152. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 31

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA

Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez honako honen onura publikoa zehazki deklaratzen baita: Aixeindar SAren 40 MW-eko potentzia instalatuko Labraza haize-parkea eta haren ebakuazio-azpiegiturak, Oiongo udal mugartean, Arabako probintzian, eta Aguilar Kodesko udal mugartean, Nafarroako probintzian. SEE/DGPEM/SGIISE/PEol-459 (DUP) Ebazpena

Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko apirilaren 17ko Ebazpenaren bidez (aurrerantzean, aurretiazko administrazio-baimenaren ebazpena), aurretiazko administrazio-baimena eman zitzaion Aixeindar SAri 40 MW-eko potentzia instalatuko Labraza haize-parkerako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako, Oiongo udal mugartean, Arabako probintzian, eta Aguilar Kodesko udal mugartean, Nafarroako probintzian. Ebazpena 2023ko 101. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 28koan.

Aurretiazko administrazio-baimenari buruzko ebazpen horretan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Energia elektrikoko instalazioen garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak eta baimen-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz egindako tramitazioaren ondorioz, exekuzio-proiektuaren aldaketak aurkeztu dira, baina aldaketa horiek ez dituzte betetzen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115.2 artikuluko baldintzak, eta, beraz, beharrezkoa da egindako aldaketetarako aurretiazko administrazio-baimena.

Aurrekoa oinarri hartuta, Aixeindar SAk (aurrerantzean, sustatzailea) eskaera egin zuen 2023ko maiatzaren 12an (geroago, 2023ko maiatzaren 31n zuzendua), aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena emateko 40 MW-eko potentzia instalatuko Labraza haize-parkearen eta horren ebakuazio-azpiegituren aldaketetarako, Oiongo udal mugartean, Arabako probintzian, eta Aguilar Kodesko udal mugartean, Nafarroako probintzian; horretarako, dagokion exekuzio-proiektua eta erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zituen, aplikatzekoa den araudia betetzen dela egiaztatzen duena, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluari jarraikiz.

Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak 2024ko uztailaren 24an ebazpen bat eman zuen, aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena emateko Aixeindar SAri 40 MW-eko potentzia instalatuko Labraza haize-parkearen eta haren ebakuazio-azpiegituren aldaketetarako, Oiongo udal mugartean, Arabako probintzian, eta Aguilar Kodesko udal mugartean, Nafarroako probintzian. Ebazpen hori 2024ko 230. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 23koan.

Bestalde, 2023ko urriaren 5ean, sustatzaileak eskatu zuen Labraza haize-parkearen eta haren ebakuazio-azpiegituren onura publikoa zehazki deklaratzeko, zeinak kokatuta baitaude Oiongo udal mugartean, Arabako probintzian, eta Aguilar Kodeskoan, Nafarroako probintzian. Eskaera 2024ko martxoaren 21ean zuzendu zen.

Espedienteari hasiera eman zitzaion Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako eta Gobernuak Araban duen Ordezkariordetzako Industria eta Energia Arlo Funtzionaletan, eta tramitatu zen bat etorriz Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoarekin, eta kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak ukitzen dituen heinean.

Labrazako Administrazio Batzarraren erantzuna jaso da. Labraza haize-parkearen proiektuaren aurka dago, uste duelako ez dagoela baimendutako eraikuntza-proiekturik. Gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuten eta errekurtso hori ebazteke dago. Horrez gain, proiektuak eragozpenak ditu, lotura dutenak hirigintza-antolamenduarekin eta paisaiaren, nekazaritzaren, basogintzaren eta kulturaren aldetik interesa duten eremuak defendatzearekin (hala nola onura publikoko mendiak). Erantzun hori sustatzaileari eman zaio eta hark erantzun du 2024ko uztailaren 24an onetsi zela aurretiazko administrazio-baimenaren aldaketa, eta 40 MW-eko potentzia instalatuko Labraza haize-parkearen eta haren ebakuazio-azpiegituren proiektu eguneratua eraikitzeko administrazio-baimena eman zela. Adierazi du, orobat, ez duela gora jotzeko errekurtsoaren berririk izan, eta proiektu horrek ingurumen-inpaktuaren adierazpena duela, Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko urtarrilaren 3ko Ebazpenaren bidez, eta, bestalde, sustatzaileak onartu dituela Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuak (Araban onura publikoko mendiak kudeatzen dituen erakundea) ezarritako baldintzak, jasota daudenak onura publikoko mendien gaineko ukipenei buruzko dokumentazio espezifikoa aztertu ondoren zerbitzu horrek eginiko txosten batean. Sustatzailearen erantzuna erakundeari igorri ondoren, hark hasierako jarrera berretsi du.

Labrazako Administrazio Batzarrak egindako txostenari dagokionez, egiaztatu da ezen, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.6 artikuluaren eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 120.2 artikuluaren arabera, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiari edo, hala badagokio, Ministro Kontseiluari dagokiola baimentzea energia elektrikoa ekoizteko instalazioak, 50 MW elektrikotik gorako potentzia elektriko instalatua badute edo autonomia erkidego baten lurraldea gainditzen badute; horrek ez du eragozten aplikagarriak diren beste xedapen batzuen arabera beharrezkoak diren emakidak eta baimenak eskuratu beharra, eta, bereziki, lurralde-antolamenduaren eta ingurumenaren arlokoak.

Egiaztatu da, halaber, ezen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.2 artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura amaitu ondoren, proiektuari ezarritako baldintzak eta prebentzio-, konpentsazio- eta zuzenketa-neurriak, sustatzaileak nahitaez bete beharrekoak eta zuzendaritza nagusi honek edo, hala badagokio, Ministro Kontseiluak kontuan hartu beharrekoak, honako hauek izanen direla, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko urtarrilaren 3ko Ebazpenaren arabera: "ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako eta jendaurreko informazioaren ondoren onartutako prebentzio- eta zuzenketa-neurri guztiak, edo informazio osagarrian jasotakoak, ebazpen honetan ezarritakoaren aurkakoak ez diren heinean, bai eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan zehaztutako neurri gehigarriak ere".

Galdera eginda Acciona Generación Renovable SAri, Aguilar Kodesko Udalari, Oiongo Udalari eta Barriobustoko Administrazio Batzarrari, ez da erantzunik jaso, eta, beraz, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 146.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz, ados daudela ulertzen da.

Era berean, jendaurrean jarri dira instalazioaren onura publikoa deklaratzeko eskaera eta ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, bat etorriz abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan aurreikusitakoarekin, argitara eman baitira 2024ko 136. Estatuko Aldizkari Ofizialean, ekainaren 5ekoan, 2024ko 62. Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean, ekainaren 3koan, 2024ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 4koan, eta 2024ko maiatzaren 29ko El Correo eta El Diario de Navarra egunkarietan eta, halaber, jendaurrean paratu baitziren Oiongo eta Aguilar Kodesko udalen ediktu-tauletan eta Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan duen Ordezkaritzaren webgunean. "Arabako Mendiak Aske" elkarte ekologistaren, Errioxako Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arauemailearen eta partikular baten alegazioak jaso dira, eta sustatzaileak erantzun egin zien.

Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak txostena eman zuen 2024ko uztailaren 23an.

Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzako Industria eta Energia Arloak txostena eman zuen 2024ko abuztuaren 9an, eta 2024ko irailaren 13an osatu zuen.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresa ekimen askea aitortzen du energia elektrikoaren hornidurarako jardueretan aritzeko.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluak elektrizitatea sortzeko instalazio elektrikoen onura publikoa deklaratzen du, haiek ezartzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako eta bide zorra ezarri eta erabili ahal izateko.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan ezarritakoarekin bat, zuzendaritza nagusi honen ebazpen proposamenari buruzko entzunaldia eman zaio sustatzaileari. Sustatzaileak erantzun du ados dagoela proposamenarekin, eta erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu du, frogatzen duena ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, aurkeztu eta tramitatu dena, bat datorrela 2024ko uztailaren 24an baimendutako proiektuen behin betiko konfigurazioarekin.

Baimen hori ematen bada ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira.

Ebazpen honetan lehenago aipatu denez, Labrazako Administrazio Batzordeak proiektuaren aurkako jarrerari eusten dio.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 131.6 artikuluan ezartzen denez, instalazioaren eskatzailearen eta administrazio edo erakunderen baten artean desadostasuna baldin badago baldintza teknikoei dagokienez, eta desadostasunari eusten bazaio, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak bi aukera izanen ditu: baldintza teknikoak jasotzen dituen ebazpena ematea, edo, horiekin ados ez badago, ebazpen-proposamena igortzea, Ministroen Kontseiluari helarazteko.

Hala ere, prozedura hau ebaztean ezin dira kontuan hartu Labrazako Administrazio Batzordeak egindako alegazioak, horien xedeak gainditzen baitu Energia elektrikoko instalazioen garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak eta baimen-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 131. artikuluan xedatutakoa.

Horri dagokionez, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Estatuko Abokatutzak, uztailaren 9ko 1251/2024 irizpenean, honako hau ondorioztatzen du: "1955/2000 Errege Dekretuaren 131.6 artikuluaren irismenaren interpretazioak, gaur egun indarrean dagoen Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.1.b) artikuluaren edukia kontuan hartuta, zehazten du ezen eraikitzeko administrazio-baimenen gaineko ebazpenak Ministro Kontseiluari igortzea dakarten desadostasunak izanen direla, soilik, desadostasun tekniko hutsak, baimenaren xede diren instalazioek administrazio horien jabetzako ondasunei edo eskubideei eragiten dietenean sortzen direnak".

Estatuko Abokatutzaren aipatu irizpenean berariaz jasotzen da honako hau:

"Ildo horretan, funtsezkoa da Sektore Elektrikoaren Legearen 53.1.b) artikuluaren edukia; izan ere, eraikitzeko administrazio-baimena (EAB) arautzean dio ezen, ebazpena emateko (baimena emateko, ulertu behar da), aztertu beharko direla zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten administrazio publikoen, erakundeen edo enpresen baldintza teknikoak baino ez direnak, baina instalazioak ukitzen dituen haien jabetzako ondasun eta eskubideei dagokienez bakarrik [... ]

[... ] kontzeptu horri buruzko zalantza guztiak argitzen ditu, beste administrazio batzuen baldintza teknikoen azterketa mugatzen baitu, instalazioak ukitzen dituen haien jabetzako ondasun eta eskubideei "bakarrik" dagokiela dioenean. Arau-testu horietan (legea eta erregelamendua) erabilitako terminologia desberdina izatea ez da arraroa; izan ere, lehen esan dugunez, gogoratu behar da indarrean dagoen Sektore Elektrikoari buruzko Legea 2013koa dela, eta erregelamendua, berriz, askoz lehenago onetsi zela, 2000. urtean. Horrenbestez, Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 53.1.b) artikuluaren eta 1955/2000 Errege Dekretuaren 131.6 artikuluaren baterako interpretazioak ondorio honetara garamatza: soilik hartzen ahalko dira kontuan baldintza teknikoak, instalazioak ukitzen dituen administrazio publikoen ondasunei eta eskubideei eragiten dietenak".

Ingurumen edo hirigintza arloko alegazioei dagokienez, irizpen horrek honako hau adierazten du:

"Ingurumen-araudia betetzeari buruzko alegazioei dagokienez, eta, bereziki, ingurumen-inpaktuaren adierazpena (IIAD) zalantzan jartzera bideratutakoei dagokienez, Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 53. artikuluko baimen-prozeduraren barruan eman baitira, argitu behar da IIAD txosten bat baino ez dela, eta dagokion tramitazioa bete ondoren ematen dela (Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 33.1 artikulua), eta baimen-prozedura zabalago batean txertatzen dela, hainbesteraino non IIADaren kontra ezin baita modu autonomoan errekurritu, legegileak berariaz hala aginduta –21/2013 Legea, 41.4 art., 3–. Beraz, horrekin ados ez dagoen administrazioak IIADaren kontra errekurritzen ahalko du, elektrizitatea ekoizteko instalazioaren baimena aurkaratuz. 1955/2000 Errege Dekretuaren 131.6 artikuluaren araberako desadostasun gisa hartuta IIAD hori zalantzan jar daitekeela pentsatzeak ekarriko luke horretarako ezarritako prozedura aldatzea, hau da, gora jotzeko modu desegoki bat sortuko litzateke baimena onetsi aurretik ere, eta IIAD modu autonomoan aurkaratzeko aukera emanen luke, baimena onetsi aurretik edukia berrikusteko aukera emanen lukeelako, beharbada eskumena ez duen organo baten aldetik [... ]

[... ] Estatuko Administrazio Orokorraren, haren organismo publikoen eta udalen arteko gatazkak ebazteko legez ezarritako bidea, oro har, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren 10. xedapen gehigarrian ezarritakoa da (horrek ere Ministro Kontseiluari igortzea dakar, baina ez 1955/2000 Errege Dekretuaren 131.6 artikulua aplikatuta)".

[...] Aurretiazko baimenaren eta eraikuntza-baimenaren prozedurak metatu daitezkeenez –Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 53.1.a) eta b) artikuluak–, baita energia elektrikoa ekoizteko instalazioen onura publikoa deklaratzeko eskaera ere –1955/2000 Errege Dekretuaren 143.2 artikulua–, eta ukitutako administrazioek bi kasuetan aurkez ditzaketen eragozpenak modu berean mugatuta egonik, onura publikoaren deklarazioaren inguruan egon daitezkeen desadostasunen ebazpena Ministro Kontseiluari igortzeko (1955/2000 Errege Dekretuaren 148.1 artikuluak aipatzen du), irismenaren edo kasuen interpretazioak izan behar du 1955/2000 Errege Dekretuaren 131.6 artikuluari dagokionez dagoenaren berdina, Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 53.1.a) eta b) artikuluko baimenen arabera Ministro Kontseiluaren aurrean desadostasuna aurkeztea bidezkoa den kasuei dagokienez".

Aurrekoa kontuan hartuta, eta kontuan hartuta aldi berean ez dagoela oposizio teknikorik eta proiektuak ez duela haren jabetzako ondasun edo eskubideen gaineko ukipenik, lehen aipatutako abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 131.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, bidezkoa da Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak ebazpena ematea.

Azaldutakoaren ondorioz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek

EBAZTEN DU:

Bakarra.–Honako honen onura publikoa zehazki deklaratzea, sustatzaileak aurkeztutako ondasun eta eskubide ukituen zerrenda zehatz eta indibidualizatuarekin: 40 MW-eko potentzia instalatua duen Labraza haize-parkea eta haren ebakuazio-azpiegitura, Oiongo udal mugartean, Arabako probintzian, eta Aguilar Kodeskoan, Nafarroako probintzian. Zerrenda hori argitara eman zen 2024ko 136. Estatuko Aldizkari Ofizialean, ekainaren 5ekoan, 2024ko 62. Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean, ekainaren 3koan, eta 2024ko 114. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 4koan, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, onura publikoa zehazki deklaratzeak berekin dakar beharrezkoak diren baldintza teknikoak eskatu zaizkien erakundeek dagokion baimena emateko eskubidea, instalazio elektrikoa ezartzeko, pasatzeko edo okupatzeko baimena alegia, Estatuaren edo autonomia-erkidegoen jabari, erabilera edo zerbitzu publikoko edo ondareko lurretan edo probintziaren edo udalerriaren erabilera publikoko lurretan, berekietan nahiz herri lurretan, bai eta horien obra eta zerbitzuetan eta zortasun publikoko eremuetan ere.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren Estatuko Idazkaritzari zuzendua, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean (haietatik gertatzen azkena kontuan hartuta).

Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

Madrilen, 2025eko uztailaren 8an.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2509627