152. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LONGIDA

Aosko Kontzejuaren eta Longidako Udalaren arteko kudeaketa-esleipenari buruzko hitzarmena, 2025eko Itoizko zuzenketaren bidez finantzatutako obrak kudeatzeko

Argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean Aosko Kontzejuaren eta Longidako Udalaren arteko hitzarmen bat, kudeaketa-esleipen bati dagokiona, bi alderdiek 2025eko ekainaren 23an sinatu ondotik; hori guztia, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Hitzarmena eranskin gisa ageri da.

Aosen, 2025eko ekainaren 23an.–Alkatea, Roberto Zazpe Bariain.–Kontzejuko burua, Salvador Domench Casado.

KUDEAKETA-ESLEIPENAREN HITZARMENA, AOSKO KONTZEJUAREN ETA LONGIDAKO UDALAREN ARTEAN

Aosen, 2025eko ekainaren 23an.

BILDURIK:

Alde batetik, Roberto Zazpe Bariain, Longidako Udaleko alkate udalburua den aldetik, 2025eko maiatzaren 29ko erabaki baten bidez ahaldundua.

Bestetik, Salvador Domench Casado, Aosko Kontzejuaren ordezkari gisa (IFK: P3132700J eta helbidea Aosen).

Noren izenean ari diren kontuan hartuz, bi alderdiek elkarri aitortzen diote hitzarmen hau sinatzeko gaitasun juridikoa, eta, beraz,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehendabizikoa.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera material edo teknikoak esleitzen ahalko zaizkio administrazio bereko edo beste bateko organo edo zuzenbide publikoko entitate bati, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, dela eraginkorragoak izateko, dela jarduera horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Kudeaketa-esleipenak ez dakar eskumenaren titulartasuna lagatzea, eta kudeatzeko esleipena ematen duen entitatearen ardura izanen da behar diren egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea, oinarri izan daitezen esleipenean emandako jarduera material zehatzerako, edo hura barne hartzeko.

Kudeaketa-esleipena administrazio desberdinetako organoen artean egiten denean, administrazio horien arteko hitzarmena sinatuta formalizatuko da.

Dagokion aldizkari ofizialean argitaratu behar da kudeaketa-esleipena formalizatzeko tresna, eraginkorra izan dadin.

Bigarrena.–Longidako Udalaren asmoa da bere lurraldean dauden erabilera publikoko eraikinak kontserbatzea eta hobetzea. Horregatik, Aosko Kontzejuaren etxean askaldegia estaltzeko ataripe bat eraikitzeko obra jarri da helburutzat. Era berean, Longidan, Aosko Kontzejuaren asmoa da Aosko Kontzejuaren jabetzako Maistraren Etxearen albo batean ataripe bat eraikitzea, bizilagunak biltzeko espazio gisa erabil dadin.

Hirugarrena.–Aosko Kontzejuaren erakinean egin beharreko lanen gaineko eskumena kontzejuari dagokion arren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, interesgarria da ataripe hori hobetzeko lanak Longidako Udalak egitea; izan ere, udalak baliabide material eta pertsonal handiagoak ditu Aoseko Kontzejuaren etxean askaldegia estaltzeko ataripe bat eraikitzeko obren kudeaketari buruzko edozein esku-hartzeri ekiteko. Obra horiek Itoizko Lurralde Garapen Jasangarriko Proiektuetarako zuzenketaren bidez finantzatuko dira, Longida, Artzibar, Agoitz eta Orotz-Beteluko udalekin 2025erako egindako hitzarmenaren bidez.

Horregatik guztiagatik, kudeaketa-esleipenaren hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako lege hauetan ezarritako esparruaren barruan: 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Foru Legea; eta 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Hona hemen,

KLAUSULAK:

Lehenengoa.–Hitzarmen honen xedea da Longidako Udalaren eta Aosko Kontzejuaren arteko kudeaketa-esleipen bat antolatzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 11. artikuluaren, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen eta Toki Administrazioaren Legearen babesean.

"Lurralde Garapen Jasangarriko Proiektuak Itoitzen, Longida, Artzibar, Agoitz eta Orotz-Beteluko udalekin egindako hitzarmenaren bidez" izeneko partidaren bidez, Longidako Udalak 156.000 euroko dirulaguntza jasoko du, eta horrekin hainbat obra eginen dira Longidan; horien artean daude, besteak beste, "Aosko Kontzejuaren etxean askaldegia estaltzeko ataripe bat eraikitzeko lanak".

Bigarrena.–Aosko Kontzejuak Longidako Udalari aginduko dio "Aosko Kontzejuaren etxean askaldegia estaltzeko ataripe bat eraikitzeko lanak" egiteko. Honako jarduketa hauek dira:

1. Aosko Kontzejuaren etxean askaldegia estaltzeko ataripe bat eraikitzeko lanei dagozkien dirulaguntzen eskaerak Longidako Udalak kudeatzea.

2. Aosko Kontzejuaren etxean askaldegia estaltzeko ataripe bat eraikitzeko lanek eskatzen dituzten balizko kontratazioak eta lizitazioak Longidako Udalak egitea.

3. Longidako Udalak ez ditu bere gain hartuko Aosko Kontzejuaren etxean askaldegia estaltzeko ataripe bat eraikitzeko lanen bidez konpondutako eraikinaren mantentze-lanek eragindako gastuak.

Hirugarrena.–Jarraipen batzordea: Kudeaketa-esleipenaren hitzarmen honetan ezarritako neurrien betearazpenaren jarraipena antolatzeko eta interpretatzeko, jarraipen-batzorde bat sortuko da, honako osaera eta eginkizun hauek izanen dituena:

Osaera: Udaleko alkatea eta Kontzejuko burua.

Eginkizunak: agindutako lanak behar bezala egiten diren berrikustea.

Batzorde honen funtzionamenduari buruz berariaz ezarri ez den guztian, aplikatuko dira Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean jasotako arauak (kide anitzeko organoei buruzkoak).

Laugarrena.–Kudeaketa-esleipen honek ez dakar Aosko Kontzejuaren titulartasuneko eskumenak lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen lagapena ere.

Bosgarrena.–Hitzarmen honetako edozein klausula ez betetzeak hura suntsitzea ekartzen ahalko du.

Seigarrena.–Egindako lanen bermea amaitzen denean amaituko da kudeaketa-esleipenaren hitzarmen hau.

Zazpigarrena.–Aldaketa: aldatzen ahalko da kudeaketa-esleipenari buruzko hitzarmen hau, bi alderdiak ados jarrita.

Zortzigarrena.–Hitzarmen honek izaera administratiboa du, ondorio guztietarako.

Eta ados daudela erakusteko, bi aldeek hitzarmen hau sinatu dute goian aipatutako tokian eta egunean.

Iragarkiaren kodea: L2509367