158. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORELLA

Udalaren kirol eremuak erabiltzeko erregelamendua. Behin betiko onespena

Udalak, 2025eko apirilaren 11ko osoko bilkura berezian onetsi zuen hasierako onespena argitaratuta, ez denez aurkeztu haren aurkako erreklamazio, kexa edo oharrik, hasierako onespen hori behin-betikotzat jotzen da eta, hortaz, argitara ematen da erregelamendua, eranskinean agertzen den bezala; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Lgearen 325. artikuluan ezarritakoarekin.

Corellan, 2025eko uztailaren 1ean–Alkatea, Gorka García Izal.

CORELLAKO UDALAREN KIROL EREMUAK ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

0. KAPITULUA.–CORELLAKO UDALAREN KIROL EREMUEN KONTZEPTUALIZAZIOA

Erregelamendu honen ondorioetarako, Corellako Udalaren kirol eremu gisa hartuko da Udalaren titulartasuneko toki bat, edo unitate bat osatzen duten zenbaitzuen multzoa, non kirolariak kirolean ari daitezkeen, eta arau honen bidez erregulatuko dena.

Horretarako, kirol eremuak bi motatan sailkatzen dira:

a) Udalaren kirol instalazioak edo kirol eremu konbentzionalak, eta

b) Kirol eremu ez konbentzionalak.

I. TITULUA.–UDALAREN KIROL INSTALAZIOAK

I. KAPITULUA.–CORELLAKO UDALAREN KIROL INSTALAZIO GUZTIEI APLIKATU BEHARREKO ARAU OROKORRAK

1. artikulua. Udalaren kirol instalazioen definizioa.

Erregelamendu honen ondorioetarako, Udalaren kirol instalaziotzat joko da udal titulartasuneko kirol eremuen multzoa, honako ezaugarri hauek betetzen dituztenak hain zuzen ere:

–Finkoak (kokapenari dagokionez).

–Iraunkorrak (ezarpen denborari dagokionez).

–Erabat giza ekintzaren bidez eraikiak (sorrerari dagokionez).

–Oro har, tasa publikoak ordaindu beharra dutenak, erabili ahal izateko.

–Erabiltzaileek egiten duten erabilera nabarmen arautu beharra.

Zehazki, eremu eta ekipamendu iraunkor hauek arautuko dira:

1) "Igerilekuak" udal kirolgunea.

2) "Miguel Induráin" kirolgunea.

3) "Ciudad de Corella" kirolgunea.

4) Ombatillo kirol hiria.

2. artikulua. Udalaren kirol instalazioen kudeaketa.

1. Erregelamendu honetan, Udalaren kirol instalazioen kudeaketa zehaztuko duten arau orokorrak eta berariazkoak ezartzen dira, herritarrek erabiltzeko erraztasunak izan ditzaten.

2. Indarra duen legedian ageri diren kudeaketa moduen arabera kudeatuko dira Udalaren kirol instalazioak.

3. Diseinatu eta eraiki ondoren, Udalaren kirol instalazioetako kudeaketa esparru elkarri lotuak zazpi hauek dira:

1.–Kirol eremuen mantentze-lanak (garbiketa, zaintza eta segurtasuna, tenperaturaren eta aireztapenaren baldintzak, irisgarritasuna, argiteria, osasungarritasuna eta eraikuntzako berrikuntzak, besteak beste).

2.–Kirol denborazkotasuna (irekita egonen diren egun eta orduak, barneko kirol jardueren denborazkotasuna, erabileren ordutegi banaketa etab.).

3.–Bertan egiten diren kirol jarduerak, bai antolatuak bai herritarrek beren kasa egiten dituztenak.

4.–Kirol rola duten pertsonak, hala kirolariak (kirola egiten dutenak) nola kirolariak ez direnak (lehenbiziko horiek kirolari izateko baldintzak sortzen dituztenak, bai Udalaren kirol antolakuntzako bai tokiko kirol antolakuntzako partaide izanik).

5.–Kudeaketarako erabiltzen diren erakunde harremanak, kontratuen, hitzarmenen edo beste formula batzuen bitartez.

6.–Baliabide ekonomikoak eta baliabide finantzarioak.

7.–Kudeaketako teknologia.

Gobernu taldeak ezarriko ditu zazpi kudeaketa esparru horietan jarduteko jarraibideak.

3. artikulua. Udalaren kirol instalazioen xedeak.

1. Udalaren kirol instalazioak, tokiko araudi indardunaren arabera, herri bakoitzeko herritarren eskubide bat dira. Horrek erakusten du interes orokorreko ondasun eta zerbitzu gisa duten garrantzia.

2. Udalaren kirol instalazioek aukera ematen dute bai herritarrek kirol jarduera beren kasa egiteko bai kirol jarduera antolatuak egiteko, erakunde edo entitate sustatzaileak zein diren alde batera utzita. Kirola egitea, oro har, tresna indartsua da herritarren osasunerako, eta hala dago jasota ezin konta ahala ikerlan zientifikotan. Horregatik, herriko funtsezko guneak dira instalazioak, herritarren osasuna sustatzeari begira.

3. Udalaren kirol instalazioetan egiten den kirol jarduerak, betiere aurrez pentsatutako kontrol didaktikoarekin egiten bada, hezkuntza ondorio desiragarria du oro har gizartearen eta bereziki herritarren kirol kulturan (balioak, jarrerak, osasun ohitura iraunkorrak, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna, etab.). Horrenbestez, instalazioak eremu garrantzitsuak dira herritarren hezkuntzan esku hartzeko, bai horiek erabiltzen dituzten ikastetxe ofizialen eskola orduetan (batez ere Gorputz Hezkuntzaren bidez, Corellaren kasuan), bai eskola orduetatik kanpo (kirol hezkuntza Udalaren edo beste entitate batzuen, adibidez kirol kluben, ekintzaren bidez).

4. Salbuespenez, Udalaren kirol instalazioetan beste kultur jarduera batzuk egiten ahalko dira, kirol jarduerez gain, haien izaera galarazten ez badute eta Corellako Udaleko organo eskudunen berariazko baimena badute.

4. artikulua. Udalaren kirol instalazioetarako erreserbak: arau orokorrak, lehentasunak eta eskaerak.

–Arau orokorrak.

1. Erreserbatu egin daitezke Udalaren kirol instalazioetako kirol eremuak, hau da, erregelamendu honetan aurreikusten direnak eta, betiere, Corellako Udalak baimentzen dituenak. Erreserba egiteko aukeraren oinarria da instalazioen erabilera demokratikoa eta horren araberako lehentasunak bermatu beharra; halaber, Udalaren kirol instalazioei ezarri zaizkien xedeak bete beharko dira.

Ezin izanen da inolaz ere erreserbatu Udalaren kirol instalazioen kirol eremu osagarririk (pasabideak, eskailerak, biltegiak etab.), Alkatetzak berariazko baimenik ematen ez badu behintzat.

2. Zilegi izanen da Udalaren kirol instalazioetarako sarrera aldi batez edo modu iraunkorrean murriztea eta, beraz, erreserbak egiteko aukera ere murriztea, bai taldeentzat bai norbanakoentzat. Murrizketa horiek arrazoituak izanen dira beti, eta ez dute inoiz bereizkeriarik ezarritako sexua, arraza, ideologia, izaera edo beste arrazoi batzuk direla eta.

–Lehentasunak.

  • Corellako ikastetxe ofizialen eskola orduetan:

3. Eskola orduetan eta Gorputz Hezkuntzako klaseetarako, Corellako ikastetxe ofizialek Udalaren kirol instalazioak edo horien barneko kirol eremuak erabiltzeko lehentasuna izanen dute, horixe aurreikusi bada Udalaren eta ikastetxe horietako titularren arteko akordioetan.

4. Hezkuntzako agintari eskudunekin lortutako akordioen mende ez dauden Udalaren gainerako kirol instalazioetarako, "eskola orduetatik kanpo" erabiltzeko ezarri den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio, jarraian agertzen den moduan. Halaber, irizpide horiexek ezarriko dira Udalaren kirol instalazioen erabilera baimentzeko Corellako ikastetxe ofizialen ordutegietan, ikasturteko uneren batean hutsik gelditzen direnean.

  • Corellako ikastetxe ofizialen eskola orduetatik kanpo:

5. Eskola orduetatik kanpo, erabilera erreserbatzeko lehentasun hurrenkera honi jarraituko zaio:

1.–Corellako Udala, bere beharretarako.

2.–Udalaren kirol instalazioetako abonatuak, irabazi asmorik gabeko tokiko kirol elkarteak (estatutupeko kirol xedea dutenak), beren ohiko jarduera Corellan garatzen badute, Corellako ikastetxe ofizialak eta irabazi asmorik gabeko elkarteak, ikastetxe horiei zuzenean atxikiak (guraso elkarteak, ikasleen elkarteak etab.).

3.–Irabazi asmorik ez duten eta kiroletakoak ez diren tokiko elkarteak, beren ohiko jarduera Corellan garatzen badute.

4.–Tokiko enpresaburuak eta Corellan bizi diren gainerako abonatu gabeak.

5.–Kanpoko enpresaburuak eta Corellatik kanpo bizi diren gainerako abonatu gabeak.

6. Udalaren kirol instalazioak ahalik eta gehien aprobetxa daitezen, Corellako Udalak zenbait alderdi kontuan hartuko ditu erabilera baimentzeko: erabiltzaileen gutxieneko bat izatea kirol eremu motaren arabera, erabiltzaileek horretarako egin ohi duten eskaera eta kirol mota, besteak beste. Betiere, Corellako Udalak Udalaren kirol instalazioetan kirol minoritarioek lekua izan dezaten sustatuko du, kontuan izanik haien kategoria, kalitatea eta eragina.

7. Corellako Udalak zilegi izanen du alde biko akordioak formalizatzea aurreko erakunde edo entitateetakoren batekin, kudeaketa egiteko edo horretan laguntzeko, urteko zenbait alditan edo zenbait urtez, Udalaren kirol instalazioren bati edo horren barneko kirol eremu bati dagokionez. Akordio horietan, kontuan izanen dira aurreko puntuan erreserbak egiteko aipatu diren lehentasunak, eta zehatz finkatuko dira erantzukizunak Udalaren kirol instalazioetako kudeaketa esparruei dagokienez, erregelamendu honetan aurreikusi baitira esparru horiek.

8. Corellako Udalak aldaketak edo neurri berriak sartzen ahalko ditu bere programazioetan edo kirol araudian berean, jarraikiz ezarrita dagoenari Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 29. artikuluan.

–Erreserba aldiak.

9. Corellako Udalarekin batera alde biko akordioren bat egin bada, akordio horietako bakoitzean ezarritakoak izanen dira erreserba aldiak.

10. Corellako Udalarekin alde biko akordiorik ez duten gainerako erabiltzaileei dagokienez (norbanakoak edo taldeak), kasuaren arabera ezarriko da eguneko gehieneko erreserba denbora. Horretarako, besteak beste, irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Kirol mota,

b) Kirol eremu mota, eta

c) Eremu horien erabiltzaileen eskaria. Izan ere, eskaria handia bada, pertsona desberdinen eguneko txandakatzea erraztuko da.

Oro har, pertsona edo talde bakoitzak egunean izan dezakeen gehieneko erreserba denbora, erreferentzia gisa hartuko dena, hirurogei minutukoa izanen da, eta aipatu diren irizpideei jarraikiz aztertuko da kasu bakoitza.

–Eskaerak.

11. Banakako edo taldeko erreserba arruntak, oro har, egunean berean eginen dira eta ez da idatzizko eskaerarik egin beharko, nahiz eta espresuki jakinarazi beharko duten Udalaren kirol instalazioko atezaintzan, kasu bakoitzean aurreikusitako bideak erabiliz, eta une horretantxe esleituko zaie ordu zehatz bat, erabilgarri dauden orduen eta lehentasunezko irizpideen arabera. Halako eskaeretan, aurkezpen hurrenkerari zorrotz jarraituz eginen da esleipena eta, beharrezkoa denean, erabiltzaileak edo taldeak aldez aurretik ordaindu beharko du instalazioak erabiltzeko tasa.

Erreserba arruntak izanen dira jarraian aipatzen diren erreserba berezietan sar ez daitezkeen guztiak.

12. Banakako edo taldeko erreserba bereziak idatziz eskatuko dira, Corellako Udalari zuzendutako eskabide formal baten bidez, hamar lanegun lehenago gutxienez. Eskaera horiek honako hauei aplikatuko zaizkie, oro har:

1) Egunean ordu bat baino gehiago erabiltzeko eskaerak, egun baterako edo zenbait egunetarako (adibidez, kirol ekitaldiak edo kirol ikastaroak, Udalak ez baizik beste entitate batzuek antolatuak),

2) Udalaren kirol instalazioen ohiko irekiera ordutegitik kanpo erabiltzeko eskaerak, eta

3) Udalaren kirol instalazioei kiroletakoak ez diren aparteko erabilerak emateko eskaerak.

Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko, Corellako Udalarekin batera alde biko akordioak dituzten entitateek ez dute eskaerarik aurkeztu beharko, nahiz eta idatziz jakinarazi beharko duten beti, Udaleko kirol teknikarien bitartez, denboraldi edo ikasturte bakoitzerako dituzten beharrak.

13. Aurreko erreserba eskaera guztietan, eskaera egiten duen pertsona (dela bere izenean dela entitate bat ordezkatuz) izanen da, azken batean, erregelamendu honetan edo aplikatu beharreko beste arau batzuetan ezarritako beharkizunak betetzearen erantzulea.

14. Bai Corellako ikastetxe ofizialen bai legez eratuta dauden eta irabazi asmorik ez duten tokiko elkarteen kasuan (kirolekoak izan edo beste mota batekoak), Udalaren kirol instalazioen edo horien barneko kirol eremuen lagapen puntualak edo urtekoak egitean ez dute inolako tasarik ordaindu beharko eremu publikoa okupatzeagatik. Ordea, horien kostuen sostengu ekonomiko egokia bideratzearren, Udalak betebehar bat ezarriko du, entitate horiekin alde biko hitzarmena eginez (aurretiazko beste akordio bat duten ikastetxeen kasuan izan ezik), hau da: bazkideen gutxieneko portzentaje behar bezala justifikatu batek aldi berean urteko edo seihileko bazkide izan beharko du kirol jarduera egiten duten instalazioan. Urte bakoitzeko zenbait hilabetez hedatzen diren erabilera jarraituetarako soilik ezarriko dira akordio horiek, eta ez urteko egun bakan batzuetako erabilera puntualetarako.

5. artikulua. Udalaren kirol instalazioak ireki eta ixteko ordutegiak eta egunak.

Udalaren kirol instalazioak ireki eta ixteko eguneko ordutegiak (egunez edo gauez), baita urtean jendearentzat irekita dauden aldiak ere, Alkatetzak erabakiko ditu urtero, ikusten dituen behar eta eskaerekin bat.

Gainera, Alkateak instalazioak aldi baterako ixtea erabakitzen ahalko du, ezustean, horretarako arrazoiak daudenean. Neurri horren norainokoaren berri emanen du aurretiaz, lehenbailehen.

6. artikulua. Babesletza eta erabiltzaileentzako informazioa Udalaren kirol instalazioetan.

–Babesletza:

1. Erregelamendu honen ondorioetarako, babesletza gisa hartuko da Corellako Udalaren esku-hartzea duen negozio juridikoa, zeinean sektore pribatuak herriko kirolaren alde egindako ekarpen ekonomikoa baitago, irudiaren, markaren edo zerbitzuen zabalkundea egiteko, edo babeslearen onurarako erabakitako beste edozein itzulkinetarako.

2. Babesletza bi motatakoa izan daiteke: babesletza publizitarioko kontratua edo babesletza publizitarioko hitzarmena.

Babesletza publizitarioko kontratua kontratu pribatu bat da, kontratazio publikoaren arloan dagokion legedia indardunari lotua, eta horren bitartez Corellako Udalak kontraprestazio zuzen bat jasotzen du bere eskumeneko ekintza esparruetan (udal kirola edo Udalaren kirol instalazioak).

Babesletza publizitarioko hitzarmena hitzarmen administratibo bat da, kontratazio publikoaren arloko legedia indardunetik kanpokoa, eta horren bitartez Corellako Udala sektore pribatuarekin lankidetzan aritzen da bere eskumen zuzenekoak ez diren ekintza esparruetan, hau da, eskumenekoak ez izan arren herriarentzat interes orokor justifikatua dutenetan eta herritar guztiek erabil ditzaketenetan (tokiko kirola eta Udalarenak ez diren kirol instalazioak, halako izaera izan dezaketenak).

Batzuetan, Udalaren partaidetza duten babesletza akordioek (hala kontratuek nola hitzarmenek) izan dezaketen edukia beste akordio zabalago batzuen barnean sar daiteke, betiere haren erregulazio juridikoa mantenduz eta dokumentazio administratiboaren atomizazioa saihesteko xedez entitate berarekin eratzen diren lotura formaletarako.

3. Babesletza kontratu edo hitzarmenak gauzatzeko, Corellako Udalak publizitatea jartzea baimendu ahalko du (finkoa/mugikorra, unean unekoa/iraunkorra, eta edozein euskarritan), baldin eta edukiak eta euskarriak legedia indarduna betetzen badute arlo hauetan: indarkeriarik eza, segurtasuna, bereizkeriarik eza, irudi sexistarik ez erabiltzea eta abar.

–Erabiltzaileentzako informazioa.

4. Corellako Udalak panelak edo berariazko toki batzuk izanen ditu Udalaren kirol instalazioen barnean, erabiltzaileei argibideak eta/edo azalpenak emateko.

5. Bestelako tokietan, horretarako berariaz gaituetan, kirolari lotutako kartelak edo oharrak soilik jartzen ahalko dira eta, salbuespenez, tokikoentzat interes nabarmena duten ekintzei buruzkoak.

Edonola ere, partikularrek ezin izanen dituzte iragarkiak jarri (zerbait saltzeko iragarkiak, alokairuei buruzkoak edo argibide pribatuak edo irabazi asmoko argibideak).

7. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzeko mugak eta debekuak.

1. Norbanakoei Udalaren kirol instalazioetan sartzeko eta haiek erabiltzeko mugak ezartzen ahalko zaizkie, legezko arauan edo erregelamendu honetan ezarritakoa betetzen ez den kasuetan. Bereziki, aurrekoarekin bat, sarrera debekatuko zaie honelakoak sartzen saiatzen direnei:

a) Edukiaren edo esanahiaren bidez indarkeria edo xenofobia eragin dezaketen pankartak, sinboloak, ikurrak edo hitzak.

b) Armak edo arma gisa erabil daitezkeenak.

c) Bengalak edo su artifizialak.

d) Erabiltzaileentzat arriskutsutzat jotzen diren eta/edo erregelamendu honetan halakotzat jotzen diren gauzak edo tresnak.

2. Udalaren kirol instalazioetan eta horien barneko kirol eremuetan sartzerakoan mugak izanen dira erabiltzaileentzat, gehienez onartzen den aforoaren arabera.

3. Udalaren kirol instalazioetako eremuetan, gehienbat eremu osagarrietan, non sexuaren arabera bereizitako sarrera dagoen, ezin izanen dira beste sexuko pertsonak sartu.

4. Ezin izanen dira mugitzeko baliabide handiak sartu, motordunak izan ala ez, horretarako berariaz gaituta ez dauden eremuetan, desgaitasunen bat dutenen aulkiak haurren orgatxoak izan ezik.

5. Ezin izanen da animaliarik sartu, kirol jardueretan erabili behar direnak izan ezik, gidazakurrei buruz indarra duen araudian ezarritakoa salbu.

6. Ezin izanen dira sartu higiene eskasa agertzen duten pertsonak (usain txarra, arropa zikinak eta abar), ustez edo ziurtasun osoz eritasun kutsakorrak edo bestelakoak dituztenak, eta beste patologiaren baten ondorioz, Corellako Udalaren iritziz, erabiltzailearen batera instalazioak erabiltzen ari diren gainerako pertsonena arriskuan jar dezakeen edonor.

7. Erabiltzaileei Udalaren kirol instalazioetan sartzea mugatu edo debekatzen ahalko zaie dagokien tasa ordaintzen ez dutenean, edo sarrera mugatu edo debekatzen dien zehapenen bat jaso dutenean erregelamendu honen zehapen araubideari jarraikiz. Pertsona batek ezin dio bere abonua beste bati utzi.

8. Udalaren kirol-instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arauak onartzea.

8. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak Udalaren kirol instalazioetan.

1. Erregelamendu honen ondorioetarako, Udalaren kirol instalazioetan izan beharreko kiroleko oinarrizko jarrera etikotzat jotzen dira nahitaezkoak eta desiragarriak diren jokabide eta aldarteak, bai Udalaren kirol instalazioak kudeatzen dituzten langileengan bai bertaratzen diren erabiltzaileengan espero direnak.

2. Udalaren kirol instalazioak kudeatzen dituzten langileek erregelamendu honetan eskatzen diren kiroleko oinarrizko jarrera etikoak kontrolatuko dituzte eta bete daitezen begiratuko dute. Gizabidez eta zuzentasunaren oinarrizko arauei jarraituz jokatuko dute, gainerako erabiltzaileei eta jendeari oro har begirunea izanen diete, ez dute keinu eta hitz gordin edo itsusirik ez oihurik eginen eta indarkeriazko jarrerak baztertuko dituzte. Corellako Udalak ez du onartuko inolako sexu-erasorik.

3. Erabiltzaileek ezin izanen dute ezkutuko kirol jarduerarik antolatu, herrian kirol zerbitzuak ematen dituztenei (Udala barne) bidegabeko lehia egiten badiete. Hona hemen zenbait irizpide, besteak beste eta denak batera hartuta ezkutuko jarduera bat agerian jartzeko balio dutenak:

a) Pertsona bat edo batzuk kirol teknikari gisa ikasleen talde erregular batekin egunero edo astero biltzea eta maiztasun hori nabarmena izatea (adina zein den gorabehera),

b) Begien bistakoa izatea ezkutuko kirol teknikari gisa erabiltzen den pertsonak edo pertsonek kirol jarduera bat zuzentzeko prestakuntza gaitasun nahikoa dutela, eta

c) Begien bistakoa izatea erabiltzaileen talde nahiko uniformea dagoela ezkutuko monitorearekin batera Udalaren kirol eremuetara joan ohi dena.

4. Instalazio horien erabiltzaileek kiroleko oinarrizko jarrera etikoak izan beharko dituzte, erregelamendu honen I. tituluan ("Udalaren kirol instalazioak") ezarritako moduan.

9. artikulua. Galdutako gauzak.

Corellako Udalak ez du erantzukizunik izanen Udalaren kirol instalazioetan gauzak galtzen direnean erabiltzailearen axolagabekeria edo ahaztea dela eta. Erabiltzailearen gauzen segurtasunean laguntzeko, zaindegi eremuak edo bitartekoak jartzen ahalko lirateke.

Instalazioen erabiltzaileak nahitaezkoa izanen du bere gauzak eremu horietatik egunean eramatea, eta Corellako Udalak ez du horiek denbora gehiago gorde beharrik edo erabiltzaileak berreskuratzeko gorde beharrik izanen.

Edonola ere, galdutako gauzak edo zaindegi eremuetatik egunean eramaten ez direnak, Corellako Udalak kirol instalazioetan pilatu ahal dituenak, jaso eta gutxienez ere hiru hilabete igarotakoan Udalaren Gizarte Zerbitzuetara bideratu ahalko dira, ongintzarako.

10. artikulua. Osasun estaldura.

1. Corellako Udalak ez du erantzukizunik izanen bere kirol instalazioetan kirolean aritzean sortzen diren istripuetan, bere zabarkeriaren ondorioz zalantzarik gabe eta legearen arabera egozten ahal zaizkionetan izan ezik.

Alde horretatik, parte-hartzailearen erabateko erantzukizuna da kirolean aritzeko prestakuntza fisiko eta psikikoa izatea, bai eta kirolean aritzeak osasunarentzat izan ditzakeen arriskuak bere gain hartzea ere. Kirolean aritzea osasunarentzat ona izan daitekeen arren, medikuaren oniritzia izatea gomendatzen da, kirolariak kirola egitearen kontrako inguruabar pertsonalen bat duen jakiteko.

2. Udalaren kirol instalazioek botikina izanen dute zauri arinei kasu egiteko edo sendaketa txikiak egiteko. Halaber, Corellako Udala saiatuko da instalazioak desfibriladore erdiautomatikoz hornitzen eta bertan izaten diren langile iraunkorrei horiek erabiltzeko prestakuntza ematen.

II. KAPITULUA.–UDALAREN KIROL INSTALAZIOEN ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK

11. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzea eta haiek erabiltzea.

1. Erabiltzailea, banaka edo taldeka, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea izanen du, betiere erregelamendu honetan edo hori garatzen duten arau partikularretan ezartzen denarekin bat, honako alderdi hauei dagokienez: erreserbatu eta erabiltzeko arauak, sartzeko debekuak edo mugak, oinarrizko jarrera etikoak, irekitze orduak eta sartzeko tasak, besteak beste.

2. Erabiltzaileek ezin izanen dituzte Udalaren kirol instalazioak modu esklusiboan erabili. Alde horretatik, denak sarrera libre, partekatu, txandakako eta borondatezkoak izan daitezke, berdintasunezko eta inolako bereizkeriarik gabeko baldintzetan eginik beti.

3. Udalaren kirol instalazioetan sartu eta haiek erabiltzeko tasak ordaintzeak ez du eskubiderik sortzen erabiltzaileak instalazio horietan barruti mugatuak edo komeni zaizkion aldaketak egiteko, Corellako Udalak berariazko baimena eman ezean.

12. artikulua. Udalaren kirol instalazioen kudeaketan parte hartzea.

Erabiltzaileek Udalaren kirol instalazioen kudeaketan parte hartzeko eskubidea dute, iradokizun, ideia, erreklamazio edo bestelako ekarpenen bidez.

Parte-hartze hori idatziz egitea komeni da, Udalak instalazioetan bertan dituen baliabideak (iradokizunetarako buzoiak) eta Udalaren kirol eskaintzan daudenak (gogobetetasunari buruzko inkestak) erabiliz, bai eta baliabide telematikoak erabiliz edo kudeaketaz arduratzen diren teknikariekin edo politikoekin aurrez aurreko elkarrizketa edo elkarrizketa birtuala hitzartuz ere.

13. artikulua. Udalaren kirol instalazioei buruzko informazioa.

1. Erabiltzaileek eskubidea dute honako alderdi hauei buruzko argibideak eskatzeko eta jasotzeko:

a) Instalazioetako kirol jardueren eskaintza, haien prezio publikoak eta ematen dituztenen titulazioa,

b) Erregelamendu hau eta erregelamendua garatzeko arauak,

c) Irekitzeko eta ixteko ordutegiak.

d) Eguneroko erabileraren egutegia, hurrengo egunetarako erabilgarri izatearen aurreikuspenarekin batera, eta

e) Legearen arabera jakinarazi daitekeen eta/edo behar den beste edozein informazio ere, segurtasunaren edo osasungarritasunaren ingurukoa, besteak beste.

2. Udal kirolaren erabiltzaileek hezkuntza-kirolerako eskubidea ere izanen dute, hau da, inskribatzen direneko jardueraren irakaskuntza plana eskura izateko eskubidea.

3. Erabiltzaileek eskubidea dute Udalaren kirol instalazioetako Zerbitzuen Gutuna izateko, hau da, jendeak ikus dezakeen dokumentu bat, zeinaren bidez Corellako Udalak herritarrei informazioa ematen baitie eskaintzen diren zerbitzuei buruz, bai eta instalazioetan ahalik eta kalitaterik handiena mantentzeko borondatez hartzen diren konpromisoei buruz ere.

14. artikulua. Kudeaketan parte hartzen duten langileen kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

Udalaren kirol instalazioen kudeaketan parte hartzen duten langileek tratu zuzen eta begirunezkoa eman behar diete erabiltzaileei. Halaber, erregelamendu honen arabera dauzkaten eskubide eta betebehar guztien berri ere eman diezaiekete.

15. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan abonatu txartela izatearen abantailak.

1. Abonatu txartela eta hari lotutako onurak pertsonalak eta besterenezinak dira.

2. Udalaren kirol instalazioetako abonatuek kuota murriztua izanen dute Udalaren kirol eskola eta ikastaroetarako izena ematerakoan. Era berean, beste abantaila fiskal batzuk ere izan ditzakete, komenigarritzat jotzen bada, Udalaren kirol marketin moduan.

3. Abonatuak egoera abantailatsuan egonen dira, beste erabiltzaile batzuen aldean, Udalaren kirol instalazioetan erreserbak egiteko, erregelamendu honetan ezarritako lehentasun irizpideei jarraikiz.

4. Abonatuek Udalaren kirol instalazioetako kirol materiala erabiltzen ahalko dute, Alkatetzaren baimena izanez gero eta Alkatetzak ezarritako egoera eta baldintzetan, betiere material hori instalazioetatik ateratzen ez bada eta kirolerako soilik erabiltzen bada.

16. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Erabiltzaileek eskubidea izanen dute txartelak tramitatu edo Udalaren kirol eskaintzan inskribatzeko ematen dituzten datu pertsonalak babestu daitezen, indarra duen legerian ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA.–UDALAREN KIROL INSTALAZIOEN ERABILTZAILEEN BETEBEHARRAK

17. artikulua. Betebehar orokorrak.

1. Udalaren kirol instalazioak ezarri diren xedeetarako erabiltzea, erregelamendu honetan eta erregelamendua garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera. Alde horretatik, langile baimenduek arau horiek aplikatzean jakinarazten dizkieten jarraibideak bete beharko dituzte.

2. Sarrera izateko tasa publikoak betetzea, eta langile baimenduek instalazioan eskatzen dietenean frogatzea.

3. Indarra duen legerian ezarritako beste edozein betebehar, edo Alkatetzak ezartzen dituenak Udalaren kirol instalazioen erabilera egokia arautzeko.

18. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

1. Behar bezala erabiliko dira Udalaren kirol instalazioak, ekipamendua eta bertako kirol jardueretan erabiltzen den kirol materiala. Axolagabekeriaz edo nahita eragiten den edozein kalte haren erantzulearen edo erantzuleen kontura izanen da.

2. Debeku da baloi, pilota, irristailu, bizikleta eta bestelako tresnekin jostetan edo lasterka ibiltzea aldagela, korridore, harmaila eta atsedenlekuetan, beste kirol eremu osagarri batzuetan eta erregelamendu honek instalazio bakoitzerako ezarritako arau berariazkoetan zehazten diren kirol eremuetan. Erabiltzeko ordutegi finkoa duten kirol eremuetan, denbora amaitu eta gero alde egin beharko da, bertan geratzeko baimena eskuratu ezean.

3. Debeku da Udalaren kirol instalazioetan eta barneko kirol eremuetan hesi, horma edo itxituretara igotzea edo beste aldera jauzi egitea.

4. Debeku da tabernatik kanpo beirazko ontziak edo hautsiz gero erabiltzaileei kalte egin diezaieketen ontziak eduki edo erabiltzea.

5. Udalaren kirol eskola eta ikastaroetan eta Corellako Udaleko Kirol Zerbitzuak antolatzen dituen gainerako jardueretan, laguntzaileek adierazten zaien tokian egon beharko dute, kirola egiten den barrutiaren kanpoaldean, edo, itxiturarik ez badago, berariaz egokitutako tokietan.

6. Debeku da listu egitea, edozein motatako likidoak isurtzea eta edozein hondakin lurrera botatzea (txikleak, poltsak, zigarrokinak, fruitu lehorren azalak, paperak, pilak, etab.). Horretarako zakarrontziak eta berariaz atondutako tokiak erabili behar dira.

7. Berariaz kirola egiteko ezarri diren kirol eremuak erabili nahi direnean, kirol arropa egokia jantzita ibili beharko da beti (arropa, oinetakoak edo eremu motaren arabera beharrezkoa den beste edozein osagarri). Ez da zilegi aldageletatik kanpo jantzi edo eranztea, ez eta takodun edo takoidun oinetakoekin sartzea horretarako prestatuta ez dauden kirol zoladuretan.

8. Beste erabiltzaile guztien eta instalazioko langileen eskubideak errespetatuko dira.

9. Udalaren kirol instalazioetan atzematen diren egiturazko akats edo anomaliak Corellako Udaleko Kirol Zerbitzuko langileei jakinaraziko zaizkie, horretarako berariaz ezarritako bideez baliaturik.

10. Erabiltzaileek ezin dituzte Udalaren kirol instalazioen elementuak manipulatu Alkatetzak edo, bestela, Udaleko kirol teknikariak edo instalazioko atezainak horretarako berariazko baimena eman ezean.

11. Erabiltzaile guztiek abonatu txartela eduki behar dute edo, bestela, sarrera ordaindu dela frogatzeko agiria. Debeku da abonatu txartela ematea abonatuta ez dagoen pertsona bati. Instalazioko atezainak edo arduradunak frogagiria erakusteko eskatu ahal izanen dio erabiltzaileari, edozein unetan. Erakutsi ezean, ezarritako tasa publikoa ordainarazi ahalko zaio. Hori egiten ez badu, zehapena ezartzen ahalko zaio erregelamendu honen arabera, eta sarrera aldi baterako galarazi.

12. Debeku da Udalaren kirol instalazioen barnean erretzea, indarra duen legeriak aurreikusten dituen baldintzetan.

13. Debeku da kirola egiteko erabiltzen diren eremuetan jatea, baita eremu osagarrietan ere, espresuki baimentzen ez bada.

14. Erabiltzaileek puntualtasunez errespetatuko dute instalazioak erabiltzeko erreserbatua duten edo eman zaien denbora, baita Udalaren kirol instalazioak ireki eta ixteko ordutegiak ere.

Ixteko orduan erabiltzaile guztiak atera ahal daitezen, instalazioko langile baimenduek eskatutako aurrerapenez utzi beharko dituzte instalazioak erabiltzaileek.

15. Txukuntze pertsonala (garbitu, orraztu eta abar) aldagelen eremuan baizik ez da eginen.

16. Udalaren kirol instalazioetako kirol ekipamendua eta materiala eta beste erabiltzaile batzuen gauzak lapurtzea erabat debekatuta dago.

17. Debeku da pertsonen integritatea kaltetzen duen jarrera sexista oro (exhibizionismoa, sexu-erasoak eta abar).

IV. KAPITULUA.–"IGERILEKUAK" UDAL KIROLGUNEKO ARAU BEREZIAK

19. artikulua. "Igerilekuak" udal kirolgunearen definizioa.

"Igerilekuak" udal kirolgunea Udalaren kirol instalazio bat da, kirol eremu eta eremu osagarri batzuez osatua, igeri egiteko lekuekin batera, denak biltzen dituen itxitura perimetral baten barnean. Zehazki, erregelamendu honetan berariaz arauturik, eremu horiek honako hauek dira:

–Kirola egiteko eremuak:

  • Plisti-plasta ibiltzeko igerileku estali gabea.
  • Igeri egiten erakusteko igerileku estali gabea.
  • Jostetarako igerileku estali gabea.
  • Haurren jolastokia.
  • Estali gabeko bi tenis pista.
  • Erdiestalitako bi padel pista.
  • Pilotaleku handi erdiestalia eta pilotaleku txiki estali gabea.
  • Hondartzako kirolen eremua.
  • Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

–Kirol eremu osagarriak:

  • Belarguneak.
  • Aldagelak eta komunak.
  • Biltegiak.
  • Ostatua eta terraza eremuak.
  • Iraganguneak.
  • Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

20. artikulua. Sartzeko muga bereziak, aforoa dela eta.

1. "Igerilekuak" udal kirolguneko kirol eremuetan sartzeko muga berezi batzuk ezarriko dira gehieneko aforoa dela eta; hots, aldi berean gehienez egon daitezkeen erabiltzaileen kopurua dela eta. Edonola ere, indarra duen araudia beteko da, nahiz eta Corellako Udalak eskubidea izanen duen gehieneko legezko aforoak murrizteko, zerbitzuaren kalitatearekin zerikusia duten alderdiei egoki erantzutearren.

2. Orokorrean, "Igerilekuak" udal kirolguneko zenbait kirol eremutako aforoaren gehienekoak honela kalkulatuko dira:

a) Igeri egiteko ontzi bakoitzean, gehieneko aforoa formula honen bidez kalkulatuko da: bainulari bat urguneko 2 m²-ko.

b) Pilotaleku handi eta txikian, gehieneko aforoa (kirolerako denean) formula honen bidez kalkulatuko da: erabiltzaile bat kirol azalera erabilgarriko 20 m²-ko.

c) Tenis pista bakoitzean, gehieneko aforoa (kirolerako denean) honela kalkulatuko da: zortzi erabiltzailetik hamarrera bitarte aldi berean.

d) Padel pista bakoitzean, gehieneko aforoa (kirolerako denean) honela kalkulatuko da: gehienez sei erabiltzaile aldi berean.

e) Belarguneetan, gehieneko aforoa: 4 m² pertsonako.

f) Haurrentzako parke bakoitzean, gehieneko aforoa: gehienez ere hogei haur bakoitzean.

g) Ostatuaren barnealde estalian, gehieneko aforoa: 1 m² pertsonako.

21. artikulua. Erabiltzaileen berariazko tipologia, kirol eremu jakin batzuetan.

–Plisti-plasta ibiltzeko igerileku estali gabea:

Sei urtetik beherakoek erabili ahal dute, adin nagusiko norbait lagun dutela, haien ardura har dezan.

–Igeri egiten erakusteko igerileku estali gabea:

1. Orokorrean, sei urtetik hamabi urtera bitarteko bainularientzat da, oraindik jostetarako igerilekuan beren kasa ibiltzeko gauza ez direnentzat, oina hondoan jartzea hobe dutela.

2. Sei urtetik hamabi urtera bitarteko adingabeentzat, oraindik uretan beren kasa ibiltzeko gauza ez direnentzat, gomendatzen da uretan daudenean adin nagusiko norbait ondoan izatea, betiere pertsona hori uretan ongi moldatzen bada eta/edo hondoa oinekin ukitzen badu.

–Jostetarako igerileku estali gabea:

3. Orokorrean, hamabi urte baino gehiago izan eta uretan behar bezain ongi moldatzen direnentzat da.

–Haur parkeak:

4. Hamabi urtetik beherakoentzat soilik. Sei urtetik beherakoen kasuan gomendatzen da adin nagusiko norbait lagun izatea, haien ardura har dezan.

–Tenis pista estali gabeak eta padel pista erdiestaliak:

5. Orokorrean, sei urtetik gorakoentzat.

–Pilotaleku handi erdiestalia:

6. Orokorrean, hamabi urtetik gorakoentzat. Salbuespenez, sei urtetik hamabi urtera bitartekoek erabil dezakete, kirol eremuan pertsona nagusiagorik ez badago, baita aldi batez pilotaleku txikian sartu edo bertatik irteteko ere.

–Pilotaleku txiki estali gabea:

7. Orokorrean, sei urtetik hamabi urtera bitartekoentzat.

–Hondartzako kirolen eremua:

8. Orokorrean, sei urtetik gorakoentzat.

22. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

–Igeri egiteko lekuetarako (plisti-plasta ibiltzeko, irakasteko eta jostetarako eremuak):

1. Nahitaezkoa da bainujantzia erabiltzea. Alde horretatik, ezin izanen da uretan sartu gorputzari itsatsia ez dagoen eta bainujantzi gisa erabiltzen ez den edozein arroparekin (kamisetak, jertseak, galtzerdiak, txanoak, barneko arropa, etab.), medikuak aginduta ez bada, eta sei urtetik beherakoak salbu.

Debeku da belaunetik beherako bainujantziak erabiltzea. Neoprenoa erabiltzea baimenduta dago soilik igeriketako ikastaroetan.

2. Nahitaezkoa da bainurako txanoa erabiltzea, higieneagatik eta osasungarritasunagatik.

3. Nahitaezkoa da bainu eremuetan sartu aurretik dutxatzea, higieneagatik eta osasungarritasunagatik, eta digestio-etendurak saihesteko neurri gisa. Bainua hartu ondoren ere gomendatzen da dutxatzea.

4. Kloroaren aurkako betaurreko txikiak ere erabiltzen ahalko dira begiak babesteko.

5. Salbuespenez, ikusmena hobetzeko betaurrekoak erabiltzen ahalko dituzte ikusmeneko urritasun handia dutenek, baldin eta buruari ongi lotuta badaude eta hausteko zaila den material batez egindakoak badira. Betiere, lentillak erabil daitezke.

6. Plisti-plasta ibiltzeko edo igeri egiten ikasteko igerilekuan soil-soilik (erabiltzailea uretan behar bezain ongi moldatzen ez bada eta sorosleak ontzat ematen badu), oso handiak ez diren materialak erabiltzen ahalko dira ur gainean egoteko, hala nola flotagailuak, burbuilak edo mahukak, gorputzari ongi lotuta badaude.

7. Segurtasun arrazoiengatik, eta behar bezala baimendutako prestakuntza jardueretarako edo ekitaldietarako izan ezik, ezin izanen dira erabili jokoetako, atsedeneko kirol materialak, edo kirol batzuetako berariazko materialak, hala nola pilotak, baloiak, ur globoak, urpekaritzako ekipamendua, ur gainean egoten laguntzeko edozein tamainatako materiala, gorputzari itsatsita ez dagoena, hegalak, etzaulkiak etab.

8. Debeku da abiada hartuta, atzeraka edo airean bueltaka uretara salto egitea.

9. Ekaitza denean, bainulariek igerilekuetatik atera beharko dute, eta atezainak edo sorosleek emandako aginduak bete.

10. Igerilekuen inguruan mugatuta dauden eremuen barnean ezin izanen da oinetakoekin sartu, txankletak izan ezik, ezta bainujantzi gisa erabil ezin daitekeen beste inolako arroparekin ere. Salbuespenez, desgaitasunen bat edo behar bezala frogatutako inguruabar pertsonalen bat duten erabiltzaileen kasuan, bainu eremuan arroparen edo gauzaren batekin sartzen ahalko dira, sorosleak ontzat emanda (gurpil aulkiak, makuluak, fotosentsibilitate handia duten erabiltzaileentzako arropa bereziak, etab.).

11. Igerilekuen inguruko eremu mugatuak ezin izanen dira erabili atsedengune gisa, bertan aldi batez egoteko bainatzeko asmorik gabe edo baimendu gabeko oinetakoekin pasatzeko.

12. Igerilekuen eta hondartzen eremuan, debeku da janaria eta edaria sartzea, bai eta haurtxoan orgak sartzea ere.

–Haurrentzako parkeetarako:

13. Ezin izanen da inolako kirol materialik sartu parkeen barnean jostetan aritzeko (pilotak, baloiak, ur globoak, mahai jokoak, jostailuzko motorrak, etab.).

14. Ezin izanen da inolako kirol materialik edo atsedenerako gauzarik sartu (hamakak, aulkiak, etzaulkiak, eguzkitakoak, etab.).

–Tenis pista estali gabeetarako eta padel pista erdiestalietarako:

15. Ezin izanen da inolako kirol materialik sartu jokoan aritzeko kirol eremu horietako kiroletan erabiltzekoa ez bada berariaz (baloiak, ur globoak, mahai jokoak, jostailuzko motorrak, etab.).

16. Ezin izanen da inolako kirol materialik edo atsedenerako gauzarik sartu (hamakak, aulkiak, etzaulkiak, eguzkitakoak, etab.), kirol jardunaldi batzuetan espresuki baimenduak izan ezik eta, edonola ere, ingurune hurbilaren barnean erabili beharko direla.

17. Eremu horietan ezin izanen da sartu kirol oinetako egokirik gabe. Hala, erabat debekatuta dago bainu eremuetako oinetakoekin (adibidez txankletekin) sartzea jokoan aritzeko.

–Pilotalekuetarako:

18. Ezin izanen da inolako kirol materialik sartu jokoan aritzeko kirol eremu horietako kiroletan erabiltzekoa ez bada berariaz (baloiak, ur globoak, mahai jokoak, jostailuzko motorrak, etab.).

19. Ezin izanen da inolako kirol materialik edo atsedenerako gauzarik sartu (hamakak, aulkiak, etzaulkiak, eguzkitakoak, etab.), kirol jardunaldi batzuetan espresuki baimenduak izan ezik.

20. Eremu horietan ezin izanen da sartu kirol oinetako egokirik gabe. Hala, erabat debekatuta dago bainu eremuetako oinetakoekin (adibidez txankletekin) sartzea jokoan aritzeko.

–Belarguneetarako:

21. Etzaulkiak, hamakak eta hondartzako aulkiak sar daitezke oso handiak ez badira, instalazioko aforoak uzten badu (4 m² gehienez erabiltzaile bakoitzeko) eta sarreretako pasabideetan jartzen ez badira. Era berean, Corellako Udalak berariazko baimena eman ezean, eta gehieneko aforoa zainduz betiere, ezin izanen dira sartu mahaiak, kanpadendak (haurrentzako iglu formako txikiak, eguzkitik babestekoak, izan ezik) edo edozein eratako eguzkitakoak.

22. Belarguneak atseden hartzeko dira eta ez jostetan aritzeko. Hori hala, ezin izanen da inolako kirol materialik erabili jostetan aritzeko, baldin eta gauzak (pilotak, baloiak, ur globoak, etab.) jaurtitzea badakarte edo, bestela, erabiltzailea material horiekin batera mugitzea (jostailuzko motorrak, patineteak, etab.), edo oso handiak badira –4 m² baino gehiago erabiltzaileko– (igerilekuak edo beste edozein gauza puzgarri, boleiboleko ekipamendu eramangarria, etab).

23. Haurtxoen orgak eta minusbaliatuen gurpil aulkiak sartzen ahalko dira, baina sarreretako pasabideetan ez jartzen saiatu beharko da.

24. Belarguneak ezin dira piknikgune gisa erabili, eta zilegi izanen da, soilik, produktu txikiak jan eta edatea, hondarrak lurrera botatzen ez badira. Piknikgune baimendu bakarrak ostatukoak izanen dira.

25. Ezin da beirazko edalontzi edo botilekin sartu, hautsiz gero arriskutsuak izan baitaitezke erabiltzaileen segurtasunerako.

26. Belargunean Corellako Udalak jarritakoa den ekipamenduak horretarako ezarritako eremuan egon beharko du.

27. Debeku da belarguneetan oinetakoak (bainukoak ez direnak) modu jarraituan erabiltzea eta belarra hondatzen duen edozer egitea.

–Ostaturako eta terraza eremuetarako:

28. Debeku da mahaiak norberarentzat hartuta edukitzea mahaian inor egon gabe.

29. Otorduetarako ohiko orduetan jantokiko mahaiak erabiltzeko lehentasuna izanen dute bertan jan nahi dutenek, bestelakoetan (mahai jokoak etab.) aritu nahi dutenen aldean.

30. Ostatuko altzariak (mahaiak, aulkiak, etab.) establezimendu horretan soilik erabiliko dira, berendako atondutako aldeetan. Altzari horiek ezin izanen ditu inork bere piknika egiteko edo bere onurarako erabili, eremu eta altzari horien kontzesioa dutenen baimenik gabe.

–Iraganguneetarako:

31. Erregelamendu honen ondorioetarako, iragangunetzat hartuko dira kirola egiteko erabiltzen diren eremuetara eta eremu osagarrietara sartzeko eta haietatik ateratzeko nahitaez zeharkatu behar diren tokiak.

Toki horietan ezin izanen da utzi bidean traba egiten duen deus (poltsak, aulkiak, hamakak eta abar).

V. KAPITULUA.–"MIGUEL INDURÁIN" KIROLDEGIKO ARAU BEREZIAK

23. artikulua. "Miguel Induráin" kiroldegiaren definizioa

"Miguel Induráin" kiroldegia Udalaren kirol instalazio bat da, kirol eremu eta eremu osagarri batzuez osatua, denak biltzen dituen itxitura perimetral baten barnean. Zehazki, erregelamendu honetan berariaz arauturik, eremu horiek honako hauek dira:

–Kirola egiteko eremuak:

  • Auzo-aretoa.
  • Bi sauna (emakumezkoena eta gizonezkoena).
  • Erabilera anitzeko kirol areto edo gimnasio bat. Alde batean muskulazio makinak daude eta beste aldean aretoko kirol jarduerak egiten dira.
  • Rokodromoak (barnekoa edo boulder aretoa eta kanpokoa edo bide luzeena).
  • Kirol jardueretarako areto bat.
  • Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

–Kirol eremu osagarriak:

  • Aldagelak eta komunak.
  • Auzo-pistaren harmailak.
  • Biltegiak.
  • Taberna.
  • Bilera gela.
  • Iraganguneak.
  • Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

24. artikulua. Sartzeko muga bereziak, aforoa dela eta.

"Miguel Induráin" kiroldegiko kirol eremuetan sartzeko muga bereziak ezarriko dira gehieneko aforoagatik, hau da, aldi berean batera gehienez egon daitezkeen erabiltzaileen kopuruagatik. Edonola ere, indarra duen araudia beteko da, nahiz eta Corellako Udalak eskubidea izanen duen gehieneko legezko aforoak murrizteko, zerbitzuaren kalitatearekin zerikusia duten alderdiei egoki erantzutearren.

Orokorrean, "Miguel Induráin" kiroldegiko kirol eremuetako aforoaren gehieneko balioak honela kalkulatuko dira:

a) Auzo-aretorako, gehieneko aforoa (kirola egiteko denean) formula honen bidez kalkulatuko da: erabiltzaile bat kirol azalera erabilgarriko 20 m²-ko.

b) Auzo-aretoko harmailetarako, gehieneko aforoa laurehun eta hogeita hamalau eserlekukoa izanen da.

c) Sauna bakoitzerako, gehieneko aforoa lau pertsona aldi berean.

d) Erabilera anitzeko kirol aretorako, gehieneko aforoa (kirola egiteko denean) formula honen bidez kalkulatuko da: erabiltzaile bat kirol azalera erabilgarriko 2 m²-ko.

e) Barneko rokodromorako edo boulder aretorako, gehieneko aforoa hamaika pertsona aldi berean izanen da, eta kanpoko rokodromorako edo bide luzeetarako, berriz, sei pertsona, bai eskalatzaileak bai behean ziurtatzen egoten direnak barne.

f) Ostaturako, gehieneko aforoa pertsona bakoitzeko 1 m² izanen da.

25. artikulua. Erabiltzaileen berariazko tipologia, kirol eremu jakin batzuetan.

–Auzo-aretoa:

1. Ez da ezarri sartzeko adin mugarik, baina sei urtetik beherakoek adin nagusiko pertsona bat izan beharko dute ondoan nahitaez, haietaz ardura dadin.

2. Oro har, eta aretoko sarrera demokratizatzen laguntzeko, zilegi da 16 urtetik beherakoei sarrera mugatzea 20:00etatik aurrera.

–Saunak eta gimnasioko gelak:

3. Eremu horiek arduragabe erabiltzeak erabiltzaileei sortzen ahal dien arriskua dela eta, hamasei urtetik gorakoentzat izanen dira oro har. Salbuespenez, hamalau-hamabost urtekoek ere erabiltzen ahalko lituzkete, baina aldi berean adin nagusiko batek lagunduta eta gainbegiratuta. Modu jarraituan erabili nahi izanez gero, horretarako prestatutako inprimaki bat sinatu beharko da.

–Rokodromoak:

4. Eremu horiek arduragabe erabiltzeak erabiltzaileei sortzen ahal dien arriskua dela eta, batez ere kanpoko rokodromoan edo bide luzeenean, hamasei urtetik gorakoentzat izanen dira oro har. Salbuespenez, sei urtetik aurrerako adingabeek ere erabili ahalko lituzkete, baina aldi berean adin nagusiko batek lagunduta eta gainbegiratuta. Modu jarraituan erabili nahi izanez gero, horretarako prestatutako inprimaki bat sinatu beharko da.

5. Aipatu den adin betebeharraz gainera, kanpoko rokodromoa edo bide luzeena erabiltzeko, eskaladako federazioaren lizentzia indarduna eduki beharko dute nahitaez eskalatzaileek, eta, adingabeak direnean, haietaz arduratzen den adin nagusikoak lizentzia hori eduki beharko du. Federazioko betebehar horiek ez dira nahitaez bete beharko barneko rokodromoa edo boulder aretoa erabiltzeko.

26. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

–Auzo-aretorako:

1. Erabiltzaileek kirol oinetakoak erabili beharko dituzte kirol eremua erabiltzeko. Ezin izanen dira inolaz ere erabili takoidun oinetakoak edo zoladura hondatu dezaketenak.

2. Aretoko harmailetara igotzerik ez da izanen ikastetxe ofizialak, Udalaren kirol eskola eta ikastaroak edo kiroleko beste eskaintza antolatu batzuk horiek erabiltzen ari direnean, hala eskatzen denean.

3. Taldeka erreserbatu ahal izateko, gutxienez ere auzo-aretoko heren bat, sei pertsona beharko dira gutxienez.

4. Aretoaren barnean ezin da listua edo zaborra bota.

5. Ezin da aretotik harmailetara igo eta haietatik jaitsi bi eremu horiek bereizten dituen baranda erabiliz.

–Saunetarako:

6. Fabrikatzaileak erabilerarako ezarritako berariazko arauak bete beharko dituzte erabiltzaileek. Arau horiek paneletan agertzen dira. Corellako Udalak eskubidea izanen du arau horiek aldatu edo osatzeko, horrek zerbitzuaren segurtasuna eta kalitatea hobetzea badakar.

7. Oro har, ezin izanen dira eremu horiek erreserbatu.

8. Higiene arrazoiengatik, erabiltzaileek eskuoihala erabili behar dute, eremu horietan izerdia lehortzeko.

–Gimnasiorako:

9. Erabiltzaileek kirol oinetakoak erabili beharko dituzte kirol eremua erabiltzeko. Ezin izanen dira inolaz ere erabili takoidun oinetakoak edo zoladura hondatu dezaketenak.

10. Oro har, ezin izanen da eremu hori erreserbatu.

11. Higiene arrazoiengatik, erabiltzaileek eskuoihala erabili behar dute izerdia lehortzeko eta ekipamenduen bigungarrietan bermatzeko (muskulazio makinak, etab.).

12. Erabiltzaileek errespetu osoz erabili beharko dituzte ekipamenduak, eta makinetan erabilitako pisuak horretarako ezarri diren tokietan utzi.

13. Erabiltzaileek beren musika-ekipoetako bolumena zaindu behar dute.

–Erabilera anitzeko aretorako (aretoko kirol jardueren eremua):

14. Erabiltzaileek kirol oinetakoak erabili beharko dituzte kirol eremua erabiltzeko. Ezin izanen dira inolaz ere erabili takoidun oinetakoak edo zoladura hondatu dezaketenak.

15. Areto horretan egiten diren jarduera antolatuetan, izerdi asko sorrarazten badute eta gehienbat zoruan egiten badira, nahitaezkoa izanen da eskuoihala erabiltzea higiene arrazoiengatik.

16. Areto horretan egiten diren jarduera antolatuetan, izerdi asko sorrarazten badute eta gehienbat zoruan egiten badira, nahitaezkoa izanen da eskuoihala erabiltzea higiene arrazoiengatik.

–Rokodromoetarako:

17. Erabat debekatuta dago oralekuak lasaitzea edo ibilbideak aldatzea, instalazioko arduradunen baimena izan gabe.

18. Rokodromoak kirol eskaladarako soilik erabiliko dira.

19. Kanpoko rokodromoan edo bide luzeak dituenean erabat debekatuta dago sokarik gabe eskalatzea bi metro eta erditik gora, baita ekipamendu egokia ez izatea ere (arnesak, segurtatze automatikoko sistema, etab.). Komeni da katu-oinak erabiltzea.

20. Kanpoko rokodromoa edo bide luzeena ez dago prestatua sokako lehenbiziko gisa modu sistematikoan eskalatzeko. Ikastaroetan edo profesional tituludunekin soilik eskala daiteke sokako lehenbiziko gisa; halakoetan, erabiltzaileak berak eramanen duen soka dinamiko baten bidez eginen da. Nahitaezkoa izanen da segurtatze sistema automatikoa erabiltzea, soka aseguru guztietatik pasatzea eta bilgunetik jaistea (ongi itxitako mosketoidun katea). Irakasten aritzean, erabilera orokorreko baldintzetan aldaketaren bat egin behar izanez gero, profesional tituludunaren erantzukizuna izanen da.

21. Kanpoko rokodromoan edo bide luzeak dituenean eskalatu ahal izateko, ondoko auzo-aretoan ez litzateke inolako kirol jarduerarik izan behar, baldin eta jarduera horrek eskalatzailea arriskuan jartzen badu beste kirol batzuetako joko materialen (piloten, baloien eta abarren) kolpeak direla eta, edo bien artean interferentzia negatiboren bat badago (adibidez, irakasleek zuzendutako kirol jardueren jarraipenari kalte egitea edo baimendutako ekitaldiak egiteari kalte egitea).

22. Kanpoko rokodromoan edo bide luzeak dituenean, eta igobideak elkarrengandik hurbil daudenez, debeku da elkarren ondoan dauden bi ibilbidetan barna batera igotzea; segurtasun arrazoiak daude horretarako (soken gurutzaketa, aseguru partekatuak, eskalatzaile bat beste baten gainean erortzea etab.). Halaber, eskalatzailearen prestakuntza tekniko eta fisikoaren mailaren arabera hautatu beharko da eskalatzeko bidea.

23. Espresuki baimendutako kasuetan, kanpoko rokodromoan edo bide luzeenean eskalada lehiaketak egiten direnean, ikusleek auzo-aretoaren harmailetan egon beharko dute nahitaez.

24. Barneko rokodromoan edo boulder aretoan, eskalatzaileek bereziki begiratu beharko dute ea lurreko koltxonetak ongi jarrita dauden, lesioak saihesteko.

–Ostaturako:

25. Ostatua eta ostatuko eremua (mahaiak, aulkiak eta ostatuko gainerako altzariak dauden gunea) hura zabalik dagoen orduetan atseden hartzeko, jateko edo edateko bakarrik erabili ahal diren tokiak dira. Beraz, toki horietan baimenduta dago beirazko ontziak eta antzekoak eramatea edo erabiltzea. Edariak ezin izanen dira inolaz ere zerbitzatu beirazko ontzietan, latetan edo beste ontzi batzuetan, aurretik plastikozko edalontzietara pasatu ez badira, harmailetara eramateko asmoa dagoenean edo izan daitekeenean (kirol jarduera eta ekitaldi batzuetarako irekita egoteagatik).

26. Ostatuan janariak prestatu edo zerbitzatu ahal izanen dira irekita dagoen orduetan soilik eta, salbuespenez, ordu horietatik kanpora, aldez aurretik Udalaren baimena izanda.

27. Ostatuko altzariak (mahaiak, aulkiak, joko makinak, etab.) establezimendu horretan baino ezin izanen dira erabili, eta ostaturako mugatutako aldean soilik.

28. Ostatuan agerian jartzen den informazio guztiak, erabilera arauek edo beste kartel mota batzuek Corellako Udalaren onespena izan beharko dute.

29. Ezin izanen da erre eta edari alkoholdunik zerbitzatu, indarra duen legediaren arabera.

–Harmailetarako eta iraganguneetarako:

30. Debeku da harmailetatik auzo-aretora indarkeriara bultzatzen duen edo bultza dezakeen edozein gauza edo tresna botatzea.

31. Janari edo edari hondar guztiak dagozkien zakarrontzietan utzi beharko dira.

32. Erregelamendu honen ondorioetarako, iragangunetzat hartuko dira kirola egiteko erabiltzen diren eremuetara eta eremu osagarrietara sartzeko eta haietatik ateratzeko nahitaez zeharkatu behar diren tokiak. Toki horietan ezin izanen da utzi bidean traba egiten duen deus (poltsak, aulkiak eta abar).

VI. KAPITULUA.–"CIUDAD DE CORELLA" KIROLDEGIKO ARAU BEREZIAK

27. artikulua. "Ciudad de Corella" kiroldegiaren definizioa.

"Ciudad de Corella" kiroldegia Udalaren instalazio bat da, zenbait eremuz osatua, bai kirola egiteko (kirolerako eremuak eta eremu osagarriak) bai Udalaren Gizarte Zerbitzuek erabiltzeko edo Udalak zehazten duen beste edozein zerbitzutarako, denak biltzen dituen itxitura perimetral baten barnean. Zehazki, erregelamendu honetan berariaz arauturik, eremu horiek honako hauek dira:

–Kirola egiteko eremuak: kirol erabilerako eremuak:

  • Eskola areto handiena.
  • Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

–Kirola egiteko eremuak: kirol eremu osagarriak:

  • Aldagelak eta komunak.
  • Eskola aretoko harmailak.
  • Biltegiak.
  • Bilera gela.
  • Iraganguneak.
  • Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

–Udalaren Gizarte Zerbitzuetarako edo Udalak ezartzen dituen beste erabilera batzuetarako eremuak:

  • Aretoak.
  • Komunak.

28. artikulua. Sartzeko muga bereziak, aforoa dela eta.

"Ciudad de Corella" kiroldegiko kirol eremuetan sartzeko muga berezi batzuk ezarriko dira gehieneko aforoa dela eta; hots, aldi berean gehienez egon daitezkeen erabiltzaileen kopurua dela eta. Edonola ere, indarra duen araudia beteko da, nahiz eta Corellako Udalak eskubidea izanen duen gehieneko legezko aforoak murrizteko, zerbitzuaren kalitatearekin zerikusia duten alderdiei egoki erantzutearren.

Orokorrean, "Ciudad de Corella" kiroldegiko zenbait kirol eremutako aforoaren gehienekoak honela kalkulatuko dira:

a) Eskola areto handienean, gehieneko aforoa (kirolerako denean) formula honen bidez kalkulatuko da: erabiltzaile bat kirol azalera erabilgarriko 20 m²-ko.

b) Eskola aretoko harmailetarako, gehieneko aforoa eseritako ehun eta hamar pertsona izanen da.

29. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

–Eskola areto handienerako:

1. Ez da ezarri sartzeko adin mugarik, baina sei urtetik beherakoek adin nagusiko pertsona bat izan beharko dute ondoan nahitaez, haietaz ardura dadin.

2. Erabiltzaileek kirol oinetakoak erabili beharko dituzte kirol eremua erabiltzeko. Ezin izanen dira inolaz ere erabili takoidun oinetakoak edo zoladura hondatu dezaketenak.

3. Aretoko harmailetara igotzerik ez da izanen ikastetxe ofizialak, Udalaren kirol eskola eta ikastaroak edo kiroleko beste eskaintza antolatu batzuk horiek erabiltzen ari direnean, hala eskatzen denean.

4. Taldeka erreserbatu ahal izateko, eskola aretoaren erdia gutxienez, sei pertsona beharko dira gutxienez.

5. Aretoaren barnean ezin da listua edo zaborra bota.

6. Debekatuta dago aretoaren oinean dagoen alboko alde beiraztatutik irtetea eta sartzea.

7. Udalaren Gizarte Zerbitzuak edo bertan egon daitezkeen beste zerbitzu batzuk jendearentzat irekita dauden orduetan, eskola aretoan sartzeko ez da zerbitzu horietarako sarrera bera erabiliko, baizik eta alboko ateetako bat, Gorputz Hezkuntzako irakasleek lagunduta beti.

–Eskola aretoko harmailetarako eta iraganguneetarako:

8. Debeku da harmailetatik eskola aretora indarkeriara bultzatzen duen edo bultza dezakeen edozein gauza edo tresna botatzea.

9. Janari edo edari hondar guztiak dagozkien zakarrontzietan utzi beharko dira.

10. Erregelamendu honen ondorioetarako, iragangunetzat hartuko dira kirola egiteko erabiltzen diren eremuetara eta eremu osagarrietara sartzeko eta haietatik ateratzeko nahitaez zeharkatu behar diren tokiak. Toki horietan ezin izanen da utzi bidean traba egiten duen deus (poltsak, aulkiak eta abar).

–Udalaren Gizarte Zerbitzuek edo Udalak ezartzen dituen beste zerbitzu batzuek erabiltzen dituzten eremuetarako:

11. Oro har, Udalaren Gizarte Zerbitzuek soilik erabiltzekoak izanen dira eremu horiek. Beste edozein erabilera, zerbitzu horiek irekita egon ohi diren orduetatik kanpo, Corellako Udalak espresuki baimendu beharko du.

VII. KAPITULUA.–OMBATILLO KIROL HIRIKO ARAU BEREZIAK

30. artikulua. Ombatillo kirol hiriaren definizioa.

Ombatillo kirol hiria Udalaren kirol instalazio bat da, kirol eremu eta eremu osagarri batzuez osatua, denak biltzen dituen itxitura perimetral baten barnean. Zehazki, erregelamendu honetan berariaz arauturik, eremu horiek honako hauek dira:

–Kirola egiteko eremuak:

  • Futbol zelai nagusia.
  • Futbol zelai osagarria.
  • Atletismoko pista eta luzera-jauzirako eremua.
  • Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

–Kirol eremu osagarriak:

  • Aldagelak eta komunak. Futbol zelai nagusiko harmailak.
  • Biltegiak.
  • Taberna.
  • Iraganguneak.
  • Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

31. artikulua. Sartzeko muga bereziak, aforoa dela eta.

Ombatillo kirol hiriko kirol eremuetan sartzeko muga bereziak ezarriko dira gehieneko aforoagatik, hau da, aldi berean batera gehienez egon daitezkeen erabiltzaileen kopuruagatik. Edonola ere, indarra duen araudia beteko da, nahiz eta Corellako Udalak eskubidea izanen duen gehieneko legezko aforoak murrizteko, zerbitzuaren kalitatearekin zerikusia duten alderdiei egoki erantzutearren.

Orokorrean, Ombatillo kirol hiriko zenbait kirol eremutako aforoaren gehienekoak honela kalkulatuko dira:

–Bai futbol zelai nagusian bai osagarrian, gehieneko aforoa (kirolerako denean) formula honen bidez kalkulatuko da: erabiltzaile bat kirol azalera erabilgarriko 20 m²-ko.

–Atletismo pistetan, gehieneko aforoa (kirolerako denean) honela kalkulatuko da: gehienez berrogei pertsona aldi berean.

–Futbol zelai nagusiko harmailetan, gehieneko aforoa bat etorriko da banakako eserleku erabilgarrien gehieneko kopuruarekin.

–Futbol zelai nagusiaren inguruko eremuetan (ikusleentzat direnetan) eta ostatuan, gehieneko aforoa honela kalkulatuko da: 1 m² pertsonako.

32. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

–Futbol zelai nagusirako eta osagarrirako:

1. Erabiltzaileek kirol oinetakoak erabili beharko dituzte kirol eremua erabiltzeko. Ezin izanen dira inolaz ere erabili takoidun oinetakoak edo zoladura hondatu dezaketenak.

2. Ezin da zaborrik bota ez zelaian ez inguruko eremuaren zoruan.

3. Ezin da motorrik, bizikletarik edo mugitzeko beste baliabide handirik sartu ez zelaiaren barnean ez ikusleentzat den inguruko eremuan.

–Atletismoko pistarako eta luzera-jauziko eremurako:

4. Erabiltzaileek kirol oinetakoak erabili beharko dituzte kirol eremua erabiltzeko. Ezin da inolaz ere erabili takoidun oinetakorik, takodun futboleko botarik, edo zoladura hondatu dezakeen beste edozein oinetakorik.

5. Ezin da zaborrik bota pistetan, jauzi eremuan eta inguruko eremuan.

6. Ezin da atletismoko pistetatik pasatu haren barnean dagoen futbol zelai osagarrira joateko futboleko botak jantzita. Horretarako, eremu batetik bestera pasatzeko babesguneak jarriko dira.

7. Pistaren barnealdea (barneko kaleak) abiadura handiz entrenatzen direnentzat erreserbatuko da, eta pistaren kanpoaldea (kanpoko kaleak) abiadura baxuan entrenatzen direnentzat izanen da.

8. Ezin da motorrik, bizikletarik edo mugitzeko beste baliabide handirik sartu ez atletismoko pisten barnean ez ikusleentzat den inguruko eremuan.

II. TITULUA.–KIROL EREMU EZ KONBENTZIONALAK

0. KAPITULUA.–KIROL EREMU EZ KONBENTZIONALEN DEFINIZIOA

Erregelamendu honen ondorioetarako, kirol eremu ez konbentzionalak ezaugarri hauek guztiak betetzen dituzten Udalaren kirol eremuak dira:

–Finkoak edo eramangarriak (kokapenari dagokionez).

–Iraunkorrak edo noizean behingoak (ezarpen denborari dagokionez).

–Erabat edo hein batean giza ekintzaren bidez eraikiak edo baita ekintza hori izan gabe ere (sorrerari dagokionez).

–Ez daude tasa publikoak ordaintzera beharturik erabileragatik, non ez duten irabazizko jarduera bat izaten udalaren bide edo eremua okupatuz.

–Erabiltzaileek egiten duten erabilera nabarmen arautu beharrik ez izatea.

Zehazki, eremu eta ekipamendu iraunkor hauek arautuko dira:

1) María Teresa parkeko kirol eremuak.

2) Udalaren kirol instalazioetan ez dauden haurrendako jolas parkeak.

3) Bidegorria.

4) Udal-mugartean kirola egiteko balizatuta dauden bidexkak.

5) Autobusetako birgaitze parkea.

6) BTT zirkuitua.

I. KAPITULUA.–KIROL EREMU EZ KONBENTZIONAL GUZTIEI APLIKATU BEHARREKO ARAU OROKORRAK

33. artikulua. Kirol eremu ez konbentzionalen kudeaketa.

Kirol eremu ez konbentzionalak kudeatzeko, erregelamendu honetako "Udalaren kirol instalazioen kudeaketa" atalean ageri den guztia aplikatuko da.

34. artikulua. Kirol eremu ez konbentzionalen xedeak.

Kirol eremu ez konbentzionalen xedeak bat etorriko dira erregelamendu honetako "Udalaren kirol instalazioen xedeak" atalean ageri direnekin.

35. artikulua. Kirol eremu ez konbentzionalen erreserbak.

1. Oro har, kirol eremu ez konbentzionalak ez dira herritarrek erreserbatzekoak. Salbuespenez, uneren batean kirol jarduerak edo beste era batekoak egiteko lehentasunezko erabilera baimentzen ahalko da, baldin eta ageriko interes orokorra badute.

2. Halako kirol eremuak erabiltzeko salbuespenez egiten diren eskaerak, banakakoak edo taldekoak, idatziz eginen dira, Corellako Udalari bidalitako eskabide formal baten bidez. Eskaera mota horietan, eskaera egiten duen pertsona (dela bere izenean dela entitate bat ordezkatuz) izanen da, azken batean, erregelamendu honetan edo aplikatu beharreko beste arau batzuetan ezarritako beharkizunak betetzearen erantzulea.

36. artikulua. Kirol eremu ez konbentzionalak ireki eta ixteko ordutegiak eta egunak.

Oro har, kirol eremu ez konbentzionalak urte osoan eta eguneko hogeita lau orduetan egonen dira irekita. Horrenbestez, eremu horiek erabiltzeko araurik ez da ezarriko inguruabar horri dagokionez.

37. artikulua. Babesletza eta erabiltzaileentzako informazioa kirol eremu ez konbentzionaletan.

Kirol eremu ez konbentzionalaren ezaugarriak direla eta, babesletzarako eta/edo erabiltzaileendako informazioa jartzeko berariazko tokiak ezar daitezkeenean, toki horiek arautzeko jarraibideak bat etorriko dira erregelamendu honetako "Babesletza eta erabiltzaileentzako informazioa Udalaren kirol instalazioetan" atalean ageri direnekin.

38. artikulua. Kirol eremu ez konbentzionaletan sartzeko mugak eta debekuak.

1. Kirol eremu ez konbentzionalak, oro har, inguruz inguru mugatu gabeko eremuak dira, eta ez dute in situ kontrolatutako sarrera punturik erabiltzaileentzat. Hori horrela, edozein herritarrek askatasun handiz erabiltzeko kirol eremuak dira, eta ez da tasa publikorik ordaindu behar, non ez duten irabazizko jardueraren bat izaten udalaren bide edo eremua okupatuz.

2. Kirol eremu ez konbentzionaletan kirol jardueraren bat edo beste era batekoren bat izaten denean eta horrelakoetan sarrera kontrolatu behar denean, Corellako Udalak sartzeko mugak eta debekuak ezartzen ahalko ditu, erregelamendu honetan Udalaren kirol instalazioetarako ezarritakoarekin bat eta aplikatu beharreko araudi indardunean ezarritakoari jarraikiz.

39. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak kirol eremu ez konbentzionaletan.

1. Erregelamendu honen ondorioetarako, kirol eremu ez konbentzionaletan izan beharreko kiroleko oinarrizko jarrera etikotzat jotzen dira nahitaezkoak eta desiragarriak diren jokabide eta aldarteak, bai Udalaren kirol instalazioak kudeatzen dituzten langileengan bai bertaratzen diren erabiltzaileengan espero direnak.

2. Kirol eremu ez konbentzionaletan sarrera librea izaten denez eta denbora aldetik beti erabilgarriak direnez, kiroleko oinarrizko jarrera etikoak eta gizalegezko jokaerak betetzen diren begiratu eta kontrolatuko duten langileak sarrera librea duen eta beti erabilgarri dagoen beste edozein hiri eremu publikotan aritzen diren berberak izanen dira. Gainera, langile horiek beren lanpostuari dagozkion eginkizunak, esleitzen zaizkienak, hartuko dituzte.

3. Tokian-tokian berariazkoagoak diren beste arau batzuk izan ezean, kirol eremu ez konbentzionalen erabiltzaileek orokorrean bete beharko dituzte kiroleko oinarrizko jarrera etikoak, hau da, erregelamendu honetan aurreikusiak bai Udalaren kirol instalazioetarako (egiazki aplikagarri den orotan) bai kirol eremu ez konbentzionaletarako.

40. artikulua. Galdutako gauzak.

Corellako Udalak ez du erantzukizunik izanen kirol eremu ez konbentzionaletan gauzak galtzen direnean erabiltzailearen axolagabekeria edo ahaztea dela eta. Halaber, eremu horietan sarrera librea dagoenez eta beti erabilgarri izaten direnez, ez da zaindegi eremu edo bitartekorik jarriko.

41. artikulua. Osasun estaldura.

Corellako Udalak ez du erantzukizunik izanen kirol eremu ez konbentzionaletan kirolean aritzean sortzen diren istripuetan, bere zabarkeriaren ondorioz zalantzarik gabe eta legearen arabera egozten ahal zaizkionetan izan ezik.

Alde horretatik, parte-hartzailearen erabateko erantzukizuna da kirolean aritzeko prestakuntza fisiko eta psikikoa izatea, bai eta kirolean aritzeak osasunarentzat izan ditzakeen arriskuak bere gain hartzea ere. Kirolean aritzea osasunarentzat ona izan daitekeen arren, medikuaren oniritzia izatea gomendatzen da, kirolariak kirola egitearen kontrako inguruabar pertsonalen bat duen jakiteko.

II. KAPITULUA.–KIROL EREMU EZ KONBENTZIONALEN ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK

42. artikulua. Kirol eremu ez konbentzionaletako sarrera eta erabilera.

1. Erabiltzaileak, banaka edo taldeka, kirol eremu ez konbentzionalak erabiltzeko eskubidea izanen du, betiere erregelamendu honetan edo erregelamendua garatzen duten arau partikularretan ezartzen denarekin bat, honako alderdi hauei dagokienez: sartzeko debekuak edo mugak eta oinarrizko jarrera etikoak, besteak beste.

2. Erabiltzaileek ezin izanen dituzte kirol eremu ez konbentzionalak modu esklusiboan erabili. Alde horretatik, denak sarrera libre, partekatu, txandakako eta borondatezkoak izan daitezke, berdintasunezko eta inolako bereizkeriarik gabeko baldintzetan eginik beti.

3. Kirol eremu ez konbentzionaletan ez da tasa publikorik ordaindu behar erabileragatik, non ez duten irabazizko jarduera bat izaten udalaren bide edo eremua okupatuz. Hortaz, ezin da erabilera hori inolako abonatu txarteletan txertatu.

43. artikulua. Kirol eremu ez konbentzionalen kudeaketan parte hartzea.

Erabiltzaileek kirol eremu ez konbentzionalen kudeaketan parte hartzeko eskubidea dute, iradokizun, ideia, erreklamazio edo bestelako ekarpenen bidez.

Parte-hartze hori idatziz egitea gomendatzen da, Corellako Udalak jartzen dituen baliabide telematikoak erabiliz edo kudeaketaz arduratzen diren teknikariekin edo politikariekin aurrez aurreko elkarrizketa edo elkarrizketa birtuala hitzartuz.

44. artikulua. Kirol eremu ez konbentzionalei buruzko informazioa.

Erabiltzaileek eskubidea dute erregelamendu honi buruzko eta erregelamendua garatzen duten arauei buruzko informazioa eskatu eta jasotzeko, baita legearen arabera jakinarazi daitekeen eta/edo behar den beste edozein informazio ere, segurtasunaren edo osasungarritasunaren ingurukoa, besteak beste.

45. artikulua. Kudeaketan parte hartzen duten langileen kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

Kirol eremu ez konbentzionalen kudeaketan parte hartzen duten langileek tratu zuzen eta begirunezkoa eman behar diete erabiltzaileei. Halaber, erregelamendu honen arabera dauzkaten eskubide eta betebehar guztien berri ere eman diezaiekete.

III. KAPITULUA.–KIROL EREMU EZ KONBENTZIONALEN ERABILTZAILEEN BETEBEHARRAK

46. artikulua. Betebehar orokorrak.

1. Kirol eremu ez konbentzionalak ezarri diren xedeetarako erabiltzea, erregelamendu honetan eta erregelamendua garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera. Alde horretatik, langile baimenduek arau horiek aplikatzean jakinarazten dizkieten jarraibideak bete beharko dituzte.

2. Indarra duen legerian ezarritako beste edozein betebehar, edo Alkatetzak ezartzen dituenak kirol eremu ez konbentzionalen erabilera egokia arautzeko.

47. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

1. Behar bezala erabiliko dira kirol eremu ez konbentzionalak, ekipamendua eta Udalaren kirol jardueretan erabiltzen den kirol materiala. Axolagabekeriaz edo nahita eragiten den edozein kalte haren erantzulearen edo erantzuleen kontura izanen da.

2. Debeku da baloi, pilota, irristailu, bizikleta eta bestelako tresnekin jostetan edo lasterka ibiltzea atsedenlekuetan, beste kirol eremu osagarri batzuetan eta erregelamendu honek instalazio bakoitzerako ezarritako arau berariazkoetan zehazten diren kirol eremuetan.

3. Debeku da kirol eremu ez konbentzionaletako eta barneko kirol eremuetako hesi, horma edo itxituretara igotzea edo beste aldera jauzi egitea.

4. Debeku da beirazko ontziak edo hautsiz gero erabiltzaileei kalte egin diezaieketen ontziak eduki edo erabiltzea, kirol eremu ez konbentzionaletan erabiltzen diren kirol eremuen barnean.

5. Debeku da listu egitea, edozein motatako likidoak isurtzea eta edozein hondakin lurrera botatzea (txikleak, poltsak, zigarrokinak, fruitu lehorren azalak, paperak, pilak, etab.). Horretarako zakarrontziak eta berariaz atondutako tokiak erabili behar dira.

6. Beste erabiltzaile guztien eta instalazioko langileen eskubideak errespetatuko dira.

7. Kirol eremu ez konbentzionalen egiturazko akats edo anomaliak Corellako Udaleko Kirol Zerbitzuko langileei jakinaraziko zaizkie, horretarako berariaz ezarritako bideez baliaturik.

8. Erabiltzaileek ezin dituzte kirol eremu ez konbentzionalen elementuak manipulatu Alkatetzak edo Udaleko kirol teknikariek horretarako baimena eman ezean.

9. Debeku da kirol eremu ez konbentzionalen barnean erretzea, indarra duen legeriak aurreikusten dituen baldintzetan.

10. Debeku da kirola egiteko erabiltzen diren eremuetan jatea, baita eremu osagarrietan ere, espresuki baimentzen ez bada.

IV. KAPITULUA.–MARÍA TERESA PARKEKO KIROL EREMUEN ARAU BEREZIAK

48. artikulua. María Teresa parkeko kirol eremuen definizioa.

María Teresa parkeko kirol eremuak dira parkearen perimetroaren barnean dauden kirol eremuak eta eremu osagarriak. Zehazki, erregelamendu honetan berariaz arauturik, eremu horiek honako hauek dira:

–Kirola egiteko eremuak:

  • Kirol anitzeko pista ludikoa.
  • Haurren jolastokia.
  • Gurpil-oholean ibiltzeko arrapala.
  • Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

–Kirol eremu osagarriak:

  • Iraganguneak.
  • Eraiki litekeen edo aurrekoen jatorrizko egitura aldatuz egin litekeen beste edozein.

49. artikulua. Sartzeko muga bereziak, aforoa dela eta.

1. María Teresa parkeko kirol eremuetan sartzeko muga berezi batzuk ezarriko dira gehieneko aforoa dela eta; hots, aldi berean gehienez egon daitezkeenen kopurua dela eta. Edonola ere, indarra duen araudia beteko da, nahiz eta Corellako Udalak eskubidea izanen duen gehieneko legezko aforoak murrizteko, zerbitzuaren kalitatearekin zerikusia duten alderdiei egoki erantzutearren.

3. Orokorrean, María Teresa parkeko zenbait kirol eremutako aforoaren gehienekoak honela kalkulatuko dira:

a) Kirol anitzeko pista ludikorako, gehieneko aforoa hamabost lagunekoa izanen da.

b) Haurrentzako parkerako, gehienekoa aforoa berrogeita hamar haurrek osatuko dute.

c) Gurpil-oholean ibiltzeko arrapalarako, gehieneko aforoa sei lagunekoa izanen da.

50. artikulua. Erabiltzaileen berariazko tipologia, kirol eremu jakin batzuetan.

–Kirol anitzeko pista ludikoa:

Ez da ezarri sartzeko adin mugarik, baina sei urtetik beherakoek adin nagusiko pertsona bat izan beharko dute ondoan nahitaez, haietaz ardura dadin.

–Haurrentzako parkea:

Hamabi urtetik beherakoentzat soilik. Sei urtetik beherakoen kasuan gomendatzen da adin nagusiko norbait lagun izatea, haien ardura har dezan.

–Gurpil-oholean ibiltzeko arrapala:

Oro har, hamabi urtetik gorakoentzat da.

51. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

–Kirol anitzeko pista ludikorako:

1. Kirol eremuan kirol oinetakoak erabili beharko dira. Ezin izanen dira inolaz ere erabili takoidun oinetakoak edo zoladura hondatu dezaketenak.

2. Ezin da zaborrik bota ez zelaian ez inguruko eremuaren zoruan.

3. Ezin da motorrik, bizikletarik edo mugitzeko beste baliabide handirik sartu pistaren barnean eta parkearen inguruko eremuan.

–Haurrentzako parkerako:

1. Ezin izanen da inolako kirol materialik sartu parkearen barnean jostetan aritzeko (pilotak, baloiak, ur globoak, mahai jokoak, jostailuzko motorrak, etab.).

2. Ezin izanen da inolako kirol materialik edo atsedenerako gauzarik sartu (hamakak, aulkiak, etzaulkiak, eguzkitakoak, etab.).

3. Ezin da zorura zaborrik bota haurrentzako parkearen barnean.

–Gurpil-oholean ibiltzeko arrapalarako:

1. Nahitaezkoa izanen da kasko gogorra, ukondokoak eta belaunetakoak jarrita edukitzea eremu horretan kirolean aritzean.

2. Erabiltzaileek, abiatu aurretik, egiaztatu beharko dute ez dagoela beste erabiltzailerik arrapalaren jaitsiera aldean.

3. Ezin izanen da inolako kirol materialik sartu kirol eremuaren barnean jostetan aritzeko (pilotak, baloiak, ur globoak, mahai jokoak, jostailuzko motorrak, etab.). Eremu hori gurpil-oholarekin ibiltzeko besterik ez da izanen, eta kirolaria babesteko eta haren segurtasunerako materialak edo objektuak soilik sartu ahalko dira.

4. Ezin da motorrik, bizikletarik edo mugitzeko beste baliabide handirik sartu arrapalaren barnean eta parkearen inguruko eremuan. Salbuespenez, eta arrapalaren baldintzek uzten badute, BMX bizikletak erabiltzen ahalko dira.

5. Ezin da zorura zaborrik bota arrapalaren barnean.

6. Inor esperoan egonez gero, ezin izanen da arrapalan 60 minutu jarraian baino gehiago aritu.

7. Debeku da kirol eremuan edari alkoholdunak sartu edo edatea.

8. Debeku da eremuaren barnean alkoholak edo osasunerako kaltegarriak diren gaiek jota gorputz jarduerarik egitea.

9. Ezin izanen da inolako kirol materialik sartu jostetan aritzeko (pilotak, baloiak, ur globoak, mahai jokoak, jostailuzko motorrak etab.).

10. Ezin izanen da inolako kirol materialik edo atsedenerako gauzarik sartu (hamakak, aulkiak, etzaulkiak, eguzkitakoak, etab.).

11. Ezin da zorura zaborrik bota gurpil-oholean ibiltzeko arrapalaren barnean.

V. KAPITULUA.–HAURRENTZAKO JOLAS PARKEAK ETA AUTOBUSETAKO BIRGAITZE PARKEA, UDALAREN KIROL INSTALAZIOETAN EZ DAUDENAK

52. artikulua. Haurrentzako jolas parkeak eta Autobusetako birgaitze parkea, Udalaren kirol instalazioetan ez daudenak: definizioa.

Erregelamendu honen ondorioetarako, Haurrentzako jolas parketzat jotzen dira aire zabalean dauden eremuak, adingabeen jolas aktiboko zenbait ekipamenduz osatuak, hala nola zabuak, gazteluak, dorreak, igarobideak, rokodromo txikiak, tirolinak edo zabu-aulkiak, besteak beste.

Arau hauen mende Udalaren kirol instalazioetan ez dauden haurrentzako parkeak egonen dira, haiei buruzko berariazko arauak ezarrita baitaude erregelamendu honetan.

Autobusetako birgaitze parkea aire zabalean dagoen eremu bat da, helduek kirola egiteko zenbait ekipamenduz osatua.

53. artikulua. Erabiltzaileen berariazko tipologia haurrentzako parkeetan eta birgaitze parkean.

Haurrentzako parkeak hamabi urtetik beherakoentzat soilik dira. Sei urtetik beherakoen kasuan gomendatzen da adin nagusiko norbait lagun izatea, haien ardura har dezan.

Autobusetako birgaitze parkea hamabi urtetik gorakoentzat soilik izanen da.

54. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

1. Ezin izanen da inolako kirol materialik sartu parkeen barnean jostetan aritzeko (pilotak, baloiak, ur globoak, mahai jokoak, jostailuzko motorrak, etab.).

2. Ezin izanen da inolako kirol materialik edo atsedenerako gauzarik sartu (hamakak, aulkiak, etzaulkiak, kanpadendak, eguzkitakoak, etab.).

3. Ezin da zorura zaborrik bota parkeen barnean.

4. Paneletan, iragarkietan, seinaleetan edo errotuluetan erabilerari buruz ematen diren jarraibideak bete beharko dituzte erabiltzaileek.

5. Ezin da inskripziorik egin, ezer pintatu edo kartelak itsatsi haurrentzako parke bakoitzeko ekipamenduaren ezein zatitan; eginez gero, enpresa iragarlea izanen da erantzulea.

6. Debeku da eremu horietan animaliek hondakin organikorik ateratzea.

55. artikulua. Seinaleak.

Parkean, gutxienez ere ohar hauek erakusten dituzten kartelak edo panelak jarriko dira, erraz irakurtzeko moduan:

–Baimendutako erabiltzaile motak.

–Atzematen diren akatsen eta segurtasun arazoen berri emateko prozedura.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako osasun etxearekin eta medikuntzako larrialdiko arduradunekin telefonoz harremanetan jartzeko modua.

–Segurtasun eta osasungarritasun baldintzak betez egokiro erabiltzeko izan daitezkeen jarraibide bereziak.

VI. KAPITULUA–BIDEGORRIA

56. artikulua. Bidegorriaren definizioa.

Erregelamendu honen ondorioetarako, bidegorria da hiri eremuan bizikletaz ibiltzeko bide bat, urdina edo gorria, eta bertan bizikletak soilik ibil daitezke.

57. artikulua. Bidegorriaren erabiltzaileen berariazko tipologia.

Ez da ezarri sartzeko adin mugarik, baina sei urtetik beherakoek edo bizikleta ongi menderatzen ez dutenek adin nagusiko pertsona bat izan beharko dute ondoan nahitaez, haietaz ardura dadin.

58. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

–Txirrindularientzat:

1. Bidegorria duten kaleetan, txirrindulariek nahitaez erabili behar dute bidegorria.

2. Bidegorriaren ibilbide guztia norabide bikoitzekoa da, eta eskuineko aldetik ibili beharko da beti.

Bi bizikleta aldi berean pasatzea arriskutsua den tarte edo egoeretan, kalearen kontrako norabidean doan txirrindulariak erraztu beharko du maniobra, motordun ibilgailuak aurrez aurre ikusten dituela.

3. Orokorrean, bidegorriak lehentasuna du edozein kale gurutzatzeko, oinezkoek zebra-bideetan bezalaxe; hala ere, txirrindularien segurtasuna zaintzearren, arau hau ez da aplikatuko hori eragozten duten seinaleak berariaz jarrita dituzten gurutzaguneetan. Era berean, txirrindulariek (bidegorrian edo hiri bideetako beste edozein tartetan doazela) zebra-bideetan oinezkoei pasatzen utzi beharko diete beti.

4. Nahitaezkoa da hirigunean bizikletak aparkatzeko dauden tokiak erabiltzea bizikletak aldi baterako aparkatzeko.

5. Txirrindularien eta oinezkoen segurtasunerako, bidegorrian abiadura neurritsu batean ibili beharko da beti, helburuak paseoan ibiltzea eta mugikortasun jasangarria direla, eta debekatuta egonen da lasterketak eta lehiaketak egitea.

6. Nahitaezkoa izanen da txirrindulariei hiri bideetan edo hiri artekoetan aplikatzen zaien araudia betetzea segurtasuneko ekipamenduari dagokionez (kaskoa, txirrina, larrialdiko argiak –atzekoak eta aurrekoak–, eta arropa islatzaileak), bai eta bizikletan ibiltzeko osasun egoera ona izatea ere (alkohol edo droga mailak odolean indarra duen legeriarekin bat, etab.).

–Motordun ibilgailuen gidarientzat eta oinezkoentzat:

1. Bidegorrian ezin dira ibili ez motordun ibilgailuak ez oinezkoak. Halaber, oro har, ezin izanen dituzte gainditu bidegorria mugatzen duten lerroak.

2. Motordun ibilgailuek abiadura mantsotu beharko dute bidegorria gurutzatzen duten tarteetan edo haren parean joatean. Era berean, bidegorrian dabiltzan txirrindulariei pasatzen utzi beharko diete, pasatzen uzteko betebeharrik gabe zirkulatzeko berariazko seinaleak daudenean izan ezik.

3. Motordun ibilgailuak ezin dira bidegorrian gelditu eta ezin dute bertan aparkatu.

4. Animaliek ez dute bidegorrian ibiltzerik.

VII. KAPITULUA.–UDAL-MUGARTEAN KIROLA EGITEKO BALIZATUTA DAUDEN BIDEXKAK

59. artikulua. Balizatutako bidexken definizioa.

Erregelamendu honen ondorioetarako, balizatutako bidexkatzat jotzen dira bide gutxi-asko estuak, Corellako udal-mugarteko natura alderdietan daudenak gehienbat, eta balizaren eta informazio panelen bat dutenak kirolariak horiek erabiltzera bultzatzeko (batez ere oinez edo bizikletan).

60. artikulua. Balizatutako bidexken erabiltzaileen berariazko tipologia. Ez da bidexka horietan ibiltzeko adin mugarik ezarri.

61. artikulua. Kiroleko oinarrizko jarrera etikoak.

1. Ezin da zorura zaborrik bota bidexken barnean.

2. Ezin da bidexketan dauden balizetan edo informazio paneletan pintatu edo horiek nahita hondatu.

3. Balizatutako bidexka batzuetan motordun ibilgailuak edo handiak ibiltzeko baimena bada, horiek mantso ibili beharko dute, oinezkoekin edo txirrindulariekin istripurik ez izateko.

VIII. kapitulua.–ZEHAPEN ETA DIZIPLINA ARAUBIDEA

62. artikulua. Esparrua.

1. Zehapen araubidea kapitulu honetan zehazten diren arau-hauste administratiboetarako ere erabiliko da, Udalaren kirol instalazioetan eta kirol eremu ez konbentzionaletan halako arau-hausterik eginez gero.

2. Halaber aplikagarria izanen da ingurumena babesteko jarduera sailkatuei eta ikuskizun publiko eta josteta jarduerei buruzko foru araudian ezartzen den zehapen araubidea, bai eta legez aplikatu beharrekoak diren gainerako arauak ere.

63. artikulua. Zehatzeko ahala egikaritzea.

1. Toki Administrazioak eta Foru Komunitateko Kirol Administrazioak erabili ahal izanen dute zehatzeko ahalmena, zeinek bere eskumeneko eremuan, edozein pertsona fisiko edo juridikoren gain, kapitulu honetan edo legez aplikatu beharreko beste arau batzuetan tipifikaturik dauden arau-hauste administratiboak direla eta. Corellako Toki Administrazioaren eremuan, kapitulu honetan tipifikaturiko zehapenak ezartzeko eskumena duten organoak honakoak dira, garrantzi handienetik txikienera:

Alkate udalburua, Kirol Zinegotzigoa, Udaleko kirol teknikaria, Udalaren kirol instalazioetako atezain edo arduradunak.

2. Udaltzaingoak, Kirol Zinegotzigoak, Udaleko kirol teknikariak edo Kirol Zinegotzigoak eskuordetutako beste pertsona batzuek erabiltzaileen ustezko arau-hausteak goragoko agintariei jakinaraziko dizkiete, zehapen ahalmena erabili ahal izan dadin.

3. Arau-hauste horiengatik, doloz, erruz edo utzikeria hutsez haien erantzule ateratzen diren pertsona fisiko nahiz juridikoek hartuko dute zehapena.

64. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

–Arau-hauste oso astunak:

1. Kirol lehiaketak ofizialak balira bezala antolatzea, kirolarien segurtasuna eta osotasuna arriskuan jartzen bada.

2. Edukiz edo esanguraz indarkeriara bultzatzeko modukoak diren pankarta, sinbolo, ikur edo lemak, armak edo arma gisa erabil daitezkeen gauzak, bengalak edo su artifizialak Udalaren kirol instalazioetan edo kirol eremu ez konbentzionaletan sartzea.

3. Kalte oso larriak edo lapurretak nahita egitea, bai erabiltzaileen gauzetan bai Udalaren kirol eremuetan (ekipamendua barne), horien merkatuko balioa seiehun eurokoa edo handiagoa denean.

4. Kalte pertsonal oso larriak nahita egitea erregelamendu honek arautzen dituen kirol eremuko erabiltzaileei edo eremu horien kudeaketan parte hartzen dutenei (kalte larria sortzen duten eraso fisikoak, behin eta berriz eta larritasun handiz inoren izena belztea edo irainak jaurtitzea eta jendaurrean nabarmentzea, etab.).

5. Udalaren kirol instalazioetan sartzea, lapurretan egiteko asmoz, itxita daudenean.

6. Uraren kalitatea nahita hondatzea "Igerilekuak" udal kirolgunean igeri egiteko dauden lekuetan.

7. Legezko beste arau aplikagarri batzuetan aurreikusten diren gisa bereko arau-hausteak.

8. Pertsonen integritatea kaltetzen duen jarrera sexista oro (exhibizionismoa, sexu-erasoak eta abar).

9. Arau-hauste astunetan berrerortzea, bi eginez.

–Arau-hauste astunak:

1. Udalaren kirol eremuetan kirol jarduerak ofizialak balira bezala antolatzea, hartarako Nafarroako kirol federazioen edo Foru Komunitateko Administrazioaren baimenik izan gabe.

2. Nafarroako goi mailako kirolariek ez betetzea Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean edo hura garatzeko xedapenetan ezartzen diren betebeharrak.

3. Ezkutuko kirol jarduerak antolatzea Udalaren kirol eremuetan, Corellako Udalaren baimenik izan gabe.

4. Kalte larriak edo lapurretak nahita egitea, bai erabiltzaileen gauzetan bai Udalaren kirol eremuetan (ekipamendua barne), horien merkatuko balioa seiehun eurotik beherakoa denean.

5. Kalte pertsonal larriak nahita egitea erregelamendu honek arautzen dituen kirol eremuko erabiltzaileei edo eremu horien kudeaketan parte hartzen dutenei (kalte moderatua sortzen duten eraso fisikoak, behin eta berriz eta larritasunez inoren izena belztea edo irainak jaurtitzea eta jendaurrean neurri batean nabarmentzea, etab.).

6. Erabiltzaileen arteko liskarrak, eraso fisikoak eta hitzezkoak sustatzea eta/edo horietan parte hartzea, baita Udalaren kirol eremuen kudeaketan parte hartzen dutenei zuzenduak direnean ere.

8. Udalaren kirol eremu bat, erreserba daitekeena, erabiltzea, Udalaren baimenik izan gabe.

9. Erabiltzaileek Udalaren kirol eremuen elementuak manipulatzea, Alkatetzak, Udaleko kirol teknikariek edo instalazioko atezainak horretarako baimenik eman gabe.

10. Erretzeko egokituta ez dauden tokietan erretzea.

11. Ezarritako tasa edo prezio publikoak ordaindu gabe Udalaren kirol instalazioak modu jarraituan erabiltzea, dela Udaleko Kirol Zerbitzuak antolatzen dituen jardueretarako, dela nork bere kasa kirola bakarka zein taldean egiteko.

12. Udalaren kirol instalazioetan sartzea eritasun kutsakorrak edo bestelakoak izanik, edo patologiaren baten ondorioz norberaren osasuna eta instalazioak harekin batera erabiltzen ari diren gainerako pertsonena arriskuan jarri ahal izanik.

13. Ez ordaintzea, modu puntualean, tasak edo sartzeko prezio publikoak, karneta uztea instalazioko erabiltzailea ez den norbaiti eta ez erakustea karneta pertsona baimendu bati hala eskatzen dionean Udalaren kirol eremuetan.

14. Ibilgailu pribatuekin (motordunak izan ala ez) sartzea horretarako berariaz egokituta ez dauden tokietan.

–Arau-hauste arinak:

1. Norberarena ez den sexukoentzako tokietarako sartzea; erabiltzaileak dagokion aldagela erabili behar du.

2. Baloi, pilota, irristailu, bizikleta eta bestelako tresnekin lasterka edo jolasean ibiltzea aldagela, korridore, harmaila eta atsedenlekuetan, beste kirol eremu osagarri batzuetan edo erregelamendu honek instalazio bakoitzerako ezarritako arau berariazkoetan zehazten diren kirol eremuetan.

3. Udalaren kirol eremuetako eta horien barneko eremuetako hesi, horma edo itxituretan gora igotzea edo beste aldera jauzi egitea.

4. Beirazko ontziak edo hautsiz gero erabiltzaileei kalte egin diezaieketen ontziak aldean eraman edo erabiltzea, Udalaren kirol eremu batzuetan gaituta egon daitezkeen eremuetatik kanpo.

5. Udalaren kirol eremuetan baimenduta ez dauden tokietan jatea.

6. Animaliak sartzea, kirol jardueretan erabili behar direnak izan ezik, gidazakurrei buruz indarra duen araudian ezarritakoa salbu.

7. Listu egitea, edozein motatako likidoak isurtzea eta edozein hondakin lurrera botatzea (txikleak, poltsak, zigarrokinak, fruitu lehorren azalak, paperak, pilak etab.).

8. Udalaren kirol eremu bakoitzerako nahitaez eta zehazki eskatzen diren kirol jantziak ez erabiltzea (kirol arropa, oinetakoak, kaskoa, belaunekoak eta beste edozein osagarri).

9. Adinagatik edo beste arrazoi batzuengatik ez dagokion kirol eremu batean sartzea, erregelamendu honetan ezartzen diren erabiltzaileen ezaugarrien arabera.

10. Norbanakoen iragarkiak jartzea salmentak eta alokairuak edo bestelako informazio pribatu/irabazizkoak agertzeko, Udalaren berariazko baimena izan gabe.

11. Instalazioak erabiltzeko erabiltzaileak erreserbatua duen edo eman zaion denbora eta Udalaren kirol instalazioak ireki eta ixteko ordutegiak puntualtasunez ez errespetatzea, horretarako baimena izan ezean.

12. Txukunketa pertsonala aldageletatik kanpo egitea.

13. Udalaren kirol instalazioetan higiene txarrarekin sartzea (usain txarra, arropa zikinak, etab.).

14. Erregelamendu honetan Udalaren kirol eremuetarako ezarritako kiroleko oinarrizko jarrera etikoak, zehapen araubidean aipatu ez direnak, ez betetzea, ez betetze horrek arau-hauste astunago bat ekartzen ez badu behintzat. Horrelako kasuetan zehapen araubide egokia aplikatuko da.

65. artikulua. Arau-hauste oso astunen zehapenak.

1. Arau-hauste oso astunek zehapen hauek ekar ditzakete:

a) Urte batetik bost urtera arteko epe batean kirol lehiaketa ofizialak antolatu edo haietan parte hartzeko debekua.

b) 3.000 eurotik 30.000 eurora bitarteko isuna.

c) Udalaren kirol instalazioetatik behin betiko kanporatzea, abonatu edo erabiltzaile gisa bereganatutako eskubideak urte batetik bostera arteko eperako kentzea.

d) Araudi aplikagarriaren babesean ezartzen ahal diren gainerako zehapenak.

66. artikulua. Arau-hauste astunen zehapenak.

1. Arau-hauste astunek zehapen hauek ekar ditzakete:

a) Hilabetetik urtebetera arteko aldian kirol lehiaketa ofizialak antolatu edo haietan parte hartzeko debekua.

b) 601 eurotik 2999 eurora bitarteko isuna.

c) Udalaren kirol instalazioetatik aldi baterako kanporatzea, abonatu edo erabiltzaile gisa bereganatutako eskubideak hilabetetik urtebetera arteko eperako kentzea.

d) Arau-hauste astunen ondorioz Udalaren kirol eremuetan kalte egiten bada (ekipamendu barne), zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu ahal izanen da, baita betearazpenaren bidetik erreklamatu ere.

e) Araudi aplikagarriaren babesean ezartzen ahal diren gainerako zehapenak.

67. artikulua. Arau-hauste arinen zehapenak.

1. Arau-hauste arinek zehapen hauek ekar ditzakete:

a) Gehienez hilabetean kirol lehiaketa ofizialak antolatu edo haietan parte hartzeko debekua.

b) 60 eurotik 600 eurora bitarteko isuna.

c) Udalaren kirol instalaziotik aldi baterako kanporatzea, egun batetik hogeita hamar egun naturalera bitarteko aldirako.

d) Ohartarazpena.

e) Kargu-hartze publikoa.

f) Kargu-hartze pribatua.

g) Araudi aplikagarriaren babesean ezartzen ahal diren gainerako zehapenak.

68. artikulua. Proportzionaltasun irizpideak.

1. Zehapenak ezartzeko, kontuan hartuko da zer inguruabar gertatzen ziren arau-haustea egin zen unean; hauek bereziki:

a) Zenbat jenderi erasan dion arau-hausteak eta zenbateko arriskuak sortu dituen.

b) Arau-haustearen oihartzun soziala.

c) Corellaren eta Nafarroaren irudia eta interesei zenbateko kaltea egin dien.

d) Aurrez ohartarazpen ofizialik egin ote zitzaion.

e) Intentzionalitatea.

f) Erantzuleak teknikoki zenbateraino zuen jokabideko xehetasunen berri, bere lanbidearen arabera edo kirol jardueren arloarekin duen loturaren arabera.

g) Egitatea ezkutatzeko asmoa.

h) Noraino hartu den parte.

2. Hauek hartuko dira betiere inguruabar astungarritzat:

a) Berrerortzea, Kirolari buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat.

b) Prezioa.

3. Inguruabar aringarritzat hartuko dira berehala damutzea eta Corellako Udaleko Kirol Zerbitzuak proposaturiko borondatezko kirol jardueretan parte hartzeko prest egotea.

69. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

1. Kapitulu honetan arautu diren eta beste administrazio batzuen zehapen ahalmena ukitzen ez duten arau-hausteek eta zehapenek preskripzio epe hauek izanen dituzte:

a) Arau-hauste arinek eta haiei dagozkien zehapenek, bi hilabeteren buruan.

b) Arau-hauste astunek eta haiei dagozkien zehapenek, urtebetearen buruan.

c) Arau-hauste oso astunek eta haiei dagozkien zehapenek, bi urteren buruan.

70. artikulua. Prozedura.

1. Zehapen ahalmena erabili baino lehen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko arauen araberako prozedura tramitatu beharko da.

2. Arau orokor gisa, Alkatetzak berariaz baimendutako pertsonek akta bat eginen dute zehapena izan dezaketen gertaera eta gorabeheren berri jasotzeko; akta hori zehapen ahalmena duten organoei aurkeztuko zaie eztabaidatu eta gauzatu dezaten; neurri zehatzak direnean, berehala gauzatuko dute. Akta hori (bertan, besteak beste, behatzailearen eta ustezko arau-hauslearen datu zehatzak jarriko dira, baita gertaerak ere, ahalik eta xeheen) Udaleko bulegoetan herritarren kexa, iradokizun edo ekarpenak jasotzeko erabiltzen den bera izaten ahalko da.

3. Behin zehapena ezarrita, fitxa batean erregistratuko dira arau-haustea egin duen entitate edo pertsonaren izena, gertatutakoa eta zehapena. Fitxa hori ikusgai egonen da kirol instalazio guztietan, zehapena bete arte. Zehapena bete ondoren, fitxa hori Udaleko Kirol Zerbitzuan artxibatuko da.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Corellako Udaleko alkateak eta idazkariak emanen dituzte erregelamendu hau betearazteko behar diren jarraibideak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Argitaratzea, indarrean jartzea eta komunikazioa. Erregelamendu hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2509295