152. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTZIBAR

Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren eta Artzibarko Udalaren arteko hitzarmena, 2025eko Itoizko zuzenketaren bidez finantzatutako obrak kudeatzeko kudeaketa-esleipenari buruz

Argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren eta Artzibarko Udalaren arteko hitzarmen bat, kudeaketa-esleipen bati dagokiona, bi alderdiek 2025eko ekainaren 24an sinatu ondotik; hori guztia, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Hitzarmena eranskin gisa ageri da.

Nagoren, 2025eko ekainaren 24an.–Alkatea, Javier Diez Huguet.–Kontzejuko burua, Jaione Orotz Torrea.

HIRIBERRI ARTZIBARKO KONTZEJUAREN ETA ARTZIBARKO UDALAREN ARTEKO HITZARMENA, KUDEAKETA-ESLEIPEN BATI DAGOKIONEZ

Nagoren, 2025eko ekainaren 24an.

BILDURIK:

Alde batetik, Javier Diez Huguet, Artzibarko Udaleko alkate udalburua den aldetik, 2025eko maiatzaren 28ko erabaki baten bidez ahaldundua.

Bestetik, Jaione Orotz Torrea, Hiriberri Artzibarko Kontzejua ordezkatuz (IFKa: P3171700B; helbidea: Hiriberri Artzibar).

Noren izenean ari diren kontuan hartuz, bi alderdiek elkarri aitortzen diote hitzarmen hau sinatzeko gaitasun juridikoa, eta, beraz,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehendabizikoa.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera material edo teknikoak esleitzen ahalko zaizkio administrazio bereko edo beste bateko organo edo zuzenbide publikoko entitate bati, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, dela eraginkorragoak izateko, dela jarduera horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Kudeaketa-esleipenak ez dakar eskumenaren titulartasuna lagatzea; eta kudeatzeko esleipena ematen duen entitatearen ardura izanen da behar diren egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea, oinarri izan daitezen esleipenean emandako jarduera material zehatzerako, edo hura barne hartzeko.

Kudeaketa-esleipena administrazio desberdinetako organoen artean egiten denean, administrazio horien arteko hitzarmena sinatuta formalizatuko da.

Dagokion aldizkari ofizialean argitaratu behar da kudeaketa-esleipena formalizatzeko tresna, eraginkorra izan dadin.

Bigarrena.–Artzibarko Udalaren asmoa da bere lurraldean dauden erabilera publikoko eraikinak kontserbatzea eta hobetzea. Horregatik, Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren errentako etxean isolamendu akustikoa egiteko obra jarri da helburutzat.

Hirugarrena.–Kontzeju-etxeen gaineko eskumena kontzejuei dagokien arren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, interesgarria da eraikin publiko hori egokitzeko lanak Artzibarko Udalak egitea; izan ere, Udalak baliabide material eta pertsonal handiagoak ditu Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren errentako etxean isolamendu akustikoa egitekoen kudeaketari buruzko edozein esku-hartzeri ekiteko. Obra horiek Itoizko Lurralde Garapen Jasangarriko Proiektuetarako zuzenketaren bidez finantzatuko dira, Longida, Artzibar, Agoitz eta Orotz-Beteluko udalekin 2025erako egindako hitzarmenaren bidez.

Horregatik guztiagatik, kudeaketa-esleipenaren hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako lege hauetan ezarritako esparruaren barruan: 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Foru Legea; eta 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Hona hemen,

KLAUSULAK:

Lehenengoa.–Hitzarmen honen xedea da Artzibarko Udalaren eta Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren arteko kudeaketa-esleipen bat antolatzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 11. artikuluaren, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen eta Toki Administrazioaren Legearen babesean.

"Lurralde Garapen Jasangarriko Proiektuak Itoitzen, Longida, Artzibar, Agoitz eta Orotz-Beteluko udalekin egindako hitzarmenaren bidez" izeneko partidaren bidez, Artzibarko Udalak 156.000 euroko dirulaguntza jasoko du, eta horrekin hainbat obra eginen dira Artzibarren; horien artean daude, besteak beste, Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren errentako etxean isolamendu akustikoa egiteko obrak.

Bigarrena.–Hiriberri Artzibarko Kontzejuak Artzibarko Udalari esleituko dio Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren errentako etxean isolamendu akustikoa egiteko obrei buruzko obrak egitea. Horretarako, jarduketa hauek egin beharko dira:

1. Artzibarko Udalak Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren errentako etxean isolamendu akustikoa egiteko obrei dagozkien dirulaguntzen eskaerak kudeatzea.

2. Artzibarko Udalak behar diren kontratazioak eta lizitazioak egitea Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren errentako etxean isolamendu akustikoa egiteko obretarako.

3. Isolamendu akustikoko obrekin konpondutako Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren errentako etxea mantentzeko gastuak ez ditu Artzibarko Udalak bere gain hartuko.

Hirugarrena.–Jarraipen batzordea: Kudeaketa-esleipenaren hitzarmen honetan ezarritako neurrien betearazpenaren jarraipena antolatzeko eta interpretatzeko, jarraipen-batzorde bat sortuko da, honako osaera eta eginkizun hauek izanen dituena:

Osaera: Udaleko alkatea eta Kontzejuko burua.

Eginkizunak: agindutako lanak behar bezala egiten diren berrikustea.

Batzorde honen funtzionamenduari buruz berariaz ezarri ez den guztian, aplikatuko dira Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean jasotako arauak (kide anitzeko organoei buruzkoak).

Laugarrena.–Kudeaketa-esleipen honek ez dakar Hiriberri Artzibarko Kontzejuaren titulartasuneko eskumenak lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen lagapena ere.

Bosgarrena.–Hitzarmen honetako edozein klausula ez betetzeak hura suntsitzea ekartzen ahalko du.

Seigarrena.–Egindako lanen bermea amaitzen denean amaituko da kudeaketa-esleipenaren hitzarmen hau.

Zazpigarrena.–Aldaketa: aldatzen ahalko da kudeaketa-esleipenari buruzko hitzarmen hau, bi alderdiak ados jarrita.

Zortzigarrena.–Hitzarmen honek izaera administratiboa du, ondorio guztietarako.

Eta ados daudela erakusteko, bi aldeek hitzarmen hau sinatu dute goian aipatutako tokian eta egunean.

Iragarkiaren kodea: L2509373