1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko uztailaren 2an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko udalez gaindiko plan sektorialaren 1. fasean sartutako ondasun eta eskubideak okupatzeko beharra, nahitaez desjabetzeko. Sustatzailea Barne Zuzendaritza Nagusia da.
Nafarroako Gobernuak, 2024ko urriaren 23an egindako bilkuran, Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko udalez gaindiko plan sektoriala onetsi zuen, Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatuta, eta plana interes orokorrekoa dela deklaratu zuen, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 47. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Erabaki hori 2024ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 19koan.
Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak segurtasunaren eta larrialdien arloko eskumenekin lotutako azpiegiturak integratuko ditu espazio fisiko berean, ondoz ondoko faseetan.
Lehenengo fasean, Foruzaingoaren polizia-etxe nagusia eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroa ezartzeko behar diren instalazioak eraikitzea aurreikusten da.
Nafarroako Gobernuak 2025eko martxoaren 12an hartutako Erabakiaren bidez, deklaratu zen Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko udalez gaindiko plan sektoriala onura publikokoa dela, desjabetzearen ondorioetarako. Planaren sustatzailea Barne Zuzendaritza Nagusia da. Erabaki hori 2025eko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 28koan.
Ondoren, Barneko zuzendari nagusiaren apirilaren 10eko 4487E/2025 Ebazpenaren bidez, aipatutako udalez gaindiko plan sektorialaren 1. fasean sartutako ondasun eta eskubideen zerrenda egin eta jendaurrean jarri zen hamabost egunez. Erabaki hori 2025eko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 8koan.
Jendaurrean egoteko epe hori igarota, alegaziorik aurkeztu ez zenez, Barneko zuzendari nagusiaren ekainaren 10eko 7222E/2025 Ebazpenaren bidez, plan sektorialaren 1. fasean sartutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra erabaki zen, eta hasiera eman zitzaion desjabetze espedienteari.
Barne Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko udalez gaindiko plan sektorialaren 1. fasean sartutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, Foruzaingoaren polizia-etxe nagusia eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroa egiteko obrak hasteko beharrezkoak diren jarduketak lehenbailehen egin behar direlako.
Presako deklaraziorako arrazoia da Barneko Zuzendaritza Nagusiaren azpiegitura berriak ezartzeko behar diren izapideak azkartu beharra, kontuan hartuta Foruzaingoaren polizia-etxe nagusiko egungo instalazioek gainditu egin dutela gehieneko edukiera, eta ez dagoela horiek berritzeko eta handitzeko aukerarik; aintzat hartu behar dira, halaber, trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloko eginkizunak Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeak ekarri dituen premiak.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Deklaratzea presakoa dela Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko udalez gaindiko plan sektorialaren 1. fasean sartutako ondasun eta eskubideak okupatzeko beharra, nahitaez desjabetzeko.
2. Ukitutako ondasun eta eskubide horiek eskuratzeko, 2.995.700,90 euroko gastua kalkulatu da, zeina 2025eko gastu-aurrekontuko "Lurren erosketa" izeneko F40001 F4600 6000 131100 partidaren kargura ordainduko baita.
3. Erabaki hau Arangurengo eta Eguesibarko udalei jakinaraztea.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko uztailaren 2an.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.
Iragarkiaren kodea: F2509379