1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
77/2025 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Energiako, Enpresen I+G+B-ko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onartzen baitira "VICUÑA III" (2256) ustiategiaren ustiatze proiektua eta lehenaratze plana.
1. Aurrekariak.
Industriaren, Energiaren eta Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 26an emaniko 150/2022 Ebazpenaren bidez, Áridos y Excavaciones Vicuña SL enpresari baimena eman zitzaion "Vicuña I" legar hobia handitzeko. Legar hobiaren proiektuak otsailaren 28ko 128E/2022 Ebazpenaren bidez lortu zuen ingurumen-inpaktuaren adierazpena.
Baimendutako "Vicuña I" ustiategiak Andosillako 2. poligonoko honako partzelak hartzen ditu barne: 338, 339, 344, 347, 349 eta 350 partzelak, eta 353 (partziala) eta 354 (partziala) partzelen trukaketak. Baimenaren indarraldia 2027ko apirilaren 28an akituko da.
Enpresak "Vicuña I" ustiategitik 1,4 km-ra du tratamendu instalazioa. Enpresaren jarduerarekin jarraitzeko, beharrezkoa da meatzaritzako baliabide erabilgarriak eskura izatea (legarrak), eskariaren arabera eta arrazoizko kostuetan ustiatu ahal izateko. Hori dela eta, sustatzaileak tratamendu instalaziotik hurbil dagoen ustiategi bat erabiltzea proposatu du.
2. Áridos y Excavaciones Vicuña SL enpresak 2023ko irailaren 26an eginiko eskaera.
2023ko irailaren 26an, Áridos y Excavaciones Vicuña SL enpresak, aurrez azaldutako arrazoiak direla medio, Andosillako Planillos inguruan kokatutako 2. poligonoko 337. partzelan (2,5 ha ingurukoa), ustiapen berri baten ustiapen proiektua eta leheneratze plana aurkeztu zituen. Enpresak "Vicuña III" izena eman dio legar hobi berri horri. Partzelak "Vicuña I" du mugakide ipar-mendebaldeko muturrean.
Ustiategi berri horrek aukera emanen du legar eta hareen hornidura gutxienez 10 urtez bermatzeko. Aurreikusten da urteko ekoizpena gutxi gorabehera 15.000 m³ elkorrekoa izatea, eta, 2023ko irailean, erreserba ustiagarri zenbatetsiak 150.000 m³-koak dira.
3. Jendaurrean jartzeko eta kontsultetarako tramitea.
Eskabidea, bai eta leheneratze plana eta ingurumen-inpaktuaren azterketa ere, 263. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren 2023ko abenduaren 21ean, eta, hortaz, bete egin zen jendaurrean jartzeko izapidea. Hori guztia, honako hauetan xedatutakoa aplikatuz: Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea eta Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meatzaritzako jarduerak ukitutako tokiak babestu eta birgaitzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua.
Ez da alegaziorik jaso.
Era berean, kontsultak egin zitzaizkien Ingurumen Ebaluazioaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, eta Andosillako Udalari.
–Ingurumen Ebaluazioaren Atalak 0003-0226-2023-000028 txostena plazaratu zuen 2024ko otsailaren 2an.
–Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 0003-OT12-2023-000231 txostena plazaratu zuen 2023ko abenduaren 11n.
–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak txostena bat plazaratu zuen 2023ko abenduaren 27an. Bertan adierazten denez, "ez dago jasota hobirik dagoenik eraginpeko eremuan edo haren ingurune hurbilean".
–Andosillako Udalak 35290/23 espediente zenbakia duen txostena egin zuen, 2023ko abenduaren 18an. Bertan adierazten duenez, "udalak prozeduran duen eskumenari dagokionez, aurreikusitako instalazioa bateragarria da lurzoruaren indarreko hirigintza araubidearekin, udalekoarekin zein lurraldekoarekin, eta ez da aurreikusten udal azpiegituretan eraginik izatea".
21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, 38. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, 2024ko otsailaren 15ean sustatzaileari lehen aipatutako txostenak igorri zitzaizkion.
4. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera.
2024ko otsailaren 19an, Áridos y Excavaciones Vicuña SL enpresak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen.
2024ko martxoaren 6an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari helarazi zitzaion eskaera hori, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zezan, eta Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalari, lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena eman zezan.
5. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 4ko 1114E/2024 Ebazpenaren bidez, proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman zen, bai eta leheneratze planaren aldeko txostena ere. Hori bai, honako baldintza hauek ezarri ziren:
A) Ustiapen eremua Andosillako 2. poligonoko 337. partzelara mugatuko da, eta proiektuan jasotako babes tarteei eutsiko zaie: 3 metro partzela mugakideetara, 5 metro bideetara eta 10 metro partzela zeharkatzen duen gasbidearen bi aldeetara.
B) Mugak lurrean finko paratuko diren mugarrien bidez seinalatuko dira. Legar hobiarekin lotutako pistak zabaltzea, materialak biltzea eta beste edozein jarduera egitea, perimetro horretara mugatuko da.
C) Legarra ateratzen hasi baino lehen, azaleko landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko geruza. Beste materialetatik bereiz metatuko da, eta gero, den-dena, leheneratze lanetarako erabiliko da.
D) Erauzketa hasteko, ezinbestekoa izanen da "Vicuña I" legar hobian erauzketa bukatzea eta eremua leheneratzen hastea. "Vicuña III" erauzteko eta leheneratzeko, proiektuko faseen planari eta zonakatzeari jarraituko zaio. Ez da fasez aitzinatzen ahalko aurreko faseko erauzketa bukatu eta hura leheneratzen hasi arte.
E) Ustiapenaren azken ezponda 2H: 1V izanen da; horrela, proiektatutako leheneratze ezpondarekin bat etorriko da, eta ez da betelan gehigarririk egin beharrik izanen.
F) Leheneratze lanetarako kanpoko lurrak izanez gero, gasbidearen iparraldean dagoen B eremuko erauzketa zuloaren betelana lehenetsiko da, erauzketa zulo nagusitik isolatuta geratzen baita.
G) Kanpoko hondeaketa lurrak legar hobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalak) kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).
H) Laborantzarako egokia den landare lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta azaleko geruzetarako erabiliko da.
I) Ustiategiaren barruan edozein motatako makineria mugikorra instalatzen bada legarra tratatzeko, horren berri emanen zaio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren bitartez, horren tramitazioa egin eta neurri zuzentzaileak ezar ditzan, hala badagokio.
J) Lanak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan).
K) Proiektuan proposatutako eta ebazpen honen II. eranskinean deskribatutako lehengoratze plana beteko da.
L) Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:
–Bai materialak, bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak, behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.
–Ustiategiko eremuaren barnean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.
–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.
Ebazpen hori 242. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2024ko azaroaren 28an.
6. Lurzoru urbanizaezineko jardueretarako baimena.
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren martxoaren 5eko 69E/2025 Ebazpenaren bidez, baimena eman zen, baldintza hauekin:
–Baimen honek legar eta hareen aire zabaleko erauzketa jarduera handitzea baizik ez du babesten, baita eremua gerora leheneratzea ere, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.
–Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, erauzketa jarduerarekin lotutako itxiturek, lur mugimenduek eta kanpora ateratzen diren elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen eta intereseko ibilbideen kanpoko bazterretik neurtuta.
–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
–Obrak egitean, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen aipatutako unitateari (arqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legedian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion kalte guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
–Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, pertsona edo entitate sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onartua), gehienez ere bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egiteko edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da.
7. Bermea.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 4ko 1114E/2024 Ebazpenean, 17.095 euroko zenbateko egokia ezarri zen "Vicuña III" legar hobia leheneratzeko planaren egikaritzea bermatzeko jarri beharreko abal gisa.
8. Espedientearen azterketa teknikoa eta ebazpena proposatzea.
Meategien Atalak espedienteko dokumentazioa aztertu du eta dagokion txostena egin du. Horretan adierazi duenez, proiektua egokitzen zaio Meategietako Segurtasunari buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoari (apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta Jarraibide Tekniko Osagarrietan garatutakoari (VII. kapitulukoak, 1990eko apirilaren 16ko Aginduaren bidez onetsiak).
Aintzat hartuta 22/1973 Legea, uztailaren 21ekoa, Meategiei buruzkoa eta 975/2009 Errege Dekretua, ekainaren 12koa, hizpide dituena erauzketa-industrien hondakinak kudeatzea eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestea eta leheneratzea, Meategien Atalaren txostenak ondorioztatu du prozedura behar bezala gauzatu dela eta onartzea proposatzen du.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Áridos y Excavaciones Vicuña SL enpresari baimena ematea ustiategiaren aprobetxamendua egiteko, 22562 erregistro zenbakia duen "Vicuña III" A Atalean, baldintza hauekin:
–Baimenaren xede den partzelaren azalera eta mugak Andosillako udal mugarteko 2. poligonoko 337. partzelaren barruko perimetrora mugatuko dira.
Perimetro horretan dauden eremuetan, lurrak, lur antzuak eta legarrak metatzen ahalko dira aldi baterako. Perimetro horren barruan bi erauzketa eremu ezartzen dira, legar hobia ustiatzeko proiektuari jarraikiz.
–Ingurumeneko zuzendari nagusiak emaniko azaroaren 4ko 1114E/2024 Ebazpenean ezarritako ingurumen baldintzak. Ebazpen horren bidez formulatu zen ustiategiko proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena.
–Baimen honek 10 urteko indarraldia du, ematen den egunetik zenbatzen hasita.
–Lanak hasi aurretik, meatzaritzako organo eskudunari aurkeztu beharko zaio onartutako proiektuari dagokion segurtasun- eta osasun-agiria eta, ondoren, dagozkion eguneraketak, urteko lan planekin batera –izapide bereizi batean–.
2. Áridos y Excavaciones Vicuña SL enpresak aurkeztutako proiektua onestea, Ingurumeneko zuzendari nagusiak 2024ko azaroaren 4an emaniko 1034E/2024 Ebazpenean ezarritako baldintzekin.
3. Aurkeztutako leheneratze plana onestea, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 4ko 1114E/2024 Ebazpenean adierazitako baldintzekin.
4. Berme gisa 17.095 euroko zenbatekoa ezartzea, Vicuña III legar hobia leheneratzeko plana gauzatuko dela ziurtatzeko. Berme hori bost urtean behin eguneratuko beharko da, KPIaren arabera.
5. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jarraikiz abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluari (Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legea).
7. Ebazpen hau jakinaraztea Áridos y Excavaciones Vicuña SL enpresari, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea bukatzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente kodea adierazi beharko da.
8. Ebazpen hau Andosillako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko ekainaren 30ean.– Energiako, Enpresen I+G+B-ko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Oloriz.
Iragarkiaren kodea: F2509320