158. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

484/2025 EBAZPENA, uztailaren 18koa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, María Ángeles Andraiz Labairu andrea Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide izendatzen duena.

Martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen barreneko Kirol Diziplina arautzen ditu; horrela, foru dekretu horrek Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean ezarritako kirol arloko diziplina araubidea garatzen du, zehazki, haren VIII. tituluko III. kapituluan eta IX. tituluko I. kapituluan.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea kirol justiziaren arloko organo gorena da Nafarroako Foru Komunitatean, aipatu Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 125. artikuluan xedatutakoaren arabera. Foru Komunitateko Kirol Administrazioari atxikia dago organikoki, baina zeharo beregain aritzen da bere eginkizunetan administrazio horrekiko nahiz Nafarroako kirol antolamenduko gainerako entitateekiko, eta berak erabakitzen du bere eskumeneko gaietan, administrazioko azken instantzia gisa.

Horri dagokionez, azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuan, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak, ezartzen da erakunde autonomo horrexek hartuko dituela bere gain Foru Komunitateko Kirol Administrazioari dagozkion eskumenak. Halaber, foru dekretu horretan xedaturikoaren arabera, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordea eratzen da Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko kide anitzeko organo gisa, eta erakunde autonomoaren Kudeaketako Zuzendaritzari zuzenean atxikirik dago.

Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen osaerari dagokionez, batzordeko kideak Zuzenbideko bost lizentziadun izanen dira, esperientzia aitortua dutenak kirolaren arloko zuzenbidean eta horren eremuan, martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarri bezala. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak izendatuko ditu Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kideak, honela banaturik: bi Foru Komunitateko Kirol Administrazioak zuzenean izendaturik, bi Nafarroako kirol federazioek proposatutakoen artetik, eta bat Nafarroako Kirol Kontseiluak proposatutakoen artetik.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 6ko 536/2024 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide batzuk berritu ziren. Bost urterako izendatu ziren, ebazpen hori eman zen egunetik zenbatzen hasita. Izendatutakoen artean Juan Ignacio Zubiaur Carreño jauna zegoen, Nafarroako Kirol Kontseiluak proposatuta izendatua.

Juan Ignacio Zubiaur Carreño jaunak, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko lehendakari hautatuak, organo horrek 2024ko urtarrilaren 14ko egindako ohiko bilkuran, jakinarazi zuen kargua uztea erabaki zuela arrazoi formalengatik.

Hala, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 3ko 59/2025 Ebazpenaren bidez, kargutik kendu zen Juan Ignacio Zubiaur Carreño jauna, Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kidea, berak hala eskatuta eta arrazoi formalengatik.

Martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuaren 5.4 artikuluan xedatutakoa betez, Nafarroako Kirolaren Kontseiluari eskatu zitzaion leku huts hori betetzeko proposamenak aurkez zitzan, eta horretarako epea eman zitzaion. Proposatutakoek bete behar dute Zuzenbideko gradua edo lizentzia edukitzeko baldintza, eta arlo juridikoan eta kirol arloan esperientzia aitortua izan behar dute. Epea amaituta, ez zen proposamenik aurkeztu.

Horregatik, eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko egungo kideek iradokita, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzak proposatu du María Ángeles Andraiz Labairu andrea izendatzea. Zuzenbidean lizentziatua da eta esperientzia handia du, besteak beste, administrazio zuzenbide zehatzailearen arloan. Beste proposamenik ez dago eta pertsona horrek martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuan titulazioaren eta esperientziaren gainean eskatzen diren baldintzak betetzen ditu, hala egiaztatu baitu curriculum vitaea aurkeztuz.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuan eta martxoaren 10eko 48/2003 Foru Dekretuan emandako eskumenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. María Ángeles Andraiz Labairu andrea Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko kide izendatzea.

Haren agintaldiak iraunen du jatorrizko agintaldia amaitu arte, hots, 2029ko irailaren 6ra arte.

2. Ebazpen hau María Ángeles Andraiz Labairu andreari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari, Entitateei Arreta Egiteko eta Kirol Errendimendurako Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeko Idazkaritzari.

Iruñean, 2025eko uztailaren 18an.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Jorge Aguirre Oviedo.

Iragarkiaren kodea: F2509943