152. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1470/2025 EBAZPENA, 2025eko uztailaren 18koa, Jaime Brunet Fundazioko buruak emana. Haren bidez, Giza Eskubideak Sustatzeko 2025eko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren deialdia egiten da.

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Sari honetara aurkezteko aukera izanen dute 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 30era bitartean Espainiako edozein unibertsitatetan irakurri diren doktoretza-tesi argitaragabeek, betiere bikain edo bikain cum laude kalifikazioa lortu badute.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Tesien Jaime Brunet Sarirako edozein hautagaik zilegi izanen du bere doktoretza-ikerketa beste erakunde batzuen nahi adina saritara aurkeztea baldin eta egoki irizten badio. Sariren bat jasotzen badu eta horrek tesia argitaratzea badakar, doktoregaiak aintzatespen hori onartuz gero, ez du Brunet saria eskuratzeko aukerarik izanen. Edozein arrazoirengatik tesia beste erakunde batek argitaratuta baldin badu, baztertuta geratuko da halaber.

Bigarrena.

Aurkezten diren tesiek espainieraz edo ingelesez idatzita egon behar dute.

Hirugarrena.

Parte hartzeko aukera izanen dute, oinarrizko ikerketa-edukiari dagokionez, giza eskubideekin eta haien defentsa eta sustapenarekin lotura zuzena duten tesiek.

Laugarrena.

Sarian parte hartzeko inskripzioa web-orrialde honetan jaits daitekeen eredu ofizialaren bidez egin behar da nahitaez:

www.unavarra.es/conocerlauniversidad/jaime-brunet-fundazioa

Agiri hauek erantsi beharko dira:

–Doktoretza-tesiaren ale bat.

–Lortutako kalifikazioaren ziurtagiria.

–Tesiaren laburpena (gehienez ere 2 orri).

–Curriculum Vitaea.

Dokumentazio guztia PDF formatuan aurkeztu eta helbide elektroniko honetara bidaliko da: fundacion.brunet@unavarra.es.

Bosgarrena.

Eskaerak aurkezteko epea 2025eko urriaren 31n bukatuko da.

Seigarrena.

Jaime Brunet Fundazioaren patronatuak izendatuko du saria nori eman erabakiko duen epaimahaia, eta epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da. Fundazioko lehendakaria izanen da epaimahaiaren burua.

Zazpigarrena.

Saria eman gabe uzteko aukera ere badago.

Zortzigarrena.

Saria hau izanen da: bi mila euro gordin (2.000 euro), saria jaso dela egiaztatzen duen diploma bat eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko argitalpen zerbitzuek tesia argitaratzea. Saria bakarra eta banaezina izanen da. Beraz, ez da Ex aequo banatuko. Aipatutako kopuruari dagokionez, arauzko atxikipenak eginen dira zerga-ondorioetarako.

Bederatzigarrena.

Tesia argitaratzeko, tesi irabazlearen egileak doktoretza-tesiaren behin betiko bertsioaren Word edo Latex-formatuko artxibo elektroniko bat eta argitalpena egiteko beharrezkoak diren dokumentuak bidali behar ditu, 2 hilabeteko epean, saria nori emanen zaion jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, posta elektronikoko helbide honetara: fundacion.brunet@unavarra.es.

Hamargarrena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako ekitaldi batean emanen da saria. Saridunak ez badu ekitaldian parte hartzen, ez zaio saria emanen.

Hamaikagarrena.

Saririk lortu ez duten doktoretza-tesiak, bai eta aurkeztutako informazio eta dokumentazioak ere, ezabatu eginen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artxiboetatik, saria eman eta gero.

Argibide gehiago:

Brunet Fundazioa - Nafarroako Unibertsitate Publikoa Arrosadiko campusa.

31006 - Iruñea, Nafarroa (Espainia).

Telefonoa: 948169103.

Faxa: 948169004.

Helbide elektronikoa: fundacion.brunet@unavarra.es.

Internet: www.unavarra.es/conocerlauniversidad/jaime-brunet-fundazioa.

Iruñean, 2025eko uztailaren 18an.–Ramón Gonzalo García, Jaime Brunet Fundazioko burua.

Iragarkiaren kodea: F2509932