaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

1. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura izapidetzea.

2024ko urrian, sustatzaileak "BESS - Montes de Cierzo I haize parke berrindartuaren hibridazioa" izeneko instalazioa, energia elektrikoa baterietan biltegiratzekoa, aurkeztu zion organo eskudunari, ebakuazio azpiegitura ere barnean hartzen duena, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiarazteko eskaera egin zuen, bai eta aurretiazko administrazio baimena nahiz eraikitzeko administrazio baimena, eta proiektuaren onura publikoaren deklarazioa eskatu ere.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jasotako dokumentaziori buruzko kontsultak egin zituen eta proiektua jendaurrean jarri zuen, iragarkia argitaratuta 2024ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 19koan. Orobat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiaraztea helburu, proiektuaren dokumentazioa bidali zion Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin zien proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta interesdunei, oharrak edota iradokizunak egin ditzaten, haien eskumeneko gaiei buruz. 7 kontsulta egin ziren, eta ez zen erantzunik jaso.

2025eko apirilean, Eólica Montes de Cierzo SLk aldaketa bat aurkeztu zion proiektuari. Aldaketa horrek biltegiratze-instalazioaren kokalekua jatorrizko lekutik 500 metro baino gutxiagora mugitzea proposatzen zuen, ingurumen inpaktuak murrizteko, bai eta ebakuazio azpiegituraren trazadura aldatzea ere. Azpiegitura hori, osorik, Montes de Cierzo I berrindartua haize-parkearekin partekatuko litzateke SET-Valdecuco azpiestazioraino, eta hori guztia azterketa ingurune berean egonen litzateke.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela aipatu legearen III. eranskineko irizpideen arabera argitzeko ea proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen, edo ingurumen inpaktuaren txostena eman behar den, txosten honetan ezartzen diren baldintzetan.

Aurkeztutako dokumentazioan bada ingurumen gaiei buruzko dokumentu bat, bat datorrena Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Azterlanak honako alderdi hauek jasotzen ditu: alternatiben analisia, kaltea hartzeko arriskua duten ingurumen faktoreen deskribapena, eragin nabarmenak sorrarazten ahal dituzten ekintzen identifikazioa eta ingurumen faktoreen gaineko eragin nabarmenen ebaluazioa –horien artean, eragin sinergikoena eta metatuena–, eta ezbehar larri edota hondamendiekiko kalteberatasunaren ondoriozkoena–, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak eta ingurumen jarraipena egiteko jarduketak. Neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu ondoren, azterlanak uste du inpaktu gehienak ez direla eragozgarriak edo esanguratsuak.

2. Proiektuaren deskribapena.

Bateria bidez energia biltegiratzeko "BESS - Montes de Cierzo I haize parke berrindartuaren hibridazioa" energia metatzeko sistema bat da, eta litio-iozko teknologiako biltegiratze elektrokimikoan oinarritzen da.

Proiektua 1.599 m² inguruko eremu hesitu batek osatzen du, eta bertan egonen dira biltegiratze instalazioa osatzen duten ekipo guztiak. Proiektuak Tuterako 41. poligonoko 330. partzelaren eta 42. poligonoko 279., 240., 241. eta 242. partzelen zati bat hartzen du. Bestalde, lurpeko ebakuazio linea (20kV) Montes de Cierzo I haize parke berrindartuarekin partekatzen da SET-Valdecuco 20/66 kV azpiestazioraino; 588 m inguruko luzera du azpiestazio horretaraino, eta Tuterako 42. poligonoko 291., 292., 248., 261., 242. eta 241. partzeletan izanen luke eragina. Bertatik, Montes de Cierzo berrindartua, Montes de Cierzo I berrindartua eta Montes de Cierzo II berrindartua haize parkeen ebakuazio sistema integratua erabiliko da, SET La Serna (REE) 220/400kV azpiestazioko energia elektrikoaren garraio sarearekiko lotuneraino.

Ezartze eremuan Montes de Cierzo I haize parkeko aerosorgailuak daude gaur egun, eta desmuntatu eginen dira, Montes de Cierzo I berrindartua eraikitzeko.

Sarbidea aerosorgailuetara iristeko errepidetik abiatzen da, eta 32 metro inguruko luzera izanen du.

3. Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.

–Alternatiben azterketa:

Ingurumen gaiei buruz aurkeztutako dokumentuak barnean hartzen du alternatiben analisi bat, 0 alternatibaz gain beste hiru aukera jasotzen dituena. Sustatzaileak baztertu egin du 0 alternatiba, uste baitu proiektua gauzatzeak nabarmen hobetuko duela sarera konektatzeko lehendik dagoen azpiegituraren aprobetxamendua, eta horrek, aldi berean, berekin ekarriko duela kutsadura gutxitzea, energia-mendekotasuna txikitzea eta berotegi efektuko gasen ekoizpena murriztea.

Beste hiru alternatibetarako, irizpide anitzeko azterketa egin da, alderdi teknikoak, ingurumenekoak eta sozialak kontuan hartuta, eta sustatzaileak 1. alternatiba aukeratu du, proiektua ezartzeko egokiena dela iritzita.

–Geomorfologia eta lurzoruak:

Aurkeztutako ingurumen gaiei buruzko dokumentuaren arabera, lurzoruaren gaineko inpakturik esanguratsuena eraikuntza fasean gertatuko da, lurrean aldaketak eraginen baitira eta higatzeko arriskua handitu eginen baita lur mugimenduen eta landare estalkia kentzearen ondorioz, batez ere eremu maldatsuetan. Hala ere, energia biltegiratzeko instalazioaren ezartze eremuaren morfologia, funtsean, laua da, % 3tik beherako maldekin; SET-Valdecuco azpiestazioraino doan ebakuazio linearen trazadura, berriz, malda handiagoko eremuetatik igarotzen da, nahiz eta zanga Montes de Cierzo I haize parke berrindartuarekin partekatzen duen, eta lehendik dagoen bide baten ertzetik doan. Nolanahi ere, lur mugimenduak oso txikiak izanen dira, eta alterazio geomorfologikoak eta higatzeko arriskua oso txikia.

Faktore horien gaineko inpaktu gehienak ez-esanguratsutzat jotzen ditu ingurumen gaiei buruzko dokumentuak, eta inpakturik garrantzitsuenak bateragarri edo ez-eragozgarritzat.

–Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:

Azterketa eremua biziki antropizatua da, eta nekazaritza erabilera nagusitzen da: lehorreko zerealen laborantza. Zehazki, ezartze eremua abandonatutako nekazaritza eremu batean egiteko proiektatu da, ezkai ugariko larreak eta alfer lurrak dituen inguru batean. Gaur egun, energiarako erabiltzen da, Montes de Cierzo I haize parkeak okupatzen duelako. Ez die eragiten batasunaren intereseko habitatei, ez eta flora mehatxatu bereziari ere.

Inpaktu nagusiak obren fasean izanen dira: ukitutako azalera guztietan landare estalkiak alterazioa izanen du eta obra eremuaren ondoko inguruetan landaredia degradatu eginen da. Bi kasu horiek ez-eragozgarritzat jo ditu ingurumen gaiei buruzko dokumentuak; nolanahi ere, kontuan hartuta ez direla esanguratsuak, indarrean dagoen araudia nahitaez bete beharrekoa dela, obrak iraun bitartean jarraipena eginen dela eta neurri prebentibo nahiz zuzentzaileak eta proposatutako leheneratze plana aplikatuko direla, inpaktua ez-esanguratsutzat jo da.

–Fauna, eta faunaren aldetik interesa duten guneak:

Ingurumen gaiei buruzko dokumentuan, proiektuak eragindako laukietan aipatutako espezieen inbentario bibliografikoa jaso da, aldeko 10 km-rekin, UTM koordenatu sistemaren proiekzio kartografikoaren arabera. Inbentario horretan aipatzen dira 88 hegazti espezie, 20 ugaztun espezie, 7 anfibio espezie, 12 narrasti espezie eta 14 arrain espezie.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hauek izanen dira, batez ere, faunaren gaineko inpaktuak: habitataren alterazioa eta/edo galera, eragozpenak sortzea eta desplazamenduak gertatzea, eta heriotza eragitea, dela harrapatzeagatik, dela talka egiteagatik edota elektrokutatzeagatik.

Hala ere, ingurumen gaiei buruzko dokumentuaren arabera, ez da neurri berezirik hartu behar proiektuak ukitutako ingurunean ibiltzen diren espezieak kontserbatzeko, espezie arruntak baitira, gizakiekin bizitzera ohituta daudenak eta inguruan ohikoak direnak. Era berean, dokumentu horretan esaten da jarduketak lurraldean uzten duen arrasto txikia aintzat hartuta, eta linea elektrikoa lurperatuko dela, lurraldean arrasto handiagoa duen beste instalazio batekin hibridatuko dela (Montes de Cierzo I haize parke berrindartua) eta SET-La Serna azpiestazioa hor dagoela kontuan izanda, proiektuak estepako espezieetan edo lurraldeko loturan oso eragin txikia edo ia hautemanezina izanen duela. Sustatzailearen arabera, faunari eraginen zaizkion afekzioak bateragarriak dira.

Atal honen ustez, nahiz eta instalazioa ezarri nahi den lurzatietako habitata egokia izan faunak une batzuetan erabiltzeko, kontuan hartuta ingurunearen antropizazio handia eta proiektuan dauden gainerako azpiegiturekin batera sortzen diren eragin metatuak eta sinergikoak, instalazioaren ezartze eremua ez da inguru aproposa intereseko espezieek edo espezie katalogatuek okupatzeko. Horiek guztiak horrela, ondorioztatzen da proiektua gauzatzea bateragarria dela faktore horrekin (faunarena).

Kutsadura akustikoa:

Ingurumen gaiei buruzko dokumentuaren arabera, zonaldeko antropizazioa ertaina da, eta zarata-foku nagusiak aztergai dugun eremutik hurbil dauden komunikazio bideak dira.

Era berean, sustatzailearen iritziz, ustiatzeko fasean zehar ez da aurreikusten instalazioaren eraginezko soinu maila nabarmen handituko denik, nahiz eta zarata gehiago sortzea espero den, batez ere klimatizazio ekipoen eraginez; edonola ere, ez ditu gaindituko indarreko araudian ezarritako mugak.

Paisaia:

Aztertutako eremuak antropizazio handiko paisaia du, eta, ingurumen gaiei buruzko dokumentuaren arabera, proposatutako azpiegitura bereganatzeko gaitasun handia du.

Paisaiako eragina, funtsean, elementu artifizial berri bat ingurunean sartzearen ondorio izaten da. Ingurune horretan dauden aldaketak, dauden industriako azpiegitura eta eraikuntza ugariak eta jarduketa honek izanen duen arrasto txikia nabarmenduz, eta elementu berezirik ez duen eta giza pilaketarik erakartzen ez duen eremua izanik, sustatzaileak proiektuak paisaian eragin txikia izanen duela jotzen du, eta bateragarritzat hartzen du, betiere zenbait neurri zuzentzaile aplikatuta, eta inguruko hesiaren kanpoaldean zuhaixkak eta zuhaitzak landatzen badira, komunikazio bide nagusietatik eta biztanleguneetatik ikustea eragozteko.

Historia eta kultur ondarea:

Ingurumen gaiei buruzko dokumentuaren arabera, proiektua gauzatzeak ez du eraginik izanen aztarnategi arkeologiko batean ere, ezta kultura interesekoetan ere, eta ez da horrelakorik hauteman Montes de Cierzo I haize parke berrindarturako egindako azterketetan, ez eta egungo Montes de Cierzo I haize parkea eraiki bitartean ere. Gainera, proiektua gauzatzen den bitartean, eta zehazkiago, lurrak mugitzeko lanak egin bitartean, langile espezializatuek jarraipen arkeologikoa eginen dute, eta, beraz, inpaktua bateragarritzat jotzen da.

4. Proposamena.

Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak txostena eman du, eta adierazi ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela haren ingurumen inpaktuari buruzko ebaluazio arruntaren tramitazioa hasi behar, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen inpaktua bateragarria izaten dela ingurune hartako naturaren balioekin; horrenbestez, ingurumen inpaktuaren aldeko txostena ematea proposatzen du baterien bidez energia elektrikoa biltegiratzeko "BESS - Montes de Cierzo I haize parke berrindartuaren hibridazioa" proiekturako, barnean hartzen duena ebakuazio instalazioaren azpiegitura, betiere proiektuak betetzen baditu ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen gaiei buruzko dokumentuan proposatzen diren neurriak, eta, horiez gain, ingurumen inpaktuaren txosten horretan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita eta adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua;

EBAZTEN DUT:

1. "BESS - Montes de Cierzo I haize parke berrindartuaren hibridazioa" izeneko instalazioaren proiektuak, energia elektrikoa baterietan biltegiratzekoak, barnean hartzen duenak ebakuazio instalazioaren azpiegitura, eta Eólica Montes de Cierzo SL enpresak Tuterako udal mugartean sustatzen duenak, ez duela eragin nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez dela egin behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta.

2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da obrak egiten hasi aurretik.

Lanak egin bitartean lur azpian agertuko balitz aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala ematea Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

–Lanak egin bitartean katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta, horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm altxatua.

–Ustiatzeko fasean, dagokion jarraipena egin beharko da, sortzen diren soinu mailak indarreko araudiak ezarritako mugen barruan daudela kontrolatzeko. Hala ez bada, zarata arintzeko neurriak ezarri beharko dira, hala nola zarataren aurkako hesiak edo bestelako hobekuntzak instalazioan.

–Argi puntuak jartzen badira, ezinbesteko gutxienekora mugatuko dira, eta, ahal den guztietan, talka egiteko arriskua dakarten guneetatik urrun jarriko dira. Argi kutsadura minimizatzen duten argiak erabiliko dira, intentsitate txikikoak, eta lurrerantz pantailatuak, argi puntuek igorritako goiko hemisferioaren fluxua ahalik eta gehien murrizteko (% 5etik behera). Argi zuri-urdinxkaren ordez argi zuri-horixka erabiliko da.

–Ingurumen arloko integrazioa:

  • Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahalik eta txikiena izanen da, eta eraginik jaso ezin duten eremuak balizatuko dira.
  • Lurra kendu edo hondeatu aitzinetik, obrek aldi baterako nahiz iraunkorki eragindako azalera guztietatik landare-lurra kenduko da, gutxienez 20 cm-ko sakonerako profil batean. Material hori propio horretarako hautatutako guneetan metatuko da, 2,0 metrotik beherako altuera duten ildoarteak osatuz, geroago lehengoratze lanetan berrerabili ahal izateko.
  • Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko eta obra horretan bertan erabiltzeko ahalegina eginen da. Lur soberakinak, halakorik izanez gero, hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.
  • Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta okupatu den eremu osoko obra-hondarrak garbituko dira, hondakinak indarreko legediaren arabera kudeatuz.
  • Obrek ukitutako eremu osoa, aldi baterako ukitzen badute ere, eta ez bada landu behar, harrotu eta ereintzarako prestatuko da, eta belardi autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da bertan. Belar horiek egin beharreko jarduerarekin bateragarriak izan beharko dute, eta agente polinizatzaileen presentzia erraztu. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada edo halako geruzarik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurrez estaliko da gainazala, gutxienez 30 cm-ko geruza batekin; geruza hori aurretik behar bezala erauzi eta metatu behar da. Lanak bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia.

–Instalazioari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez-nabarmenak erabiliz.

–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago horren berri emanen zaio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea gmatudela@navarra.es).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako Koordinazio Unitatea) igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko uztailaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2509881