152. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

OLAZTI

Deialdia, musika eskolako saxofoi irakaslearen lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Olaztiko Musika Eskolaren Patronatuak, 2025eko ekainaren 25ean egindako bilkuran, onetsi zuen Olaztiko Udalaren Musika Eskolako saxofoi irakaslearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Hona hemen deialdiaren,

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da saxofoi irakaslearen lanpostu bat betetzea oposizio-lehiaketa bidez, lan-araubidean, euskararen nahitaezko C1 hizkuntza-eskakizunarekin, Olaztiko Udalaren Musika Eskolan aritzeko. Lanpostua Olaztiko Musika Eskolaren erakunde autonomoari atxikita dago.

Hizkuntza-eskakizuna Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren baremoaren arabera eskatuko da, edo ofizialki baliokidetzat onartutako bertze titulazio bat aurkeztuta, edo izangaiak gainditu beharko du hizkuntza maila egokia duen zehazteko proba bat, betiere bat etorriz azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez arautzen da euskararen ezagutza, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoetan).

1.2. Izendapenak Olaztiko Udaleko lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean kidetuko da, kasua bada, eta hartan alta emanen, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aurrera.

1.3. Plazak izanen ditu B mailako ordainsariak, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkienak. Era berean, hitzarmen kolektiboaren bidez lor daitezkeenak ere jasoko ditu.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara eta ikasleen matrikulaziora egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat. Halaber, lanaldiaren urteko lanordu kopurua izanen da Udaleko funtzionarioendako ezarritakoa.

1.5. Bere mailako, kategoriako eta espezialitateko eginkizunak beteko ditu.

1.6. Halaber, deialdi honen xedea da zerrenda bat egitea hautapen-prozesuan plazarik eskuratzen ez dutenekin, aldi baterako kontratatzeko, jarraikiz deialdiaren 12. oinarriari.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozesu hau gauzatuko da honako araudi honetan xedatutakoaren arabera: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, zeinaren bidez arautzen baitira Toki Araubidearen Oinarriak, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.

c) Unibertsitateko diploma edo gradua, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, eta saxofoiko espezialitateko erdi mailako lanbide-titulua edo saxofoiko espezialitateko goi-mailako ikasketen titulua edo, bertzela, espezialitate horretako erdi mailako irakasle titulua, Musika Kontserbatorioen Erregelamendu Orokorrari buruzko irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera emana izatea, edo hura eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioaren frogagiria.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinaz kaleratua ere.

f) Eskatutako euskara maila frogatzea. Horretarako, aurkeztu beharko da C1 titulua, jarraikiz gaur egun Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialean indarrean den baremoari, bai eta NAPIn (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua) indarrean den baremoari ere, edo maila horretako bertze tituluren bat aurkeztu beharko da, ofizialki baliokidetzat aitortutakoa.

Zehaztutako euskararen jakite maila frogatu ezin dutenek, hori frogatzeko proba egin ahalko dute. Horretarako, eskabidean adierazi beharko dute proba hori egin nahi dutela.

Izangaiak berariazko proba bat eginez frogatzen ahalko du baduela maila hori. Horren bidez frogatuko du baduela nahikoa hizkuntza maila. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginen du proba hori, edo Sakanako Zerbitzuen Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak.

g) Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, salbu eta f) apartatuko baldintza, bai eta hautaketa-prozeduran zehar eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte lanpostua eskuratzen duten izangaiek, deialdi honen hamargarren oinarriak xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da, gainera, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean eta hautapen-prozesu osoan, izendapen eguna arte bete ere.

Aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Olaztiko Udalaren erregistro orokorrean (Garcia Ximenez plaza 1, Olazti) 09:00etatik 14:00etara, Olaztiko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.olazti.es), edo, bertzela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Betiere, laugarren oinarrian adierazitako epean aurkeztu beharko dira.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik. Horrez gain, frogagiria bidali beharko da helbide elektroniko honetara: olazti@olazti.com. Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da eskabidea onartuko.

Eskabideak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia.

b) Eskatzen den titulazioaren kopia edo eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen dela adierazten duen agiriarena.

d) Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak. Ez dira kontuan hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzean alegatuta ez dauden merituak.

Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Salbuespena da d) apartatua. Izan ere, d) apartatuan eskatutako agiriak ez aurkezteak ez du ekarriko izangaia deialditik kanpo uztea, baina bai ekarriko duela lehiaketaldian puntuazioa eskuratzeko eskubidea galtzea.

Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsukeria antzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.

Lan-esperientziagatiko merezimenduak ziurtagiri bidez frogatu beharko dira, eta ziurtagiri horretan hasiera- eta amaiera-datak, lanaldia eta emandako espezialitatea jasoko dira. Prestakuntza arautuagatiko merezimenduak titulu ofizialaren bidez frogatu beharko dira, jasotako eskola-orduen kopurua eta prestakuntzaren edukia adierazita. Horrela justifikatzen ez diren merezimenduak ez dira kontuan hartuko.

4.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenen eskaera egiten ahalko dute eskabidean bertan, horien beharra duten ariketetarako. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

5.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

6.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Olaztiko Musika Eskolako buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangai bazterturik ez bada, buruak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute, idazkia aurkeztuz Olaztiko Udalaren erregistro orokorrean.

6.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta, halakorik egon bada, haiei erantzun ondoren, Olaztiko Musika Eskolako buruak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, epeari edo moduari dagokionez, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Joseba Vizuete Askargorta, Olaztiko Musika Eskolako burua.

Ordezkoa: Jose Manuel Armendariz Catalán, Olaztiko Musika Eskolaren Patronatuko kidea.

–Epaimahaikidea: Mikel Sasia Santamarina, Olaztiko Musika Eskolako irakaslea, lan-kontratudun finkoa.

Ordezkoa: Sergio Esteban Ortega, Olaztiko Musika Eskolako irakaslea, lan-kontratudun finkoa.

–Epaimahaikidea: Unai Lopetegui Moreno, Olaztiko Musika Eskolako irakaslea, lan-kontratudun finkoa.

Ordezkoa: izendatzeke.

–Epaimahaikide-idazkaria: izendatzeke.

Ordezkoa: izendatzeke.

7.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta Olaztiko Musika Eskolaren Patronatuari hala jakinarazi, baldin 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasota dauden arrazoiak suertatzen badira (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

8.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoak eta balorazioa.

Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Araudian xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere bi hilabete iragandakoan, oinarri hauetan zehaztu bezala.

Prozesuak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta, ondoren, lehiaketaldia.

Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udalaren iragarki-tauletan eta web-orrian emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

Epaimahaiak zehaztuko du oposizioko ariketa bakoitzaren gehienezko iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.

8.1. Lehiaketaren nondik norakoa.

8.1.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea, eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea. Betiere, merezimenduek zuzeneko lotura izan behar dute deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin. Gehienez ere 30 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

a) Lanbide-esperientziagatik, 15 puntu gehienez, II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

b) Prestakuntza arautuagatik, 15 puntu gehienez, II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

8.1.2. Epaimahaiak II. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak; horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak, noiznahi.

8.2. Oposizioaren nondik norakoa.

Oposizioaldiak jarraian azaltzen diren probak izanen ditu, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen bertze identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

Epaimahaiak erabakitzen ahalko du saio bakarrean egitea lehen eta bigarren ariketak. Hala izanez gero, epaimahaiak behar bezain goiz argitaratuko du horiek antolatzeko modua.

Proba praktikoa: 70 punturekin baloratuko da.

–Olaztiko Musika Eskolarako oinarrizko mailaren sei kurtsoetako programazio didaktiko bat azaldu beharko du. 20 minutuko iraupena (15 puntuko balorazioa).

–20 minutuko eskola ematea. (55 puntuko balorazioa).

Alderdi hauek baloratuko dira: komunikazioa, ikaslearekiko harremana, aurkikuntza bidezko ikaskuntza, musikako adibideen erabilera, eta baliabide eta estrategia ezberdinen erabilera betiere musikako helburua erdieste aldera, baita izangaiari egokiak iruditzen zaizkion bertze batzuk ere. Epaimahaiak egoki irizten dien argibideak eskatzen ahalko ditu.

8.2.3. Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira probak eta ariketak.

8.3. Euskararen jakite maila frogatzeko proba egitea.

Eskabidearekin batera euskararen jakite maila egiaztatu ez eta hori lortzeko proba egin nahi dutela adierazi dutenen artean, eskatutako maila lortzeko proba eginen da. Probak Nafarroako Gobernuko Euskarabidea zerbitzuaren edo Sakanako Zerbitzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren bidez eginen dira. Proben kalifikazioa "GAI" edo "EZ GAI" izanen da. Idatzizko proba bat eta ahozko bertze bat egin beharko dira. Erakundeak zehaztuko du zenbat denbora beharko den probak egiteko.

8.4. Alegazioak.

Fase hauetako proben behin-behineko kalifikazioen aurka alegazioak aurkezten ahalko dituzte izangaiek 5 egun balioduneko epean. Epe hori iraganda alegaziorik ez badago, behin betiko bihurtuko dira. Alegaziorik izanez gero, epaimahaiak ebatziko ditu, eta ondoren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

9.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak iragarki-taulan jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren ordenan, eta igorriko du puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena.

Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta jarraituz gero, kontuan hartuko da lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioa eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.

9.2. Kalifikazio-epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaileen behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Olaztiko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta alkateari izangaien zerrenda igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark ebazpena eman dezan izendapen proposamenari buruz, eta, gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Probak gainditu dituzten gainerako izangaiak sartuko dira Olaztiko Musika Eskolako kontratazioetarako zerrenda batean, lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda hori erabiliko da kontratazioak egiteko, Eskolak ematen dituen zerbitzuetan sortzen diren beharrei erantzuteko, deialdi honen 1.6 oinarriari jarraikiz.

10.–Agiriak aurkeztea.

10.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hamar egun balioduneko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Olaztiko Udalaren erregistro orokorrean:

a) NANa edo nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen duen dokumentu baliokidea.

b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluak eta, kasua bada, alegatutako merezimenduak.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralean aurrekari penalik ez izatearen ziurtagiria edo Olaztiko Udalari baimena ematea datuak eskuratzeko.

10.2. Epe horretan, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, salbu behar bezala frogatutako ezinbertzeko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta indarrik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.

10.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, Alkatetzak hutsunea beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.

11.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

11.1. Olaztiko Musika Eskolaren Patronatuko buruaren ebazpen baten bidez, aurreko oinarrian ezarritakoa bete duen izangaia kontratatuko da aldizkako lan-kontratudun gisa eta lanaldi partzialean, Olaztiko Musika Eskolaren zerbitzura.

11.2. Kontratazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.3. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan, ezinbertzeko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Olaztiko Musika Eskolako aldizkako lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatzen bada, 9 oinarrian xedaturikoari jarraikiko zaio.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.

12.1. Hautapen-prozesu honetan plaza lortzen ez duten izangaiekin zerrenda bat eginen da, puntuazio-ordenaren arabera ordenatuta, aldi baterako kontratazioak egiteko; hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin. Zerrenda horretan egonen dira, gainera, oposizioaldia gainditu gabe proba praktikoaren puntuazioaren %30arekin gutxienez lehenengo proba gainditu dutenak.

12.2. Izangaiak deituko dira "Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko arauetan" ezarritakoari jarraituz. Arau horiek 2024ko otsailaren 20an onetsi zituen Olaztiko Udalak eta 2024ko 181. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, irailaren 5ean.

Erran beharra dago, izangaiei dei egiten zaienean, lanpostua aldi baterako betetzeko, kontuan hartuko dela ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte, eta frogatzen badute desgaitasuna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin.

13.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunendako jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da Olaztiko Udalaren web-orrian (https://sedeelectronica.olazti.es/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=10124) eta erakunde horren iragarki-taulan.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka aurkez daiteke gora jotzeko errekurtsoa, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Olaztin, 2025eko ekainaren 27an.–Alkatea, Joseba Vizuete Askargorta.

I. ERANSKINA.–OPOSIZIO-LEHIAKETAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

DEIALDIA (eskuratu nahi den lanpostua) ....................................................................................... 20.....(e)ko .......... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ......................aren ..........(e)koan.

DATU PERTSONALAK

Deiturak eta izena: ............................................................................................................................

NANa edo agiri baliokidea: ............................... Jaioteguna: .................................................................

Jaioterria (herria, probintzia, herrialdea): ................................................................................................

.................................................................................... Nazionalitatea: .............................................

Helbidea (kalea, zenbakia, solairua, posta kodea, herria): .....................................................................

...........................................................................................................................................................

Telefonoa: ......................................... Helbide elektronikoa: ....................................................................

Bere izenean edo honako hau ordezkatuz (idatzi dagokiona):

Deiturak eta izena: ............................................................................................................................

Nortasun agiri nazionala edo agiri baliokidea:.....................................................................................

AZALTZEN DUT:

Erantsi dut deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

Desgaitasuna dut eta, hortaz, egokitzapenak eskatzen ditut (bertze orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).

Aurkezten dut desgaitasuna frogatzen duen agiria, erakunde eskudun batek emana.

Eskabidearekin batera aurkezten dut lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.

Euskara maila neurtzeko proba egin nahi dut BAI - EZ (adierazi egokia dena).

Horrenbertzez, ESKATZEN DUT onartua izatea aipatutako hautapen-prozesuan.

DATUEN BABESA:

Helburua: emandako datu pertsonalak erabiliko dira entitatearen hautaketa-prozeduran, bere eskumenez baliatzeko.

Tratamenduaren legitimazioa:

–Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo botere publikoen izenean gauzatutako eginkizun bat betetzeko. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina.

–Adostasuna.

Eskubideak non erabili: Erregistro-bulegoan eta egoitza-elektronikoan erabiltzen ahalko ditu datuetan sartzeko eta horiek zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta tratamendua mugatu eta haren kontra egitekoak ere. Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

Datuak gordeko diren epea: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuen hartzaileak: datuak sindikatuei, langileen batzordeei eta organo judizialei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

1. Laneko esperientzia (15 puntu gehienez).

Esperientzia orokorra.

Administrazio publikoetan edo enpresa pribatuetan saxofoiko irakaslearen lan-arloarekin zerikusia duten lanpostuetan eginiko lanagatik: 3 puntu urteko.

2. Prestakuntza arautua (15 puntu gehienez).

Erdi-mailako, goi-mailako edo maila baliokideko Lanbide Heziketako titulazio akademikoengatik, baldin eta lotura badute lanpostuko zereginekin: 3 puntu titulu bakoitzeko.

Olaztin, 2025eko ekainaren 27an.–Musika Eskolako burua, Joseba Vizuete Ascargorta.

Iragarkiaren kodea: L2509224