1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
29/2025 EBAZPENA, uztailaren 30ekoa, Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez eskumen batzuen erabilera uzten baita Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariaren esku.
Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11. artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere (11/2019 Foru Legea, hizpide dituena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionala).
Horrez gain, artikulu horrek ezartzen du eskumenen eskuordetzea noiznahi egin edo errebokatu daitekeela, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dela. Ezartzen du, orobat, eskuordetze baten bidez ematen diren administrazio egintzetan eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz, eta, ondorio guztietarako, hartuko direla organo eskuordetzaileak emanak balira bezala.
Zuzendaritza nagusiaren jardueretan lor daitezen behar diren eraginkortasuna eta azkartasuna, egokitzat jotzen da Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea eskumen batzuen erabilera, zeinak berez baitagozkio Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiari.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala),
EBAZTEN DUT:
1. Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea ondotik azaltzen diren eskumenen erabilera, zeinak indarreko legeek esleitzen baitizkiote Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusiari, industriaren, azpiegitura energetikoen eta meategien arloari loturik:
a) Profesionalei egiaztagiriak eta baimenak ematea, energiaren, meategien eta industria segurtasunaren arloan.
b) Baimena ematea meategietan hauts-laginak murrizteko.
c) Baimena ematea meatze-eskubideak eskualdatzeko.
d) Lanen planak onestea meategiko jardueretan.
e) Instalazio elektrikoen eta gas-instalazioen arloko baimenak, salbu garraio lineen edo sareen baimenak eta ekoizpeneko eta autokontsumoko instalazioen baimenak, garraio sarera lotura dutenean.
f) Ziurtagiriak ematea, xede dituztenak ibilgailu bereziak, produktu galkorrak garraiatzen dituztenak lurreko garraioaren bidez, tenperatura kontrolatuan.
g) Zentro teknikoak eta tailerrak baimentzea, ari daitezen takografoen eta abiadura-mugagailuen arloetan.
h) Baimentzea neurri alternatiboak eta arau tekniko baliokideen erabilera, berariazko arauek aukera hori ematen dutenean.
i) Zerbitzu honek tramitatzen dituen dirulaguntzak ordaintzea, deklaratzea haiek kobratzeko eskubidea galdu egin dela eta dirua itzultzeko eskatzea.
j) Arau-hauste arin eta astunengatik irekitzen diren zehapen prozedurak hastea eta ebaztea, energiaren, meategien eta industria segurtasunaren arloetan.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko uztailaren 30ean.–Enpresen Sustapenerako eta Azpiegituretako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
Iragarkiaren kodea: F2510457