158. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

680E/2025 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena Faltzesko, Tafallako eta Erriberriko udal mugarteetako "El Quinto Centenario 6", "Bitácora", "Mar Mediterráneo" eta "Los Cinco Océanos" izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuetarako, horien barne direla dagozkien ebakuazio azpiegiturak ere. Arena Green Power Ren 127, SLU, Arena Green Power Ren 126, SLU, Arena Green Power Ren 129, SLU eta Arena Green Power Ren 128, SLUk sustatu dituzte proiektuak, hurrenez hurren.

2025/03/07an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuan aurkeztu ziren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzeari ekiteko eskaerak, «El Quinto Centenario 6», «Bitácora», «Mar Mediterráneo» eta «Los Cinco Océanos» izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuetarako, horien barne direla dagozkien ebakuazio azpiegiturak ere, Faltzesko, Tafallako ea Erriberriko udal mugarteetan. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurkeztu zituen eta proiektuen sustatzaileak Arena Green Power Ren 127, 126, 129 eta 128 SLU izan ziren.

Lau eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuak bata bestearen aldamenean daude kokatuta, ingurune berean, jarduera eta obra zibila partekatzen dituzte, eta ekoizten duten energia ebakuazio azpiegitura erkideen bidez isurtzen dute. Era berean, funtsezko identitate bera eta elkarrekiko konexio estuak dituzte. Efizientzia administratiboaren printzipioari jarraituz eta 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 57. artikuluan xedatzen duenaz bat, ofizioz erabaki da lau eguzki instalazio fotovoltaiko horien eta dagozkien ebakuazio azpiegituren ingurumen ebaluazioa espediente bakar batean biltzea.

Proiektua Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. atalean araututako ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozeduraren bidez izapidetu da, sustatzaileak hala eskatuta, aipatutako arauaren 7.1 artikuluaren d) apartatuan xedatutakoaren arabera.

1. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskudun gisa, 30 egunez jendaurrean jarri zituen lau eguzki instalazio fotovoltaikoen eta haien ebakuazio azpiegituren proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketa bateratua, 2024ko abenduaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 255. zenbakian, iragarkia argitaratuta. Bi alegatzaileren idatziak jaso ziren.

Aldi berean, organo eskudunak ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioaren Legearen 37. artikuluaren arabera.

I. eranskinean laburbildu dira organo eskudunak gauzatutako jendaurreko informazio izapidearen eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei zuzendutako kontsulten emaitzak. Ebazpen honen espedientearen analisi teknikoaren gorputzean azaltzen da nola hartu diren kontuan ingurumen edukia zuten txostenak eta jasotako ekarpenak.

2025eko otsailaren 26an, Arena Green Power Ren 127 SLUk proiektatutako instalazio guztien ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitako agiriekin batera. 2025eko martxoaren 7an, organo eskudunak dokumentazio guztia igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, ingurumen organoa izanik, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen inpaktuaren adierazpen egokia egiteko.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio hau sustatzaileak ingurumen inpaktuaren eskaera egitean aurkeztutako dokumentazioa aintzat hartuta egin da. 2024ko irailaren 2ko data duten lau proiektuak, SET Tafalla 66 kV azpiestazioarekin lotura duten eguzki instalazio fotovoltaikoak («El Quinto Centenario 6», «Bitácora», «Mar Mediterráneo» eta «Los Cinco Océanos») eraikitzeko administrazio baimena lortzekoak, guztiak 4,99 MW-ekoak; eta «Ebaketa zentroa, 30 kV-ko aireko eta lurpeko linea, "Promotores Tafalla II" 66/30 kV-ko azpiestazio jasotzaile/kolektorea eta 66 kV-ko lurpeko ebakuazio linea eraikitzeko administrazio baimena lortzeko proiektua», 2025eko otsailaren 25ekoa. Era berean, ebaluazioak kontuan hartu ditu sustatzaileak ingurumen inpaktuaren baterako azterketa dokumentuan aztertu dituen lotutako inpaktuak eta jendaurreko informazio eta kontsulta izapideetan azaleratu direnak.

Ebaluazioak ez ditu eremu hauek barne hartzen: instalazio eta gailu elektrikoen segurtasuna, laneko segurtasun eta osasuna, hirigintza, lurraldearen antolamendua, bide segurtasuna eta araudi erregulatzailea zein berariazko instrumentuak izanik ingurumen ebaluazio honen irismen eremutik kanpo gelditzen diren gainerako eremuak.

2. Proiektuen azalpena eta kokalekua.

Proiektatutako eguzki instalazioak Faltzesko udal mugartearen ipar-ekialdean daude, Tafallako mugatik gertu, katastroko 15. poligonoko 247. lurzatian eta 1. poligonoko 13. lurzatian; biak Faltzesko Udalaren herri-lurrak dira. Ezartze azalera 11 ha ingurukoa da instalazio bakoitzerako: «El Quinto Centenario 6» instalazioak, 11,18 ha; «Bitácora» instalazioak, 10,55 ha; «Mar Mediterráneo» instalazioak, 11,99 ha; eta «Los Cinco Océanos» instalazioak, 11,51 ha.

Instalazio bakoitzean 9.100 modulu fotovoltaiko jarriko dira, eguzki egituren edo jarraitzaileen gainean muntatuta; ekialdetik mendebaldera mugitzeko aukera izanen dute, iparraldetik hegoaldera kokatutako ardatz horizontalaren bidez. Egituren zimendua, ahal dela, profilak lurrean zuzenean bermatuta eginen da. Hiru instalaziok bi inbertitzailez eta 30/0,6 kV-ko transformazio estazio batez osatutako potentzia estazio bat dute. «Mediterráneo» izeneko instalazioak bi potentzia estazio izatea proiektatzen da, bakoitza inbertsore batekin. Potentzia estazioak zangan lurperatutako erdi tentsioko linea elektriko baten bidez (30 kV) konektatzen dira lau instalazioek partekatzen duten ebaketa zentroarekin. Ebaketa zentrorainoko ebakuazio zangek 4.522 m-ko luzera dute, gutxi gorabehera. Ebaketa zentroa 1.218 m² inguruko hesiz inguratuta egonen da «El Quinto Centenario 6» instalazio fotovoltaikoaren eta Camino de la Valecillaren artean. Ebaketa zentroa erreferentziazko koordenatu hauetan kokatuko da: x koordenatua: 602.277,25 m, y koordenatua: 4.701.414,60 m (30 T eremua UTM-ETRS89).

Energia erdi tentsioko (30 kV) aireko eta lurpeko linea baten bidez ebakuatzen da ebaketa zentrotik «Promotores Tafalla II» 66/30 kV-ko estazio jasotzaile/kolektorera. Alegazioak aurkezteko aldia igarotakoan, sustatzaileak azken euskarria kendu du eta erdi tentsioko linearen lurpeko azken zatiaren trazadura 250 m luzatu du, izapidetzen ari diren sorkuntza berriztagarriko beste proiektu batzuen beste ebakuazio linea batzuetan eraginik ez izateko. Aldaketa horrek ez du hasieran ezarritakoez gain bestelako ingurumen ondorio adierazgarririk izanen. Erdi tentsioko linearen lurpeko lehen zatiak 3.751 m-ko luzera izanen du. Bigarren zatia, airekoa, 7.548 m luze izanen da eta 40 euskarri izanen ditu. Hirugarren zatia, lurpekoa, 386,81 m luzerakoa izatea proiektatzen da, azpiestazio jasotzaile/kolektoreraino.

«Promotores Tafalla II» 66/30 kV-ko azpiestazio jasotzaile/kolektorea Tafallako 6. poligonoko 260. lurzatian kokatuko da, erreferentziazko koordinatu hauetan: x: 608571,77 eta y: 4.705.956,71 (30 T eremua UTM-ETRS89), 2.412 m²-ko azalera hartuko du. Azpiestazio hori «Promotores Tafalla» 66/30 kV azpiestazioaren aldamenean jartzea proiektatzen da, eta azpiestazio horrek ingurumen organo honen aldeko txostena jaso zuen, ebazpen honen bidez: «330E/2024 Ebazpena, apirilaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Rios Renovables SLk Erriberrin sustatutako Baretón, La Caya, Los Mulares eta Las Planillas eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuen –Erriberriri ez ezik Tafallari ere egiten dion ebakuazio azpiegitura barne– ingurumen eraginaren txostena formulatzen duena». «Promotores Tafalla II» azpiestazioa «Tafalla» 66 kV (i-DE) azpiestazioarekin konektatzen da, 801,38 m-ko luzera duen 66 kV-ko lurpeko linea baten bidez.

3. Espedientearen azterketa teknikoa.

a) Alternatiben azterketa.

Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketak (IIA) premisa gisa planteatzen ditu baliabide teknikoak eta irisgarritasunekoak eskuragarri izateko baldintza batzuk, proiektuaren kokaleku posibleak hautatzeko. Instalazio fotovoltaikoak kokatzeko, sustatzaileak lau proiektuentzako baterako kokaleku bat bilatu du, eraldaketa eta ebakuazio azpiegiturak partekatu behar dituztelako.

IIAk zero alternatiba aintzat hartu du, proiektuak ez gauzatzekoa, eta instalazio fotovoltaikoak kokatzeko hiru alternatiba zehaztu ditu, baita beste bi alternatiba ere baterako ebakuazio linearen trazadurarako. Trazadura horietako batek bi diseinu aukera ditu.

Sustatzaileak iritzi dio proiektua ez gauzatzeak eragin negatiboa izanen lukeela energia elektrikoa ekoizteko eguzki baliabidearen aprobetxamenduan. Zero alternatiba baztertu egin da; izan ere, sustatzaileak uste du, egungo klima aldaketaren egoeran, eguzki energiaren garapena dela gaur egun teknikoki egingarriena den arintze neurrietako bat, betiere ahalik eta ingurumen inpaktu txikiena sortzen duela kontuan hartuta.

1. alternatibak eguzki instalazioak Miranda Arga udal mugarteko Pozuelo inguruan kokatzea proposatzen du, Portillo de Landibar eta Tafallako El Sasoko mugaren ondoan. 2. alternatiba Tafallako udal mugarteko El Saso ingurunean kokatzen da. 3. alternatiba Los Tres Hermanoseko Corraliza del Cabezori dagokio, Faltzesko udal mugartean, La Rinconada eta Tafallako El Sasoko mugaren ondoan. IIAn alternatiba horietako bakoitzak duen eragina aztertu eta baloratu da, zenbait irizpideren arabera: estepako hegaztientzat garrantzitsutzat hartzen den eremu batean egotea, irisgarritasuna, lurzoruen kalitate agrologikoa eta habitatean eta paisaian duen eragina. Lehenengo bi alternatibak estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremu gisa mugatutako leku batean daude, eta abifauna hori oso kontserbazio interes handikotzat hartzen da. Sustatzaileak 3. alternatiba hautatu du, estepako abifaunari, gaitasun agrologikoari eta paisaiari gutxien eragiten dielako. Ebakuazio linearen alternatibak sorkuntza puntuen eta sarera konektatzeko puntuen («Tafalla» 66 kV SET azpiestazioa) kokapenetik abiatuta eman dira. Trazadurak ahalik eta luzerarik txikiena izatea da asmoa, eta diseinuaren alternatibak eta lehendik dauden azpiegiturekin paralelismoak bilatu dira. 1. alternatibako lineak 10,41 km-ko aireko trazadura izanen luke. 2. alternatibak 1. alternatibako trazadura lurperatzea proposatzen du Landibarko estepako hegaztiak kontserbatzeko interes eremutik igarotzen den zatian, lehendik dauden bideak erabiliz. Linea horrek 12,5 km-ko luzera izanen luke guztira, eta 7,5 km airekoak izanen lirateke. 3. alternatibak aireko trazadura proposatzen du, guztira 11,2 km-ko luzerakoa, Tafallako El Plano iparraldetik inguratuz. IIAk 2. alternatiba hautatu du, hori delako estepako abifaunan eragin gutxien izanen duena; izan ere, Nafarroan estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremu gisa mugatutako ingurua lurpetik igarotzen du. Beste bi alternatibek eremua aireko trazaduran gurutzatzea planteatzen dute.

b) Proiektuaren inpaktu nagusien analisia.

Jarraian, proiektuaren inpaktu nagusiak eta horien tratamendua aztertzen dira, sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan adierazitakoak edo jendaurreko informazio eta kontsulta prozeduretan azaleratu direnak. Ez-nagusitzat jo diren inpaktuak ez dira ebazpen honetan jorratu.

Ingurumen inpaktuaren azterketak (IIA) aurreikusten du eremua laua izateak hondeaketa eta betelan azalera handien beharra izatea saihestuko lukeena. Aldez aurreko lanen deskribapenean, IIAn kalkulatu da 13.933 m³ hondakin sortuko direla eraikuntza fasean hondeaketa lurren soberakin gisa. Instalazio fotovoltaikoak 19.213,04 m³-ko lur erauzketa eraginen dute, eta 9.451,79 m³ soberako material sortuko dela kalkulatzen da. IIAk 60 ha inguruko azalera induskatuko dela hauteman du, honako hauek kontuan hartuta: instalazio fotovoltaikoek, aldi baterako zein modu iraunkorrean, hartuko duten eremua; bideen azalerak; ebakuazio linearen zangak eta euskarriak; eta ebaketa zentroaren eta «Promotores Tafalla II» azpiestazioaren azalerak.

Obren fasean erliebe forma artifizialak txertatzearen ondorioz geomorfologian izanen den inpaktua moderatutzat jotzen da. Sustatzaileak geomorfologian sortuko den hondar inpaktua bateragarritzat jotzen du, aintzat hartuta proiektuak topografiara egokitzeko prebentzio neurriak hartuko direla, obra zibila egin bitartean neurri aringarriak hartuko direla eta eraikuntza fasea akitu ondoren eraldatutako gainazalak lehengoratuko direla.

Sustrai Erakuntza fundazioak jendaurrean jartzeko epean alegatu du obrak egiteak inpaktu handia ekarriko duela, egin beharko den lur mugimenduagatik. Sustatzaileak erantzun du sarbide gehienak lehendik dauden bideak erabiliz eginen direla, eta topografia egokia duten lurzatiak aukeratu direla, eguzki jarraitzaileak instalatzeko ahalik eta lur mugimendu gutxien egin behar izateko.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsultaldian aurkeztutako txostenak adierazten duenez, eta LIDAR datuetatik lortutako gainazalaren eredu digitalaren arabera, moduluak ezarriko diren azaleren proportzio handi batek % 10etik gorako maldak ditu. Txostenak zehazten du ardatz horizontala duten jarraitzaileen gaineko modulu fotovoltaikoak % 5eko edo gutxiagoko maldetan bakarrik ezartzen ahal direla. Euskarri finkoko egituren kasuan, % 10eko edo gutxiagoko maldetan instalatzen ahal dira. Sustatzaileak erantzun du proposatutako diseinuak lur mugimenduak minimizatzen dituela, eta ez duela alferrikako alterazio geomorfologikorik eragiten ingurunean.

IIAn hautemandako inpaktu nagusia estepako abifaunaren populazioetan izanen duen eragina da. Azterketa horren arabera, fauna-talde hori da inguru horretako garrantzitsuena, duen presentziagatik eta duen mehatxu eta babes mailagatik. IIAn basoilo eurasiarra, basoilo txikia eta Naumann belatza aipatzen dira, galzoriko espezie gisa katalogatuak, eta mirotz zuria eta mirotz urdina, espezie kaltebera gisa katalogatuak.

Abifaunaren azterketan, beste espezie batzuk ere hauteman dira instalazio fotovoltaikoak ezartzekoak diren eremuan, hala nola miru gorria, arrano beltza eta mendebaldeko zingira-mirotza. Aireko ebakuazio linearen eremuari dagokionez, azterketan miru gorria, Naumann belatza, mirotz urdina eta mendebaldeko zingira-mirotza hauteman dira.

Azterlanak habitatak espezie horientzat duen egokitasuna aztertu du, «Eguzki instalazioek estepako abifaunako espezieetan dituzten ondorioak baloratzeko gida metodologikoan» proposatzen den metodologian oinarrituta; gida hori Lurreko eta Itsasoko Biodibertsitaterako Zuzendariordetza Nagusiak argitaratu zuen. Planteatutako aldaerak aintzat hartuta, IIAk kalitate handiko habitat eremuak hauteman ditu, Nafarroan estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizkotzat hartutako eremuaren baitan daudenak. IIAk adierazi du modulu fotovoltaikoak ezartzeko proposatu den eremua garrantzizkoa izaten ahal dela, hurbiltasunagatik eta Nafarroan garrantzizkotzat mugatutako eremuen artean konektatzeko duen eginkizunagatik.

IIAren arabera, eta prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu ondoren, faunako hondar inpaktuak moderatuak izanen dira, obren faseko eragozpenek eraginda; habitatak kaltetu edo galtzeak eraginda, bai obren fasean, bai ustiatze fasean eremua modu iraunkorrean okupatzeagatik; bai eta talka arriskuak eraginda, eta hesi efektuak eta instalazioak funtzionatzen ari direnean konektagarritasuna galtzeak eraginda ere. Naturagune babestuetan eta Natura 2000 Sarearen konektagarritasunean izanen duen hondar inpaktua ere moderatutzat jo da, talka arriskua, hesi efektua eta konektagarritasunaren galera direla eta. Sustatzaileak ondorioztatu duenez, faktore esanguratsuena habitata galtzea eta aldatzea da, eta horrek eragina izaten ahal du, batez ere, inguru horretako estepako abifaunako populazioen kontserbazioan.

Jendaurrean jartzeko epean, Sustrai Erakuntza fundazioak bere idatzian adierazi du estepako hegaztien populazioa beherakada handia izaten ari dela Nafarroan, habitat potentzialaren galeragatik eta haren zatikatzeagatik. Defendatu du zientzia arloan kezka handia dagoela espezie horien habitatetan instalazio fotovoltaikoak ezartzeagatik, eta adierazi du 2021-2030 aldirako Energia eta Klima Plan Nazional Integratuaren ingurumen adierazpen estrategikoak zehazten duela saihestu egin behar dela katalogatutako estepako espezieen banaketa eremu ezagunetan instalazio fotovoltaikoak ezartzea. Fundazio horrek adierazi du, halaber, proiektu fotovoltaikoak kokatzeko aukeratu den eremua estepako inguruneen arteko lotura naturala dela, eta dagoeneko mugatuta geratu zela Moncayueloko Parke Eolikoarekin. Eta uste du aukeratutako eremuak mendigunearen eta laborantza lurren mosaikoa eta kontserbazio balio handia duten batasunaren intereseko habitatak biltzen dituela, eta horiek, hain zuzen, naturagune babestuetako funtsezko elementuen igarokortasuna bermatzen dute. Sustatzaileak erantzun du proiektuek faunan izaten ahal duten eragina jada kontuan hartu dela IIAn. Proiektuak kontuan hartu du ebakuazio linea lurperatzea eta abifaunari eragozpen gehien eragiten dizkioten lanak ugaltze-garaitik kanpo egitea; eta, nolanahi ere, adierazi du IIAn habitataren egokitasuna hobetzeko konpentsazio neurriak txertatu direla. Hesi efektuari dagokionez, sustatzaileak hesiak igarokor bihurtzeko eta ikusarazteko neurriak hartuko ditu, baita hesiaren ertzetan landare pantailak jartzeko neurriak ere.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsultaldian jakinarazi du instalazio fotovoltaikoak katalogatutako zenbait hegazti espezieren habitat onuragarrian kokatuko daudela, Nafarroan estepako abifauna kontserbatzeko eremu kritiko gisa mugatutako inguruaren ondo-ondoan, eta adierazi du proiektuaren eremuak lotura eta koherentzia ekologikoa ematen diela Nafarroan estepako abifauna kontserbatzeko kritikotzat hartutako eremuei. Sustatzaileari jakinarazi zaio basoilo handiarekin talkak izan direla proiektatu den ebakuazio linearen aireko zatitik hurbil dauden aireko beste garraio linea batzuetan. Txostenean ondorioztatu da proiektuaren kokalekua katalogatutako espezieak dituen eta horientzako habitat egokia duen eremu batean dagoela, eta, beraz, proiektuak inpaktu nabarmenak izaten ahal dituela ingurumen balioetan, eta horrek proiektuaren bideragarritasuna baldintzatzen ahal duela.

Sustatzaileak erantzun du proposatu den instalazioen kokapena ez dagoela Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko eremu garrantzitsu edo kritiko gisa mugatutako eremuen barruan. Txoriak babesteko seinaleak jartzea proposatu du, eta aireko linearen ikuspena hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren proposamenak aintzat hartuko ditu. Sustatzaileak konpentsazio neurriak ere proposatu ditu, instalazio fotovoltaikoak ezartzeak dakarren habitat galerari aurre egiteko.

IIAn konpentsazio neurrien atal bat aurkeztu da, prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu ondoren, hondar inpaktuak lehengoratzeko. Sustatzaileak, estepako hegaztien habitataren murrizketari aurre egiteko, proposatu du instalazioen eragina jasanen duen azaleraren adinako beste bat lugorri uzteko konpromisoa hartzen duela, eguzki instalazio fotovoltaikoaren bizitza baliagarrirako. Horretarako, lugorri eta laborantza zerrendak txandakatuko lirateke. IIAk «Estepako hegaztientzako lugorriak» deritzon landa garapeneko esku-hartzean deskribatutakoen antzeko erabilera baldintza batzuk definitu ditu; esku-hartze hori Nafarroako ingurumen eta klima arloko konpromisoei eta bestelako kudeaketa konpromisoei dagokie, eta 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan sartuta dago, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emandako 115E/2024 Foru Aginduaren, apirilaren 11koaren, II. tituluko V. kapituluaren arabera. Bigarren konpentsazio neurria inguruko hesietan harraparientzako pausalekuak jartzea da, habitat horrek bizitzeko eta ehizarako eremu gisa egokitasun handiagoa izan dezan. Sustatzaileak adierazi du neurri horrek espezie harrapariei mesede eginen diela, baina oso mesedegarria izan daitekeela, halaber, Naumann belatzarentzat.

Espedientea aztertu ondoren, ingurumen organo honek jakinarazi du Tafallako El Saso mugartea eta Miranda Argako Caserío de Sota ingurua lehendik ere baztertu egin zirela ureztapen eremu bihurtzeko, Nafarroako ubidearen proiektuak estepako faunan izandako eragin nabarmenak zuzentzeko helburuarekin. Ebazpena, 1999ko maiatzaren 17koa, Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiarena, Nafarroako ubidearen proiektuari eta haren ureztapen eremuen eraldaketari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten duena. Modulu fotovoltaikoak ezarriko diren eremuei dagokienez, ingurumen organo honek aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zuen Tres Hermanos parke eolikorako –Agrowind Navarra 2013 SLk sustaturik–, estepako hegaztiak kontserbatzeko interes eremuen artean egoteagatik eta inguruko hegazti espezie mehatxatuentzat hesi efektua eragiteagatik. 400E/2018 Ebazpena, ekainaren 14koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Plan Eolikoaren barruan dauden San Marcos l, San Marcos ll, Linte, Jenáriz, Tres Hermanos eta Corraliza Paulino izeneko parke eolikoen ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena, Agrowind Navarra 2013k sustaturik.

Proiektuaren eremua «oso kaltebera» gisa kalifikatu zen aurrez aipatutako «Eguzki instalazioek estepako abifaunako espezieetan dituzten ondorioak baloratzeko gida metodologikoan». Instalazio fotovoltaikoak eta estepako hegaztien kontserbazioa bateragarriak diren baloratzeko, eta proiektua eremu kaltebera horietan egitekoa bada, gida horretan adierazten da proiektuaren kokapena korapilatsutzat hartzen dela, eta, beraz, ordezko kokaleku bat bilatzea gomendatzen dela; edo, bestela, modu frogagarrian erakutsi beharko dela proiektuak ez diela inguru horretako estepako hegazti populazioei eragiten. IIAn aztertu eta baztertu diren alternatibak estepako abifauna kontserbatzeko eremu kritikoaren barruan egitea aurreikusi da, «AC 11: Miranda de Arga-Tafalla-Olite» deritzon eremuan. Sustatzaileak arrazoizko aukera guztiak aztertu behar ditu, teknikoki eta ingurumenaren aldetik bideragarriak direnak, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1.1 artikuluaren b) apartatuarekin eta 5.3 artikuluaren c) apartatuarekin bat etorriz. Ingurumen organo honek ohartarazi du 1. alternatibaren kokalekua bat datorrela «La Niña 7», «La Pinta 7», «La Pinta 8», «La Santa María 2» eta «La Santa María 3» eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuenekin, horiek ere Arena Green Power Ren taldeko merkataritza enpresek sustatuak. Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak aurkako adierazpena egin zuen proiektu horietarako, katalogatutako estepako zenbait hegazti espezierengan –horietako batzuk galzoriko espezieak– eragin kritikoa zutelako. Hori izan zen proiektuak ingurumenaren ikuspegitik bideragarritzat ez hartzeko arrazoi nagusia.

Eremu kritiko horiek mugatzeko, Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren «Espainian nekazaritzako eta estepako inguruneekin lotutako hegazti mehatxatuak kontserbatzeko estrategian» horretarako zehazten diren irizpideak hartu dira kontuan. Kontserbazio eremu horiek ezin utzizko gutxienekoa dira bermatzeko, ahal den neurrian, espezie horiek jarraitutasuna izanen dutela Nafarroan. Hala zehaztu zuen 836E/2017 Ebazpenak, abenduaren 15ekoak, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emanak, 2030erako Nafarroako Energia Planari buruzko (NEP 2030) Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duenak. Sustatzailea Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia da.

Lau instalazio fotovoltaikoak 100 ha inguruko gutxieneko poligono ganbil bat hartzeko proiektatu dira, eta kritikotzat hartutako eremuaren mugetatik oso gertu dago; inguru horiek habitat onuragarria dute (lehorreko laboreak), habitataren kudeaketa onuragarria da (lugorri funtzionalak) eta landaredi naturala ongi ordezkatzen dute. Faktore horiek guztiek estepako hegaztientzako kalitate handiko habitatak direla adierazten dute. Gainera, eremu horrek lotura eta koherentzia ekologikoa ematen die kritikotzat mugatutako eremuei.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren txostenak ohartarazi zuen lau instalazio fotovoltaikoak lehorreko laborantza estentsiboko lursailetan jarriko direla, lugorri utzitako azalera esanguratsua dutenak eta mosaikoan jarrita daudenak, zuhaixkak dituzten bazkalekuetako landarediarekin, eta hori habitat onuragarria dela katalogatutako estepako hegazti espezie batzuentzat. Proiektuaren kokalekua Nafarroako basoilo handiaren, basoilo txikiaren, Naumann belatzaren, mirotz zuriaren eta mirotz urdinaren banaketa eremuan dago. IIAn, espezie horiek guztiak erregistratu dira proiektuaren eragin eremuan.

Egindako azterketaren ondorioz, ingurumen organo honek irizten dio aurkeztutako proiektuak inpaktu nabarmen eta larriak izanen dituela katalogatutako estepako abifaunako zenbait espezietan. Izan ere, espezie horietako batzuk galzorian daude, eta, esaterako, basoilo txikiaren Nafarroako populazioarentzat eragin kritikoa izanen duela jotzen da. Batez ere, Nafarroako eremuan duten habitat onuragarriaren azalera nabarmen bat eraldatuko delako, habitata zatitzea eraginen duelako eta horrek lotura galtzea eraginen duelako, eta eremu kalteberetako talka arriskua handitzen duelako. Konpentsazio neurrien proposamenari dagokionez, kontuan hartu behar da neurri horiek salbuespenezko neurriak direla, ingurumenaren ikuspegitik bideragarriak diren proiektuen hondar inpaktuentzat aplikatzen direnak, eta, izatekotan ere, behar bezala kokatuta, kuantifikatuta, aurrekontuan jasota eta bermatuta egon behar dutela gauzatzeko eta eraginkorrak izateko.

4. Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoan azaldutakoa ikusita, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura behar bezala egin dela, eta ingurumen inpaktuari aurkako adierazpena egitea proposatu du «El Quinto Centenario 6», «Bitácora», «Mar Mediterráneo» eta «Los Cinco Océanos» izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuetarako, horien barne direla dagozkien ebakuazio azpiegiturak ere, Faltzesko, Tafallako eta Erriberriko udal mugarteetan; sustatzaileak Arena Green Power Ren 127, 126, 129 eta 128 SLU dira, hurrenez hurren.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz (honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuak), honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Aurkako ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea Faltzesko, Tafallako eta Erriberriko udal mugarteetako "El Quinto Centenario 6", "Bitácora", "Mar Mediterráneo" eta "Los Cinco Océanos" izeneko eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuetarako, horien barne direla dagozkien ebakuazio azpiegiturak ere, espedientearen azterketa teknikoan azaldutako arrazoiak kontuan izanda. Arena Green Power Ren 127, SLUk, Arena Green Power Ren 126, SLUk, Arena Green Power Ren 129, SLUk eta Arena Green Power Ren 128, SLUk sustatu dituzte proiektuak, hurrenez hurren.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko uztailaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–JENDAURREKO INFORMAZIOAREN IZAPIDEAREN EMAITZA

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan adierazitakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak 30 egun baliodunez jendaurrean jarri zituen "El Quinto Centenario 6" (5416-CE), "Bitácora" (5417-CE), "Mar Mediterráneo" (5418-CE) eta "Los Cinco Océanos" eguzki instalazio fotovoltaikoen (guztiak 4,99 MW-ekoak) aurreproiektuak eta haien ingurumen inpaktuaren azterketa, horien barne direla eraldaketa eta ebakuazio azpiegiturenak ere, Faltzesko, Tafallako eta Erriberriko udal mugarteetan jartzekoak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2024ko abenduren 17ko 255. zenbakian iragarkia argitaratuta.

Alegazio hauek jaso ziren:

–1. alegazioa, Energía Inagotable de KYOKO, SL.

–2. alegazioa, Sustrai Erakuntza Fundazioa.

ERAGINDAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOENTZAT ETA PERTSONA INTERESDUNENTZAT IREKITAKO KONTSULTA IZAPIDEAREN EMAITZA

Aldi berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta aipatutako abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso zituen:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

Ingurumen Ebaluaziorako Atala

X

Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atala

Herri-lurren Atala

Basoak Kudeatzeko Atala

Kontserbazio Zerbitzuko Ustiapen Atala (Herri Lanak)

Ondare Arkitektonikoaren Atala

X

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

X

Faltzesko Udala

Tafallako Udala

Erriberriko Udala

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa

X

Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioa

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

X

Enagás Transporte SAU.

Espainiako Ornitologia Elkartea - SEO/BirdLife

Nafarroako Ekologistak Martxan

Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF)

X

Red Eléctrica de España SAU.

X

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.

Iragarkiaren kodea: F2509912