150. ALDIZKARIA - 2025eko uztailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Udal ordenantza, Udalaren altzariak maileguan ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2025eko apirilaren 4an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Udalaren altzariak maileguan ematea arautzen duen udal ordenantzan. 2025eko 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 6an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, eta ez da alegaziorik jaso. Horrenbertzez, haren testua osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Muetzen, 2025eko ekainaren 27an.–Alkatea, Juan Antonio Urra Caro.

UDALAREN ALTZARIAK MAILEGUAN EMATEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Gesalazko ibarreko kontzejuei mailegua eta instalazioa argitzeko asmoz, beharrezkoa irizten zaio egungo ordenantza aldatzeari.

UDAL MATERIALA MAILEGATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALAREN ALDAKETA

1. artikulua. Oinarria eta izaera.

Konstituzioaren 133. artikuluak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 110. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, udal honek ordenantza hau ezarri du.

2. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalaren altzariak maileguan ematea; zehazki, aulkiak, mahaiak, puzgarriak, proiektagailua, soinu-ekipoa, orga, karpa eta maileguan har daitekeen udal-jabetzako bertze edozein elementu.

3. artikulua. Subjektuak.

Ordenantza honen subjektuak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, aipatutako altzariak erabiltzea eta maileguan hartzea eskatzen dutenak, erabilera publiko nahiz pribaturako. Erabilera pribatua egiteko, eskatzaileak urtebete eraman beharko du ibarrean erroldatuta, edo, enpresa bada, egoitza soziala ibarrean izan beharko du.

4. artikulua. Eskaera.

Ordenantza honetan araututako altzariak erabili nahi dituzten pertsonek idatzizko eskabidea aurkeztu beharko dute, altzariak erabili eta mailegatzeko aurreikusi den data baino bortz egun baliodun lehenago gutxienez. Karparen instalazioa eskatzen baldin bada, eskatzeko epea erabili behar den eguna baino hilabete bat lehenago izanen da.

Eskabidean erantzule baten izena jarri beharko da, hark izanen baitu altzarien erabileraren eta egoera onean itzultzearen erantzukizuna.

5. artikulua. Altzarien erabileraren eta maileguaren kudeaketa.

–Gauzak eta haien zerrenda bat emanen dira, eta zerrendaren edukia bai mailegatutako gauzak ematean bai itzultzean egiaztatuko da.

–Puzgarriak:

Erabilera-arauak jasotzen dituen orri bat emanen zaie puzgarrien erabiltzaileen arduradunei. Hau izanen da edukia:

  • 9 urtetik beherako haur bakoitzak heldu erantzule batek lagunduta egon behar du.
  • Ez udala, ez Kontzejua, ez dira erabiltzaileek izan ditzaketen kalteen erantzule.
  • Debekatua dago 16 urtetik gorakoek erabiltzea.
  • Debekatua dago 60 kilotik gorakoek erabiltzea.
  • Gauzak eskatzailearen axolagabekeriagatik hondatzen badira edo osorik itzultzen ez badira, eskatzaileak hartuko ditu bere gain gastuak eta, babespeko kontzejuak izanez gero, herri eskatzaileko bizilagunek.
  • Puzgarriak ez dira inoiz bustirik bilduko.
  • Puzgarriak ortzegunean edo ortziralean jasoko dira, eta astelehenean edo asteartean itzuliko, bulego-orduetan.
  • Puzgarriak udaletxetik jasotzeko, horiek eramanen dituen herriko bi lagunek etorri beharko dute bila, baita itzultzeko ere (puzgarriak orgatik jaitsi behar dira).
  • Puzgarriak herrietan egoten direnean estalpean gorde beharko dira.
  • Garbi eta lehor bilduko dira, paletetan ongi tolestuta, eta olanak ez dira zintzilik geratuko, mugitzean ez dezaten lurra ukitu eta ez daitezen hautsi.
  • Zulatzen edo hausten badira, zer herritan gertatu den kaltea, kontzeju horren kontura izanen dira kostuak.
  • Puzgarriak herri batera zulatuta, hautsita, zikin... iristen badira, Udalari horren berri eman beharko zaio, kaltea aurreko herrian gertatu dela jaso dadin.
  • Puzgarriak erabiltzen diren bitartean zaintzaile bat egonen da, egoki erabil daitezen.
  • Puzgarriak eskatzen diren bakoitzean, dagokion eskaera sinatu beharko da, jasota gelditu dadin eskatzaile bakoitzak horiek zaintzeko erantzukizuna hartzen duela.

6. artikulua. Lehentasun hurrenkera maileguan.

–Egun baterako zenbait eskaera badaude, mailegurako hurrenkera honi jarraituko zaio:

Mailegu hurrenkera:

1. Ibarraren festa.

2. Herriko festa nagusiak.

3. Herriko festa txikiak.

4. Udalaren parte-hartzea duten festak.

5. Erromeriak.

6. Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, egoitza soziala ibarrean badute.

7. Ibarrean erroldatuta dauden norbanakoak, gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutenak.

8. Egoitza soziala ibarrean duten enpresak.

9. Administrazio Publikoak.

10. Irabazi-asmorik gabeko bertze elkarte batzuk.

7. artikulua. Tasak.

–Salbuespenak: administrazio publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek ez dute erabileragatik ordaindu beharko. Hala ere, karpa maileguan hartzen denean, hura muntatzeak Udalari dakarkion kostua ordainduko da.

Udalak bere gain hartzen du karparen muntaketa osoa, ibarreko kontzejuendako zero kostuarekin (garraioa, muntatzea, desmuntatzea eta berriz ere Udalaren instalazioetara eramatea, urtean behin). Ondorengo eskaeretarako, Udalak enpresa bat kontratatuko du, eta hura arduratuko da garraiatzeaz, muntatzeaz, desmuntatzeaz eta Udalaren instalazioetara itzultzeaz, eta kontzejuak hartuko du bere gain hura instalatzeko kostua, inolako tasa gehigarririk gabe.

–Karpa: gainerako eskatzaileendako, karpa muntatzeak Udalari dakarkion kostua, gehi Udalak urtero onartzen duen tasa mailegu mota horietarako.

–Puzgarriak eta mailegatutako gainontzeko elementuak: Udalak urtero onartzen duen tasa mailegu mota horietarako.

8. artikulua. Fidantza.

–Salbuespenak: administrazio publikoek ez dute fidantzarik jarri beharko.

–Maileguan hartutako elementuak jaso aurretik, 300 euro ordaindu beharko dira fidantza gisa. Elementuak zein egoeratan dauden egiaztatu ondoren itzuliko da.

9. artikulua. Erreserba-aldiak: erreserba gehienez ere astebeterako izanen da, muntatzen den egunetik desinstalatzen den arte. Erreserbak asteburu bakarra hartzen ahalko du.

10. artikulua. Muga teknikoak: karpa instalatzeko, lurzoruaren malda %3 edo txikiagoa izanen da.

11. artikulua. Osoko Bilkuraren eskumenak.

Osoko Bilkurak mailegua ukatzen ahalko du, arrazoi justifikatuak direla eta, erabaki baten bidez.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe geldituko da Udaleko altzarien mailegua arautzen duen aurreko arau oro.

Azken xedapena.–Ordenantza fiskal hau, jendaurreko epean erreklamaziorik aurkezten ez bada, behin betikoa bihurtuko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra. Aldatu edo espresuki baliogabetu arte izanen du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2509095