152. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

127/2025 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, 2025-2026 ikasturtean eskola-garraioaren antolaketa eta funtzionamendurako jarraibideak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 6/2006 Lege Organikoaren 4. artikuluak ezartzen duenez, "lege honen 3.3 artikuluan aipatutako oinarrizko irakaskuntza nahitaezkoa eta doakoa da pertsona guztientzat". Oinarrizko irakaskuntzaren barruan, lehen hezkuntza, derrigorrezko bigarren hezkuntza eta oinarrizko mailako heziketa zikloak sartzen dira (LOE legearen 3.3 artikulua).

Eskola-garraioaren zerbitzua gero eta konplexuagoa denez eta gero eta bolumen handiagoa duenez, beharrezkoa izan zen maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Agindua onestea, eskola-garraioaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean, non zerbitzu horren ildo nagusiak eta jarduketa-irizpideak finkatzen baitira.

Foru agindu horretan ezartzen da, orobat, beste alderdi koiunturalago batzuk ebazpen baten bidez zehaztuko direla, zeinak ikasturte bakoitzeko beharren araberako jarraibideak onetsiko baititu.

Hori horrela, ebazpen honen helburua da foru agindu hartan adierazitako alderdiak finkatzea 2025-2026 ikasturterako.

Banakako laguntzak deitutakoei dagokienez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuak eskatutakoari jarraituz, 2025-2026 ikasturteko kostu ekonomikoaren aurreikuspena egin da.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2025-2026 ikasturteko eskola-garraioaren zerbitzua antolatzeko eta haren funtzionamendurako jarraibideak, zeinak ebazpen honen I. eranskinetik VI.era jaso baitira.

2. Ebazpen honetan aipatzen diren banakako laguntzen kostua onestea 2025-2026 ikasturteko 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra arteko eperako, zeina 1.500.000,00 euroan zenbatetsi baita. Diru kopuru horretatik 608.571,43 euro dira 2025eko irailetik abendura arteko eperako, eta 2025eko gastu-aurrekontuko "Eskola-garraiorako banakako laguntzak" izeneko 430005 43500 4800 324100 partidaren kargura finantzatuko dira; gainerakoa, 891.428,57 euro, 2026ko urtarriletik abuztura arteko epeari dagokio, eta 2026an horretarako sortzen den partidaren kargura finantzatuko da, baldin kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

3. Ebazpen honetan xedatutakoa eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Adieraztea ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, interesdun diren ikastetxe publiko guztietara, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Zerbitzu Osagarrien Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

Iruñean, 2025eko ekainaren 25ean.–Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

I. ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK

1.–Eskola-garraioaren aurreikuspena eta ibilbideak 2025-2026 ikasturterako.

Hezkuntza Departamentuak maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduan adierazitakoarekin bat antolatu, kudeatu eta finantzatuko du eskola-garraioa. Zerbitzu horiek kudeatzeko, beharrezkoa da ikastetxeek eta Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroak (NHEBZ) datuak ematea Zerbitzu Osagarrien Atalari, Hezkuntza Departamentuak horretarako emandako bitarteko elektronikoen bidez (V. eranskina, "Eskola-garraiorako eskubidea duten ikasleen zerrenda"; VI. eranskina, "Eskola-garraioko ibilbideen laburpena"; IV. eranskina, "Eserleku hutsak erabiltzen dituzten ikasleen zerrenda"). Datu horiek aurkezteko epea finkatzerakoan kontuan hartuko da eskola-garraioaren onuradun izanen diren ikasleak onartzeko ebazpenetan ezarritako egutegia.

Irailaren 1ean, EDUCAn jarriko dira eskola-garraioak 2025-2026 ikasturtean eginen dituen ibilbideak eta geralekuak. Ordutik aurrera, eta betiere irailaren 30a baino lehen, ikastetxeek behar bezala bete beharko dute ikasleen garraioari buruzko modulua:

1. Eskola-garraioa da, edozein dela ere haren modalitatea, onuradun diren ikasleak eramatea haien ohiko bizilekutik dagokien ikastetxera eta handik itzultzea. Ondorio horietarako, ohiko bizilekutzat hartuko da ikaslea erroldatuta dagoen bizilekua; dagokion errolda-ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da hori. Ikastetxearen erantzukizuna izanen da ohiko bizilekua egiaztatzea, eskola-garraioko zerbitzua erabili ahal izateko.

2. Eskola-garraioa erabiltzeko eskubidea edukiz gero (dela Hezkuntza Departamentuak antolatzen eta kudeatzen duen garraio kolektiboaren bidez, dela garraiorako banakako laguntzen bidez, edo, bestela, bi aukera horiek uztartuta) "Eskola-garraioa erabiltzen du" laukitxoa markatu beharko da.

Ondoren, zer garraiatu mota den adierazi beharko da:

a) Eskubideduna (autobusa, taxia); hautatu beharko dira, joaneko zein etorriko bidaiarako, dagozkion ibilbidea, geralekua eta eserlekua. EDUCAk, berez, koordenatuen arabera hurbilen diren ibilbide eta geralekuak eskainiko ditu, baina menua zabalduta beste batzuk aukeratzen ahalko dira.

b) Eskubideduna (banakako laguntza); modalitate mota bat hautatu beharko da (hiri-garraioa, garraio erregularra edo beste baliabide batzuk, eta distantzia), eta laguntza eskatu duen ikasleak emandako datuak adierazi beharko dira.

c) Eskubideduna (autobusa/taxia eta banakako laguntza); ibilbideak, geralekuak eta eserlekuak hautatu beharko dira, eta modalitatea adierazi, baldin eta ikasle eskubideduna bere kasa joaten bada hurbilen dagoen autobus edo taxi geralekura eta joan-etorri horretarako banakako laguntza eskatu badu.

3. Eserleku hutsa esleitzen zaien ikasleen kasuan, esleitu ondoren "Eskola-garraioa erabiltzen du" laukitxoa markatuko da, eta garraiatu-mota adieraziko da: eserleku hutsa (eskubiderik gabekoa, baina eserleku hutsa erabiltzen du), hautatuta dagozkion ibilbidea, geralekua eta eserlekua, joaneko zein etorriko bidaiarako. EDUCAk, berez, koordenatuen arabera hurbilen diren ibilbide eta geralekuak eskainiko ditu, baina menua zabalduta beste batzuk aukeratzen ahalko dira.

4. Ikasleen gurasoak bananduta/dibortziatuta badaude eta zaintza partekatua badute:

–Lehenik eta behin, ikaslea erroldatuta dagoen herriari esleitutako ibilbidea adierazi beharko da.

–Familiaren bizilekua den beste herriak eskola-garraiorako ibilbidea eta geralekua baditu, dagokion eremua aktibatuko da EDUCAn, eta bigarren ibilbidea, geralekua eta eserlekua gehituko dira. Bigarren kasu horretan, ibilbiderik edo eserleku librerik ez badago, banakako laguntza eskatzen ahalko da.

5. Garraio-moduluari buruzko informazioa eguneratuta eduki beharko da ikasturtean zehar.

6. Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kudeatzen duen garraio kolektiboaren modalitatean eskola-garraiorako eskubidea eta eserlekua esleitua duten ikasleen kasuan, garraio hori ohikotasunez erabiltzen ez badute, modalitate horretako eserlekua esleipena galtzen ahalko dute.

7. Ikastetxeek jantoki-zerbitzua emanen dute ikasturteko eskola-egun guztietan, arratsaldez eskola-jarduerarik dagoen edo ez kontuan hartu gabe. Horren barruan sartzen dira eskolaldia goizekoa bakarrik den egunak, hala nola eguberrietako, Aste Santuko edo udako oporren bezperak. Halakoetan, itzulerako eskola-garraioa jantoki-zerbitzuaren ondoren eginen da, eta ikastetxeek, ikasturtearen hasieran, garraio-enpresekin koordinatu beharko dute irteera-ordutegi zehatza.

2.–Eskola-garraiorako banakako laguntzak ematea.

Ikasleak eskola-garraiorako eskubidea izanik, ez badago bizi den herritik ikastetxerainoko bide osoa ibilgailuetan egiteko ibilbide antolaturik, dagokion banakako laguntza eskatzen ahalko du bere kasa egiten duen ibilbide-tarterako.

Era berean, eskola-garraioa erabiltzea aldi baterako eragozten duten gorputz-lesioak dituzten ikasleen kasuan, eskola-garraiorako eskubidea izanik, ikastetxera beren kasa joatera behartuta badaude, dagokion banakako laguntzaren zati proportzionala eskatzen ahalko da, deskribatutako egoerak irauten duen egunetan.

2.1. Eskola-garraiorako banakako laguntzak eskatzeko data. Familiari ordaindu izanaren eta ikastetxera joatearen frogagiria.

Ikasleak eskolatuak dauden ikastetxe publikoen bidez eskatuko dira laguntzak. Horretarako, ebazpen honen II. eranskinean dagoen eskabide eredua erabiliko da.

Oso garrantzitsua: ikastetxeek tramitatuko dituzte, bakar-bakarrik, laguntzetarako eskubidedun jotzen diren ikasleen eskaerak, hots, berariaz baztertuko dituzte honako arrazoi hauengatik laguntza horiek jasotzeko eskubiderik ez dutenen eskaerak:

–Ibilgailuetan antolatutako ibilbide bat erabilgarri izatea baina hura ez erabiltzea.

–18 urte baino gehiago betetzea ikasturtea hasten den urte naturalean (2006an edo lehenago jaiotakoak).

–Foru aginduan jasota ez dauden ikasketak egitea (goi mailako heziketa zikloak, diseinuko goi mailako ikasketak, helduentzako irakaskuntzak eta abar).

–Erdi mailako heziketa zikloen eta Arteetako Batxilergoaren kasuan: aurreinskripzioa egitean, lehentasunez eskatu ez izana ikasketa horiek ematen dituen eta ohiko bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxe publikoa.

–Foru aginduan jasotako beste edozein egoera (gutxieneko distantzia baino txikiagoa, zonifikaziotik kanpo bizitzea, etab.).

Ikastetxeek banakako laguntzaren eskubidedun jotzen dituzten ikasleen eskaerak kudeatu eta EDUCAn sartuko dituzte; ondoren, eta betiere 2025eko irailaren 30a baino lehen, mezu elektroniko bat bidaliko dute complementarioseducativos@cfnavarra.es helbidera, ikasturteko lehen hiruhilekoari dagokion ordainketa egin dadila eskatzeko. Agiri bakarra erantsi beharko da, zuzendaritzak sinatua, non ziurtatuko baita banakako laguntza jaso dezaketen eskaerak kudeatu/sartu direla, EDUCAn ageri diren matrikulazio eta bizileku datuak ikaslearen benetako egoerarekin bat datozela egiaztatu dela eta EDUCAn garraioari dagokion moduluan sartu den informazioa jasotako eskaeran ageri dena dela. Bizilekuaren ziurtagiria ez da erantsi beharko.

Bigarren eta hirugarren hiruhilekoen ordainketa kudeatzeko, ikastetxeek datuak eguneratuko dituzte EDUCAn –hala behar denean– (aldaketak, altak, bajak...), eta mezu elektroniko bat bidaliko dute complementarioseducativos@cfnavarra.es helbide elektronikora, ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoko ordainketa egin dadin eskatzeko, otsailaren 3a eta maiatzaren 4a baino lehen, hurrenez hurren. Agiri bakarra erantsi beharko da, zuzendaritzak sinatua, non ziurtatuko baita banakako laguntza jaso dezaketen eskaerak kudeatu/sartu direla, EDUCAn ageri diren bizileku datuak ikaslearen benetako egoerarekin bat datozela egiaztatu dela eta EDUCAn garraioari dagokion moduluan sartu den informazioa jasotako eskaeran ageri dena dela. Aurreko hiruhilekoaren aldean dauden aldaketak, altak eta bajak adierazi beharko dira, halakorik bada: zein ikasleri eragiten dion aldaketak/altak/bajak, horren data, lantokiko prestakuntza amaitzen duten ikasleak eta abar.

Zerbitzu Osagarrien Atalak eginen ditu onartutako laguntzei dagozkien hiruhilekoko ordainketak, EDUCAn sartutako dokumentazioa aztertu ondoren. Ordainketak ikastetxeetara igorri ondoren, ikastetxe horiek ikasleen familiei ordainduko diete, eta Zerbitzu Osagarrien Atalari justifikatu beharko diote ordainketa hori egin dutela eta ikaslea ikastetxera joan dela, Hezkuntza Departamentuak horretarako eskaintzen dituen bitarteko elektronikoen bidez.

Departamentuak noiznahi ere erabil ditzake esleiturik dituen egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalmenak; horrek ekar dezake onartutako zenbatekoak hein batean edo osorik itzuli behar izatea.

2.2. 2025-2026 ikasturterako laguntza motak eta horien zenbatekoak honako hauek izanen dira:

a) Eskualdeko hiri garraioaren zerbitzua edo hiriko garraioa erabiltzeko aukera duten ikasleak: 30 eguneko abonamenduaren prezioa edo, hala badagokio, hileko prezioa, irailaren 1ean, ikasturteko eskola-egunei dagokiena.

b) Garraio erregularreko zerbitzua erabiltzeko aukera duten ikasleak: txartelaren prezioa, irailaren 1ean, ikasturteko eskola-egunei dagokiena.

c) Aurreko bi letretan aipatutako garraio zerbitzuak erabiltzerik ez duten ikasleek ondoko taulan ezarri diren zenbatekoak jasoko dituzte, honako irizpide hauekin bat:

–Ikaslearen ohiko bizilekuaren eta ikastetxearen edo hurbilen dagoen eskola autobusaren geralekuaren arteko distantzia.

–Ikasle bat baino gehiago badaude herri edo bizitegi-zona bakandu berean, eta herri berera joan behar badute, ikastetxe batera edo batzuetara, bateragarria den ordutegian, garraiorako banakako laguntzak kalkulatzeko, erabilitako garraiobidearen antolaketa bateratua hartuko da kontuan, baimendutako tokiak bete arte.

URTEKO ZENBATEKOA

10 KM BITARTE

10 KM BAINO GEHIAGO
ETA 20 KM BITARTE

20 KM BAINO GEHIAGO ETA 30 KM BITARTE

30 KM BAINO

GEHIAGO

Ikasle bat

610,43 euro

855,57 euro

1.201,50 euro

1.681,10 euro

Bi ikasle edo gehiago

474,79 euro

663,71 euro

918,98 euro

1.279,51 euro

Diru kopuru horiek ikasturte eta ikasleko dira.

Distantzia, laguntza hauen kalkuluari dagokionez, ikaslearen etxebizitza dagoen hirigunearen eta ikastetxearen edo hurbilen dagoen garraio kolektiboko geralekuaren artean dagoena izanen da. Bizitegi-zona bakanduen kasuan (baserriak, etab.), distantzia ikaslearen etxetik bertatik hasita neurtuko da.

3.–Laguntzailearen betebeharrak eta eginkizunak.

Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduan ezarritakoa gorabehera, adingabeak garraiatu bitartean zaintzeak honako eginkizun hauek hartzen ditu barne:

a) Ikasleak jasotzea eta haiei lagun egitea, ikastetxearen eremuaren barnetik edo ikastetxearen eremu barneraino, zein den kasua, eta ilara-burua izatea ikastetxearen eremura sartzeko eta handik ateratzeko ibilbidean. Lan horretan, ikastetxeko Zerbitzu Osagarrien Planean eginkizun horretarako ezarritako irakasleen laguntza izanen du, uztailaren 16ko 257/1998 Foru Aginduaren 7. artikuluan eta uztailaren 16ko 258/1998 Foru Aginduaren 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (lehenbiziko foru aginduaren bidez garatu zen Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa, eta bigarrenaren bidez garatu zen Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa).

b) Garraioaren ibilbide osoa egitea, lehenbiziko geralekutik ibilbidearen bukaeraraino, kontrolatuz nola igotzen eta jaisten diren ikasleak ezarritako geralekuetan.

c) Ibilgailu barruan egotea lehen ikaslea igotzen denetik azkena jaisten den arte, dagozkion funtzioak betez, betiere, ikasleak ikastetxearen eremura sartzen diren arte.

d) Orobat, itzultzeko ibilbidean, abiaburuko ikastetxearen eremuan egotea ikasleak ateratzeko ordua baino 5 minutu lehenago, egiaztatzea ikasleak autobusera igotzen direla eta ibilgailuan egotea, dagozkion funtzioak betez, azkeneko ikaslea jaitsi arte.

e) Egiaztatzea ezen ikastetxeak emandako ikasleen zerrendako ikasleek bakarrik erabiltzen dutela dagokien garraio zerbitzua.

f) Mugikortasun murriztua duten ikasleei laguntzea autobusera igotzen eta autobusetik jaisten.

g) Ikasleei eserlekuak esleitzea eta, hala badagokio, haiek egiaztatzea, kontuan harturik haien adina, nongoak diren edo bidezkotzat jotzen diren bestelako irizpideak. Autobusa abiatu baino lehen ikasle guztiak eserita daudela egiaztatzea. Ez uztea inola ere ikasle kopurua eserleku kopurua baino handiagoa izan dadila.

h) Ibilgailuaren eserlekurik irisgarrienak mugikortasun urriko ikasleentzat erreserbatzea.

i) Eskola materiala (motxilak, zorroak, karpetak eta abar) toki egokietan kokatzen dela egiaztatzea, ibilbidean zehar inolako arriskurik sor ez dezan.

j) Ibilgailuaren maletategian ekipajerik sartu behar bada, aurrean egotea ekipajea sartzen eta ateratzen den bitartean.

k) Garraiatutako ikasleak ongi portatzen direla begiratzea, borrokarik, eztabaidarik eta jokabide txarrik gabe.

l) Geralekuetan jaisten lehenbizikoa izatea, adierazteko zein den unerik egokiena ikasleak ibilgailura sartzeko edo handik ateratzeko.

m) Ikasleak ondoezik badaude edo bidaian beste gorabeherarik gertatzen bada, horren berri ematea ikastetxeko arduradunari, helmugara iritsitakoan. Etxera itzultzeko bidaian bada, horren berri gurasoei edo arduradunei ematea, dagokien geralekuan. Ondoezak larria baldin badirudi, gaizki dauden haurrak zaintzea, eta larrialdietako medikuei deitzea (112) jarraibideak jasotzeko, nola jokatu jakitearren.

n) Ikastetxeko zuzendaritzari ikasleen diziplinako hutsegiteen berri ematea, horrelakorik badago.

ñ) Segurtatzea gurasoek edo haiek izendatutako pertsonek jasotzen dituztela ikasleak, eta, haietako inor ez badago, ez uztea haurrei ibilgailutik jaisten. Halakoetan, saiatuko da gurasoekin edo ikastetxeko arduradunekin harremanetan jartzen. Ez badu lortzen haietako inor lokalizatzea, hurbilen dagoen agintaritza publikoaren egoitzan utzi beharko du ikaslea (Udaltzaingoa, Foruzaingoa edo Guardia Zibila), behin ibilbidea bukaturik.

o) Eramaten diren ikasleen kopuruari dagokionez eskola-garraioaren funtzionamenduan dauden aldaketen, atzerapenen edo zerbitzuko beste edozein gorabeheraren berri ematea ikastetxeko zuzendaritzari.

p) Laguntzailearen presentzia nahitaezkoa den kasuetan, ezin izanen da garraioa egin laguntzailea ibilgailuan ez badago, salbu eta garraioa ez egiteak arrisku handiagoa balekar adingabeentzat. Ustekabean laguntzailea agertzen ez bada, enpresak behar diren neurriak hartuko ditu hura berehalakoan ordezteko.

q) Ibilgailua matxuratzen bada, ibilgailuaren barnean geldituko da ikasleekin, lasai, eta ikasleak entretenituko ditu harik eta gorabehera konpontzen den arte. Gertatutakoaren berri emanen dio ikastetxeari.

r) Istripurik izanez gero, lasai egon beharko du, eta zerbitzuaren erabiltzaileak lasaitu beharko ditu, balizko kalte fisikoak baloratuko ditu, eta zauritutako adingabeak babestu eta artatu, lehen laguntzaz dakienaren arabera; halaber, ez du deus eginen zauriren bat izan dutenak kalte ditzakeenik, 112 zenbakira deituko du eta istripuaren berri emanen dio ikastetxeko zuzendaritzari, zeinak ikasleen gurasoei edo arduradun baimenduei emanen baitie gertatutakoaren berri.

s) Jakingarria izan daitekeen edozein aldaketaren berri (ibilgailua, ibilbidea, etab.) ematea ikastetxeari eta Hezkuntza Departamentuari, horretarako gaitu diren bitarteko elektronikoen bidez.

t) Garraioaren arduradunei laguntzea zerbitzua hobetzeko datuak hartzen eta kontrolatzen.

u) Jakin beharko du ibilgailuaren segurtasun mekanismoak non dauden eta nola funtzionatzen duten; gidariari eskatu beharko dio ibilgailuaren segurtasun mekanismoak aldian behin egiaztatzeko beharrezko duen informazioa.

v) Egiaztatzea ikasleek segurtasun uhala jarrita dutela.

x) Egiaztatzea larrialdietako botikina dagoela, ongi horniturik dagoela, egoera onean, eta aldian behin berrikusten dela.

y) Eskola-garraioari buruzko indarreko araudia ezagutzea eta betearaztea.

z) Hezkuntza Departamentuak aginduta garraio zerbitzuan segurtasuna areagotzea dakarren beste edozein, bai eta eskola-garraiorako eta adingabeen garraiorako segurtasun baldintzak arautzen dituzten arauetan (apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretua) ezarritakoak ere.

4.–Garraioa planifikatzea beste entitate batzuekin koordinatuta.

Eskola-garraioa beste entitate sustatzaile batzuekin koordinaturik planifikatzen ahalko da, toki entitateekin edo ikastetxe publikoetako guraso elkarteekin esaterako, maiatzaren 11ko 35/2022 Foru Aginduan ezartzen den bezala.

5.–Eserleku hutsak.

Eserleku hutsak erabiltzeko eskaerak 2025eko irailaren 15a baino lehen aurkeztuko dituzte ikasleek, matrikulaturik dauden ikastetxean; horretarako, ebazpen honen III. eranskineko eredua erabili beharko dute. Epe horietatik kanpo aurkezten diren eskaerak onartuak izanen dira baldin eta ezarritako epearen barruan aurkeztutakoak ebatzi ondoren eserleku hutsik gelditzen bada. Ikastetxeek jasotako eskaera guztiak bildu eta ahal den lasterren igorriko dizkiote eskola-garraioko ibilbidearen xedeko ikastetxe publikoari.

2025eko irailaren 23a baino lehen, garraio ibilbidearen xedeko ikastetxe publikoko zuzendaritzak eserleku hutsak erabiltzeko baimenen azken zerrenda izenduna igorriko du Zerbitzu Osagarrien Atalera eta, kasua bada, eskatzailea matrikulaturik dagoen ikastetxeetara; zerrenda horren hurrenkera 35/2022 Foru Aginduan adierazitako lehentasun irizpideak aplikatzearen ondoriozkoa izanen da. Une horretan, EDUCAn garraio-modulua beteko da: garraiatu mota eremuan "eserleku hutsa (eskubiderik gabekoa baina eserleku hutsa erabiltzen duena)" jarriko da, bai eta ibilbidea eta geralekua ere, joanekoak zein etortzekoak.

Garraio zerbitzu hori bi ikastetxe publikok edo gehiagok partekatzen badute, eserleku hutsen gaineko erabakia elkarrekin hartu beharko dute. Iruñerriko "Ikastetxe askotarako adarrak" izeneko ibilbide berrien kasuan, ikastetxeek Driven grabatuko dituzte eskaerak, eta Zerbitzu Osagarrien Atalak ikastetxe guztiekin koordinatuko du eserlekuen esleipena.

Garraio zerbitzuaren xedeko ikastetxearen datuez gainera, eserleku hutsak erabiltzen dituzten ikasleen datu hauek ere adierazi beharko dira: izen-deiturak, zer herritan bizi diren, ikasketa maila eta kurtsoa, matrikulatuak dauden ikastetxea, egiten duten ibilbidea eta geralekuaren herria, IV. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz.

6.–EDUCA.

Ikastetxeek, ibilbidea eta geralekua esleitzeaz gain, ibilgailuaren barruko eserlekua ere esleitu beharko diete ikasleei EDUCAn. Era berean, Educa bidez lortzen ahalko dute garraiatutako ikasleen banakako txartela, dagokion esleipena atari horretan egin ondoren; txartela nahitaezkoa izanen da eskola-garraioko zerbitzua erabiltzeko.

EDUCA atarian, ikastetxeek beren ikastetxera garraiatutako ikasleen zerrenda izanen dute ikusgai, ikastetxe horretara doazen ibilbide guztiak adierazita. Gainera, ibilbidea partekatuz gero, beste ikastetxe batzuetako ikasleak ere ikusten ahalko dira.

7.–Datuak bidaltzeko egutegia.

AZKEN EGUNA

ERANSKINA

2025eko irailaren 1etik 30era

EDUCAn datuak sartzea garraioari buruzko moduluan

2025eko irailaren 15a

III. eranskina. Eserleku hutsak erabiltzeko eskabidea

2025eko irailaren 23a

IV. eranskina. Eserleku hutsen esleipendunen zerrenda

2025eko irailaren 30a

Garraiorako banakako laguntzen lehen hiruhilekoa ordaintzeko eskabidea

2026ko otsailaren 3a

Garraiorako banakako laguntzen bigarren hiruhilekoa ordaintzeko eskabidea

2026ko maiatzaren 4a

Garraiorako banakako laguntzen hirugarren hiruhilekoa ordaintzeko eskabidea

Ikasturte guztian

IV., V. eta VI. eranskinak. Datuak eguneratzea

Formularioak helbide honetan daude eskuragai:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/comedor-y-transporte

Iragarkiaren kodea: F2509075