1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
659E/2025 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Azkoiengo industria-lurzoruaren aldaketa egituratzaileari buruz. Aldaketaren sustatzailea Azkoiengo Udala da.
Helburua da aldaketa egituratzaile batzuk egitea, hiru esparrutan:
1. esparrua: Azkoiengo udal planaren aldaketa egituratzailea, 4. banaketa-areako 6.2 azpisektorearen barruan 1. poligonoko 712. eta 1372. lurzatien sailkapena aldatzeko.
Proposamenaren helburua da 1. poligonoko 712. eta 1372. lurzatiak hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatzea eta, eraikuntzari dagokionez, antolamenduz kanpoko lurren izaera kentzea. Gainera, lurzati horiek 6.2 sektoreko AR4 banaketa-areatik aterako dira, eta, horri esker, antolamendu berri bat egin ahal izanen da, dauden beharretara hobeki egokitzen dena eta urbanizazio gastu txikiagoa izanen duena.
2. esparrua: Azkoiengo udal planaren 6.2 azpisektoreko 4. banaketa-arearen aldaketa egituratzailea.
Kasu honetan, lursail hori antolatutako lurzoru urbanizagarria izatetik antolamendurik gabeko lurzoru urbanizagarria izatera igaroko da, baina Udal Planean ezarritako determinazioak mantenduta.
Ez dira aldatzen azpisektore hori Azkoiengo hirigintza-planean sartzea bideragarri egin zuten determinazioak. Nolanahi ere, aldaketa hori egiten da antolamendua beharretara hobeki egokitu dadin (plana garatzen denean) eta urbanizazioa bideragarriagoa izan dadin.
3. esparrua: Azkoiengo udal planaren aldaketa egituratzailea, 1. poligonoko 659. eta 1181. lurzatien erabilera aldatzeko.
Azkoiengo 1. poligonoko 659 katastro-erreferentzia duen lurzatiak zuzkidura-erabilera du gaur egun, eta U3 sektoreko 6.2 azpisektorean dago.
Azkoiengo 1. poligonoko 1181 katastro-erreferentzia duen lurzatiak industria-erabilera du, eta 6.2 azpisektorean dago, 4. banaketa-arean.
Proposamenaren helburua da 659. lurzatiaren erabilera aldatzea, zuzkidura-erabilera izatetik industria-erabilerakoa izatera igaro dadin, eta, horren truke, 1181. lurzatiari zuzkidura-erabilera ematea, gaur egun industria-erabilera baitu.
Horrela, gaur egun zuzkidura-erabilera gisa kalifikatuta dagoen 659. lurzatiak industria-erabilera izanen du sektoreko gainerako lurzatiek bezala, eta, konpentsazio gisa, 1181. lurzatiak industria-erabilera izatetik zuzkidura-erabilera izatera igaroko da, aldameneko 1182. lurzatiak bezala.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar bezala egin dela, eta aldaketak ez duela ukipen nabarmenik eragiten ingurumenean.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea Azkoiengo industria-lurzoruaren aldaketa egituratzaileari buruz, ingurumenean ukipen nabarmenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Azkoiengo Udala da.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko uztailaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2509883