Iragarkia
153. ALDIZKARIA - 2025eko abuztuaren 1a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
483/2025 EBAZPENA, uztailaren 17koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi publiko bat onesten baita diru baliabideak esleitzeko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan profesionalak kontratatzeko, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko 2025-2026 ikasturtean. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 847291.
2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 2/2024 Foru Legearen 52.7 artikuluak honako hau xedatzen du: "Haur Hezkuntzako eta derrigorrezko irakaskuntzetako ikastetxe itunduek artatzen badituzte hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, edo gizarte edo kultur egoera ahulean daudenak edo etxeko laguntza jasotzen dutenak, bestelako giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak izanen dituzte: ikasle horiei arreta emateko laguntza-irakasleak, logopedia zerbitzuak, eta zaintzaileak edo bestelako langile osagarriak. Baliabide horiek esleitzeko, deialdi publikoa eginen da, Hezkuntza Departamentuak onetsia, behar diren txosten teknikoak baliatuta".
Nafarroako Gobernuak, 2025eko ekainaren 25ean hartutako erabakiaren bidez, 6.869.082,00 euroko urte anitzeko gastua onetsi zuen berariazko hezkuntza premiak dituzten ikasleei edo gizarte edo kultur egoera ahulean daudenei arreta emateko langileak eta baliabideak esleitzeko deialdi publikoa finantzatzeko.
Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatu du deialdi publiko bat onestea 2025-2026 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren giza baliabideak esleitzeko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi publiko bat onestea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan, 2025-2026 ikasturtean, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren baliabideak esleitzeko eta emateko, horri esker hezkuntzako konpentsazioa lortu ahal izateko, I., II. eta III. eranskinetan xedatutakoarekin bat.
2. Deialdi honen xedeko giza eta diru baliabideak finantzatzeko 6.869.082,00 euroko gastua onestea, honela banaturik:
2.1. 5.993.270,00 euro "Berariazko hezkuntza premiak. Ikastetxe pribatu itunduak eta/edo diruz lagunduak" izeneko 410003-41600-4811-322402 partidaren kargura. Horietatik, 1.997.756,67 euro 2025eko aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 3.995.513,33 euro, 2026ko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.
2.2. 875.812,25 euro "Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Ikastetxe pribatu itunduak eta/edo diruz lagunduak" izeneko 410003-41600-4811-322403 partidaren kargura. Horietatik, 291.937,33 euro 2025eko gastuen aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 583.874,67 euro, 2026ko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Deialdi honen eta beronen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Departamentuan den kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera eta Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2025eko uztailaren 17an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da baliabide ekonomikoak esleitu eta ematea Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Derrigorrezkoaren Ondoko Hezkuntzan (azken kasu honetan, eta salbuespenez, gaztelaniazko zeinu-hizkuntzaren interpreteentzat eta mugitzeko desgaitasuna duten ikasleei hezkuntza-laguntza emateko espezialistentzat bakarrik) ikasleak dituzten ikastetxe itunduei, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko profesionalak izan ditzaten 2025-2026 ikasturtean.
Ikasle horiek hezkuntza sisteman aurrera egiteko, curriculumaren egokitzea behar dute, eta/edo esku-hartze berariazkoa eta sistematikoa. Horretarako, lankidetza handia behar da irakasle espezialisten edo laguntzako irakasleen eta irakasle tutorearen artean. Aniztasunari arreta emateko ohiko neurriak aplikatu ondoren emanen da laguntza hori, ikasleak eskolan integra daitezen; horretarako, metodologia aktiboak eta elkarlanekoak erabiliko dira, eta antolamendu eredu malguak, oinarrizko konpententzien garapena ahalbidetuko dutenak (II. eranskina).
Hauek sartzen dira:
–Hezkuntza premia bereziak izateagatik (izan desgaitasun fisikoaren, intelektualaren edo zentzumenezkoaren ondorioz edo izan portaera-nahasmendu larrien ondorioz) edo ikasteko berariazko zailtasunak izateagatik hezkuntza-laguntza behar duten ikasleak. Hori baita Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako hezkuntza inklusioa arautzen duen abuztuaren 21eko 69/2023 Foru Aginduaren 12. artikuluak xedatzen duena.
Nahitaezkoa da ikasleak EDUCA programaren kasuan kasuko erroldan egotea. Horretarako, jarraituko zaio EDUCA kudeaketarako programaren hezkuntza-laguntzako berariazko premien fitxa eguneratzeko gidan ezarritakoari. Ikastetxearen ardura da ikasle horien txostenak eta dokumentazioa eguneratuak edukitzea, ikuskatzeko eskatzen ahalko baitira, eta, orobat, ikasleak errolda horietan sartzen direnean familiei edo, hala dagokionean, legezko tutoreei horren berri ematea. EDUCAn agertzen ez diren ikasleak ez dira aintzat hartuko baliabideak banatzeko orduan.
Deialdi honetan ez dira sartzen Hezkuntza Bereziko ikastetxe itundu berariazkoak, ez eta berariazko geletan eta Bigarren Hezkuntzako curriculum bereziko unitateetan diharduten ikasleak ere.
Bigarren oinarria.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.
1. Aipatu ezaugarrietako ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe itunduek eskabide orria aurkeztu beharko dute departamentu honetako Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzendua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 5 egun balioduneko epean, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez.
2. Erreserban uzten diren baliabideak eskatzeko (eranskin honetako bosgarren oinarrian aipatzen direnak), eskaerak aurkezteko epea 2026ko maiatzaren 31n bukatuko da. Oinarri honen 1. puntuan aipatzen den zerbitzu berari zuzenduko zaizkio, eta leku beretan aurkeztuko.
Hirugarren oinarria.–Deialdi honen ebazpenean ematen diren baliabideen kudeaketa eta ordainketa.
1. Irakasleen soldatak, antzinatasuna eta karga sozialak Administrazioak ordainduko ditu zuzenean, ordainketa eskuordetuaren bidez, irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan harremana galarazi gabe. Horrek ez du inolako lan harremanik sortuko Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren IV. tituluaren arabera.
2. Gainerako giza baliabideen –irakasle ez diren langile osagarrien– soldata, antzinatasuna eta karga sozialak ikastetxeko titularrak ordainduko ditu zuzenean eta Hezkuntza Administrazioak konpentsatuko dio ikastetxeko titularrari bi hilabetez behin egindako ordainketen bitartez. Ikastetxeko titularrak, diru-sarrera horiek justifikatzeko, kontratua aurkeztuko du, jarduera hastean, Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalean.
3. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko dokumentuan, non jasotzen baitira Hezkuntza Administrazioak eta ikastetxe itunduaren titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean jasoko dira ikastetxe itundu bakoitzerako deialdi honen ebazpenaren ondorioz onesten diren baliabideak.
4. Deialdi honen bitartez giza baliabideak jaso ahal izateko, ikastetxe itunduek aplikatu egin beharko dituzte Hezkuntza Administrazioaren eta irakaskuntza pribatuko enpresa erakundeen eta sindikatuen artean adostutako neurriak, hain zuzen, ebazpen honen 5. oinarrian aipatzen diren dirulaguntzak eta itunak iraungitzearen ondorioz ukitutako irakasleak eta langile osagarriak birkokatzekoak. Giza baliabidea emanen da baldin eta ikasleak ikastetxean jarraitzen badu eta baliabide horren beharra badago.
Laugarren oinarria.–Baliabide ekonomikoak.
1. Deialdi honen xederako kreditua, hots, hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten eta egoera ahulean dauden ikasleei arreta emateko langileak kontratatzekoa, 6.869.082,00 euro izanen da guztira, honela banaturik:
2.1. 5.993.270,00 euro "Berariazko hezkuntza premiak. Ikastetxe pribatu itunduak eta/edo diruz lagunduak" izeneko 410003-41600-4811-322402 partidaren kargura. Horietatik, 1.997.756,67 euro 2025eko aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 3.995.513,33 euro, 2026ko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.
2.2. 875.812,25 euro "Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Ikastetxe pribatu itunduak eta/edo diruz lagunduak" izeneko 410003-41600-4811-322403 partidaren kargura. Horietatik, 291.937,33 euro 2025eko gastuen aurrekontuaren kargura izanen dira, eta gainerakoa, 583.874,67 euro, 2026ko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.
2. 2025-2026 ikasturterako, gehienez, inklusioari laguntzeko honako ordu hauek esleitzen ahalko dira espezialitateen arabera:
a) 1.620 eskola-ordu astean, Pedagogia Terapeutikoko irakasleek hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko.
b) 645 ordu astean, Logopediako profesionalentzat edo Entzumena eta Hizkuntzako maisu-maistrentzat.
c) 2100 ordu astean, hezkuntza-laguntzako espezialistek desgaitasuna duten ikasleei arreta emateko.
d) 0 ordu astean, gaztelaniazko zeinuen hizkuntzaren interpretazioko goi mailako teknikariarentzat.
e) 425 eskola-ordu astean, egoera soziokultural ahulean dauden eta, gainera, bi ikasturteko edo gehiagoko curriculum atzerapena duten ikasleentzako irakasleentzat, Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako.
Espezialitate bakoitzerako onartutako orduen kopurua aldatzen ahalko da, baldin eta gastua, osotara, esleitutako kopurua baino handiagoa ez bada.
Bosgarren oinarria.–Premia berriak.
Ordu kopuru bat erreserban utziko da, bigarren oinarrian eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik 2026ko maiatzaren 31ra bitarte sortzen diren premia berriei erantzuteko. Banaketa III. eranskinaren arabera eginen da.
Seigarren oinarria.–Deialdiaren prozedura, ebazpena eta justifikazioa.
1. Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroarekin koordinaturik, eskaerak aztertuko ditu eta deialdi honen ondoriozko dirulaguntzen banaketa kudeatuko du.
2. Balorazio prozesuaren ohiko epea bukatu ondoren, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak baliabideen behin-behineko zerrenda prestatuko du, eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak behin-behineko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpenetarako. Ebazpen horren kontra alegazioak eta/edo erreklamazioak aurkezten ahalko dira, 10 egun balioduneko epean, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).
Ikastetxeen erregistro berezian ikastetxearen titular gisa agertzen denak aurkeztu beharko ditu alegazioak, ikastetxearen izena adierazita.
3. Epe hori bukatutakoan, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak erreklamazioak ebatziko ditu, eta baliabideak esleitzeko ebazpen proposamena eginen dio Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiari.
Esleitzen diren giza baliabideekin arreta eman beharko zaie hezkuntza premiak dituzten ikasle guztiei, eta ikastetxearen eskumena da baliabide horiek antolatu eta kudeatzea.
4. Bosgarren oinarrian aurreikusten diren erreserba-orduak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez esleituko dira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak txostena berretsi ondoren, 2025-2026 ikasturtea hasi ondoren sortzen diren premia larrien arabera.
5. Nafarroako Gobernuak bere web-orrian argitaratuko du behin betiko ebazpena, non ikastetxe interesdunek egiten dituzten erreklamazioen ondoriozko aldaketak sartuko baitira, halakorik badago, bai eta erreserba epean emandako baliabide berriak ere. Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
6. Emandako baliabideen erabilera honela justifikatu beharko da:
6.1. Sarrera horiek justifikatzeko, ikastetxeko titularrak Ikastetxeen Finantzaketaren Atalean aurkeztuko du, 2025eko uztailaren 30a baino lehen, langile osagarriek sinatutako adierazpen bat, egun horretaraino dagozkien soldatak kobratu dituztela dioena, baita ikastetxearen ziurtagiri bat ere, azaltzen duena ordaindu direla Gizarte Segurantzari dagozkion zenbatekoak eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura egindako atxikipenak, behar bezala zehaztuko direnak.
6.2. Ikasturtearen hasieran, langile osagarrien kontratuak aurkeztuko dira, Hezkuntza Administrazioak haien soldaten eta antzinatasunaren berri izan dezan.
6.3. Beren ikastetxeetan lan egiten duten erlijiosoek, Vatikanoaren eta Espainiako Estatuaren artean sinatutako akordioak direla-eta PFEZa ordaintzetik salbuetsirik badaude, aurreko urteko sozietateen gaineko zergaren aitorpenean zerga horren baliokide diren ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, hala behar denean, langile autonomoen araubide bereziaren bidez Gizarte Segurantzari eginiko ordainketen agiriak.
Hezkuntza-administrazioak ikastetxe itunduen laginketa bat eginen du, eta horretarako eskatuko eta berraztertuko ditu logopeden eta hezkuntza-laguntzako espezialisten nominak eta haiei egindako ordainketak.
7. Ikastetxeak behartuak daude 2025eko azaroaren 30a baino lehen jakitera ematera, EDUCA programaren bidez, hezkuntza-laguntzako premia bereziak izateagatik edo egoera ahulean egoteagatik hezkuntza-laguntzako premiak dituzten ikasleei arreta emateko orduak nola erabili diren.
II. ERANSKINA.–HEZKUNTZA-LAGUNTZAKO PREMIAK DITUZTEN IKASLEEI ARRETA EMATEKO ORIENTABIDEAK
Arrazoia edozein dela ere, eskolatze prozesua bitartean hezkuntza-laguntzako premia berariazkoren bat duten ikasleei arreta egokia eman behar zaie.
Horrenbestez, antolamenduaren eta pedagogiaren aldetik erabakiak hartu behar dira proposatutako neurriei segimendua egiteko, betiere ikastetxeetan irakasle taldearen koordinazioa bultzatuz eta hezkuntzako inklusioaren printzipioa errespetatuz.
Hezkuntzako etapa guztietan, hezkuntza babestu eta indartzeko neurriak, ahal dela, ikaslearen erreferentziako ikasgelan berean planifikatuko dira. Besteak beste, antolaketa eta metodologia neurri hauek hartuko dira, elkarlana oinarri: talde elkarreragileak, ikasgelan bi irakasle jartzea, berdinen arteko ikaskuntza, lan proiektuak, tailerrak, txokoak...
Komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan beharrak dituzten ikasleekin esku hartzeko orientabideak:
–Haur Hezkuntzan, Logopediako edo Entzumena eta Hizkuntza (EH) arloko profesionalek arreta berezia emanen diete, desgaitasun intelektual, fisiko edo zentzumenezko baten ondorioz, komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan hezkuntza premiak dituzten ikasleei. Lehen Hezkuntzan, Logopediako edo Entzumena eta Hizkuntza (EH) arloko profesionalek eta Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistrek arreta emanen diete atzerapen edo nahasmendu larriengatik hezkuntzan eta komunikazioan zailtasun handiak dituzten ikasleei, atzerapen edo nahasmendu horiek curriculumean sartzea eragozten dutenean eta ikasteko arazo larriak ekartzen dituztenean.
–Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarte, desgaitasunaren ondoriozko hezkuntza premia bereziak izanik mintzamenean eta komunikazioan garapen funtzionala lortu duten ikasleei dagokienez, mintzamenaren eta idazmenaren arloko premiei arreta ematea, batez ere, Pedagogia Terapeutikoko profesionalen ardura izanen da.
–Irakurmenaren eta idazmenaren nahasmendua dagoen kasuetan, Lehen Hezkuntzan, Logopediako eta Entzumena eta Hizkuntza (EH) arloko profesionalen eta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistren esku-hartzearen helburu nagusia izanen da irakurri eta idazteko prozesuak birgaitzea. Nahasmendu horren ondorioz beste arlo batzuetan gertatzen diren curriculum atzerapenei heltzeko, ikastetxeak aniztasunari arreta emateko garatzen dituen beste neurri batzuk aplikatuko dira.
–Ahalik eta gazteen hastea lehenetsiko da, eta ikasle berarekin profesional bat baino gehiago ez aritzea, bana-banako arreta beharrezkoa den kasuetan. Arreta hori salbuespenekoa izanen da beti, eta ongi koordinatuta egonen da; ahal den guztietan, ohiko ikasgelan edo talde txikitan lan eginen da.
III. ERANSKINA.–ANIZTASUNARI ERANTZUTEKO BALIABIDEEN OHIZ KANPOKO BERRIKUSPEN PROZESUA
Baliabideen berrikuspena eska daiteke baldin eta, deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea ixten den egunean, eskaeraren xede diren ikasleak oraindik ez badaude EDUCA erroldan sartuak eta jarraian azaldutako irizpideak betetzen badituzte.
Ohiz kanpoko epean baliabideak eskatzeko, eskaerarekin batera orientazioko txosten psikopedagogikoa aurkeztu beharko da, abuztuaren 21eko 69/2023 Foru Aginduaren arabera:
–PEDAGOGIA TERAPEUTIKOA.
PTko baliabidea kasu hauetan berrikusiko da ohiz kanpoko epean:
1. Askotariko desgaitasuna duten ikasleak: Askotariko desgaitasuna duten ikasleak EDUCAren erroldan sartzeko, baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte:
–Adimen desgaitasun larria edo oso larria (20-25-40tik 35-40ra) edo adimen desgaitasun sakona (20-25etik behera).
–Disfuntzio oso larria mugimenean (mugimendua oso murriztuta badago).
–Desgaitasun sentsorial larria edo oso larria.
Gaur egun, EDUCAren egituran, loturiko bi ardatz adieraz daitezke bakarrik. Hori dela-eta, askotariko desgaitasuna arrazoitu behar izanez gero, hirugarren inguruabarra oharretan sartu beharko da:
Adibidez:
Ardatz nagusia: Askotariko desgaitasuna.
Loturiko 1. ardatza: Adimen desgaitasun larria edo oso larria (20-25-40tik 35-40ra bitartean).
Loturiko 2. ardatza: Haurren garun-paralisia.
Oharrak: Hipoakusia oso larria (70 dB-etik 90era bitartean).
2. Desgaitasun psikikoari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, baldin eta bi urte edo gehiagoko curriculum atzerapena badute.
MATRIKULA KOPURU OSOA, IKASTETXEAN | FAKTOREA |
1 eta 50 ikasle artean | Ezaugarri hauek dituen ikasle berri bat izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke. |
51 eta 100 ikasle artean | Ezaugarri hauek dituzten bi ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 5 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek ikasle berri batekin eska dezakete baliabidea). |
101 eta 200 ikasle artean | Ezaugarri hauek dituzten hiru ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 15 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek bi ikasle berrirekin eska dezakete baliabidea). |
200 ikasle baino gehiago | Ezaugarri hauek dituzten lau ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 20 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek hiru ikasle berrirekin eska dezakete aliabidea). |
3. Desgaitasun sentsoriala (ikusmenarena, entzumenarena eta/edo mugimenduarena) duten ikasleak, baldin eta sartzeko curriculum egokitzapena eta/edo curriculum egokitzapen esanguratsua badute (HE/CE), eta jokabidearen nahasmendu larria duten ikasleak. Inklusio Atalak baloratuko ditu ikasle horien premiak, eta, behar izanez gero, argibideak eskatuko ditu.
Baliabideak esleituko dira erabilgarri dauden orduen arabera.
–LOGOPEDIA EDO ENTZUMENA ETA HIZKUNTZA.
Logopediako edo EHko baliabidea kasu hauetan berrikusiko da ohiz kanpoko epean:
1. Askotariko desgaitasuna duten ikasleak (*ikus goian adierazitako definizioa).
2. Desgaitasun psikikoarekin lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, baldin eta bi urteko edo gehiagoko curriculum atzerapena badute, eta/edo hizkuntzaren nahasmendu espezifikoaren diagnostikoa duten ikasleak, baldin eta bi urteko edo gehiagoko curriculum atzerapena badute.
ZENBAT IKASLE IKASTETXEAN | FAKTOREA |
1 eta 100 ikasle artean | Ezaugarri hauek dituen ikasle berri bat izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke. |
101 eta 200 ikasle artean | Ezaugarri hauek dituzten bi ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (EHko 5 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek ikasle berri batekin eska dezakete baliabidea). |
200 ikasle baino gehiago. | Ezaugarri hauek dituzten hiru ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (EHko 15 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek bi ikasle berrirekin eska dezakete baliabidea). |
3. Desgaitasun sentsoriala (entzumenarena eta/edo mugimenduarena) duten ikasleak, sartzeko curriculum egokitzapena (HE/CE) eta/edo curriculum egokitzapen esanguratsua badute. Inklusio Atalak baloratuko ditu ikasle horien premiak, eta, behar izanez gero, argibideak eskatuko ditu.
Baliabideak esleituko dira erabilgarri dauden orduen arabera.
–LEHEN ETA BIGARREN HEZKUNTZAKO LAGUNTZAKO IRAKASLEAK.
1. Ohiz kanpoko epean, hezkuntza sisteman berandu sartu diren eta hizkuntza ezagutzen ez duten 6 ikasle edo gehiago hartu izana.
Baliabideak esleituko dira erabilgarri dauden orduen arabera.
Iragarkiaren kodea: F2509886
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
