162. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

281E/2025 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Tuterako udal mugartean metalezko apalategiak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra AR Racking SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak urtarrilaren 13ko 20/2012 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 11ko 259E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2025eko maiatzaren 12an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko; zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, instalazioan sortutako hondakinen zerrendan, hondakin berri batzuk sartzeko, EHZ kode hauei dagozkienak: 120101, 191202, 191212 eta 200136.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:

EHZ KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

12 01 01

Metalak eta plastikoak moldekatzearen eta haien gainazalei tratamendu fisiko eta mekanikoa egitearen ondorioz sortutako burdinazko metalen karraka-hautsa eta txirbilak.

Onartzen da instalazioan sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea. Ekoizpen prozesutik datorren txatar-hondakina 12 01 01 EHZ kodearekin sailkatu beharko da, edo, kode horrekin bat ez badator, 12 01 99 EHZ kodearekin, biak ere instalazio honetarako baimendutako hondakinen zerrendan jasota daudenak.

19 12 02

Hondakinen tratamendu mekanikotik datozen burdinazko metalak, beste kategoria batean zehaztu ez direnak.

Ez da onartu sartzea. Eskatutako kodeak hondakinen tratamendu mekanikotik datozen hondakinei dagozkie, eta instalazioan ez da tratamendu hori egiten.

19 12 12

Hondakinen tratamendu mekanikoan sortutako beste hondakin batzuk (materialen nahasketak barne), 19 12 11 kodean zehaztutakoez bestelakoak.

15 01 06

Material nahasiak dituzten ontziak.

Instalazioan sortutako hondakinen zerrendan sartu da, 19 12 12 EHZ kodearen ordez.

20 01 36

Baztertutako ekipo elektriko eta elektronikoak, 20 01 21, 20 01 23 eta 20 01 35 kodeetan zehaztuta daudenez bestelakoak.

Ez da bidezkoa zerrendan sartzea; izan ere, gaur egun hondakin hori jasota dago instalazioan ekoitzitako hondakin baimenduen zerrendan.

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Bestalde, 20 03 01 EHZ kodea duen hondakina kenduko da ingurumen baimen integratuaren III. eranskinetik (instalazioan sortzen diren hondakinen zerrenda), 20. kapituluko hondakina delako. Izan ere, 20. kapituluan etxeko hondakinak baino ez daude, zeinak kasuan kasuko toki erakundearen bidez kudeatu behar baitira (Erriberako Mankomunitatearen bidez, kasu honetan), eta, beraz, ez lukete zerrenda honetan agertu beharko.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen II. eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean. Ebazpen honen II. eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea Tuterako udal mugartean metalezko apalategiak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra AR Racking SAU da.

Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua emateko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau AR Racking SAUra eta Tuterako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko uztailaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2510539