1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
17/2025 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoetarako deialdia egiten baita eta txapelketaren nondik norakoa arautzen duten oinarrizko irizpideak eta kirol federazioekin hitzartu beharreko lankidetza-hitzarmenen testua onesten baitira, baita egin beharreko jarduerari aurre egiteko gastua ere.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.14 artikuluan, erabateko eskumena esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.
Urtarrilaren 24ko 335/1986 Errege Dekretuaren bitartez, kirolaren arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Foru Komunitateari esleitu zaizkion eginkizunetako bat, espresuki aipatua, eskolako kirol jardueraren sustapena eta antolaketa da.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 3. artikuluan jasotzen da zer helburu dituen Nafarroako administrazio publikoen kirol politikak; horien artean, hauek nabarmentzen dira:
a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko kirol jarduera fisikoetan, kirola modu jarraian egin ahal izateko, atsegin hartuz, jostatuz eta osasuna hobetuz.
b) Begiratzea batez ere adingabeentzat diren edo adingabeek parte hartzekoak diren kirol jardueren helburua izan dadila pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua lortzea, eta jarduera horiek haurraren edo gaztearen egoera fisikora, gaitasunetara eta premietara egokitu daitezela. Gorputz hezkuntza eta kirola bultzatu, ezarri eta garatuko da hezkuntzako maila, gradu eta modalitate guztietan, eta eskola adineko kirola sustatuko da ariketa fisikoa eta kirol jarduera bultzatuz, bai jolas gisakoa, bai lehia gisakoa.
c) Oinarrizko kirola eskola garaitik sustatzea beste edozein kirol jardueraren gainetik, hori baita gakoa Nafarroako kirola maila guztietan gara dadin.
Orobat, aipatu foru legearen 6.2.g artikuluan ageri denez, Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumena da Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea nahitaezko eskolaldian dauden kirolarientzat, edo haiek antolatzeko baimena ematea; eta 14.1 artikuluan, berriz, ezartzen da ezen Nafarroako Foru Komunitatearen betebeharra dela eskola-umeentzako kirola sustatzeko programak egitea, lankidetzan jardunez toki entitateekin, Nafarroako kirol entitateekin eta, hala balegokio, beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, hala nola kirol federazioekin.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Kirol Jokoen programa antolatzen eta arautzen du Nafarroako Foru Administrazioak, eskola-umeentzako kirola sustatzeko eta kirol eta kategoria bakoitzean Nafarroako txapeldunak nor diren erabakitzeko, hori baita Nafarroako txapelketa ofizial bakarra adin horietako umeentzat.
Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak Kirola Sustatzeko Atalari –Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Kirola eta Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzaren barnean dagoenari– esleitzen dio Nafarroako Kirol Jokoak bultzatu, koordinatu, kudeatu eta gainbegiratzeko eginkizuna, gehienbat eskola-umeentzako kirol programa gisa eta kirolaren balio hezitzaileak sustatzeko, kiroltasuna bereziki, Nafarroako kirol federazioekin eta toki-erakundeekin elkarlanean.
Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) programaren helburua da eskola adineko umeei kirolean parte hartzeko aukera ematea, deialdian sartzen diren kirol kategoria eta modalitate guztietan, kirolaren heziketa eta hezkuntza alderdiak nabarmenduz eta parte-hartzaileen ezaugarrietarako egokia den kirol jarduera eskainiz, integrazioa lortzeko eta kirolaren balioak sustatzeko.
Programa honetan, Nafarroan eskolatuta dauden edo bertan bizi diren kirolari guztiek hartzen ahalko dute parte, baldin eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatuta dagoen kirol klub bateko kideak badira eta kimu, haur, kadete edo gazte kategorietan badaude.
Azken hogeita hemezortzi ikasturteetan, "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko kirol programa egin da: Nafarroako eskola-umeei zuzendutako eskaintza bateratua da, non parte-hartze librea bermatu baita beti. Haren antolaketan Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuarekin elkarlanean aritzen dira Nafarroako Kirol Jokoetan dauden modalitateetako Nafarroako kirol federazioak.
Programaren aurrekontu osoa 1.650.000 eurokoa da, eta horietatik 484.927,97 euro 2025eko aurrekontuari dagozkio: 110.000 euro autobus garraiorako izanen dira, 369.687 euro kirol federazioen antolaketa gastuetarako, eta 5.240,97 euro Nafarroako Kirol Jokoen istripu-aseguruaren poliza ordaintzeko. Eta 1.165.072,03 euro 2026ko aurrekontuari dagozkio: 230.000 euro autobus garraiorako izanen dira, 2.000 euro memoriaren edizio digitalerako, 35.000 euro kirol finalen emankizunetarako, 876.326,52 euro kirol federazioen antolaketa gastuetarako, 5.190,90 euro txapelen hornidurarako, eta 16.554,51 euro NKJen dominen eta garaikurren hornidurarako.
2025eko ekainaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak baimena eman dio Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari 1.650.000 euroko urte anitzeko gastu-konpromisoa har dezan, Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoen antolamendu orokorraren gastuei aurre egiteko. Zenbateko horretatik, 484.927,97 euro 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko A50002 A5100 2269 336102 partida ekonomikoaren kargura egotziko dira: horietatik 110.000 euro dagoeneko gordeta daude autobus garraiorako, eta 5.240,97 euro, berriz, NKJen istripu-aseguruaren poliza ordaintzeko. Eta 369.687 euroko erreserba eskatzen da kirol federazioen antolamendu gastuetarako.
Era berean, 1.165.072,03 euro egotziko dira 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko A50002 A5100 2269 336102 partida ekonomikoaren kargura, edo horretarako gaitzen den antzeko partidaren edo partiden kargura: horietatik, gordeta daude 230.000 euro autobus garraiorako, 35.000 euro kirol finalen emankizunetarako, 5.190,90 euro txapelen hornidurarako, eta 16.554,51.61 euro garaikurren eta dominen hornidurarako; eta 876.326,52 euroko erreserba bat sortu behar da kirol federazioen antolamendu gastuetarako, eta 2.000 euroko beste bat NKJen memoriaren edizio digitalerako.
Azaldutakoak kontuan harturik, bidezko da Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoetarako deialdia egitea eta joko horiek arautzeko oinarrizko irizpide orokorrak finkatzea. Horrela, parte-hartzaileek eskola denboratik kanpo kimu, haur, kadete eta gazte kategorietan oro har egiten dituzten kirol jarduerak bildu eta bateratuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko txapelketa ofizial gisa.
Aurreko edizioetan ere halaxe egin da, eta oinarrizko esparrua finkaturik dago dagoeneko. Hala, joko hauetan egiten dena kirola denez gero, kirol federazioek hartu behar dute parte, esleituak dituzten eginkizunak betez.
Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuari dagokio Nafarroako Kirol Jokoen deialdia egitea, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren bidez, eta Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin batera.
Bidezkoa da, halaber, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak eta jokoetan parte hartzen duten Nafarroako kirol federazioek izenpetu beharreko akordioen testua onestea (eranskinean ageri da).
Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako XXXIX. Kirol Jokoen deialdia onestea, bai eta lehiaketa arautzen duten oinarrizko irizpideak ere, ebazpen honen I. eranskineko araudiaren arabera.
2. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren eta Nafarroako kirol federazioen artean sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua onestea, zeina ebazpen honen II. eranskinean jasota baitago.
3. 369.687 euroko gastua baimentzea kirol federazioen antolaketa gastuetarako, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko A50002 A5100 2269 336102 partidaren kargura.
4. 876.326,52 euroko gastua baimentzea kirol federazioen antolaketa gastuetarako Nafarroako Gobernuaren "Nafarroako Kirol Jokoak" izeneko A50002-A5100-2269-336102 partida ekonomikoan edo Nafarroako Gobernuaren 2026rako aurrekontuetako partida baliokidean edo baliokideetan.
5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten. Aditzera ematen da ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren kontra bidezkoa dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Ebazpen honek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak sinatu eta biharamunean hartuko du indarra, horrek galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Kirola Sustatzeko Atalera, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta haren barneko Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko uztailaren 17an.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Jorge Aguirre Oviedo.
Iragarkiaren kodea: F2509941