153. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESTERIBAR

Uso migratzailearen postuen enkantea Leranotzen

Leranozko (Esteribar) NA-10.385 barruti publikoko uso migratzailearen postuen enkantearen oinarria izanen den baldintza-agiria:

Lehendabizikoa.–Enkantearen xedea da uso migratzailearen ehiza aprobetxamendua Esteribar Iparraldeko Ehiza-Barruti Publikoan (ADI barrutia), Leranozko aurrez adierazitako eta tradizioz horretarako prestatutako postuetan, 5 denboraldirako. Ehiza-denboraldia urte bakoitzeko urriaren 1etik azaroaren hogeita hamarrera bitartekoa izanen da, agintaritza nagusiak egin ditzakeen aldaketak salbu.

Bigarrena.–Enkantea 2025eko abuztuaren 14an eginen da, 11:30ean, Esteribarko udaletxean, aldez aurretik iragarkia jarrita Kontratazio Atarian, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, prentsan eta Udalaren iragarki-taulan.

Hirugarrena.–hasierako prezio hau ezartzea:

–1. lotea (Mendi-1, 2 eta 3): 1.438,35 euro (BEZa kanpo).

–2. lotea (Mendi-4, 5 eta 6): 1.030,82 euro (BEZa kanpo).

–3. lotea (Txorrota 1): 306,86 euro (BEZa kanpo).

Ez dira onartuko tasazio baliotik beherako posturak.

Hurrengo urteetarako eguneratu eginen da urtero, bizitzaren kostuaren gorakadaren arabera eguneratu ere, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten dituen indizeetan oinarriturik.

Laugarrena.–Enkantea ahozko posturen prozedura erabiliz eginen da, eta gora jotzeko posturak, halakorik badago, 50 eurokoak izanen dira. Posturagile handienari adjudikatuko zaio behin-behinekoz, eta horrek errematearen %10 utzi beharko du ekitaldiaren bukaeran, fidantzatzat; dagokion ordainagiria emanen zaio. Adjudikazio proposamena irabazten duen lizitatzaileari, baldintza horiek bete ezean, behin-behineko bermea bahituko zaio eta gainera adjudikazioaren aldeagatik administrazio lizitatzaileari egindako kalte eta galeren ardura hartuko du bere gain. Enkanteetako adjudikazio egintzaren emaitza berehala jarriko da erakundearen iragarki-taulan.

Bosgarrena.–Behin-behineko adjudikazioaren emaitzak sesta emateko epea iragan beharko du, bat etorriz Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 229.6 artikuluarekin. Epea igaro eta hobetzeko eskaintzarik egin ez bada, behin-behineko adjudikazioa zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

Seigarrena.–Usategiaren prezioa sesta emanda hobetzen badu inork, hobetzeko ekintza berean, fidantza gisa, sesta berriari dagokion zenbatekoaren %10 utziko du gordailuan sesta-emaileak, eta hobetutako postuaren enkantea eginen da udalburuak ezarri egun eta orduan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak horretarako ezarritako epeen barruan; horren berri emanen zaie interesdunei aldez aurretik.

Zazpigarrena.–Enkantea eman gabe geldituz gero, bigarrena eta, behar bada, hirugarrena eginen dira, tasazioaren hasierako prezioa %10 eta %20 merkatuta, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da izanen azken enkanteko hasierako prezioa baino merkeagoa.

Bigarren enkantea ere adjudikatu gabe gelditzen bada, bigarrena egiten den egun berean eginen da hirugarren enkantea, hasierako tasazio-tasaren %20ko beherapenarekin.

Zortzigarrena.–Behin betiko adjudikazioa egin eta 3 eguneko epean, erremategileak ordaindu beharko du errematearen zenbateko osoa, dagokion BEZa gehituta, eta baita izan dezakeen bertze edozein karga edo, hemendik aurrera, erakunde eskudunak edo eskudunek arautu lezake(te)ena ere. Gainera, adjudikazio prezioaren %10 utzi beharko du, fidantza gisa. Edozein inguruabar dela-eta, adjudikaziodunak postuari uko egiten badio, ordaindutako zenbatekoa eta fidantza galduko ditu.

Bederatzigarrena.–Adjudikaziodunak, edozein unetan, enkantearen eskubideak eskualdatzeko baimena izanen du, Udalaren oniritziarekin, enkantearen zenbatekoa ordaindu ondoren. Horretarako, adjudikaziodun bakoitzari hiru txartel emanen zaizkio, eta agiri hori bertzerenezina izanen da, udalak baimendutako pertsonei izan ezik, eta egiaztagiri gisa balioko du lanpostuaren titulartasuna eskualdatuz gero.

Hamargarrena.–Uso migratzailearen ehiza aprobetxamendurako epea, enkanteko postuei dagokienez, urte betekoa izanen da. Herritarrek eta kanpokoek erabat debekatuta dute enkantean jarritako postua betetzea, nahiz eta hutsik egon. Adjudikaziodunak debekatuta dauka postutik kanpo ehizatzea, horretatik armekin kanpora ateratzea eta inolako posturik eraikitzea, ez zuhaitzetan, ez lurrean. Arau-hausleei ahalik eta zehapen zorrotzena ezarriko zaie, eta, gainera, eragindako kalte guztiak konpontzera kondenatuko dira, hargatik eragotzi gabe erruduntasun-testigantza agintari eskudunei pasatzea.

Udalak ez ditu bere gain hartzen barrutiaren barnean ehiztariei eta adjudikaziodunei gerta dakizkiekeen istripuak.

Hamaikagarrena.–Kontratu honetako baldintzaren bat betetzen ez bada, erremategileak adjudikazio-prezio gisa ordaindutako zenbatekoa galduz zehatuko da.

Enkantea erremategilearen arrisku eta menturara egiten da, eta enkantearekin eta udalarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, ustekabekoengatik edo ezinbertzeko arrazoiengatik, usoaren ehiza oztopatzen edo deuseztatzen bada, kalteak adjudikaziodunaren kontura izanen dira. Alabaina, erakunde nagusiek ehiza debekatzea erabakitzen badute eta etenaldi horrek ehiza-jardueran eragozpenak edo mugak eragiten badizkio adjudikaziodunari, adjudikaziodunak Udalbatzari eskatzen ahalko dio errematearen zenbatekoa itzul dezala, uso-pasea amaitzeko falta diren egunen arabera hainbanatuta.

Hamabigarrena.–Udalak adjudikaziodunari laguntza emanen dio eta lankidetzan jardun, baldin eta hala eskatzen badu.

Bidezko elkarrekikotasunaren izenean, udalak ehiztariengandik pareko jokabidea espero du. Ingurumena zaintzeko, ehiza-barrutiaren edo usategi-postuaren adjudikazioduna izanen da ehiza-eremua garbi mantentzearen arduraduna, bai paperetatik, bai janari-hondakinetatik, bai kartutxo hutsetatik, bai eta edozein motatako zaborretatik ere.

Hamahirugarrena.–Ehiztariek arlo horretan indarrean dauden xedapenak bete behar dituzte, batez ere Ehizari buruzko Erregelamendua eta Foru-lurraldeko Toki-erakundeetako Barrutietako Ehiza-administrazioaren Arauak. (2/1993 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzkoa eta ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretua).

Justizia Auzitegiek esku hartu behar duten auziak sortzen badira, Esteribarko Jurisdikziokoetan izanen dira.

Hamalaugarrena.–Baldintza hauetan aurreikusirik ez dagoen guztian, jokatuko da abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta hura garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zuen aipatu ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuan, eta baita arloan indarra duten gainerako xedapenetan ezarritakoari ere jarraituz.

Esteribarren, 2025eko uztailaren 29an.–Alkate udalburua, Guillermo Larrayoz Otazu.

Iragarkiaren kodea: L2510200